|
ARGITARATZAILEEN OHARRA Leninek Estatua eta Iraultza 1917ko abuztua eta iraila artean idatzi zuen, iraultzaren bezperako egunetan hain zuzen. Hilabete horietan Behin-behineko Gobernuak boltxebikeak errepresio bortitzez jazartzeko kanpaina bat jarri zuen martxan, Lenin bera klandestinitatera bultzatuz. Hala ere, langile eta gazte boltxebikeek egin zuten lana bikaina izan zen, izan ere, jada armaturik baitzeuden, jada argi baitzeukaten mundu guztia astinduko zuen iraultzaren kontsignak zein izan behar zuen: “Botere guztia Sobietentzat!” Jada 91 urte pasa dira Urriko Iraultzak langile eta zapaldu guztion historian ikasgaiez beteriko orrialde eredugarri bat idatzi zuenetik. Urte hauetan ez dira falta izan mihi gaiztoko burges, intelektual eta oportunistak. Hamaika gezur eta kalumnia entzun behar izan ditugu, loroen antzera behin eta berriz errepikatuak, bai sobietar iraultzaren bai marxismoaren ideien inguruan. Baina harrigarria badirudi ere, Leninek idazlan honetan gezur eta desitxuratze berberak borrokatzen ditu! II. Internazionaleko teorialarien gehiengo zabalak urteak zeramatzan Parisko Komuna nahiz Marx eta Engelsen ideiak modurik zitalenean faltsutzen eta desitxuratzen. Leninek zioen bezala, “benetako indusketetara jo behar zen desitxuratu gabeko marxismo bat aurkitzeko”. Jaun hauen aurkako erantzunak ordea ezin zuen argiagoa eta irmoagoa izan: esku artean dugun idatzia eta Urriko Iraultza. Gaur egun, “XXI. mendeko kapitalismoren” zapalkuntza eta miseria guztiari aurre egin beharrean gaudenean, ezinezkoa da gai honen inguruan testu aberatsagorik aurkitzea. Bertan ezin modu argi eta zehatzagoan azaltzen dira marxismoaren ideiak iraultzaren puntu praktiko eta konkretu baten inguruan, Estatuaren auzian alegia. Idazlan honen euskarazko argitalpena ezinbestekotzat jotzen genuen, batez ere Estatuaren auziak euskal langile eta gazte militanteen borrokan berebiziko garrantzia hartzen duelako eta idazlanaren edukia izugarri baliagarria gertatzen delako. Kapitalismoaren krisi sakonak, are modu gordinago batean erakusten digu Estatu aparatua kapitalisten interesak babesteko eta langile mugimendu iraultzailea armekin zapaltzeko makina bat besterik ez dela. Askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokan, Leninek behin eta berriz azpimarratzen zuen langile klasea iraultza sozialistaren perspektibaren gainean hezteko, formatzeko eta antolatzeko beharra. Berak, 1917ko Urriko Iraultza, Lehen Mundu Gerrak mundu mailan eragingo zituen iraultzen hasiera bezala ikusten zuen. Ez zitzaion arrazoirik falta izan. Gaur egungo kapitalismoaren krisia ere, dudarik gabe, gure herrian nahiz mundu osoan mugimendu iraultzaile handiak eztandarazteko dinamita jartzen ari da nonahi. Etorriko diren aukera paregabe hauetarako prestatuz, beharrezkoa dugu sozialismo iraultzailearen kontsignak berreskuratzea: “Lantegien, bankuen, lur eremu handien desjabetzea!” “Botere guztia Sobietentzat (langileen batzorde demokratikoentzat)!” Hitzaurrea Ted Grant “Gizartetik jaiotako botere hori, baina beraren gainetik jarri eta berarengandik geroz eta gehiago banatzen den hori, da Estatua”. (Engels, Familiaren, jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorria) Estatuaren auzia funtsezkoa izan da betidanik marxistentzat, marxismoaren testu garrantzitsuetako batzuetan gai nagusia izan delarik, hala nola Friedrich Engelsen Familiaren, jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorrian edota Marxen Luis Bonaparteren Brumarioaren 18an. Baina dudarik gabe, Estatuaren teoria marxistaren esentzia hobekien azaltzen duen obra Leninen Estatua eta Iraultza da, XX. mendeko idatzi garrantzitsuenetariko bat. Halabaina, bitxia badirudi ere, Estatuaren auziak, duen garrantzia izanda, normalki ez du langileen atentzio handiegirik pizten, ezta langile aurreratuenengan ere. Egoera hau ez da kasualitatea ordea. Estatuak ez luke erabilgarritasunik izango klase agintariarentzat jendeak hau zerbait hutsala, inpartziala, klaseen eta pertsonen interesez gaindikoa, edota “hor dagoen zerbait” dela pentsatuko ez balu. Beraz, ez zaie bat ere interesatzen instituzio honek egiaz ordezkatzen duena masek jakitea. Auziari buruzko eztabaida serio bat lekuz kanpokotzat kontsideratzen da, onartezina, eliza baten barruan ohiuka hastearen parekotzat. Konstituzioa, monarkia, ejertzitoa, “Justizia”… praktikoki tabu bilakatu dira bere burua “demokraziatzat” izendatzen duen sistema honetako politikan. Azken finean Estatua “denona da”, ez al da horrela? Marxismoak, Estatua, hau da, Estatu oro, klase batek bestea zapaltzeko instrumentua dela erakusten digu. Ondorioz, Estatuak ezin du neutrala izan. Manifestu Komunistan, Marxek eta Engelsek “Estatuaren gobernua klase burges osoaren negozio amankomunak kudeatzen dituen kontseilu bat besterik ez dela” azaldu zuten. Eta benetan hala da. Demokrazia burges formal batenpean bakoitzak nahi duena esan dezake (gutxi gora behera!), baina bankuek eta monopolioek erabakiko dute gertatuko dena. Beste era batera esanda, demokrazia burgesa kapital handiaren diktadura adierazteko beste modu bat besterik ez da. Bere hitzak kontu handiz aukeratuz, Leninek Estatua “itxuraz gizartearen gainetik dagoen botere bat” bezala marrazten du. “Legedi inpartzialaren”, “denentzako justiziaren”, etab.en itxura hau Elizak eta garaiko moralitateak bedeinkaturik dago. Anatole France idazle frantziar ospetsuak Legearen maisuzko inpartzialitateari buruz hitz egiten du, zeinak bai aberatsei eta bai txiroei gosea pasatzeko edota zubi baten azpian lo egiteko eskubidea ematen dien. Inpartzialitatezko itxuraren atzean klase interesak ezkutatzen dira. Hala ere, garai arruntetan jendea berau onartzera ohitzen da ezer baldintzatu gabe. Arrunta eta aldagaitza iruditzen zaie. Eta hau erabat ulergarria da, beronekin jaiotzen baitira, eta bizitza osoan zehar inguratzen baititu. Soilik gizartea bere zimentuetatik astintzen duten krisi sakoneko aldietan hasten da jendea ohituraren, errutinaren eta tradizioaren pisu hila apurtzen, eta errealitate gordinari egin behar dio aurre. Une honetan, zapalduak euren zapaltzaileen aurka altxatzen hasten direnean gelditzen dira agerian Estatuaren benetako koloreak. Zenbait garaietan, klase borroka puntu hil batean gelditzen denean, klase agintariak metodo zaharren bidez agintzen jarraitzeko gaitasuna galdu duenean, baina langile klasea, bere zuzendaritzek geldiarazirik, beste klasea garaitzeko baldintzetan aurkitzen ez delarik, Estatua gizartetik aldendu eta independentzia gehiago hartzeko joera handitu egiten da. Historian zehar askotan ikusi izan dugun fenomeno bat ematen da: “zesarismoa” Errepublika erromatarraren gainbeheraren aldian, monarkia absolutisten erregimenaren azken aldia feudalismoan, eta bonapartismoa aro modernoan. Aldaki guzti hauetan, Estatua – “Exekutiba”- gizartearen gainetik ezartzen da, kontrol moeta guztietatik askatuz, baita klase agintariarenetik ere. “Ezpataren agintea” da, militarren aginte argiarena, normalki indibiduo bakar baten aginte absolutuan adierazten dena –joan den mendean Napoleon Bonaparte, Louis Bonaparte eta Bismarck; garai modernoan Peron, De Gaulle, Pinochet eta mota guztietako “Hirugarren Munduko” diktadoreak-. Askotan, erregimen bonapartista klase desberdinen artean orekatzen saiatzen da, batzuen aurka egiteko besteengan sustengatuz. Diktadoreak “Nazioa”ren izenean hitz egin ohi du. Baina demagogia ororen atzetik, Estatu honek, beste edozeinek bezala, dauden ekoizpen erlazioen defentsa ordezkatzen du. PARISKO KOMUNA Marxisten betebeharra historia aztertzea da, baina ez denbora-pasa akademiko bat bezala, ondorio praktikoak ateratzeko baizik. Modu berean, burgesiaren akademia militarretan, ofizialek Napoleonen eta Julio Zesarren gerrak aztertzen dituzte etorkizuneko gerretarako prestatzeko. Parisko Komunaren eta 1905 urteko Iraultza errusiarraren esperientziarik gabe, Alderdi Boltxebikeak ezin izango zituzkeen 1917an boterea hartzeko egokiak izango zitzaizkion programa eta ikuspegiak garatu. Marxek ez zuen bere Estatuaren teoria asmatu, hau Parisko Komunaren esperientziatik sortu zen baizik. Marxek Komunaren benetako esangura azaltzen du Kugelmanni 1871ko apirilaren 12an bidalitako gutun batean: “Nire Brumarioaren 18ko azken kapitulua begiratzen baduzu, Iraultza frantsesaren hurrengo saiakera ez dela makineria burokratikoa eta militarra esku batzuetatik besteetara igarotzea bakarrik izango adierazten dudala ikusiko duzu –orain gertatu den bezala-, apurtzea baizik (‘zerbrechen’); eta hauxe da edozein zinezko herri iraultzarentzat aurre-baldintza (…) Hauxe da gure lagun frantses heroikoen saiakerak inplikatzen duena zehazki”. Esperientzia honetan oinarrituz, aldaketa garrantzitsu bat sartu zen 1872ko Manifestuaren argitarapen alemaniarrean, langile klaseak ezin duela bere helburuetarako jada existitzen den aparatu estatala erabili azalduz, baizik eta hau suntsitu eta langile Estatu berri bat sortu behar duela, edo zuzenago esanda, semi-Estatu bat, gizartearen aldaketa aurrera eramateko armatu eta antolatu den herria beste ezer ez den Estatu bat. Hau izan zen kasua Parisko Komunarekin eta baita 1917ko azaroko Iraultza errusiarrarekin ere (urria egutegi zaharraren arabera). MILITARISMOA ETA INPERIALISMOA XX. mendearen historiak inperialismoak esan nahi duenaren adibideak soberan ematen dizkigu, Leninek “kapitalismoaren fase goren” bezala definitzen duena. 1948an eginiko ikerketa baten arabera, bi gerra mundialek 22 bilioi dolarrei (1997ko zifretan) dagokiena kostatu zuten. Eta militarismoak ez du bere izaera aldatu garai haietatik. Kapitalaren kontzentrazio graduak aurretik inoiz ikusi gabeko mailetara iritsi dira. Banku handiek eta monopolioek lotura oso estuak dituzte gobernu nazionalekin eta hertsiki erlazionaturik daude eurak babestu, diruz lagundu eta euren produktuentzat merkatu berriak ahalbidetzen dizkien Estatuarekin. Estatu Batuetan, gobernuak industria armamentistikoarekin eta militarrekin duen aliantzak izen bat dauka: “Konplexu Militar-Industriala”. Antzeko egoera aurkitzen da beste herrialde inperialistetan. Halako munstro bat mantentzeko, beharrezkoa da era berean munstro-itxurakoa den Estatu bat, burokraten masa handi bat, zeintzuek ezer ekoitzi gabe, baliabideen kantitate izugarri bat zupatzen duten, sistema sozioekonomiko arrazional batean helburu produktiboetara bideraturik egongo liratekeenak. Baliabide hauen erabilera arrazional bat, bera bakarrik, nahikoa litzateke mundua eraldatzeko. Sozialismoarenpean, xahuketa eskandalagarri hau gauetik egunera eraldatzea posible litzateke. Une hauetan, Britainia Handiaren gastu armamentistikoak 22.000 milioi liberatan (bost bilioi pezetetan) zifratzen dira urteko; Japonekoak, 44.600 milioi dolarretan (6,5 bilioi pezeta); eta Amerikako Estatu Batuetakoak, 100.000 milioi dolarretan (14,5 bilioi pezeta). Zifra harrigarri hauek beraiek bakarrik Estatu burges modernoaren izaera barbaroaren zantzuak dira. Kantitate ikaragarri hauek urtero gastatzen dira ekoizpenan, zeren ekoizpenean?: txatarrarenean. Izan ere misil, tanke eta kainoi hauen gehiengo handia ez da sekula erabilia izango. Eta erabiltzen direnean, Golkoko Gerran bezala, multinazional handien irabaziak defendatzeko erabiliko dira esklusiboki, zeinak estuki loturik dauden Estatuari AEBtan eta gainerako herrialde inperialistetan. Unites States Nuclear Weapons Cost Studyren azterketa baten arabera, 1940an hasi zenetik 1995era, AEBren programa nuklearra bera bakarrik lau bilioi dolar kostatuko zen gutxienez. Baina Stephen Schwartzek, azterketaren argitaratzaileak berak, benetako zifra “nabarmenki altuagoa” izango dela dio orain. Estatuaren izaera parasitarioa, batez ere Estatu modernoarena, Marxen klase borrokari buruzko maisulanean nabarmendua izan zen, Luis Bonaparteren Brumarioaren 18an: “Botere betearazle hau, bere antolaketa burokratiko eta militar izugarriarekin, bere Estatu makina konplexu eta itxuratiarekin, milioi erdi bat pertsona biltzen dituen funtzionarioen ejertzito hau, beste milioi bat gizonen ejertzitoarekin batera, gizarte frantsesa sare batek bezala estutu eta poro guztiak ixten dizkion organismo parasitario beldurgarri hau, monarkia absolutuaren garaiean sortu zen, erregimen feudalaren dekadentziatik, aipaturiko organismoak berak hori azeleratzen lagundu zuelarik”. Marxek milioi erdi bat pertsonako Estatu baten ideia bitxi aurkitu bazuen, zer esango zukeen gaur Estatu modernoak irensten dituen bilioiei buruz, herrialde guztietan langile klaseak ekoitzitako plusbaliaren zati handi bat xahutzen duten bere burokrazia puztuekin, bere ejertzito iraunkorrekin eta bere gastu militar astronomikoekin? Estatu Batuen kasua soilik hartzen badugu, urtero armamentura bideratzen den dirua nahikoa litzateke bi eta hiru milioi inguru lan postu berri sortzeko; edota etxebizitzaren arazoarekin amaitzeko hamar urte baino lehenago. Halaber, desarmatzearen aldeko pazifisten eskaerek ez dute eragin txikienik ere izan, “jostailu” hilgarri hauek erabat beharrezkoak baitira klase agintariaren interesentzat. Eta azken finean, deabru batek ez ditu inoiz bere atzapar propioak ebaki modu boluntario batean. Beharrezkoa da langile klasearen indarra mobilizatzea eta antolatzea gizartearen eraldaketarako. Munstro honen suntsiketa, Estatu burgesarena, lehen baldintza da gizarte benetan demokratiko eta gizatiar bat eraikitzeko, sozialismorako trantsiziorako oinarriak ipiniko dituelarik: klaserik gabeko gizarte bat, zeinetan Estatua, barbariearen erlikia hori objetu zaharren museo batera baztertua izango den, diruarekin, presondegiekin, familia burgesarekin, erlijioarekin, eta gainerako zentzugabekeria guztiekin, zeinak pentsatzeko gai den edozein gizon edo emakumerentzat askotan ulertzea zaila egiten den arrazoiengatik, bizitza “zibilizatu” baterako nahitaezko osagaitzat kontsideraturik dauden. ERREFORMISMOAREN OINARRI OBJETIBOAK “Garapen erlatiboki baketsuko hamarkadetan zehar pilatutako oportunismo elementuek, mundu osoko alderdi sozialista ofizialetan nagusi den sozialtxobinismo korrontea sortu zuten”. (Lenin, Estatua eta Iraultza). Bere garrantzia begibistakoa izanik ere, Estatuaren auzia ez da kontuan hartua izan herrialde kapitalista aurreratuetako langile mugimenduen zuzendarien eskutik hamarkadetan zehar. Hau ez da istripu bat. Gizartearen eraldaketa sozialista aurrera eramateko ideia erabat alboratu dutela esateko beste modu bat da baizik. Baina bada beste arrazoi garrantzitsu bat ere. Bigarren mundu gerraren osteko goraldi kapitalistaren garai luzean, klaseen arteko kontraesanen nolabaiteko leuntzea eman zen. Britainia Handiko, Suediako, Alemaniako, AEBtako eta beste herrialde batzuetako bi langile belaunaldi enplegu osoaren, erreformen eta kontzesioen esperientziatik igaro ziren. Baina kontestu historiko honetako konkistak ere langile klasearen eta mugimendu sindikalaren borroken eta presioaren bitartez lortu ziren, burgesiak ez baitu sekula doako kontzesiorik egiten. Jendearen gehiengoak egoera hau arrunta zela sinetsi zuen eta betirako iraungo zuela, errealki anomalia bat eta salbuespen historiko bat suposatu zuen bitartean. “Izate sozialak baldintzatzen du kontzientzia” dio Marxek. Eta hala izan zen. Sistema kapitalistak itxuraz “funtzionatzen” zuen egoera batean, langile klasearen gehiengoa berau onartzeko prest zegoen. Sozialdemokraziak defendatutako ideia erreformistak sakon errotu ziren masengan, eta alderdi komunistetako buruzagiek ere onartuak izan ziren (“eurokomunismoa”, etab.). Marxen eta Leninen ideiak “jada igarotako urak” bezala kontsideratuak izan ziren. Kapitalismoa, zioten, aldatu zen. Jada ez zen errezesiorik egongo. Langabezia masiboa iraganeko zerbait zen. Klase borroka desfasaturik zegoen langile klaseak existitzeari utzi baitzion. Eta iraultza sozialistaren ideiari dagokionean, Jainkoaren izenean! Ah, haiek bai garaiak! Zein amets polita! Gaur atzo baino hobeto, eta bihar gaur baino hobeto. Tamalez, hau benetan zena zen: amets bat. Eta orain esnatzea tokatzen zaigu azkenik. Esnatze nahiko zakarra! Bizi-mailaren aurkako eraso jarraiak herrialde guztietan salbuespenik gabe eta 20 milioi baino gehiagoko langabezia ofiziala herrialde kapitalista garatuetan (munduko langabezia erreala ezin da ziurtasunez zifratu, baina inola ere ez da jeitsiko mila milioietatik milioika azpienplegatuak kontutan hartzen baditugu). AEBtan langileen soldata errealak ez du hobekuntzarik jasan azken 20 urteetan. Hau da AEBak sortu zirenetik bere aurreko belaunaldiarena baino bizi-maila hobea espero ezin duen lehen belaunaldia. Britainia Handian eta Suedian, ongizate Estatu entzutetsua azken hamar urteetan suntsitua izan da ia-ia. Eta Estatu espainiarra? Ehuneko 20a baino langabezia handiagoarekin, egoera beltza da. Hobetze tenporal eta erlatibo baten aldiaren ostean, burgesia langile klasearen lorpen guztiak deusezten saiatzen ari da. Honek guztiak gaizki izendaturiko enpresa askearen sistema urpean hondoratzen ari dela frogatzen du. Beharrezkoa da alternatiba erradikal baten bandera altxatzea! Hemen ez dute erdizkako hitzek balio. Largo Caballerok esan zuen bezala, minbizia ezin da aspirinekin sendatu. Gizartearen arazoak ezin dira sendatu oinarrizko erabaki guztiak bankari eta kapitalisten gutxiengo txiki batek hartzen dituen bitartean. Hona hemen auziaren gakoa. Paradoxikoki, justu sistema kapitalista erabateko bankarrotaren zantzu argiak ematen ari den unean, langileen buruzagiak berari eusten diote burdin gori bat bailitzan. Ez soilik Blair Ingalaterran eta Jospin Frantzian, Estatu espainiarreko buruzagi sindikalak ere Kapital Handiari eskua eskeintzera presaka hurbiltzen dira “batasun nazionalaren” eta bake sozialaren bilaketan. Alferrik! “Ahultasunak erasora gonbidatzen du”. Pausu bat atzera ematen duten aldiro, enpresariek bi pausu gehiago exijituko dizkie eta ez gaiztakeria soilagatik edo fede txarragatik (nahiz eta ez den falta, noski). Politika ustez errealista honek aberatsen eta txiroen arteko amildegia geroz eta gehigo handitzea lortzen du soilik, hurrengo garairako klase borrokaren leherketa baterako bidea prestatuz. Hemen ere aplika daiteke marxismoaren legea: “izate sozialak baldintzatzen du kontzientzia”. Langile klaseak bere esperientziatik ikasten du. Eta tamalez, belaunaldi bakoitzak bere izerdiaren, odolaren eta malkoen kontura ikasi behar ditu duela denbora asko euren gurasoek eta aitonek ikasi zituzten irakaspenak. Ez al dago beharbada mekanismorik zeinaren bitartez belaunaldi berriak ikasgai hauek aldez aurretik ikas ditzan, hainbeste akatsen eta porroten penak eta eragozpenak ahurreztuz? Bai, badago. Alderdia izena du. Benetako alderdi iraultzaile batek langile klasearen memoria bezala jokatu behar luke. Alderdi erreformista bat, Trotskyk esan zuen bezala, memoria motzeko alderdi bat da. Ez da lehen aldia hau bezalako garai bat ikusten duguna. 1870 eta 1914 bitarteko garai luzean kapitalismoaren goraldia eman zen enplegu osoarekin eta bizi mailaren handitzearekin. Orain bezala, hauxe izan zen erreformismoaren ilusioen oinarri materiala. Ez da kasualitatea Eduard Bernstein garai honetan marxismoaren teoria iraultzaileak baldintzatzen hasi izana Alemanian. Alderdi sozialdemokraten buruzagiek, euren burua marxista deitzen jarraitzen bazuten ere, eta Maiatzaren 1eko diskurtsuetan klase borrokaz eta iraultzaz hitz egiten bazuten ere, praktikan atera zuten ondorioa Marxen ideiak “jada igarotako urak” zirela zen, iraultza sozialista ez zela beharrezkoa eta mantsoki, gradualki, bareki, gizartea parlamentuaren bitartez eraldatuko zutela. Garai hura lehen mundu gerrarekin amaitu zen, Bigarren Internazionalaren degenerazio nazional-erreformistak buruzagi sozialdemokrata ingelesen, alemanen eta frantsesen traizio irekira eraman zuenean, gerra kredituen alde bozkatuz. ERRUSIAKO IRAULTZA Mundu gerra, aurreko garaian zehar pilatu ziren kontraesanen adierazpenik grafikoena izan zen. Erreformisten ilusio zaharrak trintxeretako odol, lokatz eta ziape gas artean disolbatu ziren. Iraultzaren auzia, gerrarena eta Estatuarena lehen lekua okupatzera itzuli ziren. Eta Lenin izan zen hain zuzen ere Internazional zaharraren kolapsoaren azalpen teorikoa eman zuena eta nazional-erreformismoarekiko oinarrizko haustura baten beharra aldarrikatu zuena. Momentu erabat zailak ziren iraultzaile internazionalistentzat. 1915eko Zimmerwaldgo Konferentzia entzutetsuan, internazionalistak berrelkartzeko lehen saiakeran, bertaratutakoen kantitate hain murritza ikusirik, Leninek broma bat egin zuen mundu guztiko internazionalistak bi diligentziatan sar zitezkeela esanez. Baina, ahulezia numerikoa izanik ere eta masengandik isolaturik aurkitzen baziren ere, Leninek ez zuen zalantzarik izan Internazional berri baten fundaziorako deia egiteko, marxismoaren printzipio iraultzaile eta internazionalistetan oinarritutako Internazional bat. Baina erreakzio egoerak ez dira betirako. Une jakin batean, aldaketa bat eman zen masen giroan. Gerraren izugarrikeriek bultzada indartsu bat eman zioten iraultzari, azkenean Petrogradon lehertu zelarik 1917ko martxoan (otsailean egutegi zaharraren arabera). Errusiako iraultzak garai berri baten hasera markatu zuen, oso desberdina gerra aurreko garaiarekiko. 1920ko eta 1930eko hamarkadek konbultsio eta krisi ekonomiko, sozial eta politikoak izan zituzten ezaugarritzat, bigarren mundu gerrarekin soilik itxiak izan zirenak. Garai hau Iraultza errusiarrak irekia izan zen, langile klasea lehen aldiz boterera iritsi zenean, zuzendaritza iraultzaile kontziente bat zuen alderdi marxista batek zuzendurik: Alderdi Boltxebikeak, Lenin eta Trosky buru zituela. Edozein analisik, zuzendaritza hau gabe eta teoria marxistan oinarrituriko programa zientifiko bat izan gabe, Urriko iraultzak ez zuela sekula arrakastarik izango frogatuko du. Hau ez da leku egokia 1917ko otsailaren eta urriaren artean jazotako gertakariak trazatzeko. Nahikoa da iraultzaren arrakasta aldez aurretik bermaturik ez zegoela esatearekin. Indar biziak zituen borroka bat zen, beti bezala, zeinetan zuzendaritzaren kalitateak, ausardiak, zurruntasunak eta ideiak argi izateak paper erabakigarria jokatzen duten. Leninek bere Estatuaren teoriak ez zituen mintegi unibertsitario baten lasaitasunean garatu, borrokaren berotasunean baizik. Leninek uztaileko erreakzioan zehar klandestinitatera igaro zenean, komite zentralaren agindupean Finlandiara bidaiatuz atxiloketatik salbu izateko, bi liburu eraman zituen berarekin: Clausewitzen Gerraren artea eta Marxen Gerra Zibila Frantzian. Azken honek bere Estatua eta Iraultza maisulanaren hasera puntua suposatu zuen, teoria marxistaren klasiko garrantzitsuenetako bat soilik ez den liburu bat, baita iraultzarako egiazko gidaliburu bat ere. Marxen eta Engelsen moduan, Lenin ere ez zen utopiko bat. Ez zen eskema abstraktuetan oinarritzen, langile klasearen egiazko mugimenduan baizik, bere esperientzia historikoan, eta batez ere benetan gertakari heroiko eta inspiratzailea izan zen hartan: 1871ko Parisko Komunan. Komunako esperientzia izan zen hain zuzen ere Marxi “proletalgoaren diktadurak” izango zuen forma zehatza ulertzea ahalbidetu ziona. Gaur, Hitlerren, Mussoliniren, Frankoren eta Stalinen erregimenen esperientziaren ostean, “diktadura” hitzak konnotazio erabat ezberdinak hartu ditu Marxen eta Engelsen garaietan zuenarekiko. Eurek Errepublika erromatarraren erregimena zuten buruan, zeinak gerra garaian, aldi tenporal baterako, “diktadore” bati salbuezpenezko botereak aitortzen zizkioten gerra aurrera eramateko. Marxek, Engelsek eta Leninek sistema totalitario bat defendatzen zutenaren akusazioa kalumnia irrigarri bat da. Obra honen irakurketak eta Gerra zibila Frantzian lanarenak, Parisko Komunaren esperientzian oinarrituak, “proletalgoaren diktadurak” Marxentzat eta Leninentzat langile demokrazia adierazten zuela erakusten du. MARXISMOA ETA ANARKISMOA Lenin oso kontzientea zen burokratizazioaren arriskuarekiko eta Estatuak gizartetik bereizteko duen tendentziarekiko. Estatua eta iraultzaren zati handi bat gai honi eskeintzen dio. Nola borrokatu burokratizazioaren aurka? Komunaren esperientziak ematen digu erantzuna. Parisko Komunak urteko 6.000 frankotara mugatu zuen bertako ordezkarien soldata, gutxi gora behera langile kualifikatu baten soldatara. Neurri honekin, Marxen hitzetan, Komunak “ ‘gobernu merkearen’ ideal burgesa bete zuen”. Eta Leninek, degenerazio burokratikoaren arriskua bikain ulertu zuenez, lau baldintza ezarri zituen Urriko Iraultzaren osteko langile Estatu errusiarrarentzat: 1) Hauteskunde askeak funtzionario guztiak baliogabetzeko aukerarekin. 2) Funtzionarioek ezin dute langile kualifikatu batek baino soldata handiagoa jaso. 3) Armada iraunkorrik ez, herri armatua baizik. 4) Gradualki, Estatuaren administrazio eginkizun guztiak mundu guztiak eginak izango dira modu errotatiboan. “Mundu guztia txandaka burokrata denean, inor ez da burokrata”. Hona hemen egiazko programa leninista Estatuarentzat. Argi gera dadila Lenin ez dela ari sozialismoari, edo komunismoari buruz hizketan, langile botererako oinarrizko baldintzei buruz baizik –boterea hartu osteko egunean existitu behar duen egoeraz. Erregimen totalitario batetik hau baino urrunago dagoen zerbait zaila da imaginatzea. Sozialismoaren etsaiak Lenin eta Urriko Iraultza isekatzen saiatzen dira, leninismoa stalinismoarekin identifikatuz. Egia da isolamendu boltxebikeak, atzerapen ekonomiko beldurgarri bateko egoeran, langile klasea boterean mantentzea ekidin zuela, eta Urriak ezarritako langile demokraziako erregimena Stalinen erregimen burokratiko, totalitario eta munstro itxurakoak ordezkatua izan zela. Baina degenerazio honen arrazoiak ez dira boltxebismoaren programan eta metodoetan aurkitzen, herrialde gosedun eta analfabeto baten baldintza objetiboetan baizik, urteetako gerrek eta iraultzek nekatutako langile klase bat zuen herrialdea zelarik, nazioarteko iraultzaren porrotak gogogabetua. Anarkistek ez bezala, marxismoak ez du Estatuaren abolizioa ideia abstraktu baten moduan proposatzen, zehazki bere desagerpenarengatik borrokatzeko estrategia bat garatzen du, Estatu burgesaren eraisketarekin hasten dena. Gizartearen eraldaketa sozialista ezinezkoa litzateke hau egin gabe. Baina, zer da Estatua? Leninek azaltzen du, azken batean, Estatua jabetzaren defentsan armaturiko gizon taldeek osatzen dutela. Beraz, Estatu zaharra eraisteko eta zapaltzaileen erresistentzia gainditzeko, langile klaseak bere “Estatu” propioa behar du, hau da, antolatu egin behar du botere alternatibo bezala, erreakzioaren erresistentziari aurre egiteko gai eta prest egongo dena. Baina langileen Estatu honek, gizartearen gehiengo erabatekoaren antolaketa izanik, ez du zerikusirik funtzionario ejertzitoak dituen aparatu burokratiko zahar eta munstro itxurakoarekin. Halako antolaketa bat, Engelsek azaltzen duen bezala, ez da Estatu bat, berez esanda, “semi-Estatu” bat baizik, organizazio oso sinplifikatu bat, herriaren administrazio demokratiko zuzenean oinarritua, ahal bezain laster bere desagerpenera iristea helburu bakartzat duen Estatua. Estatuak gizartean disolbatuz amaituko du, ekoizleen elkarte aske batek ordezkatua izanez amaituz. Baina prozesu hau ez da dekretu bidez aurrera eraman daitekeen zerbait arbitrarioa. Marxismoak, sozialismo zientifikoaren doktrinak, aurrerabide sozialaren indar higiarazlea ekoizpen indarren garapena dela azaltzen du. Indarkeria mekanismo zaharrak egiazki askea den gizarte batengatik ordezkatzeko posibilitate erreala industriaren, zientziaren, teknologiaren eta kulturaren garapen mailak baldintzatzen du. Urrutira joan gabe, masek gizartearen kudeaketa demokratikoan parte hartzeko posibilitate fisikoa lan-egunaren murrizketa drastikoak baldintzatzen du. Gizon eta emakumeen gehiengo handiak bizi ahal izateko egunean zortzi, hamar edo hamabi ordu lan egitera beharturik jarraitzen duen bitartean, ordu extrak sartuz, asteburuetan, etab., demokraziak ilusio bat izaten jarraituko du beti, formalitate huts bat. Baldintza hauetan, Engelsek azaltzen duen bezala, gutxiengo batek beti gozatuko du artearen, zientziaren eta gobernuaren monopolioaz, eta beti baliatuko da monopolio honetaz bere onura propiorako. Gizon eta emakumeak biziraupenagatiko eguneroko borrokarekin identifikatzen diren preokupazio umiliagarrietatik aske aurkitzen direnean soilik, lan orduak gutxieneko espresiora murriztuko direnean soilik, orduan bakarrik izango dituzte masek gizaki libre bezala garatzeko beharrezko baldintzak. Soilik orduan izango da posible denek gizartearen administrazio eta kudeaketa eginkizunetan parte hartzea, Estatuaren desagerpena eskuratzeko modu bakarra. Arrazoi honengatik, anarkisten aurreiritzien aurka, Estatua ezin da dekretu bidez abolitu, gizartean disolbatzen da baizik masen bizi baldintzen eraldaketak hori ahalbidetzen duten heinean. 1931-1937 bitarteko Estatu espainiarreko iraultza da anarkismoaren teoria eta praktikaren izaera ezin okerragoa modu grafikoenean ematen digun kasua. 1936ko uztailan, Bartzelonako langile klasea faxisten aurka altxa zen. Makila, labana eta fusil zaharren batekin bakarrik armaturik koartelak erasotu zituzten eta erreakzioa zapaldu zuten. CNTko langile anarkistek paper erabakigarria jokatu zuten ekintza heroiko honetan, zeinak zalantzarik gabe faxismoaren garaipena ekidin zuen. Garaipenaren ostean, sen iraultzaile zuzen bati jarraiki, komiteetan antolatu ziren, kapitalista kataluniarrek bertan behera utzitako lantegietan langile kontrola ezarriz. Boterea komiteen eta langile milizien esku zegoen. Buenaventura Durruti buruzagi anarkista ospetsuak Aragoin gerra iraultzaile bat aurrera eraman zuen ejertzito bat antolatu zuen. Baina langile cenetisten konkistak euren zuzendariek abortatuak izan ziren. Egoera honetan oso erraza izango zen Generalitateko gobernu burgesa deuseztea eta Katalunian langile boterea aldarrikatzea, Lluis Companys presidenteak berak onartu zuen bezala. Burges zuhur honek CNTren zuzendariak elkarrizketa batetara deitu zituen eta boterea hartzera gonbidatu zituen –iraultzen historian aurrekari gutxiko gertakaria!- Baina zuzendari anarkistek ukatu egin zuten. Nola osa zezaketen langile gobernu bat, gobernu ororen aurka bazeuden orokorrean? Honen ondorioz, Estatu burgesa Katalunian birsortu zedin utzi zuten, eta modu honetara, nahikoa indar biltzea 1937ko maiatzean indar iraultzaileak zapalduak izateko. Zuzendari cenetistek, iraultzaile kontsekuenteak izan balira, komite guztiei deialdi bat egin beharko zieten, bai lantegietakoei eta baita milizietakoei ere, Katalunia osoko komite zentral baterako ordezkariak aukera zitzaten. Hauxe izango zen, ez gehiago eta ez gutxiago, gobernu iraultzaile bat, edota Marxek “proletalgoaren diktadura” deitzen zuena: Estatu burgesarekin zerikusirik ez duen zerbait, langile klasearen botere iraultzailea adieraziko lukeen zerbait baizik. Pausu erabakigarri hau aurrera emateko CNTren ezezkoa iraultzaren porrotaren kausa izan zen, langile cenetistek ohi ez bezalako heroismoa erakutsi bazuten ere. Are gehiago. Gobernu batean parte hartzearen ideia soilak euren printzipioak bortxatzen zituela argudiatuz langile gobernu bat osatzeari uko egin zioten zuzendari anarkista hauek, Fronte Popularraren gobernuan sartzen amaitu zuten segituan, ministro bezala zerbitzatuz ministro burges errepublikarren alboan. Gertakari honek ez du anarkismoaren historia ezagutzen duen inor harritu behar. Frantzian, lehen mundu gerraren aurretik, zuzendari anarkosindikalistek, mugimendu sindikal galiarrean une hartan gehiengoa zuen korronteak, behin eta birritan zin egin zuten gerra bat hasteko kasuan ez zutela bertan kolaboratuko inola ere, greba orokor iraultzaile baterako deia egingo zutela baizik (jarrera argiki faltsu eta demagogikoa, mobilizazio orokorreko egoera hartan eta gerra bat deklaratzeak eskutik dakarren txobinismo giro nahitaezkoko unea zela eta, ez baitzegoen baldintza objetiborik greba orokor arrakastatsu baterako). Bestalde, zuzendari anarkosindikalistek ez zuten ezer konbokatu, “Batasun Nazionala” (L’Union Sacreé) deituriko gobernuan sartu ziren berehala ordea, non greba apurtzaileen papera jokatu zuten gerraren haseratik amaieraraino. Hemen amaitzen da Estatuaren teoria faltsu bat: zuloz beteriko aterki bat. Gaur gaurkoz, belaunaldi berriak historiari buruz hausnartu beharko luke –anarkismoaren influentzia kaltegarriaren aurkako antidotorik hoberena. BIOLENTZIAREN AUZIA Marxisten aurka arma jaurtigarri bat bezala beti erabili ohi den argudioetako bat biolentziaren alde egiten dugunaren akusazioa da. Halako argudio batek ez du oinarririk. Marxistok gizartearen eraldaketa baketsu bat nahi dugu, baina errealistak ere bagara, eta badakigu historian zehar klase agintari batek berak ere ez dituela bere boterea eta pribilejioak bertan behera utzi borrokarik gabe, eta normalean, koartelik gabeko borrokarik gabe. Gertakari hau hainbestetan frogatua izan da ezen alferrikakoa izango litzatekeela berau argudiatzea. Ez dugu 1931 eta 1939 bitartean Estatu espainiarrean jazotako gertakarietatik baino haratago joan behar, non klase agintariak ez zuen zalantza izpirik ere izan langile klasearen aurkako gerra zibil odoltsu bati hasera emateko. Fronte Popularraren gobernua demokratikoki aukeratu izanak ez zuen ezertarako balio izan. Legalitaterako edota konstituzioaren aldeko deiek ez zuten ezertarako balio izan. Kapitalistei eta lur jabeei axola zitzaien gauza bakarra beraien interesak mehatxupean zeudela zen. Eta hauek garaitzeko modu bakarra beraiek zanpatuz eta desjabetuz zen. Beste guztia amets bat eta engainu bat zen. Eta historiak frogatu du amets erreformistak oso garesti ordaintzen direla. Beranduago Txileko Unidad Popularraren gobernuaren kasua izan genuen. Beste behin, Estatuaren ustezko “independentziaren eta inpartzialitatearen” errealitate gordina ikusi genuen. Frankoren pausu odoltsuak jarraituz, Pinochetek (komeni da Salvador Allende presidente sozialistak izendatutako general “demokratikotzat” kontsideratua zela gogoratzea) gobernu “konstituzionalaren” aurkako Estatu kolpe bat eman zuen aurrera. Langile klase eta herri txiletarrak prezio beldurgarri bat ordaindu behar izan zuen euren zuzendarien ilusio konstituzionalengatik. Hau ez da Txileko hondamendia xehetasunez analizatzeko lekurik egokiena. Egin dugu beste hainbat dokumentutan. Nahikoa da Pinocheten garaipena nahitaezkoa izan ez zela esatearekin. Langile klase txiletarrak bazuen militar erreakzionarioak Estatu kolpea baino hainbat hilabete lehenago zapaltzeko nahikoa indar, baina beharrezko momentuan, dena Konstituzioaren, indarrean zeuden legeen eta “joko arauen” markoaren barnean konpon zitekeela uste zuen politika faltsu batek paralizaturik aurkitzen zen, xakearen jokoa bailitzan, eta ez aurkakoak eta bateraezinak diren klaseko interesen arteko kuartelik gabeko borroka bat balitz bezala. Halako ilusioek beti hondamenera eraman dute. Solon Handia, Atenasko Konstituzioaren egilea, jakitun handia zen legeekin eta konstituzioekin erlazionaturik dagoen guztian eta honako hau esan zuen: “Legea armiarma sare bat bezala da: txikiak harrapaturik geratzen dira eta handiek puskatan apurtzen dute”. Izate hau oso erraz froga daiteke Britainia Handiko, Frantziako, etab.eko gobernu sozialdemokraten hamarkadetan zeharreko esperientziarekin. Milioika langileen botoekin aukeratuak izanik, gizartean aldaketa bat exigituz, bankari eta kapitalista gutxi batzuen erresistentzia ankerrak zapuzturik ikusten dira, zeintzuek mehatxatuak sentitzen diren erreforma lotsati eta kaltegabekoenengatik ere. Gizagaixo bat izatea izango litzateke herrialde honetan, etorkizunean egiazko ezkerreko gobernu bat aukeratuko balitz, bertako klase agintariak beste era batera jokatuko lukeela pentsatzea. Zer esanik ez langile klaseak egin behar duela borroka eskubide demokratikoen alde. Zer esanik ez erabilgarri ditugun bide demokratiko guztiak erabili behar ditugula gure eskubideak defendatzeko eta gizartearen eraldaketa sozialistarako bidea prestatzeko, herri, eskualde eta estatu mailako hauteskundeetan parte hartzea barne. Ez gara anarkistak. Kapitalismoaren barnean aurrerapausu partzialak lortzeko eguneroko borrokarik gabe, iraultza sozialista pentsaezina litzatekeela ulertzen dugu. Soilik modu honetan izango da posible masak antolatzea, borrokan heztea eta gizartearen eraldaketa aurrera eramateko beharrezko instrumentuak forjatzea. Hau dena egia da, baina ez da nahikoa. Batez ere une honetan, burgesia mundu mailan bizi mailaren, soldaten, pentsioen, lan baldintzen eta enpleguaren aurka eraso basati bat egiten ari den unean, beharrezkoa da langile klaseak kontzesio batzuk erauzten baditu ere garaipen hauek momentukoak izango direla solik ulertzea. Gaur ezker eskuarekin ematen dutena bihar eskuin eskuarekin kenduko dute. Soldata igoerak prezio eta zerga igoerek deuseztatuak dira. Langabezia eta prekarietatea aurretik ikusi ez bezala ari dira handitzen, burgesiaren soldatapeko prentsak eginiko zifren manipulazio asaldagarriak eta propaganda gezurtiak kontrakoa badio ere. Hau dena boom ekonomikotzat izendatzen duten une batean gertatzen ari bada, nolakoak izango dira gauzak hurrengo errezesioa iristen denean, zeina ez den oso berandu agertuko? Ezerren aurretik beharrezkoa da langile klaseari egia esatea, gezurretaz eta engainuetaz nazkaturik baitago. Eta egia esan, krisi hau konpontzeko modu bakarra Banka handiaren eta monopolioen dominazioari amaiera emango dion gizarte eraldaketa erradikal bat da. Konponbiderako beste edozein bide hondamendi bat izango da. Langile mugimenduaren zuzendariek, burgesiarekin eta gobernuarekin gaizki izendaturiko itunak eta kontsentsuak lortzen (zeinak zirkulua laukitzeko saiakera baten pareko diren) igarotzen dutenaren denbora eta energia hamarren bat langile klaseari eta gazteriari benetako egoera azaltzen eta mobilizatzen igaroko balute, gizartea aldatzearen alde, arazoa azkar konponduko litzateke. Krisiaren pisu osoa langileen eta beraien familien bizkarren gainean kargatzeko burgesiak egiten dituen saiakera guztien aurka borroka egiten dugun bitartean, egiazko ezkerreko gobernu baten alde ere egin behar dugu borroka, bankaren, lurraren eta monopolioen nazionalizazioa aurrera eraman dezan, langile klasearen kontrol demokratikopean, milioika langile, gazte, etxekoandre eta pentsionista astintzen dituen egungo krisi honetatik ateratzeko modu bakarra baita. Gizarte moderno batean, langile klaseak gizartearen gehiengo erabatekoa errepresentatzen du. Bere eskuetan aurkitzen dira ekonomiaren palankarik garrantzitsuenak. Ez dago munduan botererik langile klaseari erresistentzia egiteko gai denik, behin hau gizartea eraldatzeko mobilizatzen denean. Albaniaren adibideak itxuraz boteretsua den Estatu bat, egiaren unean, hauts bihurtu daitekeela erakusten digu, soldaduak aurrean duten boterea atzean dutena baino ehun aldiz handiagoa dela konturatzen direnean. Eta azken finean, Albania herrialde txiki eta atzeratua da tradizio iraultzaile handiak dituen langile klase boteretsu bat duen Estatu espainiarrarekin alderatzen badugu. Datozen urteak ez dira lasaitasun eta bake sozialekoak izango, guztiz kontrakoak baizik. Sistema kapitalista krisi batetik bestera balantzaka dabil. Bere esperientziaren bidez, langile klaseak eta gazteriak berriro ikasiko ditu iraganeko irakaspenak. Borrokalari berriak sartuko dira borroka lerroetan bertan nekatu direnak ordezkatzeko. Langile klasearen erakundeak goitik behera eraldatuko dira. Eta kapa berriek programa iraultzaile baten beharra ulertuko dute. Gaur talde murritzek entzunak diren ideiak, bihar milioika lagunen jabetza izango dira. Kapitalismoak ez du langile klasearentzat eta gazteriarentzat etorkizunik eskeintzen. Bere abolizio erradikala da konponbide bakarra. Baina arrakastaren aurre baldintza nahikoa kuadro marxista prestatzea da lantegi, eskola, bulego, meategi, elkarte sindikal… bakoitzean. Kuadro hauen formakuntza da une honetako eginkizunik presazkoena. Eta ezin egon liteke prestakuntza honetarako Estatua eta Iraultza baino testu garrantzitsuagorik. Ted Grant Londres, 1997ko irailaren 4a. ESTATUA ETA IRAULTZA Estatuaren doktrina marxista eta proletalgoren eginkizunak iraultzan Hitzaurrea lehen argitalpenari Estatuaren auziak gaur egun berebiziko garrantzia hartzen du, nola aspektu teorikoan hala aspektu politiko praktikoan ere. Gerra inperialistak modu harrigarri batean azkartu eta areagotu du kapitalismo monopolistaren eraldaketa prozesua Estatu kapitalismo monopolistarantz. Kapitalisten erakunde ahalguztidunekin gero eta estuago bateratzen delarik, Estatuak masa langileei ezartzen dien zapalkuntza ikaragarriak gero eta neurri lazgarriagoak hartzen ditu. Herrialde aurreratuak –honakoa esatean beren “atzealdeaz” ari gara- langileentzako kartzela militarretan bihurtzen ari dira. Gerra biziki luze honen aurrekaririk gabeko izugarrikeriek eta hondamenek, jasangaitza bihurtzen dute masen egoera, beren amorrua areagotuz. Argi eta garbi, iraultza proletario internazionala garatzen ari da. Estatuarekiko honek duen jarreraren auziak, garrantzia praktiko bat hartzen du. Garapen baketsu samarreko hamarkadetan zehar pilaturiko elementu oportunistek sozialchauvinismoaren korrontea sortu zuten, hau mundu osoko alderdi sozialista ofizialetan nagusitu delarik. Korronte hau (Plejanov, Potresov, Breshovskaya, Rubanovich, eta gero modu apur bat zainduagoan, Tsereteli, Chernov eta beste jaunak Errusian; Scheideman, Legien, Davif eta besteak Alemanian; Renaduel, Guesde eta Vandervelde, Frantzian eta Belgikan; Hyndman eta fabiarrak, Ingalaterran, etab., etab.), sozialismoa hitzez eta chauvinismoa ekintzez, “sozialismoaren buruzagiak” modu doilor eta zuritzaile batean moldatzeagatik nabarmentzen dira, ez soilik “euren” burgesia nazionalen interesetara, baita, hain zuzen ere, “euren” Estatuenetara ere; denbora asko baita jada, potentzia handiak deritzen gehiengoak nazionalitate txiki eta ahul asko esplotatzen eta esklabotzen dituela. Eta gerra inperialista, hain zuzen ere, mota honetako harrapakinen banaketaren eta birbanaketaren gerra bat da. Langile masak, orokorrean burgesiaren eta bereziki burgesia inperialistaren influentziatik askatzeko borroka, ezinezkoa da Estatuaren inguruko aurreiritzi oportunisten aurkako borrokarik gabe. Lehenik eta behin, Marxen eta Engelsen Estatuari buruzko doktrina aztertuko dugu, modu bereziki zorrotzean geldituz era oportunista batean ahaztuak edo desitxuratuak izan diren doktrina honen aspektuetan. Gero desitxuratze hauen ordezkari nagusiaren jarrera aztertuko dugu, Karl Kautskyrena, II internazionaleko (1889-1914) lider ezagunena eta egungo gerran zehar hain porrot penagarria jasan duena. Azkenik, 1905eko eta, bereziki, 1917ko Errusiako iraultzen esperientzien funtsezko balantze bat egingo dugu. Azken hau, itxuraz, momentu hauetan (1917ko abuztu amaiera), bere garapenaren lehen fasea burutzen ari da; baina iraultza hau ezin da ulertu ez bada gerra inperialistak eragindako iraultza proletarioen katearen zati bat bezala. Honela beraz, Estatuaren aurrean proletalgoaren iraultza sozialistak duen jarrerak, ez du soilik garrantzia politiko praktiko bat hartzen, baita eguneroko premiazko garrantzia bat ere, masei, berandu baino lehen, kapitalismoaren uztarripetik askatzeko zer egin beharko duten azaltzearen arazoa den bezala. Idazlea 1917ko abuztua Hitzaurrea bigarren argitalpenari Argitalpen honek, bigarrenak, ez dauka apenas aldaketarik. II. kapituluko 3. atala gehitu besteri ez da egin. Idazlea Mosku, 1918ko abenduaren 17a ESTATUA ETA IRAULTZA I. Kapitulua Klase-gizartea eta Estatua 1. Estatua, klase arteko kontraesanen izaera eramangaitzaren produktuai Marxen doktrinarekin gaur egun, historian pentsalari iraultzaileen doktrinarekin eta askatasunaren aldeko borrokan klase zapalduen buruzagien doktrinarekin behin eta berriz gertatu dena gertatzen da. Iraultzaile handien bizitzan, klase zapaltzaileek etengabeko jazarpenetara azpiratzen dituzte, beren doktrinak haserrerik basatienarekin, gorrotorik amorratuenarekin, gezur eta kalumnien kanpainarik neurrigabeenarekin hartzen dituzte. Beren heriotza ostean, minik ematen ez duten ikono bihurtzen saiatzen dira, kanonizatzen, nolabait esatearren, beren izenak loriazko aureola batez inguratzen, horrela klase zapalduak “kontsolatu” eta engainatzeko, beren doktrina iraultzailearen edukia zikiratuz, honen sorbatz zorrotza kamustuz, hau baliogabetuz. Marxismoaren halako “konponketaren” aurrean elkar eskua ematen dira gaur egun burgesia eta langile mugimenduaren barnean oportunistak. Ahaztu egiten dute, bigarren maila batera baztertzen dute, desitxuratu egiten dute doktrina honen aspektu iraultzailea, bere izpiritu iraultzailea. Lehen mailan jarrarazten dute, goretsi egiten dute burgesiarentzat onargarria dena edo hori ematen duena. Sozialchauvinista guztiak dira gaur egun –bromak alde batera utzita!- “marxistak”. Eta gero eta maiztasun handiagoz, zientzialari burges alemaniarrek, atzo oraindik marxismoa birrintzen espezialistak zirenak, gaur Marx nazional alemaniar batetaz hitz egiten dute, hauen arabera, hain zoragarriki antolaturiko langile elkarte hauek hezi zituela harrapakeria gerra aurrera eramateko! Horrelako egoeraren aurrean, marxismoaren desitxuratzearen zabalkunde ikaragarri honen aurrean, gure eginkizuna, batez ere, Marxen Estatuari buruzko benetako doktrina berreskuratzean datza. Honetarako beharrezkoa da Marxen eta Engelsen lanetako pasarte sorta oso bat aipatzea. Noski, aipamen luzeek azalpena pisutsua egiten dute eta ez dute ezertan laguntzen honi izaera herrikoi bat ematen. Baina erabat ezinezkoa da hauek alde batera uztea. Ez dago Marx eta Engelsen lanetako Estatuaren inguruko pasarte guztiak, edo, gutxienez pasarte erabakigarri guztiak, ahal den modurik zabalenean aipatzea beste erremediorik, honela, irakurleak bere kabuz sozialismo zientifikoaren sortzaileen ideien multzoaren eta hauen garapenaren nozio bat osatu dezan, hala nola, dokumentalki frogatua eta argitasun osoz agerian utzia izan dadin, gaur egun nagusi den “kautskysmoak” egindako ideia hauen desitxuratze guztia. Has gaitezen F. Engelsen lanik ezagunenarekin: Familiaren, jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorria. Bere seigarren argitalpena jada 1894an izan zen argitaratua Stuttgarten. Komenigarria da aipamenak jatorrizko alemaniarretik itzultzea, itzulpen errusiarrak, hainbeste izanik, zati handi batean osatugabeak edo eskasak baitira. “Estatua –dio Engelsek, bere analisi historikoa laburtuz- ez da inondik inora gizarteari kanpotik inposaturiko botere bat; ez da ‘ideia moralaren errealitatea’, ezta ‘arrazoiaren irudia eta errealitatea’ ere, Hegelek baieztatzen duen moduan. Hobe esanda, gizartearen produktu bat da, hau garapen maila jakin batera iristen denean; gizarte hau bere buruarekin erremedia ezinezko kontraesan batean korapilatu denaren eta uxatzeko gai ez den antagonismo eramangaitzetan zatiturik dagoenaren aitorpena da. Baina antagonismo hauek, borrokan dauden interes ekonomikoak dituzten klase hauek, beraien artean jan ez daitezen eta gizartea borroka antzu batean ahitu ez dezaten, beharrezkoa gertatzen da itxuraz gizartearen gainetik kokaturik dagoen botere bat, talka leundu dezan eta hau ‘ordenaren’ mugetan mantendu dezan. Gizartetik jaiotako botere hori, baina beraren gainetik jarri eta berarengandik geroz eta gehiago banatzen den hori da Estatua” (177-178 orr. Seigarren argitalpen alemaniarra). Hemen, argitasun osoz adierazirik agertzen da, Estatuaren paper historikoari eta esanahiari dagokionean marxismoak duen funtsezko ideia. Estatua klase arteko kontraesanen izaera eramangaitzaren produktua eta seinalea da. Estatua, klase arteko kontraesanak objetiboki adiskidetu ezin diren lekuan, momentuan eta graduan sortzen da. Eta alderantziz: Estatuaren existentziak klase arteko kontraesanak eramangaitzak direla frogatzen du. Puntu garrantzitsu eta kardinal honetan hasten da, hain zuzen ere, oinarrizko bi norabide jarraitzen dituen marxismoaren desitxuratzea. Alde batetik, ideologo burgesek eta burges txikiek, gertaera historiko eztabaidaezinengatik Estatua klase arteko kontraesanak eta klase arteko borroka dagoen tokian bakarrik existitzen dela onartzera behartuta egonik, halako moduan “zuzentzen” dute Marx, ezen Estatua, klaseen adiskidetzerako organo bezala agerrarazten duten. Marxen arabera, Estatuak ezingo luke sortu ezta mantendu ere klaseen adiskidetzea posible balitz. Irakasle eta publizista zikoitzen eta filistearren arabera –pauso bakoitzeko, borondate onez, Marx inbokatzen dutela!- klaseak adiskidetzen dituena hain zuzen ere Estatua da. Marxen arabera, Estatua klaseko dominazio organoa da, klase batek bestea zapaltzeko organoa; klaseen arteko talkak leunduz, zapalkuntza hau legeztatzen eta finkatzen duen “ordenaren” sorkuntza da. Politiko burges txikien ustez, ordena, hain zuzen ere klaseen arteko adiskidetzea da eta ez klase batek bestea zapaltzea. Talkak leuntzeak beraientzat adiskidetzea esan nahi du, eta ez klase zapalduei beren zapaltzaileak azpiratzeko borroka bide eta prozedura jakin batzuk kentzea. Adibidez, 1917ko iraultzan zehar, Estatuaren esanahiaren eta paperaren arazoa bere tamaina osoan planteatu zenean, eremu praktikoan, berehalako ekintzarako arazo bezala eta, gainera, masen ekintza bezala; sozial-iraultzaile guztiak (eseristak)ii eta mentxebikeiii guztiak, bat batean eta erabat, “Estatuarengatiko” klaseen “adiskidetzaren” teoria burges txikian jausi ziren. Bi alderdi hauetako politikari hauen kontaezinezko ebazpen eta artikulu pila daude “adiskidetzearen” teoria zikoitz eta filistearraz saturaturik. Estatua klase jakin baten dominazio organoa dela eta honek ezin duela bere antipodarekin (klase kontrajarriarekin) adiskidetu, demokrazia burges txikiak inoiz ulertu ezingo duen zerbait da. Estatuarenganako duten jarrera da, gure sozial-iraultzaileak eta mentxebikeak inondik inora sozialistak ez direla erakusten duen sintoma nabarmenetako bat (guk boltxebikeok beti mantendu dugun moduan), fraseologia ia sozialista bat duten demokrata burges txikiak direla adierazten duelarik. Beste aldetik, marxismoaren desitxuratze “kautskiarra” dezente zoliagoa da. “Teorikoki” ez da ukatzen Estatua klase dominazioko organoa denik, ezta klase arteko kontraesanak eramangaitzak direnik ere. Baina aintzakotzat hartzen ez dena edo ezkutatzen dena ondorengoa da: Estatua klaseen arteko kontraesanen izaera eramangaitzaren produktua bada, gizartearen gainetik dagoen eta gizartetik “gero eta gehiago dibortziatzen den” indar bat bada, argi geratzen da klase zapalduaren askapena ezinezkoa dela, ez bakarrik iraultza biolento bat gabe, baita estatu boterearen aparatuaren suntsiketarik gabe ere, hau klase dominatzaileak sortua izan den eta “dibortzio” honen gorpuztea den aldetik. Geroago ikusiko dugun moduan, Marx, iraultzaren eginkizunen analisi historiko konkretuaren bidez, zorroztasunik osoenarekin iritsi zen berez teorikoki argia den ondorio honetara. Eta ondorio hau da hain zuzen ere –ondorengo orrialdeetan xehetasun osoz azalduko dugun bezala- Kautskyk… “ahaztu” eta faltsutu duena. 2. Indar armatuen destakamendu bereziak, kartzelak, etab. “… Antolaketa jentilizio zaharraren aurrean (tribuena edo klanena)iv –jarraitzen du Engelsek- Estatua, lehenik eta behin, bere menpekoak lurraldearen arabera banatzeagatik bereizten da…” Guri, banaketa hau “naturala” iruditzen zaigu, baina honek gens edo tribuen antolaketen aurkako borroka luzea eskatu zuen. “… Bigarren ezaugarri bereizgarria, jada herri armatua ez den indar publiko baten ezarpena da. Indar publiko berezi hau beharrezko gertatzen da, zeren gizartea klaseetan zatitua dagoenetik ezinezkoa baita jada biztanleen berezko antolakuntza armatua… Indar publiko hau Estatu orotan existitzen da; eta ez dago soilik gizon armatuez osatua, baita gizarte jentilizioak ezagutzen ez zituen gehigarri materialez ere, kartzelez eta mota guztietako instituzio hertsatzaileez…” Engelsek Estatua deritzon “indar” horren nozioa garatzen du; gizartetik ernaltzen da, baina beraren gainetik jartzen eta berarengandik geroz eta gehiago dibortziatzen da. Zertan datza funtsean indar hau? Beren eskuetan kartzelak eta bestelako elementuak dituzten gizon armatuen destakamendu berezietan. Gizon armatuen destakamendu berezietaz hitz egiteko eskubidea daukagu, zeren indar publikoa, Estatu ororen ezaugarri dena, ez da jada herri armatua, bere “berezko antolakuntza armatua”. Pentsalari iraultzaile handi guztiak bezala, Engels, langile kontzienteenen arreta pentsatzen duen horretara zuzentzen saiatzen da, filisteo dominatzaileak hain zuzen ere arreta gutxien merezi duela, gauzarik ohikoena dela, jada solidoak ez ezik petrifikatuak direla ere esango genukeen aurreiritziekin santifikaturik dagoen horretara. Ejertzito iraunkorra eta polizia estatu boterearen indarraren oinarrizko instrumentuak dira. Baina, izan al daiteke akaso beste modu batera? XIX. mende bukaerako europarren gehiengo zabalaren ikuspuntutik, kontuan hartuz Engels hauengana zuzentzen zela eta ez zutela iraultza handirik bizi edo gertutik ikusi, hau ezin zitekeen beste modu batetara izan. Beraientzat erabat ulergaitza zen “herriaren berezko antolakuntza armatuaren” ideia hori. Gizartearen gainetik jarrita eta honengandik dibortziatuta dauden gizon armatuen destakamendu berezien (polizia eta ejertzito iraunkorra) beharra zergatik sortu den galderari, Europa Mendebaldeko filistearrak eta filistear errusiarrak, Spencerri edo Mijailovskiri maileguan harturiko pare bat esaldirekin erantzutera jotzen zuen, bizitza sozialaren konplexutasun hazkorrari, funtzioen ezberdintasunari, etab.i eutsiz. Erreferentzia hauek “zientifikoak” ematen dute eta ederki lokartzen dute pertsona arrunta, aldi berean nagusiena eta oinarrizkoena ezkutatuz: gizartearen zatiketa klase antagoniko eta eramangaitzetan. Zatiketa hau existituko ez balitz, “herriaren berezko antolakuntza armatua”, makila erabiltzen duten tximino taldearen antolakuntza primitiboaren aldean, edo gizaki primitiboarenaren aldean, edo klanetan bildutako gizakien aldean, ezberdindu egingo litzateke bere konplexutasunagatik, bere teknika garatuagatik, etab.engatik; baina horrelako antolakuntza bat posiblea izango litzateke. Eta ez da posible zeren gizarte zibilizatua klase etsaietan eta, gainera, etsai adiskidezinetan, zatiturik aurkitzen da, hauen “berezko” armatzeak elkarren arteko borroka armatura eramango lukeelarik. Estatua sortzen da, indar berezi bat sortzen da, gizon armatuen destakamendu bereziak; eta iraultza bakoitzak, estatu aparatua suntsitzean, agerian erakusten digu klase arteko borroka, argi eta garbi erakusten digu nola klase dominatzailea bere esanetara dauden gizon armatuen destakamendu bereziak berrezartzen ahalegintzen den, nola klase zapaldua modu honetako gizarte bat eraikitzen ahalegintzen den, ez zapaltzaileentzat baliagarri izateko gai dena, zapalduentzat baizik. Aipaturiko pasartean, Engelsek teorikoki, guri iraultza handi batek praktikoki eta, gainera, masen ekintzaren maila batean, planteatzen digun arazo berdina planteatzen du: gizon armatuen destakamendu “berezien” eta “herri armatuaren berezko antolakuntzaren” arteko erlazioaren arazoa. Iraultza europarren eta errusiarren esperientziak arazo hau modu konkretu batean nola erakusten duen ikusi behar dugu. Baina bueltatu gaitezen Engelsen azalpenera. Engelsek azpimarratzen du, batzuetan, adibidez Iparramerikako zenbait tokietan, indar publiko hau ahula dela (gizarte kapitalistaren barnean salbuespen arraroez ari da, Iparramerikako toki batzuez non, aldi aurre inperialistan, kolono libreak agintzen zuen), baina, termino orokorretan, indartu egiten dela: “… Indar publikoa sendotu egiten da klase arteko antagonismoak Estatuaren barnean gogortu egiten diren heinean eta aldameneko Estatuak handiagoak eta jendetsuagoak bihurtzen diren heinean. Eta hau ez bada horrela, azter dadila geure egungo Europa, klase borrokak eta konkisten lehiak indar publikoa hainbeste haztarazi dutela, ezen honek gizarte guztia eta gainera Estatua bera irensteko mehatxua egiten duela…” Hau ez zen joan den mendeko 90. hamarkadaren hasiera baina beranduago idatzia izan. Engelsen azken hitzaurreak 1891ko ekainaren 16ko data darama. Garai haietan, apenas hasi zen Frantzian, eta oraindik are ahulago Iparramerikan eta Alemanian, inperialismoranzko biraketa, nahiz trusten aginte osoaren zentzuan, nahiz banku handi ahalguztidunen zentzuan, politika kolonial handi baten zentzuan, etab. Orduz geroztik, “konkistetako lehiak” aurrerapauso erraldoi bat eman du, hainbestekoa ezen XX. mendeko bigarren hamarkada hasieran planeta erabat zatiturik geratu zela “konkistatzaile etsai” hauen artean, hau da, potentzia harrapari handien artean. Orduz geroztik, lur eta itsas armamentuak proportzio sinestezinetan hazi dira, eta, Ingalaterraren edo Alemaniaren munduaren aginteagatiko 1914-1917ko harrapakeria gerrak, harrapakinen banaketagatiko gerrak, erabateko hondamendi baten hertzeraino eraman du Estatu botere harrapari batek gizarteko indar guztiak “xurgatzea”. Jada 1891ean, Engelsek “konkistetako lehia”, potentzia handien kanpo politikaren ezaugarri bereizgarri garrantzitsuenetako bat bezala seinalatzen jakin izan zuen. Eta 1914-1917 urteetako sozial-chauvinismoaren alprojek, hain zuzen ere lehia honek, geroz eta gehiago areagotuz, gerra inperialista bat eragin duenean, “euren” burgesiaren interes harraparien defentsa estaltzen dute, “aberriaren defentsaren” moduko, “errepublika eta iraultzaren defentsaren” moduko eta beste tankerako esaldiekin! 3. Estatua, klase zapaldua esplotatzeko instrumentua Botere publiko berezi bat gizartearen gainetik kokaturik mantentzeko, beharrezkoak dira zergak eta zor publikoa. “…Indar publikoaren eta zergak biltzearen jabe -dio Engelsek-, funtzionarioak, gizarteko organo bezala, honen gainetik kokaturik agertzen dira orain. Antolakuntza gentilizioko (klaneko) organoei libreki eta borondatez ematen zitzaien errespetua jada ez zaie nahikoa, ezta irabazi ahalko balute ere…”. Funtzionarioen santutasunari eta inmunitateari buruzko lege bereziak ezartzen dira. “Polizia mespretxagarrienak”, klaneko ordezkariak baino “autoritate” gehiago dauka; baina Estatu zibilizatu bateko botere militarreko buru batek, klaneko buru bat bekaiztu lezake gizarteak gordetzen zion “berezko errespetuagatik”. Hemen, funtzionarioek Estatuaren botereko organo bezala duten egoera pribilegiatuaren auzia planteatzen da. Funtsean jakin behar dena zera da: Zerk jartzen ditu gizartearen gainetik? Auzi teoriko hau 1871ko Parisko Komunak praktikan nola ebatzi zuen ikusiko dugu eta nola 1912an Kautskyk erreakzionarioki estali zuen. “…Estatua klase arteko antagonismoak mantsoagotzeko beharretik sortu zenez, eta aldi berean, klase hauen arteko gatazkaren erdian jaio zenez, lege orokor bezala, klase boteretsuenaren Estatua da, ekonomikoki dominatzailea den klasearena, honen laguntzarekin politikoki ere klase dominatzailea bihurtzen dela, hemendik klase zapalduaren errepresiorako eta esplotaziorako bitarteko berriak lortuz…” Antzinako Estatua eta Estatu feudala ez ziren esklaboen eta jopuen esplotaziorako organo bakarrak izan, “Estatu ordezkari modernoa” ere kapitalak soldatapeko lana esplotatzeko erabiltzen duen instrumentua da. Hala ere, salbuespen moduan, badaude klaseak borrokan hain berdinduak dauden momentuak non Estatuaren botereak, itxurazko bitartekari gisa, une baterako independentzia bat hartzen duen bata eta bestearekiko…”. Hori gertatu zen XVII. eta XVIII. mendeetako monarkia absolutuekin, lehenengo eta bigarren Inperioko bonapartismoarekinv Frantzian eta Bismarckekin Alemanian. Eta hori gertatu da –gehitzen dugu geuk- Kerenskyren gobernuarekin Errusia errepublikarrean, langileri iraultzailearen jazarpenei ekitera jo ostean, sovietak, demokrata txiki burgesek zuzendurik egotearen ondorioz, jada indargabeak diren momentu batean, eta burgesia oraindik ez denean nahikoa indartsua hauek garbi eta sinpleki disolbatzeko. Errepublika demokratikoan –jarraitzen du Engelsek- “aberastasunak” bere boterea zeharka gauzatzen du, baina seguruagoa den modu batean”, eta, lehenik, “funtzionarioen ustelkeria zuzenaren bidez gauzatzen du” (Iparramerika) eta bigarren, “gobernuen eta burtsen aliantzaren” bidez (Frantzia eta Iparramerika). Gaur egun, inperialismoak eta bankuen aginteak arte harrigarri batean bihurtu arte “garatu” dituzte errepublika demokratikoetan, hau edozein izanda ere, aberastasunaren botere ahalguztiduna defendatzeko eta praktikara eramateko bi metodo hauek. Adibidez, Errusiako errepublika demokratikoko lehen hilabeteetan, koalizio gobernuan, “sozialisten” –sozial-iraultzaileen eta mentxebikeen- eta burgesiaren arteko eztei egunak dei geniezaiokenetan zehar, Palchinski jaunak kapitalisten eta beren lapurren aurkako gerra hornigaien bidez eginiko fiskoaren lapurreten aurkako murrizketa neurri guztiak saboteatu bazituen, eta gero, behin ministeriotik at egonik, Palchinski jauna (noski erabat berdina zen beste Palchinski batek ordezkatua izanik) urtean 120.000 rubloko soldata zuen postutxo batekin “saritu” bazuten kapitalistek, zer esan nahi du horrek? Zer da, eroskeria zuzena ala zeharkakoa? Gobernuen eta kontsortzioen arteko aliantza bat da? ala soilik adiskidetasunezko loturak? Zein paper jokatzen dute Chernovtarrek, Tseretelitarrek, Avxentientievtarrek eta Skobelevtarrek? Diru publikoen xahutzaile milioidunen aliatu “zuzenena” ala soilik zeharkakoena? “Aberastasunaren” botere ahalguztiduna errepublika demokratikoetan seguruagoa ere bada, ez baitago mekanismo politikoaren akats baten edo bestearen menpe, ezta kapitalismoaren estalki txarraren menpe ere. Errepublika demokratikoa kapitalismoa jantz daitekeen estalki politiko hoberena da: eta horrenbestez, kapitalak denetan hoberena den estalki hau kontrolatzen duenean (Palchinskitarren, Chernovtarren, Tseretelitarren eta besteen bidez), bere boterea hain modu seguruan, hain tinkoan, zimendatzen du, ez duela inarrosten errepublika demokratiko burges barreneko inongo pertsonen, instituzioen edo alderdien aldaketek. Gainera, ohartarazi behar da, Engelsek, zehaztasunik handienarekin, sufragio unibertsalari burgesiaren dominazio instrumentu deitzen diola. Sufragio unibertsala, dio Engelsek, jakina, sozialdemokrazia alemaniarraren esperientzia luzean oinarrituz, “langile klasearen heldutasunaren erakusgarria da. Ezin du iritsi eta ez da inoiz iritsiko gehiagora egungo Estatuan”. Demokrata burges txikiek, gure sozial-iraultzaileen eta mentxebikeen moduan, eta beren haragizko anaiek, Europa Mendebaldeko sozial chauvinista eta oportunista guztiek, sufragio unibertsaletik, noski, “gehiago” espero dute. “Egungo Estatuan”, sufragio unibertsala langileen gehiengoaren borondatea adierazteko eta hau praktikan jartzea bermatzeko gai den bitarteko bat denaren ideia faltsua tartekatzen dute euren artean eta sarrarazten diote buruan herriari. Hemen ezin dugu ideia faltsu hau seinalatu besterik egin; manifestuan jarri Engelsen baieztapen hau, erabat argia, zehatza eta konkretua, lizundu egiten dela alderdi sozialista “ofizialen” (hau da, oportunisten) propagandako eta agitazioko pauso bakoitzeko. Aurrerago Engelsek hemen ukatzen duen ideia honen faltsutasun osoaren azalpen zorrotz bat aurkituko dugu, “egungo” Estatuari buruzko Marx eta Engelsen ikuspuntuen inguruko gure azalpenean. Bere lanik ezagunenean, Engelsek bere ikuspuntuen laburpen orokor bat egiten du ondorengo terminoetan: “Beraz, Estatua ez da existitu betidanik. Bera gabe moldatu diren gizarteak egon dira, Estatuaren eta bere boterearen noziorik txikiena ere eduki ez zutenak. Garapen ekonomikoaren fase jakin batera iristean, hau nahitaez gizartea klaseetan zatitzearekin loturik egonik, zatiketa honek Estatua behar batean bilakatu zuen. Orain, azkartasunez ekoizpenaren garapen fase batetara hurbiltzen ari gara non klaseen existentzia, behar bat ez izateaz gain, ekoizpenarentzako oztopo zuzen bat bihurtzen den. Klaseak ezinbestean sortu ziren modu berean desagertu egingo dira. Klaseen desagerpenarekin, nahitaez, Estatua ere desagertuko da. Gizarteak, ekoizpena ekoizle berdinen elkarte libre baten oinarriaren gainean berreraikiz, Estatuaren makinaria guztia orduan egokituko zaion lekura bidaliko du: Zaharkituen museora, goruaren eta brontzezko aizkoraren ondora. Zita hau ez da maiztasun handiz aurkitzen gaur egungo sozialdemokraziaren propaganda eta agitazioko argitalpenetan. Baina hau aurkitzen dugunean ere, ia beti, ikono baten aurrean erreberentziak egingo balira bezala da, hau da, Engelsi omenaldi ofizial bat eskaintzeko, “Estatuaren makinaria guztia zaharkituen museora bidaltze” honek iraultzaren zer nolako zabaltasuna eta sakontasuna suposatzen duen aztertzeko saiakera txikienik gabe. Kasurik gehienetan ez da ikusi ere egiten Engelsek Estatuaren makinaria deitzen dionaren ulermenik ere. 4. Estatuaren “iraungipena” eta iraultza biolentoa Estatuaren “iraungipenari” buruzko Engelsen hitzak hainbesteko ospea dute, hain sarri aipatzen dira eta hain argi erakusten dute non dagoen marxismoaren ohiko faltsutzearen gakoa, hauek oportunismora egokituak direnean, beharrezkoa gertatzen dela xehetasunez aztertzen geratzea. Hitz hauek dauden pasarte guztia aipatuko dugu: “Proletalgoak estatu boterea hartzen du eta ekoizpen baliabideak Estatuaren jabetza bihurtzetik hasten da. Baina ekintza honekin, suntsitu egiten du bere burua proletalgo bezala eta suntsitu egiten ditu klase ezberdintasun eta antagonismo guztiak eta, honekin batera, Estatua bere gisan. Gizartea orain arte klase antagonismoen artean mugitu denez, honek Estatuaren beharra eduki du; hau da, ekoizpenaren kanpo baldintzak mantentzeko klase esplotatzailearen erakunde baten beharra, eta beraz, batez ere, klase esplotatua, dagoen ekoizpen moduak zehazturiko zapalkuntza baldintzetan (esklabotza, joputza, soldatapeko lana) indarraren bidez zapaldurik edukitzeko beharra eduki du. Estatua gizarte guztiaren ordezkari ofiziala zen, honen sintesia korporazio ikusgai batean; baina soilik bere garaian gizarte osoa ordezkatzen zuen klasearen Estatua zen modura: Antzinaroan hiritar esklabisten Estatua zen; Erdi Aroan, noblezia feudalarena; gure garaietan burgesiarena da. Estatua azkenik gizarte guztiaren benetako ordezkari bihurtzen denean, bere kabuz alferrikakoa izango da. Jada, zapaldurik mantendu beharreko klase sozialik existitzen ez denean; ekoizpenaren egungo anarkiagatik sortu diren klase dominazioarekin batera eta existentzia indibidualarengatiko borrokarekin batera, borroka honen ondorio diren talkak eta gehiegikeriak desagertzen direnean, jada ez da zer zapaldu egongo, eta beraz, ez da beharrezkoa izango errepresiorako indar berezi hau, Estatua. Estatua eraginkorki gizarte guztiaren ordezkari bezala agertzen den lehen ekintza –gizartearen izenean ekoizpen baliabideen jabetza hartzea- aldi berean Estatu bezala egiten duen azken ekintza independentea da. Erlazio sozialetan Estatuak duen esku-hartzea alferrikakoa izango da eremu guztietan bata bestearen atzetik eta lokartu egingo da bere kabuz. Pertsonen gaineko gobernua gauzen administrazioagatik eta ekoizpen prozesuen gidaritzagatik ordezkatua izango da. Estatua ez da ‘abolitua’ izango: iraungitu egingo da. Hemendik habiatuz epaitu behar da, “herri Estatu libreari” buruz hitz egiten duen esaldi horren balioa, denbora batez existitzeko eskubidea izan zuela agitazio kontsigna bezala, baina azken finean, oinarri zientifikorik ez duela. Hemendik habiatuz ere hartu behar da kontutan anarkista deritzenen eskaera, Estatua egunetik gauera abolitu behar den euren nahikeria (Anti-Dühring edo Eugenio Dühring jaunaren zientziaren iraulketa, hirugarren argitalpen alemaniarreko 301-303 orr.). Erratzeko beldurrik gabe esan dezakegu, hemen Engelsek azaldutako pentsamendu izugarri aberats hauetatik, egungo alderdi sozialistetan, pentsamendu sozialistaren benetako ondare izatera pasa den gauza bakarra, Estatuaren abolizioaren doktrina anarkistaren aldean, Marxen arabera, Estatua “iraungitu” egiten denaren tesia dela. Marxismoa honela mozteak oportunismora murriztea esan nahi du, “interpretazio” honekin ez baita zutik geratzen aldaketa mantso, pixkanakako, gradual baten nozio faltsua besterik, saltorik ez erauntsirik gabe, iraultzarik gabe. Estatuaren “iraungipenari” buruz ohiko zentzuan, orokortuan, masen zentzuan -honela esan badaiteke behintzat- hitz egitea, dudarik gabe iraultza lausotzearen pareko da, ez bada hau ukatzearen pareko. Baina horrelako “interpretazioa” marxismoaren desitxuratzerik baldarrena da. Desitxuratze honek burgesiari bakarrik egiten dio mesede, hau teorikoki egoera eta kontsiderazio oso garrantzitsu batzuk isilpean gordetzean babesten baita; esate baterako, osorik aipatu dugun Engelsen pasarteko “laburpenean” azaltzen direnak ezkutatuz. Lehenik eta behin, Engelsek pasarte honen hasieran bertan dio, boterea hartzen duenean, proletalgoak “honekin berarekin, Estatua bere gisan suntsitzen duela”. Ez da ohikoa honek esan nahi duenaz pentsatzen geratzea. Arruntena honetaz erabat ahaztea da, edo bestela Engelsen “ahultasun hegeliar” baten moduko zerbait bezala hartzea. Egia esan, hitz hauek iraultza proletario handienetako baten esperientzia gordetzen dute, 1871ko Parisko komunaren esperientzia, baina honetaz bere tokian hitz egingo dugu xehetasunez. Egia esan, Engels hemen iraultza proletarioak burgesiaren Estatua “suntsitzeaz” mintzatzen da; aldiz, Estatuaren iraungipenari buruzko hitzak, iraultza sozialistaren ondorengo Estatu proletarioaren hondarrei buruzkoak dira. Engelsen arabera Estatu burgesa ez da “iraungitzen”, baizik eta proletalgoak “suntsitu” egiten du iraultzan. Iraungitzen dena, iraultza honen ondoren, Estatua edo erdiestatu proletarioa da. Bigarrenik, Estatua “errepresio indar berezi” bat da. Definizio bikain eta oso sakon hau, Engelsek hemen argitasunik osoenarekin ematen digu. Eta hemendik ondorioztatzen da burgesiaren langileenganako “errepresio indar berezia”, aberaski gutxi batzuek milioika langileenganako dutena, langileen burgesiarenganako “errepresio indar berezi” bategatik (proletalgoaren diktadura) ordezkatu behar dela. Honetan datza hain zuzen ere “Estatua bere gisan suntsitzea”. Honetan datza hain zuzen ere gizartearen izenean ekoizpen baliabideen jabetza hartzearen “ekintza”. Eta bere kabuz begi bistakoa da, horrelako ordezkapen bat, indar berezi batena (burgesa) beste bategatik (proletarioa), ezin daitekeela bideratu, inondik inora, “iraungipenaren” formaren barnean. Hirugarrenik, Engelsek, Estatuaren “iraungipenaz” eta -oraindik hitz plastikoago eta grafikoago batekin- lokartzeaz hitz egiten duenean, argitasun eta zehaztasun osoz, Estatuak gizartearen izenean ekoizpen baliabideen jabetza hartu osteko garaiaz ari da, hau da, iraultza sozialistaren ondorengo garaiaz. Denok dakigu “Estatuaren” forma politikoa, garai honetan, demokraziarik osoena dela. Baina, marxismoa lotsagabeki desitxuratzen duten oportunistetako bati berari ere ez zaio burura etortzen, ondorioz, Engelsek hemen demokraziaren lokartzeaz eta iraungipenaz hitz egiten duela. Honek, lehen begiradan, oso arraroa dirudi. Baina hau, soilik demokrazia ere Estatu bat dela, eta, ondorioz, Estatua desagertzen denean demokrazia ere desagertu egingo dela ulertzen ez duenarentzat da “ulergaitza”. Estatu burgesa iraultzak bakarrik “suntsi” dezake. Estatua orokorrean, hau da, demokraziarik osoena, “iraungitu” bakarrik egin daiteke. Laugarrenik, bere tesi nabarmena formulatzean: “Estatua iraungitu egiten da”, Engelsek jarraian, modu konkretu batean, tesi hau oportunisten aurka nahiz anarkisten aurka zuzentzen dela azaltzen du. Hau egitean, Engelsek lehen mailan kokatzen du, oportunisten aurka zuzendurik doan “Estatuaren iraungipenari” buruzko tesiaren ondorio hori. Apustu egin liteke, Estatuaren “irungipenari” buruz irakurri edo entzun duten hamar mila pertsonetatik bederatziehun eta laurogeita hamarrek ez dakitela edo erabat ahaztu egiten dutela, Engelsek tesi honetatik ateratako ondorioak ez zituela anarkisten aurka bakarrik zuzendu. Eta falta diren hamar pertsonetatik, litekeena da bederatzik “herri Estatu askea” zer den eta zergatik kontsigna hau erasotzea oportunistak erasotzea den ez jakitea. Horrela idazten da historia! Horrela egokitzen da oharkabean doktrina iraultzaile handia nagusi den filisteismora. Anarkisten aurkako ondorioa milaka bider errepikatu da, zabartu egin da, buruetan modurik sinplifikatuenean sarrarazi da, aurreiritzi baten sendotasuna hartu du. Baina oportunisten aurkako ondorioa ezkutatu eta “ahaztu” egin dute”! “Herri Estatu askea” Alemaniako sozialdemokraten aldarrikapen programatiko bat eta modan zegoen kontsigna bat zen 70. hamarkadan. Kontsigna honetan ez dago eduki politiko txikienik ere, demokraziaren kontzeptuaren deskripzio filistear eta enfatiko batetik kanpo. Enegls prest zegoen agitazioaren ikuspuntutik kontsigna hau “denbora jakin batez justifikatzeko”, honekin legalki errepublika demokratikoa adierazten zen heinean. Baina kontsigna hau oportunista zen, ez bakarrik aditzera demokrazia burgesaren apaintze bat ematen zuelako, baita orokorrean Estatu ororen kritika sozialista ulertzeko ezintasuna adierazten zuelako ere. Gu errepublika demokratikoaren aldekoak gara, proletalgoarentzat kapitalismoan dagoen Estatu formarik hoberena den heinean, baina ez daukagu inongo eskubiderik, errepublika burgesik demokratikoenean ere, herriaren zoria soldatapeko esklabutza dela ahazteko. Are gehiago. Estatu oro klase zapalduaren “errepresiorako indar berezi” bat da. Horregatik, Estatu oro, ez da ez herrikoa ez askea. Marxek eta Engelsek behin eta berriz azaldu zien hau beren alderdiko kamaradei 70. hamarkadan. Bosgarrenik, Engelsen idazlan honetan bertan, denek gogoratzen dutena Estatuaren iraungipenaren ideia izanik, pasarte bat dago iraultza biolentoaren garrantziari buruz. Engelsek honen paperaren azterketa historikoa iraultza biolentoaren benetako gorespen bat bihurtzen du. Hau “ez du inork gogoratzen”. Alderdi sozialista garaikideetan ez da ohikoa ideia honen garrantziari buruz hitz egitea ezta pentsatzea ere: ideia hauek ez dute paperik jokatzen masen arteko eguneroko propagandan eta agitazioan. Eta, hala ere, Estaturen “iraungipenarekin” atxikirik daude eta honekin osotasun harmoniko bat osatzen dute. Hona hemen Engelsen pasartea: “…Biolentziak historian (gaizkiaren eragileaz gain) beste paper bat jokatzen duenaz, paper iraultzaile bat; Marxen hitzetan, gizarte zahar ororen emagina denaz, zeinak bere barrenetan beste berri bat daraman; biolentziaren laguntzaz baliatuz mugimendu sozialak bidea irekitzen eta forma politiko hilak eta fosilizatuak hausten dituenaz, horretaz guztiaz Dühring jaunak ez du hitz bat bera ere esaten. Soilik hasperenen eta aieneen artean onartzen du, sistema zapaltzailea eraisteko akaso biolentzia beharrezkoa denaren aukera, –gauza tamalgarria, ohartu zaitezte!- honen erabilera orok, bere arabera, honetaz baliatzen dena desmoralizatzen baitu. Eta hau esaten da, iraultza garaile baten emaitzatik etortzen den aurrerapen moral eta intelektual handiaz gain! Eta hau esaten da Alemanian, non herriari inposatua izan dakiokeen talka biolento batek, gutxienean, Hogeita Hamar urteetako gerrarenvi umilazioaren ondorioz kontzientzia nazionalean sartu den makurkeria izpiritu guztia errotik ateratzearen abantaila edukiko lukeela. Eta arrazonamendu hauek, ilunak, txepelak, inpotenteak, apaizenen parekoak, historiako alderdirik iraultzaileenari eskaintzen ausartzen dira?” (193. orr, hirugarren argitalpen alemaniarra, IV. Kapituluaren amaiera, II. zatia). Nola da posible doktrina bakar batean iraultza biolentoaren gorespen hau, Engelsek 1878tik 1894arte, hau da, bere bizitzako azken egunera arte, sozialdemokrata alemaniarrei behin eta berriz azaldu ziena, Estatuaren “iraungipenaren” teoriarekin bateratzea? Orokorrean, bi gauzak eklektizismoaren laguntzaz bateratzen dira, printzipiorik gabe, modu sofistikatu batez edo kapritxoaren arabera (edo Boteredunen gustuaren arabera) erauziz, izan arrazonamendu bat zein bestea; eta lehen mailan jarrarazten da, kasuen ehuneko laurogeita hemeretzian, ez bada gehiago, hain zuzen ere “iraungipenaren” tesia. Dialektika eklektizismoagatik ordezkatzen da: gure garaietako literatura sozialdemokratak marxismoaren aurrean duen jarrerarik ohikoena eta orokortuena da. Ordezkapen hauek ez dute, egia esan, ezer berririk; filosofia grekoaren historian ere ikusi ahal izan dira. Marxismoa oportunismoagatik ordezkatzean, eklektizismoak, bere burua dialektika bezala aurkeztuz, errazago engainatzen ditu masak; itxurazko asebetetze bat ematen die, prozesuaren aspektu guztiak, garapenaren tendentzia guztiak, eragin kontraesankor guztiak, etab. kontuan hartzen dituela ematen du, benetako orduan ez duenean garapen sozialaren prozesuaren inongo interpretazio osaturik eta iraultzailerik ematen. Aurrerago esan dugu, eta xehetasun handiagoz frogatuko dugu gure hurrengo azalpenean, iraultza biolentoaren ezinbestekotasunari buruzko Marx eta Engelsen doktrinak Estatu burgesari egiten diola erreferentzia. Hau ezin daiteke Estatu proletarioagatik (proletalgoaren diktaduragatik) ordezkatu “iraungipenaren” bidez, soilik, lege orokor bezala, iraultza biolentoaren bidez baizik. Engelsek honi eskaintzen dion gorespena, eta Marxen adierazpen mordoekin guztiz bat datorrena (gogora ditzagun Filosofiaren Miseriaren eta Manifestu Komunistaren amaierak iraultza biolentoaren ezinbestekotasunaren adierazpen arro eta argiarekin; gogora dezagun 1875eko Gotha Programaren Kritika, jada ia hogeita hamar urte pasa zirenean Marxek programa honen oportunismoa larrutzen dueneanvii), aipaturiko gorespen honek ez du ezer “suhartsutik”, ez deklamaziotik, ez irtenbide polemikotik. Masak hemen, hain zuzen ere iraultza biolentoaren ideia honetan, sistematikoki hezteko beharrak, Marxen eta Engelsen doktrina ororen oinarria osatzen du. Gaur egun nagusi diren korronte sozial-chauvinistak eta kautskiarrak doktrina honen aurka eginiko traizioa, bereziki agerian geratzen da bai batzuen bai besteen aldetik, propaganda honen eta agitazio honen ahazmenean. Ezinezkoa da Estatu burgesa Estatu proletarioagatik ordezkatzea iraultza biolento bat gabe. Estatu proletarioaren abolizioa, hau da, Estatu ororen abolizioa, iraungipen prozesu batekin bakarrik da posible. Marxek eta Engelsek ideia hauek modu zorrotz eta konkretu batez garatu zituzten, egoera iraultzaile bakoitza banan-banan ikertuz, iraultza bakoitzaren esperientziatik ateratako ikaspenak aztertuz. Beren doktrinaren zati hau aztertzera pasako gara, dudarik gabe, garrantzitsuena baita. II. Kapitulua Estatua eta Iraultza. 1848tik 1851ra bitarteko urteetako esperientzia 1. Iraultzaren bezperan Marxismo helduaren lehen lanak, Filosofiaren Miseria eta Manifestu Komunista, hain zuzen ere 1848ko iraultzaren bezperakoak dira. Egoera honek, puntu bateraino, aipaturiko lanek, marxismoaren oinarri orokorren azalpenaz gain, garai hartako egoera iraultzaile konkretuaren isla bat edukitzea eragiten du; horregatik, agian, komenigarriagoa izango da liburu hauen autoreek Estatuari buruz esaten dutena aztertzea, 1848tik 1851rako urteetako esperientziatik aterata zituzten ondorioak aztertu baino lehenago. “Bere garapenaren igarotzean –idazten du Marxek Filosofiaren Miserian- langile klaseak, klaseak eta hauen arteko antagonismoak baztertuko dituen elkarte bategatik ordezkatuko du gizarte zibil zaharra; eta ez da existituko jada botere politiko bat bere zentzu hertsian, botere politikoa baita, hain zuzen ere, klase arteko antagonismoen adierazgarri ofiziala gizarte zibilaren barnean. (182. orr. 1885eko argitalpen alemaniarrean). Hezigarria da, Estatua klaseen abolizioaren ondoren desagertzen dela ideiaren azalpen orokor honi, Manifestu komunistak duen azalpena alderatzea; berau Marx eta Engelsek hilabete batzuk geroago, hots, 1847ko azaroan idatzia: “…Proletalgoaren garapeneko fase orokorrenak zirriborratzean, egungo gizartearen barnean gutxiago edo gehiago ezkutatzen den gerra zibilaren garapenaren ibilbidea jarraitu dugu, iraultza ireki bat bilakatzen den unera arte, eta proletalgoak, burgesia bortizkeria bidez eraitsiz, bere agintea ezarri arte…” …Gorago ikusi dugun bezala, langile iraultzarako lehen pausua proletalgoa klase agintari bezala zutitzea da, demokraziaren konkista. Proletalgoa bere aginte politikoaz baliatuko da burgesiari gradualki bere kapital guztia erausteko, ekoizpen instrumentu guztiak Estatuaren, hau da, klase dominatzaile bezala antolatutako proletalgoaren eskuetan zentralizatzeko, eta ekoizpen indarren kopurua ahal bezain azkar handitzeko. ( 31. eta 37. orr. 1906eko 7. argitalpen alemaniarrean). Hemen marxismoaren ideia aipagarrienetako eta garrantzitsuenetako bat aurkitzen dugu Estatuari dagokionean: “proletalgoaren diktaduraren” ideia (Marx eta Engels Parisko Komuna eta gero izendatzen hasi ziren bezala) eta halaber Estatuaren definizio bat, izugarri interesgarria, hau ere marxismoaren “ahaztutako hitzen” artean kontatzen dena: “Estatua, hau da, klase dominatzaile bezala antolatutako proletalgoa”. Estatuaren definizio hau ez da inoiz azaldu alderdi sozialdemokrata ofizialen propagandako eta agitazioko literatura nagusian. Baina honetaz gain, bereziki ahazmenera ere eramana izan da, zeren erreformismoarekin puntu guztietan bateraezina baita eta ohiko aurreiritzi oportunistekin eta “demokraziaren garapen baketsuaren” inguruko ilusio filistearrekin belarrondoka ematen baita. Proletalgoak Estatua behar du, errepikatzen dute oportunista, sozial chauvinista eta kautskiar guztiek, ziurtatuz hau dela Marxen doktrina eta “ahaztuz”, lehenik eta behin, Marxen arabera, proletalgoak iraungitzen den Estatua bakarrik behar duela, hau da, halako moduan antolatua non berehala iraungitzen hasiko den eta ezin ahalko duen iraungitu besterik egin; eta, bigarrenik, langileek “Estatu” bat, “hau da, proletalgoa klase dominatzaile bezala antolatua” behar dutela. Estatua indarraren erakunde berezi bat da, biolentziaren erakunde bat klase bat erreprimitzeko. Zein da proletalgoak erreprimitu behar duen klasea? Noski, soilik klase esplotatzailea, hau da, burgesia. Langileek Estatua zapaltzaileen erresistentzia zapaltzeko bakarrik behar dute, eta soilik proletalgoak zuzendu dezake, soilik berak gauzatu dezake zapalkuntza hau. Proletalgoa da kontsekuenteki iraultzailea den klase bakarra, bera da burgesiaren aurkako borrokan, honen erabateko erauzketaren aldeko borrokan, langile eta zapaldu guztiak batzeko gai den klase bakarra. Klase zapaltzaileek dominazio politikoa zapalkuntza mantentzeko behar dute, hau da, gutxiengo ziztrin baten interes berekoietan herriaren gehiengo zabalaren aurka. Klase zapalduek dominazio politikoa zapalkuntza oro ezabatzeko behar dute, hau da, herriaren gehiengo zabalaren interesetan esklabista modernoek osaturiko gutxiengo ziztrin baten aurka, hau da, lurjabe handien eta burgesiaren aurka. Demokrata burges txikiek, klase arteko borroka klaseen adiskidetzearen ametsengatik ordezkatu duten sasisozialista hauek, eraldaketa sozialista ere modu ameskor batean imajinatu dute, ez klase zapaltzailea eraistearen moduan, baizik eta gutxiengoa gehiengora baketsuki makurtzearen moduan, honek bere eginkizunaren kontzientzia hartuko duelakoan. Klaseen gainetik dagoen Estatu baten aitorpenari atxikirik doan utopia burges txiki honek, praktikan langileen klaseen interesak traizionatzera eraman izan du; adibidez, 1848ko eta 1871ko Frantziako iraultzen historiak erakutsi duen bezala, eta ministerio burgesetako partehartze “sozialistaren” esperientziak erakutsi duen bezala Ingalaterran, Frantzian eta beste herrialdetan XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran. Marx bere bizitza osoan zehar sozialismo burges txiki honen aurka borrokatu zen, gaur egun alderdi sozial iraultzaileak eta mentxebikeak Errusian berpiztu dutena. Marxek kontsekuenteki garatu zuen klase arteko borrokaren teoria, botere politikoaren, Estatuaren, teoriara iritsiz. Burgesiaren agintearen eraisketa proletalgoak bakarrik gauzatu dezake, klase berezi bezala bere existentziako baldintza ekonomikoek eraisketarako prestatzen baitute eta hau egiteko aukerak eta indarrak ematen baitizkio. Burgesiak, nekazariak eta burges txikien geruza guztiak aldentzen eta sakabanatzen dituen bitartean, proletalgoa kohesionatu, batu eta antolatu egiten du. Soilik proletalgoa da –ekoizpen handian duen paperagatik- langile eta esplotatu guztien buru izateko gai, nahiz askotan burgesiak ez dituen hauek proletalgoa baino gutxiago esplotatzen, esklabutzen eta zapaltzen, gehiago baizik, baina ez dira gai bere askapena lortzerako orduan bere kabuz borrokatzeko. Klase arteko borrokaren teoriak, Marxengandik Estatuaren auziari eta iraultza sozialistari aplikaturik, nahitaez eramaten du proletalgoaren dominazio politikoa, bere diktadura aitortzera, hau da, inorekin tartekatzen ez den eta zuzenki masen indar armatuan oinarritzen den botere bat aitortzera. Burgesiaren eraisketa, proletalgoa klase dominatzaile bihurtuz bakarrik gauzatu daiteke, hau gai izanik burgesiaren erresistentzia ekidinezina eta etsia zapaltzeko eta erregimen ekonomiko berrian langileen eta esplotatuen masa guztiak antolatzeko. Proletalgoak Estatuaren boterea behar du, indarraren erakunde zentralizatua, biolentziaren erakundea, bai esplotatzaileen erresistentzia zapaltzeko, baita ekonomia sozialista “martxan jartzeko” lanean, biztanleriaren masa ikaragarria, nekazariak, burgesia txikia, erdi-proletarioak zuzentzeko ere. Langile alderdia heziz, marxismoak proletalgoaren abangoardia hezten du, boterea hartzeko eta herri guztia sozialismora gidatzeko, erregimen berria zuzentzeko eta antolatzeko, langile eta esplotatu guztien maisu, zuzendari eta buruzagi izateko gai den abangoardia, bere bizitza soziala burgesiarik gabe eta burgesiaren aurka antolatzeko lanean. Aldiz, gaur egun nagusi den oportunismoak, langile alderdian hobekien ordaindutako langile ordezkariak hezten ditu, masetatik banantzen direla eta kapitalismoan hala-nola “moldatzen” direla, beren oinordekotza eskubidea lenteja plater bategatik salduz, hau da, burgesiaren aurka herriaren buruzagi iraultzaile izatearen papera ukatuz. “Estatua, hau da, klase dominatzaile bezala antolatutako proletalgoa”: Marxen teoria hau, proletalgoak historian duen eginkizun iraultzailearen inguruko bere doktrina guztiarekin lotura etenezinean dago. Eginkizun honen gailurra proletalgoaren diktadura da, proletalgoaren dominazio politikoa. Baina proletalgoak Estatua burgesiaren aurkako biolentziaren erakunde berezi bat bezala behar badu, hemendik bere kabuz ondorioztatzen da ea posible den horrelako erakunderik sortzea aurretik burgesiak beretzat sortutako estatu makinaria suntsitu gabe. Ondorio honetara eramaten du zuzenean Manifestu komunistak, eta Marxek honetaz hitz egiten du 1848tik 1851ako iraultzako esperientziaren azterketa egitean. 2. Iraultzaren azterketa Marxek, bere Luis Bonaparteren Brumarioko Hemezortzia idazlaneko ondorengo pasartean, 1848tik 1851rako iraultzaren balantzea egiten du Estatuaren auziari dagokionean, hau baita hemen interesatzen zaiguna: “…Baina iraultza erradikala da. Oraindik purgatoriotik pasatzen ari da. Metodoz betetzen du bere eginkizuna. 1851ko abenduaren 2ra arte” (Luis Bonaparteren Estatu kolpearen eguna) “bere prestatze-lanaren erdia amaitua zuen; orain, beste erdia amaitzen du. Lehenik perfekziora eramaten du botere parlamentarioa, gero hau eraisteko. Orain, jada hau lortuta, perfekziora eramaten du botere betearazlea, bere adierazpen garbienera murrizten du, isolatu egiten du, aurre egiten dio bere suntsiketa indar guztiak kontzentratu behar dituen aurkako jo puntu bakar bezala” (geuk azpimarratua). “Eta iraultzak bere aurretiko lanen bigarren zati hau burutua duenean, Europa zutitu egingo da eta pozez oihukatuko du: “Uxarrean ondo egin duk, sator zaharra! Botere betearazle hau, bere erakunde burokratiko eta militar ikaragarriarekin, bere estatu makinaria konplexu eta artifiziosoarekin, milioi erdi gizaki batzen dituen funtzionarioen armada batekin, beste milioi erdiko armada baten ondoan, gizarte frantziarraren gorputzera sare bat bezala lotzen zaion eta poro guztiak ixten dizkion organismo bizkarroi beldurgarri hau, monarkia absolutuaren garaian sortu zen, erregimen feudalaren gainbeheran, organismo honek hau azkartzen lagundu zuelarik”. Lehenengo Frantziako iraultzak zentralizazioa garatu zuen, “baina aldi berean bolumena, atribuzioak eta gobernu botereko zerbitzarien kopurua handitu zuen. Napoleonek hobetu egin zuen estatu makinaria hau. Monarkia legitimoak eta uztaileko monarkiak ez zuten ezer gehitu, lanaren zatiketa handiago bat izan ezik…” …Azkenik, errepublika parlamentarioa, iraultzaren aurkako bere borrokan, beharturik aurkitu zen, neurri errepresiboekin batera, gobernuaren boterearen baliabideak eta zentralizazioa indartzera. Iraultza guztiek makinaria hau perfekzionatu egiten zuten, birrindu beharrean. Agintearengatik txandaka borrokatzen zuten alderdiek Estatuaren eraikin ikaragarri hau hartzea, irabazlearen harrapakin nagusia bezala ikusten zuten”. (Luis Bonaparteren Brumarioko Hemezortzia, 98-99 orr., 4. argitalpena, Hamburgo, 1907). Pasarte aipagarri honetan, marxismoak urrats handi bat aurreratzen du Manifestu Komunistarekin alderatuz. Han, Estatuaren auzia modu zeharo abstraktuan planteatzen zen, noziorik eta adierazpenik orokorrenekin jardunez. Hemen jada modu konkretu batean planteatzen da, eta ailegatzen garen ondorioa ikaragarri zehatza, definitua, praktikoki ukigarria da: aurreko iraultza guztiek Estatuaren makinaria perfekzionatu egin zuten, eta egin behar dena haustea, suntsitzea da. Ondorio hau nagusia da, funtsezkoa da, marxismoaren teorian Estatuari dagokionean. Eta hain zuzen ere hau, funtsezkoa dena, izan da, ez bakarrik nagusi diren alderdi sozialdemokrata ofizialek erabat ahaztu dutena, baita (beherago ikusiko dugun moduan) K. Kautskyk, II. Internazionaleko teorikorik garrantzitsuenak, argi eta garbi desitxuratu duena ere. Manifestu Komunistan historiaren ondorio orokorrak laburtzen dira. Hauek, Estatua klaseko dominazio organo bat dela ikustarazten digute eta proletalgoak ezin duela burgesia eraitsi ez bada botere politikoa konkistatuz hasten, ez badu dominazio politikoa lortzen, ez badu Estatua “klase dominatzaile bezala antolatutako proletalgoan” eraldatzen ondorioztatzera eta Estatu proletario hau bere garaipena lortu bezain laster iraungitzen hasten dela ondorioztatzera eramaten gaituzte ezinbestean; Estatua ez baita beharrezkoa ezta posiblea ere klase arteko kontraesanik gabeko gizarte batean. Baina hemen ez da planteatzen nola gauzatu beharko litzatekeen –garapen historikoaren ikuspuntutik- Estatu burgesaren Estatu proletarioagatiko ordezkatze hau. Auzi hau da hain zuzen ere Marxek 1852an planteatzen eta ebazten duena. Bere materialismo dialektikoaren filosofiari leial izanik, iraultzaren urte handietako esperientzia hartzen du oinarri bezala: 1848tik 1851ra. Hemen, beti bezala, Marxen doktrina esperientziaren laburpen bat da, munduaren ulermen filosofiko sakon bategatik eta historiaren ezagutza aberats bategatik argiztatua. Estatuaren auzia modu konkretu batean planteatzen da: Nola sortu da historikoki Estatu burgesa, burgesiak bere aginterako behar duen estatu makinaria? Zein izan dira bere aldaketak, zein bere eboluzioa iraultza burgesetan zehar eta klase zapalduen ekintza independenteen aurrean? Zein dira proletalgoaren eginkizunak estatu makinaria honi dagokionean? Estatu botere zentralizatua, gizarte burgesaren bereizgarri dena, absolutismoaren erorketaren garaian sortu zen. Bi dira estatu makinaria honen instituzio tipikoenak: burokrazia eta armada iraunkorra. Marx eta Engelsen lanetan behin eta berriz hitz egiten da instituzio hauek hain zuzen ere burgesiarekin lotzen dituzten milaka harietaz. Langile ororen esperientziak modu bereziki agerian eta izugarrian agertzen ditu lotura hauek. Langile klaseak bere haragitik ikasten du lotura hauek ulertzen; horregatik igartzen du hain erraz eta asimilatzen du hain ongi lotura hauen nahitaezko izaeraren zientzia. Demokrata burges txikiek zientzia hau ukatu egiten dute ezjakintasunagatik eta arinkeriagatik, edota oraindik eta modu friboloago batean onartzen dute, “termino orokorretan”, dagozkion ondorio praktikoak ateratzea ahaztuaz. Burokrazia eta armada iraunkorra gizarte burgesari itsatsitako “bizkarroi” bat dira, gizarte hau zatitzen duten barneko kontraesanengatik sortutako bizkarroi bat, baina, hain zuzen ere, bizitzeko poro guztiak “estaltzen” dizkion bizkarroi bat. Gaur egun sozialdemokrazia ofizialean nagusi den oportunismo kautskiarrak, anarkismoaren ondare berezi eta esklusiboa dela kontsideratzen du Estatua organismo bizkarroi bat denaren ideia. Noski, marxismoaren desitxuratze hau erabat abantailagarria da filistearrentzat, zeinak sozialismoa, “aberriaren defentsaren” kontzeptua aplikatuz, gerra inperialista justifikatzeko eta edertzeko desohore harrigarriraino eraman duten; baina, hala eta guztiz ere, desitxuratze argi bat da. Feudalismoaren erorketako garaietatik neurri handi batean Europan bizitako iraultza burges guztietan zehar, aparatu burokratiko militar hau garatuz, perfekzionatuz eta finkatuz doa. Bereziki, hain zuzen ere burgesia txikia burgesia handiarengana erakarria da eta neurri handi batean aparatu honen bidez bere menpe ezarria da, nekazarien, artisau txikien, merkatarien, etab.en geruza altuei postu eroso, lasai eta ohoragarri samarrak ematen baitizkie, postu hauen jabeak herriaren gainetik jarriz. Begira ezazue Errusian gertatu dena 1917ko otsailaren 27tik igaro den urte erdianviii: lehen ezin hobeki ehun-beltzeiix ematen zitzaizkien kargu burokratikoak, orain demokrata konstituzionalistenx, mentxebikeen eta sozial iraultzaileen harrapakin bihurtu dira. Funtsean, ez zen erreforma serioetan pentsatzen, hauek “Batzar Konstituziogilera arte” atzeratzen ahaleginduaz, eta pixkanaka Batzar Konstituziogilea, gerraren amaierara arte atzeratuazxi! Baina harrapakina banatzeko, ministroen, idazkariordeen, gobernatzaile orokorren, etab.en, etab.en postuak betetzeko, ez ziren luzamendutan ibili ezta inongo Batzar Konstituziogileri itxoiten egon ere! Gobernua eratzeko konbinazioen jokoa, oinarrian, ez zen “harrapakinaren” banaketaren eta berbanaketaren espresio bat besterik, goitik behera, herrialde guztian zehar, administrazio zentral eta lokal guztian zehar egiten zela. 1917ko otsailak 27tik abuztuak 27rarte doan urte erdiaren azterketa, azterketa objektiboa, eztabaidaezina da: erreformak atzeratu egin ziren, postu burokratikoen banaketa burutu zen, eta banaketaren “akatsak” egokitze batzuen bidez berehala zuzenduak izan ziren. Baina aparatu burokratikoaren “egokitze” hauetara zenbat eta gehiago jotzen den alderdi burges eta burges txiki ezberdinen artean (demokrata konstituzionalisten, sozial iraultzaileen eta mentxebikeen artean, adibide errusiarrera lotzen bagara), orduan eta begi bistakoagoa da klase zapalduentzat eta hauen buru den proletalgoarentzat gizarte burges ororen aurka duten etsaitasun eramangaitza. Hemendik beraz, alderdi burges guztien beharra, demokratikoenak eta “iraulzatile-demokratikoenak” barne, proletalgo iraultzailearen aurka errepresioa gogortzeko, errepresio aparatua, hau da, Estatuaren makina bera, indartzeko. Gertaeren martxa honek behartzen du iraultza “suntsipen indar guztiak” estatu boterearen aurka kontzentratzera, behartu egiten du helburu bezala jartzera, ez Estatu makina perfekzionatzea, baizik eta hau deuseztea, birrintzea. Ez zen arrazonamendu logikoa izan, gertaeren benetako garapena baizik, 1848tik 1851rako esperientzia bizia, auzia honela planteatzeko modura eraman zuena. 1852an Marxek estatu makina behin suntsiturik zerekin ordezkatuko den arazo konkretua oraindik planteatu ez izanak, Marx esperientzia historikoaren gertaerei zorroztasunez noraino lotzen zaien erakusten du. Esperientziak ez zuen oraindik auzi honetarako materialik eman, historiak eguneko gai zerrendan geroago jarriko baitzuen, 1871an. Ikerlari naturalistaren zehaztasunarekin jokatuz, 1852an gauza bat bakarrik erregistratu zitekeen: iraultza proletarioa puntu batetara iritsiko da non “suntsipen indar guztiak” estatu boterearen aurka kontzentratzeko eginkizunari, Estatua hausteko eginkizunari, heldu beharko dion. Hemen galdera hau sor daiteke: Zuzena al da Marxen esperientzia, oharrak eta ondorioak orokortzea, Frantziako historian 1848tik 1851ra doazen hiru urteetako mugetatik haratago eramanaz? Galdera hau aztertzeko, Engelsen ohar bat gogoratuz hasiko gara eta gero gertaeretara pasako gara. “…Frantzia –idazten zuen Engelsek Brumarioko Hemezortziaren hirugarren argitalpeneko hitzaurrean-, beste edozein tokitan baino gehiago, klaseen borroka historikoak beren termino erabakigarriraino eraman diren herrialdea da, eta beraz, ondoz ondoko forma politikoek ere ingurune nabarmenenak hartzen dituztenena, hauen barnean mugitu baitira klase borroka hauek eta hauengan aurkitu baitute borroka hauen emaitzek adierazpidea. Erdi Aroan feudalismoaren erdigunea izanik eta Berpizkundetik aurrera monarkia batasunzale estamentalaren herrialde eredugarria, Frantziak iraultza handian feudalismoa desegin zuen eta burgesiaren dominazio hutsa ezarri zuen forma klasiko batetan, Europako beste inongo herrialdek ez bezala. Proletalgo iraultzaileak burgesia dominatzaileraren aurka buruturiko borrokak ere, hemen forma bortitz bat hartzen du, ezezaguna beste tokietan” (4. orr. 1907ko arg.) Azkeneko oharra zaharkitua da, 1871tik aurrera etenaldi bat gertatu denez gero proletalgo frantziarraren borroka iraultzailean, nahiz eta etenaldi honek, iraun dezakeen guztiagatik ere, ez du baztertzen, inolaz ere, hurrengo iraultza proletarioan Frantzia klase borroka bere amaiera erabakigarriraino eramaten duen herrialde bezala agertzea. Baina eman diezaiegun begirada orokor bat herrialde garatuen historiari XIX. mende amaieran eta XX. hasieran. Modu mantsoago, anitzago, eta ekintza eremu askoz zabalago batean, prozesu bera garatzen dela ikusiko dugu: alde batetik, “botere parlamentarioaren” formakuntza, berdin herrialde errepublikarretan (Frantzia, Iparramerika, Suitza) monarkikoetan bezala (Ingalaterra, Alemania eta puntu bat arte, Italia, Eskandinaviako herrialdeak, etab.); bestalde, alderdi burges eta burges txiki ezberdinen arteko botereagatiko borroka, postu burokratikoen “harrapakina” banatzen eta berbanatzen, erregimen burgesaren oinarriak ukitu gabe utziz; eta, azkenik, “botere betearazlearen”, honen aparatu burokratikoaren eta militarraren, perfekzionamendua eta indartzea. Ez dago duda txikienik ere hauek direla orokorrean Estatu kapitalisten eboluzio moderno oro bereizten duten ezaugarri orokorrak. Hiru urtetan zehar, 1848tik 1851ra Frantziak, modu azkar, irmo, kontzentratu, batean erakutsi zituen mundu kapitalista guztiaren berezko garapenaren prozesuak. Eta bereziki inperialismoak, banku-kapitalaren garaiak, monopolio kapitalista erraldoien garaiak, kapitalismo monopolista Estatuko kapitalismo monopolistan eraldatzen den garaiak, “estatu makinariaren” indartze ikaragarri bat erakusten du, aparatu burokratiko militarraren garapen izugarri bat, proletalgoaren aurkako errepresioaren handitzearekin batera, nola herrialde monarkikoetan hala herrialde errepublikar askeenetan ere. Ezin jar daiteke zalantzan, gaur egun, munduaren historiak, 1852an baino neurri askoz zabalagoetan bultzatzen duela iraultza proletarioa, Estatu makina suntsitzeko “indar guztien kontzentraziora”. Zerekin suntsitu behar du proletalgoak makina hau? Parisko Komunak honen inguruko materialik hezitzaileenaz hornitzen gaitu. 3. Nola planteatzen zuen Marxek auzia 1852an 1907an Mehringek Neue Zeitxii aldizkarian (XXV, 2 orr. 184), 1852ko martxoaren 5ean Marxek Weydemeyerri idatziriko gutun baten zatiak argitaratu zituen. Gutun honek, beste batzuen artean, ondorengo pasarte aipagarria dauka. “Niri dagokidanez, ez da nire meritua gizarte modernoan klaseen existentzia ezta hauen arteko borroka aurkitu izana. Ni baino askoz lehenago, historialari burges batzuk jada azaldu zuten klase arteko borroka honen garapen historikoa, eta ekonomilari burges batzuk, hauen anatomia ekonomikoa. Nik eginiko ekarpen berria honakoa frogatzea izan da: 1) klaseen existentzia ekoizpenaren garapen fase historiko jakin batzuei bakarrik loturik doala; (historische Entwicklungsphansen der Produktion); 2) klase borrokak, nahitaez, proletalgoaren diktadurara eramaten duela; 3) diktadura hau ez dela, izatez, klase guztien aboliziorako eta klase gabeko gizarte baterako igarotzea besterik…”. Hitz hauetan, Marxek modu harrigarri argian bi gauza adieraztea lortu zuen: lehena, bere doktrinaren eta burgesiako pentsatzaile aurreratuenen eta sakonenen doktrinen arteko ezberdintasun funtsezko eta kardinala; eta bigarren, bere Estatuaren teoriaren esentzia. Funtsezkoa Marxen doktrinan klase arteko borroka da. Horrela esaten da eta idazten da sarritan. Baina ez da zehatza. Zehaztasun gabezia honetatik ondorioztatzen da sarritan marxismoaren desitxuratze oportunista, honen faltsutzea burgesiarentzat onargarria den zentzu batean. Zeren eta klase arteko borrokaren teoria ez zuen Marxek sortu, burgesiak baizik, Marx baino lehenago, eta burgesiarentzat, oro har, onargarria da. Soilik klase arteko borroka onartzen duena ez da oraindik marxista, oraindik ere pentsamendu burgesaren eta politika burgesaren markoaren barnean mantendu daiteke. Marxismoa klase arteko borrokara xedatzea, marxismoa mugatzea, desitxuratzea, burgesiak onartu dezakeen zerbaitera murriztea da. Marxista, klase arteko borrokaren onarpena proletalgoaren diktadura onartzera zabaltzen duena bakarrik da. Honetan datza, marxista baten eta burges txiki (edo handi) baldar baten arteko ezberdintasunik sakonena. Giltzarri honetan da marxismoaren benetako ulermena eta onarpena egiaztatu behar den puntua. Ez du ezer harrigarritik, Europako historiak langile klasea praktikoki auzi honen aurrean jarri duenean, oportunistak eta erreformistak ez ezik, “kautskiar” guztiak ere (erreformismoaren eta marxismoaren artean balantzaka dabiltzan jendea), proletalgoaren diktadura ukatzen duten filistear miserableak eta demokrata burges txikiak direla gertatu izana. Kautskyren Proletalgoaren Diktadura foiletoa, 1918an, hau da, liburu honen lehen argitalpena atera baino askoz beranduago argitaratua, marxismoaren desitxuratze filistearraren eta honen ukamen birtual desohoragarriaren eredu bat da, nahiz eta hipokritaki hitzezkotzat hartzen den (ikus nire Iraultza proletarioa eta Kautsky arnegaria foiletoa, Pretrogrado eta Mosku, 1918.) Gure garaietako oportunismoa, bere bozeramaile nagusia den K. Kautsky marxista ohiak pertsonifikatua, bete betean erortzen da Marxek trazatzen duen eta lehenago aipatu dugun posizionamendu burgesaren ezaugarriaren barnean, oportunismo honek, klase arteko borrokaren onarpena erlazio burgesen eremura mugatzen baitu. (Eta eremu honen barnean, marko honen barnean, liberal kultu batek berak ere ez luke ukatuko, “hasiera batean”, klase arteko borroka onartzea!). Oportunismoak ez du klase arteko borrokaren onarpena hain zuzen ere oinarrizkoenera zabaltzen, kapitalismotik komunismorako trantsizio aldira, burgesiaren eraisketaren eta honen erabateko ezabaketaren aldira. Egia esan, aldi hau, ezinbestean klase arteko borrokaren aurrekaririk gabeko gogortze baten aldia da, non honek, inoiz ikusi gabeko forma zolienak hartzen dituen; eta, ondorioz, aldi honetako Estatuak nahitaez modu berrian Estatu demokratiko bat izan behar du (proletarioentzat eta behartsuentzat orokorrean) eta modu berrian diktatoriala (burgesiaren aurka). Gainera, Marxen Estatuari buruzko teoriaren esentzia soilik bereganatu dezake, klase baten diktadura beharrezkoa dela, ez bakarrik klase gizarte ororentzako orokorrean, ez bakarrik burgesia eraitsi ondoren proletalgoarentzako, kapitalismoa “klase gabeko gizartetik”, komunismotik, banatzen duen aldi historiko guztirako ere beharrezkoa dela ulertzen duenak. Estatu burgesen formak ikaragarri anitzak dira, baina hauen esentzia berdina da: Estatu guzti horiek, forma batean edo bestean, baina azken finean, nahitaez, burgesiaren diktadura bat dira. Kapitalismotik komunismorako trantsizioak noski, forma politikoen oparotasun eta aniztasun izugarri bat eskainiko du gutxienean, baina hauen guztien esentzia ezinbestean bakarra izango litzateke: proletalgoaren diktadura. III. Kapitulua Estatua eta Iraultza. 1871ko Parisko komunaren esperientzia. Marxen analisia 1. Zertan datza komuneroen saiakeraren heroitasuna? Jakina da, Komuna baino hilabete batzuk lehenago, 1870eko udazkenean, Marxek Parisko langileak ohartarazi zituela, gobernua eraisteko saiakera etsipenak bultzatutako astakeria bat izango zela argudiatuz. Baina, 1871ko martxoan, langileei borroka erabakigarria inposatu zitzaien eta hauek onartu egin zuten, matxinada egintza bat izan zenean, Marxek irrikarik handienarekin agurtu zuen iraultza proletarioa, iragarpen txar guztiez gain. Marxek ez zion heldu “orduz kanpoko” mugimendu baten kondena pedanteari, tristeki famatua den Plejanovek bezala (marxismoaren arnegari errusiarra bera) 1905eko azaroan langileei eta nekazariei borrokarako adoretuz idatzi zuena eta 1905eko abenduaren ondoren edozein liberalen moduan hasi zena oihukatuz: “Ez ziren armak hartu behar!”. Marx, hala ere, ez zen asetu komuneroen heroitasunaren aurrean irrikatzearekin, bere hitzetan, “zerua asaltatzen zutela”. Marxek masen mugimendu iraultzaile hartan, nahiz eta ez zen bere helburuak lortzera iritsi, garrantzia izugarrizko esperientzia historiko bat ikusten zuen, proletalgo mundialaren benetako aurrera pauso bat, ehunka programa eta arrazonamendu baino pauso garrantzitsuago bat. Esperientzia hau aztertzea, hemendik ikasgai taktikoak ateratzea, bere teoria esperientziaren argitan berrikustea: hona hemen nola ulertzen zuen Marxek bere eginkizuna. Marxek Manifestu Komunistan sartzea beharrezkoa ikusi zuen “zuzenketa” bakarra Parisko Komuneroen esperientzia iraultzaileak iradokitu zion. Manifestu Komunistaren argitalpen alemaniar berriko azken hitzaurreak, bere bi autoreek izenpetzen dutenak, 1872ko ekainaren 24ko data darama. Hitzaurre honetan, autoreek, Karl Marxek eta Friederich Engelsek, Manifestu Komunistako programa “puntu batzutan zaharkitua” geratu dela esaten dute. “…Komunak erakutsi du, batez ere –jarraitzen dute-, “langile klasea ezin daitekeela mugatu besterik gabe Estatuaren makina dagoen bezala hartzera eta bere helburu propioak lortzeko honetaz baliatzera…” Pasarte honen barnean kakotxen artean jarritako hitzak bere autoreek hartuak izan ziren Marxen Frantziako Gerra Zibila lanetik. Honela beraz, Marxek eta Engelsek Parisko Komunaren ikasgai funtsezko eta nagusi honi halako garrantzia erraldoia ematen zioten, ezen Manifestu Komunistan zuzenketa esentzial bezala txertatu baitzuten. Erabat bereizgarria da, hain zuzen ere funtsezko zuzenketa hau izatea oportunistek desitxuratu dutena eta bere zentzua, seguraski, Manifestu Komunistaren irakurleen hamarretik bederatzirentzat, ez bada ehunetik laurogeita hemeretzirentzat, ezezaguna izatea. Desitxuratze honetaz xehetasunez geroago jardungo dugu, bereziki desitxuratzeei eskainitako kapitulu batean. Momentuz nahikoa izango da seinalatzea, guk aipaturiko Marxen hitz bikainak “ulertzeko” modurik ohikoena, arruntena, Marxek hemen garapen mantsoaren ideia azpimarratzen duela suposatzean datzala, boterea hartzearen eta tankerako gauzen aurka. Errealitatean, hain zuzen ere aurkakoa da. Marxen ideia, langile klaseak “dagoen estatu makinaria” guztia suntsitu, hautsi, egin behar duela eta ezin duela sinpleki honen jabe egitera mugatu da oinarrian. 1871ko apirilaren 12an, hau da, Komunaren garai bete betean, Marxek Kugelmanni idatzi zion: “…Nire Brumarioko Hemezortziaren azken kapitulua arretaz irakurtzen baduzu, ikusiko duzu Frantziako iraultzaren hurrengo ahalegin bezala azaltzen dudala, ez makinaria burokratiko militarra esku batzuetatik besteetara pasatzea, orain arte gertatzen ari zen bezala, eraistea baizik” (Marxek azpimarratua; originalean: zerbrechen), “eta hau da hain zuzen ere kontinentean benetako herri iraultza ororen aurrebaldintza. Honetan datza, hain justu, Parisko gure kamarada heroikoen saiakera” (Neue Zeit aldizkariko 709 orr., XX, 1, 1901-1902 urtea). (Marxek Kuegelmani idatziriko gutunak errusiarrez gutxienik bi ediziotan argitaratuak izan dira, horietako bat nik idatzia eta nire hitzaurrearekin.) Hitz hauetan: “Estatuaren makina burokratiko militarra haustea”, laburrean, proletalgoak iraultzan zehar Estatuarekiko dituen eginkizunen inguruko marxismoaren ikasgai funtsezkoena adierazita gordetzen da. Eta ikasgai hau da, nagusi den marxismoaren “interpretazio” kautskiarrak, erabat ahaztu ez ezik, zuzenean desitxuratu duena! Marxek Brumarioko Hemezortziari egiten dion erreferentziari dagokionean berriz, aurrerago aipatu dugu jada pasarte hura bere osotasunean. Bi toki azpimarratzea interesatzen da aipaturiko Marxen arrazonamenduan. Lehenik eta behin, Marxek bere ondorioa kontinentera mugatzen du. Hau logikoa zen 1871ean, Ingalaterra zenean oraindik herrialde kapitalista garbiaren eredua, baina kasta militarrik gabe eta, neurri handi batean, burokraziarik gabe. Horregatik, Marxek Ingalaterra baztertzen zuen non iraultza, eta baita herri iraultza bat ere, hala hausnartzen zen eta posible zen “zegoen estatu makinaria” suntsitzeko aurrebaldintzarik gabe. Gaur, 1917an, lehenengo gerra inperialista handiaren garaian, Marxek egindako mugaketa horrek ez dauka izateko arrazoirik. Ingalaterra eta Iparramerika, militarismorik eta burokratismorik gabeko “askatasun” anglosaxoniarraren zentzuan azken ordezkari eta handienak zirenak –mundu osoan-, bueltaka joan dira dena azpiratzen eta zapaltzen duten instituzio burokratiko militarraren zingira zikin eta odoltsuan erori arte; Europa guztian amankomuna dena. Gaur, Ingalaterran eta Iparramerikan ere, “benetako herri iraultza ororentzako aurrebaldintza” da dagoen estatu makinaria haustea, suntsitzea (han, 1914tik 1917rako urteetan, perfekzio “europarra”, inperialismoari amankomuna zaion perfekzioa lortu baitu). Bigarrenik, arreta berezia merezi du, Estatuaren makina burokratiko militarraren eraisketa dela “benetako herri iraultza ororentzako aurrebaldintza” dioen Marxen behaketa ikaragarri sakonak. “Herri” iraultzaren kontzeptu honek nahiko arraroa dirudi Marxen ahotan, eta Plejanoven jarraitzaileek eta mentxebike errusiarrek, beren burua marxistatzat aurkeztu nahi duten Struven ikasle horiek, “lapsus” bezala kalifikatu lezakete Marxen esamolde hau. Jende horrek marxismoaren hain desitxuratze liberal eta pobrea egin du, ezen haientzat ez dela existitzen ezer iraultza burgesaren eta proletarioaren arteko antitesia ez bada, eta antitesi hau ere ahalik eta modu eskolastikoenean ulertzen dute… Adibidetzat XX. mendeko iraultzak hartzen baditugu, burges bezala aitortu beharko ditugu, noski, iraultza portugaldarraxiii eta turkiarra. Baina ez bat ez bestea ez dira “herri” iraultzak, ez batean ez bestean ez baitu parte hartzen itsu-itsuan, modu aktibo batez, bere ekimen propioz, bere aldarrikapen ekonomiko eta politiko propioekin, herriaren masak, honen gehiengo zabalak. Aldiz, 1905etik 1907rako Errusiako iraultzak, arrakasta “bikainik” erregistratu ere ez bazuen, hainbat momentutan iraultza portugaldarrak eta turkiarrak lortu zituztenak bezala, dudarik gabe, iraultza “benetan herrikoia” izan zen, zeren herriko masek, honen gehiengoak, “geruza sozial baxuenek”, aginteak eta esplotazioak zapaldurik, euren ekimen propioz, iraultzaren garapen guztian zehar euren errebindikazioen zigilua jarri zuten, suntsitu nahi zuten gizarte zaharraren tokian beraien modura gizarte berri bat eraikitzeko euren saiakeren zigilua hain zuzen. 1871ko Europan, proletalgoak ez zuen gehiengoa osatzen kontinenteko inongo herrialdetan. Iraultzak ezin zuen “herrikoia” izan, hau da, ezin zuen benetan gehiengoa mugimendura erakarri, ez bazituen proletalgoak eta nekazariak biltzen. Bi klaseek osatzen zuten orduan “herria”. Bi klase hauek batzen dituena “Estatuaren makina burokratiko militarrak” zapaltzen, esklabutzen, esplotatzen dituela da. Makina hau suntsitzea, eraistea, hori da “herriaren”, bere gehiengoaren, langileen eta nekazarien gehiengoaren benetako interesek aholkatzen dutena, eta hau da nekazari pobreen eta langileen aliantza aske baterako “aurrebaldintza”, eta aliantza hau gabe, demokrazia prekarioa da eta eraldaketa sozialista, ezinezkoa. Jakina den moduan, aliantza honetarantz egiten zuen bidea Parisko Komunak, nahiz eta ez zuen bere helburua lortu, barne eta kanpo izaera zuten hainbat kausa zirela medio. Ondorioz, “benetako herri iraultza” batez hitz egitean, Marxek, burgesia txikiaren berezitasunak inolaz ere ahaztu gabe (hauetaz asko eta sarri hitz egin zuela), kontuan zeukan, zehaztasunik handienarekin, 1871ko Europako Estatu kontinentalen gehiengoan zegoen klase arteko benetako korrelazioa. Eta, bestalde, egiaztatzen zuen estatu makinariaren “suntsiketak” langile eta nekazarien interesei erantzuten diela, batzen dituela, “bizkarroia” ezabatzeko eta zerbait berriagatik ordezkatzeko eginkizun amankomuna planteatzen diela. Zerekin ordezkatu zehazki? 2. Zerekin ordezkatu Estatuaren makina behin hau suntsituta? 1847an, Manifestu Komunistan, Marxek galdera hauei oraindik ere erantzun erabat abstraktua ematen zien, edo, zehatzagoak izateko, eginkizunak seinalatzen zituen baina betetzeko bitartekoak ez. Estatuaren makina behin suntsituta, “klase dominatzaile bezala antolatutako proletalgoagatik”, “demokraziaren konkistagatik” ordezkatzea: hau zen Manifestu Komunistaren erantzuna. Utopietan galdu gabe, Marxek masen mugimenduaren esperientziatik espero zuen jakitea klase dominatzaile bezala antolatutako proletalgoak zein forma konkretu izan behar zuen eta antolakuntza honek “demokraziaren konkistarik” osoenarekin eta kontsekuenteenarekin nola koordinatu behar zuen. Frantziako Gerra Zibila lanean, Marxek azterketarik arretatsuenera ezartzen du Komunaren esperientzia, nahiz eta esperientzia hau oso laburra izan. Aipatu ditzagun obra honetako pasarte garrantzitsuenak: Erdi Arotik zetorren eta XIX. mendean garatu zen “estatu botere zentralizatua, bere organoekin: armada iraunkorra, polizia, burokrazia, kleroa eta magistratura”. Kapitalaren eta lanaren arteko klaseko antagonismoaren garapenarekin, “Estatuaren boterea, gero eta lanaren zapalkuntzarako botere publikoaren, klase dominazioko makina baten, izaera handiagoa hartuz joan zen. Iraultza bakoitzaren ondoren, zeinak aurrerapauso bat adierazten duen klase arteko borrokan, gero eta nabarmenago agertzen da estatu boterearen izaera zapaltzaile hutsa”. 1848-1849ko iraultzaren ondoren, Estatuaren boterea “lanaren aurkako kapitalaren arma nazional” bihurtzen da. Bigarren Inperioak hau finkatu egiten du. “Inperioaren antitesi zuzena Komuna zen”. “Klase dominazio monarkikoa bakarrik ez ezik, klase dominazio bera abolitu behar zuen errepublikaren forma zehatza zen…” Zertan oinarritu zen, konkretuki, errepublika proletario, sozialista, honen forma “zehatz” hau? Zein zen sortzen hasi zuen Estatua? “…Komunaren lehen dekretua (…) armada iraunkorra ezabatzea izan zen hau herri armatuagatik ordezkatzeko…”. Aldarrikapen hau sozialista izendatuak izan nahi duten alderdi guztien programetan dago. Baina euren programek balio dutena, ezerk baino hobeto gure sozial iraultzaileen eta mentxebikeen jokabideak erakusten digu, hain zuzen ere otsailaren 27ko iraultzaren ondoren errebindikazio hau praktikan jartzeari uko egin diote! “…Komuna sufragio unibertsalez hiriko distritu ezberdinetan hautaturiko udal kontseilariz osatua zegoen. Arduradun eta momentu oro karguz kengarriak ziren. Bere kideen gehiengoa, noski, langileak edo langile klasearen ordezkari ezagunak ziren… …Gobernu zentralaren instrumentu bat izaten jarraitu beharrean, polizia berehala desjabetu zuten bere atributu politikoez eta Komunaren instrumentu bihurtua izan zen, honen aurrean arduradun eta karguz kengarria momentu oro… Eta berdin egin zen administrazioaren beste adarretako funtzionarioekin… Komunako kideetatik beheraka, kargu publiko guztiek langileen soldatak jaso behar zituzten. Estatuko goi kargudunek sortutako interesak eta ordezkaritza gastuak goi kargudunekin beraiekin desagertu ziren… Behin armada iraunkorra eta polizia, gobernu zaharraren indar fisikoko elementuak zirenak, ezabatuta Komuna irrikatan zegoen errepresio indar izpirituala, apaizen boterea, suntsitzeko… Funtzionario judizialek galdu egin behar zuten itxurazko independentzia hura… Etorkizunean funtzionario hautatuak, arduradunak eta karguz kengarriak izan behar zuten… Honela beraz, Komunak Estatu makina suntsitzean, itxuraz demokrazia osoago bategatik “bakarrik” ordezkatzen du hau: armada iraunkorraren desegitea eta funtzionario guztien erabateko hautagarritasuna eta kargu kengarritasuna. Baina, egia esan, honek instituzio batzuen eta esentzian modu ezberdinekoak diren besteen arteko aldaketa erraldoia “bakarrik” adierazten du. Hain zuzen ere “kantitatea kalitate bilakatzen den” kasu baten aurrean gaude: demokrazia, praktikara gauzatu daitekeen modurik osatuenean eta kontsekuenteenean eramanda, demokrazia burges izatetik demokrazia proletario bihurtzen da, Estatu bat izatetik (klase jakin baten errepresio indar berezia) jada zentzu hertsian Estatu bat ez den zerbaitetan. Oraindik beharrezkoa da burgesia erreprimitzea eta bere erresistentzia garaitzea. Hau bereziki beharrezkoa zen Komunarentzat, eta bere porrotaren kausetako bat hau tinkotasun nahikoarekin egin ez izanean datza. Baina hemen organo zapaltzailea jada herriaren gehiengoa da eta ez gutxiengo bat betidanik izan zen moduan, bai esklabutzan eta mirabetzan bezala soldatapeko esklabutzan ere. Eta, herritarren gehiengoak bere kabuz zapaltzaileak erreprimitzen dituen momentutik aurrera, jada ez da beharrezkoa errepresiorako “indar berezi” bat! Zentzu honetan, Estatua iraungitzen hasten da. Gutxiengo pribilegiatu baten instituzio berezien ordez (burokrazia pribilegiatua, armada iraunkorreko agintariak), eginkizun hau gehiengoak burutu dezake zuzenean, eta herri guztiak zenbat eta gehiago esku hartu estatu boterearen berezko funtzio hauetan, orduan eta txikiagoa da botere honen beharra. Honen inguruan, bereziki aipagarria da Komunak dekretaturiko neurrietako bat, Marxek azpimarratzen duena: ordezkaritzako gastu guztien, funtzionarioen diru pribilegio guztien abolizioa; Estatuko funtzionario guztien soldaten murrizketa “langile baten soldataren” mailaraino. Hemen agertzen da modurik agerienean demokrazia burgesetik demokrazia proletariorako, zapaltzaileen demokraziatik klase zapalduen demokraziarako, Estatua klase jakin baten errepresioko “indar berezi” izatetik herriaren gehiengoaren, langile eta nekazarien, indar bateratuaren errepresioa izaterako biraketa. Eta hain zuzen ere, hain bistakoa den puntu honetan da –agian garrantzitsuena Estatuaren auziari dagokionean- Marxen ikasgaiak ahazmenera zokoratuenak izan direna! Jendarteratzeko azalpenetan –zeinan kopurua zenbaezina den- ez da honetaz hitz egiten. “Ohikoa” honen inguruan isilik egotea da, modatik pasatako “sineskeria” bat izango balitz bezala; kristauek egin zutenaren moduko zerbait, Estatuko erlijio bilakatu ondoren, kristautasun primitiboaren eta bere izpiritu demokratiko iraultzailearen “sineskeriak” ahaztu zituztenean. Estatuaren funtzionario altuen soldatak murrizteak “besterik gabe” demokrazia inozo, primitibo, baten errebindikazioa dirudi. Oportunismo modernoaren “fundatzaileetako” batek, E. Bernstein sozialdemokrata ohiak, behin baino gehiagotan ekiten dio demokrazia “primitiboaren” inguruko burla burges hauek errepikatzeari. Oportunista guztiek bezala, egungo kautskiarrek bezala, ez zuen inolaz ere ulertzen, lehenik eta behin, kapitalismotik sozialismorako pausoa ezinezkoa dela demokrazia “primitiborako” “itzulera” jakin bat gabe (zeren, nola pasa bestela Estatuaren zereginak herritarren gehiengoak, honek guztiak, burutzera?) eta, bigarrenik, “demokrazia primitibo hau”, kapitalismoan eta kultura kapitalistan oinarrituta, ez dela historiaurreko edo garai aurrekapitalistako demokrazia primitiboa. Kultura kapitalistak ekoizpen handia sortu du, fabrikak, trenbideak, posta, telefonoa, etab., eta oinarri honen gainean “estatu botere” zaharraren funtzioen gehiengo ikaragarria hainbeste sinplifikatu dira eta erregistroko, kontabilitate eta kontroleko, operazio hain sinpleetara murriztu daitezke, ezen irakurtzen eta idazten dakiten guztientzat eskuragarriak direla, “langile baten ohiko soldata” batengatik burutu daitezkeela, zerbait pribilegiatua eta “hierarkikoa” den itzal guztietatik garbituak izan daitezkeela (eta izan behar dutela). Funtzionario guztien erabateko aukeragarritasuna eta kargu kengarritasuna edozein momentutan, beren soldataren murrizketa “langile baten ohiko soldata” baten mugetaraino, neurri demokratiko hauek, sinpleak eta “berez ulergarriak”, langileen eta nekazarien interesak guztiz batzen dituzten heinean, kapitalismotik sozialismora joateko zubi bezala balio dute. Neurri hauek Estatuaren berrantolaketari, gizartearen berrantolaketa erabat politikoari, eragiten diote, baina begi bistakoa da beren zentzu osoa eta garrantzia, jada gauzatzen edo prestaketan dagoen “desjabetzaileen desjabetzearekin” lotuta bakarrik hartzen dutela, hau da, ekoizpen baliabideen jabetza pribatu kapitalista jabetza sozial bihurtzearekin. “Komunak –idatzi zuen Marxek- errealitate bilakatu zuen iraultza burges guztien topikoa dena, gobernu merke bat, gastuen bi iturri handiak deuseztean: armada iraunkorra eta Estatuaren burokrazia”. Nekazarien artean, burgesia txikiaren geruza ezberdinetan bezala, gutxiengo hutsal bat bakarrik “igotzen da”, “aurrera egiten du” zentzu burgesean, hau da, bihurtzen da jende dirudun, egoera egonkor eta pribilegiatu bat duten burges edo funtzionario. Nekazal masa bat existitzen den herrialde kapitalista guztietako nekazarien gehiengo zabala (eta herrialde kapitalista hauek gehiengoa osatzen dute) gobernuagandik zapaldurik dago eta hau eraistea irrikatzen du, gobernu “merke” bat irrikatzen du. Hau soilik proletalgoak burutu dezake eta, burutzean, pauso bat ematen du Estatuaren berregituraketa sozialistarantz. 3. Parlamentarismoaren abolizioa “Komunak –idatzi zuen Marxek- ez zuen organismo parlamentario bat izan behar, baizik eta lanaren korporazio bat, betearazlea eta legegilea aldi berean… …Hiru edo sei urtez behin aukeratu beharrean Klase dominatzaileko zein kidek ordezkatu eta zapaldu (verund zertreten) behar zuen herria parlamentuan, sufragio unibertsalak komunetan antolatutako herriari zerbitzatu behar zion, bere enpresara zuzendutako langile, ikuskatzaile eta kontulariak aurkitzeko, edozein nagusiri banakako sufragioak helburu berdinerako balio dion bezala”. Parlamentarismoaren pasarte bikain hau ere, 1871an egina, sozial chauvinismoaren eta oportunismoaren nagusitasunari esker, gaur egun marxismoaren “ahaztutako hitzen” artean aurkitzen da. Ministro eta parlamentari profesionalek, proletalgoaren traidore eta gure garaietako “purtzilari” sozialista direnek, anarkistei utzi diote osorik parlamentarismoaren kritika, eta izugarri burutsua den arrazonamendu honen gainetik deklaratu dute, parlamentarismoari eginiko kritika oro, “anarkismoa” dela!! Ez du arrarotik ezer herrialde parlamentario “aurreratuetako” proletarioek nazkaz beterik ikustean Scheidemandarrak, Davidarrak, Legiendarrak, Sembatarrak, Renadueltarrak, Hendersontarrak, Vanderveldetarrak, Stauningtarrak, Brantingatarrak, Bissolatitarrak, etab., beren begiradak geroz eta gehiago anarkosindikalismoan jarri izana, nahiz eta hau oportunismoaren odolezko anaia den. Marxentzat ordea, dialektika iraultzailea inoiz ez zen izan modako esaldi hutsal hori, Plejanovek, Kautskyk eta beste batzuek bihurtu duten zirtzileria hori. Marxek bazekien anarkismoarekin gogor mozten, parlamentarismo burgesaren “ukuilua” ere aprobetxatzeko bere ezintasuna dela eta –batez ere jakina denean ez gaudela egoera iraultzaile baten aurrean-, baina, aldi berean bazekien parlamentarismoaren kritika benetan iraultzailea, proletarioa, egiten. Urte jakin batzuez behin, Parlamentuan, klase dominatzailearen zein kidek zapaldu eta esplotatu behar duten herria erabakitzea: hona hemen parlamentarismo burgesaren benetako esentzia, ez bakarrik monarkia konstituzionaletan, baita errepublika demokratikoenetan ere. Baina Estatuaren auzia planteatzen badugu, eta parlamentarismoa -Estatuko instituziotzat hartuz- proletalgoak eremu honetan dituen eginkizunen ikuspuntutik aztertzen badugu, non dago orduan parlamentarismoaren irtenbidea? Nola da posible bera gabe moldatzea? Behin eta berriz esan behar da: Komunaren esperientzian oinarritutako Marxen ikasgaiak, hain ahaztuak daude, ezen “sozialdemokrata modernoari” (irakur: sozialismoren egungo traidoreari) sinpleki ulertezina egiten zaiola anarkista edo erreakzionarioa ez den parlamentarismoaren beste kritika bat. Parlamentarismoaren irtenbidea ez dago, noski, instituzio ordezkatzaileak eta hautagarritasuna abolitzean, instituzio ordezkatzaileak hitzontzikerien toki izatetik “lanaren” korporazio izatera eraldatzean baizik. “Ez korporazio parlamentario bat, lanaren korporazio bat baizik”: tiro hau zuzenean doa parlamentari modernoen eta sozialdemokraziako “gonapeko txakur” parlamentarien bihotzera! Jar ezazue arreta edozein herrialde parlamentarietan, Iparramerikatik Suitzara, Frantziatik Ingalaterrara, Norvegia, etab.: benetako “Estatuko” eginkizunak atzetik isilpean egiten dira eta ministerioek, ofizinek, Estatu Nagusiek burutzen dituzte. Parlamentuetan ez da berriketa besterik egiten, “jende xehea” liluratzeko helburu bereziarekin. Eta hain egiazkoa da hau, ezen Errusiako Errepublikan ere, errepublika demokratiko burgesa bera, benetako Parlamentu bat osatzea lortu aurretik, parlamentarismoaren gaitz guzti hauek agerian jarri direla. Skobelevtarren eta Tseretelitarren, Chernovtarren eta Avxentievtarren moduko filisteismo ustelduaren heroiak, Sovietak parlamentarismo burges miserableenaren ereduaren arabera zabartzeko ere moldatu dira, hauek hitzontzikeria hutsalerako toki bihurtuz. Sovietetan, ministro “sozialista” jaunek herritar inuzenteak engainatzen dituzte esaldiekin eta erresoluzioekin. Gobernuan etengabeko nahastea gertatzen da, alde batetik, ahal diren mentxebike eta sozial iraultzaile gehien txandaka ondo ordaindutako postutxo ohoretsuekin “asebetetzeko” eta, bestetik, herriaren arreta “desbideratzeko”. Bien bitartean, bulegoetan eta Estatu Nagusietan “Estatuko” eginkizunak “gauzatzen dira”! Dielo Narodakxiv, gobernuan dagoen “sozlialista iraultzaileen” alderdi organoak, orain dela ez asko editorial batean onartzen zuen –prostituzio politikoan aritzen diren “gizarte oneko” jendearen egiazaletasun imitaezinarekin- “sozilalistek” (barka adierazpidea) gobernaturiko ministerioetan ere, aparatu burokratiko guztiak, izatez, zaharra izaten jarraitzen duela, modu zaharrean funtzionatzen duela eta ekimen iraultzaileak “askatasun” osoz saboteatzen dituela! Eta aitormen hau edukiko ez bagenu ere, akaso ez al du hau erakusten mentxebikeen eta sozial iraultzaileen gobernuko parte-hartzearen benetako historiak? Hemen berezitik dagoen gauza bakarra da Chernov, Rusanov, Zenzinov eta Dielo Narodako beste erredaktoreek, demokrata konstituzionalistekin ministerioetan elkartean egonik, hainbesteraino galdu dutela lotsa, non ez direla lotsatzen, txikikeria bat balitz bezala, “beraien” ministerioetan dena lehen bezala dagoela publikoki esateaz! Nekazari gizagaixoak engainatzeko esaldi iraultzaile-demokratikoak, eta kapitalistak gustura uzteko bulegoko paper nahaste burokratikoa: horra hor koalizio “ohoragarriaren” esentzia. Komunak gizarte burgeseko parlamentarismo saldu eta usteldua, iritzi askatasuna eta eztabaida iruzurrean degeneratzen ez diren instituzioengatik ordezkatzen du, hemen parlamentariek beraiek egin behar baitute lan, eurek betearazi behar baitituzte euren legeak, eurek egiaztatu behar baitituzte emaitzak eta zuzenki erantzun behar baitute euren hautatzaileen aurrean. Instituzio ordezkatzaileek jarraitzen dute, baina parlamentarismoa desagertu egiten da sistema berezi bezala, lan legegilearen eta betearazlearen arteko banaketa bezala, diputatuentzako egoera pribilegiatu bezala. Instituzio ordezkatzailerik gabe ezin daiteke demokraziarik ulertu, ezta langile demokraziarik ere; baina bai uler daiteke eta ulertu behar da parlamentarismorik gabe, guretzat gizarte burgesaren kritika ez bada esaldi hutsal bat, burgesiaren agintea eraisteko xedea guregan helburu serio eta egiazko bat bada, eta ez langileen botoak hartzeko esaldi “elektoral” bat mentxebike eta sozial iraultzaileen ezpainetan den bezala, Scheidemanndarren eta Legiendarren, Sembatdarren eta Vanderveldetarren ezpainetan den bezala. Bereziki hezigarria da, Marxek, Komunak eta langile demokraziak behar duen burokrazia haren eginkizunetaz hitz egitean, konparazio puntu bezala “beste edozein nagusiren” enplegatuak hartzea, hau da, ohiko enpresa kapitalista bat, “langileekin, ikuskatzaileekin eta kontableekin”. Marxengan ez dago utopismo arrastorik, ez baitu bere fantasiatik gizarte “berri” bat asmatzen ez ateratzen. Ez, Marxek, prozesu historiko natural bezala, gizarte berria zaharretik nola jaiotzen den aztertzen du, bigarrengotik lehenengorako trantsizio formak aztertzen ditu. Masen mugimendu proletarioaren benetako esperientzia guztia hartzen du eta hemendik ikasgai praktikoak ateratzen ahalegintzen da. Komunatik “ikasi” egiten du, pentsalari iraultzaile guztiek klase zapalduaren mugimendu handietatik ikasteko beldurrik izan ez zuten moduan eta sermoi “pedanteak” bota ez zizkien moduan (Plejanoven “Ez ziren armak hartu behar”, edo Tsereteliren “klase batek moderatzen jakin behar du” bezala). Burokrazia kolpetik, alde guztietan eta bere azken erroetaraino abolitzeaz hitz egitea lekuz kanpokoa da. Hau utopia bat da. Baina makina burokratiko zaharra kolpetik suntsitzea eta jarraian, burokrazia guztia gradualki ezerezera murriztea ahalbidetuko duen berri batekin hastea, ez da utopia bat; komunaren esperientzia da, proletalgo iraultzailearen berehalako eginkizun zuzena. Kapitalismoak sinplifikatu egiten ditu “Estatuaren” administrazio eginkizunak; posible egiten du “administrazio iherarkikoa” desegitea eta proletarioen erakunde batera murriztea, proletalgoak (klase dominatzaile bezala) gizartearen izenean, bere zerbitzura “langile, ikuskatzaile eta kontableak” hartzen dituelarik. Ez gara utopistak. Ez dugu “amesten” nola baztertu ahalko den kolpetik gobernu oro, menpenpekotasun oro; amets anarkista hauek, proletalgoaren eginkizunak ez ulertzean oinarrituak, arrotzak zaizkio funtsean marxismoari eta, izatez, iraultza sozialista gizakiak ezberdinak izango diren momentura arte atzeratzeko bakarrik balio dute. Ez, guk iraultza sozialista gaur egungo gizakiekin nahi dugu, menpekotasunik gabe, kontrolik gabe, “ikuskatzailerik eta kontablerik” gabe moldatu ezin diren gizakiekin. Baina menpekotasuna esplotatu eta langile guztien abangoardia armatuarenganakoa da, hau da, proletalgoarenganakoa. Estatuko funtzionarioen “administrazio hierarkiko” espezifikoa berehala ordezkatzen has daiteke eta hasi behar da, gauetik goizera, “ikuskatzaile eta kontableen” eginkizun sinpleengatik, gaur egun jada hirietako biztanleen garapen mailarako erabat eskuragarriak diren eta “langile baten soldatagatik” ezin hobeki eginak izan daitezkeen eginkizunak. Antolatu dezagun ekoizpen handia guk geuk, langileok, kapitalismoak jada sortu duenetik abiatuz, gure lan esperientzian oinarrituz, langile armatuen estatu botereak mantendutako diziplina oso zorrotz, burdinazko, bat ezarriz; murriztu dezagun funtzionario publikoen papera gure argibideen betetzaile sinpleen paperera, “ikuskatzaile eta kontable arduradunen, kargu kengarrien eta apalki ordaindutakoen paperera (noski, genero, mota eta gradu guztietako teknikariekin batera): hori da gure eginkizun proletarioa, puntu horretatik has daiteke eta hasi behar da iraultza proletarioa gauzatzen denean. Hasiera honek, ekoizpen handiaren oinarriaren gainean, bere kabuz eramaten du burokrazia ororen “iraungipen” gradualera, ordena baten sorkuntzara –ordena kakotxik gabe, soldatapeko esklabotzaren antzik ezertan edukiko ez duen ordena- non ikuskapeneko eta kontabilitateko eginkizunak, geroz eta sinpleagoak izanik, denek burutuko dituzten txanda bati jarraituz, gero ohitura bihurtuko diren eta, azkenik, desagertu egingo diren herritarren geruza berezi baten zeregin berezi bezala. Joan den mendeko 70. hamarkadako sozialdemokrata burutsu batek, posta ekonomia sozialistaren eredu bat zela esan zuen. Hau oso zehatza da. Gaur egun, posta Estatuaren monopolio kapitalista bezala antolaturiko enpresa bat da. Inperialismoa pixkanaka trustak mota honetako erakundeetan eraldatzen ari da. Hauetan, lanagatik ahitutako eta goseak dauden langile “sinpleen” gainetik tronuratuta, burokrazia burges bera ikusten dugu. Behin kapitalistak eraitsita, langileen burdinazko eskuaz esplotatzaileen erresistentzia suntsituta, Estatu modernoaren makinaria apurtuta, gure aurrean perfekzio tekniko handiko mekanismo bat edukiko dugu, “bizkarroiez” askea eta elkartutako langileek beraiek ezin hobeki martxan jartzeko modukoa, teknikariak, ikuskatzaileak eta kontableak kontratatuz eta guzti hauen lana, orokorrean “Estatuko” funtzionario guztiena bezala, langile baten soldatarekin ordainduz. Hona hemen zeregin zehatz bat, zeregin praktiko bat, trust guztietan berehala egin daitekeena, langileak esplotaziotik askatzen dituena eta jada Komunak praktikoki hasi zuen esperientzia (batez ere Estatuaren antolakuntzaren eremuan) kontuan hartzen duena. Ekonomia nazional guztia posta bezala antolatzea, teknikoek, ikuskatzaileek, kontableek eta orokorrean funtzionario guztiek “langile baten soldata” baino handiagoa ez jasotzeko, guztia proletalgo armatuaren kontrolpean eta zuzendaritzapean: hori da gure berehalako helburua. Hori da behar dugun Estatua eta oinarri ekonomiko hau izan behar da bere euskarria. Hori da parlamentarismoa abolitzeak eta instituzio ordezkatzaileak mantentzeak emango duena; hori da langileen klase ezberdinak burgesiak instituzio hauekiko egiten duen prostituziotik askatuko dituena. 4. Nazioaren batasunaren antolakuntza “...Komunak garatzeko denborarik izan ez zuen antolakuntza nazionaleko zirriborro laburrean, argi esaten da Komuna... izan behar zela herririk txikienaren forma politikoa”... komunek hautatuko zuten Parisko “ordezkaritza nazionala” ere. “... Gobernu zentral batentzat geratuko ziratekeen funtzio gutxi baina garrantzitsuak ez ziren kenduko –egia faltsutzeko saiakeraz esan den bezala-, baizik eta agente komunalek burutuko zituzteketen... ...Ez zen nazioaren batasuna suntsitu behar, baizik eta alderantziz, erregimen komunal baten bidez antolatu behar zen, hau errealitate bihurtuz estatu boterea suntsitzean; zeinak batasun haren haragitzea izan nahi baitzuen, independentea eta nazioaren gainetik ezarria, zeinan gorputza hazikin bizkarroi bat besterik ez baitzen... Estatu botere zaharraren organo errepresibo hutsak moztuak izan behar zuten bitartean, bere legezko eginkizunak gizartearen gainean posizio nagusi bat usurpatzen zuen autoritate bati erauzi behar zitzaizkion, gizarte honetako zerbitzari arduratsuei itzultzeko”. Egungo sozialdemokraziaren oportunistek Marxen arrazonamendu hauek zenbateraino ez dituzten ulertu –agian zehatzagoa izango zen ez dituztela ulertu nahi izan esatea-, ezerk baino hobe Berstein arnegariaren liburu herostratikoki famatuak islatzen du, Sozialismoaren premisak eta sozialdemokraziaren eginkizunak. Bersteinek, aipaturiko Marxen hitzen inguruan idazten zuen, hauetan, “duten eduki politikoagatik, funtsezko ezaugarri guztietan Proudhonen federalismoarekin antzekotasun handia aurkezten duen programa bat garatzen dela... Marx eta Proudhon “burges txikia” (Bersteinek “burges txikia” kakotxen artean jartzen du asmo ironiko bat ematearren) bereizten dituzten ezberdintasun guztiez gain, puntu hauetan beren pentsamenduen bilakaera ahalik eta antzekoena da”. Noski, jarraitzen du Bersteinek, udalerrien garrantzia haziz doa, baina “niri zalantzagarria iruditzen zait demokraziaren lehen eginkizuna Estatu modernoen abolizioa (Ausflösung- literalki: disoluzioa) eta bere antolakuntzaren erabateko eraldaketa (Unmwandlung: aldaketa erradikala) denik, Marxek eta Proudhonek ulertzen duten moduan (Asanblea Nazionala probintzietako edo eskualdeetako asanbladetako ordezkariekin eratzea, hauek aldi berean komunen ordezkariekin osatuz), iraganeko ordezkapen nazionaleko forma guztiak erabat desagertuz” (Berstein, Sozialismorako premisak, 134 eta 136 orriak, 1899ko argitalpen alemaniarrean). Hau besterik gabe higuingarria da: Marxen “Estatu boterearen, bizkarroiaren, suntsiketaren” ideiak, Proudhonen federalismoarekin nahastea! Baina hau ez da ustekabekoa, oportunistari ez baitzaio burutik pasa ere egiten Marxek hemen ez duela zentralismoaren aurrean federalismoaz hitz egiten, baizik eta herrialde burges guztietan dagoen Estatuaren makina burges zaharraren suntsiketari buruz hitz egiten duela. Oportunistari bere inguruan ikusten duena bakarrik etortzen zaio burura, filisteismo “zekenaren” eta trabatze “erreformistaren” erdian, hots: “udalerriak bakarrik”! Oportunistak proletalgoaren iraultzan behintzat pentsatzeko ohitura ere galdu du. Hau irrigarria da. Baina bitxia dena puntu honen inguruan Bersteinekin inork eztabaidatu ez izana da. Berstein askok errefusatua izan zen, bereziki Plejanovek literatura errusiarrean eta Kautskyk europearrean, baina ez batek ez besteak ez dute hitz egin Bersteinek eginiko Marxen desitxuratze honetaz. Oportunistak hainbeste galdu du izate iraultzailean pentsatzeko eta iraultzaren inguruan hausnartzeko ohitura, ezen Marxi “federalismoa” atxikitzen diola, Proudhonekin, anarkismoaren fundatzailearekin, nahastuz. Eta Kautskyk eta Plejanovek, beren burua marxista ortodoxo bezala eta marxismo iraultzailearen doktrinaren defendatzaile bezala aurkezten dutela, isilik geratzen dira honen aurrean! Hemen, marxismoaren eta anarkismoaren arteko ezberdintasunari buruzko ideien endekatze izugarriaren sustraietako bat aurkitzen dugu, bai kautskiarrei bai oportunistei bereizgarri zaien endekatzea eta oraindik jorratu beharko duguna. Aipaturiko Komunaren esperientziari buruzko Marxen pasarteetan ez dago federalismo izpirik. Marx bat dator Proudhonekin, hain zuzen ere oportunistak ikusten ez duen zerbaitetan. Marx ordea ez dator bat Proudhonekin, hain zuzen ere Bersteinek antzekotasun bat ikusten duen horretan. Marx Proudhonekin, biak Estatuaren makina modernoa “deuseztearen” alde agertzen diren puntuan dator bat. Marxismoak anarkismoarekin duen kointzidentzia hau (Proudhonekin bezala Bakuninenarekin ere) ez dute ikusi nahi ez oportunistek ez kautskiarrek, bai batzuek bai besteek marxismotik desertatu baitute puntu honetan. Marx ez dator bat Proudhonekin eta Bakuninekin hain zuzen ere federalismoaren auzian (ez aipatzearren proletalgoaren diktaduran). Federalismoa anarkismoaren ikuspuntu burges txikien printzipioetatik eratorria da. Marx zentralista da. Aurrez aipaturiko bere pasarteetan ez da zentralismotik apur bat ere banatzen. Filistearren Estatuarenganako “fede superstiziosoak” harturik dauden horiek bakarrik nahastu dezakete estatu makina burgesaren suntsiketa zentralismoaren suntsiketarekin! Honela beraz, proletalgoak eta nekazari behartsuek Estatuko boterea hartzen badute, komunetan modu erabat askean antolatzen badira, eta komuna guztietan kapitalaren aurka kolpeak zuzentzeko, kapitalisten erresistentzia zapaltzeko, nazio guztiari, gizarte guztiari, trenbideen, fabriken, lurraren, etab.en jabetza entregatzeko ekintza batzen badute, akaso hau ez al da zentralismoa izango? Akaso hau ez al da zentralismo demokratikorik kontsekuenteena eta, gainera, zentralismo proletario bat izango? Bersteini, sinpleki, ez zaio buruan kabitzen posible izan daitekeenik borondatezko zentralismoa, burgesiaren agintea eta estatu makina burgesa zapaltzeko komunak nazioan borondatez batzea, komuna proletarioak borondatez fusionatzea. Bersteinentzat, filistear ororentzat bezala, zentralismoa goitik bakarrik etor daitekeen zerbait da, burokraziak eta militarismoak bakarrik mantendu dezaketen zerbait. Marxek nahita azpimarratzen du, bere ideiak desitxuratuak izan zitezkeen aukera aurreikusiko balu bezala, komunari nazioaren batasuna apurtu nahi izatea egoztea, botere zentrala ezabatu nahi izatea egoztea faltsutasun kontziente bat dela. Marxek nahita erabiltzen du “nazioaren batasuna antolatzea” esamoldea, zentralismo kontzientea, demokratikoa, proletarioa, zentralismo burgesari, militarrari, burokratikoari kontrajartzeko. Baina... ez dago entzun nahi ez duena baina gor okerragorik. Eta egungo sozialdemokraziako oportunistek, hain zuzen, ez dute hitzik entzun nahi estatu boterearen suntsiketaz, bizkarroiaren deusezteaz. 5. Estatu bizkarroiaren suntsiketa Jada aipatu ditugu eta orain hemen osatuko ditugu, Marxen hitzak puntu honi dagokionean. “...Ohikoa izaten da sorkuntza historiko berriak –idatzi zuen Marxek-, bizitza sozialeko forma zaharren eta zenduen erreprodukziotzat hartzea, hauekin antzekotasunen bat izan baitezakete. Horrela, Estatu botere modernoa deusezten (bricht: hausten) duen Komuna berri hau ere, Erdi Aroko komunaren erreprodukziotzat hartua izan da... Estatu txikien federazio bezala (Montesquieuek, girondinoek)..., gehiegizko zentralismoaren aurkako borroka zaharraren neurriz kanpoko forma bat bezala... ...Erregimen komunalak organismo sozialari itzuli zizkion ordura arte “Estatu” bizkarroia xurgatzen ari zen indar guztiak, zeina gizartearen kontura elikatzen baita eta honen mugimendu askea oztopatzen baitu. Ekintza honekin bakarrik Frantziaren birsorkuntza hasia zen... …Erregimen komunalak nekazal guneetako ekoizleak beren probintzietako hiriburuen gidaritza intelektualaren mendean jarriko zituen, hemen, hiriko langileengan, beren interesen ordezkari naturalak eskainiz. Komunaren existentzia soilak, bistakoa zenez, herri autonomiako erregimen bat inplikatzen zuen, baina ez jada alferrikakoa izango zen Estatu botere baten kontrapisu gisa.” “Estatu boterea deuseztea”, hau “bizkarroi” bat zela; bere “mozketa” eta “suntsiketa”; jada alferrikakoa izango zen “Estatu botere bat”: honela mintzatzen da Marx Estatuaz hitz egitean, Komunaren esperientzia baloratuz eta aztertuz. Hau guztia orain dela ia mende erdi izan zen idatzia, eta orain benetako indusketetara jo behar da masa zabalen kontzientziara faltsutu gabeko marxismo bat eramateko. Marxek bizi izan zuen azken iraultzaren azterketak ahalbidetutako ondorioak ahazmenera eramanak izan ziren, hain zuzen ere proletalgoaren ondorengo iraultza handien momentua iritsi zenean. “...Komunari ezarri zaizkion interpretazioen aldaera anitzek eta beren alderako interpretatu duten interesen aldaera anitzek, forma politiko erabat malgua zela erakusten dute, gobernuen aurreko forma guztiak ez bezala, denak oinarrian errepresiboak izan zirela. Hona hemen bere benetako sekretua: Komuna, esentzialki, langile klasearen gobernu bat zen, klase ekoizleak klase jabedunaren aurkako borrokaren fruitua, azkenean aurkitua, bere barnean lanaren emantzipazio politikoa aurrera eramatea ahalbidetzen zuen forma politikoa...” Azken baldintza hau gabe, erregimen komunala ezinezkoa eta iruzur bat izango zatekeen…”. Utopistek gizartearen eraldaketa sozialista eman behar zen forma politikoak “aurkitzen” jardun zuten. Anarkistek alboratu egin dute forma politikoen arazoa orokorrean. Egungo sozialdemokraziako oportunistek Estatu demokratiko parlamentarioaren forma burgesak hartu dituzte gainditu ezin daitezkeen muga bezala, eta burua hautsi dute “eredu” honen aurrean hainbeste ahuspeztatzen, anarkismotzat hartuz forma hauek hausteko xede oro. Marxek, sozialismoaren eta borroka politikoen historia guztitik, Estatuak desagertu egin beharko duela eta bere desagerketarako trantsizio forma (Estatutik ez Estaturako trantsizio forma) “klase dominatzaile bezala antolatutako proletalgoa” izango dela ondorioztatu zuen. Baina Marxek ez zuen helburutzat hartzen etorkizun honetako forma politikoak aurkitzea. Frantziako historiaren behaketa zorrotz bat egitera mugatu zen, bere azterketa eta 1851 urtean eraman zuen ondorioa behatzera: badator Estatu burgesaren makinaren suntsiketa. Eta proletalgoaren masen mugimendu iraultzailea lehertu zenean, mugimendu honek jasan zuen zartadaz gain, zein forma agertu zituen aztertzen hasi zen. Komuna iraultza proletarioagatik “azkenik aurkitua” izan den forma politikoa da, lanaren emantzipazio ekonomikoa lortzea ahalbidetzen duena. Komuna estatu makina burgesa suntsitzeko iraultza proletarioaren lehen saiakera da, eta suntsiturikoa ordezkatu dezakeen eta ordezkatu behar duen “azkenik aurkituriko” forma politikoa. Aurrerago, gure azalpenean zehar, 1905eko eta 1917ko iraultzak, beste egoera batzuetan, baldintza ezberdinetan, Komunaren obra jarraitzen dutela eta Marxen azterketa historiko bikaina baieztatzen dutela ikusiko dugu. IV. Kapitulua Jarraipena. Engelsen azalpen gehigarriak Marxek Komunaren esperientziaren esanahiaren funtsezko tesiak ezarriak utzi zituen. Engels behin eta berriz itzuli zen gai honetara, Marxen azterketa eta ondorioak argituz eta batzuetan auziaren beste aspektu batzuk azalduz, eta halako indar eta erliebearekin egin zuen, ezen bereziki beharrezkoa gertatzen dela azalpen hauetan geratzea. 1. “Etxebizitzaren arazoa” Etxebizitzaren arazoari buruzko bere lanean (1872), Engelsek jada Komunaren esperientzia kontuan hartzen du, hainbat alditan Estatuarekiko iraultzak dituen eginkizunetan gelditzen delarik. Interesgarria da ikustea, gai zehatz baten inguruan nola nabarmentzen diren, alde batetik, Estatu proletarioaren eta egungo Estatuaren arteko ezaugarri amankomunak –bi kasuetan Estatu bati buruz hitz egiteko oinarria ematen digutenak- eta, beste aldetik, ezberdintasunen ezaugarriak edo Estatuaren suntsiketarako trantsizioa. “Nola konpondu, orduan, etxebizitzaren arazoa? Egungo gizartean beste edozein arazo bezala konpontzen da: eskaintzaren eta eskariaren parekatze ekonomiko gradualaren bidez, konponbideak etengabe arazoa ugaltzen duelarik eta, beraz, ez hau ez da konponbidea. Iraultza sozialista batek arazo hau konponduko lukeen modua, ez dago denbora eta toki testuinguruaren baitan bakarrik, baizik eta, gainera askoz garrantzi handiagoa duten auziekin erlazionatzen da, hauen artean funtsezkoenetako bat bezala, hiriaren eta nekazalguneen kontrastea dagoelarik. Nola gu ez garen jarduten etorkizuneko gizartearen antolakuntzarako ezein sistema utopiko eraikitzen, alferrikakoa izango zen hemen geratzea. Egia da, hala ere, hiri handietan eraikin nahikoa existitzen direla jada gaur, erabilera arrazional bat emango balitzaie, berehala etxebizitzaren benetako triskantza oro konpontzeko. Hau, noski, egungo jabeak desjabetuz eta beren etxeetan etxerik ez duten edo pilaturik bizi diren langileak sartuz bakarrik lor daiteke. Eta proletalgoak botere politikoa konkistatu bezain laster, neurri hau, herri-onuren interesak inposatua, gaur egungo Estatuak burutzen dituen beste desjabetzeak eta etxebizitzen konfiskazioak burutzea bezain erraza izango da” (22. orr. 1887ko argitalpen alemaniarrean). Hemen Engelsek ez du estatu boterearen formaren aldaketa aztertzen, baizik eta soilik bere ekintzen edukia. Etxebizitzen desjabetze eta konfiskazioak egungo Estatuaren aginduz ere burutzen dira. Ikuspuntu formaletik Estatu proletarioak ere etxebizitzak konfiskatzeko eta eraikinak desjabetzeko “aginduko” du. Baina bistakoa da aparatu betearazle zaharra, burgesiari lotutako burokrazia, sinpleki erabilezina izango litzakeela Estatu proletarioaren aginduak gauzatzeko. “…Argi utzi behar da biztanleria langilea, lan bitarteko guztiez, industria guztiaz, eraginkorki jabetzea, hain zuzen ere “erreskate” proudhondarraren aurkakoa dela. Bigarren konponbidean, langile bakoitza da etxebizitzaren, landaren, lan bitartekoaren jabe izatera pasatzen dena; lehenengoan, aldiz, “biztanleria langilea da” etxebizitzen, fabriken eta lan bitartekoen jabe kolektibo izatera pasatzen dena, eta ez da oso probablea, trantsizio aldian behintzat, gizabanakoei edo kooperatiba sozietateei gastuen kalteak ordaindu gabe hauen erabilpena ematea. Lur jabetzaren abolizioak lurraren errentaren abolizioa inplikatzen ez duen moduan, hau gizartearen esku jartzea baizik, nahiz eta aldaketa batzuekin izan; biztaleria langilea lan bitarteko guztiez eraginkorki jabetzeak, ez du kentzen, inondik inora, errenta erlazioa mantentzea”. (68. orr.) Pasarte honetan zirriborraturiko auzia, Estatuaren iraungipenaren oinarri ekonomikoen auzia, hurrengo kapituluan aztertua izango da. Engels berebiziko zuhurtziaz mintzatzen da, “ez da oso probablea”, “trantsiziozko aldian behintzat”, Estatu proletarioak etxebizitza dohainik ematea esatean. Familia ezberdinei herri guztiaren jabetza diren etxebizitzak errentan emateak, alokairu bat kobratzea, etxebizitzaren banaketaren kontrol eta erregulazio jakin bat ematea suposatzen du. Honek guztiak Estatu forma jakin bat eskatzen du, baina ez du behar inondik inora aparatu militarrik ezta egoera pribilegiatu batez gozatzen duten funtzionarioen aparatu berezirik ere. Eta etxebizitzak dohainik ematea posible izango den egoera baterako trantsizioa, Estatuaren erabateko “iraungipenarekin” loturik dago. Nola Blankistek, Komunaren ondoren eta honen esperientziak bultzaturik, marxismoaren printzipioen jarrera hartu zutenari buruz hitz egitean, Engelsek honako posizionamendu hau formulatzen du ondorengo terminoetan: “…Proletalgoaren ekintza politikoaren eta bere diktaduraren beharra, klaseen ezabaketarako eta, hauekin Estatua ezeztatzeko pasuso bezala…” (55. orr.). Kritika literalaren zaletu batzuek edo marxismoaren zenbait “sarraskitzaile” burgesek agian kontraesan bat aurkituko dute “Estatuaren ezabaketaren” aitorpen honen eta aurrerago aipaturiko Anti-Dühringeko pasartean, halako formula anarkista izateagatik ukatzearen artean. Ez luke ezer arrarotik edukiko, oportunistek ere Engels “anarkisten” artean sailkatuko balute, gaur geroz eta gehiago orokortuz baitoa sozialchauvinisten artean internazionalistak anarkistatzat salatzeko tendentzia. Marxismoak beti azaldu izan du klaseen ezabaketarekin batera gauzatuko dela Estatuaren ezabaketa. Hain ezaguna den “Estatuaren iraungipenari” buruzko Anti-Dhüringeko pasarteak ez ditu anarkistak sinpleki Estatuaren ezabaketaren alde agertzeagatik salatzen, Estatua “gauetik goizera” ezabatzeko aukera predikatzeagatik baizik. Gaur egun nagusi den doktrina “sozialdemokratak” erabat desitxuratu duenez Estatuaren suntsiketarekiko marxismoak anarkismoaren aurrean duen jarrera, oso baliagarria izango da Marx eta Engelsek anarkistekin eduki zuten polemika bat gogoratzea. 2. Polemika anarkistekin Polemika hau 1873an gertatu zen. Marxek eta Engelsek almanaka sozialista italiar batentzat artikulu batzuk idatzi zituzten proudhondarren aurka. Artikulu hauek 1913an bakarrik argitaratuak izan ziren alemanieraz, Neu Zeit aldizkarianxv. “Langile klasearen borroka politikoak –idatzi zuen Marxek anarkistak eta beren politikaren ukapena barregarri utziz- forma iraultzaileak hartzen baditu, langileek burgesiaren diktadura beren diktaduragatik ordezkatzen badute, printzipio urraketa delitu izugarri bat egiten ari dira, zeren beren eguneroko behar material dohakabeak asetzeko, burgesiaren erresistentzia garaitzeko, Estatuari forma iraultzaile eta iragankor bat ematen baitiote, armak utzi eta hau abolitu beharrean…” (Neue Zeit, 1913-1914, 32. urtea, t. l., 40. orr.) Hona hemen Estatuaren zein “abolizioren” aurka bakarrik agertzen zen Marx anarkistak errefutatzean! Ez da, inolaz ere, Estatua klaseen desagerketarekin desagertuko denaren edo hauek ezabatzean ezabatua izango denaren aurka, baizik eta langileek armak erabiltzeari eta biolentzia antolatuari uko egitearen aurka, hau da, “burgesiaren erresistentzia garaitzeko” balio behar duen Estatuari uko egitearen aurka. Marxek nahita azpimarratzen du –bere anarkismoaren aurkako borrokaren zentzua desitxuratu ez dadin- proletalgoak behar duen Estatuaren “forma iraultzaile eta iragankorra”. Proletalgoak Estatua denbora baterako bakarrik behar du. Ez gaude inola ere anarkistekin ezadostasunean Estatuaren abolizioari dagokionean, helmuga bezala. Berresten duguna da, helmuga hau lortzeko, beharrezkoa dela Estatu boterearen tresnak, baliabideak, metodoak esplotatzaileen aurka aldi baterako erabiltzea, beharrezkoa dela klaseak deusezteko klase zapalduaren diktadura iragankorra. Marxek anarkisten aurka arazoaren planteamendu irmoena eta argiena hautatzen du: kapitalisten uztarria eraistean, langileek armak utzi beharko dituzte ala burgesiaren aurka erabili hauen erresistentzia garaitzeko? Eta klase batek beste klase baten aurka armak sistematikoki erabiltzea, zer da Estatuaren “forma iragankor bat” ez bada? Sozialdemokrata bakoitzak galde diezaiola bere buruari ea horrelakoa den anarkistekin zuen polemikan Estatuaren auzia planteatu duen modua, ea horrelakoa den II. Internazionaleko alderdi sozialisten gehiengo zabalak auzi hau planteatu duen modua. Engelsek ideia hauek modu are zehatzago eta herrikoiago batean azaltzen ditu, barregarri utziz, batez ere, proudhondarren nahaspila ideologikoa, zeintzuk “antiautoritario” deitzen ziren, hau da, autoritate oro, menpekotasun oro, botere oro ukatzen zuten. Har ezazue fabrika bat, trenbide bat, itsaso zabaleko itsasontzi bat, Engelsek dio: Akaso ez al da bada begi-bistakoa menpekotsun jakin bat gabe eta, beraz, autoritate edo botere jakin bat gabe ezinezkoa izango dela enpresa tekniko konplexu hauetariko bakar baten funtzionamendua, zeinak makinen erabileran eta pertsona askoren elkarlan harmonikoan oinarritzen baitiren? “…Antzeko argumentuak azaldu dizkiedanean antiautoritario amorratuei –idazten du Engelsek-, ez dute jakin izan hau besterik erantzuten: “Ah! Hori egia da, baina hemen kontua ez da guk ordezkariei autoritate bat ematea, “enkargu bat baizik!” Jaun hauek gauza alda dezaketela uste dute honi izena aldatuz…” Modu honetan, autoritatea eta autonomia kontzeptu erlatiboak direla, beren aplikazio eremua garapen sozialeko fase ezberdinekin aldatu egiten dela eta kontzeptu hauek zerbait absolutu bezala hartzea absurdoa dela frogatu ostean, eta makinen eta industria handiaren aplikazioa geroz eta gehiago zabaltzen dela gehituz, Engels autoritatearen inguruko kontsiderazio orokorretik Estatuaren auzira pasatzen da. “…Autonomistak –jarraitzen du- etorkizuneko antolamendu sozialak autoritatea ekoizpeneko baldintzek ekidiezina egingo duten muga zorrotzetaraino murriztuko duela esatera mugatuko balira, ulertu ahalko ginateke; baina horren ordez, autoritatea beharrezko egiten duen guztiaren aurrean itsu mantentzen dira eta suminduraz hitzaren aurka borrokatzen dira. Zergatik antiautoritarioak ez dira autoritate politikoaren, Estatuaren, aurka oihu egitera mugatzen? Sozialista guztiak ados daude Estatua, eta berarekin autoritate politikoa, hurrengo iraultza sozialistaren ondorioz desagertuko dela, hau da, funtzio publikoak beren izaera politikoa galduko dutela, interes sozialaren alde arduratuko diren funtzio administratibo sinple bihurtuz. Baina antiautoritarioek Estatu politikoa kolpe batez abolitua izan dadila eskatzen dute, baita hau sortarazi zuten erlazio sozialak suntsituak izan baino lehenago ere. Iraultza sozialaren lehen ekintza autoritatearen abolizioa izan dadila exijitzen dute. Ez al dute jaun hauek inoiz iraultzarik ikusi? Iraultza bat, dudarik gabe, existitzen den gauzarik autoritarioena da; herritarren zati batek beste zatiari bere borondatea fusilen, baioneten, kainoien bidez inposatzen dion ekintza da, baliabide autoritarioetan autoritarioenekin; eta alderdi garaileak, ez badu nahi alferrik borrokatu izana, euren armek erreakzionarioei sortzen dien beldurrarekin mantendu behar du nagusitasun hau. Akaso Parisko komunak iraungo al zuen egun bat bera ere, herri armatuaren autoritate hau burgesen aurrean erabili izan ez balitz? Ezin al diogu, alderantziz, hau nahikoa erabili ez izana egotzi? Honela beraz, bietako bat: edo autoritarioek ez dakite zer esaten duten, eta kasu honetan ez dute nahasmena zabaldu besterik egiten; edo badakite eta kasu honetan proletalgoaren mugimendua traizionatzen dute. Kasu batean ala bestean erreakzioari laguntzen diote.” (39. orr.). Pasarte honetan, Estatuaren iraungipen aldian politikaren eta ekonomiaren arteko korrelazioaren gaiarekin loturik aztertzea komeni diren auziak jorratzen dira (hurrengo kapitulua eskainiko diogun gaia). Auzi hauek funtzio publikoen eraldaketarena, funtzio politiko izatetik funtzio sinpleki administratiboetara, eta “Estatu politikoarena” bezalako auziak dira. Azken esamolde hau, gaizki ulertuak sortzeko hain gai dena, Estatuaren iraungipen prozesuari buruzkoa da: hilzorian dagoen Estatua, bere iraungipenaren fase jakin batera iristean, Estatu ez politikotzat har daiteke. Engelsen pasarte honetan ere, zatirik aipagarriena anarkisten aurkako bere arrazoiketa da. Engelsen dizipulu bezala agertu nahi duten sozialdemokratek milioika aldiz eztabaidatu dute anarkistekin 1873az geroztik, baina hain zuzen ere ez dute eztabaidatu marxistek ahal duten eta egin behar duten moduan. Estatuaren abolizioaren kontzeptu anarkista nahasia da eta ez da iraultzailea: horrela planteatzen du Engelsek auzia. Anarkistek ez dute hain zuzen ere iraultza bere jaiotzan eta garapenean ikusi nahi, biolentziarekiko, autoritatearekiko, boterearekiko eta Estatuarekiko dituen eginkizun zehatzetan. Gure garaietako sozialdemokratek anarkismoari egiten dioten ohiko kritika zabarkeriarik burges txikienean jausi da: “Guk Estatua onartzen dugu, anarkistek ez!”. Begi-bistakoa da halako baldarkeria batek ezin duela langileak nazkarazi besterik egin, hauek oso pentsakorrak eta iraultzaileak ez izan arren. Engelsek beste zerbait dio: Estatuaren desagerpena, iraultza sozialistaren ondorio bezala, sozialista guztiek aitortzen dutela azpimarratzen du. Gero modu zehatz batean lantzen du iraultzaren arazoa, hain zuzen ere sozialdemokratek arrazoi oportunistengatik saihestu ohi duten arazoa, anarkistei uzten diotelarik, horrela esatearren, honen “azterketaren esklusiba”. Eta arazo hau planteatzean, Engelsek zezena adarretatik heltzen du: Ez al zuen komunak gehiago erabili behar Estatuaren botere iraultzailea, hau da, klase dominatzaile bezala antolatutako proletalgo armatua? Orokorrean, sozialdemokrazia ofizial nagusiak proletalgoak iraultzan dituen eginkizun konkretuen auzia saihesten zuen, bai filistearren burla sinpleekin, bai, kasurik hoberenean, “Ikusiko dugu!” esaldi sofistikatu eta iheskorrarekin. Eta anarkistek eskubide osoa zuten, sozialdemokrazia hau langileak modu iraultzaile batean hezteko bere eginkizuna traizionatzen ari zela esateko. Engels azken iraultza proletarioko esperientziaz baliatzen da, hain zuzen ere, modurik zehatzenean, bankuekin bezala Estatuaren inguruan ere proletalgoaren jarrerak zein izan behar duen eta honek nola jardun behar duen aztertzeko. 3. Gutun bat Bebeli Estatuari buruzko Marx eta Engelsen idazlanetako arrazonamendurik bikainenetako bat, ez bada bikainena, 1875eko martxoaren 18-28an Engesek Bebeli idatziriko gutun bateko ondorengo pasartean dago. Gutun hau –parentesi artean esana izan dadila- lehenengo aldiz guk dakigula, Bebelek argitaratu zuen bere memorien (Nire Bizitza) bigarren liburukian, eta 1911ean ikusi zuen argia, hau da, gutun hura bidalia izan zenetik 36 urteetara. Engelsek Bebeli, Marxek Brakei idatziriko gutun famatuan kritikatu zuen Gotha programaren proiektu bera kritikatuz idatzi zion. Eta, bereziki Estatuaren auziari dagokionean, ondorengoa esaten zion: “… Herri Estatu askea Estatu aske bilakatu da. Hitz hauen zentzu gramatikalaren arabera, Estatu aske bezala bere herritarrekiko askea den Estatu bat ulertzen da, hau da, gobernu despotikodun Estatu bat. Estatuaren inguruko hitzontzikeria guzti hori alboratu beharko litzateke, batez ere Komunaren ondoren, jada ez zela Estatu bat hitzaren zentzu hertsian. Anarkistek behar baino gehiago aurpegiratu digute “herri Estatuarena”, nahiz eta jada Marxek Proudhonen aurka idatziriko lanak eta gero Manifestu Komunistak argi eta garbi esaten duen, erregimen sozialistaren ezarpenarekin, Estatua bere kabuz (sich auflöst) desegingo dela eta desagertu egingo dela. Estatua borrokan, iraultzan, etsaiak biolentziaz menperatzeko erabiltzen den instituzio iragankor huts bat izanik, absurdua da herritik askea den Estatu batetaz hitz egitea: proletalgoak oraindik Estatua behar duen bitartean, ez du beharko askatasunaren interesetan, bere etsaiak menperatzeko baizik, eta askatasunaz hitz egin daitekeen bezain laster Estatuak bere gisan existitzeari utziko dio. Horregatik, guk Estatu hitza erabili beharrean, beti erabili ahalko genuke ‘komunitate’ hitza (Gemeinwesen), hitz alemaniar on eta zahar bat, frantseseko commune hitzaren baliokide dena” (321-322 orr. Argitalpen alemaniarrean). Kontuan hartu behar da gutun honek alderdiaren programari egiten diola erreferentzia, Marxek hau baino aste batzuk beranduago bakarrik kritikatu zuena (1875eko maiatzaren 5eko Marxen gutuna), eta Engels orduan Londresen bizi zela, Marxekin. Horregatik gutunaren azken lerroetan “guk” esatean, Engelsek, dudarik gabe, bere eta Marxen izenean, Alemaniako Langile Alderdiko buruzagiari programatik “Estatua” hitza ezabatzeko eta “komunitate” hitzagatik ordezkatzeko proposatzen dio. “Anarkismoaren” inguruko zer nolako marruak jaurtiko ote lituzkete egungo “marxismoaren” buruzagiek, oportunisten erabilerarako faltsuturiko “marxismoa”, honelako emendakin bat proposatuko balitzaie euren programan! Marru egin dezatela nahi beste. Burgesiak goraipatu egingo ditu horregatik. Baina guk geure lanarekin jarraituko dugu. Geure alderdiaren programa berrikusten dugunean, hutsik egin gabe, kontutan hartu beharko dugu Engels eta Marxen aholkua, egiara gehiago hurbiltzeko, marxismoa eraberritzeko, desitxuraketetatik garbituz, langile klasearen askapenaren borroka egokiago orientatzeko. Boltxebikeen artean ez da egongo, ziur, Engels eta Marxen aholkuaren aurka agertuko denik. Zailtasuna, akaso, soilik terminoan egongo da. “Komunitate” kontzeptua adierazteko alemanieran bi hitz daude, eta Engelsek ez zuen komunitate bat banandurik esan nahi duena aukeratu, hauen batasuna esan nahi duena baizik, komunen sistema alegia. Errusieraz ez da horrelako hitzik existitzen, eta agian frantzeseko commune erabili beharko dugu, honek ere bere ezegokitasunak eduki arren. “Komuna ez zen jada Estatu bat hitzaren zentzu hertsian”: hona hemen ikuspuntu teorikotik Engelsen baieztapenik garrantzitsuena. Aurrerago azaldutakoaren ondoren, baieztapen hau erabat logikoa egiten da. Komuna Estatu bat izateari uzten ari zen, bere egitekoa ez zen herritarren gehiengoa zapaltzea, gutxiengo bat (esplotatzaileak) baizik; Estatu burgesaren makinaria apurtu zuen; errepresiorako indar berezi bat izan beharrean, herritarrak beraiek sartu ziren eszenatokian. Honek guztiak, bere zentzu hertsian harturiko Estatutik banatzea esan nahi du. Eta Komuna egonkortu izan balitz, berarengan Estatuaren aztarnak euren kabuz “iraungitzen” joango ziren; ez zen beharrezkoa izango bere instituzioak” “ezabatzea”: hauek funtzionatzeari utziko zioten egiteko ezer edukiko ez zuten neurrian. “Anarkistek behar baino gehiago aurpegiratu digute “herri Estatuarena”. Honela hitz egitean, Engels, batez ere, Bakuninei buruz eta honen sozialdemokrata alemaniarren aurkako erasoei buruz ari da. Engelsek eraso hauek bidezkoak direla onartzen du “herri Estatua” absurdu bat den neurrian eta “herri Estatu askea” sozialismoari erabat urruna zaion kontzeptua den heinean. Engels, anarkisten aurkako sozialdemokrata alemaniarren borroka zuzentzen saiatzen da, borroka hau printzipioen borroka justu batean bilakatzen, Estatuaren inguruko aurreiritzi oportunista guztietatik garbitzen. Baina, aiene! Engelsen gutunak 36 urte pasa zituen kutxa baten barrenean. Eta beherago ikusiko dugu, argitaratu ondoren ere, Kautskyk, esentzian, Engelsek ohartarazten zituen akats berdinak errepikatzen jarraitzen duela irmoki. Bebelek Engelsi 1875eko irailaren 21ean erantzun zion, beste gauz batzuen artean, programaren proiektuaren inguruko bere iritziekin “erabat ados” zegoela zioen eta Liebknechti aurpegiratu ziola honen tolerantzia ( 334. orr. Bebelen memorien argitalpen alemaniarrean, II. liburukia). Baina Gure helburuak izeneko Bebelen foiletoa irekitzen badugu, Estatuari buruzko kontsiderazio erabat faltsuak aurkituko ditugu bertan. “Estatuak, klase dominazioan oinarritutako Estatu batetik herri Estatu batean bilakatu behar du” (Unsere Ziele, 1886ko argitalpen alemaniarreko 14. orr.) Honela inprimatua agertzen da Bebelen foiletoaren bederatzigarren (bederatzigarren!) argitalpenean. Ez da harritzekoa Estatuaren inguruko iritzi oportunisten hain errepikapen setatia sozialdemokrazia alemaniarrak asimilatu izana, batez ere Engelsen azalpen iraultzaileak gordeta mantentzen zirenean eta bizitzaren baldintza guztiek denbora askoan zehar iraultzaren ohitura galduarazi zutenean. 4. Erfurt Programaren proiektuari kritika Erfurt Programaren proiektuari kritika, Engelsek Kautskyri 1891eko ekainaren 29an bidalia izan zen eta soilik 10 urteren buruan argitaratu zen Neue Zeiten. Idazlan hau ezin daiteke aintzakotzat hartu gabe utzi Estatuaren inguruko teoria marxistaren azterketa batean, Estatuaren antolakuntzari dagokionean sozialdemokraziaren kontzepzio oportunistak kritikatzera eskainia baitago. Bide batez seinalatuko dugu, Engelsek arazo ekonomikoen puntuan, argibide oso garrantzitsu bat ere egiten duela, hain zuzen ere kapitalismo modernoan ematen ari ziren aldaketak zein adi eta pentsakor jarraitzen zituen eta nola horrek puntu bat arte gure garaiko, garai inperialistako, eginkizunak aurrikustea baimentzen zion erakusten duela. Hona hemen aipaturiko argibidea: kapitalismoa deskribatzeko programaren proiektuan erabilitako “plangintza falta” (Planlosigkeit) hitzak direla eta, Engelsek zera idazten du: “…Sozietate anonimoetatik trustetara pasatzen bagara, zeinak adar industrial osoak menperatzen eta monopolizatzen baitituzte, hemen, ekoizpen pribatua ez ezik, plangintza falta ere amaitzen dela ikusten dugu” (Neue Zeit, 20 urtera, t. l, 1901-1902, 8. orr.). Hemen dago ezkutatua kapitalismo modernoaren, hau da, inperialismoaren ulermen teorikoaren funtsezkoena dena, hots: kapitalismoa, kapitalismo monopolista batean bihurtzen dela. Hau azpimarratzea komeni da, zeren akatsik orokortuena baieztapen erreformista-burgesa izan ohi da, kapitalismo monopolista edo Estatuko kapitalismo monopolista jada ez dela kapitalismoa, “Estatuko sozialismoa” dei daitekeela eta antzeko gauzak esaten dituena. Noski, trustek ez dute barnean ekartzen, ez dute gaur arte ekarri eta ezin dute ekarri planifikazio osatu bat. Baina zenbateraino diren beraiek planak diseinatzen dituztenak, zenbateraino diren kapitalaren magnateak aurretik ekoizpenaren bolumena eskala nazionalera eta eskala internazionalera kalkulatzen dutenak, zenbateraino diren beraiek planen arabera ekoizpena erregulatzen dutenak; hala eta guztiz ere, kapitalismoaren barnean gaude -honen fase berri batean, egia da, baina kapitalismoaren barnean, dudarik gabe-. Halako kapitalismoak sozialismoarekiko duen “hurbiltasunak”, proletalgoaren benetako ordezkarientzat, iraultza sozialistaren gertutasunaren, erraztasunaren, bideragarritasunaren eta premiaren aldeko argumentu bat osatu behar du, baina ez, inondik inora, iraultza hau ukatzen dutenen aurrean eta kapitalismoa apaintzen dutenen aurrean tolerantziazko jarrera bat mantentzeko argumentu bat, erreformistek egiten duten moduan. Baina bueltatu gaitezen Estatuaren auzira. Hiru motatakoak dira Engelsek hemen egiten dituen azalpen bereziki baliagarriak: lehenik, errepublikaren auziari buruzkoak; bigarrenik, nazio arazoaren eta Estatuaren egituraren arteko erlazioei eragiten dienak; eta hirugarrenik, herri autonomia administratiboaren ingurukoak. Errepublikari dagokionean, Engelsek hau Erfurt programaren proiektuari egiten zion kritikaren erdigune bilakatu zuen. Kontuan hartzen badugu Erfurt programak sozialdemokrazia internazional guztian hartu zuen garrantzia eta programa hau II. Internazionalarentzat eredu bilakatu zela, gehiegikerietan erori gabe esan dezakegu, Engelsek hemen II. Internazional guztiaren oportunismoa kritikatzen duela. “Proiektuaren erreibindikazio politikoak –idazten du Engelsek- akats handi batez minberatuak daude. Ez dago bertan (Engelsek berak azpimarratua) benetan esan behar zenik”. Eta aurrerago argitzen da Konstituzio alemaniarra, zehatz-mehatz, 1850eko Konstituzioaren kalko bat dela, erreakzionarioa muturrean; Reichstaga ez dela, Guillermo Liebknechten esamoldearen arabera, “absolutismoaren mahasparra hostoa” besterik eta “begi bistako absurdu bat” dela “lan bitarteko guztiak jabetza komunean eraldatzea”, Estatu txikiak eta Estatu alemaniar txikien federazioa legeztatzen duen Konstituzio batean oinarrituz. “Hau ukitzea arriskutsua da”, gehitzen du Engelsek, oso ongi baitaki Alemanian ezin dela legez programaren barnean errepublikaren errebindikazioa sartu. Hala ere, Engels ez da asebetetzen “denak” gustura uzten dituen bistako burutapen honekin. Engelsek jarraitzen du: “Eta, nolanahi ere, ez dago auzi honi modu batera ala bestera heldu beste erremediorik. Zein punturarte den beharrezkoa oportunismoak erakusten du, hain zuzen ere orain, prentsa sozialdemokrataren zati handi batean zabaltzen (einreissende) ari den honetan. Sozialisten aurkako legeaxvi berrezartzearen beldurrez, edo inperiopean egindako lege haren adierazpen heldugabe ezberdinen beldurrez, orain alderdiak Alemanian indarrean den legezko ordena bere errebindikazio guztiak bide baketsuetatik gauzatzeko nahikoa dela aitortu dezan nahi da…” Engelsek lehen mailan nabarmentzen du funtsean sozialdemokrata alemaniarrek salbuespen legea berrezartzearen beldurrez jarduten zutela, eta hau, itzulingururik gabe, oportunismo bezala kalifikatzen du, bide “baketsu” baten ametsak erabat absurdu bezala adieraziz, hain zuzen ere Alemanian ez direlako ez errepublika ezta askatasunak ere existitzen. Engels eskuak ez lotzeko bezain zuhurra da. Onartzen du, errepublikadun herrialdeetan edo askatasun oso handia dutenetan “imajinatu daitekeela” (“imajinatu” bakarrik!) sozialismoranzko garapen baketsu bat, baina Alemanian, errepikatzen du: “…Alemanian, non gobernua ia ahalguztiduna den eta Reischstagak eta instituzio ordezkatzaile guztiek botere eraginkorrik ez duten, horrelako zerbait aldarrikatzea eta, gainera, inolako beharrik gabe, absolutismoari mahasparrako hostoa kentzea eta norbera bere biluztasuna estaltzen hastea esan nahi du…” Eta, izan ere, gertatu zen, azalpen hauek “artxibatu” zituen Alderdi Sozialdemokrata Alemaniarreko buruzagi ofizialak, beren gehiengo zabalean, absolutismoaren estaltzaileak zirela. “…Halako politikak alderdia bera bide okerrean jarri bakarrik egin dezake. Lehen mailara pasarazten dira auzi politiko orokorrak, abstraktuak, eta modu honetan auzi konkretuenak, berehalakoenak, ezkutatzen dira, apenas lehen gertaera handiak ematen direnean, lehen krisi politikoan, bere kabuz eguneko gai zerrendan jartzen direnak. Eta honekin lortzen den gauza bakarra, momentu erabakiorra ailegatzen denean, alderdia bat batean nahasita sentitzea da, arazo erabakigarrien aurrean bere barnean nahasmenak eta desadostasunak agintzea, inoiz eztabaidatu ez izanagatik…” Eguneroko berehalako interesen mesedetan eginiko hausnarketa handien eta funtsezkoen ahazmen honek, etorkizuneko ondorioetaz ohartu gabe arrakasta iragankorrak jarraitze eta horien alde borrokatze honek, mugimenduaren etorkizuna orainaren mesedetan sakrifikatze honek, arrazoi “zintzoak” jarraituko ditu, baina oportunismoa da eta izaten jarraituko du, eta oportunismo “zintzoa” da agian denetan arriskutsuena dena… Zerbait ukaezina badago, gure alderdia eta langile klasea boterera soilik errepublika demokratikoaren forma politikopean ailegatu daitezkeela da. Hau da, forma zehatza proletalgoaren diktadurarako ere, Frantziako iraultza handiak jada agerian utzi duen bezala…”. Engelsek hemen, garrantzia bereziz, Marxen obra guztietan zehar lotura hari bezala doan funtsezko ideia errepikatzen du: errepublika demokratikoa proletalgoaren diktadurarako bide gertukoena da, zeren errepublika honek, nahiz eta inondik ere ez duen kapitalaren dominazioa kentzen ezta, beraz, masen zapalkuntza ez klase arteko borroka ere, ezinbestean borroka honen zabaltzera, hedatzera, nabarmentzera eta areagotzera eramaten du, hanibestekoa ezen behin masa zapalduen bizitzeko interesak asetzeko aukera sortzen denean, aukera hau, nahitaez eta esklusiboki proletalgoaren diktadurarekin gauzatzen dela, hau da, proletalgoak masa hauen zuzentzearekin. II. Internazional guztiarentzat, hauek ere marxismoaren “ahazturiko hitzak” dira, eta ahazmen hau gardentasun harrigarri batez agertu zen mentxebikeen alderdiaren historian 1917ko iraultza errusiarraren lehen seihilekoan. Errepublika federalaren arazoaren inguruan, hau herritarren osaera nazionalarekin erlazionatuz, Engelsek zera idazten zuen: “Zer da egungo Alemaniaren postua ordezkatu behar duena?” (Bere Konstituzio monarkiko-erreakzionarioarekin eta era berean erreakzionarioa den bere Estatu txikien sistemarekin, “prusianismoaren” berezitasunak betierekotzen dituela, hauek osotasun bat eratzen duen Alemania batean desegin beharrean.) “Nire iritziz, proletalgoak errepublika bakar eta zatiezinaren forma bakarrik erabili dezake. Errepublika federala gaur egun oraindik ere, orokorrean, behar bat da Estatu Batuetako eremu erraldoiean, nahiz eta Ekialdeko herrialdeetan jada oztopo batean bihurtzen ari den. Aurrerapen bat adieraziko luke Ingalaterran, non bi irletan lau nazio bizi diren eta non, parlamentu bat besterik egon ez arren, aldi berean hiru legegintza sistema existitzen diren. Suitza txikian denbora da jada oztopo batean bilakatu dela, eta han oraindik errepublika federala jasan badaiteke, Suitzak Estatu europearren sisteman erabat kide pasiboa izatearekin nahikoa duelako da. Alemaniarentzat, Suitzaren moduko erregimen federalista batek atzerapen ikaragarria esan nahiko luke. Bi puntu dira Estatu federal bat eta Estatu unitario bat bereizten dituztenak, hots: federazioko Estatu partaide bakoitzak bere legegintza zibila eta kriminala eta bere antolakuntza judiziala duela; eta herri ganbara batez gain, ganbara federal bat existitzen dela, non kantoi bakoitzak bere gisara bozkatzen duen, izan handia ala txikia”. Alemanian, Estatu federala Estatu erabat baturako trantsizioa da, eta 1866eko eta 1870eko “goitiko iraultzak”xvii ez du zertan ezeztatua izan behar, “behetiko mugimendu” baten bidez osatua baizik. Engels ez da soilik Estatuaren formen arazoaren aurrean axolagabekeriarik gabe agertzen; alderantziz, hain zuzen ere trantsizio formak zehaztasun harrigarriarekin aztertzen ahalegintzen da, kasu bakoitzean, bereizgarritasun historiko konkretuen arabera, emandako formak zein motatako igarotzea –zertatik zertara- aurresuposatzen duen zehazteko. Engelsek, Marxek bezala, proletalgoaren eta iraultza proletarioaren ikuspuntutik, zentralismo demokratikoa defendatzen du, errepublika bakar eta zatiezina. Errepublika federala, bai garapenerako salbuespen bezala edo oztopo bezala, edo baita monarkiatik errepublika zentralizaturako trantsizio bezala ikusten du, “aurrerapauso” bezala baldintza jakin berezi batzuetan. Eta baldintza berezi horien artean arazo nazionala nabarmentzen da. Engelsek, Marxek bezala, Estatu txikien erreakzionarismoari eta kasu jakin batzuetan erreakzionarismo hau arazo nazionalarekin estaltzeari egin zion kritika zorrotzaz gain, beragan ez dugu arazo nazionala baztertzeko joera izpirik aurkitzen. Sarritan Holandako eta Poloniako marxistak joera honetan erortzen dira, “beren” Estatu txikietako nazionalismo filistear estuaren aurkako borroka oso legitimotik habiatzean. Ingalaterran ere, non baldintza geografikoek, hizkuntzaren erkidegoak eta mende askotako historiak herrialdeko lurralde zatiketa txikietan arazo nazionala “desegin” behar zuela dirudien arren, hemen ere Engelsek kontuan hartzen du, begi bistakoa dela oraindik arazo nazionala gainditu gabe dagoela, arrazoi honengatik aitortzen duelarik “aurrerapauso” bezala errepublika federala. Argi ulertzen da hemen ez dagoela ukapen izpirik ere errepublika federalen akatsak kritikatzeari, ez progagandari, ezta errepublika unitarioaren, errepublika zentralizatu baten, aldeko borroka tinkoenari ere. Baina Engelsek ez du inola ere zentralismo demokratikoaren kontzeptua, ideologo burgesek eta burges txikiek, anarkistak barne, kontzeptu hau erabiltzen duten zentzu burokratikoan ulertzen. Engelsentzat, zentralismoak ez du baztertzen, inondik ere, herri autonomia zabal hori; kontuan hartuz “komunek” eta eskualdeek Estatuaren batasuna borondatez defendatzen dutela, zentralismo honek erabat ezabatzen ditu burokratismo oro eta “goitiko” aginte oro. “…Honela beraz, errepublika unitarioa –idazten du Engelsek, Estatuari buruzko marxismoaren ideia programatikoak garatuz-, baina ez egungo Frantziako Errepublikaren zentzuan, ez dela 1789an fundatutako enperadorerik gabeko inperio bat besterik. 1792tik 1798ra, Frantziako departamentu orok, komuna (Gemeinde) orok erabateko autonomia zuen, eredu iparramerikarra bezala, eta hori da guk ere eduki behar duguna. Iparramerikak eta lehenengo Frantziako Errepublikak erakutsi ziguten, eta Kanadak, Australiak eta beste antzeko kolonia ingelesek erakusten digute gaur oraindik, nola antolatu behar diren autonomiak eta nola baztertu daitekeen burokrazia. Eta probintzi eta udalerrietako autonomia hau askoz ere askeagoa da, adibidez, federalismo suitzarra baino, non kantonamendu suitzarrak benetan independentzia handia duen federazioarekiko” (hau da, Estatu federalarekiko osotasunean), “baina baita barrutiarekiko (Bezirk) eta herriarekiko ere”. Gobernu kantondarrek barrutiko polizia buruak (Bezirksstatthalter) eta prefektuak izendatzen dituzte, erabat ezezaguna hizketa ingeleseko herrialdeetan, eta guk etorkizunean Prusiako Landartak eta Regierungsratak ezabatu ziren energia berarekin ezabatu beharko ditugu” (komisario, polizia buru, gobernatzaile eta, orokorrean, gohitik izendaturiko funtzionario guztiak). Honekin batera, Engelsek autonomiaren inguruko programaren puntua ondorengo moduan formulatua izan dadila proposatzen du: “Erabateko autonomia probintziarentzat” (probintzia edo eskualdea), “barrutiarentzat eta herriarentzat, sufragio unibertsalez aukeraturiko funtzionarioekin. Estatuak izendaturiko autoritate lokal eta probintzial guztien ezabatzea”. Kerenskyren eta beste ministro “sozialista” batzuen gobernuak geldiarazi duen Pravdanxviii (68. Zenb., 1917ko maiatzaren 28a), azpimarratu behar izan nuen, puntu honetan –ongi ulertuz ez dela, inondik ere, puntu honetan bakarrik-, sasidemokrazia sasiraultzaile bateko gure ordezkari sasisozialistak modu ikaragarrian aldendu direla demokraziatik. Normala da burgesia inperialistari “koalizioz” loturiko gizonek argibide hauei entzungor egin izana. Bereziki garrantzitsua da nabarmentzea, Engelsek, gertaerekin argudiatuz eta adibiderik zehatzenetan oinarrituz, errefusatu egiten duela demokrata burges txikien artean izugarri zabaldurik dagoen aurreiritzia, errepublika federalak, dudarik gabe, errepublika zentralistak baino askatasun gehiago inplikatzen duenaren aurreiritzia. Hau faltsua da. Engelsek aipatzen dituen 1792tik 1798rako Frantziako errepublika zentralistaren eta Suitzako errepublika federalaren inguruko gertaerek gezurtatu egiten dute aurreiritzi hau. Errepublika zentralista benetan demokratikoak errepublika federalak baino askatasun gehiago eman zuen. Edo beste termino batzuetan esanda: historian ezagutzen den herrietako, probintzietako, etab.eko askatasun handiena, errepublika zentralistak eman zuen eta ez errepublika fedelak. Gure alderdiko propagandak eta agitazioak ez du eskaini eta ez dio eskaintzen nahikoa arreta honi, ezta orokorrean errepublika federal eta zentralistaren eta herri autonomia administratiboaren auziari ere. 5. 1891ako hitzaurrea Marxen Gerra Zibilari Frantziako Gerra Zibilaren hirugarren argitalpenari eginiko hitzaurrean –hitzaurre honek 1891ako martxoaren 18ko data darama eta lehen aldiz Neue Zeit aldizkarian izan zen argitaratua-, Engelsek, pasadaz, Estatuarekiko jarreraren inguruko arazoei buruzko ohar interesgarri batzuk azaltzen ditu eta, aldi berean, Komunaren irakaspenen laburpen aipagarri bat adierazten du. Laburpen hau, autorea komunatik banatzen duten hogei urteren esperientziarekin aberastua egonik eta batez ere Alemanian hain zabaldua izan den “Estatuarenganako fede superstiziosoaren” aurka zuzendua egonik, merezimenduz deitua izan daiteke marxismoaren azken hitza aztertzen ari garen auziarekiko. “Frantzian –azpimarratzen du Engelsek-, langileak, iraultza bakoitzaren ondoren, armaturik zeuden; “horregatik, langileak desarmatzea izaten zen Estatuaren buruzagitzan zeuden burgesen lehen agindua. Hemendik, langileek irabazitako iraultza bakoitzeko, hauen porrotean amaituko zen borroka berri bat emango da…”. Iraultza burgesen esperientziaren balantzea motza bezain adierazgarria da. Arazoaren gakoa –beste gauzen artean Estatuaren auziari dagokionean (ba al dauzka armak klase zapalduak?)- modu miresgarri batean dago bideratua. Arazoaren gako hau da, hain zuzen ere, ideologia burgesaren eraginpean dauden irakasleek bezala demokrata burges txikiek ere sarrien sahiesten dutena. 1917ko Errusiako iraultzan, “mentxebikea” eta “baita marxista ere” den Tsereteliri egokitu zitzaion iraultza burgesen sekretu hau aurkitzeko ohorea (Cavignacen gisako ohore bera). Ekainaren 11ako bere hitzaldi “historikoan”, Tsereteliri alde egin zion Pretrogradoko langileak desarmatzeko burgesiak hartu zuen erabakiaren sekretuak, noski, erabaki hau berea bezala eta orokorrean “Estatuaren” behar bezala aurkeztuz! Ekainaren 11ako Tsereteliren hitzaldi historikoa, 1917ko iraultzaren historialari ororentzat, noski, sozial iraultzaileen eta mentxebikeen blokea, Tsereteli jaunak gidatua, proletalgoaren aurka eta burgesiaren aldera pasa zela erakusten duen ageriko froga bat izango da. Engelsen beste ohar gorabeheratsu bat, erlazionatua baita Estatuaren auziarekin ere, erlijioari buruzkoa da. Jakina da sozialdemokrazia alemaniarra, usteltzen zihoan neurrian eta gero eta oportunistago egiten zen heinean, are gehiago okertzen zela honako formula famatu honen interpretazio filistearrera: “Erlijioa ardura pribatuko afera deklaratzen da”. Izan ere, formula hau erlijioa ardura pribatuaren afera balitz bezala interpretatzen zen, baita proletalgo iraultzailearen Alderdiarentzat ere!! Proletalgoaren programa iraultzailearen traizio honen aurka Engels altxatu zen, 1891ean soilik oportunismoaren germenik ahulenak ikus zitzakeela bere alderdian, eta beraz, zuhurtasun handienaz mintzatzen zela: “Komunako kideak, ia salbuespenik gabe, denak edo langileak edo langileen ordezkari ezagunak zirenez, euren akordioak izaera proletario nabarmen bategatik bereizten ziren. Euren dekretuen zati bat, burgesia errepublikarra koldarkeria doilorragatik ezartzera ausartzen ez zen erreformak ziren, eta langile klasearen ekintza askerako ezinbesteko zimenduak jartzen zituzten, esate baterako, Estatuari dagokionean, erlijioa afera erabat pribatuko ardura dela: beste batzuk zuzenean langile klasearen interesak babestera zihoazen eta hein batean zulo handiak irekitzen zituzten ordena sozial zaharrean…”. Engelsek nahita azpimarratzen ditu “Estatuari dagokionean” hitzak, honekin oportunismo alemaniarrari kolpe zuhur bat emanez. Oportunismo honek erlijioa alderdiarekiko ardura pribatuko afera zela deklaratzen zuen eta honekin proletalgo iraultzailearen alderdia “librepentsalari” filistear baldarraren mailaraino jaisten zuen, akonfesionaltasuna onartzeko prest baina, herria kaikutzen duen opio erlijiosoaren aurka borrokatzeko alderdiaren eginkizuna ukatuz. Alemaniako sozialdemokraziaren etorkizuneko historialariak, honen 1914ko lur jotze lotsagarria aztertzean, ez du material interesgarri gutxi aurkituko auzi honi buruz, oportunismoari ateak zabal-zabalik irekitzen zizkioten alderdiko buru ideologoaren, Kautskyren, adierazpen iheskorretatik hasiz, eta 1913an “Los-von-Kirche-Bewegung-aren”xix (Elizaren banaketaren aldeko mugimendua) aurrean zuen jarrerarekin amaituz. Baina bueltatu gaitezen Engelsek, Komunatik hogei urtetara, proletalgo militantearentzat egin zuen ikasgaien laburpenera. Hona hemen Engelsek lehen mailan nabarmentzen dituen ideiak: “…Hain zuzen ere gobernu zentralizatu zaharraren boterea –ejertzitoa, polizia politikoa eta burokrazia-, 1798an Napoleonek sortua eta arez geroztik gobernu berri guztiek tresna baliagarri bezala oinordetzan hartua, hauek ere beren etsaien aurka erabili zutelarik; hain zuzen ere botere hori Frantzia guztian eraitsia izan behar zuen, jada Parisen eraitsia izan zen bezala. Komunak lehen unetik aitortu behar izan zuen, langile klaseak, boterera iristean, ezin duela Estatuaren makina zaharrarekin gobernatzen jaraitu; konkistatu berria duen agintea ez berriz galtzeko, langile klaseak, alde batetik, ordurarte bere aurka erabilia izan den makina zapaltzaile zahar guztia garbitu behar du, eta bestetik, euren diputatuen eta funtzionarioen aurrean neurriak hartu behar ditu, denak, salbuespenik gabe, edozein momentutan guztiz karguz kengarriak izendatuz…”. Engelsek behin eta berriz azpimarratzen du ez monarkian soilik, baita errepublika demokratikoenean ere, Estatuak Estatu izaten jarraitzen duela, hau da, bere funtsezko ezaugarri bereizgarria kontserbatzen duela: bere funtzionarioak, “gizartearen zerbitzariak”, honen organo bihurtzea, honen gainetik kokatutako jauntxoetan bihurtzea. “…Estatua eta Estatuaren organoak gizartearen zerbitzari izatetik honen jauntxoetan eraldatze honen aurka, eraldaketa ekidiezina aurreko Estatu guztietan, Komunak bi erremedio hutsezin erabili zituen. Lehenik eta behin, kargu administratibo, judizial eta hezkuntzazko guztiak hauteskundez bete zituen, sufragio unibertsalaren bidez, hautatzaileei momentu oro beren hautatuak kargutik kentzeko eskubidea emanez. Bigarrenik, funtzionario guztiak, altuak eta baxuak, beste langileak bezala ordainduta zeuden. Komunak emandako gehienezko soldata 6.000 franko zirenxx, Sistema honekin hesi eraginkor bat ezartzen zitzaion arribismoari eta karguen ehizari, eta hau aginte-mandatuak kontatu gabe, gehigarri gisan, Komunak gorputz ordezkakorretako diputatuentzako sartu zituela …” Engels hemen muga interesgarri batera iristen da non, demokrazia kontsekuentea, alde batetik, sozialismoan eraldatzen den eta, bestetik, sozialismoa erreklamatzen duen; Estatua suntsitzeko beharrezkoa baita administrazio publikoaren zereginak kontrol eta erregistro lan bihurtzea, hauek biztanleen gehiengo zabalak lehenik, eta guztiak gero, egiteko bezain errazak izango direlarik. Eta arribismoaren erabateko ezabapenak zera eskatzen du, Estatuaren “ohorezko” karguek, baita diru-sarrerarik ekoizten ez dutenak ere, bankuetako eta sozietate anonimoetako ongi ordaindutako postuetarako tranpolin bezala ezin balio izatea, herrialde kapitalista askeenetan etengabe gertatzen den bezala. Baina Engels, nazioen autodeterminaziorako eskubideari dagokionean, ez da erortzen, adibidez, marxista batzuk jausten diren akatsean, eskubide hau kapitalismoan ezinezkoa dela eta sozialismoa alferrekoa dela uste dutela. Halako argumentazioak burutsua eman nahi du baina benetan faltsua da, eta edozein instituzioren kasuan eta baita funtzionarioen soldata xumehen kasuan ere errepika liteke, zeren bere azken ondorioetaraino eramandako demokrazia bat kapitalismoan ezinezkoa baita, eta sozialismoan demokrazioa oro iraungitu egiten baita. Hau pertsona bati ile bat erortzen zaionean burusoil geratzen dela dioen txiste zaharraren antzeko sofisma bat da. Demokrazia bere azken ondorioetaraino garatzea, garapen honen formak aztertzea, praktikan hauek egiaztatzea, etab.: honek guztiak iraultza sozialaren aldeko borrokaren eginkizunetako bat osatzen du. Banandurik, inongo demokraziak ez du ondorio bezala sozialismoa ematen, baina, praktikan, demokrazia ez da inoiz “banandurik” hartzen, “multzoan” baizik, ekonomiarengan ere eraginez, bere eraldaketa bizkortuz eta bere kabuz garapen ekonomikoaren eraginean eroriz, etab. Horrelakoa da historia biziaren dialektika. Engelsek jarraitzen du: “…Gerra Zibileko hirugarren kapituluan xehetasun osoz deskribatzen da Estatu botere zaharraren eztandara (Sprengung) eta beste berri eta benetan demokratiko bategatik ordezkatzera bideraturiko lana. Hala ere, beharrezkoa zen hemen motzean ordezkapen honen ezaugarri batzuk azaltzen geratzea, hain zuzen ere Alemanian baita Estatuarenganako fede superstiziosoa eremu filosofikotik burgesiaren eta baita langile askoren kontzientzia orokorrera joan dena. Ikusmolde filosofikoaren arabera, Estatua ‘ideiaren gauzapena da’, hau da, hizkuntza filosofikora itzulirik, Jainkoaren erreinua lurraren gainean, betiereko egia eta betiereko justizia errealitate egiten edo egin behar diren eremua. Hemendik Estatuaren eta honekin erlazionatzen den guztiaren gurtza superstizioso bat jaiotzen da, eta sineskeriazko gurtza hau geroz eta errazago errotzen joaten da kontzientzietan, jendea jada haurtzarotik gizarte guztiari amankomunak zaizkion interesak ezin direla orain arte egindakoa ez den beste modu batera, hau da, ezin direla Estatuaren eta bere ongi ordaindutako funtzionarioen bidez ez den beste modu batera kudeatu ez babestu pentsatzera ohitzen den heinean. Eta uste da aurrerapauso izugarri ausarta eman dela monarkia heredagarriaren fedetik askatzean eta errepublika demokratikoa irrikatzean. Egia esan, Estatua ez da klase batek bestea zapaltzeko tresna bat besterik, berdin errepublika demokratikoan bezala monarkian ere; eta kasurik hoberenean proletalgo garaileari bere klase dominazioaren aldeko borrokan oinordetzan transmititzen zaion gaizki bat da. Proletalgo garaileak, Komunak egin zuen moduan, berehala moztuko dizkio gutxienik honen alde txarrenak, etorkizuneko belaunaldi batek, bien bitartean, baldintza sozial berrietan eta askeetan hezia izanik, Estatuaren traste zahar guzti honetaz libratu ahalko duelarik”. Engelsek alemaniarrak ohartarazten zituen, monarkia errepublikagatik ordezkatua zen kasuan, orokorrean Estatuaren auziari buruzko sozialismoaren oinarriak ahaztu ez zitzaten. Gaur, bere oharpenek Tsereteli eta Chernov jaunentzako lekzio zuzen bat direla ematen dute, beren praktika “koalizionistan”, Estatuarenganako fede eta gurtza superstizioso bat agertzen dutela! Bi ohar gehiago. 1) Engelsek errepublika demokratikoan eta monarkian, Estatuak “berdina” izaten jarraitzen duela badio, “klase batek bestea zapaltzeko makina bat”, honek ez du esan nahi, inondik inora, zapalkuntzako forma proletalgoarentzat interes gabea denik, anarkista batzuk erakusten duten moduan. Klase arteko borrokaren forma zabalagoak, askeagoak, irekiagoak, proportzio erraldoietan errazten du orokorrean klaseen suntsiketaren aldeko proletalgoaren borroka. 2) Zergatik soilik belaunaldi berri bat izango den Estatuaren traste zahar guztia erabat deusezteko gai planteatzen duen auzia, demokraziaren gainditzearekin erlazionaturik dago; orain aztertzera pasako garena. 6. Engels eta demokraziaren gainditzea Engelsek honi buruz, “sozialdemokrata” izenaren zehaztasun zientifiko eza aipatuz hitz egin behar izan zuen. 70. hamarkadako gai ezberdinei buruzko Engelsen artikuluen argitalpenaren hitzaurreak, batez ere izaera “internazionalekoak” direnak (Internacionales aus dem Volksstaatxxi), 1894ko urtarrilaren 3aren data darama, hau da, hil baino urte eta erdi lehenago idatzi zuen; bertan Engelsek artikulu guztietan “komunista” hitza erabiltzen zela eta ez “sozialdemokrata” nabarmentzen zuen, garai haietan, sozialdemokratak Frantzian proudhondarrak eta Alemanian lassallearrakxxii baitziren. “…Marxentzat eta niretzat –jarraitzen du Engelsek-, beraz, sinpleki ezinezkoa zen hain hitz malgua erabiltzea gure ikuspuntu berezia izendatzeko. Gaur egun, egoera beste modu batetara aurkezten da, eta hitz hau (“sozialdemokrata”), agian, pasa (mag passieren) daiteke, nahiz eta ezegokia (unpassend) izaten jarraitzen duen alderdi batentzat, zeinan programa ekonomikoa ez den programa sozialista sinple bat orokorrean, baizik eta programa komunista bat zuzenean eta zeinan helmuga politikoa Estatuaren erabateko gainditzea den, eta ondorioz, baita demokraziarena ere. Baina benetako (Engelsek azpimarratua) alderdien izenak ez dira inoiz erabat egokiak izaten; alderdia garatu egiten da eta izena geratu egiten da”. Engels dialektikoak, bere existentziaren ilunabarrean, dialektikari leiala izaten jarraitzen du. Marxek eta neuk –esaten digu- izen eder bat geneukan alderdiarentzat, izen zientifikoki zehatza, baina ez geneukan benetako alderdi bat, hau da, masen alderdi proletario bat. Gaur egun (XIX. mendearen amaieretan) benetako alderdi bat existitzen da baina bere izena ez da zientifikoki zehatza. Ez du axola, “pasa daiteke”: garrantzitsua den bakarra alderdia garatzea da, ez dezala bere izenaren zehaztasun eza ezagutu gabe utzi eta honek ez diezaiola norabide zuzenean garatzea eragotzi! Agian badago gu ere, boltxebikeok, Engelsen modura kontsolatu nahi gaituen adarjotzaileren bat: benetako alderdi bat daukagu, modu bikainean garatzen ari dena; beraz “boltxebike” bezalako hain hitz zentzugabe eta itsusi bat ere pasa daiteke”, ez duela ezer adierazten, 1903ko Bruselas-Londreseko Kongresuan gehiengoa lortu genuen guztiz halabearrezko egoeratik kanpo…xxiii Agian gaur, uztailean eta abuztuan errepublikarrek eta demokrazia “iraultzaile” filistearrak gure alderdiaren aurka aurrera eramandako jazarpenek “boltxebike” hitza hain famatu eta ohoretsu egin duten honetan eta, gainera, jazarpen horiek hain aurrerapen izugarria, gure alderdiaren benetako garapenean aurrerapen historiko bat, markatu duten honetan, agian gaur, nik ere zalantzak edukiko nituzke gure alderdiaren izena aldatzeko egin nuen apirileko proposamenaren inguruan. Beharbada nire kamaradei “transakzio” bat proposatuko nieke: Alderdi Komunista deitzea eta boltxebike hitza parentesi artean uztea… Baina izenaren arazoa konparaziorik gabe askoz garrantzia gutxiagokoa da proletalgo iraultzaileak Estatuarekiko duen jarrera baino. Estatuari buruzko hausnarketa arruntetan, behin eta berriz aipatzen da Engelsek hemen eta gure aurreko azalpenean pasadaz azpimarratu dugun akatsa, hots; behin eta berriz ahazten da Estatuaren suntsiketa demokraziaren suntsiketa ere badela, Estatuaren iraungipenak demokraziaren iraungipena ere inplikatzen duela. Lehen begiradan, baieztapen honek erabat arraroa eta ulergaitza dirudi; agian, baten bat beldurtzera ere hel liteke, gutxiengoa gehiengoren menpe jartzea onartzen ez duen antolakuntza sozial baten etorrera espero dugula pentsatuz, zeren demokrazia, hain zuzen ere, printzipio honen aitorpena baita. Ez. Demokrazia ez da gutxiengoa gehiengoaren menpean jartzearen berdina. Demokrazia, gutxiengoa gehiengoaren menpe jartzea onartzen duen Estatua da, hau da, klase batek bestearen aurka, herritarren zati batek bestearen aurka, biolentzia sistematikoki erabiltzera bideraturiko erakunde bat da. Guk azken helmuga bezala Estatuaren suntsiketa hartzen dugu, hau da, biolentzia antolatu eta sistematiko ororen, orokorrean gizakien gaineko biolentzia ororen deuseztea. Ez dugu itxoiten gutxiengoa gehiengoaren menpe jartzearen printzipioa aitortuko ez duen ordena sozial baten etorrerarik. Baina, sozialismoa xede izanik, konbentziturik gaude hau gradualki komunismoan bihurtuko dela, eta honekin elkarloturik gizakiengan orokorrean biolentziaren beharra desagertuko dela, gizaki batzuek besteei dien menpekotasun oro desagertuko dela, zeren gizakiak elkarbizitza sozialeko funtsezko arauak behatzera ohituko dira biolentziarik eta menpekotasunik gabe. Ohituraren elementu hau azpimarratzeko hitz egiten du Engelsek belaunaldi berri batetaz, “baldintza sozial berri eta askeetan hezia izanik, Estatu zaharraren traste guzti horretaz libratu ahalko dela”, Estatu oro, baita Estatu demokratiko-errepublikarra ere deuseztatu ahalko duela. Hau azaltzeko helburuarekin, beharrezkoa da Estatuaren iraungipenaren oinarri ekonomikoen auzia aztertzea. V. Kapitulua Estatuaren iraungipenaren oinarri ekonomikoak Auzi honen azalpenik zehatzena Marxek ematen digu bere Gotha Programaren Kritikan (Brackeri idatziriko gutuna, 1875eko maiatzaren 5ean. Ez zen argitaratua izan 1891ko Neue Zeit aldizkarirarte, IX, 1, eta errusieraz foileto batean agertu zen). Idazlan bikain honen zati polemikoak, lassalleanismoaren kritikari buruzkoak, itzalpean utzi du, horrela esatearren, bere zati positiboa, hots: komunismoaren garapenaren eta Estatuaren iraungipenaren artean dagoen loturaren azterketa. 1. Marxen auzia planteatzeko modua Marxek Brackeri 1875eko maiatzaren 5ean idatziriko gutuna, aurrerago aztertu dugun Engelsek Bebeli 1875eko martxoaren 28an idatzitakoarekin nahikoa alderatzen bada, Marx Engels baino askoz “Estatuaren aldekoagoa” dela eta Estatuari dagokionean bi idazleen kontzepzioen artean ezberdintasun nahiko aipagarria dagoela eman lezake. Engelsek Bebeli Estatuari buruzko hitzontzikeria guztia alde batera baztertzeko eta programatik Estatua hitza erabat ezabatzeko aholkatzen dio, hau “komunitate” hitzagatik ordezkatzeko. Engels, Komuna ez zela jada hitzaren zentzu hertsian Estatu bat adieraztera ere iristen da. Aldiz, Marxek “gizarte komunistako etorkizuneko Estatuaz” ere hitz egiten du, hau da, ematen duenez, Estatuaren beharra onartzen du baita komunismoan ere. Baina halako irizpide bat benetan okerra litzateke. Arreta gehiagoz aztertuz, Marxen eta Engelsen Estatuari eta bere iraungipenari buruzko kontzepzioak guztiz bat datozela ikusten dugu eta Marxek aipaturiko hitzak hain zuzen ere iraungitzen ari den Estatuaren ingurukoak direla. Begi bistakoa da ezin dela etorkizuneko “iraungipenaren” momentua determintzatzeaz ere hitz egin, are gehiago, ziurtasun osoz, prozesu luze batetaz ari garela jakinik. Marxen eta Engelsen arteko itxurazko ezberdintasuna, jorratzen zituzten gaien eta lortu nahi zituzten helburuen ezberdintasunagatik azaltzen da. Engelsek Bebeli, modu ageri eta zorrotz batean, azaletik, Estatuaren inguruan modan zeuden aurriritzien (neurri handian Lassallek partekatzen zituenak) absurdotasun guztia erakusteko eginkizuna planteatu zuen. Marxek auzi hau, soilik gainetik ukitzen du beste gai batez interesatuz: gizarte komunistaren garapena. Marxen teoria guztia, kapitalismo modernoari garapenaren teoria –bere forma kontsekuentenean, osatuenean, hausnartuenean eta eduki aberatsenetan- aplikatzean datza. Normala zen, beraz, Marxi teoria hau kapitalismoaren porrot hurbilari eta etorkizuneko komunismoaren etorkizuneko garapenari aplikatzeko arazoa mahaigaineratu izana. Honela baina, zein datutan oinarrituz plantea daiteke etorkizuneko komunismoaren etorkizuneko garapenaren auzia? Oinarritzat komunismoa kapitalismotik datorrela, historikoki kapitalismotik garatzen dela, kapitalismoak sorturiko indar sozial baten ekintzaren ondorio dela hartuz. Marxengan ez dugu ikusten utopiak fabrikatzeko, ezagutzea ezinezkoa den gauzei buruzko alferrikako usteak egiteko, saiakera txikienik ere. Marxek komunismoaren auzia naturalista batek, esate baterako, espezie biologiko berri baten garapena planteatuko lukeen moduan planteatzen du, jakinik halakotik eta halako moduan sortu dela eta halakoan eta halako norabide zehatzean eraldatzen dela. Marxek, beste ezer baino lehen, Estatuaren eta gizartearen korrelazioen arazoan Gotha Programak zabaltzen duen nahasmena baztertzen du. “…Egungo gizartea –idazten du Marxek- gizarte kapitalista da, herrialde zibilizatu guztietan existitzen dena, gutxi gorabehera Erdi Aroko eranskinez askea, gutxi gorabehera herrialde bakoitzeko garapen historikoaren berezitasunek aldatua, gutxi gorabehera garatua. Aldiz, ‘egungo Estatua’ aldatu egiten da herrialde bakoitzeko mugekin. Inperio prusiar-alemaniarrean Suitzakoaz bestelakoa da; Ingalaterran, Estatu Batuetakoaz bestelakoa da. “Egungo Estatua”, beraz, fikzio bat da. Hala ere, herrialde zibilizatu bakoitzeko Estatu ezberdinek, beren formen aniztasun pikardatuaz gain, denek amankomunean dute gizarte burges modernoaren oinarrietan finkatzen direla, nahiz eta, zentzu kapitalistan, toki batzuetan beste batzuetan baino garatuago egon. Zentzu honetan “egungo Estatuaz” hitz egin daiteke, etorkizunekoari kontrajarririk, bertan egungo erroa, gizarte burgesa, iraungia izango baita. Orduan galde egin daiteke: zein eraldaketa jasango du Estatuak gizarte komunistan? Edo, beste hitz batzuetan, egungo estatu funtzioen antzeko izango diren zein funtzio sozialek iraungo dute orduan? Galdera hau zientifikoki bakarrik erantzun daiteke, eta ‘herri’ hitza eta ‘Estatu’ hitza mila eratara egokitzen baditugu ere, ez gara urrats txikienik ere gerturatuko arazoaren konponbiderantz…”. “Herri Estatuaren” inguruko hitzontzikeria guztia, ikusten dugun moduan, barregarri utziz, Marxek arazoaren planteamendu bat eskaintzen du eta, neurri batean, ohartarazten gaitu modu zientifiko batean ebazteko irmoki finkaturiko datu zientifikoekin bakarrik lan egin daitekeela. Garapenaren teoriak eta orokorrean zientzia guztiak erabateko zehaztasunez ezarri duten lehenengo gauza –eta utopistek ahaztu zutena eta gaur egungo oportunistek, iraultzaren beldur izaki, ahaztu dutena- historikoki, dudarik gabe, kapitalismotik komunismorako trantsizio fase edo etapa berezi bat egon behar duen baldintza da. 2. Kapitalismotik komunismorako trantsizioa “…Gizarte kapitalistaren eta gizarte komunistaren artean -jarraitzen du Marxek- lehenengotik bigarrenerako eraldaketa iraultzaileko aldia dago. Aldi honi, halaber, trantsizioko aldi politiko bat dagokio, zeinan Estatua proletalgoaren diktadura iraultzailea bakarrik izan daiteke…” Marxen ondorio hau proletalgoak egungo gizarte kapitalistan jokatzen duen paperaren azterketan, gizarte honen garapenari buruzko datuetan eta proletalgoaren eta burgesiaren interes antagonikoen izaera eramangaitzean oinarritzen da. Lehen, arazoa honela planteatzen zen: bere askapena lortzeko proletalgoak burgesia eraitsi, botere politikoa konkistatu eta bere diktadura iraultzailea ezarri behar du. Orain modu ezberdinxeago batean planteatzen da: gizarte kapitalistatik –komunismorantz garatzen dela- gizarte komunistara iragaitea ezinezkoa da “trantsizio aldi politiko” bat gabe, eta aldi honetako Estatua proletalgoaren diktadura iraultzailea bakarrik izan daiteke. Alabaina, zein da diktadura honek demokraziarekiko duen jarrera? Ikusi dugu Manifestu Komunistak sinpleki batera jartzen dituela bi kontzeptu: “proletalgoa klase dominatzaile bihurtzea” eta “demokraziaren konkista”. Azaldua izan den guztiaren oinarriaren gainean, xehetasun gehiagoz zehaztu daiteke nola eraldatzen den demokrazia kapitalismotik komunismorako trantsizioan zehar. Gizarte kapitalistak, bere garapen baldintza onuragarrienetan harturik, gutxi gorabehera demokrazia osatu bat eskaintzen digu errepublika demokratikoan. Baina demokrazia hau beti ere esplotazio kapitalistaren marko estuan zanpaturik agertzen da eta, arrazoi horregatik da, betiere, esentzian, gutxiengo batentzako, soilik klase jabedunentzako, soilik aberatsentzako demokrazia. Gizarte kapitalistako askatasunak beti, gutxi gorabehera, Greziako antzinako errepubliketan askatasuna zena izaten jarraitzen du: esklabistentzako askatasuna. Esplotazio kapitalistaren baldintzak direla eta, soldatapeko esklabu modernoak gabezia eta miseriagatik hain ahiturik bizi dira, ezen “ez daudela demokrazietarako”, “ez daudela politikarako”; gertaeren bilakaera arrunt eta baketsuan, herritarren gehiengoa bizitza politiko-sozialeko partehartze orotik at geratzen da. Alemania da, agian, baieztapen honen zehaztasuna agerien egiaztatzen duena, hain zuzen ere han legedi konstituzionala aldi ikaragarri luze eta egonkorrean mantendu baitzen, ia mende erdiz (1871-1914), eta aldi honetan zehar sozialdemokraziak beste edozein herrialdeetan baino askoz gehiago egiten jakin izan baitzuen “legedi hau erabiltzeko” eta alderdi politikoan munduko beste edozein tokitan baino langileen zati handiago bat antolatzeko. Honela baina, zenbatekoa da politikoki kontzienteak eta aktiboak diren soldatapeko esklabuen zati hau, gizarte kapitalistan ezagutu direnetan handiena izanik? Soldatapeko 15 milioi langiletik, alderdi Sozialdemokratak milioi bat kide ditu! 15 milioietik sindikalki 3 milioi daude antolaturik! Demokrazia gutxiengo ziztrin batentzat, demokrazia aberatsentzat: horixe da gizarte kapitalistako demokrazia. Demokrazia kapitalistaren mekanismoa gertuagotik behatzen badugu, beti eta alde guztietatik ikusiko ditugu demokraziaren murrizketak eta murrizketak: xehetasun “txikiak”, ustez txikiak, sufragiorako eskubidean (etxebizitza baldintza, emakumearen bazterketa, etab.), instituzio ordezkatzaileen teknikan, biltzeko eskubidearen aurka doazen traba eraginkorretan (eraikin publikoak ez dira “miserableentzat”!), eguneroko prentsaren egituraketa erabat kapitalistan, etab., etab. Behartsuei inposaturiko murrizketa, salbuespen, bazterketa eta traba hauek garrantzi gabeak dirudite, batez ere klase zapalduen gabezia sufritu ez dutenentzat eta hauen eguneroko bizitzarekin kontaktuan egon ez direnentzat (politikari eta publizista burgesen hamarretatik bederatziri, ez bada ehuneko laurogeita hemeretziri, gertatzen zaiona); baina, oro har, murrizketa hauek behartsuak politikatik, demokraziaren partehartze aktibotik, baztertzen dituzte. Marxek oso ongi hauteman zuen demokrazia kapitalistaren esetzia hau Komunaren bere analisian ondorengoa estean: zapalduei, zenbait urteetatik behin, Parlamentuan klase zapaltzaileko zein agintarik ordezkatu eta zanpatu behar dituen aukeratzen uzten zaie! Baina, demokrazia kapitalista honetatik habiatuz –ezinbestean itxia, behartsuak soka azpitik gaitzesten dituena eta, beraz, demokrazia erabat hipokrita eta faltsua-, ez da garapen jarrairik ematen modu sinple, zuzen eta lasai batean “gero eta demokrazia handiago batera”, irakasle liberalek eta oportunista burges txikiek sinestarazi nahi diguten moduan. Ez. Garapen jarraia, hau da, komunismorako garapena, proletalgoaren diktaduratik pasatzen da, eta honela bakarrik izan daiteke, ez baitago esplotatzaile kapitalisten erresistentzia hausteko beste indarrik ez beste biderik. Baina proletalgoaren diktadura, hau da, zapaltzaileak azpiratzeko klase dominatzaile bezala antolatutako zapalduen abangoardia, ezin da soilik demokraziaren zabaltze sinplera zuzendu. Demokraziaren izugarrizko zabaltzearekin batera, lehen aldiz behartsuentzako demokrazian, herritarrentzako demokrazian bihurtzen dela, eta ez aberatsentzako demokrazian, proletalgoaren diktadurak zenbait murrizketa inplikatzen ditu zapaltzaileen, esplotatzaileen eta kapitalisten askatasunetan. Hauek erreprimitu behar ditugu gizateria soldatapeko esklabutzatik askatzeko; beren erresistentzia indarrez garaitu behar da, eta begi bistakoa da errepresioa eta biolentzia dagoen tokian ez dagoela ez askatasunik ez demokraziarik. Engelsek honakoa bikain adierazten du Bebeli idatziriko gutunean, irakurleak gogoratuko duen moduan, zera dioenean: “proletalgoak oraindik Estatua behar duen bitartean, ez du beharko askatasunaren interesetan, bere etsaiak menperatzeko baizik, eta askatasunaz hitz egin daitekeen bezain laster Estatuak bere gisan existitzeari utziko dio”. Demokrazia herriaren gehiengo erraldoiarentzat eta errepresioa indarrez, hau da, demokraziatik bazterketa esplotatzaileentzat, herriaren zapaltzaileentzat: hona hemen demokraziak jasango duen eraldaketa kapitalismotik komunismorako trantsizioan. Soilik gizarte komunistan, kapitalisten erresistentzia jada erabat apurtu denean, kapitalistak desagertu direnean, klaseak egongo ez direnean (hau da, gizarteko kideen artean ekoizpen baliabide sozialekiko ezberdintasunak existitzen ez direnean), soilik orduan “desagertuko da Estatua eta askatasunaz hitz egin ahalko da”. Soilik orduan izango da posible eta errealitate egingo da benetako demokrazia osatu bat, hain zuzen, murrizketarik inplikatzen ez duen demokrazia bat. Eta soilik orduan hasiko da demokrazia iraungitzen, arrazoi sinple batengatik, gizakiak, esklabutza kapitalistatik askatuak, esplotazio kapitalistaren izugarrikeria, piztikeria, absurdo eta doilorkeria zenbaezinetatik askatuak, pixkanaka, mendeetan barrena ezagunak izan diren eta milaka urtetan zehar eredu guztietan errepikatu izan diren bizikidetzako oinarrizko arauak betetzen ohituko direlako; biolentziarik gabe, hertsapenik gabe, menpekotasunik gabe, Estatua deritzon indarkeriazko aparatu berezi hori gabe betetzen ohituko dira. Esamolde hau, “Estatua iraungitu egiten da”, oso ongi hautatua dago, prozesuaren izaera graduala eta honen berezkotasuna azpimarratzen baitu. Soilik ohituraren indarrak ezarri dezake eta ezarriko du dudarik gabe influentzia hori, gure inguruan milioika alditan ikusten baitugu zein erraztasunez ohitzen den jendea bizikidetzako arauak betetzera, ez badago esplotaziorik, ez badago ezer haserraraziko duenik, protestak eta altxamenduak eragingo dituenik eta errepresioa ezinbesteko egingo duenik. Horrenbestez, gizarte kapitalistan demokrazia anputatu, zeken, faltsu bat daukagu, soilik aberatsentzako, gutxiengoarentzako, den demokrazia bat. Proletalgoaren diktadurak, komunismorako trantsizio aldiak, lehen aldiz herriarentzako, gehiengoarentzako, demokrazia bat ekarriko du, gutxiengoaren, esplotatzaileen, beharrezko errepresioarekin batera. Soilik komunismoak eman dezake benetako demokrazia osatu bat, eta zenbat eta osatuagoa izan, orduan eta lehenago utziko dio beharrezko izateari eta bere kabuz iraungituko da. Beste hitz batzuetan esanda: kapitalismoan Estatu bat daukagu hitzaren zentzu hertsian, klase batek bestea erreprimitzeko eta, gainera, gutxiengoak gehiengoa erreprimitzeko makina berezi bat. Begi bistakoa da, zapaltzaileen gutxiengo batek zapalduen gehiengoa sistematikoki erreprimitzea bezalako eginkizun bat aurrera eramateko beharrezkoa dela krudelkeria izugarri bat, errepresio basati bat, beharrezkoak direla odolezko itsasoak non gizateria hauetan zehar joaten den esklabotzak, morrontzak, soldatapeko lanak azpiraturik. Geroago, kapitalismotik komunismorako trantsizioan zehar, errepresioa oraindik ere beharrezkoa da, baina jada esplotatuen gehiengoak esplotatzaileen gutxiengoa erreprimitzean datza. Oraindik beharrezkoa da aparatu berezi bat, errepresiorako makina berezi bat: “Estatua”. Baina jada trantsiziozko Estatu bat da, ez da jada Estatu bat hitzaren zentzu hertsian, zeren atzoko soldatapeko esklaboen gehiengoak esplotatzaileen gutxiengo bat erreprimitzea hain erlatiboki erraza, sinplea eta naturala izango da, ezen esklaboen, jopuen eta soldatapeko langileen altxamenduen errepresioa baino askoz odol gutxiago isuriko baita eta gizateriari askoz gutxiago kostako baitzaio. Eta hau demokrazia herritarren gehiengo hain handiarengana zabaltzearekin bateragarria denez, errepresiorako makina berezi baten beharra desagertzen hasten da. Normala den bezala, esplotatzaileek ezin dute herria erreprimitu zeregin hau gauzatzeko bidea emango dien aparatu izugarri konplikatu bat gabe, baina herriak oso “makina” sinple batekin erreprimitu ditzake esplotatzaileak, ia “makinarik” gabe, aparatu berezirik gabe, masa armatuen antolakuntza sinplearekin (langile eta soldadu diputatuen Sovietak diren bezala, esan dezagun, zertxobait aurreratuz). Azkenik, komunismoak bakarrik ezabatzen du erabat Estatuaren beharra, ez baitago inor erreprimitzeko, “inor” klaseko zentzuan, herritarren zati jakin baten aurkako borroka sistematikoaren zentzuan. Ez gara utopistak eta ez dugu ukatzen inola ere, gizabanako batzuk gehiegikeriak egitea posiblea eta ekidinezina denik, gehiegikeria horiek erreprimitzeko beharra ere ukatzen ez dugun bezala. Baina, lehenik eta behin, horretarako ez da beharrezkoa makina berezi bat, errepresiorako aparatu berezi bat; hori herri armatuak berak egingo du, pertsona zibilizatuen edozein taldek egin dezakeen sinpletasun eta erraztasun berarekin; egungo gizartean ere, banandu egiten dira borrokan ari direnak edo eragotzi egiten da emakume bat erasotua izan dadin. Eta, bigarrenik, badakigu bizikidetzako arauen hausturan oinarritzen diren gehiegikerien kausa sozialik sakonena, masen esplotazioa, beren eskasia eta beren miseria direla. Funtsezko kausa hau ezabatzean, gehiegikeriak ere ezinbestean “iraungitzen” hasiko dira. Ez dakigu zein azkartasunekin eta mailaketarekin, baina badakigu iraungitu egingo direla. Eta berarekin batera Estatua ere iraungitu egingo da. Utopietan sartu gabe, Marxek, xehetasunez zehaztu zuen etorkizun honi dagokionean orain zehaztea posible dena, hots: gizarte komunistako fase (gradu edo etapa) behe eta gorena. 3. Gizarte komunistaren lehenengo fasea Gotha Programaren Kritikan, Marxek zehatz mehatz errefusatzen du, sozialismoan, langileak “lanaren produktu osoa” jasoko duela dioen ideia lassallearra. Marxek, gizarte guztiaren lan sozial guztitik erreserbako fondo bat, ekoizpena handitzeko, makina “gastatuak” berritzeko, etab.erako beste fondo bat, eta kontsumorako objektuez gain, administrazio, eskola, hospitale, zaharren egoitza, etab.entzat beste fondo bat deskontatu beharko dela frogatzen du. Lassalleren esaldi lauso, nahasi eta orokorraren ordez (“langileari lanaren produktu osoa eman”), Marxek azterketa zentzudun bat ematen du gizarte sozialistak bere aferak nola administratu beharko dituenaren inguruan. Marxek, kapitalismoa existituko ez den gizarte honen bizi baldintzen analisi konkretuari heltzen dio, eta honela dio: “Hemen” (langile alderdiaren programaren azterketan) “kontua ez da bere oinarriaren gainean garatu den gizarte komunista bat, baizik eta alderantziz, hain zuzen ere gizarte kapitalistatik irten berria den bat eta, beraz, oraindik ere bere alderdi guztietan, ekonomikoan, moralean eta intelektualean, gizarte zaharraren zigilua aurkezten duena, zeinaren barrenetatik sortua izan baiten”. Gizarte komunista hau da, kapitalismoaren barrenetik atera berria dena eta bere aspektu guztietan gizarte zaharraren zigilua daramana, Marxek gizarte komunistaren “lehenengo” fasea edo behe fasea deitzen diona. Ekoizpen baliabideak jada gizabanakoen jabetza pribatu izateari utzi diote gizarte guztiaren jabetza izateko. Bertako kide bakoitzak, sozialki beharrezkoa den lanaren zati jakin bat burutzean, gizartetik lan kopuru hau edo bestea egin izanaren akreditazio agiri bat jasotzen du. Agiri honengatik, kontsumo gaien biltegi sozialetatik dagokion produktuen kopurua eskuratzen du. Behin fondo sozialera pasatzen den lan kopurua ondorioztatuta, langile bakoitzak, beraz, gizartetik ematen dion adina jasotzen du. Dirudienez, “berdintasuna” da nagusi. Baina Lassallek, ordena sozial honetaz mintzatzean (sozialismo izendatu ohi dena eta Marxek komunismoaren lehen fase izendatzen duena), hau “bidezko banaketa” dela dio, “bakoitzak lanaren produktu berdinera duen eskubide berdina” dela. Lassalle okertu egiten da, eta Marxek agerian uzten du bere okerra. Hemen “eskubide berdinak” –dio Marxek-, printzipioz, oraindik “eskubide burgesa” izaten jarraitzen du, eskubide orok bezala, desberdintasun bat aurresuposatzen duelarik. Eskubide orok gizaki ezberdinei neurri berdina aplikatzea esan nahi du, hauek benetan antzekoak ez direnean, elkarren artean berdinak ez direnean; horrenbestez, “eskubide berdina” berdintasunaren urratze bat eta bidegabekeria bat da. Egia esan, bakoitzak bestearen lan sozialaren zati berdina egiten badu, produktu sozialaren zati berdina jasotzen du (adierazitako ondorioak egin ostean). Hala ere, gizakiak ez dira berdinak: batzuk indartsuagoak dira eta besteak ahulagoak; batzuk ezkondurik daude eta besteak ezkongabe; batzuk besteek baino seme alaba gehiago dituzte, etab. “…Lan berdinarekin –amaitzen du Marxek- eta, beraz, kontsumo fondo sozialeko partehartze berdinarekin, batzuk besteek baino gehiago lortzen dute, batzuk besteak baino aberatsagoak dira, etab. Eragozpen hauek guztiak ekiditeko, eskubideak ez luke berdina izan behar, ezberdina baizik…” Horrenbestez, komunismoko lehen faseak ezin du oraindik justiziarik ez berdintasunik ezarri: aberastasun ezberdintasunek irauten dute, ezberdintasun bidegabeek; baina jada bazterturik geratuko da gizakiaren gizakiagatiko esplotazioa, ez baita posible izango, jabetza pribatuko tituluarekin, ekoizpen baliabideetaz, lantegietaz, makinetaz, lurraz, etab.etaz jabetzea. Orokorrean “berdintasunari” eta “justiziari” buruzko Lassalleren esaldi burges txikia birrinduz, Marxek gizarte komunistaren garapenaren bilakaera seinalatzen du; lehenik, behartua egongo da, soilik gizabanako isolatuek ekoizpen baliabideak usurpatzean datzan “injustizia” hori suntsitzera, baina ez da gai izango kolpetik beste injustizia ere suntsitzeko, kontsumo gaiak “lanaren arabera” (eta ez beharren arabera) banatzean datzan hura suntsitzeko. Ekonomista zabarrek, irakasle burgesak barne, eta euren artean “gure” Tuganek, sozialistei behin eta berriz gizakien arteko ezberdintasuna ahazten dutela eta ezberdintasun hau suntsitzea “amesten” dutela aurpegiratzen diete. Horrelako gaitzespenek, ikusten dugun moduan, jaun ideologo burges hauen erabateko ezjakintasuna bakarrik erakusten dute. Marxek modurik zehatzenean hartzen du kontuan, ez bakarrik gizakien ezberdintasun ekidinezina, baita ekoizpen baliabideak gizarte guztiaren jabetza komun izatera pasatze soilak ere (“sozialismoa”, hitzaren ohiko zentzuan) ez dituela banaketaren akatsak eta “eskubide burgesaren” ezberdintasuna ezabatzen, honek agintzen jarraitzen duela, produktuak “lanaren arabera” banatzen diren heinean. “…Baina akats hauek –jarraitzen du Marxek- ekidinezinak dira gizarte komunistaren lehen fasean, gizarte kapitalistatik jaiotzen baita erditze luze eta mingarri baten ondoren. Eskubideak ezin du inoiz egitura ekonomikoaren ezta honek baldintzatua den gizartearen garapen kultularalen gainetik egon…”. Honela beraz, gizarte komunistaren lehen fasean (sozialismoa izendatu ohi dena), “eskubide burgesa” ez da erabat ezabatzen, baizik eta soilik zati batean, soilik jada lorturiko eraldaketa ekonomikoaren neurrian, hau da, soilik ekoizpen baliabideei dagokienean. “Eskubide burgesak” gizabanakoen ekoizpen baliabideen gaineko jabetza pribatua aitortzen du. Sozialismoak hauek jabetza komun bihurtzen ditu. Zentzu honetan –eta soilik zentzu honetan- desagertzen da “eskubide burgesa”. Hala ere, eskubide honek bere beste aspektu batean ere irauten du: gizarteko kideen artean produktuen banaketaren eta lanaren banaketaren erregulatzaile bezala. “Lan egiten ez duenak ez du jaten”: printzipio sozialista hau jada errealitate bat da; “lanaren kopuru berdinari, produktuen kopuru berdina”: printzipio sozialista hau ere jada errealitate bat da. Baina hau ez da oraindik komunismoa, ez du oraindik “eskubide burgesa” ezabatzen, honek produktu kopuru berdina ematen baitie berdinak ez diren gizakiei eta lanaren kopuru ezberdinagatik (ezberdina izatez). Hau “akats” bat da, dio Marxek, baina komunismoaren lehen fasearen akats ekidinezina, zeren, utopian erori gabe, ezin pentsa daiteke, kapitalismoa eraistean, gizakiek berehala gizartearentzako lan egiten ikasiko dutenik inongo eskubide arauri heldu gabe; gainera, kapitalismoaren abolizioak ez ditu bat batean aldaketa honetarako premisa ekonomikoak ezartzen. Beste arauak, “eskubide burgesetik” kanpo, ez dira existitzen eta, horrenbestez, oraindik Estatuaren beharrak iraun egiten du, ekoizpen baliabideen jabetza komuna zainduz, lanaren berdintasuna eta produktuen banaketaren berdintasuna zainduko duela. Estatua kapitalistak ez dauden heinean, jada klaseak ez dauden heinean iraungitzen da eta, honexegatik beragatik, ez dago inongo klaserik erreprimitu beharrik. Baina Estatua ez da oraindik guztiz iraungitu, zeren benetako berdintasuna zigortzen duen “eskubide burgesaren” babesak irauten du. Estatua erabat iraungitzeko beharrezkoa da erabateko komunismoa. 4. Gizarte komunistaren fase gorena Marxek jarraitzen du: “…Gizarte komunistako fase gorenean, lan banaketarekiko gizabanakoen menpekotasun esklabotzailea eta, berarekin, lan intelektualaren eta eskulanaren kontrastea desagertu direnean; lana bizi baliabide soil bat ez denenan, lehen bizi beharra baizik; gizabanakoen alde guztietako garapenarekin, ekoizpen indarrak ere ahazten direnean eta aberastasun kolektiboaren iturburuak txorrotada bizian isuriko direnean, soilik orduan gainditu ahalko da eskubide burgesaren ortzemuga estua, eta gizarteak bere banderan idatzi ahalko du: Bakoitzak, bere gaitasunen arabera; bakoitzari, bere beharren arabera”. Orain bakarrik baloratu dezakegu Engelsen azalpenen arrazoi guztia, “askatasun” eta “Estatu” hitzen elkarketa absurdoaz errukigabe trufatzen zenean. Estatua existitzen den bitartean ez da askatasuna existitzen. Askatasuna dagoenean ez da Estaturik egongo. Estatuaren erabateko iraungipenaren oinarri ekonomikoak komunismoaren hain garapen altua suposatzen du, ezen beragan lan intelektualaren eta eskulanaren kontrastea desagertu egiten baiten, horrenbestez, ezberdintasun sozial modernoaren iturri garrantzitsuenetako bat desagertzen delarik, ezberdintasun iturri hau ezin baita inondik inora bat-batean ezabatua izan ekoizpen baliabideak jabetza sozial bihurtze soilagatik bakarrik, kapitalisten desjabetze hutsagatik. Desjabetze honek ekoizpen baliabideak neurri erraldoietan garatzeko aukera emango du. Eta, gaur egun jada kapitalismoak garapen hau nola izugarri baldartzen duen ikusirik eta jada lorturiko teknika modernoaren oinarriaren gainean zenbat aurreratu genezakeen behatuz, eskubidea dugu, usterik sendoenarekin, kapitalisten desjabetzeak ezinbestean gizartearen ekoizpen indarren garapen erraldoi bat sortuko duela esateko. Ez dakiguna, eta ezin jakin dezakeguna, garapen honek eramango duen azkartasuna da; garapen hau lan banaketarekin haustera, lan intelektualaren eta eskulanaren kontrastea ezabatzera, lana “lehen bizi behar” bihurtzera iritsiko den azkartasuna. Horregatik daukagu Estatuaren nahitaezko iraungipenaz bakarrik hitz egiteko eskubidea, prozesu honen izaera luzea nabarmenduz, komunismoaren fase gorena garatzen den azkartasunarekiko duen mendekotasuna azpimarratuz eta erabat zintzilik utziz iraungipenaren forma konkretuen epeen auzia, ez baitaukagu daturik auzi hau ebazteko. Estatua, gizarteak honako araua martxan jartzen duenean iraungitu ahal izango da erabat: “Bakoitzak, bere gaitasunen arabera; bakoitzari, bere beharren arabera”; alegia, gizakiak jada bizikidetza arauak betetzera bezain ohituak egongo direnean eta lana beren gaitasunaren arabera borondatez egitekoa bezain emankorra izango denean. “Eskubide burgesaren ortzemuga estua”, Shylokxxiv baten zorroztasunez kalkulatzera behartzen duela, bestea baino ordu erdi bakar bat gehiago lan ez egiteko eta bestea baino soldata txikiagoa ez jasotzeko, ortzemuga estu hau gaindituta geratuko da orduan. Produktuen banaketak ez du beharko orduan bakoitzak hartzen duen kopurua gizarteak erregulatzea; gizaki orok hartuko du “bere beharrak” asetzen dituena. Ikuspuntu burgesetik, erraza da halako erregimen soziala “utopia huts” bezala aurkeztea eta sozialistek denei, herritar bakoitzak egindako lanaren kontrol txikienik gabe, gizartetik nahi beste trufa, auto, piano, etab. lortzeko eskubidea hitzematen diela esanez barre egitea. Burla hauekin asebetetzen diraute gaur arte “jakintsu” burgesen gehiengoa, honekin beren ezjakintasuna eta beren kapitalismoarekiko defentsa interesatua erakutsiz. Beren ezjakintasuna, zeren ez zaio inongo sozialistari burutik pasa ere egin komunismoaren fase gorenaren etorrera “hitzematea”, eta sozialista handien fase honen etorreraren inguruko aurrikuspenak, oraingoa ez den lanaren emankortasun bat eta oraingo gizaki filistearrak ez diren beste batzuk aurresuposatzen ditu, hauek gai baitira –Pomialovskirenxxv apaizgaiak bezala- “ero-eroan” aberastasun soziala xahutzeko eta ezinezkoa eskatzeko. Komunismoaren fase “gorena” iristen den bitartean, sozialistek, gizartearen aldetik eta Estatuaren aldetik, lan neurriaren eta kontsumo neurriaren gaineko kontrolik zorrotzena eskatzen dute; baina kontrol honek kapitalisten desjabetzearekin hasi behar du, langileek kapitalisten gainean duten kontrolarekin, eta ez du burokraten Estatu batek gauzatu behar, langile armatuen Estatuak baizik. Ideologo burgesen (eta beren akolito diren Tseretelitarren, Chernovtarren eta estiloko beste jaunen) kapitalismoaren defentsa interesatua, hain zuzen ere, etorkizun urrun bati buruzko eztabaidekin eta hitzaldiekin gaurko politikaren arazo goriena eta egungoena ordezkatzean oinarritzen da: kapitalisten desjabetzea, herritar guztiak Estatu osoaren “partzuergo” handi bakar bateko langile eta enplegatu bihurtzea, eta partzuergo honen lan guztiaren erabateko mendekotasuna Estatu benetan demokratiko batekiko, langile eta soldadu diputatuen sobieten Estatuarekiko. Funtsean, irakasle jakintsuek, filistearrek jarraiturik, eta beraien atzetik Tseretelitarrak eta Chernovtarrak bezalako jaunek jarraiturik, utopia zentzugabeetaz, boltxebikeen promesa demagogikoetaz, sozialismoa “ezartzeko” ezinezkotasunaz hitz egiten dutenean, hain zuzen ere komunismoaren etapa edo fase gorenaz ari dira, eta inork ez du hau “ezartzea” hitzeman, inork ez du horretan pentsatu ere egin, zeren, orokorrean, ezinezkoa baita hau “ezartzea”. Eta hemen sozialismoaren eta komunismoaren arteko ezberdintasun zientifikoaren auzira iristen gara, Engelsek ukitu zuen auzia gorago aipatu dugun “sozialdemokrata” hitzaren zehaztasun ezari buruzko pasartean. Posible da, politikoki komunismoaren lehen fasearen, edo behe fasearen, eta fase gorenaren arteko ezberdintasuna, denborarekin, izugarria izatera iristea; baina gaur egun kapitalismoan, irrigarria litzateke ezberdintasun hau nabarmenaraztea, agian anarkista batzuk bakarrik jarriaraziko luketela lehen mailan (oraindik ere anarkisten artean ezer ikasi ez duten pertsonak geratzen badira Kropotkindarren, Gravetarren, Cornelissendarren eta beste anarkismoaren “izarren” bihurtze “plejanovtarraren” ondoren, sozial chauvinistetan edo, Guek -kontzientzia eta ohorea galdu ez duten anarkista gutxietako bat- deskribatu dituen bezala, lubakietako anarkistetan bihurtu direla). Baina sozialismoaren eta komunismoaren arteko ezberdintasun zientifikoa argia da. Sozialismoa deitu ohi zaionari, Marxek gizarte komunistaren “lehen” fasea edo behe fasea deitzen zion. Ekoizpen baliabideak jabetza komun bilakatzen diren aldetik, fase honi “komunismo” hitza ere eman dakioke, beti ere ikuspegitik galdu gabe hau ez dela komunismo osoa. Marxen azalpenen garrantzia handia, hemen ere dialektika materialista, garapenaren teoria, kontsekuenteki aplikatzean datza, komunismoa kapitalismotik garatzen den zerbait bezala hartzen delarik. “Imajinaturiko” definizio eskolastikoen eta artifizialen ordez eta hitzen inguruko eztabaida antzuen ordez (zer da sozialismoa, zer da komunismoa), Marxek komunismoaren garapen ekonomikoaren graduak deituko genituzkeenak aztertzen ditu. Lehen fasean, bere lehen graduan, komunismoak ezin du oraindik heldutasun ekonomiko osatu bat aurkeztu, ezin du kapitalismoaren tradizioetatik eta aztarnetatik erabat aske agertu. Hortik komunismoaren lehen fasean “eskubide burgesaren ortzemuga estuak” irautearen fenomeno hain interesgarria. Kontsumo artikuluen banaketaren gaineko eskubide burgesak ere, normala den bezala, nahitaez Estatu burges bat aurresuposatzen du, eskubidea ez baita ezer zuzenbide arauak errespetatzera derrigortzeko gai den aparatu bat gabe. Horrenbestez, komunismoan ez du soilik denbora jakin batez eskubide burgesak irauten, Estatu burgesak ere irauten du, burgesiarik gabe! Honek paradoxa bat edo inteligentzia joko dialektiko sinple bat eman lezake; hau izaten da marxismoari egotzi ohi diotena bere eduki izugarri sakona ikertzeko ahalegin txikienik egin ez duten jendeek. Egia esan, bizitzak pauso bakoitzeko erakusten dizkigu zaharraren hondarrak jaio den gauza berrian, nola naturan hala gizartean. Eta Marxek ez zion komunismoari zuzenbide “burgesaren” zatitxo bat gutiziaz trasplantatu, baizik eta kapitalismoaren barrenetatik irteten den gizarte batetan politikoki eta ekonomikoki nahitaezkoa dena hartu zuen. Demokraziak garrantzia ikaragarria dauka kapitalisten aurkako langile klasearen askapen borrokan. Baina demokrazia ez da, inondik inora, muga gaindiezin bat, etapetako bat baizik, feudalismotik kapitalismorako eta kapitalismotik komunismorako bidean. Demokraziak berdintasuna inplikatzen du. Proletalgoaren berdintasunaren aldeko borrokak eta berdintasunaren kontsignak duen garrantzia handia onartzen da, hau zehatz-mehatz klaseen suntsiketaren zentzuan ulertzen bada. Baina demokraziak berdintasun formala bakarrik ekar dezake. Eta ekoizpen baliabideen jabetzaren aurrean gizarte guztiko kideen berdintasuna, hau da, lanaren berdintasuna eta soldataren berdintasuna, burutua izan bezain laster, ezinbestean gizateriari aurrera jarraitzeko, berdintasun formaletik benetako berdintasunera igarotzeko auzia sortuko zaio, hau da, ondorengo araua aplikatzekoa: “Bakoitzak bere gaitasunen arabera; bakoitzari bere beharren arabera”. Zein fasetatik zehar, zein neurri praktikoen bidez iritsiko den gizateria helburu goren honetara ez dakigun eta ezin jakin dezakegun zerbait da. Baina garrantzitsuena norbere buruari zein izugarri faltsua den sozialismoa zerbait hila, zurruna eta aldagaitza bezala aurkezten duen ohiko ideia burgesa argitzea da, errealitatean, sozialismoarekin bakarrik hasten denean mugimendu azkar bat eta benetako garapen bat bizitza sozial eta indibidualaren aspektu guztietan, benetako masen mugimendu bat, non lehenik herritarren gehiengoak, eta gero, herritar guztiek partehartzen duten. Demokrazia Estatu forma bat da, Estatuaren aldaera bat. Eta, horrenbestez, Estatu orok bezala, gizakien gaineko biolentzia antolatua eta sistematikoa adierazten du. Hau, alde batetik. Baina, bestetik, demokraziak herritarren arteko berdintasun formalaren aitortza esan nahi du, denen eskubide berdina Estatuaren egitura zehazteko eta gobernatzeko. Hau loturik dago, aldi berean, demokrazia garapenaren maila jakin batera iristean, lehenik eta behin, proletalgoa kohesionatzen duenarekin, klase iraulzailea kapitalismoaren aurka, eta Estatu burgesaren makinaria, baita Estatu burges errepublikarrarena ere, armada iraunkorra, polizia eta burokrazia suntsitzeko, birrintzeko, lurrazaletik garbitzeko eta makina demokratikoago bategatik ordezkatzeko aukera ematen dionarekin; baina oraindik estatu makina bat da, langile masa armatuen forman, herri guztiak milizietan partehartzeko aurrerapauso bezala. Hemen “kantitatea kalitate” bihurtzen da; demokrazia gradu honek jada gizarte burgesaren markoa gainditzen du, bere berregituraketa sozialistaren hasiera da. Benetan denek partehartzen badute Estatuaren zuzendaritzan, kapitalismoa jada ezin ahalko da mantendu. Eta, aldi berean, kapitalismoaren garapenak premisak sortzen ditu Estatuaren gobernuan “denek” benetan parte hartu ahal dezaten. Premisa hauen artean analfabetismoaren erabateko ezabaketa dago, herrialde kapitalista aurreratuenek jada lortu dutena; Postaren, trenbideen, lantegi handien, merkataritza handiaren, bankuen, etab.en, etab.en aparatu zabal eta konplexu sozializatuak buruturiko milioika langileren “diziplinaren heziketa eta irakaskuntza”. Premisa ekonomiko hauek egonik, guztiz posiblea da berehala, gauetik egunera, kapitalistak eta burokratak eraitsi ondoren, langile armatuengatik, herri armatu guztiarengatik ordezkatzera pasatzea, ekoizpena eta banaketa kontrolatzeko lan handian, lana eta produktuak zenbatzeko lanean. (Kontrolaren eta kontabilitatearen auzia ez da nahastu behar formakuntza zientifikoa duen pertsonalaren auziarekin, ingeniariak, agronomoak, etab.: jaun hauek gaur kapitalisten menpe lan egiten dute eta oraindik hobeto lan egingo dute bihar, langile armatuen menpe). Kontabilitatea eta kontrola: hona hemen garrantzitsuena, “puntuan jartzeko” eta gizarte komunistaren lehen faseak ongi funtzionatzeko behar dena. Bertan, hiritar guztiak Estatuaren soldatapeko enplegatu bihurtzen dira, hauek langile armatuak izanik. Herritar guztiak pasatzen dira herri guztiaren, Estatuaren, “partzuergo” bakar baten enplegatu eta langile izatera. Kontua lana berdin egitea, lanaren neurria ongi behatuz, eta baliokideki irabaztea da. Kapitalismoak muturrerarte sinplifikatu du honen kontabilitatea eta kontrola, ikuskatze eta idazte eginkizun izugarri sinpleetara murriztuz, eskuragarriak izanik irakurtzen eta idazten, lau erregela aritmetikoak ezagutzen eta dagokion ordainagiriak zabaltzen dakien edozeinentzat. Herriaren gehiengoa bere kabuz eta toki guztietan kontabilitate hau eramaten hasten denean, kapitalisten gaineko gaineko kontrola (orduan enplegatu bihurtuko direla) eta bere ohitura kapitalistak mantentzen dituzten jauntxo intelektualen gaineko kontrola, benetan unibertsala, orokorra, herri guztiarena izango da, eta inork ezingo du sahiestu, ez baita “ihesbide posiblerik egongo”. Gizarte guztia bulego bakar bat eta fabrika bakar bat izango da, lan berdinarekin eta soldata berdinarekin. Baina, proletalgoak kapitalisten aurrean garaipena lortu eta esplotatzaileak eraitsi ondoren gizarte guztira zabalduko duen diziplina “industrial” hau ez da, inondik inora, gure ideala ezta gure azken helmuga ere, beharrezko maila bat baizik, gizartea esplotazio kapitalistaren doilorkeriatik eta zitalkeriatik erradikalki garbitzeko eta aurrera egiten jarraitzeko. Gizarteko kide guztiek, edo behintzat gehiengo ikaragarriak, beren kabuz Estatua zuzentzen ikasi dutenean, auzi hau beren esku propioekin hartu dutenean, kapitalisten gutxiengo ziztrinaren, ohitura kapitalistak mantentzen jarraitu nahi duten jauntxoen eta kapitalismoak sakonki usteldu dituzten langileen gaineko kontrola “puntuan” jarri dutenenan; une horretatik aurrera desagertzen hasiko da orokorrean administrazio ororen beharra. Zenbat eta demokrazia osatuagoa izan orduan eta gertuago egongo da beharrezko izateari utziko dion unea. Zenbat eta “Estatua” demokratikoagoa izan, langile armatuez osatua eta “ez dela Estatu bat hitzaren zentzuan hertsian izango”, orduan eta azkarrago hasiko da Estatu oro iraungitzen. Orduan, denek ikasi dutenean beren kabuz ekoizpen soziala zuzentzen eta benetan denek zuzentzen dutenean; denek ikasi dutenean “kapitalismoaren tradizioetan jalgitako” alferren, jauntxoen, alprojen kontaketa eta kontrola eramaten, herritarren osotasunak buruturiko erregistro eta kontrol honi ihes egitea ezinbestean hain harrigarria eta zaila bihurtuko da, hain salbuespen arraroa izango da, eta seguraski hain zigor azkar eta zorrotza eragingo du (langile armatuak jende praktikoa baitira eta ez intelektualtxo sentiberak, eta nekez utziko baitiote inori beraiekin jolasten), ezen giza bizikidetza ororen arau sinple eta funtsezkoak behatzeko beharra oso azkar ohitura bihurtuko dela. Eta orduan, zabalik geratuko dira alderik alde gizarte komunistaren lehen fasetik bere fase gorenera eta, era berean, Estatuaren erabateko iraungipenera pasatzeko ateak. VI. Kapitulua Marxismoaren baliogaltzea oportunisten aldetik Estatuak iraultza sozialistaren aurrean eta iraultzak Estatuaren aurrean duen jarreraren arazoak, iraultzaren arazo orokor bezala, oso gutxi arduratu ditu II. Internazionaleko (1889-1914) teoriko eta publizista aipagarrienak. Baina, 1914ean II. Internazionala porrotera eraman zuen oportunismoaren garapen gradualaren prozesuak duen bereizgarriena, jaun hauek auzi hau bete-betean jorratu dutenean ere saihesten edo alde batera uzten ahalegindu direla da. Orokorrean esan daiteke, iraultza proletarioaren Estatuarekiko jarreraren arazoa ikusteko modu iheskor honetatik -oportunismoaren mesedegarri dena eta bera elikatzen zuena- sortu zela marxismoaren desitxuratzea eta bere erabateko zabartzea. Prozesu tamalgarri hau deskribatzeko, nahiz eta laburrean izan, jar dezagun arreta marxismoaren teoriko aipagarrienetan, Plejanov eta Kautskyrengan. 1. Plejanov eta anarkisten arteko polemika Plejanovek anarkismoak sozialismoarekiko duen jarrerari buruz foileto bat idatzi zuen, Anarkismoa eta sozialismoa izenekoa eta 1894ean alemanieraz argitaratua. Plejanovek gai hau, anarkismoaren aurkako borrokaren ikuspuntu politikotik goriena, esentzialena, eguneratuena dena saihestuz jorratzeko modua aurkitu zuen: hain zuzen ere iraultzak Estatuarekiko duen jarrera eta orokorrean Estatuaren auzia saihestuz! Bere foiletoan bi zati gailentzen dira. Bata, historiko-literarioa, Stirnet, Proudhon, etab.en ideien historiaren inguruko hainbat material baliagarrirekin. Bestea, filistearra, anarkista bat bidelapur batetaz bereizten ez den gaiaren inguruko argumentu baldarrekin. Bi gai hauen konbinazioa izugarri bitxia da eta Plejanovek iraultzaren bezperan eta Errusiako aldi iraultzaile osoan zehar eduki duen jokabide guztiaren erakuslea da. Hain zuzen, 1905 eta 1917 arteko urteetan, Plejanov, politikan burgesiaren atzetik ibiltzen zen erdi doktrinario eta erdi filistear bezala agertu zen. Ikusi dugu nola Marxek eta Engelsek arretarik handienarekin argitzen zituzten, anarkistekin polemikan sartuz, iraultzak Estatuarekiko duen jarrerari buruzko euren ikuspuntuak. 1871an, Marxen Gotha Programaren Kritika argitaratzean, Engelsek zera idatzi zuen: “Gu (hau da Marx eta Engels) orduan Bakunin eta bere anarkisten aurkako borrokaren gorenaldi betean geunden: (Lehenengo) Internazionalekoxxvi Hayako kongresutik ez ziren bi urte eskas pasa”. Anarkistak “eurena” bezala aldarrikatzen saiatzen ziren, horrela esatearren, hain zuzen ere Parisko Komuna, euren doktrinaren frogapen bat bezala, Komunaren ikasgaiak eta Marxek egindako ikasgai hauen azterketa inola ere ulertu gabe. Anarkismoak ez du gutxienez egiara hurbiltzen den ekarpenik egin honako arazo politiko konkretu hauen inguruan: Estatuaren makinaria zaharra suntsitu behar al da? Eta zerekin ordezkatu behar da? Baina “anarkismoaz eta sozialismoaz” hitz egiteak Estatuaren auzia saihestuz, marxismoak Komuna baino lehen eta gero izandako garapen guztiari jaramonik egin gabe, nahitaez oportunismorantz irristatzea esan nahi zuen, ez baitago oportunismoarentzat ezer interesgarriagorik azpimarratu berri ditugun bi auzi hauek ez planteatzea baino. Hau jada oportunismoaren garaipen bat da. 2. Kautsky eta oportunisten arteko polemika Dudarik gabe, Kautskyren idazlanak errusiarrera beste edozein hizkuntzetara baino kopuru askoz handiagoan itzuli dira. Ez alferrik, sozialdemokrata batzuek txantxetan, Kautsky Errusian Alemanian baino gehiago irakurtzen dela diote. (Izan dadila parentesi artean esana, txantxa honek bere egileek susmatzen dutena baino zentzu historiko sakonagoa ezkutatzen duela: 1905ean, langile errusiarrek irrika harrigarri bat sentitzen zuten, inoiz lehenago ikusi gabea, literatura sozialdemokrataren munduko idazlan onenengatik, eta hauek, beste herrialdeetarako idazlan hauen itzulpen eta argitalpen mordoaz hornituak izanik, erritmo bizkorrean ekarri zuten, horrela esatearren, gure mugimendu proletarioaren eremu gaztera ondoko herrialdearen, herrialde aurreratuagoaren, esperientzia bikaina). Kautsky gure artean ezaguna da batik bat, bere marxismoaren azalpen herrikoiaz gain, oportunisten aurka zuen polemikagatik, zeintzuen buruan Bernstein zegoen. Ia ezagutzen ez dena, 1914-1915 urteetako krisi izugarri sakonean zehar, Kautsky nahasmen horretan eta sozial chauvinismoaren defentsa izugarri lotsagarrian nola erori zen norberak aztertzeko xedea hartzen duenean isilduarazi ezin dena da. Hain zuzen ere, oportunismoaren ordezkari aipagarrienekin lehiatu aurretik, Frantzian (Millerand eta Jaures) eta Alemanian (Berstein), Kautskyk zalantza handien frogak eman zituen. Zariaxxvii aldizkaria, Stuttgarten 1901etik 1902ra argitaratua eta ideia iraultzaile proletarioak defendatzen zituena, beharturik ikusi zen Kautskyrekin polemikan sartzera eta 1900 urteko Parisko kongresu sozialista internazionaleanxxviii berak aurkeztu zuen ebazpena “malgu” bezala kalifikatzera, erdi bidean geratzen baitzen eta oportunisten aurrean jarrera adiskidekoi bat hartzen baitzuen. Eta Alemanian, Kautskyk Bersteinen aurkako kanpainari ekin aurretik asaldatu zuten zalantza ez txikiagoak erakusten dituzten gutun batzuk izan dira argitaratuak. Baina oraindik garrantzia askoz handiagoa gordetzen du, gaur egun, Kautskyk buruturiko marxismoaren traiziorik berrienaren historia aztertzen dugunean, oportunistekin zuen polemikan bertan, bere auzia planteatzeko eta lantzeko moduan, hain zuzen ere Estatuaren auziaren inguruan oportunismorako joera sistematiko batetaz ohartzen garen egintzak. Har dezagun oportunismoaren aurkako Kautskyren lehen idazlanik garrantzitsuena: Berstein eta sozialdemokraziaren programa liburua. Kautskyk xehetasun osoz errefusatzen du Berstein. Baina hona hemen gauza bereizgarri bat. Bersteinek Sozialismoaren premisak liburuan, Herostratoren antzera famatua, “blankismoaz” salatzen du marxismoa (momentu hartatik aurrera Errusiako oportunistek eta burges liberalek marxismo iraultzailearen ordezkarien aurka, boltxebikeen aurka, milaka alditan errepikatu duten salaketa). Berstein, batez ere, Marxen Frantziako Gerra Zibilean geratzen da, eta Komunako ikasgaiei buruzko Marxen ikuspuntua Proudhonen ikuspuntuarekin parekatzen saiatzen da –zorte gutxirekin, ikusi dugun moduan-. Bersteinek arreta berezia eskaintzen dio Marxek Manifestu Komunistari eginiko 1872ko hitzaurrean azpimarratu zuen ondorioari, eta honela dio: “Langile klasea ezin daiteke mugatu besterik gabe Estatuaren makina dagoen bezala hartzera eta bere helburu propioak lortzeko honetaz baliatzera”. Berteini hainbeste “gustatu” zitzaion epai hau, ezen bere liburuan gutxienez hiru alditan errepikatu baitzuen, zentzurik faltsutzaile eta oportunistenean interpretatuz. Marxek, ikusi dugun moduan, langile klaseak Estatuaren makinaria guztia suntsitu, hautsi, lehertu (Sprengung: eztanda, da Engelsek erabiltzen duen terminoa) egin behar duela esan nahi du. Honela bada: Bersteinek, hitz hauekin Marxek langile klasea boterea konkistatzean gehiegizko iraultzakeriaren aurka ohartaraziko balu bezala aurkezten du auzia. Ezin imajina daiteke Marxen pentsamenduaren faltsukeria baldar eta eskandalagarriagorik. Baina, zer egin zuen Kautskyk bersteinkadaren bere errefusatze zorrotzean? Saihestu egin zuen oportunismoak eginiko marxismoaren desitxuratzea bere sakontasun guztian aztertzea. Aurrerago aipatu dugun Marxen Gerra Zibilari eginiko Engelsen hitzaurreko pasartea hartu zuen, Marxen arabera, langile klaseak ezin duela besterik gabe dagoen estatu makina hartzera mugatu, baina orokorrean bere jabetza har dezakeela esanez, eta beste ezer ez. Kautskyk ez du hitz bat bera ere esaten Bersteinek Marxi hain justu bere benetako pentsamenduaren aurkakoa egozten dionari buruz, eta ez du esaten 1852az geroztik, Marxek iraultza proletarioaren eginkizun bezala Estatuaren makina “suntsitzea” nabarmendu zuela. Honela beraz, Kautskyrengan iraultza proletarioaren eginkizunen gaineko marxismoaren eta oportunismoaren arteko ezberdintasunik funtsezkoena desagerturik geratzen zen! “Proletalgoaren diktaduraren arazoaren konponbidea –idazten zuen Kautskyk Bersteinen “aurka”- lasaitasun osoz etorkizunerako utz dezakegun auzia da” (172. orr. Argitalpen alemaniarrean). Hau ez da polemika bat Bersteinen aurka, funtsean, honi eginiko kontzesio bat baizik, oportunismoari posizioen entregatze bat baizik, momentuz ez baitago ezer oportunistei gehiago interesatzen zaienik, iraultza proletarioaren eginkizunen inguruko auzi kardinal guztiak “lasaitasun osoz etorkizunerako” uztea baino. 1852tik 1891era, berrogei urteetan zehar, Marxek eta Engelsek proletalgoari Estatuaren makina suntsitu behar zuela erakutsi zioten. Baina Kautskyk, 1899an, oportunistek puntu honetan egiten duten erabateko traizioaren aurrean, makina hau suntsitzea beharrezkoa den ala ez planteatzen duen auzia, suntsiketak hartu behar dituen forma konkretuengatik ordezkatzen du, eta egia filistear “ukaezin” (eta antzu) baten babespean ezkutatzera jotzen du, ezin ditugula forma konkretu hauek aurretik ezagutu esanez!! Marxen eta Kautskyren artean amildegi ikaragarria dago alderdi proletarioak langile klasea iraultzarako prestatzeko duen eginkizunarekiko zuten jarreran. Ikus dezagun Kautskyren geroagoko lan bat, helduagoa, hau ere zati handi batean oportunismoaren akatsak errefusatzera eskainia: bere Iraultza soziala foiletoa. Autoreak hemen, gai berezi bezala “iraultza proletarioaren” eta “erregimen proletarioaren” auzia hartzen du. Balio handiko gauza asko eskaintzen dizkigu, baina saihestu egiten du hain zuzen ere Estatuaren auzia. Foileto honetan, momentu oro estatu boterearen konkistaz, eta soilik honetaz hitz egiten da; hau da, oportunistentzat kontzesio bat den formula bat hautatzen da, Estatuaren makinaria suntsitu gabe boterea konkistatu daitekeela onartzen duen aldiro. Hain justu Marxek 1872an Manifestu Komunistaren programan “zaharkitua” deklaratzen zuen hura berpizten du 1902an Kautskyk. Foileto honetan atal berezi bat eskaintzen zaio “Iraultza sozialaren formak eta armak” gaiari. Masen gerra politikoaz, gerra zibilaz, “burokrazia eta armada diren Estatu moderno handiaren bortizkeriazko baliabideetaz” hitz egiten da, baina ez da hitz bakar bat bera ere esaten Komunak langileei jada erakutsi zienari buruz. Begi bistakoa da Engelsek bazekiela zer egiten zuen, batez ere sozialista alemaniarrak, Estatuarenganako “gurtza superstiziosoaz” ohartarazten zituenean. Kautskyk honela aurkezten du auzia: proletalgo garaileak “errealitate bilakatuko du programa demokratikoa”. Eta honen puntuak azaltzen ditu. Hitz bat bera ere ez zaigu esaten 1871. urteak demokrazia burgesa demokrazia proletarioagatik ordezkatzeari dagokionean berri bezala ekarri zuenari buruz. Kautsky, honelako hain “itxura serioko” hutsalkeriekin asebetetzen da: “Berez begi bistakoa da, ez dugula agintea hartuko egungo baldintzetan. Iraultzak berak gure egitura politiko eta soziala aldatuko duten borroka luze eta sakonak aurresuposatzen ditu”. Ez dago dudarik hau “berez begi-bistakoa dela”, zaldiek oloa jaten duten eta Volga Kaspiar itsasoan isurtzen den bezain “begi bistakoa”. Tamalgarriena borroka “sakonen” esaldi hutsalekin eta puzkorrekin, proletalgo iraultzailearentzat hain hil ala biziko auzia saihestea da: zertan adierazten da bere iraultzaren “sakontasuna” Estatuari dagokionean, demokraziari dagokionean, aurreko iraultzen, iraultza ez proletarioen aldean. Auzi hau saihestean, Kautskyk izatez, hain funtsezkoa den puntuan kontzesio bat egiten dio oportunismoari, hitzez gerra ikaragarri bat deklaratu zionari, “iraultzaren ideiaren” garrantzia azpimarratzean (asko balio al du “ideia” honek, langileen artean iraultzaren ikasgai konkretuak zabaltzeari beldur zaionean?), edo zera esatean: “idealismo iraultzailea, ororen gainetik”, edo langile ingelesak orain “apenas ez dira burges txikiak besterik” aditzera emanez. ”Gizarte sozialista batean –idazten du Kautskyk- batera existitu daitezke… enpresa formarik anitzenak: burokratikoa (???), sindikalista, kooperatiba, indibiduala… Esate baterako, antolakuntza burokratiko bat gabe antolatu ezin daitezkeen enpresak daude (???) trenbideekin gertatzen den bezala. Hemen antolakuntza demokratikoak ondorengo forma har dezake: langileek delegatuak aukeratzen dituzte, lanaren erregimena finkatzeko eta aparatu burokratikoaren administrazioa ikuskatzeko parlamentu moduko bat osatzen dutela. Beste enpresetan administrazioa langileen sindikatuei eman daiteke; besteak, azken finean, kooperatibismoaren printzipioaren gainean antolatuak izan daitezke” (Ginebran argitaraturiko argitalpen errusiarreko 148 eta 115. orr.) Hausnarketa hauek okerrak dira eta atzera pauso bat adierazten dute Marxek eta Engelsek Komunaren ikasgaiak eredutzat hartuz 70. hamarkadan azaldu zutenaren aldean. Beharrezkotzat aldarrikatu nahi den antolakuntza “burokratikoaren” ikuspuntutik, trenbideak ez dira inondik inora ezertan bereizten orokorrean industria mekaniko handiko enpresa guztietatik, edozein fabriketatik, biltegi garrantzitsu batetatik edo nekazal enpresa kapitalista handi batetatik. Mota honetako enpresa guztietan, teknikak baldintzarik gabe diziplina oso zorrotz bat eta puntualtasunik handiena inposatzen du bakoitzak duen lanaren gauzatzean, enpresa gelditzeko edo mekanismoa edo produktuak hondatzeko arriskupean. Enpresa hauetan guztietan, normala den bezala, langileak “parlamentu moduko bat osatuko duten delegatuak aukeratuko dituzte”. Baina auziaren gako guztia, hain zuzen ere “parlamentu moduko” hau ez dela instituzio parlamentario burgesen estilokoa izango puntuan dago. Gako guztia “parlamentu moduko” hau ez dela “lanaren erregimena ezartzera eta aparatu burokratikoaren administrazioa ikuskatzera” mugatuko puntuan dago, Kautskyk imajinatzen duen moduan, bere pentsamendua ez delarik parlamentarismo burgesaren markotik irteten. Gizarte sozialistan, diputatu langileen “parlamentu moduko honek” eginkizun bezala, noski, “lanaren erregimena ezartzea eta aparatuaren administrazioa ikuskatzea izango du”, baina aparatu hau ez da “burokratikoa” izango. Langileek, botere politikoa konkistatu ondoren, aparatu burokratiko zaharra suntsituko dute, zimenduetaraino eraitsiko dute, ez dute harri bakar bat bestearen gainean utziko, beste berri bategatik ordezkatuko dute, langileek eta enplegatuek beraiek osatua, eta hauek burokrata bihurtzearen aurka luzamendutan ibili gabe Marxek eta Engelsek xehetasun guztiz aztertu zituzten neurriak hartuko dira: 1) Hautagarritasuna ez ezik, kargu kengarritasuna edozein momentutan. 2) Langile batena baino soldata altuagorik ez. 3)Denek kontrol eta ikuskatze funtzioak beteko dituzten eta denak denbora batez “burokratak” izango diren sistema baten berehalako ezarpena, modu horretan, inork ez dezan “burokrata” bihurtzeko aukerarik izan. Kautsky ez zen, inondik ere, Marxen hitzok hausnartzen geratu: “Komunak ez zuen organismo parlamentario bat izan behar, baizik eta lanaren korporazio bat, betearazlea eta legegilea aldi berean…” Kautskyk ez zuen ulertu, inola ere, parlamentarismo burgesaren eta langile demokraziaren arteko ezberdintasuna, batak demokrazia (ez herriarentzat) burokratismoarekin (herriaren aurka) lotzen duela, eta bigarrenak berehala burokratismoa errotik mozteko neurriak hartzen dituela eta neurri hauek amaiera arte, burokratismoaren erabateko deuseztera arte, herriaren erabateko demokrazia ezartzerarte aurrera eramateko gai izango dela. Kautskyk hemen burokratismoarekiko “gurtza superstizioso” bera, “fede superstizioso” bera agertzen du. Pasa gaitezen oportunisten aurkako Kautskyren azkenekoa eta hoberenera den idazlanera, Botererako bidea (argitaratu gabea, uste dugunez behintzat, errusieraz, gure herrialdean erreakzioaren gorakada betean, 1909an, atera baitzen). Foileto honek aurrerapauso handi bat suposatzen du, hemen ez baita programa iraultzaile batez orokorrean hitz egiten, Bersteinen aurkako 1899ko foiletoan bezala, eta ez baita iraultza sozialaren eginkizunetaz hitz egiten hau gertatuko den momentuaren abstrakzioa eginez, 1902ko Iraultza Soziala foiletoan bezala, baizik eta “iraultzen aroa” hastera doala onartzera behartzen gaituzten baldintza orokorrez hitz egiten da. Autoreak zehazki klase arteko kontraesanen areagotze orokorraz hitz egiten du eta baita inperialismoaz ere, paper oso garrantzitsua jokatzen duela zentzu honetan. Europa Mendebaldeko “1789-1871 arteko aldi iraultzailea” eta gero, 1905ean prozesu analogo bat hasten da Ekialdearentzat. Mundu Gerra bizkortasun mehatxagarrian dator. “Proletalgoak jada ezin du iraultza goiztiar batetaz hitz egin”. “Aldi iraultzaile batean sartu gara”. “Iraultzaren aroa hasi da”. Adierazpen hauek erabat argiak dira. Kautskyren foileto honek, sozialdemokrazia alemaniarrak gerra inperialista aurretik zer zen hitzematen zuen eta gerra hasitakoan zein baxu erori zen (Kautsky bera barne) ikusteko erakusgarri bezala balio behar du. “Egungo egoerak –idazten zuen Kautskyk aipaturiko foiletoan- gu (hau da sozialdemokrazia alemaniarra) benetan garena baino moderatuagotzat erraz hartuak izateko arriskua gordetzen du”. Egia esan, Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata, ematen zuena baino ikaragarri moderatuagoa eta oportunistagoa zela gertatu zen! Askoz bereizgarriagoa da Kautskyk, jada hasia zen iraultzen aroari buruz eginiko adierazpen hain definitu hauen aurrean, bere hitzen arabera “iraultza politikoaren” azterketara eskainitako foileto batean, berriro ere Estatuaren auzia saihestu izana. Auziaren ahazte hauek, isiltasun hauek eta iheste hauek batuaz sortu zen ezinbestean oportunismorako erabateko pauso hori, segidan honetaz hitz egin beharko dugularik. Kautskyren pertsonan, sozialdemokrazia alemaniarrak zera zioela ematen zuen: nire ideia iraultzaileak mantentzen ditut (1899). Bereziki, proletalgoaren iraultza sozialaren ezinbestekotasuna aitortzen dut (1902). Iraultzen aro berria hasi dela aitortzen dut (1909). Baina, hala eta guztiz ere, iraultza proletarioak Estatuarekiko dituen eginkizunen auzia planteatzen den bezain laster, 1852an Marxek jada esan zuenarekin alderatuz atzera egin zuen (1912). Zehazki honela planteatu zen, modu irmo batean, auzia Kautsky eta Panneckoeken arteko polemikan. 3. Kautsky eta Panneckoeken arteko polemika Panneckoek Kautskyren aurka agertu zen “ezkerreko tendentzia erradikalaren” ordezkari bezala. Tendentzia honen kideen artean Rosa Luxemburgo, Karl Radek eta besteak zeuden eta, taktika iraultzailea defendatuz, batzen zituena Kautsky “zentroko” posiziora pasatzen ari zen uste sendoa zen, hau, printzipioei bizkar emanez, marxismoaren eta oportunismoaren artean balantzaka zebilelarik. Ikuspuntu hau zuzena zela gerrak erakutsi zuen bete betean, “zentroko” korronteak (marxista oker izendatuak) edo “kautskismoarenak” bere miseria higuingarri guztia agertu zuenean. Masen ekintzak eta iraultza artikuluan (Neue Zeit, 1912, XXX, 2), non Estatuaren gaia ikutzen zen, Panneckoekek Kautskyren posizioa “erradikalismo pasiboko” posizio bezala deskribatu zuen, “itxarote ez aktiboaren teoria bezala”. “Kautskyk ez du iraultzaren prozesua ikusi nahi” (616. orr.). Auzia modu honetan planteatuz, Panneckoekek hemen interesatzen zaigun gaia jorratu zuen, hau da, Estatuarekiko iraultzaren eginkizunena. “Proletalgoaren borroka –idatziz zuen- ez da besterik gabe estatu boterea lortzeko burgesiaren aurkako borroka bat, estatu boterearen aurkako borroka bat baizik… Iraultza proletarioaren edukia, proletalgoaren indar baliabideen bidez Estatuaren indar baliabideak suntsitzea eta ezabatzea da (literalki: desegitea, Auflösung)… Borroka, azken ondorio bezala estatu antolakuntzaren erabateko suntsiketa gauzatzen denean bakarrik amaitzen da. Gehiengoaren antolakuntzak bere gailentasuna erakusten du gutxiengo dominatzaile baten antolakuntza suntsitzean” (548. orr.). Panneckoekek bere pentsamenduei ematen dien azalpenak akats larriak pairatzen ditu. Baina, dena den, ideia argi dago, eta interesgarria da Kautskyk nola errefusatzen duen ikustea. “Orain arte –idazten du- sozialdemokraten eta anarkisten arteko ezberdintasuna lehenengoek Estatuaren boterea konkistatu nahi zutela, eta bigarrenek suntsitu nahi zutela zen. Panneckoekek bi gauzak nahi ditu” (724 orr.). Pannackoeken azalpenak lausotasuna pairatzen badu eta nahikoa konkretua ez bada ere (hemen ez aipatzearren, lantzen ari garen gaiari interesatzen ez zaizkion bere artikuluaren beste akats batzuk), Kautskyk, aldiz, hain zuzen ere gaiaren printzipiozko esentzia hartzen du, Pannackoekek iradokia, eta printzipiozko auzi kardinal honetan marxismoaren posizioa baztertzen du, eta oportunismora pasatzen da armekin eta hatuekin. Sozialdemokraten eta anarkisten arteko ezberdintasuna bertan modu erabat faltsuan definiturik agertzen da, eta marxismoa guztiz desitxuraturik eta zabarturik aurkezten da. Marxisten eta anarkisten arteko ezberdintasuna ondorengoan oinarritzen da: 1) Lehenek, Estatuaren erabateko suntsiketa xedetzat hartuz, helburu hau iraultza sozialistak klaseak suntsitu ostean bakarrik lor daitekeela aitortzen dute, sozialismoaren ezartzearen ondorio bezala, zeinak Estatua iraungipenera eramaten baituen; bigarrenek Estatua guztiz suntsitu nahi dute gauetik goizera, suntsiketa hau lortu daitekeen baldintzak ulertu gabe. 2) Lehenek, proletalgoak, botere politikoa konkistatu ostean, Estatuaren makinaria zaharra guztiz suntsitu behar duela eta hau beste berri bategatik ordezkatu behar duela aitortzen dute, langile armatuen antolakuntzaz osatua, Komuna motaren arabera; bigarrenek berriz, Estatuaren makinaren suntsiketaren alde eginez, ideia erabat nahasia dute, proletalgoak makinaria hau zerekin ordezkatu behar duen eta honek botere iraultzailea nola erabili behar duen puntuari dagokionean. Anarkistek ukatu egiten dute proletalgo iraultzaileak estatu boterea erabiltzea, bere diktadura iraultzailea erabiltzea. 3) Lehenek proletalgoa iraultzarako Estatu modernoa erabiliz prestatu dadila defendatzen dute, anarkistek hau ukatzen duten bitartean. Eztabaida honetan Panneckoek da, Kautskyren aurka, marxismoa ordezkatzen duena, hain zuzen ere Marxek erakutsi baitzigun proletalgoa ezin dela Estatuaren botere zaharra hartzera mugatu, estatu aparatu zaharra esku berrietara pasatzearen zentzuan, baizik eta aparatu hau suntsitu, hautsi behar duela eta beste berri bategatik ordezkatu. Kautsky marxismotik oportunismora pasatzen da, bere argudiaketan guztiz desagertzen baita hain zuzen ere Estatu makinaren suntsiketa, puntu orotatik onartezina oportunistentzat, eta hauei zirrikitutxo bat irekita uzten die “konkista” gehiengoaren lorpen sinple bat bezala ulertzearen zentzuan. Bere marxismoaren desitxuratzea estaltzeko, Kautskyk exegeta batek bezala jokatzen du: Marxen beraren “zita” bat ateratzen digu. 1850ean, Marxek “Estatuaren botereak eskuetan indarraren zentralizazio tinko bat” hartzeko beharrari buruz idatzi zuen. Eta Kautskyk galdetzen du arrotasunez: Akaso Panneckoekek “zentralismoa” suntsitu nahi al du? Hau jada, besterik gabe, esku joko bat da, Bersteinek, zentralismoari kontrajartzen dion federalismoaren inguruko bere ikuspuntuetan, marxismoaren eta proudhonismoaren artean egiten duen parekatzearen antzekoa. Kautskyk hartzen duen “zita” erabat ezegokia da kasu honetarako. Zentralismoa estatu makinaria zaharrean nahiz berrian da posible. Langileek beren indar armatuak borondatez batzen badituzte, hau zentralismoa izango da, baina zentralismo hau Estatu burgesaren aparatu zentralistaren, armada iraunkorraren, poliziaren eta burokraziaren “erabateko suntsiketan” oinarritutako zentralismo bat izango da. Kautskyk iruzurti batek bezala jokatzen du, Komunari buruzko Marxen eta Engelsen pasarte aski ezagunak ahaztuz, eta auziarekin erlaziorik ez duen pasarte bat nabarmenduz. “…Akaso Panneckoekek funtzionarioen zeregin publikoak abolitu nahi al ditu? –galdetzen du Kautskyk-. Baina ez alderdian ezta sindikatuetan ere, eta ez dezagun administrazio publikoan aipatu, ezin gaitezke funtzionariorik gabe moldatu. Gure programak ez du Estatuko funtzionarioak kentzea eskatzen, hauek herriak hautatuak izatea baizik… Kontua ez da ‘etorkizuneko Estatuaren’ aparatu administratiboak zein egitura aurkeztuko duen jakitea, baizik eta ea gure borroka politikoak estatu boterea guk konkistatu aurretik (Kautskyk azpimarratua) suntsituko duen (literalki: desegin, auflöst) jakitea. Zein ministerio, bere funtzio eta guzti, ezabatu liteke?” Eta Instrukzioko, Justiziako, Ogasuneko eta Gerrako ministerioak aipatzen dira. “Ez, gobernuaren aurkako gure borroka politikoak ez du egungo ministeriorik ezabatuko… Errepikatu egingo dut nahasterik gerta ez dadin; hemen kontua ez da ‘etorkizuneko Estatuari’ sozialdemokrazia garaileak zein forma emango dion, gure oposizioak egungo Estatua nola aldatzen duen baizik” (725. orr.). Hau ageriko amarrukeria bat da. Panneckoekek hain zuzen ere iraultzaren auzia planteatu zuen. Horrela esaten da argi eta garbi bere artikuluaren izenburuan eta aipaturiko pasarteetan. “Oposizioaren” auzira jauzi egitean, Kautskyk ikuspuntu iraultzailea oportunistagatik ordezkatzen du. Arazoa, beregan, honela planteaturik agertzen da: Orain oposizioan gaude; boterearen konkistaren ondoren ikusiko dugu. Iraultza desagertu egiten da! Hau da hain zuzen oportunistek eskatzen zutena. Helburua ez da oposizioa ezta orokorrean borroka politikoa ere, hain zuzen iraultza baizik. Iraultza proletarioa, “aparatu administratiboa” eta Estatuko aparatu guztia deuseztean eta hau langile armatuek osaturiko beste berri bategatik ordezkatzean oinarritzen da. Kautskyk “gurtza superstizioso” bat agertzen du “ministerioengatik”, baina zergatik ezingo dira bada ministerio hauek, suposa dezagun, langile eta soldadu diputatuen Sobiet burujabe eta ahalguztidunei gehituriko adituen batzordeengatik ordezkatu? Auziaren esentzia ez dago, inondik ere, “ministerioak” iraun behar duten edo “adituen batzordeak” edo beste instituzio batzuk egon behar duten jakitean. Auziaren esentzia estatu makinaria zaharra mantentzen den (milaka hariez burgesiari lotua eta barne-muinetaraino errutinaz eta inertziaz blaitua) edo bera suntsitu eta berri bategatik ordezkatzen den puntuan datza. Iraultzaren oinarria ezin da izan klase berriak Estatuaren makinaria zaharraren laguntzaz agindu eta gobernatzea, makina hau suntsitu eta beste berri baten laguntzaz agindu eta gobernatzea baizik: marxismoaren funtsezko ideia hau Kautskyrengan desagertu egiten da, edo bestela ez du inola ere ulertu. Funtzionarioen inguruan egiten duen galderak argi eta garbi erakusten du ez dituela Komunaren ikasgaiak ez Marxen doktrina ulertu. “Ez alderdian ezta sindikatuetan ere, ezin gaitezke funtzionariorik gabe moldatu..” Ezin gara funtzionariorik gabe moldatu kapitalismoan, burgesiaren dominaziopean. Proletalgoa zapaldurik dago, masa langileak kapitalismoak esklaboturik daude. Kapitalismoan, masen soldatapeko esklabutzaren, gabezia eta miseriaren giro guztiak demokrazia hertsatu, uzkurtu, moztu egiten du. Horregatik, eta soilik horregatik, kapitalismoaren giroan gure erakunde politiko eta sindikaletako funtzionarioak ustelkerian erortzen dira (edo zehatzago hitz egiteko, ustelkerian erortzeko joera erakusten dute) eta burokrata bihurtzeko joera erakusten dute, hau da, masengandik banandutako, masen gainetik kokatutako pertsona pribilegiatuetan. Honetan datza burokratismoaren esentzia, eta kapitalistak desjabetuak ez diren bitartean, burgesia eraisten ez den heinean, ekidinezina izango da “burokratizazio” jakin bat, baita funtzionario proletarioena ere. Kautskyk honela aurkezten du auzia: kargu hautagarriak egoten jarraitzen duenez, sozialismoan funtzionarioak egoten jarraitzen dute, burokrazia egoten jarraitzen du! Eta hau da hain justu faltsua dena. Hain zuzen ere Komunaren adibidean, Marxek agerian jarri zuen, sozialismoan, kargu ofizialak betetzen dituztenak “burokrata” izateari uzten diotela, “funtzionario” izateari uzten diotela hautagarritasunaz gain, momentu oro kargu kengarritasuna ezartzen den neurrian eta, honetaz gain, soldatak langile baten soldatarekin parekatzen diren neurrian, eta, honetaz gain instituzio parlamentarioak “lan instituzioengatik, hau da, aldi berean legegileak eta betearazleak” direnengatik ordezkatzen diren neurrian. Funtsean, Panneckoeken aurkako Kautskyren argudiaketa guztiak, eta batik bat erakunde sindikaletan eta alderdikoetan funtzionario gabe ezin moldatu gaitezkeela zioen bere argudio aipagarriak, Kautskyk orokorrean marxismoaren aurkako Bersteinen “argumentu” zaharrak errepikatzen dituela erakusten du. Bere Sozialismoaren premisak liburuan, Bersteinek “demokrazia primitiboaren” ideiei aurre egiten die, honi “demokrazia doktrinario” deitzen diola: aginte mandatuak, soldata gabeko funtzionarioak, indarrik gabeko ordezkaritza zentral bat, etab. Demokrazia “primitibo” hau funtsik gabea dela frogatzeko, Bersteinek sindikatu ingelesen esperientzia hartzen du, Webbtarren interpretazioan. Hauen arabera, “erabateko askatasunean” (argitalpen alemaniarreko 137. orr.) garatu diren sindikatuak, esperientzia bezala daramaten 70 urteetan, demokrazia primitiboaren gauzaeztasunaz konbentzitu dira, eta ohiko demokraziagatik ordezkatu dute: burokraziarekin bateratutako parlamentarismoagatik. Egia esan, sindikatuak ez dira garatu “erabateko askatasunean”, esklabotza kapitalista betean baizik, non logikoa den “ezin moldatu izatea” kontzesio jakin batzuk egin gabe nagusi diren gaizkiei, bizipenari, faltsutasunari, behartsuak “goi” administrazioko zereginetatik baztertzeari. Sozialismoan nahitaez demokrazia “primitiboko” gauza asko berpizten dira, lehen aldiz gizarte zibilizatuen historian, herritarren masa bere kabuz parte hartzeko altxatzen baita, ez bozketetan eta hauteskundeetan bakarrik, baita administrazioaren eguneroko lanean ere. Sozialismoan, denek parte hartuko dute txandaka zuzendaritzan eta berehala ohituko dira inork ez zuzentzera. Bere adimen kritiko-analitiko bikainarekin, Marxek Komunaren neurri praktikoetan Komunaren biraketa hori ikusi zuen, oportunistek beren koldarkeriagatik, burgesiarekin behin betiko ez mozteagatik, beldur diotena eta onartu nahi ez dutena, eta anarkistek, bai arinkeriagatik edo baita orokorrean masen eraldaketa sozialak gertatzen diren baldintzak ulertzeko ezintasunagatik, ikusi nahi ez dutena. “Ezin daiteke Estatuaren makinaria zaharra suntsitzean pentsatu ere, zeren, nola moldatuko gara ministeriorik eta burokraziarik gabe?” arrazoitzen du hezur-muineraino filisteismoz kutsaturiko oportunistak, sakonean, ez du iraultzan, iraultzaren gaitasun sortzailean sinesten, baizik eta honi heriotzari adinako beldurra dio (gure mentxebikeek eta sozial iraultzaileek dioten beldurraren antzera). “Soilik Estatuaren makinaria zaharra suntsitzea pentsatu behar da, ez dago zertan aurreko iraultza proletarioen ikasgai konkretuetan sakondu beharrik ezta suntsitutakoa zerekin edo nola ordezkatu aztertu beharrik ere”, arrazoitzen dute anarkistek (anarkista hoberenek, noski, ez burgesiari jarraika Kropotkin eta beste jaunen atzetik doazenek); hemendik etortzen da anarkisten etsipenaren taktika eta ez lan iraultzaile, zorrotz eta zoli baten taktika, helburu konkretuak bilatzen dituena eta, aldi berean, masen mugimenduaren baldintza praktikoak kontuan hartzen dituena. Marxek bi akatsak ekiditen erakusten digu; Estatuaren makinaria zahar ororen suntsiketan mugarik gabeko adorez jarduten erakusten digu, baina, aldi berean, auzia modu konkretu batean planteatzen erakusten digu: Komuna aste gutxi batzuetan makina berri bat, makina proletario bat, eraikitzen hasteko gai izan zen, halako eta bestelako moduan, demokrazia zabaltzeko eta burokrazia eraisteko azpimarraturiko neurriak hartuz. Har dezagun komuneroengatik ausardi iraultzailea, ikus ditzagun beren neurri praktikoetan, berehala aplikagarriak eta praktikoki premiazkoak ziren neurrien zirriborro bat, eta orduan, bide honi jarraituz, burokratismoaren erabateko suntsiketara iritsiko gara. Suntsiketa honen ahalgarritasuna bermaturik geratzen da sozialismoak laneguna murriztuko duelako, masak bizitza berri batetara igoko dituelako, herritarren gehiengoa, salbuespenik gabe denei “Estatuaren funtzioak” betetzea baimenduko dien egoera batean kokatuko duelako; eta honek orokorrean Estatu ororen erabateko iraungipenera eramango du. “…Masen grebaren eginkizuna –jarraitzen du Kautskyk- ezin da inoiz estatu boterea suntsitzea izan, baizik eta besterik gabe gobernu bati puntu zehatz batean atzera egitera behartzea edo proletalgoari etsaia zaion gobernu bat, kontzesioak (entgegenkommende) egiteko prest dagoen beste bategatik ordezkatzea izan behar du… Baina honek” (hau da, gobernu etsai baten gaineko proletalgoaren garaipenak) “ezin dezake inoiz eta inola ere Estatuaren boterearen suntsiketara eraman, sinpleki Estatuko boterearen barneko indarren erlazioan desplazamendu (Verschiebung) batetara baizik… Eta gure borroka politikoaren helmugak orain arte izan dena izaten jarraitzen du, Estatuaren boterea konkistatzea parlamentuan gehiengoa irabaziz eta parlamentua gobernuaren jabe eginaraztea” (726, 727, 732). Hau jada oportunismorik garbiena eta doilorrena da, jada iraultza bera ukatzea da, hau soilik hitzetan onartuz. Kautskyren pentsamendua ez doa “proletalgoari kontzesioak egiteko prest dagoen gobernu bat” baino haratago, eta honek filisteismoranzko atzera pauso bat adierazten du 1847 urtearekin alderatuz, Manifestu komunistak “klase dominatzaile bezala antolatutako proletalgoa” aldarrikatzen zuelarik. Kautskyk hain gogoko duen “batasun” bat gauzatu beharko du Scheidemanndarrekin, Plejanovdarrekin eta Vanderveldetarrekin, hauek guztiak ados baitaude “proletalgoari kontzesioak egiteko prest” dagoen gobernu baten alde borrokatzean. Baina guk sozialismoaren traidore hauekin moztuko dugu eta estatu makina zahar guztiaren suntsiketaren alde borrokatuko gara, proletalgo armatua bera izan dadin gobernua. Bi gauza oso ezberdinak dira. Kautsky Legiendarren eta Davidtarren, Plejanovtarren, Potresovtarren, Tseretelitarren eta Chernovtarren lagunarte atseginean geratuko da, guztiz ados baitaude “Estatu boterearen barneko indarren erlazioan desplazamendu bat” lortzearen eta “parlamentuan gehiengoa irabaztearen eta parlamentua gobernuaren jabe egitearen” aldeko borrokan, helburu oso noblea non oportunistentzat dena onargarria den eta dena errepublika parlamentario burgesaren markoan mantentzen den. Baina gu oportunistekin moztera joango gara; eta proletalgo kontziente guztia geurekin egongo da borrokan, “ez indarren erlazioan desplazamendu baten alde”, baizik eta burgesiaren eraisketaren alde, parlamentarismo burgesaren suntsiketaren alde, Komunaren motako errepublika demokratiko baten edo langile eta soldadu diputatuen Sovieten errepublikaren alde, proletalgoaren diktadura iraultzailearen alde. * * * Kautsky baino eskuinerago, sozialismo internazionalean, Koaderno hilabetekari sozialistakxxix bezalako korronteak daude Alemanian (Legien, David, Kolb eta beste asko, Stauning eta Branting eskandinaviarrak gehituz); jaurestarrakxxx eta Vandervelde Frantzian eta Belgikan; Turati, Treves eta alderdi italiarreko eskuin hegalaren beste ordezkari batzuk; fabiotarrakxxxi eta “independenteak” (Alderdi Laborista Independentea, egia esateko betidanik liberalen dependentzian egon dena) Ingalaterranxxxii, etab. Alderdiaren jarduera parlamentarioan eta lan publizistan paper handi bat, gehienetan nagusia, betetzen duten jaun guzti hauek ukatu egiten dute, argi eta garbi, proletalgoaren diktadura eta oportunismo lotsagabe bat praktikatzen dute. Jaun hauentzat, proletalgoaren “diktadura” demokraziarekin “kontraesanean dago”!! Funtsean, demokrata burges txikietatik ez dira ezer seriotan bereizten. Egoera hau kontuan hartuz, II. Internazionala, bere ordezkari ofizialen gehiengo izugarria, oportunismoan jausi dela ondorioztatzeko eskubidea dugu. Komunaren esperientzia ahaztua ez ezik, desitxuratua ere izan da. Masei ez zaie erakutsi matxinatu beharko duten eguna eta Estatu zaharra suntsitu eta hau beste berri bategatik ordezkatu beharko duten eguna gerturatzen ari dela, eta honela, beren dominazio politikoa gizartearen eraldaketa sozialistaren oinarri bihurtu beharko dutela. Guztiz kontrakoa erakutsi zaie, eta “boterearen konkista” oportunismoari milaka zirrikitu irekita uzten dizkion moduan auzkeztu da. Iraultza proletarioaren Estatuarekiko jarrera desitxuratzeak eta isilarazteak ezin zuen paper latz bat besterik jokatu, momentu batean non Estatuak, areriotasun inperialistaren ondorioz beren aparatu militar indartuekin, gerra munstro bihurtzen ziren eta milioika gizaki sarraskitzen zituzten, munduan nork agindu behar zuen aukeratzeko: Ingalaterrak edo Alemaniak, kapital finantzario batek ala besteak. VII. Kapitulua 1905eko eta 1917ko Errusiako iraultzen esperientzia Kapituluaren izenburuan aipaturiko gaia hain da zabala, berari buruz liburuki osoak idatzi daitezkeela eta idatzi behar direla. Ondorengo foiletoan, normala den bezala, mugatu egin beharko gara proletalgoak iraultzan Estatuarekiko dituen eginkizunekin modu zuzenean erlazionaturik dauden esperientziaren ikasgai garrantzitsuenak azaltzera. (Eskuizkribua hemen eteten da) (Argitatzailearen oharra). Azken hitzak lehenengo argitalpenari Foileto hau 1917ko abuztuan eta irailean zehar idatzi nuen. Zirriborraturik neukan jada hurrengo kapituluaren (VII. kapituluaren) plana: 1905eko eta 1917ko Errusiako iraultzen esperientzia. Baina, izenburuaz gain, ez nuen aipaturiko kapituluaren lerro bakar bat idazteko aukerarik izan: krisi politikoa etorri zitzaidan “traba” egitera, 1917ko Urriko Iraultzaren bezpera. Honelako “trabek” ezin dute poza besterik sortu. Baina foiletoaren bigarren zatia (1905eko eta 1917ko Errusiako iraultzen esperientzia) ziurrenik denbora askorako atzeratu beharko da; askoz atseginagoa eta probetxugarriagoa baita “iraultzaren esperientzia” bizitzea honetaz idaztea baino. Autorea Petrogrado 1917ko Azaroak 30 1917ko abuztu-irailean idatzia; lehen argitalpeneko epilogoa, 1917ko abuztuaren 30ean; II. kapituluko 3.eko * , 1918ko 17a baina lehen. Petrorgradoko “bizitza eta jakitea” editorialak 1918an argitaratua. OHARRAK iEstatua eta Iraultza. Estatuaren doktrina marxista eta proletalgoaren eginkizunak iraultzan liburua Leninek klandestinitatean idatzi zuen 1917ko abuztu eta irailaren artean, Lenin Behin-behineko Gobernu burgesaren jazarpenetatik ezkutatu zenean. 1916ko udazkenean eta 1917 hasieran, Lenin Zurichen bizi zen eta lan asko egiten zuen liburutegian, Estatuari buruzko Marx eta Engelsen lanak ikasten. Oharrak letra txikiz eta estuz egin zituen, Marxismoa Estatuari buruz izeneko koaderno urdin batean. Koadernoan Marx eta Engelsen lanetako aipamenak bildu zituen, hala nola, K. Kautskyren, A. Panneckoeken eta E. Bersteinen liburuen eta artikuluen zatiak, Leninen ohar kritiko, ondorio eta orokortzeekin. Leninek material hauek erabili zituen, nahiz eta ez guztiz, bere Estatua eta Iraultza idazlan ederra idazteko. Bere planaren arabera, liburuak zazpi kapitulu eduki behar zituen. Hala ere, azken kapituluan, 1905eko eta 1917ko Errusiako Iraultzen esperientzia ez zen idatzia izan, soilik bere plan zehaztuak eta Ondorioko plana kontserbatu ziren. Liburua 1918an agertu zen. Estatua eta Iraultzaren bigarren argitalpena 1919an argitaratu zen. Egileak bigarren kapituluari “Nola planteatzen zuen Marxek auzia 1852an” atala gehitu zion. iiEseristen alderdiaren programa I. Kongresuan onartu zen, Finlandian 1905eko abenduaren 29tik 1906ko urtarrilaren 6ra burutua. Sozialista iraultzaileak (eseristak): errusiar burges txikien alderdia, talde eta zirkulu populista ezberdinen bateraketaren ondorioz, 1901 amaieratik 1902 hasierara bitartean sortua. Sozial iraultzaileek ez zuten langile klasearen eta nekazarien arteko ezberdintasunik ikusten, nekazalgoaren barnean dauden ezberdintasunak eta klase kontraesanak ezkutatzen zituzten eta ukatu egiten zuten proletalgoak iraultzan duen zuzendaritza papera. Sozial iraultzaileen nekazal programak lurraren jabego pribatuaren abolizioa eta lur hauek denon erabilerarako komunitateari ematea aurreikusten zuen, baita mota guztietako kooperatiben sustapena ere. Sozial iraultzaileek euren programa “lurraren sozializaziorako” programa bat bezala aurkezten zuten, baina sozialistatik ez zeukan ezertxo ere, izan ere, Leninek erakutsi zuen bezala, lurraren jabetza pribatua deuseztatuz bakarrik, langile klasea boterearen jabe egin gabe eta ekoizpen baliabide nagusiak (bankuak, enpresa garrantzitsuak eta trenbideak) bere eskuetan hartu gabe, ezin daiteke kapitalaren nagusitasunarekin eta masen miseriarekin amaitu. Sozial iraultzaileen nekazal programaren benetako edukia, historikoki aurrerakoia, lur-jabe handien jabetzaren deuseztapena zen; aldarrikapen honek iraultza burges demokratikoan nekazariek zituzten interesak eta helburuak islatzen zituen. Mundu gerra inperialistaren urteetan, sozial iraultzaileen gehiengoak posizio sozial chauvinista bat hartu zuen. 1917ko otsaileko iraultza burges demokratikoaren garaipenaren ondoren, sozial iraultzaileek, mentxebikeekin batera, burges eta lurjabeen Behin-behineko Gobernuaren euskarri nagusia izan ziren, bertan zeudelarik alderdiko buruzagiak (Kerensky, Avxentiev eta Chernov). Sozial iraultzaileen alderdiak ukatu egin zuen nekazarien aldarrikapena betetzea (lurjabe handien jabetza ezabatzea) eta hau mantentzearen alde egin zuen. Behin-behineko Gobernuetako sozial iraultzaileen ministerioek destakamendu errepresiboak bidaltzen zituzten lurjabeen lurrez jabetzen ziren nekazarien aurka. 1917ko amaieran, sozial iraultzaileen ezkerreko hegalak, sozial iraultzaile ezkertiarren alderdi independentea sortu zuen. Atzerriko esku hartze militarreko urteetan ere, eseristek kontrairaultza bultzatu zuten, baliabide guztiekin armada zuriaren eta atzerriko armaden alde egin zuten eta Estatu sobietarreko eta alderdi komunistako buruzagien aurka konspirazioak eta ekintza terroristak antolatu zituzten. iiiMentxebikeak: sozialdemokrazia errusiarreko korronte oportunista, oportunismo internazionaleko tendentzietako bat, POSDRren II. Kongresuan (1903) Iskra leninistaren aurkariek sortua. Kongresuan, alderdiko erakunde zentraletarako hautaketan leninistek gehiengoa lortu zuten eta boltxebike izenez deitu zitzaien (gehiengoa esan nahi duen “bolchinstvó” hitzetik datorrena), oportunistak gutxiengoa izan ziren, mentxebike deitu zitzaielarik (gutxiengo esan nahi duen “menchinstvó” hitzetik datorrena). Mentxebikeak alderdiaren programa iraultzailearen aurka azaltzen ziren, iraultzan langileek izan behar zuten hegemoniaren aurka, langile klasearen eta nekazarien arteko elkartasunaren aurka eta burgesia liberalarekin ituna egitearen alde. 1905-1907ko iraultzaren porrotaren ostean, proletalgoaren alderdi iraultzailea ilegaltasun orotik garbitu nahi izan zuten. 1912an POSDRen Errusia osoko VI. Konferentzian bere egituratik mentxebike-likidatzaileak kaleratu zituen. 1917an, mentxebikeen ordezkariek Behin-behineko Gobernu burgesean hartu zuten parte eta ondoren Urriko Iraultzan, beste alderdi kontrairaultzaile batzuekin batu zen botere sobietarraren aurkako borrokara. ivGizartearen antolakuntza jentilizioa: antzinaroko giza antolakuntza edota gizateriaren historiako lehenengo erakunde ekonomiko-sozialari esaten zaio. Komunitate jentilizioak, odolkideez osatutako kolektibitatea ordezkatzen zuen, lotura ekonomikoez eta sozialez lotua. Ekoizpen baliabideen jabetza soziala eta ekoiztutako produktuen banaketa berdina ziren erregimen primitibo honen ekoizpen erlazioen oinarria. Ekoizpen erregimen mota hau ekoizpen indarren garapen maila baxuari eta garai hartan zuten izaerari dagokio. vBonapartismoa (Bonaparte enperadore frantziarraren izenetik datorrena): kapitalisten eta langileen alderdien borroka latzaz baliatuz, partidista bezala agertu nahi ez duten gobernuen izena da. Gobernu hauek normalean iruzur egiten diete langileei promesa eta opari txikiekin, baina, izatez, kapitalisten zerbitzura daude. viHogeita hamar urtetako gerra (1618-1648): Europako lehenengo gerra izan zen. Europar Estatuetako talde desberdinen arteko kontraesanen areagotzeak eragin zuen eta protestante eta katolikoen arteko gerraren forma hartu zuen. Batez ere Alemaniako lurraldeetan burutu zen gerra hau, gerrako partaideen esplotazio eta harrapakeria nahien eremua izanik. Borrokari Westfaliako bake hitzarmenarekin eman zitzaion amaiera. viiGotharen Programa: Alemaniako Langile Alderdi Sozialistaren programa. Ordura arte Alemanian bi alderdi sozialista zeuden: eisenachetarrak, (ideologikoki Engelsen eta Marxen eragindakoak) eta lassallearrak eta 1875ean Gothako Kongresuan elkartu eta programa hau onartu zuten. Programa oportunista zen, eisenachetarrek atal garrantzitsuenetan lassalletarrei kontzesioak egin baitzizkien eta hauen formulazioak onartu baitzituzten. Hau dela eta Marxek eta Engelsek Gothako programa gogor kritikatu zuten atzera pausotzat ikusten baitzuten 1869ko eisenachetarren programarekin alderatuta. viiiLenin, Errusian 1917an (otsailak 27tik martxoaren 12ra) eman zen iraultza burgesaz ari da. Honen ondorioz autokrazia garaitua izan zen eta Behin-behineko Gobernu burgesa sortu zen. ix“Zenturia Beltzak”: mugimendu iraultzailearen aurka borrokatzeko polizia tsaristak antolatutako banda monarkikoak. Iraultzaileak erail, intelektual aurrerakoien aurka atentatu eta pogrom anti-hebreoak burutzen zituzten. xAlderdi Demokrata Konstituzionalista: Errusiako burgesia liberal monarkikoaren alderdi nagusia, 1905eko urrian sortua eta burgesiako eta zemstovetako elementuek eta intelektual burgesek osatua. Monarkia konstituzionala eskatzera mugatzen zen. Lehen mundu gerran gobernu tsaristaren kanpo politika anexionista sutsuki babestu zuten eta 1917ko otsaileko iraultza demokratiko burgesean monarkia salbatzen ahalegindu ziren. Behin-behineko Gobernu burgesean zuzendaritza karguak hartuz herriaren eta iraultzaren kontrako politika ezarri zuten. xiBehin-behineko gobernuak Batzar Konstituziogilearen deialdiaz informatu zuen 1917ko martxoaren 2ko (15eko) Adierazpenean; hauteskundeak urte bereko irailaren 17an (30) egin behar ziren, denbora gutxira azaroak 12ra (25era) atzeratzea akordatuz. Batzar Konstituziogilea 1918ko urtarrilaren 5ean (18an) inauguratu zuen Petrogradon Gobernu sobietarrak. Hauteskundeak Urriko Iraultza aurretik osaturiko listen arabera egin ziren. Batzar Konstituziogileak ukatu egin zituen bakearen, lurraren eta boterea Sobieten eskuetara pasatzearen dekretuak, hauek denak Sobieten II. Kongresuan onartuak, eta hori dela eta desegina izan zen Errusia guztiko CECren akordioz. xiiDie Neue Zeit (“Garai Berriak”): Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren aldizkari teorikoa. 1883 urtetik 1923 urtera bitartean argitaratu zen Sttutgarten. 1917rarte K. Kautskyk erredaktatu zuen, eta gero G. Cunowk. Aldizkari honek lehen aldiz Marxen nahiz Engelsen lanak argitaratu zituen. Engelsek aldizkariaren erredakzioan laguntzen zuen eta behin eta berriz kritikatu zuen aldizkariaren marxismoaren desbideraketa. Die Neue Zeiten XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako Alemaniako eta nazioarteko langile mugimenduko pertsonaia esanguratsu askok hartu zuten parte: A. Bebel, G. Liebknecht, R. Luxemburgo, F. Mehring, C. Zetkin, J. Plejánov, P. Lafargue, etab. Engels hil ondoren, 90eko hamarkadatik aurrera, aldizkaria errebisionisten artikuluak argitaratzen hasi zen, E. Bersteinen Sozialismoaren arazoak barne, eta honekin marxismoaren aurkako kanpaina hasi zuten errebisionistek. Lehen Mundu Gerran aldizkariak zentroko jarrera mantendu zuen, sozial chauvinisten alde eginez. xiii1910ean Portugalen burutu zen iraultzaz ari da non erregea eraitsi eta errepublika aldarrikatu zen urte bereko urriaren 5ean. xivDielo Naroda (“Herriaren kausa”): Sozial iraultzaileen alderdiko egunkaria, Petrogradon argitaratua 1917ko martxotik 1918ko uztailera. Defentsionismoaren eta adiskidetzearen posizioak hartu zituen eta Behin-behineko Gobernu burgesari babesa eman zion. xvK. Marxen Axolagabekeria politikoa artikuluaz eta F. Engelsen Autoritateaz artikuluari buruz ari da. xviSozialisten aurkako salbuespen legea Bismarcken Gobernuak jarri zuen indarrean Alemanian 1878 urtean langile mugimendu sozialistaren aurka borrokatzeko. Lege honek Alderdi Sozialdemokrataren nahiz langile masaren erakunde guztiak debekatzen zituen eta baita langileen prentsa ere; argitalpen sozialistak konfiskatuak izan ziren. 1500 sozialdemokratatik gora izan ziren atxilotuak, baina errepresioak ez zuen alderdia kikildu eta klandestinitateko egoerara egokituz bere ekintzak berrantolatu zituen. Alderdiaren aldizkari ofiziala atzerrian argitaratzen zen. Alemanian talde eta erakunde sozialdemokrata ugari zihoan sortzen komite zentral klandestinoaren buruzagitzapean. Era berean alderdiak legezko bide guztiak baliatzen zituen masarekiko harremana estutzeko, eta bere eragina etengabe handitu zen. Marxek eta Engelsek laguntza izugarria eskaini zieten Alemaniako sozialdemokratei. 1890ean, handitzen zihoan masen mugimenduaren presioaren aurrean, ezeztatu egin zen sozialisten aurkako salbuespen legea. xvii1866ko Austriaren eta Prusiaren arteko gerraz eta 1870-1871ko Frantzia eta Prusiaren arteko gerraz ari da. Alemaniaren batasuna amaitu zen Prusiako kasta militarren nagusigopean. xviiiPravda (“Egia”): boltxebikeen egunkari legala. Lehenengo alea Petrogradon argitaratu zen 1912ko apirilaren 22an (maiatzaren 5). Egunkaria langileek bildutako diruarekin argitaratzen zen eta 40.000 aleko tirada izaten zuen, ale batzuetan 60.000ra ere iritsiz. Leninen hitzetan Petrogradoko langileek aldizkari hau kaleratzea lan historikoa izan zen. Pravdak egunero lotzen zituen alderdia eta herriko masa zabalak. Langile ugari bildu zen aldizkariaren inguruan korrespontsal lanak eginez. Leninek zuzentzen zuen Pravda eta ia egunero idazten zuen bertan, erredakziorako oharrak ematen zituen eta berau borrokalaria eta iraultzailea izan zedin saiatzen zen. Poliziak etengabeko jazarpenak egiten zizkion egunkariari eta 1914ko uztailaren 8an (21ean) itxi egin zuten. 1917ko otsaileko iraultza burgesaren ostean berriz ere kaleratu zen baina Behin-behineko Gobernuaren jazarpena zela eta behin eta berriz aldatu zuen izenez. 1917ko urriaren 27tik aurrera hasierako izenburupean argitaratzen hasi zen. xixLos-Von-Kirche-Bewegung (elizarengandik banantzearen aldeko mugimendua) edota Kirchenaustrittsbewegung (eliza uztearen aldeko mugimendua) masiboa bilakatu zen Alemanian Lehen Mundu Gerraren bezperan. Honekiko Alderdi Sozialdemokratak hartu behar zuen jarreraren inguruko eztabaidan mugimenduko pertsonaia aipagarriek ez zuten Ghöre sozialdemokrata ihardetsi, berak alderdiak mugimendu honen aurrean neutral jokatu behar zuela eta bertako kideek alderdiaren izenean elizaren kontrako propaganda egitea debekatuta eduki behar zutela baieztatzen zuela. xxLenin: “Nominalki 2.400 rublo dira eta gaur egun 6.000 rublo ingururu izango lirateke. Erabat barkagaitza da boltxebike batzuk 9.000 rublotako soldata proposatzea udaletxe batzutarako, Estatu osorako 6.000 rublotako soldata maximoa ezarri beharrean”. Leninek aipatutako soldata hauek 1917 urtearen bigarren zatian bertako txanponak zuen balioan azalduta daude. Lehen Mundu Gerran rublo bateko biletea asko baliogutxitu zen errusian. xxiDer Volksstaat (“Herri Estatua”): Alemaniako sozialdemokraziak (eisenacheanoen alderdiak) argitaratzen zuen egunkari zentrala. Marxek eta Engelsek egunkari honetan kolaboratu zuten. xxiiLassalletarrak: F. Lassalle burges txiki alemaniarraren jarraitzaileak, Alemaniako Langileen Batasun Orokorreko kideak, 1863an Leipzigen burutu zen langile elkarteen kongresuan sortua. Lassalle izan zen lehen lehendakaria eta Batasunaren programa eta oinarriak azaldu zituen. Programa politikoa sufragio unibertsala aldarrikatzean oinarritzen zen eta ekonomikoa Estatuak finantzaturiko ekoizpeneko langile elkargoen sustapenean. Lassalletarrek Bismarcken politika babestu zuten beren ekintza praktikoetan. Alemaniako langile mugimenduko korronte oportunista zen aldetik Marxek eta Engelsek maiz eta gogor kritikatu zituzten lassalletarren teoriak, taktikak eta oinarriak. xxiiiPOSDRaren II. Kongresua aipatzen da, 1903ko uztailaren 17tik abuztuaren 10era (uztailaren 30-abuztuaren 23) ospatua. Lehenengo saioak Bruselan egin ziren baina poliziaren jazarpena zela eta Londresera mugitu ziren. Alderdiko erakunde zentraletarako hautaketan Leninen aldekoek gehiengoa lortu zuten boltxebike izena jasoz eta oportunistek gutxiengoa lortu zuten mentxebike izena jasoz. xxivShylock: W. Shakespeareren Beneziako merkataria komediako pertsonaia, diru prestatzaile gogor eta zitala, gupidarik gabe zordunari libra bat haragi ken ziezaioten agintzera iristen zena. xxvPomialovskiren seminarista: seminarioetako ikasleak. Euren izaera errusiarrak N. Pomialovski literato errusiarrak deskribatu zituen, bere Seminarista baten egunerokoa lanean. Bursa: Seminaristen ostatua Errusia tsaristan. xxviI. Internazionalaren Hayako Kongresua 1872ko irailaren 2tik 7ra burutu zen. Bertan Marxek, Engelsek eta hauen jarraitzaileek sekta burges txikien aurka zuten urteetako borroka gailurrera iritsi zen. Anarkisten buru ziren M. Bakunin, D. Guillaumme eta beste batzuk Internazionaletik kanporatuak izan ziren. Kongresuko lan guztiak Marxen eta Engelsen zuzendaritzapean egin ziren beraien parte hartzerik grinatsuenarekin batera. Kongresuko erabakiek marxismoaren garaipena islatu zuten anarkisten mundu burges txikiaren gainean eta langile klasearen alderdi politiko nazional independenteen eraikuntzarako oinarriak ezarri ziren. xxviiZariá (“Egunsentia”): zientzia nahiz politika lantzen zituen aldizkari marxista. Legalki argitaratzen zen Stuttgarten 1901 eta 1902 urteetan Iskra erredakzioaren eskutik. Nazioarteko nahiz Errusiako errebisionismoa kritikatzen zuen eta marxismoaren oinarriak defendatzen zituen. xxviiiII. Internazionaleko V. Kongresuaz ari da, 1900 urteko irailaren 23tik 27ra Parisen egin zena. Bertan gehiengoak onartu zuen K. Kautskyk auzi nagusiari buruz aurkeztu zuen ebazpena. “Botere politikoaren konkista eta alderdi burgesekin aliantzak” zen gai nagusia eta A. Millerand Waldeck- Rousseauren gobernu erreakzionarioan egiten ari zen parte hartzearekin lotuta zetorren. Ebazpen honek zioen sozialista bat gobernu burges batean egotea ezin dela botere politikoaren konkistaren hasiera normaltzat hartu, baizik eta egoera zailen aurka behin behineko, behartutako eta esklusiboa den baliabidetzat. Ordutik oportunistek maiz erabili izan dute ebazpenaren puntu hau burgesiarekin egindako kolaborazioak justifikatzeko. xxixKuaderno hilabetekari sozialistak (“Sozilistische Monatshefte”): oportunista alemaniarren aldizkari nagusia eta nazioarteko errebisionismoaren aldizkarietako bat; Berlinen argitaratu zen 1897tik 1933ra. Lehen Mundu Gerran (1914-1918) jarrera sozial chauvinista izan zuen. xxxJaurestarrak: J. Jaures sozialistaren jarraitzaileak. J. Jaures Frantziako mugimendu sozialistaren eskuin muturraren, erreformistaren, buru izan zen. Jauresek langile klasearen eta burgesiaren elkartasunaren alde egiten zuen. 1902an jarrera erreformista izango zuen Frantziako Alderdi Sozialista sortu zuten. xxxiFabiotarrak: Fabiar elkarteko kideak, 1844 urtean sortutako erakunde erreformista ingelesa; bere izena militar buru zen Fabio Maximo erromatarrari (k. a. III. mendea) zor dio. Cunctator deitzen zioten Anibalen aurkako gerran borroka erabakigarrietatik aldentzearen taktika erabiltzen baitzuen. Talde hau gehien bat burges intelektualek osatzen zuten: zientzialariak, idazleak, politikariak… eta klase arteko borrokaren eta iraultza sozialistaren beharra ezeztatzen zuten. Kapitalismotik sozialismorako bidea soilik gizarteko erreforma eta aldaketa txikien bidez lortu zitekeela esaten zuten. 1900 urtean Alderdi Laboristan sartu ziren. xxxiiAlderdi Laborista Independientea (Independent Labour Party): “sindikatu berriak”eko zuzendariek 1893 urtean sortutako erakunde erreformista. Hau greba mugimendua eta Ingalaterrako langile klasearen alderdi burgesekiko independentziaren aldeko mugimendu bat indartzean sortu zen. Alderdi hau “sindikatu berrietako” eta hainbat zaharretako kideek, eta baita intelektualtasuneko eta burgesia txikiko elementu batzuk osatu zuten. Alderdia Keir Hardiek zuzendu zuen. Honek burgesekiko independentzia politikoa mantendu nahirik, egia esan Alderdi Laborista Independentea “soilik sozialismoari zitzaion independente, baina oso dependentea zitzaion liberalismoari” (Lenin). Lehenengo Mundu Gerraren aldian, alderdiak posizio zentristak defendatu zituen, geroago sozial chauvinismora lerratuz.
|