Hasiera arrow ERREFORMA EDO IRAULTZA

Kaleratzeen, errepresioaren, krisiaren ondorioen...

 

aurka, LANGILEEN BORROKAK ELKARTU!!

ERREFORMA EDO IRAULTZA PDF Imprimir E-Mail
Escrito por Rosa Luxemburgo   
lunes, 09 de febrero de 2009

 

 

ARGITARATZAILEEN HITZAURREA

 

Langile mugimenduaren armakuntza teorikoari ekarpena egiteko asmoz, klasiko marxisten argitarapena da gure helburuen artean aurkitzen denetako bat. Marxismoaren klasikoak euskaraz argitaratzeko apostuari ekin diogu eta bere teorialari handien geroz eta lan gehiago kaleratzea da gure asmoa. Marxen, Engelsen, Leninen edo Trotskyren lanak gure liburutegian euskaraz izateko asmoz, ezin utzi genezakeen alde batera Rosa Luxemburgo eta orain aurkezten dizuegun lan hau, Erreforma edo Iraultza[1], marxismoaren lanik goraipagarrienen artean aurkitzen dena. Zalantzarik gabe egungo ustezko teorialari erreformista sozialdemokratei[2] edota mundu mailako, eta batez ere, Amerika Latinoko mugimendu iraultzaileen aurrean “ideia berriak” eta “sistema sozioekonomiko berritzaileak” planifikatzen saiatzen ari diren intelektualen argudio aski zaharkituei erantzuteko armarik bikainena.

Erreforma edo Iraultzarekin, teoria marxistan sartzen eta sakontzen ari diren ezkerreko ekintzaile eta gazte askok lan honen egilearen jeinu politikoa ezagutzeko aukera bikaina izango dute, langile klasearen xedearekiko zuen fidelitateaz eta bere kalitate iraultzaileaz jakiteko aukera.

Rosa Luxemburgo bere garaiko klase borrokaren gertakari handietan protagonista esanguratsua izan zen. Sozialdemokrazia alemaniarraren barne eztabaida politiko eta teorikoetan hartu zuen parte, marxismoaren obraren inguruko azterketak egin zituen bere bereak diren ekoizpenez gain, eta aldi berean II. Internazionalaren degenerazio oportunistaren aurka borrokatu zuen eta baita masen alderdi marxista berri baten eta Internazional marxista berri baten eraikuntzaren alde ere, bere bizitza iraultzailea markatu zutelarik. Gertakari hauetan guztietan Rosak bere zigilua ipini zuen, bere berea zuen aztarna berezi bat utziz, bere merituengatik pentsamendu marxistaren talentu handienetariko bat bilakatuz.

 

JATORRIAK

 

            Rosa Luxemburgo 1871an jaio zen Zamoscen, Poloniako herri txiki batean, munduari irekita zegoen familia judutar batean. Fede judutar ortodoxoak ezartzen zituen familia lotura itogarriak aspaldidanik desagerturik zeuden, eta honek Rosari tolerantziazko eta kuriositate intelektualezko giro batean heztea ahalbidetu zion.

            Garai hartan, Polonia tsarismoaren uztarripean aurkitzen zen, bere familiarengan askatasun nazionalaren aldeko mugimenduengatiko begikotasuna sortuz.

            Rosak hiru urte zituela, familia Varsoviara joan zen bizitzera, eta modu zuzen batean pairatu ahal izan zuen inposizio errusiartzailea eskolan, non funtzionari eta militar errusiarren seme-alaben gehiengo presentzia derrigorrezkoa zen. Gazte poloniarren portzentaia oso txiki bat onartzen zen, familia aberatsenetarikoak berauek, eta noski, judutarrik ez. Paul Frölichek, Rosa Luxemburgoren inguruko bere lan itzelean[3] dion bezala, ia segurua da Poloniako eskola-egoera zapaltzaileak eraman zuela Rosa borrokaren bidera.

            Lizeoko ikasketak amaitzetik gutxira, 1887an, Rosa “Proletalgoa” Alderdi Iraultzaile Sozialistan ari zen militatzen. Erakunde hau 1882an sortu zuten langile iraultzaile zirkulu eta komite hainbatek.

            Bere ekinbide politikoak segituan eraman zuen jazarpen polizialari aurre egin behar izatera, eta honek lehen erbesteraketa ekarri zion, Zurichera (Suitza) ihes eginez. Rosa Luxemburgok Varsoviako giro itogarriaren eta bere unibertsitateko pentsatzeko askatasunaren arteko aldea nabaritu ahal izan zuen. Bertan, ekonomia politikoaren klasikoak sakonki aztertu zituen, Adam Smith, David Ricardo eta Marx. Bere ikasketekin Rosak ez zuen bere militantzia iraultzailea alde batera utzi eta hiriko langile zirkuluekin eta momentuko marxista errusiar nabarienekin ipini zen harremanetan: Paul Axelrodekin, Vera Zasulichekin eta Plejanovekin. Baina garai honetan bereziki, bere kamarada eta armakide handia izango zen pertsonaia batekin egin zuen harremana: Leo Jogichesekin, antolatzaile iraultzaile nekaezina berau, polemista zorrotza eta komunismo alemaniarraren fundatzaileetariko bat.

 

LEHENENGO ERAKUNDE POLITIKOA

 

            1883an, “Proletalgoa” masa mugimendu poloniarraren bizkarrezur bilakatu zen, Narodnaya Volia (Herriaren Borondatea, alderdi populista errusiarra) ere gaindituz, bai kapitalismo errusiarra eta poloniarra ulertzeko garaian, baita programa politikoan ere. “Proletalgoak” errejimen autoritariotik hartatik askatzeko borroka langile masen borroka bat bezala ikusten zuen, ikuspegi internazionalista zuen eta nobleziaren eta burgesia txikiaren posizio demagogikoa eta hipokrita gaitzesten zuen askapen nazionalaren auzian. “Proletalgoak” langile errusiarrak ikusten zituen Poloniako masa zapalduen askapena eskuratzeko aliatu garrantzitsuenak bezala, arazo nazional poloniarraren konponketa nazioarteko iraultza sozialistaren baitan emango zela ulertuz. Sozialdemokrazia errusiarraren bihotzean gerora sortuko ziren eztabaida erabakiorrei aurre hartuz, “Proletalgoak” iraultzak tsarismoa eta burgesia eraitsi behar zituela defendatzen zuen, eta langile klasea boterera eraman; ez zuen iraultza burges errusiarra sozialismoaren bideko beharrezko etapa bat bezala ikusten.

            Hainbat greben buru izateagatik errepresio poliziala jasaten ari zela Langile Poloniarren Federazioarekin eta Alderdi Sozialista Poloniarraren (PPS) barneko bi talde menorerekin fusionatu zen. Alderdi berriaren organu publikoa Leo Jogichesek, Adolf Warskyk eta Rosa Luxemburgo gazteak zuzendua zegoen.

            Garai honetan zehar helburua alderdi berrian anbiguetaterik gabe programa marxista bat ezartzea zen. Horretarako errepresio polizialaren une gorenetan alderdian sartu ziren tendentzia blanquisten aurka egin behar zen borroka, batetik, eta Langileen Federazio zaharretik zetozen ekonomizismoaren eta erreformismoaren aurka, bestetik.

 

AUZI NAZIONALA

 

            Urte horietan zehar, Rosa Luxemburgok bere lehen lan teorikoak burutu zituen arazo nazionalari buruz eta zapalkuntza tsaristaren aurkako proletalgo poloniarraren eginkizunei buruz.

            Bere ustez, Poloniako arazo nazionalak eraldaketa sakonak jasan zituen Marxek faktore iraultzaile boteretsutzat hartu zuen garaietatik. Behe noblezia poloniarrak, 1848tik 1871ra bitarteko iraultzetan despotismo tsaristaren aurka eta helburu demokratikoen alde borrokatu zuenak, iragan aurrekapitalista baterako itzulera planteatzen zuen eta azken finean ikuspuntu erreakzionario bat zen. Bestalde, burgesia poloniarra klase gisa garatuz joan zen kapitalismo errusiarraren hazkuntzarekin eta tsar ezberdinen gobernuek babesturik, honek lurralde errusiarrean negozio bikainak bermatzen baitzizkion. Gainera, lotura asko zituen estatu aparatu tsaristarekin eta alde batera utziak zituen jada nazio poloniarraren batasun eta independentzia nahiak. Rosa Luxemburgoren ustetan, ideia nazionalistak intelektual poloniarrengan zeuden soilik bizirik. Zentzu horretan, langile klaseak nekez osatuko zuen Estatu poloniar burges bat bere burgesiaren eta atzerriko menderaketaren aurkako borrokan. Langile klaseak hau lortzeko adina indar bazuen, zioen Rosa Luxemburgok, iraultza sozialistarako adina ere izango zuen, langileentzat onargarria den konponbide bakarra arazo nazional poloniarrarentzat.

            Rosaren iritziz, independentzia nazionala ezin izan zitekeen proletalgoaren berehalako helburu bat. Auzi honen inguruan jarrera hau izatera bultzatzen zuena, langile klasearen borroka helburu nazionalistek ez faltsutzearen eta xurgatzearen nahia zen. Enfasia langile errusiarren eta poloniarren borroka amankomunean ipini behar zen bere iritziz.

            Urte luzez, sozialdemokrata poloniarrek borroka gordina izan zuten PPSko buruzagi nazionalista burges txikien aurka, Leninen elkartasun esplizitua izan zutelarik. Honela mintzatu zen Rosa Luxemburgo auzi honen inguruan: “Gerra bat piztu dadila nahi izatea, soilik Poloniaren askapenerako, motarik txarreneko nazionalista bat izatea eta poloniar gutxi batzuen interesak gerra jasango luketen milioika pertsonen interesen aurretik ipintzea izango litzateke. Eta honela pentsatzen dute, hain zuzen, PPSko eskuin hegaleko kideek, sozialistatik izena bakarrik dutenak, hauen aurrean sozialdemokrata poloniarrek mila bider arrazoi gehiago dutelarik. Momentu honetan Poloniaren independentziaren kontsigna ezartzeak, egungo egoeran estatu inperialista bizilagunek elkarren artean dituzten erlazioak kontutan harturik, utopia baten atzetik joatea suposatzen du egiazki, nazionalismo nimiño batean erortzea eta iraultza europarraren eta baita iraultza errusiarraren eta alemaniarraren betekizunak ere ahaztea”.

            Rosa Luxemburgok jarrera internazionalista zuen, baina eskaera demokratiko nazionalek masa poloniarrentzat, baita langile klasearentzat ere, praktikan duten erakargarritasun iraultzailea ahazten zuen. Leninekin izan zuen polemikan, marxista errusiarrak behin eta berriz azpimarratzen zuen nazio eta nazionalitate zapalduen autodeterminazio eskubidearen defentsak ez zuela separatismoaren edota independentziaren aldeko agitazioa egitea adierazten. Auzi honetan, marxistok ez dugu erreibindikazio demokratiko bat proletalgoaren eta iraultza mundialaren interesen aurretik ipintzen. Eskubide honen defentsak, zeina sozialdemokrazia poloniarraren programan ipintzearen aurka zegoen Rosa Luxemburgo, edozein nazionalitate zapalduko masak bere burgesia eta burgesia txiki nazionalistaren eragin kaltegarritik askatzea ahalbidetzen du, azken hauek, beti, proletalgoaren eta nekazari txiroen askapen nahiak euren onura pribaturako esplotatzen baitituzte.

            Urriko Iraultzan argi geratu zen kontsigna honen potentzial iraultzaile izugarria, langile boterearen aldeko eta burgesiaren eta lurjabe handien desjabetzearen aldeko borrokarekin loturik. Leninek auzi honi bere lanik bikainenetarikoa eskaini zion, Nazioen autodeterminaziorako eskubidea, gaur egun ere bere egunerokotasun osoa mantentzen jarraitzen duena.

 

SOZIALDEMOKRAZIA ALEMANIARRA

 

            Mugimendu sozialista poloniarraren barnean, gatazkaz beteriko urteen ondoren, PPS zaharrak eztanda egin zuen, marxismoaren alde zeuden kideei langile mugimendu poloniarraren barnean euren eragina zabaltzea baimenduz. Rosa Luxemburgo eta Leo Jogiches bilakatu ziren erakunde berriaren buruzagi, Poloniako Erreinuko Alderdi Sozialdemokrata izena hartuz, eta ondoren Dzierzynskik zuzenduriko sozialista lituaniarrekin elkartu ziren, Rosaren postulatuen jarraitzaile fidelak zirenak, Poloniako Erreinuko eta Lituaniako Alderdi Sozialdemokrata antolatuz (SDKPL).

            Hala ere, Rosa Luxemburgok laster ekingo zien eginkizun militante berriei eta garaiko Europako langile mugimenduaren zentrura eramango zuen bere ekinbideak, Alemaniara, sozialdemokrazia alemaniarrean gehien gailentzen ziren koadroekin harremanetan ipiniz: Clara Zetkinekin (hil arte laguntasun estu batek biak batuz), August Babelekin, Paul Singerrekin, Franz Mehringekin eta Karl Kautskyrekin.

            Bere jatorrietatik, sozialdemokrazia alemaniarraren barnean (SPD), garaiko langile alderdi gehienetan bezala, ongi mugatutako bi tendentzia elkarbizitzen ziren: alde erreformista, Estatu kapitalistaren forma “demokratiko” berrietara moldatua, eta alde marxista, gizartearen eraldaketa sozialista defendatzen zuena metodo iraultzaileak erabiliz.

            SPDren kasuan, tendentzia erreformistak benetan sakondu ziren, bereziki buruzagitzako koadroen artean, legebiltzarreko taldean, sindikatuen zuzendaritzetan eta alderdiaren erakunde ezberdinetako ehundaka funtzionariren artean. Leninek sozialdemokrazia alemaniarraren degenerazio prozesu erreformista hau Proletalgoaren iraultza eta Kautsky arnegaria lanean deskribatu zuen. Sozialdemokrazia alemaniarraren eraginaren eta boterearen hazkundea kapitalismoak ordurarte izandako goraldi ekonomikorik handieneko unean gertatu zen. Hautes-garaipenek, zinegotzien, eskualdekako legebiltzarkideen eta estatuko diputatuen kopuruak handitzeak, erlazio ekonomiko berrietan sindikatuek izan zuten eraginak, honek denak, kapa berri baten goraldia ekarri zuen. Sozialdemokraziaren barnean, funtzionario talde geroz eta handiago bat goruntz zihoan, langile aristokraziatik eta intelektual burges txikien artetik zetozen elementuek osatzen zutelarik, erakundearen kontrola eskuratuz.

            Alderdiak sustatzen zuen giro berri honek, ekintza osoa legebiltzarrera soilik mugatuz, ideia erreformisten sarbidea erraztu zuen. Jada kontua ez zen kapitalismoa modu iraultzaile batez gainditzea, erakundeetako lanaren bitartez pixkanaka-pixkanaka aldatzea baizik. Erreformek, hauteskundeetako arrakasten bitartez ezarriko omen zirenek, Estatuaren eta gizartearen eraldaketa kualitatibo bat bermatuko zuten, modu baketsu batean gizarte sozialista bateraino iristeko.

            Alor teorikoan, prozesu hau guztia Bernsteinen idatziekin gorpuztu zen. Metodo marxistak kapitalismoaren kontraesanak analizatzeko jada ez zuela balio aldarrikatu zuen, eta gizartearen aldaketa erreforma gradualen bitartez burutzea proposatzen zuen, berauek erlazio ekonomikoetara eta Estatu burgesera aplikatuz. Bernsteinentzat, kapitalismo alemaniarraren boomak, praktikan, Marxen aurreikuspenen ukapena suposatzen zuten: ez gizartearen pobretze hazkorrik, ez gainprodukzio krisirik, ezta aldaketa iraultzaile baten beharrik ere. Hautes-hazkundearen bidez eta ekinbide parlamentarioa erabiliz, posible izango zen kapitalismoa eraldatzea, hau gizarte demokratiko aurreratu bilakatuz, non baliabide ekonomikoen estatu-kontrolak gizarte gatazkaren amaiera segurtatuko zuen.

            Bernsteinen herentzia teorikoa langile mugimenduaren historian zehar zabaldu da, egungo buruzagi sozialdemokratek bere iturrietatik edaten dutelarik, hitzez hitz duela ehun urte errebisionismo alemaniarraren burua izan zenak esandakoak errepikatuz.

            Posizio politiko honen aurrean, SPDren degenerazio prozesu erreformista noraino iritsi zenaren adierazle, Rosa Luxemburgo altxatu zen, eta bera izan zen jarrera hauen aurka borroka teoriko zurrun bat aurrera eramateko gai izan zen alderdiko buruzagi bakarra. Erreforma edo Iraultza mailukada ozen bat izan zen SPDren barnean, eztabaida politikoa erabat polarizatu zuen eta marxisten indarrak berrantolatzea baimendu zion alderdian Rosari. Gaur egun, Erreforma edo Iraultza lehen mailako altxor teorikoa da, literatura marxistaren klasiko bat, eta beste klaseen ideiak langile mugimenduan sar ez ditezen egindako borrokaren adibide garbia da.

            Rosarentzat, erreformen aldeko borroka ez zen kontraesanean sartzen estrategia iraultzailearen defentsarekin, arazoa bestelakoa zen: Bernsteinek jada alde batera utzi zuen gizarte kapitalistaren klase analisia eta berak proposatzen zuen analisiak gizarte ordena burgesa mantentzeko soilik balio zuen. “Erreforma eta iraultza”, dio Rosa Luxemburgok lan honetan, “ez dira, beraz, historiaren erakusmahaiean libreki hauta daitezken garapen historikorako bi metodo ezberdin, saltxitxa beroak edota hotzak hautatzen direnean bezala; klase gizartearen garapeneko momentu ezberdinak dira, elkar baldintzatzen eta osatzen direnak, baina aldi berean elkar baztertzen eta elkarrengandik aldentzen direnak, Ipar Poloa eta Hego Poloa bezala, edota burgesia eta proletalgoa bezala.

            “Antolaketa juridiko oro iraultzaren produktu bat besterik ez da. Klaseen historian, iraultza ekintza politiko sortzailea da, legeriak gizarte baten biziraupen politikoa soilik adierazten duen bitartean. Lege erreformak ez du iraultzarekiko independientea den bulkada bat sustatzeko berezko gaitasunik, garai historiko bakoitzean azken iraultzak markatu duen ibilbidean mugitzen da soilik, bultzada horrek irauten duen bitartean. Edota zehatzago esanda: azken iraultzak ezarri duen ordena sozialaren testuinguruan soilik mugitzen da. Hau da auziaren gakoa.

            “Erabat faltsua eta ez-historikoa da erreformak iraultzaren zabalpen bat bezala kontsideratzea, eta aldi berean, iraultza erreformen zerrenda kontzentratu bat bezala ikustea. Erreforma eta iraultza ez dira euren iraupenagatik bereizten, euren esentziagatik baizik.(…)

            “Beraz, bide erreformistaren alde agertzen denak, botere politikoaren konkistaren eta iraultza sozialaren bidearen ordez eta honi kontrajarririk, errealitatean ez du helburu berera doan bide lasaiago, seguruago eta mantsoago bat hautatzen, helburu ezberdin bat baizik.(…)

            “Proletalgoak botere politikoa konkistatzeko duen beharra ez zuten sekula zalantzan jarri Marxek eta Engelsek. Bernsteinentzat erreserbaturik geratu zen parlamentu burgesa, oilategi huts bat dena, historiako aldaketa sozialik itzelena aurrera eramatea helburu izango duen instrumentu kontsideratzeko ohorea: gizarte kapitalista batetik gizarte sozialista baterako eraldaketa”.

            Kapitalismoa parlamentarismoaren eta erregimen burgesaren beraren erakunde politikoen bitartez erreformatu daitekeenaren usteak bere porrot osoa erakutsi du, ez alor teorikoan bakarrik, baita klase borrokaren esparruan ere. Burgesiak gizartean duen aginteko posizioa ez duela inoiz modu baketsu batean utziko erakutsi zuten 1917ko iraultza errusiarrak edota 1918ko iraultza alemaniarrak, eta are gutxiago bere buruaz beste egingo duenik, politikoki eta klase bezala, bere botere politikoaren organismoak erabiliz. Azken finean, klase kapitalistarentzat, demokrazia burgesaren formak bere diktadura baimentzeko modu onargarriago bat besterik ez dira, gizarte-bizitzako esparru guztietan bere benetako kontrola bermatzeko beste modu bat soilik. Horregatik, forma “demokratikoak” euren interesekin bat ez datozenean, alde batera utziko dituzte eta hain “zibilizatuak” ez diren moduak hartuko dituzte, baina bai eraginkorragoak direnak, euren ordena sozialaren biziraupena mantentzeko bidean.

            Sozialismoaren arazoak lanean, Bernstein oso urrun iristen da bere kredo teoriko berria zilegitzeko orduan. Berarentzat, kapitalaren garapen monopolistikoak, trusten eta kartelen agerpenarekin, ekoizpen kapitalistaren anarkiaren gainditzea suposatuko luke, akzio-sozietateek kapitalaren demokratizazioa errazten zutenaren bide berean. Modu honetan, sozialismoak bere zilegitze zientifikoa galtzen zuen, kapitala bera bere kontraesanak gainditzeko eta ekoizpenaren oreka mantentzeko gai baldin bazen, ordena kapitalistaren aurka matxinatzeko beharrik ez baitzegoen.

            Ikuspuntu hau erabat kritikatu zuen Rosak. Bernsteinek pentsatzen zuenaren aurka, kapitalismoaren garapeneko joera monopolistikoak, kontraesanak leundu beharrean, merkatuengatiko borroka eta jada bazeudenen esplotazioa kualitatiboki handitzen zuen. Monopolioa lehia askearen ukapen dialektiko gisa sortzen da, baina ez du ekoizpenaren anarkiarekin amaitzen –ekoizpenaren izaera sozialaren eta jabetzaren izaera pribatuaren arteko kontraesanetik datorrena-, ezta gainprodukzio krisiekin ere. Hain justu, hurrengo bi hamarkadetan halako krisiak zabaldu ziren, bi mundu gerra eraginez.

           

1905eko ERRUSIAKO IRAULTZAREN ERAGINAK

 

            1905eko iraultza errusiarrak sozialdemokrazia alemaniarraren lerroak asaldatu zituen. Lehen unetik, Rosa Luxemburgok gogo biziz agurtu zuen San Petersburgoko langile masen mugimendu iraultzailea eta sistematikoki lan egin zuen iraultzaren izaera, bere asmoak eta behar taktikoak zein ziren argitzeko.

            Garai hartan, ohikoa zen Errusiak aurrena iraultza burges baten apostuari aurre egin beharko ziola esatea. Posizio hau, II. Internazionalaren buruzagi ofizialek errutina baten moduan mantendu zutena, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako hegal mentxebikeak ere defendatzen zuena zen. Bai batzuentzat eta bai besteentzat, langile mugimenduaren eta bere erakundeen betebeharra burgesiari bere babesa ematea zen, ezker hegal baten gisan, errejimen tsarista despotikoaren aurkako borrokan. Era honetan, Errusia garapen kapitalistaren bidean sartuko zen, behin pisu feudalaren heredentzia gainetik kendu ostean, proletalgoa indartzeko oinarri materialak sortuz eta etorkizuneko eraldaketa sozialista baterako zutoinak finkatuz.

            Ikuspuntu hau gogor kritikatua izan zen iraultzaile errusiar ugariren eskutik eta baita Rosa Luxemburgorenetik ere. Trotskyren ustez, zeinak oinarrizko paper bat jokatu zuen iraultza honetan San Petersburgoko Sovietaren presidente bezala, Errusiako erlazio ekonomikoak zalantzarik gabe jada kapitalistak ziren hein handienean, nahiz eta hau oso modu desorekatuan eman zen eta iragan feudaleko forma ekonomiko batzuek bizirauten jarraitzen zuten. Garapen ezberdin eta konbinatu honek klaseen egitura bera ere baldintzatzen zuen eta baita hauek prozesu iraultzailean izan beharreko papera ere. Noblezia lurjabeak nekazariari menperatze modu erdi-feudalak ezartzen zizkion, eta aldi berean errejimen politikoa kontrolatzen zuen, tsarismoaren lehen sostengatzailea izanez. Beste aldetik, burgesia errusiarra noblezia honi estuki loturik zegoen zerealen esportazioaren eta industriaren inguruan zituzten negozio amankomunengatik, modu honetan, gainerako herrialde kapitalista atzeratuetan sortu ziren oligarkien moduko bat osatuz. Erabateko ahultasun politikoa erakutsi zuen burgesia honek, eta historiak ezarri zizkion eginbeharrei uko egin zien. Aldi berean, Estatu tsaristak eta burgesia errusiarrak kapital inperialista frantziarrarekin eta britainiarrarekin zituzten loturak begibistakoak ziren.

            Bai Trotskyk bai Leninek burgesia errusiarra klase kontrairaultzaile gisa ikusten zuten, iraultza demokratiko-burgesaren eginkizunak aurrera eramateko gai ez zena, hau da, nekazal erreforma, Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa, nazionalitateen auziaren konponketa edota nazioaren industrializazioa burutzeko gai ez zena, besteak beste.

            Analisi honetatik proletalgoak iraultzan jokatu beharreko papera eratortzen zen. Trotskyrentzat zalantzarik ez zen: soilik langile klaseak, nekazalgo txiroarekin boterean, lortuko zuen eginkizun hauek burutzea, eta honek aldi berean tsarismoaren errejimen autoritarioa eta jabego burgesa suntsitzea ekarriko zuen. Eginkizun demokratikoak, etenik gabe, eginkizun sozialistekin elkartuko ziren, edota bestela esanda, lehenengoak aurrera eramateko beharrezkoa izango zen langile demokrazia ezartzea eta kapitalismo errusiarra eta jabego inperialistak desjabetzea. Jarrera politiko hau, “etengabeko iraultza” izenez ezagutua, 1905ean Rosa Luxemburgok ere hartu zuena izan zen. Leninek, Trotskyren puntu beretik abiatzen zenak, “langileen eta nekazarien diktadura demokratiko-iraultzailearen” formula planteatu zuen etorkizuneko gobernu iraultzailearentzat. Edonola ere, Trotskyk eta Rosa Luxemburgok alde batetik, eta Leninek bestetik, zituzten desberdintasun hauek 1917ko iraultzan zehar konpondu ziren: bere Apirileko Tesi famatuetan, Leninek konplexurik gabe utzi zuen alde batera bere iraganeko definizioa eta Trotskyren jarrera erabat onartu zuen, buruzagitzako boltxebike zahar batzuekin gatazkan sartuz. Une hartatik aurrera, marxismo errusiarraren indarrek botere sozialista ipini zuten euren borrokaren lehen helburutzat.

            1905ean, Rosa Luxemburgok inongo zalantzarik gabe borrokatu zuen mentxebikeen eta hauen nazioarteko babesleen jarrera, teorialari marxista bezala izan zuen kalitate osoa erakutsiz. Honek ez zion Leninekin eztabaidak izatea ekidin, batez ere alderdiaren barne antolaketari eta masek mugimenduan duten paperari buruzko gaietan. Eztabaida eta desberdintasun hauetako asko eskola estalinistak desitxuratu egin zituen, hamarkadetan zehar Rosaren egiazko posizioa gezurrez zikindu zuen, mugimendu komunistako sektore zabalek inongo kritikarik gabe onartu dituzten mitoak sortuz.

            Errealitatean, Leninek, mentxebikeen arduragabekeriaren eta erreformismoaren aurkako borrokan, masa alderdi marxista sendo baten oinarriak ezartzeko nahiean, bere argudioak oso modu trinkoan aurkezten zituen, berarentzat oinarrizko puntuak zirenak azpimarratzeko. Rosak sozialdemokrazia alemaniarraren barne-bizitza hobeto ezagutzen zuen, erreformismoaren garapena jokatzen ari zen paper kaltegarria gertutik ikusia zuen, goraka zetorren aparatu berri bat sortu baitzen azkenerako, oinarrietatik geroz eta bereiztuagoa. Leninek alderdiaren izaera zentralizatuari buruz zituen ideiei zuhurtziaren inguruko kritikak gehitu zizkion. Era berean, Leninek Zer egin bezalako idatzietan azaldu zituen jarrerak eztabaidarako elementu bilakatu ziren Rosarentzat. Testu honetan Leninek langile klaseari kontzientzia sindikal soila atxikitzen zion, alderdiak eragile eta mugimenduaren antolatzaile bezala duen oinarrizko papera azpimarratzeko, gerora tesi honetan atzera egin bazuen ere. Baina hala ere bi iraultzaile hauen arteko erlazioak ezin hobeak izan ziren eta ez zuten inoiz gezur eta difamazioetan amaitu. Oraindik urrun ziren faltsifikazio estalinistaren eskolak nazioarteko mugimendu komunistan metodo desleialak eta pozoitsuak txertatuko zituen garaiak.

            1905eko iraultzaren irakaspen politikoak kolpe zurrun bat izan ziren proletalgo poloniarraren barnean eta beste borroka eremu batzuk zabaldu zituzten sozialdemokrazia alemaniarraren erraietan. Errusiako iraultzaren ikasgaietatik abiatuz, Rosa Luxemburgok masen greba orokorra botereagatiko borroka iraultzailearen lehen mailako instrumentutzat ikusi zuen. Masen greba, alderdia eta sindikatua lanean SPDko eta sindikatuetako buruzagi ezberdinen posizio gradualistei eta klase kolaboraziorako joerei aurre egin zien, eta eztabaida berri bat ireki zuen oinarri sozialisten artean. “Masen berezkotasuna edota naturaltasuna” deiturikoaren inguruko ideia asko eztabaida horretatik etorri ziren, eta Rosa Luxemburgo langile errusiarren esperientziatik ondorioak ateratzen saiatu zen, buruzagi mentxebikeen joera esklerotiko eta erreformistaren aurrean. Rosaren arabera, klase borrokaren mugimendu iraultzailea ezin zitekeen alderdiaren bulego ofizialetan aurretiaz ezarritako plan baten gisa zirriborratu. Bizitza askoz konplexuagoa eta aberatsagoa zen gertaeretan edozein eskuliburu burokratiko baino. Begibistakoa den bezala, masek ekintzan erakutsi dezaketen berezkotasunak, iraultza guztietan ikusi den bezala, errusiarretik abiatuta 1936/39ko espainiarrera arte, ez du arrakasta bermatzeko taktika bat eta programa bat dituen esperientziadun zuzendaritza iraultzaile baten beharra alde batera uzten. Rosak hau behin eta berriz azaldu zuen. Hala ere, funtzionari sozialdemokratei eta SPDren degenerazio erreformistari zion arbuioak, behin baino gehiagotan, eta bereziki 1918ko iraultza alemaniarrean, behar batzuk gutxiestera eraman zuen: koadro marxisten egitura zentralizatu, disziplinatu eta sustraitu baten beharra gutxiestera, zeina langile klasearengan erreformismoak duen eraginari aurre egiteko modu bakarra den. Leninek jarrera zuzenagoa zuen koadroen politikaren, alderdiaren izaeraren eta iraultzan izango zituen eginkizunen inguruan.

 

KAPITALISMOAREN KRISIA ETA GERRA INPERIALISTA

 

            Rosa Luxemburgoren lanak obra marxisten lehen postuetan aurkitzen dira ezbairik gabe. Alor ezberdinak landu zituen, errebisionismoaren aurkako borrokatik hasita nazio auzira arte, eta ekonomia politikoa ere gehien landu zuen esparruetako bat izan zen, honen inguruan tesi polemiko hainbat garatu zituelarik, gure ustez okerrak direnak. Bere kapitalismoaren krisiaren eta akaberako hondoraketaren tesiak, herrialde ez kapitalistei prozesu horretan oinarrizko paper bat atxikiz, krisiaren kausa erabakigarria banaketa kolonialaren amaiera izango zela azaltzera eraman zuen. Iraultzaile poloniarraren jarrera hauei beste marxista batzuek erantzun zieten, hala nola Trotskyk, Leninek edota Bujarinek.

            Gorakada ekonomikoko aro bat igaro ostean, kapitalismoaren krisia sakontzen zihoalarik, inperialismoaren paper erreakzionarioa geroz eta argiago ikusten zen. Munduko milioika eta milioika gizon-emakumerentzako mehatxua, europarrentzat barne, jada ez zen lan indarraren muturreko esplotazioa soilik; gerra suntsitzaile baten ikuspegia begien bistan zen. Kautskyk ere, ordurarte marxismoaren teorialari ortodoxo bat izatearen ospea izan zuenak, bere teoria propioa landu zuen, kapitalismoaren zabalpena onartuz eta aldi berean zabalpen hori ez zela inperialismoa baieztatuz. Bere ideiei Rosa Luxemburgok erantzun zien hainbat lanetan eta baita Leninek ere Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena lanean. Gerra inperialistaren aurrean Kautskyk zuen jokamolde honek sozialdemokrazia alemaniarraren porrot politiko osoa erakusten zuen.

            Esan behar da, sozialdemokrazia alemaniarraren barneko oinarrizko borroketan, Rosa Luxemburgok beti marxismoaren ikuspuntua mantendu zuela. Leninek berak gerora auzi honetan erraturik zegoela esan behar izan zuen, une askotan defendatu baitzuen Kautsky Rosaren aurrean.

            Gerra aurreko krisiak benetan eragin zuen nazioarteko sozialdemokrazian. SPDren barnean hiru sektore ezberdin zirriborratu ziren: eskuina, alderdiko eta sindikatuetako zuzendaritza organismoak biltzen zituena; erdialdean, kostata baldin bazen ere, Kautsky aurkitzen zen, auzi politiko oinarrizkoenetan beti ere eskuin alderantz biratuz; eta ezkerrean Rosa Luxemburgo Clara Zetkin, Mehring, Liebknecht, Karski, Radek eta Pannekoek.

            1914ko gerra inperialistaren eztandak II. Internazionalaren erabateko apurketa ekarri zuen erakunde iraultzaile bezala. Nazioarteko kongresuek sarraski inperialistaren aurka onartutako nazioarteko manifestu guztiak errauts bilakatu ziren. Alderdi sozialdemokrata ezberdinetako zuzendaritzek jarrera txobinista hartu zuten eta euren burgesiari eman zioten babesa, modu honetan, Europa osoko milioika proletario gerra erreakzionario bateko lubakietara bultzatuz.

            SPD ez zen salbuespen izan. Bere zuzendaritza kaiserraren atzetik ipini zen, gerra kredituen alde bozka emanez eta burgesia germaniarraren politika erasokorra justifikatuz. Berdin jazo zen Frantzian edo Errusian. Internazionaleko gutxiengo bat mantendu zen internazionalismo proletarioaren printzipioekiko leial eta marxismoaren banderari eutsiz. Gutxiengo honetan aurkitzen ziren Rosa Luxemburgo eta SPDren ezkerreko bere kamaradak, Lenin eta boltxebikeak, Trotsky eta beste gutxi batzuk.

            Rosa Luxemburgo kartzelaratu egin zuten 1916tik 1918ra bitartean, gertakari iraultzaile batzuek askatu zuten arte. Bere kartzelazainak Alemaniako estatu nagusia eta zuzendaritza sozialdemokrata izan ziren. Baina kartzelan zela ez zuen sekula etsi, alderantziz, gerra inperialistaren aurkako borroka antolatzearen eta SPDren barneko oposizio marxistari forma ematearen ekarpena burutu zuen. Liga Espartakista delakoa osatuz, Rosak, Clara Zetkinek, Liebknechtek, Mehringek, Jogichesesk eta beste askok klase borrokaren gertakari nagusietan parte hartu zuten, sozialdemokrazia ofizialak lohietara bota zuen marxismoaren bandera jasoz.

            1918ko iraultza alemaniarrak Europaren egoera guztiz aldatzeko aukera izan zuen. Bere sakontasunak eta garapenak, Errusiako Iraultzarekin soilik alderagarria denak, izua sortu zuen klase agintariarengan kontinente osoan. Rosa Luxemburgok iraultzan jokatu zuen papera berebizikoa izan zen, lehen lerroan egin zuen borroka haseran Liga Espartakistan eta ondoren Alderdi Komunista Alemaniar sortu berria antolatuz (KPD). Noske sozialdemokrataren goardia kontrairaultzaileak Rosa Luxemburgo eta Karl Liebknecht erail zituenean, iraultzari burua ebaki zitzaion eta proletalgo alemaniarra eta mundu osokoa bere bi buruzagi estimatuenetakoak ziren haiek gabe utzi. Baina euren sakrifizioa ez zen alferrikakoa izan, euren pentsamenduak bizirik jarraitzen baitu bost kontinenteetako marxisten eta iraultzaileen ekintzetan.

            Orain da Rosa Luxemburgoren pentsamendu politikoa eta sozialismoaren aldeko borrokari eginiko ekarpena berreskuratzeko unea. Orain da bere irudia estalinismoak hamarkadetan zehar bota zion zaborretatik garbitzeko garaia. Horrexegatik, erabat ados gaude Leninek iraultza errusiarrari buruzko Rosaren idatzi zatikatuaren argitalpena zela eta 1922an idatzi zuenarekin: “Honi errusiar alegia zoragarri baten bi lerrorekin erantzungo diogu: Arrano batek, askotan, oilo batek baino gehiago egin dezake beheraka, baina oilo bat ezingo da inoiz arrano bat irits daitekeen altueraraino goratu. Rosa Luxemburgo okertu egin zen Poloniaren independentziaren auzian, okertu egin zen 1903an mentxebismoa epaitu zuenean, okertu egin zen (…) Baina oker horiek eginik ere, arrano bat izan zen eta hala izaten jarraitzen du: eta ez da soilik beraren oroitzapena izango mundu guztiko komunistek gurtuko dutena, bere biografiak eta lan osoek ere (komunista alemaniarrak modu ulergaitz batean beronen argitalpenarekin atzeratzen ari direlarik, zeina modu batean barka daitekeen, euren borrokan jasan dituzten kaltetu ugari direla eta) ikasgai bikaina osatuko dute mundu osoko belaunaldi komunista ugarirentzat” (Pravda 87.zbkia, 1924-4-16).

 

EGILEAREN HITZAURREA

 

Lehen begiratuan, lan honen izenburuak harrigarria eman dezake: Erreforma edo Iraultza. Egon al daiteke sozialdemokrazia erreformen aurka? Ikus al ditzake iraultza soziala, ezarritako ordenaren eraldaketa, bere azken helburua, eta erreforma sozialak aurkako bezala? Noski ezetz. Sozialdemokraziarentzat, erakunde demokratikoak lortzeko eta, ezarritako ordenaren barnean, langileen baldintzak hobe ditzaketen erreforma sozialak eskuratzeko egiten den eguneroko borroka klase borroka proletarioa bideratzeko eta azken helburuaren alde lan egiteko bide bakarra da; hau da, botere politikoaren konkistaren eta soldatapeko lanaren sistemaren abolizioaren alde. Sozialdemokraziarentzat, apurtu ezinezko lotura bat aurkitzen da erreformaren eta iraultzaren artean: erreforma sozialen aldeko borroka bitartekoa da, iraultza sozialaren aldeko borroka helburua den bitartean.

Eduard Bernstein izan zen langile mugimenduko bi aspektu hauek kontrajartzen lehena, Sozialismoaren arazoak deituriko artikuluetan, Neue Zeiten (1897-98), eta bereziki bere Sozialismoaren premisak eta sozialdemokraziaren eginkizunak liburuan. Bere teoria osoa, praktikan, iraultza soziala alde batera uztera gomendatzera mugatzen da, sozialdemokraziaren azken helburua baztertzera, eta erreforma sozialak  klase borrokaren bitarteko bilakatzetik helburu bilakatzera. Bernstein berak bere iritziak modu zehatz eta zorrotzenean eman ditu aditzera honako hau idaztean: “Azken helburua, edozein dela ere, ez da ezer; mugimendua da dena”.

Baina sozialismoaren azken helburuak bereizten du hain zuzen mugimendu sozialdemokrata demokrazia burgesaren eta erradikalismo burgesaren mugimenduetatik, helburu hori da langile mugimendua, ordena kapitalista salbatzeko alferrikako tramankulu bihurtu beharrean, ordena horren aurkako klase borroka bilatzen duena, haren abolizioa eskuratzeko; modu honetan, erreformaren edo iraultzaren auzia zentzu bernsteiniarrean, sozialdemokraziarentzat, izatearen edo ez izatearen auzia bilakatzen da. Beharrezkoa da Bernsteinekiko eta bere jarraitzaileekiko eztabaida hau alderdikide guztiek borroka modu bat edo beste bat hautatzearen inguruko auzi bat bezala ez ikustea, edota taktika baten edo bestearen ingurukoa, baizik eta mugimendu sozialdemokrataren existentzia bera dagoela jokoan.

[Bernsteinen teoriaren azaleko hausnarketa bat egin duenari, hau gehiegikeria bat irudituko zaio. Bernsteinek ez al du bada aldi oro sozialdemokraziaz eta bere helburuez hitz egiten? Ez al du bada, berak ere azken helburu den sozialismoagatik borrokatzen duela etengabe errepikatzen, beste era batean borrokatzen duela badio ere? Ez al du bada sozialdemokraziaren egungo praktika ia erabat onartzen duela adierazten, temati ere ipintzerarte? Hau guztia egia da, noski. Baina era berean egia da baita ere mugimendu berri oro, bere teoria eta politika lantzeko, aurreko mugimenduan oinarritzen dela, nahiz eta berriaren esentzia kontraesan zuzenean aurkitu iraganekoarekin. Mugimendu berri oro lehendik aurkitu dituen formetara moldatuz hasten da eta bere aurretik hitz egiten zen lengoaia hitz egiten du. Denboraren igaroarekin soilik irteten da kimu berria zuhaitz oskol zaharretik, eta korronte berriak bere forma eta bere lengoaia aurkitzen ditu.

[Sozialismo zientifikoaren oposizio batek, sozialdemokraziaren oinarri teorikoei modu ireki eta irmo batean uko eginez, hasera haseratik eta azken ondorioetararte bere esentzia modu argi batean erakutsiko duela espero izatea, sozialismo zientifikoaren boterea gutxiestea da. Gaur egun sozialista itxuraz bere burua aurkeztu nahi duenak eta aldi berean doktrina marxistari, mende honetako giza espirituaren produkturik geinuzkoenari, gerra aldarrikatu nahi dionak, marxismoari berari omenaldi inkontziente bat eginez hasi behar du: bere burua doktrinaren diszipulutzat aitortuz, bertan berau erasotzeko sostenguneak bilatuz, eta era berean bere erasoak marxismoaren garapen berri bat bezala aurkeztuz. Arrazoi honengatik, premiazko beharra da gure alderdiko industria langile talde handiek Bernsteinen teoriaren esentzia atzematea, bere kanpo-itxurek engainatu ez ditzaten.

[Ez dago langile klasearen aurkako irain lotsagabeagorik, ez gezur doilorragorik, eztabaida teorikoak “akademikideen” auzi soilak direla baieztatzea baino. Lassallek[4] bere garaian esan zuen zientzia eta langileak, gizarteko bi aurkako polo horiek, bat izatera iristen zirenean soilik suntsituko zituztela euren beso indartsuen artean kulturaren oztopo guztiak. Langile mugimendu modernoaren botere osoa jakintza teorikoan aurkitzen da.]

Ezaguera teoriko hau bi bider garrantzitsua da langileentzat orain lantzen ari garen kasu honetarako, beraiei buruz eta mugimenduan duten eraginari buruz ari baita; euren buruari ipini zaio salneurria oraingo honetan. Alderdiko korronte oportunista, Bernsteinek teorikoki gorpuztu duena, alderdiari gehitu zaizkion elementu burges txikien nagusigoa bermatzeko saiakera inkontziente bat besterik ez da, hau da, aldediaren politika eta helburuak espiritu burges txikiari moldatzeko saiakera bat da soilik. Erreformaren edo iraultzaren auzia, mugimenduarena edota azken helburuarena, oinarrian langile mugimenduaren izaera burges txikiaren edota proletarioaren auzia besterik ez da.

[Zio honengatik, alderdiaren oinarri proletarioaren interesekoa da, ahal besteko dedikazio eta sakontasunarekin, oportunismoarekiko eztabaida teoriko hontaz arduratzea. Ezaguera teorikoak “akademikide” gutxi batzuen pribilejio bat izaten jarraitzen duen bitartean alderdiak desbideratzeko arriskua izango du. Langile masa zabalek sozialismo zientifikoaren arma zorrotzari eta eraginkorrari gogor eusten diotenean bakarrik hondoratuko dira joera burges txiki guztiak, korronte oportunista oro. Mugimendua orduan finkatuko da oinarri sendoen gainean. “Kantitateak lortuko du”.][5]

 

 

Rosa Luxemburgo

Berlinen, 1899ko apirilaren 18an

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

LEHEN ZATIA

 

1. METODO OPORTUNISTA

 

            Teoriak kanpo munduko fenomenoek gizakien garunetan osatzen dituzten irudiak direla onartzen badugu, Eduard Bernsteinen teoria ikusita, beste zerbait gehitu beharko genioke jada esandakoari: batzuetan irudi horiek buruz behera agertzen dira. Bere teoria erreforma sozialen bidez sozialismoa ezartzeari buruzkoa da, erreforma sozial alemaniarra[6] erabat eten osteko garai batean burutua hain zuzen; ekoizpen prozesuaren kontrolaren teoria bat da, metalurgialari ingelesen porrotaren ondoren idatzia hain zuzen; gehiengo parlamentarioa lortzeko teoria bat da, Saxoniako erreforma konstituzionala eta sufragio unibertsalaren aurkako atentatuak burutu diren une hauetan landua hain zuzen [7]. Hala ere, Bernsteinen tesiaren alderdi nabarmenena ez da, gure iritziz, sozialdemokraziaren eginkizun praktikoekiko berak duen ikuspegia, gizarte kapitalistaren garapen objetiboari buruz esaten duena baizik, aipaturiko ikuspegiarekin estuki elkarloturik aurkitzen dena.

            Bernsteinen arabera, kapitalismoaren garapenak geroz eta gertagaitzagoa bilakatzen du bere hondoraketa orokorra, alde batetik, sistema kapitalista egokitzapen gaitasun geroz eta handiagoa erakusten ari delako, eta bestetik, ekoizpena etengabe dibertsifikatzen ari delako. Kapitalismoaren egokitzapen gaitasuna, Bernsteinen ustez, alor hauetan islatzen da: 1) krisi orokorren desagerpenean, kreditu sistemaren, enpresa aliantzen eta garraiobideen eta komunikabideen garapenari esker; 2) klase ertainek erakutsitako erresistentzian, ekoizpen adarren diferentziazio hazkorragatik eta proletalgoko geruza zabalak erdi mailako klase horretara igotzearen ondorioz; 3) eta azkenik proletalgoaren egoera ekonomikoaren eta politikoaren hobetzean, borroka sindikala dela eta.

            Honen ondorioa zera da, sozialdemokraziak jada ez duela bere eguneroko ekinbidea botere politikoaren konkistara bideratu behar, egungo ordenaren barnean langile klasearen baldintzak hobetzera baizik. Sozialismoaren ezarpena ez litzateke krisi sozial eta politiko baten ondorio izango, kontrol sozialen zabalpen geldoak eta printzipio kooperatibisten ezarpen gradualak ekarriko luke.

            Bernsteinek berak ez du ezer berritzailerik ikusten bere proposamenetan; alderantziz, Marxen eta Engelsen oharpen jakin batzuekin eta sozialdemokraziaren gaur arteko orientazio orokorrarekin bat datorrela uste du. Gure ustez, ordea, oso zaila da Bernsteinen ikusmoldea sozialismo zientifikoaren tesiekin kontraesanean dagoela ukatzea.

            Errebisionismo bernsteiniarra kapitalismoaren garapena uste zena baino geldoagoa dela esatera mugatuko balitz, proletalgoak botere politikoa konkistatzeko unea atzeratu egin dela suposatuko luke soilik, orain arte mundu guztia honekin ados zegoelarik. Bere ondorio bakarra borrokaren erritmo mantsoago bat litzateke.

            Baina hau ez da kasua. Bernsteinek ez du garapen kapitalistaren azkartasuna auzitan jartzen, garapena bera baizik, eta ondorioz, baita sozialismorako trantsizioaren aukera bera ere.

            Teoria sozialistak orain arte esaten zuenaren arabera eraldaketa sozialistaren abiapuntua krisi orokor eta katastrofiko bat izango zen, ikuspegi honetan bi aspektu ezberdintzea nahitaezkoa delarik: oinarrizko ideia eta bere kanpo itxura.

            Oinarrizko ideia zera da, kapitalismoa, bere barne kontraesanen kaltetu bilakaturik, desorekatu egingo dela, ezinezko bilakatuko dela. Arrazoi onak zeuden egoera hori merkatal krisi orokor eta oldartsu baten eran emango zela pentsatzeko, nahiz eta honek bigarren mailako garrantzia duen oinarrizko ideia kontuan hartzeko unean.

            Sozialismoaren justifikazio zientifikoa, jakina den bezala, batez ere garapen kapitalistaren hiru ondoriotan aurkitzen da. Lehen lekuan eta ororen aurretik, ekonomia kapitalistaren anarkia hazkorrean, bere gainbehera nahitaezko bilakatzen duena. Bigarren lekuan, ekoizpen prozesuaren sozializazio jarraiean, etorkizuneko ordena sozialaren haziari bide ematen diona. Eta hirugarren lekuan, proletalgoaren klase antolakuntzaren eta kontzientziaren gorakadan, etorkizuneko iraultzaren faktore aktiboa osatzen duena.

            Bernsteinek, garapen kapitalista krisi ekonomiko orokor batera hurbiltzen ez dela ari baieztatzen duenean, sozialismo zientifikoaren zutabe hauetatik lehenengoa ukatzen du.

            Ez du hondoraketaren modu zehatz bat ukatzen, hondoraketa berbera ukatzen du. Bernsteinek hau dio esplizituki: “Egungo gizartearen hondoraketaz hitz egiten denean krisi ekonomiko orokor bat baino zerbait gehiagoz eta aurrekoak baino krisi gogorrago batetaz ari garela argudiatu daiteke, hau da, sistema kapitalistaren erabateko porrotean pentsatzen da, bere kontraesanen ondorioz etorriko litzatekeena”. Eta honi berak erantzuten dio: “Gizartearen garapen hazkorra dela eta, egungo ekoizpen sistemaren aldibereko hondoraketa hurbila ez da gertagarriagoa, alderantziz baizik, garapen kapitalista, alde batetik, industriaren egokitzapen gaitasuna hazten ari baita, eta bestetik, eta aldi berean, bere diferentziazioa handitzen baitu”[8].

            Eta hemen dago koska: Zergatik eta nola iritsiko gara, kasu honetan, gure azken helburura? Sozialismo zientifikoaren ikuspuntutik, kapitalismoaren anarkia hazkorra da iraultza sozialistaren behar historikoa erakusten duena, hark irteerarik gabeko bide batera baikaramatza. Baina Bernsteinen tesia onartzen bada, garapen kapitalistak ez badu gizarte hau bere hondoraketara eramaten, sozialismoak objetiboki beharrezkoa izateari uzten dio. Beraz, sozialismoaren beste bi oinarri zientifikoak bakarrik geratzen dira: ekoizpen prozesuaren sozializazioa eta proletalgoaren klase kontzientzia. Honi buruz ari da Bernstein honako hau dionean: “Hondoraketaren teoria albo batera uzteak ez dio bere konbentzimendu gaitasuna kentzen doktrina sozialistari, izan ere, lasaiago pentsatuz, zer dira errealitatean lehen aipatu ditugun aintzinako krisiak ezabatzen eta eraldatzen dituzten faktore horiek guztiak? Ekoizpenaren eta banaketaren sozializazioaren premisak dira, eta hein batean baita sozializazio horren ernamuina ere”[9].

            Hala ere, hausnarketa txiki batek ondorio honen azpikeria ikustea ahalbidetzen digu. Zein da Bernsteinek egokitzapen kapitalistarako baliabide bezala aipatzen dituen faktoreen garrantzia –kartelena, kredituarena, garraiobideen garapenarena, langile klasearen egoeraren hobetzearena, etab.-? Begibistakoa den bezala ekonomia kapitalistaren barne kontraesanak deusezten, edota behintzat, leuntzen dituztela, kontraesan horien garapena eta sakontzea oztopatzen dutela. Honela bada, krisien desagerpenak sistema kapitalistako ekoizpenaren eta banaketaren arteko kontraesanen deusezpena gertatu dela esan nahi du. Eta langile klasearen egoeraren hobetzeak, edota klase honetako hainbat sektore kapa ertainetara igarotzeak, kapitalaren eta lanaren arteko antagonismoa arindu dela adierazten du. Hori bai, aurretik aipaturiko fenomenoek kapitalismoaren kontraesanak ezabatzen badituzte, eta ondorioz, sistemaren hondoraketa ekiditen badute, kapitalismoa sostengatzea baimentzen badute –horregatik deitzen ditu Bernsteinek “egokitzapenerako baliabideak”- nola uler liteke kartelak, kredituak, sindikatuak eta abarrak aldi berean sozialismoaren “premisak” eta “hein batean baita sozializazio horren ernamuina ere” izatea? Begibistan denez, ekoizpenaren izaera soziala agerian uzten duten heinean soilik.

            Baina, euren forma kapitalistan mantentzen direnez, ekoizpen sozializatu hori ekoizpen sozialista bilakatzea ez dute beharrezkoa. Horregatik, ordena sozialistaren ernamuin edota premisa zentzu kontzeptual batean bakarrik izan daitezke, baina ez zentzu historiko batean. Hau da, guk sozialismoaz dugun ikusmoldea dela eta, badakigu fenomeno hauek sozialismoarekin erlazionaturik daudela, baina izatez ez dutela iraultza sozialistaren biderantz zuzentzen, hau ez baitute beharrezko aurkitzen.

            Sozialismoaren oinarri bakartzat, beraz, proletalgoaren klase kontzientzia bakarrik gelditzen zaigu. Baina kasu honetan, jada ez da kapitalismoaren kontraesan sakonen eta bere hurbileko hondoraketaren –zeina egokitzapen baliabideen bitartez ekidina izango den- islada intelektual bat izango, ideal soil bat baizik, bere konbentzimendu-boterea atxikitzen zaion perfektutasunean soilik aurkitzen delarik.

            Hitz gutxitan, hemen duguna programa sozialistaren justifikazio bat dugu “arrazoi hutsaren” bitartez egina, hau da, sozialismoaren azalpen idealista bat, gizartearen garapen materialaren ondorio den behar objetibo gisa ezerezten duena.

            Teoria errebisionistak dilema bati egin behar dio aurre. Edota eraldaketa sozialista, orain arte baieztatzen zen bezala, kapitalismoaren barne kontraesanen ondorioa da, garapen kapitalistarekin sakontzen dena, une jakin batean nahitaez kapitalismaori akabera emanez –momentu horretan “egokitzapen baliabideak” alferrikakoak izanez eta hondoraketaren teoria aldiz zuzena-, edota “egokitzapen baliabideek” egiazki sistema kapitalistaren hondoraketa ekidingo dute, eta modu horretan, bere kontraesanak gaindituz, kapitalismoa mantentzea baimenduko dute, ondorioz sozialismoak behar historiko bat izateari uzten diolarik eta edozer gauza izatera igarotzen delarik, gizartearen garapen materialaren ondorio ez den beste zerbait behinik behin.

            Dilema honek beste batera eramaten gaitu. Edota errebisionismoak arrazoia du garapen kapitalistari dagokionean, eta horregatik gizartearen eraldaketa sozialista utopia bat da, edota sozialismoa ez da utopia bat, eta ondorioz “egokitzapen baliabideen” teoria faltsua da. Laburbilduz, hauxe da auzia.

 

2. KAPITALISMOAREN EGOKITZAPENA

           

Bernsteinen arabera, ekonomia kapitalistaren egokitzapena baimentzen duten baliabide garrantzitsuenak kreditua, garraiobide eta komunikabide aurreratuak eta kartel-enpresak dira.

            Kredituak hainbat funtzio betetzen ditu ekonomia kapitalistan, garrantzitsuenak ekoizpenaren hedapena eta elkartrukeen erraztea direlarik. Ekoizpen kapitalistak mugarik gabe zabaltzeko duen joerak jabego pribatuaren mugekin edota kapital pribatuaren dimentsio murritzekin talka egiten duenean, kreditua oztopo horiek modu kapitalistetan gainditzeko bide bezala agertzen da. Kredituak kapital pribatu ugari (akzio bidezko elkarteak) bakar batean batzen ditu eta edozein kapitalistak beste batzuen kapitala (kreditu industriala) eskura izatea ahalbidetzen du. Merkatal kreditu moduan, merkantzien elkartrukea bizkortzen du, hau da, kapitala ekoizpenera itzultzea azkartzen du, ekoizpen prozesuaren ziklo osoari lagunduz. Kredituaren bi funtzio nagusi hauek krisien sorreran duten eragina ulertzea oso erraza da. Krisiak hedatze gaitasunaren –ekoizpenaren hazteko joeraren- eta kontsumo gaitasun mugatu baten arteko kontraesanetik sortzen direla egia bada ere, kreditua, hain zuzen, kontraesan hori ahal besteko maiztasunarekin lehertzeko bidea da, goran esan denagatik. Hasteko, ekoizpenaren hedapen gaitasuna modu neurrigabe batean handitzen du, honela ekoizpena merkatuaren mugak gainditzera etengabe bultzatuko duen barne-motorra bilakatuz. Baina kreditua bi aho dituen labana da: lehendabizi, ekoizpen prozesuko faktore gisa, gainprodukzioa sortzen du, eta ondoren, merkantzien elkartrukearen faktore gisa, berak sortu zituen ekoizpen indar berberak suntsitzen ditu krisietan zehar. Ekonomiaren geldialdiaren lehen seinaleekin kreditua uzkurtu egiten da eta elkartrukea alde batera uzten du, azken honek kreditua gehien bat behar duen momentuan; eta irauten duen lekuetan, alferrikakoa eta ezeraginkorra bilakatzen da. Eta merkatuaren kontsumo gaitasuna gutxiengora murrizten du.

            Bi ondorio orokor hauetaz gain, kredituak baditu beste modu batzuk ere krisien eraketan eragiteko: besteren kapitalak kapitalista batentzat eskuragarri bilakatzeko bide teknikoa da eta besteren jabegoa ausarki eta eskrupulurik gabe erabiltzeko akuilu bat da, hau da, espekulaziorako akuilu bat. Merkatal elkartrukerako azpikeriazko bide bezala, kredituak ez ditu krisiak sakondu bakarrik egiten, hauen agerpena eta zabalpena errazten du, elkartruke osoa mekanismo erabat konplexu eta artifiziala bilakatuz, edozein tenoretan erraz asaldatu ohi dena, oinarritzat duen diru metaliko kantitate urria dela eta.

            Beraz, krisiak desagerrarazteko edota biguntzeko instrumentu bat izatetik urrun, kreditua faktore benetan boteretsua da berauen sorrerarako. Eta ezin liteke beste modu batean izan, kontutan hartuz gero kredituaren funtzioa, oro har, erlazio kapitalisten zurruntasunak ezabatzea dela eta alde guztietatik ahal besteko elastikotasunik handiena ezartzea dela, indar kapitalista guztiak ahal diren malguenak, erlatiboenak eta elkarrekiko sentikorrenak bilakatzeko helburuz. Honekin, kredituak krisiak erraztu eta larriago bilakatzen ditu, hauek ez baitira ekonomia kapitalistaren indar kontraesankorren noizbehinkako talkak besterik.

            Honek beste auzi batera garamatza: Nola da posible kreditua, orokorrean, kapitalismoaren “egokitzapenerako baliabide” gisa agertzea? Berauekiko ikusmoldea edozein izanik ere, “egokitzapen” horrek ekonomia kapitalistaren edozein erlazio kontrajarri ezabatzeko gaitasuna behinik behin izan beharko luke, hau da, bere kontraesanak ezabatu edo ahuldu beharko lituzke, honela, erreprimiturik dauden beste indarrei, une batean edo bestean, bide emanez. Izatez, kreditua da egungo ekonomia kapitalistaren kontraesanak muturreraino eramaten dituena. Ekoizpen moduaren eta banaketa moduaren arteko kontraesana sakontzen du, ekoizpena goreneraino eramaten baitu, baina baita elkartrukea edozein aitzakiagatik gelditu ere. Ekoizpen moduaren eta jabetze moduaren arteko kontraesana sakontzen du, ekoizpena jabegotik bereizten baitu, hau da, ekoizpenean erabiltzen den kapitala kapital “sozial” bilakatzen du, baina aldi berean irabazien zati bat jabego titulu sinple bilakatzen du, kapitalaren interesen itxuran. Jabego erlazioen eta ekoizpen erlazioen arteko kontraesanak sakontzen ditu, kapitalista txiki asko desjabetzen baititu eta oso esku gutxitan ekoizpen indar ugari kontzentratzen baititu. Eta azkenik, ekoizpenaren izaera sozialaren eta jabego kapitalista pribatuaren arteko kontraesana sakontzen du, Estatuak ekoizpenean esku hartzea beharrezkoa egiten duen heinean.

            Hitz batean, kredituak kapitalismoaren oinarrizko kontraesanak ugaldu egiten ditu, paroxismora eramaten ditu eta euren garapena azkartzen du, mundu kapitalista bere suntsipenera bultzatuz. Kapitalismoaren lehen egokitzapen neurria, kredituari dagokionean, beraz, honen abolizioa izan beharko litzateke, kreditua desagertaraztea. Kreditua ez da egokitzapenerako baliabide bat, deusezpenerako baliabide bat baizik, esangura iraultzaile handienetarikoa. Kredituaren izaera honek erreforma “sozialistetarako” planak ere iradoki izan ditu, Isaac Pereiren kasuan bezala Frantzian, Marxek “erdi profeta, erdi lotsagabe”[10] bezala definitu zuena.

            Lehena bezain askieza da, apur bat aztertuz gero, ekoizpen kapitalistaren bigarren “egokitzapen baliabidea” ere, enpresa arteko aliantzen ingurukoa, Bernsteinen ustetan anarkiari eusten lagunduko duena eta baita krisiak ekiditen ere ekoizpenaren erregulazioaren bitartez. Oraindik ez dira patxadaz aztertu kartelen eta trusten garapenaren ondorio anitzak, baina teoria marxista erabiliz soilik ebatz daitekeen arazo bat dela dirudi. Hala ere bada egia bat: anarkia eusteaz hitz egin liteke enpresa arteko aliantzen bitartez, kartelek, trustek, etab. ekoizpenaren forma orokor eta sozializatuago baterako joera izango balute, baina hau ezinezkoa da euren izaeragatik beragatik.

            Enpresa arteko aliantzen helburu ekonomiko erreala eta emaitza ekoizpen-adar jakin bateko konpetentzia ezabatzea da,  ezabapen horrek merkatuan lortutako irabazien banaketan eragiten baitu, adar horri dagokion portzentaia handituz. Aliantzak adar industrial bateko irabazi-portzentaiak handitu ditzake, baina beste adar batzuen kontura, eta beraz, hazkunde hori ezin liteke orokorra izan. Aliantzak ekoizpen adar garrantzitsu guztietara zabaltzeak, ondorioz, aliantzen eragina desagertarazten du.

            Gainera, bere aplikazio praktikoaren mugen barnean, enpresa arteko aliantzek industria-anarkiaren ezabapenaren aurkako ondorioak eragiten dituzte. Barne merkatuan, beraien irabazi tasaren handitze bat lortu ohi dute, barne beharretarako erabili ezin dituzten kapital kantitate gehigarriak, irabazi-tasa baxuago batekin, atzerrirako ekoizteko erabiliz, hau da, atzerrian merkantziak etxeko merkatuan baino askoz merkeago salduz. Ondorioa atzerriko lehiaren sakontzea da, nazioarteko merkatuko anarkiaren handitzea, hain justu lortu nahi zenaren kontrakoa. Adibide argigarri bat azukrearen nazioarteko industriaren historia da.

            Orokorrean, ekoizpen modu kapitalistaren adierazpen bezala hartuta, enpresa arteko aliantzak garapen kapitalistaren fase bat bezala ikusi behar dira. Ez da, oinarrian, adar batzuetako irabazi-tasen erorketa zorigaiztokoari eusteko helburuz ekoizpen modu kapitalistak erabiltzen duen baliabide bat baino. Zein metodo erabiltzen dute kartelek helburu hau eskuratzeko? Metatutako kapitalaren zati bat ez erabiltzearen metodoa, hau da, beste forma batzuenpean, krisi garaietan erabiltzen den metodo berbera. Halaber, erremedioa eta gaixotasuna bi elur maluta bezain berdinak dira. Izatez lehenengoa, erremedioa, gaitz txikiena bezala puntu bateraino bakarrik ikus daiteke. Herrialde kapitalisten arteko lehia dela eta, merkatuak uzkurtzen hasten direnean eta nazioarteko merkatua bere mugetaraino iristen denean eta agorturik dagoenean, –lehen edo berandu iritsiko den momentua-, kapitalaren zati ez-produktiboa halako proportzioetaraino iristen da ezen erremedioa gaixotasun bilakatzen dela eta kapitalak, jada aliantzen bitartez oso “sozializaturik” aurkitzen denak, berriro ere kapital pribatu bilakatzeko joera hartzen du. Merkatuak aurkitzeko zailtasunak handitzen direnean, kapitalaren zati indibidual bakoitzak bere aldetik zorte hobea bilatzeko joera hartu ohi du. Une horretan, aliantzak xaboi punpuilen gisan lehertzen dira, lehia aske zorrotzago bati ateak irekiz[11].

            Enpresa arteko aliantzek, kredituaren antzera, garapen kapitalistaren fase jakin bat osatzen dutela esan daiteke, azken finean mundu kapitalistaren anarkia handituz eta bere barne kontraesanak azaleratuz eta hauen heltzea azkartuz. Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko borroka intentsifikatzean, Estatu Batuetan bereziki ikus dezakegun bezala, kartelek ekoizpen moduaren eta banaketa moduaren arteko kontraesana sakontzen dute. Era berean ekoizpen moduaren eta jabetze moduaren arteko kontraesana areagotzen dute, proletalgoa kapital antolatuaren omnipotentziaren aurka aurrez aurre ipintzen dutenean modurik ankerrenean, eta honela, kapitalaren eta lanaren arteko kontraesana handitzen dute. Azkenik, mundu-ekonomia kapitalistaren nazioarteko izaeraren eta Estatu kapitalistaren izaera nazionalaren arteko kontraesana areagotzen dute, arantzelen gerra orokor bat ekarri ohi dutelako, herrialde kapitalisten arteko desberdintasunak sakonduz. Honi guztiari kartelek ekoizpenaren kontzentrazioan, teknikaren garapenean, etab. duten eragin zuzena eta iraultzailea gehitu behar zaio.

            Beraz, ekonomia kapitalistan dituzten amaierako eraginen ikuspuntutik, kartelek eta trustek ez dute “egokitzapen baliabide” izateko balio. Alderantziz, ekoizpenaren anarkia handitzen dute, kontraesanak sustatzen dituzte eta kapitalismoaren gainbehera orokor baten etorrera azkartzen dute.

            Baina kredituek, kartelek eta bestelakoek ekonomia kapitalistaren anarkia ezabatzeko balio ez badute, zergatik bi hamarkadatan zehar, 1873tik, ez dugu merkatal-krisi handirik jasan? Hau ez al da, Marxen analisiaren aurka, ekoizpen modu kapitalistak, bere lerro orokorretan, gizartearen beharretara “egokitzea” lortu duenaren seinale?

            [Gure iritziz, nazioarteko merkatuaren egungo oparoaldiak beste azalpen bat du. Orokorrean gaur arte gertatu diren merkatal-krisi orokorrak Marxek bere analisian zirriborratu zituen kapitalismoaren zahartzaroko krisiak izan direla pentsatu izan da. Ekoizpen zikloak gutxi gora behera ia hamar urteko maiztasuna izateak eskema honen ziurtapen hoberena zirudien. Ikuspegi hau, gure ustez gaizki ulertu baten gainean sostengatzen da. Gaur arte jazo diren nazioarteko krisi handien arrazoiak modu zehatzago batean aztertzen baditugu, osotasunean ikus daitekeena zera da, ez direla ekonomia kapitalistaren zahartzaroaren adierazpen bat, guztiz kontrakoa, bere haurtzaroko hazialdiarena baizik. Bere eboluzioaren errepaso labur bat nahikoa da haseratik, 1825ean, 1836an, 1847an, merkatuaren mugen aurkako ekoizpen indarren aldizkako talka nahitaezko haiek ezin izan zirela kapitalismoaren heldutasunagatik sortu ikusteko, eskema marxistatik ondorioztatzen den bezala, kapitalismoa umemoko bat baitzen herrialde gehienetan garai hartan.][12] 

            1825eko krisia aurreko hamarkadan errepideak, kanalak eta gas-zentralak eraikitzeko kapital inbertsio izugarriak egin zirelako etorri zen, bereziki Ingalaterran, krisiak eztanda egin zuen lekuan. 1836-39ko hurrengo krisia ere garraiobide berrietan inbertsio erraldoiak egin zirelako etorri zen. 1847ko krisia ere Ingalaterran trenbideen eraikuntzaren sukarra eman zelako gertatu zen –hiru urtetan bakarrik (1844-47), Parlamentuak 1500 milioi talero[13] baino gehiagoko kontzesioak onetsi zituen!-. Hiru kasu hauetan, krisia garapen kapitalistarako zutabe berriak ezarri ostean etorri zen. 1857an, arrazoiak Amerikan eta Australian urre meategien aurkikuntzagatik industria europarrarentzako merkatu berriak irekitzea eta trenbideen hedapen zabala izan ziren, Ingalaterraren bideari jarraituz, batez ere Frantzian, non 1852tik 1856ra bitartean 1250 milioi frankoko balioko burdinbideak eraiki ziren. Azkenik, jakina den bezala, 1873ko krisi handia, Alemaniako eta Austriako industria handiaren goraldi izugarriaren eragin zuzena izan zen, 1866ko eta 1871ko gertakari politikoei jarraitu ziena[14].

            Ondorioz, kasu guztietan, merkatal krisiaren eragilea ekonomia kapitalistaren bat-bateko hedapena izan zen, eta ez bere uzkurtzea. Nazioarteko krisi haiek hamar urtez behin errepikatu izana erabat azalekoa eta kasualitate hutsa izan zen. Krisien eraketaren eskema marxista, Engelsek Anti-Dühringean eta Marxek Kapitalaren I.go eta III. tomoetan azaltzen dutena, krisiaren barne mekanismoa eta sakoneko arrazoi orokorrak azaleratzen dituen heinean soilik da baliagarria krisi guztiak azaltzeko.

            [Orokorrean, eskema marxista hobeto egokitzen da erabat garaturiko ekonomia kapitalista batetara, mundu-merkatu baten existentzia aurresuposatzen den egoera batera. Kasu honetan bakarrik sor daitezke krisiak, modu mekaniko batean, ekoizpen eta banaketa prozesuen barne mugimendu soilengatik, analisi marxistatik ondorioztatzen den bezala, ekoizpen eta merkatu erlazioen bat-bateko astinketa baten pizgarri bat behar izan gabe. Ekonomiaren egungo egoera aztertzen badugu, onartu beharra dago kapitalismoaren erabateko heldutasun fasera ez garela oraindik iritsi, krisien maiztasunaren eskema marxistan aurresuposatzen den abagunean ez garela oraindik aurkitzen. Mundu-merkatua oraindik sortzen ari da: Alemania eta Austria 1870etik aurrera sartu ziren industri-ekoizpen handiaren fasean, Errusia 1870tik aurrera sartu da, Frantziak hein handi batean artisau-ekoizpeneko herrialde bat izaten jarraitzen du, Balkanetako herrialdeek oraindik ez dituzte ekonomia naturalaren kateak apurtu eta Amerika, Australia eta Afrika 1880tik aurrera soilik sartu dira Europarekiko merkatal elkartruke-erregimen bizi eta erregular batean. Alde batetik, 1870era arteko gaztaro-krisiak, ekonomia kapitalistaren adar berrien tupusteko eta bat-bateko garapenaren bitartez, garaitu ditugula egia bada ere, beste aldetik, era berean, egia da baita ere, oraindik ez garela ekoizpen indarrek, merkatuaren mugen aurka, aldizkako talka hilgarriak sor ditzaketen mundu-merkatuaren garapen eta agortze maila batetara iritsi, hau da, ez garela oraindik kapitalismoaren egiazko zahartzaro-krisiak eragin ditzakeen egora batera iritsi. Krisiak kapitalismoaren goraldiaren ondorio ez diren fase batean aurkitzen gara, baina baita krisiak bere gainbeheraren ondorio ez diren une batean ere. Trantsizio garai honen ezaugarriak bizitza ekonomikoaren erritmo ahula eta geldoa dira, duela hogei urtetatik irauten duelarik, hazkunde aldi laburrak depresio fase luzeekin txandatuz.

            [Baina krisien denboraldi bateko ausentzia hau eragin duten fenomenoetatik beraietatik ondoriozta dezakegu ezinbestean amaieraren haserara hurbiltzen ari garela, kapitalismoaren azken krisien arora. Mundu-merkatuak, lerro orokorretan, garapen-maila altu bat lortzen duenean, eta inolako bat-bateko hazkunde baten bitartez gehiago hazi ezin daitekeenean, lanaren produktibitatea gelditu gabe hazten ari den une berean, gatazka bati ematen zaio hasera, ekoizpen indarrak eta elkartrukearen mugak aurrez aurre ipintzen dituen gatazka bati, errepikatzen den heinean, bortitzagoa eta ekaiztsuagoa bilakatuko delarik. Eta garai horretara hurbiltzeko, mundu-merkatua azkartasunez ezartzeko eta azkartasun berdinez agortzeko, zerbait bereziki egokia bada, hori kredituak eta kartelak dira, Bernsteinek bere kapitalismoaren “egokitzapen baliabideen” teoria osatzeko erabiltzen dituen fenomenoak hain zuzen.][15]

            Ekoizpen kapitalista banaketara “egokitu” daitekeenaren usteak bi gauza hauetatik bat aurresuposatzen du: edota mundu-merkatua infinituki eta mugarik gabe hazi daiteke, edota bestela, ekoizpen indarren garapena hainbeste geldotzen da ezen ezin dituela merkatuaren mugak gainditu. Lehenengo aukera materialki ezinezkoa da eta bigarrenak izate bat du aurrez-aurre, aurrerapen tekniko etengabeek egunero ekoizpen indar berriak sortzen dituztela ekoizpen-adar guztietan.

            Bada beste fenomeno bat, Bernsteinen ustetan, kapitalismoaren eboluzioa, azaldu den moduan, kontraesaten duena: enpresa ertainen “infanteria ausarta”. Bernsteinek bertan industria handiaren garapenak hain modu iraultzailean jokatzen ez duenaren zeinua ikusten du, eta industria handiak ez duela hainbeste kontzentratzen beregan, hondoraketaren teoriatik eratorriko litzatekeen bezala. Bernstein hemen, berriro ere, bere ulermen ezaren biktima da. Industria handiaren garapen prozesua oso gaizki ulertzea da honek enpresa ertaina desagertaraziko duela pentsatzea.

            Marxen arabera, kapital txikien eginkizuna, garapen kapitalistaren aurrerabide orokorrean, aurrerapen teknikoaren aitzindari izatea da, bi zentzutan: ekoizpen adar jada sustraituetan ekoizpen metodo berriak sartuz eta kapital handiek oraindik ustiatu ez dituzten adar berriak sortuz. Erabat faltsua da enpresa kapitalista ertainaren historia bere desagerpenerako lerro zuzen gradual bat dela pentsatzea. Alderantziz, bere ibilbide erreala erabat dialektikoa da eta kontraesanen artean mugitzen da etengabe. Klase ertain kapitalistak, langile klasearen antzera, aurkako bi joeren eraginpean aurkitzen dira, batak gorantza eramanez eta besteak bere hondoraketara bultzatuz. Beheranzko joera ekoizpen eskalaren hazkunde etengabea da, aldizka kapital ertainaren dimentsioak gainditzen baititu, enpresa ertaina nazioarteko lehiaren eskenatokitik kanpora bultzatuz behin eta berriz. Goranzko joera kapitalen aldizkako balio-galtzea da, aldi batean zehar ekoizpen eskala murrizten delarik, beharrezko kapital kantitate minimoaren balioarekiko proportzioan, eta gainera ekoizpen kapitalista adar berrietara sartzea oztopatuz. Enpresa ertainaren eta kapital handiaren arteko borroka ez dugu aldizkako batailetan alderik ahulenak bere tropak geroz eta gehiago galtzen dituen borroka bat bezala ikusi behar, enpresa ertainen aldizkako belar-mozte bat bezala baizik, azkartasunez hazten direlarik berriro ere industria handiaren segak moztuak izateko. Bi joerek klase ertain kapitalistekin jokatzen dute, baina azkenean beheranzko joera irteten da garaile, proletagoaren kasuan ez bezala.

            Hala ere, garaipen honek ez du zertan enpresa ertainen kantitate absolutuaren beherapen gisa azaldu; ekoizpen adar zaharretan enpresek bizirauteko behar duten kapital minimoaren hazkunde jarrai bezala ikus daiteke, edota kapitalista txikiak adar berrien esplotazioaz onuratzen diren denbora tartearen murrizpenean islatu daiteke. Honetatik eratortzen dena zera da, kapitalista txiki indibidualak geroz eta epe laburragoa duela industria berrietan mantentzeko, eta ekoizpen metodoen eta inbertsioen izaeraren aldaketa erritmo azkarrago bat ematen dela; eta klase ertainentzat, orokorrean, euren egoera sozialaren aldaketa prozesu geroz eta arinago bat ematen dela.

            Azken hau oso ondo ezagutzen du Bernsteinek eta hau azaltzeari ekiten dio. Baina badirudi ahaztu egiten duela aurreko horixe bera dela enpresa ertain kapitalistaren mugimenduaren legearen oinarria bera. Kapital txikiak aurrerapen teknikoaren aitzindari direla onartzen bada, eta hau ekonomia kapitalistarentzako hil ala bizikoa dela egia bada, kapital txikiak garapen kapitalistan berebiziko garrantzia duten elementuak direla ikus dezakegu, eta garapen hori desagertzen denean soilik desagertuko direla. Enpresa ertainaren desagerpen gradualak –estatistika matematikoaren zentzu osoan, Bernstein hontaz ari baita- ez luke garapen kapitalistaren aurrerabide iraultzailea suposatuko, Bernsteinek uste duen bezala, bere mantsotzea eta estankamentua baizik: “Irabazi-tasa, hau da, kapitalaren hazkunde erlatiboa, garrantzitsua da batez ere kapital inbertitzaile berrientzat, euren kontura biltzen direlarik. Baina kapitalaren eraketa esklusiboki kapitalista handi batzuen eskuetan geratuko balitz (...) ekoizpenaren su biziemailea itzali egingo litzateke, agortu egingo litzateke”[16].

            [Egokitzapen baliabide bernsteiniarrak, ondorioz, ez dira baliagarriak, eta berak “egokitzapenaren” sintoma bezala ikusten dituen fenomenoak arrazoi erabat desberdinei dagozkie.][17]

 

3. SOZIALISMOAREN EZARPENA ERREFORMA SOZIALEN BITARTEZ

 

            Bernsteinek “hondoraketaren teoriaren” baliozkotasuna ukatzen du gizarte sozialistarako bide historiko gisa. Zein da “kapitalismoaren egokitzapenaren teoriatik” abiatuta gizarte horretara eramaten gaituen bidea? Bernsteinek zeharka bakarrik erantzun dio galdera honi. Zentzu bernsteiniarrean auzi honi modu zehatzago batez erantzuteko saiakera Konrad Schmidtek[18] burutu du. Bere ustez, “erreforma sozialen aldeko borroka sindikalaren eta politikoaren bitartez, ekoizpenaren baldintzen gainean geroz eta gizarte-kontrol handiagoa izatea eskuratuko da”, eta legeriaren bitartez, “kapitalistak apurka-apurka funtzio kudeatzaile soil batera mugatuz joango lirateke, euren eskubideen murrizketaren bitartez”, azkenean “bere jabegoa balioa galtzen joan dela ikusi duen kapitalista enpresaren zuzendaritzatik eta kudeaketatik ere alboratuz”, enpresa soziala ezarriko litzatekeelarik azkenean.

            Beraz, sozialismoaren pausoz pausoko ezarpenerako baliabideak sindikatuak, erreforma sozialak eta hauei Bernsteinek gehitzen dien Estatuaren demokratizazio politikoa lirateke.

            Sindikatuetatik ekinez, hauen funtzio garrantzitsuena –Bernstein berbera izan da hau azaltzen onena 1891an, Neue Zeiten- langileei soldataren lege kapitalista betearazteko instrumentu bat ematea izan da, hau da, euren lan indarra merkatuko salneurrian saltzeko instrumentu bat ematea. Sindikatuek proletalgoari aldi bakoitzeko merkatuaren egoeraz probestea ahalbidetzen diote. Baina egoera horren faktoreak –lan indarraren eskaria (ekoizpenaren garapenak baldintzatzen duena), lan indarraren eskaintza (kapa ertainen proletarizazioak eta langile klasearen erreprodukzio naturalak eragindakoa), eta unean uneko lanaren produktibitatea- sindikatuen eragin esparrutik kanpo geratzen dira. Sindikatuek, beraz, ezin dute soldataren lege kapitalista abolitu. Egoera mesedegarrienetan esplotazio kapitalista une jakin horretako mugarik “arruntenetararte” muga dezakete, baina ezin dezakete ezabatu, ezta pixkanaka-pixkanaka ere.

            Bestetik, Konrad Schmidtek egungo sindikatu-mugimendua “bere hastapenetako egoera ahul” batean ikusten du eta etorkizunean “mugimendu sindikalak ekoizpenaren erregulazioaren gainean eragin geroz eta handiagoa izango duela” espero du. Baina “ekoizpenaren erregulazio” bezala bi gauza uler daitezke: ekoizpen prozesuaren alor teknikoan esku hartzea edota ekoizpenaren bolumenaren determinazioa. Nolakoa izan daiteke sindikatuen eragina bi kasu hauetan? Argi dago, ekoizpen teknikari dagokionean, kapitalistaren interesa bat datorrela, hein batean, ekonomia kapitalistaren aurrerakadarekin eta garapenarekin. Bere interesek eramaten dute kapitalista bere teknikak hobetzera. Baina langile indibidual kaltetua kontrako posizio batean aurkitzen da. Eraldaketa tekniko bakoitza gatazkan sartzen da bere interesekin, bere berehalako egoera kaltetzen baitu bere lan indarraren balioa murrizten duelako eta lana bera intentsiboagoa, monotonoagoa eta nekosoagoa bilakatzen duelako. Sindikatuak ekoizpenaren aspektu teknikoan esku har badezake, begibistan da zuzenki kalteturiko langile taldeen alde egin behar duela, hau da, berritasunen aurka. Kasu honetan, beraz, sindikatuak ez du langile klasearen osotasunaren alde borrokatzen eta ezta bere askapenaren alde ere –azken honek erlazio gehiago du aurrerapen teknikoarekin, hau da, kapitalista isolatuaren interesarekin-, zentzu erreakzionario batean ekiten du. Ekoizpenaren aspektu teknikoan eragiteko nahia ez da mugimendu sindikalaren etorkizunean bilatu behar, Konrad Schmidtek egiten duen bezala, bere iraganean baizik. Nahi hau tradeunionismo[19] ingelesaren fase primitiboaren ezaugarri izan zen (1860ra arte), Erdi Aroko tradizio gremialisten zantzuak oraindik kontserbatzen zirenekoa eta “lan egoki baten gaineko legezko eskubidearen”[20] printzipio zaharkituan inspiratzen zena. 

            Bestalde, ekoizpenaren bolumena eta merkantzien salneurriak determinatzeko xede hau erabat berria da sindikatuengan. Duela oso gutxi hasi gara bide honetan zuzenduriko saiakerak ikusten, eta Ingalaterran berriz ere[21]. Asmo hauek, halaber, aurrekoen berdinak dira, bai euren izaerari bai euren joerari dagokionean. Zer adierazten du sindikatuek ekoizpenaren bolumenaren eta prezioaren determinazioan esku-hartze aktibo bat izateak? Langileen eta enpresarien arteko kartel bat osatuko litzateke, kontsumitzaileen eta konpetentziako enpresarien aurkakoa, neurri errepresiboak erabiliz gainera, enpresa-kartelek erabiltzen dituzten neurriekiko inbidiarik ez luketenak. Hau jada ez da kapitalaran eta lanaren arteko borroka, bien arteko elkartasunezko aliantza bat baizik kontsumitzaileen aurka antolatua. Bere balio sozialari dagokionean, xede erreakzionario bat da eta ezin liteke proletalgoaren askapen borrokako beste fase bat izan, klase borrokaren erabat kontrakoa baita. Bere balio praktikoari dagokionean, mundu-merkaturako ekoizten duten industri-adar handietara sekula zabalduko ez den utopia bat da, hausnarketa apur batekin ikus daitekeen bezala.

            Ondorioz, sindikatuen ekintza-esparrua batez ere soldataren igoerarako eta lan-egunaren murrizpenerako borroketara mugatzen da, hau da, esplotazio kapitalista merkatuaren baldintzen arabera erregulatzera. Baina gauzen izaerak berak ekoizpen prozesuan eragitea oztopatzen die. Are gehiago, sindikatu-mugimenduaren garapenak lan-merkatuaren eta gainerako merkantzien merkatuaren arteko erabateko bereizketarantz jotzen du, Konrad Schmidten usteen aurka hain zuzen. Eta honen frogarik esanguratsuena zera da, lan kontratuak, pasiboki bada ere soldata eskala mugikor baten bitartez ekoizpenaren egoera orokorrarekin lotzeko saiakerak egon badira ere, hauek garapen historikoak gaindituak izan direla eta trade unions britainiarrak jada saiakera hauetatik urruntzen ari direla[22].

            Eta gainera, mugimendu sindikala, bere eragin esparru errealen barnean, ez doa hedapen mugagabe baten bidean, kapitalaren egokitzapenaren teoriak aurresuposatzen duen gisa. Guztiz kontrakoa: garapen sozialaren faktore nagusiak aztertzen baditugu, oro har ez garela arrakastazko hedapen baten arora iristen ari nabari daiteke, mugimendu sindikalak geroz eta zailtasun gehiago izango dituen garai bateruntz goaz. Behin industria bere garapen puntu gorenera iristen denean eta kapitalismoak mundu-merkatuan bere gainbehera faseari ekiten dionean, borroka sindikala bi bider zailagoa bilakatuko da. Hasteko, merkatuaren egoera objetiboa ez da hain mesedegarria izango lan indarrarentzat, bere eskaria bere eskaintzaren neurri berean haziko ez den neurrian. Bigarrenik, mundu-merkatuak jasandako galeren ordainetan, kapitalistek egun baino esfortzu gehiago egingo dute langileengana doan ekoizpenaren zatia are eta gehiago murrizteko. Soldaten murrizpena irabazi-tasaren gainbeherari eusteko neurririk garrantzitsuenetarikoa da[23].

            Ingalaterrak mugimendu sindikalaren bigarren fasearen hasieraren irudia eskeintzen digu: geroz eta mugatuagoa aurkitzen da, halabeharrez, jada lorturikoaren defentsara, eta hau ere are eta zailagoa egiten zaio. Hau da gizarteko joera orokorra, eta honek izan dezakeen erantzun bakarra klase borrokaren aspektu politiko sozialistaren garapena da.

            Konrad Schmidtek akats berbera burutzen du bere ikuspegi historikoan erreforma sozialei dagokien alorrean, hauengandik zera espero baitu, “sindikatuekin batera, klase kapitalistari honek lan indarra erabiltzeko bete beharko dituen baldintzak inposatzea”. Erreforma sozialaren interpretazio honek, Bernstein lan-legedia “gizarte kontrolaren” zati bezala ikustera darama, eta ondorioz, sozialismoaren zati bezala ikustera. Era berean, Konrad Schmidtek “gizarte kontrolari” buruz hitz egiten du beti langileen babeserako legeei buruz ari denean, esaterako, eta behin hain pozik Estatua gizarte bilakatu duenean, bere buruaz ziur, “gorakadan datorren langile klaseari” buruz hitz egiten du, eta operazio honen bitartez, Senatu alemaniarrak promulgaturiko langilearen babeserako neurri xaloak neurri sozialista trantsizional bilakatzen ditu, ustez proletalgoak promulgaturikoak.

            Deformazioa begibistakoa da. Egungo Estatua ez da “goraka datorren langile klasea” ordezkatzen duen “gizartea”, gizarte kapitalistaren ordezkaria baizik, hau da, klase izaerako Estatu bat baizik. Arrazoi honengatik, Estatuak burutzen dituen erreforma sozialak ez dira “gizarte kontrolerako” neurriak –hau da, gizarte libre batek bere lanaren prozesua kontrolatzeko neurriak-, ekoizpen kapitalistaren prozesuaren gainean kapitalaren klase antolamenduak dituen kontrol neurriak baizik. Hau da, “erreforma sozialek” euren muga naturalak aurkituko dituzte kapitalaren interesetan. Hori bai, noski, Bernsteinek eta Konrad Schmidtek oraingoz “hasiera ahulak” bakarrik ikusten dituzte, baina etorkizunera begira kontaezinezko erreforma sozial mordoa espero dute langile klasearen mesedetan. Sindikatu-mugimenduaren hedapen mugagabea suposatzen duteneko akats berbera betetzen dute hemen ere.

            Erreforma sozialen bitartezko sozialismoaren ezarpen gradualaren teoriak, oinarrizko baldintza bezala, jabegoaren eta Estatu kapitalistaren garapen objetibo jakin bat exijitzen du. Lehenaren inguruan, Konrad Schmidtek, etorkizunean, “jabe kapitalistak apurka-apurka funtzio kudeatzaile soil batera mugatuz joango liratekeela” uste du, “euren eskubideen murrizketaren bitartez”. Ekoizpen baliabideak bat-batean eta aldi batean desjabetzea ezinezkotzat jotzen duenez, Konrad Schmidtek, bere mahukatik, etapen bidezko desjabetzearen teoria ateratzen du. Horretarako, jabego eskubidea “superjabego” batean (“gizarteari” atxikitzen diona eta denborarekin zabalduz joango litzatekeena) eta ustiapen eskubide batean (kapitalisten esku legokeena, baina murriztuz joango dena enpresen kudeaketa soil izatera iritsi arte) erdibitzea aurresuposatzen du. Hori bai, suposaketa hau ondorio gehiago ez dituen hitz-joko soil bat izan daiteke, etapen bitartezko desjabetzearen teoria inongo sostengurik gabe uzten duena, edota bestela seriotasunez pentsaturiko bilakabide juridiko baten eskema bat da, kasu honetan erabat okerra litzatekeelarik. Jabego eskubidea hainbat eskubide partzialetan zatitzea, Konrad Schmidtek erabiltzen duen argudioa berau bere kapitalaren “etapen bitartezko desjabetzea” justifikatzeko, erabat ohikoa da gizarte feudalean, zeina ekonomia naturalean oinarritzen zen, bertan produktuaren banaketa ondasun naturaletan burutzen zelarik eta jaun feudalen eta bere morroien arteko erlazio pertsonalen arabera. Jabegoa eskubide partzial ezberdinetan zatikatzea aberastasun soziala banatzeko moduari zegokion. Merkatal ekoizpenerako igaroaldiarekin eta ekoizpen prozesuan parte hartzen zuten indibiduoen arteko lotura pertsonalen desagerpenarekin, indartu egin zen, bestalde, pertsonen eta gauzen, hau da, jabego pribatuaren, arteko erlazioa. Jada banaketa erlazio pertsonalek baldintzatzen ez dutenez, elkartrukeak baizik, aberastasun sozialean parte hartzeko eskubide ezberdinak ez dira objetu jakin baten inguruko jabego eskubidea zatikatuz neurtzen, bakoitzak merkatuari egiten dion balio-ekarpenaren arabera baizik. Erdi Aroko burgoetan, merkatal ekoizpenaren sorrera zela eta gertaturiko erlazio juridikoen aldaketen artean lehena ondorengo hau izan zen: erabat itxia zen jabego pribatu baten agerpena, jabego zatikatuan oinarritzen zen erlazio juridiko feudalen kontestu batean. Eboluzio honek erritmo onean ekiten du aurrera ekoizpen kapitalistan. Ekoizpen prozesua geroz eta gehiago sozializatzen den heinean, are eta gehiago sostengatzen da bere gain banaketa prozesua; eta jabego pribatu kapitalista zenbat eta ikutezinagoa eta itxiagoa egiten den neurrian, bakoitzak bere lan propioaren emaitzaz jabetzeko duen eskubidea besteren lanaz jabetzeko eskubide soil bilakatuz joaten da are eta gehiago. Kapitalista bera enpresa zuzentzen duena bada, banaketa, puntu bateraino, berak ekoizpen prozesuan duen parte-hartze pertsonalari loturik dago. Baina honen zuzendaritza pertsonala alferrikakoa bilakatzen denez, gaur egun elkarte anonimoekin gertatzen den bezala, kapitalaren jabegoa, aberastasunaren banaketako eskubide titulu itxuran, erabat bereizten da ekoizpenarekiko erlazio pertsonaletatik eta bere formarik puruenean agertzen da. Jabegoaren gaineko eskubide kapitalistak bere adierazpenik amaituena aurkitzen du akzio bidezko kapitaletan eta industria-kredituan.

            Konrad Schmidtek azalduriko kapitalismoaren eboluzio historikoaren eskema –jabe izatetik kudeatzaile soil izatera- garapen historiko errealak berak ezeztatzen du, zeinak aurreko tesi honen aurka, jabe eta kudeatzaile dena jabe soil izatera eramateko joera duen. Konrad Schmidti Goetherena gertatzen zaio: “Duena urrunekoa iruditzen zaio / eta gertukoa desagertzen dena”.

            Alor ekonomikoan Schmidten eskema historikoak elkarte anonimo modernotik atzera manufakturara edota artisau-tailerrera garamatzan bezala, alor juridikoan ere mundu kapitalista ekonomia naturalaren arrautza-oskol feudalera itzularazi nahi du.

            Ikuspuntu honetatik ere ”gizarte kontrolak” izaera desberdina du Konrad Schmidtek atxikitzen dionarekiko. Egun “gizarte kontrol” gisa jokatzen omen dutenek –lan legediak, elkarte anonimoen gaineko zaintzak,..- ez dute zerikusirik jabego eskubidearen gaineko inongo parte-hartzerekin, bere “superjabegoarekin”.

            “Gizarte kontrol” honek ez du jabego kapitalista mugatzen, babestu egiten du. Edota kontzeptu ekonomikoak erabiliz: ez da mehatxu bat esplotazio kapitalistarentzat, honen erregulazio bat baizik. Eta Bernsteinek lan-lege batek bere baitan zenbat sozialismo duen galdetzen duenean, erantzun geniezaioke lan legerik hoberenak ere kaleen garbiketaren edota farolen argiztatzearen inguruko udal ordenantza batek adina “sozialismo” duela, azken hauek ere, zalantzarik gabe, “gizarte kontrolaren” elementu baitira.  

 

4. ADUANA POLITIKA eta MILITARISMOA

 

            Sozialismoaren etapa bidezko ezarpenaren bigarren puntua, Bernsteinen arabera, Estatua gizarte bilakatzea da. Gaur egun ohikoa da egungo Estatua klase izaerako Estatu bat denaren iritzia. Gure iritziz, proposizio hau, gizarte kapitalistari dagokion guztia bezala, ez da modu zurrun eta absolutu batean ulertu behar, era dinamiko eta dialektiko batean baizik.

            Burgesiaren garaipen politikoak Estatua Estatu kapitalista bilakatu zuen. Eta kapitalismoaren garapenak berak Estatuaren izaera eraldatzen du oinarrian, bere ekintza-esparrua etengabe zabalduz eta bizitza ekonomikoarekin, batez ere, erlazionaturik dauden funtzio berriak jasoz; honek geroz eta beharrezkoagoa egiten du alor honen gaineko esku-hartzea eta estatu-kontrola. Zentzu honetan, kapitalismoaren garapena pixkanaka-pixkanaka etorkizuneko Estatu-gizarte fusioa prestatuz doa, Estatuaren funtzioak gizarteari itzultzeko unea alegia. Hau izan daiteke Estatu kapitalista gizarte bilakatzeak izan dezakeen zentzu bakarra, eta zalantzarik gabe Marxek lan legeria “gizarteak” bere bizitzaren prozesu sozialean zuen lehen parte hartzea zela esan zuenean zentzu hau eman zion, Bernsteinek aipatzen duen esaldia berau.

            Baina, bestalde, garapen kapitalistak berak beste aldaketa bat eragiten du Estatuaren izaeran. Egungo Estatua, ororen aurretik, klase kapitalista agintariaren antolaketa bat da, eta gizarte garapenaren mesedetan interes orokorreko hainbat funtzio betetzen baditu, garapen honek klase agintariaren interesekin bat egiten duen heinean soilik egiten du hori. Lan legeria, esaterako, bai klase kapitalistaren bai gizartearen berehalako mesederako aldarrikatzen da. Baina harmonia honek garapen kapitalistaren une jakin bateraino soilik irauten du. Hau puntu jakin batera iristen denean, burgesiaren interesak, klase gisa, eta aurrerapen ekonomikoaren beharra bereizten hasten dira, baita zentzu kapitalistan ere. Gure iritziz, jada fase honetan sartu gara, bizitza sozialeko bi fenomeno garaikide garrantzitsuk adierazten duten bezala: arantzel hesiek eta militarismoak. Bi fenomenoek premiazko funtzio bat bete dute –eta, ondorioz, aurrerakoia eta iraultzailea- kapitalismoaren historian. Aduanen babesik gabe, ezinezkoa zitekeen industria handiaren garapena herrialde zerrenda zabal batean. Baina orain gauzak bestelakoak dira. [Herrialde boteretsuenetan, eta bereziki arantzel-politika argi bat aplikatzen duten haietan, badirudi ekoizpen kapitalista berdindu egin dela.][24]

            Garapen kapitalistaren ikuspuntutik, hau da, mundu-ekonomiaren ikuspuntutik, ez du axola ea Alemaniak Ingalaterrara merkantzia gehiago esportazen dituen Ingalaterrak Alemaniara baino. Garapen horren ikuspuntutik, mirabeak jada bere eginkizuna burutu du eta alde egin dezake; are gehiago, alde egin beharko luke. Industriaren adar ezberdinek egun duten elkarren arteko interdependentzia dela eta, edozein merkantziaren gaineko arantzel protekzionistek herrialdearen barnean beste merkantzia batzuen ekoizpen kostuak garestituko lituzkete, industri-garapena oztopatuz. Baina hau ez da horrela klase kapitalistaren interesen ikuspuntutik. Industriak bere garapenerako arantzel protekzionisten premiarik ez badu ere, enpresariek behar dituzte euren merkatuak babesteko. Honek zera esan nahi du, arantzelek jada ez dutela balio ekoizpen kapitalista jaio berri baten defentsa neurri bezala industria garatuago baten aurrean, talde kapitalista nazional batek beste baten aurka erabiltzeko borroka tresna gisa baizik. Gainera, arantzelak jada ez dira beharrezkoak industriaren babes gisa barne-merkatu bat sortzeko eta konkistatzeko, baina bestalde ezinbestekoak dira industriaren “kartelizaziorako”, hau da, ekoizle kapitalistek kontsumitzaileen aurkako borroka antolatzeko. Azkenik, egungo aduana politikaren izaeraren inguruan zalantzarik uzten ez digun egitatea honakoa da: leku guztietan, ahots agintaria nekazaritzarena da, ez industriarena, hau da, aduanen bidezko protekzionismo politika interes feudalak itxura kapitalista batenpean adierazteko herraminta bilakatu da.

            Militarismoak antzeko eraldaketa jasan du. Historia izan zen bezala kontsideratzen badugu, ez izan zitekeenaren edota izan behar zukeenaren moduan, onartu beharra daukagu gerra garapen kapitalistarako ezaugarri beharrezkoa izan zela. Estatu Batuek, Alemaniak, Italiak, Balkanetako herrialdeek, Errusiak, Poloniak, denek gerrari zor diote garapen kapitalistarako baldintzen sorrera eta bultzada, hauek gerra horietan izan zuten emaitza, garaipena edo porrota, edozein izan zelarik ere. Euren barne zatiketak edota isolamendu ekonomikoa ezereztea beharrezkoa zen herrialdeak existitzen ziren bitartean, militarismoak, ikuspuntu kapitalista batetik, betekizun iraultzaile bat bete zuen. Egun ere alor honetan gauzak ezberdinak dira. [Militarismoak jada ezin du herrialde berririk gehitu kapitalismora.][25] Nazioarteko politika gatazka mehatxagarrien eskenatoki bilakatu bada, hau ez da herrialde berriak kapitalismora ireki direlako izan, kontraesan europarrak daudelako eta hauek munduko beste lekuetara, europarrek esplotatzen dituzten lekuetara, zabaldu direlako baizik. Egun, armak eskuetan, gatazkan aurkitzen diren borrokariak, bai Europan bai munduko beste lekuetan, ez dira herrialde kapitalistak, alde batetik, eta ekonomia naturaleko herriak, bestetik; euren garapen kapitalista altua dela eta paretsuan aurkitzen diren herrialdeak dira gatazkariak. Kontestu honetan, gatazka baten eztandak emaitza kaltegarria du garapenarentzat, bizitza ekonomikoaren asaldura eta eraldaketa sakona eragiten baitu herrialde guztietan. Baina klase kapitalistaren ikuspegitik gauzak bestela ikusten dira. Berarentzat militarismoa ezinbestekoa bilakatu da, hiru arrazoirengatik: 1) interes “nazionalak” beste talde nazionalen lehiaren aurrean defendatzeko borroka neurri bezala; 2) bai finantza-kapitalaren bai industri-kapitalaren inbertsio jomuga garrantzitsu bezala; eta 3) herrialdearen barnean langile klasearen gaineko klase izaerako menderaketa instrumentu gisa. Bere baitan, interes hauek guztiek ez dute zerikusirik ekoizpen modu kapitalistaren garapenarekin. Eta egungo militarismoaren izaera espezifikoki hobekien erakusten duena, lehen lekuan, herrialde guztietan barne bultzada mekanikoen ondorioz izaten ari den gorakada da, duela hogei urte erabat ezezaguna zen fenomenoa berau; eta bigarren lekuan, etorriko den leherketaren izaera hilgarria da, hurbiltzen ari baita halabeharrez, bertara eramango duten zioak, parte hartuko duten herrialdeak, gatazkaren helburua eta beste inguruabarrak zehaztea ezinezkoa bada ere. Garapen kapitalistaren motore izatetik bere gaitz endemiko izatera igaro da militarismoa.

            Gizarte garapenaren eta klase agintariaren interesen arteko dualitate honetatik, Estatuak azken hauengatik egiten du apustua. Burgesiak bezala, Estatuak gizarte garapenaren aurka doan politika aplikatzen du, eta honekin are eta gehiago galtzen du gizarte osoaren ordezkari gisa jokatzearen izaera eta pixkanaka klase izaerako Estatu puru bat bilakatzera jotzen du; edota hobekiago esanda, bi ezaugarri hauek elkarrengandik urruntzen dira kontraesankorrak bilakatu arte Estatuaren beraren esentziaren baitan, egunetik egunera sakontasun handiagoa hartuz. Batetik, Estatuaren izaera orokorreko funtzioak hazi egiten dira, hazi egiten da bizitza sozialean duen esku-sartzea, bere gainean duen “kontrolarekin” batera. Baina, beste aldetik, duen klase izaeragatik, bere ekinbidea eta baliabide errepresiboak burgesiarentzat erabilgarriak diren aspektuetan, baina gizartearentzat kaltegarri direnetan, kontzentratu beharrean ikusten du bere burua, militarismoarekin edota aduana eta kolonia politikekin gertatzen den bezala. Are gehiago, Estatuak maneiatzen duen “gizarte kontrola” geroz eta kutsatuagoa eta menderatuagoa dago bere klase izaeragatik (pentsa bedi nola aplikatzen den lan legeria herrialde guztietan).

            Demokraziaren zabalpena, Bernsteinek sozialismoaren ezarpen gradual baterako baliabide bezala ikusten duena, ez dator kontraesanean aurretiaz azaldu den Estatuaren izaeraren eraldaketarekin, bikain egiten dute bat elkarrekin.

            Konrad Schmidten arabera, Reichstagean gehiengo parlamentario sozialdemokrata bat lortzeak, zuzenean, gizartearen “sozializazio” gradual batera garamatza. Ez dago zalantzarik bizitza politikoaren forma demokratikoak Estatua gizarte bilakatzeko prozesua argiro adierazten duten fenomenoa direla, eta zentzu honetan, eraldaketa sozialistako etapa bat osatzen dute. Baina lehen aipaturiko Estatu kapitalistaren izaeraren dualitatea, bereziki, eta modurik gordinenean, parlamentarismo modernoan islatzen da. Egia da, formalki, parlamentarismoak gizarte osoaren interesak adierazteko balio duela Estatuaren antolaketaren barnean. Halaber, errealitatean, gizarte kapitalistaren interesak soilik adierazten ditu, interes kapitalistak gailentzen diren gizarte baten interesak. Erakundeak, itxuraz demokratikoak izanik ere, euren edukiari begira klase agintariaren interesentzako instrumentu dira. Demokraziak bere klaseko izaera ukatzeko joera erakusten duenean eta masa herrikoien interes errealentzako instrumentu bilakatzera jotzen duenean, orduan ikusten da, modu nabarienean, aurretik aipatu dena, burgesiak eta Estatu aparatuan dituen ordezkariek forma demokratikoak sakrifikatzen baitituzte. Hau ikusita, argi geratzen da gehiengo parlamentario sozialdemokrata bat eskuratzeko ideiak, liberalismo burgesaren estilorik puruenean, demokraziaren aspektu formala soilik hartzen duela kontutan, eta bere eduki errealaz ahazten dela. Bestela esanda, parlamentarismoa ez da pixkanaka-pixkanaka gizarte guztira zabalduz doan elementu sozialista bat, Bernsteinek suposatzen duen bezala. Parlamentarismoa Estatu burgesaren forma jakin bat da, kapitalismoaren kontraesanak helduarazten eta sakontzen dituena.

            Estatuaren garapen objetibo honen aurrean, “gizarte kontrol” hazkor bati buruz Bernsteinek eta Konrad Schmidtek duten ideia, zuzenean sozialismoa ezar dezakeela pentsatuz, egunetik egunera gehiago ipintzen da kontraesanean errealitatearekin.

            Sozialismoaren ezarpen gradualaren teoria, jabegoaren eta Estatu kapitalistaren zentzu sozialista bateko erreforma geldo baten ideiaren gainean sostengatzen da. Hala ere, gizarte garaikidearen prozesu objetiboak direla eta, biak, bai jabegoa eta bai Estatua, aurkako norantzetan garatzen dira prezeski. Ekoizpenaren izaera soziala geroz eta handiagoa da eta Estatuak honen gainean duen esku-hartzea eta kontrola ere bai. Baina, aldi berean, jabego pribatua besteren lanaren esplotazio kapitalista geroz eta gordinago baten itxura ari da hartzen, eta Estatuak, bere kontrola, klase agintariaren interesek esklusiboki zuzendurik maneiatzen du, are eta gehiago. Honela bada, Estatua (kapitalismoaren antolaketa politikoa) eta jabetza erlazioak (kapitalismoaren antolaketa juridikoa), kapitalismoa garatuz doan heinean, geroz eta kapitalistagoak bilakatzen dira, eta ez sozialistagoak, sozialismoaren ezarpen gradualaren teoriarentzako bi oztopo gaindiezin bilakatuz.

            Fourierrek[26] itsasoetako ur guztia falansterioen sistemaren bitartez limoi zuku bilakatzeko izan zuen ideia oso ameslaria izan zen. Bernsteinek limoi zuku botila sozial-erreformistak garraztasun kapitalisten itsasoetan hustutzeko duen ideiak, gozotasun sozialisten itsaso bat bilakatzeko bidean, aurrekoak baino gatz gutxiago du baina ez da fantasia gutxiagokoa.

            Ekoizpen kapitalistaren erlazioak geroz eta gertuago daude ekoizpen sozialistarenetatik. Baina kapitalismoaren erlazio politikoek eta juridikoek, bestalde, horma gaindiezin bat osatzen dute gizarte kapitalistaren eta sozialistaren artean. Ez erreforma sozialek ez demokraziak ez dute horma hori ahultzen, trinkoagoa eta garaiagoa bilakatzen dute. Iraultzaren mailukadak, hau da, proletalgoak botere politikoa konkistatzeak lortuko du horma hori eraistea.

 

5. ERREBISIONISMOAREN ONDORIO PRAKTIKOAK eta IZAERA OROKORRA

 

            Lehen kapituluan teoria bernsteiniarrak, bere oinarri teorikoei dagokienean, programa sozialistaren oinarri materiala kentzen duela eta oinarri idealista bat ematen diola frogatzen saiatu gara. Baina, zer gertatzen da teoria praktikara eramaten denean? Lehen begibistakoan, badirudi bere praktika ez dela orain arte sozialdemokraziak eraman duen praktikarekiko bereizten. Sindikatuak, erreforma sozialen aldeko borroka eta erakunde politikoen demokratizazioa alderdi sozialdemokrataren aktibitatearen eduki formala izan ohi dira. Baina desberdintasuna finkatzen duena ez da zer galdetzailea, nola baizik.

            Egun, borroka sindikala eta praktika parlamentarioa proletalgoa, botere politikoaren konkistari begira, apurka-apurka hezteko eta bideratzeko baliabide gisa ikusten dira. Hala ere, ikuspegi errebisionistatik, konkista hori ezinezkotzat eta alferrikakotzat ikusten da, eta horrexegatik alderdiak ekinbide sindikalaren eta parlamentarioaren berehalako emaitzak hartu behar ditu kontuan bakarrik, hau da, langileen egoera materialaren hobetzea, esplotazio kapitalistaren mugaketa geldoa eta gizarte kontrolaren zabalpena. Langileen egoeraren berehalako hobetzearen helburua alde batera utzita –bi ikuspegientzat amankomuna dena, bai alderdiak orain arte izan duen ikuspegiarentzat eta bai errebisionismoarentzat-, bien arteko desberdintasuna, hitz gutxitan, zera da, lehenarentzat borroka sindikala eta politikoa proletalgoa boterearen konkistaren eginkizunerako prestatzen duelako dela garrantzitsua, hau da, eraldaketa sozialistarako faktore subjetiboa sortzen duelako; bestalde, Bernsteinentzat, borroka sindikala eta politikoa esplotazio kapitalista gradualki mugatzen duelako da garrantzitsua, gizarte kapitalistari pixkanaka bere izaera kapitalista kentzen diolako, izaera sozialista bat ematen diolako, hau da, zentzu objetibo batean eraldaketa sozialista aurrera eramaten duelako.

            Auzia xehetasunez aztertuz, bi ikuspegiak diametralki aurkakoak direla ikus daiteke. Alderdiaren ohiko ikuspegian, borroka sindikalaren eta politikoaren bitartez proletalgoak honako hau ulertzea ahalbidetzen da: ezinezkoa dela borroka horrek bere egoera oinarrizko modu batean aldatzea eta ezinbestean botere politikoa konkistatu behar duela. Bernsteinen ikuspegia, ordea, botere politikoa konkistatzea ezinezkoa denaren ustetik abiatzen da, eta ondorioz sozialismoaren ezarpena ekinbide sindikalaren eta politikoaren bidetik bakarrik etor daiteke.

            Ikuspegi bernsteinianoaren ustetan, borroka sindikalaren eta politikoaren izaera sozialista ondoko honetan datza, bere eraginak pixkanaka ekonomia kapitalista sozializatzen duenaren ustean. Baina aurretik azaltzen saiatu garen moduan, eragin hori fantasia bat da. Estatu eta jabego kapitalistak kontrako norantzetan doaz. Beraz, sozialdemokraziaren ohiko ekinbide praktikoak, azken finean, sozialismoarekiko erlazio oro galtzen du. Borroka sindikalak eta politikoak bere garrantzia eta bere egiazko izaera sozialista proletalgoaren jakintza sozializatzen duen heinean soilik hartzen du, bere kontzientzia sozializatzen duen heinean, eta hau klase bezala antolatzen laguntzen duen heinean. Baina ekonomia kapitalistaren sozializaziorako instrumentu kontsideratzen badugu, ez du bere ohiko eraginkortasuna bakarrik galtzen, langile klasea boterearen konkistara eramango duen herraminta izateari uzten dio.

            Eduard Bernstein eta Konrad Schmidt, alderdiaren borroka lan sindikal arruntera eta erreforma sozialen lorpenera mugatuz azken helburua ez dela alde batera uzten pentsatuz kontsolatzen badira, gaizkiulertu esanguratsu batean aurkitzen dira, izan ere, lehenengo borroka moduak bigarrenaren gainean eragin zuzena duela uste baitute, azken helburura hurbiltzen gaituela, edozein aurrerapen helmuga sozialistari estuki loturik aurkitzen dela pentsatuz, joera bat balitz bezala.

            Hauxe da kasua sozialdemokrazia alemaniarraren egungo taktikan, edozein borroka sindikaletan edota erreforma sozialen aldeko gatazketan botere politikoaren konkistarako xede kontziente eta tinkoa ororen aurretik ipintzen baitu, borroka hauek orientatuz. Xede hau mugimendutik bereizteak eta erreforma sozialak helburu bezala ikusteak ez garamatza azken helburua betetzera, sozialismora, beragandik urruntzen gaitu.

            Konrad Schmidtek mugimendu mekaniko baten antzeko zerbaitengan du konfidantza, behin martxan jarriz gero geratu ezin den zerbaitengan, jaten hasiz gero apetitua irekitzen denaren arrazoiketa erabiliz, langile klasea erreformekin asetuko ez dela azaltzen baitu, eraldaketa sozialista aurrera eraman arte. Azken ideia hau zuzena da noski, erreforma sozial kapitalistaren askieztasunak bermatzen digu ez asetze hori, baina ideia horretatik ateratzen den ondorioak ondoko kasuan bakarrik izango luke oinarriren bat: erreforma sozial geroz eta handiagoen jarraipen amaigabe baten bitartez egungo ordena sozialetik sozialistara igarotzeko aukera balego bakarrik. Hau, noski, ameskeria hutsa da. Jarraipen hori oso azkar eteten da gauzen izaeragatik beragatik, eta puntu horretatik aurrera mugimenduak jarrai ditzakeen bideak anitzak dira.

            Kasu honetan ziurrenik taktika aldatu beharko litzateke, kosta ahala kosta, borrokaren emaitza praktikoren bat lortzeko helburuz, hau da, erreforma sozialak lortzeko helburuz. Eta gure ekinbidearen helburu garrantzitsuenak gure berehalako emaitza bilakatzen diren bezain laster, klaseko printzipiozko jarrera kontziliaezina, helburutzat boterearen konkista duen politika baten kontestuan bakarrik zentzua duena, oztopo bilakatuko da.

            Honen ondorio zuzenak “konpentsazioen politika” bat –hau da, konpromezuen politika bat, hau hartu eta hura eman- eta “Estatu ikuspegiz” eginiko jarrera adiskidetzaile bat izango dira. Baina mugimendua ezin daiteke denbora luzez geldirik egon. Kapitalismopean erreforma sozialak, aplikatzen den taktika edozein dela ere, irteerarik gabeko bide bat direnez, programa honen ondorio logikoa erreforma sozialarekiko desilusioa izango da, hau da, Schmoller irakasleak eta bere lagunek aingura bota zuten portu lasaiera iritsiko gara, bi aldeen gustuko izango diren soluzioak aztertuz, erreforma sozialen uretan ibili ostean dena Jainkoaren eskuetan utzi zuten pertsona hauek egin bezala[27].

            Sozialismoa ez da automatikoki eta edozein baldintzarenpean sortzen langile klasearen borrokatik, ekonomia kapitalistak dituen geroz eta kontraesan sakonagoek eta langile klaseak, kontraesan horiek iraultza sozial baten bidez gainditzeko beharra ikusteak dakarren ondorio izan daiteke soilik. Lehena ukatzen bada eta bigarrena alboratu, errebisionismoak egiten duen bezala, langile mugimendua sindikalismo hutsera eta erreformismora mugaturik ikusten da, bere dinamikagatik klaseko ikuspegia alde batera uztera eramanez amaitzen duelarik azkenean.

            Ondorio hau begibistakoa da errebisionismoaren izaera orokorra aztertzen badugu. Argi dago errebisionismoa ez dela ekoizpen erlazio kapitalisten oinarri berdinen gainean aurkitzen eta ez dituela kapitalismoaren kontraesanak ukatzen, ekonomilari burgesek egiten duten bezala; teoria marxistaren modura, kontraesan horien existentziaren oinarritik abiatzen da. Baina, hala ere, ikuspegi errebisionistaren puntu nagusia – eta aldi berean orain arteko ikuspegi sozialdemokratarekiko duen oinarrizko desberdintasuna osatzen duena- zera da, bere teoria ez duela kapitalismoaren nahitaezko garapenak, bere emaitza gisa, ekarriko lukeen kontraesan horien gainditzean oinarritzen.

            Teoria errebisionista bi muturretatik distantzia berera aurkitzen da: ez ditu kapitalismoaren kontraesanak gorenera eraman nahi gero hauek ekintza iraultzailearen bidez ezabatzeko, kontraesan horiek leundu egin nahi ditu. Honela bada, enpresa-kartelek eta krisien desagerpenak ekoizpenaren eta banaketaren arteko kontraesana murriztuko dute, proletalgoaren egoeraren hobetzeak eta erdi mailako klaseen mantentzeak kapitalaren eta lanaren arteko kontraesana ahulduko dute, eta kontrol publikoaren handitzeak eta demokraziaren aurrerakadak klase izaerako Estatuaren eta gizartearen arteko kontraesana arinduko dute.

            Sozialdemokraziaren egungo taktika ez da kontraesan kapitalisten muturreko sakontze bati itxarotera mugatzen; taktika iraultzaile ororen esentzia, behin jada aztertu den garapen kapitalistaren norabidean oinarrituta, bertatik borroka politikorako beharrezko orientazioak ateratzean datza, hau azken ondorioetaraino eramateko helburuz. Honela, sozialdemokraziak une oro protekzionismoa eta militarismoaren aurka borrokatzen du, euren izaera erreakzionarioa modu begibistakoan erakutsi duten edo ez itxaron gabe. Bernsteinek, bestalde, bere taktika ez du kapitalismoaren garapena dela eta sakonduko diren kontraesanen ikuspegi batean oinarritzen, hauek leunduko direnaren ikuspegi batean baizik. Berak azaltzen du hau modurik argigarrienean ekonomia kapitalistaren “egokitzapenaz” hitz egiten duenean. Alabaina, noiz izango litzateke zuzena ikuspegi hau? Egungo gizartearen kontraesan guztiak ekoizpen modu kapitalistaren emaitza dira. Kapitalismoak orain arte garatu den bide berean garatuz jarraitzen badu, beragandik bereiztezinak diren kontraesanak, leundu beharrean, larriagotu egingo dira. Kapitalismoaren kontraesanak ekoizpen modu kapitalista bera geldituko balitz soilik leunduko lirateke. Hitz batean, Bernsteinen teoriaren oinarrizko premisa garapen kapitalista etetea da.

            Honekin, ordea, bere teoriak bere buruari sententzia ematen dio, eta modu bikoitzean. Batetik, bere izaera utopikoa agerian uzten du azken helburu sozialistarekiko, hasera batetik argi geratzen baita kapitalismoaren garapenaren estankamentuak ezin eraman gaitzakeela eraldaketa sozialista batera, teoria honen ondorio praktikoen inguruko gure analisia baieztatuz; bigarrenik, Bernsteinek bere izaera erreakzionarioa erakusten du, kapitalismoa egun jasaten ari den garapen azkarra ikusita. Hemen galdera hau aurkezten zaigu: garapen kapitalista erreal hau ikusirik, nola azaldu, edota hobeto esanda, nola definitu Bernsteinen posizioa?

            Lehen kapituluan Bernsteinek bere egungo erlazio ekonomikoen analisia sostengatzeko erabiltzen dituen premisa ekonomikoen, hau da, bere “egokitzapen” kapitalistaren teoriaren faltsutasuna frogatu dugula uste dugu. Atal horretan kredituak eta kartelak ezin direla “egokitzapenerako baliabidetzat” hartu ikusi genuen, krisien momentuko desagerpena edota klase ertainen mantentzea egokitzapen kapitalista horren sintoma bezala ikus ezin daitezkeen bezala. Euren faltsutasunaz gain, aipaturiko egokitzapenaren teoriaren zehaztasun guztiek zeinu bereizgarri bat dute amankomunean: Bernsteinen teoriak ez ditu bizitza ekonomikoaren fenomenoak garapen kapitalistaren osotasunarekiko erlazio organikoan ikusten, ez ditu mekanismo ekonomiko osoarekin konexioan ikusten, konexio hauetatik bereizita ikusten ditu, euren kontestu ekonomikotik isolatzen ditu, bizitzarik gabeko makina baten pieza solteak balira bezala.

            Esate baterako, kredituaren eragin egokitzailearen inguruan duen ikuspegia har dezagun kontuan. Kreditua banaketa kapitalistarekiko bereiztezinak diren kontraesanak une honetan aurkitzen diren fase natural goren bezala ikusten badugu, ezinezkoa da elkartruke prozesuaren beraren kanpotik dagoen “egokitzapen baliabide” mekaniko bat bezala ikustea, dirua, merkantzia edota kapitala kapitalismoaren “egokitzapen baliabide” gisa ikus ezin daitezkeen bezala. Kreditua ekonomia kapitalistaren garapeneko etapa jakin bateko katebegi organiko bat da, diruaren, merkantziaren edota kapitalaren modu berean. Eta azken hauek bezalaxe, bera ere mekanismo osoko ezinbesteko katebegi bat da eta aldi berean baita kapitalismaoren suntsipenerako instrumentu bat ere, kapitalismoaren barne-kontraesanak sakontzen baititu. Gauza bera esan daiteke kartelei edota komunikabide modernoei buruz.

            Ikuspegi mekaniko eta antidialektiko berbera aurkitzen da Bernsteinek krisien desagerpena ekonomia kapitalistaren “egokitzapenaren” sintoma balitz bezala interpretatzeko duen moduan. Bere ustez, krisiak mekanismo ekonomikoaren “nahasmen-aldi” hutsak dira, eta mekanismo honek ongi funtzionatuko luke hauek gertatuko ez balira. Krisiak ez dira “nahasmen aldiak” ordea hitzaren ohiko zentzuan, beraiek gabe ekonomia kapitalista ezin baitaiteke garatu. Ekoizpenaren hedapen gaitasun mugagabearen eta merkatuaren muga estuen arteko gatazka konpontzeko kapitalismoak duen metodo posible bakarra –eta ondorioz, arrunta-  krisiak direnez, hauek ekonomia kapitalistatik bereiztu ezin diren espresio organikoak direla ikus dezakegu.

            Ekoizpen kapitalistaren “nahasmenik gabeko” garapen batek krisiek beraiek suposatzen dutena baino arrisku handiago bat gordetzen du bere baitan: irabazi-tasaren erorketa jarraia – ez ekoizpenaren eta banaketaren arteko kontraesana dela eta, lanaren produktibitatearen igoeragatik baizik-. Erorketa honekin, ekoizpenean kapital txikiak eta ertainak sartzeko aukera ezinezko bilakatzeko joera benetan arriskutsua sor daiteke, kapital berrien sorrera mugatuz, eta ondorioz, inbertsioena. Krisiak dira hain zuzen, prozesu berberaren beste ondorio gisa, -kapitalaren aldizkako balio galeraren, ekoizpen baliabideen merketzearen eta kapital aktiboaren zati baten paralizazioaren bitartez- irabazi tasaren gehikuntza errezten dutenak, inbertsio aukera berriak sortzen baitituzte, ekoizpenari aurrera egiten lagunduz. Krisiek, ondorioz, garapen kapitalistaren sua bizitzeko balio dute, eta berauek mundu-merkatuaren eraketa prozesutik erabat desagertzeak –eta ez aldi baterako, guk pentsatzen dugun bezala- ez luke ekonomia kapitalista oparotasunera eramateko balioko, Bernsteinek uste bezala; bere estankamentura eramango gintuzke zuzen-zuzenean. Egokitzapenaren teoriak duen ikuspegi mekanizistagatik, Bernsteinek krisien beharra ahazten du eta baita kapital txikien eta ertainen geroz eta inbertsio handiagoak ere, arrazoi honengatik, besteak beste, kapital txikiaren berpizkunde jarraia garapen kapitalistaren etetearen zeinu bezala interpretatuz, eta ez garapen kapitalista arrunt baten adierazpen gisa, errealitatean den bezala.

            Hala ere bada ikuspuntu bat, bertatik begiratuz gero aipaturiko fenomeno guztiak “egokitzapenaren teoriak” azaltzen dituen bezala ikusten direna: kapitalista indibidualaren ikuspuntua da, bizitza ekonomikoko gertakariak konpetentziaren legeek distortsionaturik ikusten dituena. Kapitalista indibidualak ekonomiaren osotasunaren zati organiko ezberdinak entitate independienteak balira bezala ikusten ditu, eta berari eragiten dioten neurrian bakarrik ikusten ditu gainera, eta horrexegatik iruditzen zaizkio “nahasmen” soil edota “egokitzapenerako baliabide” hutsak direla. Kapitalista indibidualarentzat krisiak nahasmen hutsak dira, eta beraien desagerpenak bizitza epe luzeago bat bermatzen die, kreditua bere ekoizpen indar ahulak merkatuaren exijentzietara egokitzeko modua da eta bera kidetzat duen kartelak errealitatean ekoizpenaren anarkia ezabatzen du.

            Hitz batean, Bernsteinen kapitalismoaren egokitzapenaren teoria kapitalista indibidualaren ikuspegien orokortze teoriko bat besterik ez da. Eta hau ez al da bada, bere adierazpen teorikoan, ekonomia burges arruntaren ikuspegirik oinarrizkoena eta bereizgarriena? Eskola honen akats ekonomiko guztien oinarria honakoa da: konpetentziaren fenomeno batzuk ekonomia kapitalistaren osotasunak bere-bereak dituen fenomeno bezala ikusten dituzte, beti ere kapitalista indibidual baten ikuspegitik. Bernsteinek kredituarekin egiten duen bezala, ekonomia arruntak dirua elkartrukearen “egokitzapen” beharretarako sortu den asmakuntza burutsu bat bezala ikusten du eta kapitalismoaren fenomenoetan bilatzen du sistema honen gaitzen aurkako antidotoa. Ekonomia arruntak, Bernsteinek bezala, ekonomia kapitalista erregulatzeko posibilitatean sinesten du, eta teoria bernsteiniarraren kasuan bezala, bere azken helburua kapitalismoaren kontraesanak leuntzea eta bere zauriak sendatzea da. Beste hitz batzuetan esanda, ekiteko modu erreakzionario bati heltzen dio, modu iraultzaile bati beharrean, eta horrexegatik amaitzen du utopia bat izaten.

            Orokorrean, teoria errebisionista honela definitu daiteke: mugimendu sozialistaren estankamenturako teoria bat, ekonomia arruntaren bere-berea den estankamentu kapitalistaren teorian oinarritzen dena.

 

 

 

 

 

 

 

BIGARREN ZATIA

 

1.GARAPEN EKONOMIKOA eta SOZIALISMOA

 

            Proletalgoaren klase borrokako konkistarik handiena sozialismoa burutu ahal izateko oinarriak gizarte kapitalistaren erlazio ekonomikoetan aurkitzen direla topatzea izan da. Modu honetan, sozialismoak milurteetan zehar gizateriak irrikatu duen “ideal” bat izateari utzio dio eta behar historiko bilakatu da.

            Bernsteinek gizarte honetan sozialismorako baldintza ekonomiko hauek egotea ukatu egiten du eta, hau arrazoitzen duenean, eboluzio interesgarri bat jarraitzen du berak. Haseran, industriaren kontzentrazio prozesuaren azkartasuna ukatzera mugatzen zen Neue Zeuiten, bere arrazoiketa 1882tik 1895era bitarteko datu estatistiko alemaniar batzuen konparaketan oinarrituz. Emaitza hauek bere helburuetarako erabiltzeko, prozedura sumario eta mekanikoetara jo behar izan zuen. Baina bere tesiarentzat mesedegarrienak ziren kasuetan ere, enpresa ertainaren mantentzeari buruzko aipamenetan kasu, Bernsteinek ezin izan zituen analisi marxistaren oinarriak ahuldu, azken honek sozialismoa gauzatzeko ez baititu ez industriaren kontzentrazioaren erritmo jakin bat, hau da, epe jakin bat, eta ezta, frogatu dugun bezala, kapital txikien, hau da, burgesia txikiaren erabateko desagerpena ere aurre suposatzen.

            Bere ikuspuntua azaltzen jarraitzen duenean, Bernsteinek froga berriak ematen dizkigu, elkarte anonimoen estatistikaren kasuan bezala, eta bere helburu bakarra akzioen jabeen kantitatea etengabeki hazten dela frogatzea da, ondorioz klase kapitalista murrizten ez delarik, hazi baizik. Harrigarria da, Bernsteinek bere materiala ez duela ezagutzen eta honi ateratzen dion probetxu urria egiaztatzea.

            Bernsteinek industria garapenaren lege marxista gezurtatu nahiean, elkarte anonimoetaz baliatu nahi bazuen, zifra erabat ezberdinetara jo behar zuen. Alemaniako elkarte anonimoen historia ezagutzen duen orok badaki hauetako bat sortzeko hasierako batazbesteko kapitala murrizte etengabean aurkitzen dela. Honela, 1871ren aurretik kapital honek 10,8 milioi marko inguru suposatzen zuen; 1871n 4,01 milioi bakarrik ziren; 1873an, 3,8 milioi; 1883tik 1887ra, milioi bat baino gutxiago; 1891n jada 0,56 milioi ziren; eta 1892an, 0,62 marko. Ordutik, kantitateak milioi bat markoren inguruan mugitzen dira, 1895eko 1’78tik 1897ko lehen seihilabeteko 1,19ra eroriz.

            Zifra harrigarriak! Hauekin Bernsteinek enpresa txikirako itzulerarako teoria antimarxista oso bat eraiki ahal izango luke. Baina kasu honetan, edozeinek erantzun ahalko lioke: estatistika horrekin zeozer frogatu nahi baduzu, egin beharko zenukeen lehen gauza azterketa hori ea industriaren adar berdinei buruz ari den frogatzea izan beharko litzateke, eta industria txikiek ea industria handiak ordezkatzen dituzten ikusi beharko zenuke, eta ez beraiek baino txikiagoak direnak, kapital indibidualak edota artisau tailerrak. Baina hau frogatzea ezinezkoa da. Elkarte anonimo ertainen eta txikien ugaltze estatistikoa akzio bidezko kapitalak ekoizpen adar berrietara sartzen jarraitzen duelako azal daiteke soilik, eta baita hasera batean elkarte anonimoen forma juridiko hau enpresa handi gutxi batzuek hartu bazuten ere, gerora pixkanaka enpresa ertainak eta txikiak hau hartuz joan zirelako ere. (Egun mila marko baino gutxiagoko kapitala duten elkarte anonimoak daude).

            Zein da elkarte anonimoen hedapenaren esanahia ekonomia politikoaren ikuspuntutik? Ekoizpenaren sozializazioaren aurrerakada bere modu kapitalistan. Eta ez ekoizpen handiarena bakarrik, baita ertainarena eta txikiarena ere. Hau da, elkarte anonimoen hedapenak ez du teoria marxista ez kontraesaten bakarrik, modu bikainean baieztatzen du berau.

            Zertan datza elkarte anonimoen fenomeno ekonomikoak? Alde batetik, aberastasun txiki asko batu egiten dira ekoizpen kapital handi batean; bestetik, ekoizpenaren eta kapitalaren jabegoaren arteko bereizketa da, hau da, ekoizpen modu kapitalistaren gainditze bikoitz bat da, nahiz eta oraindik oinarri kapitalista batekin ematen den.

            Hausnarketa honen aurrean, zer adierazten dute Bernsteinek enpresa berberean parte hartzen duten akzionista kopuru handien inguruan ematen dituen estatistikek? Zera adierazten dute, momentu hauetan, enpresa kapitalista bat jada ez dela kapitalista indibidual bakar batena, iraganean bezala, baizik eta kapitalista multzo batena; ondorioz, “kapitalista” kontzeptu ekonomikoa jada ez dagokiola indibiduo isolatu bati; egungo kapitalista industriala pertsona kolektibo bat dela, ehundaka eta milaka pertsona fisikok osatzen dutena; “kapitalista” kategoria berbera, kapitalismoaren testuinguruan bertan ere, kategoria sozial bat bilakatu dela, sozializatu egin dela.

            Nola da posible, hau ikusita, Bernsteinek elkarte anonimoen fenomenoa justu kontrako aldera ulertzea –zatiketa bat bezala, kapitalaren kontzentrazio bezala ikusi beharrean- eta jabego kapitalistaren hedapena ikustea Marxek bere ezereztapena ikusten duen lekuan? Ekonomia arruntaren akats sinple batengatik: Bernsteinek kapitalista adiera ez du ekoizpenaren kategoria baten gisa ikusten, jabegoaren eskubide bezala baizik; ez du unitate ekonomikoa ikusten, unitate fiskala baizik; eta kapitala ez du ekoizpenaren barneko osotasun bat bezala ikusten, diru-ondasunen moduan baizik. Horregatik, josteko hariaren trust ingelesaren adibidea ematen duenean, ez du dirua duten 12.300 pertsonen fusioa ikusten unitate kapitalista bakar batean, 12.300 kapitalista ezberdin baizik. Honela, Schulze injeniaria kapitalista dela iruditzen zaio, bere emaztearen ezkonsariak “akzio kopuru handi bat baitzekarren berarekin” (54.orria). Horregatik, Bernsteinen ustez, “kapitalistak” munduan zehar ugaltzen ari dira[28].

            Hemen ere ekonomia arruntaren ezjakintasunak balio dio Bernsteini sozialismoaren aurka egiteko oinarriko teoriko moduan. “Kapitalista” kontzeptua ekoizpen erlazioen esparrutik jabego erlazioen esparrura eramaten duenean eta “pertsonei” buruz hitz egiten duenean “enpresariei buruz beharrean”(53.orria), Bernsteinek, sozialismoaren auzia, ekoizpenaren esparrutik ondare-erlazioen esparrura darama, hau da, kapitalaren eta lanaren arteko erlazioetatik aberatsen eta txiroen arteko erlazioetara.

            Era honetan Marxengandik eta Engelsengandik “Arrantzale behartsuaren Ebanjelioaren” autorearengana goaz, baina desberdintasun batekin: Weitlingek[29], sen proletario fin batekin, klase antagonismoen forma primitibo bat atzeman zuela aberatsen eta txiroen arteko oposizioan, hau mugimendu sozialistarentzako palanka bat bilakatuz, eta Bernsteinek, bestalde, sozialismoaren gauzatzea txiroak aberats bilakatzean ikusten duela, hau da, klase antagonismoen desagerpenean baina zentzu burges txiki batean.

            Bernstein ez da diru-sarreren estatistiketara mugatzen, hainbat herrialdeetako beste enpresa batzuen datuak ere ematen dizkigu: Alemaniakoak, Frantziakoak, Ingalaterrakoak, Suitzakoak, Austriakoak eta Estatu Batuetakoak. Baina, zein estatistika dira horiek? Ez dira herrialde bateko garai desberdinetako datuak, garai bakoitzeko datuak baizik herrialde desberdinetan. Alemaniaren salbuespenarekin, non 1882aren eta 1895aren arteko kontraste zaharra errepikatzen duen, Bernsteinek ez du herrialde bateko enpresen egituraketa konparatzen garai ezberdinetan, herrialde ezberdinetako zifra absolutuak baizik: Ingalaterrarentzat, 1891koak; Frantziarentzat, 1894koak; Estatu Batuentzat, 1890ekoak, etab. Ateratzen duen ondorioa honakoa da: “Enpresa handia industrian gailentzen dena dela egia bada ere, egia da, era berean, Prusian, hauen menpeko enpresak ere kontuan hartuta, populazio aktiboaren erdia soilik suposatzen duela ekoizpenean”. Gauza berbera gertatzen da Alemanian, Ingalaterran, Belgikan, etab.(84.orria).

            Baina Bernsteinek modu honetan ez du garapen ekonomikoaren joera baten edo bestearen existentzia frogatzen, enpresa forma ezberdinen eta ekoizpen klase ezberdinen arteko indar erlazio absolutua baizik. Honetatik abiatuta sozialismoaren ezinezkotasuna frogatu nahi bada, hau beste teoria honetatik eratortzen duelako da: borroka sozialen emaitzak indarren arteko kantitatezko korrelazio batean oinarritzean, hau da, biolentzia puruaren momentuan. Eta honela, Bernstein, blanquismoaren[30] aurkari sutsua, akats blanquista larrienean erortzen da, desberdintasun batekin; blanquismoak, joera sozialista eta iraultzailea den heinean, sozialismoa ezartzeko posibilitate ekonomikoa aurresuposatzen duela eta helburu honetara zuzentzen duela bere biolentzia iraultzailea, nahiz eta gutxiengo txiki batena izan. Bestalde, Bernsteinek ondorioztatzen duena zera da, gehiengo jende kopuru sozialista bat ez existitzeak sozialismoa ezinezko bilakatzen duela. Errealitatean, sozialdemokraziak ez du bere azken helburua ez gutxiengo baten biolentzia arrakastatsuaren bitartez ez gailentasun numerikoaren ondorioz lortzerik espero, behar ekonomiko baten –eta behar hau ulertzearen- emaitza bezala baizik, honek langile masek kapitalismoa ezereztea ekarriko duelarik. Eta behar hori, batez ere, anarkia kapitalistan adierazten da.

            Ekonomia kapitalistako anarkia honen auzi erabakigarriaren inguruan, Bernsteinek krisi orokor handiak ukatu egiten ditu, baina ez partzialak edota nazionalak. Hau da, anarkia askoren posibilitatea ukatzen du, baina ez pixka batena. Bernsteinen arabera, ekonomia kapitalistari, Marxen hitzak erabiliz, ume bat izan zuen neskatila burugabe hark gertaera hartaz barkamena eskatzen zuenean esaten zuena gertatzen zaio: “Bai, baina oso txikia da”. Okerrena zera da, ekonomiaren auzietan bezalakoetan, anarkia askok edo gutxik kaltegarritasun berbera duela. Bernsteinek anarkia apur baten existentzia baieztatzen badu, merkatu-ekonomiaren dinamika bera arduratuko da berau inoiz ikusi gabeko mailetaraino handitzera, kolapsoraino eraman arte. Baina Bernsteinek anarkia gutxi hori gradualki ordena eta harmonia bilakatu nahi badu, aldi berean merkantzien ekoizpen sistema mantenduz, berriro ere ekonomia arruntaren oinarrizko akats batean erortzen da, ekoizpen modua eta banaketa modua elkarren artean independenteak direla pentsatzera alegia[31].

            Hau ez da Bernsteinek bere liburuan ekonomia politikoaren printzipio oinarrizkoenen inguruan duen konfusio harrigarria bere osotasunean azaltzeko momentua, baina bada argitu beharreko puntu bat, anarkia kapitalistaren oinarrizko auzira garamatzana.

            Bernsteinek Marxen balioaren legea abstrakzio huts bat dela azaltzen du, bere ustetan, duen ekonomia politikoaren ikuspegiagatik irain bat suposatzen duena begibistan denez. Eta abstrakzio huts bat bada, “irudikeria mental” bat (44.orria) ondorioz, zerbitzu militarra egin duen eta bere zergak ordaintzen dituen hiritar zintzo orok Karl Marxen eskubide berbera du edozein zentzugabekeria “irudikeria mental” bilakatzeko, hau da, bere balioaren lege bilakatzeko: “Böhm-Jevonsen eskolak merkantzien propietate guztien inguruan, erabilgarritasuna alde batera utzita[32], abstrakzioak egiteko adina eskubide du Marxek merkantzien propietateen inguruan abstrakzioak egiteko, hauek giza lanaren kantitateen materializazioetara murriztuz”(42. orria).

            Beste era batera esanda, Bernsteinentzat, marxismoaren sozialki beharrezkoa den lana eta Mengerren erabilgarritasun abstraktua antzekoak dira: abstrakzio hutsa biak ala biak. Bernsteinek erabat ahazten du Marxen abstrakzioa ez dela asmakuntza bat, aurkikuntza bat baizik; ez dela Marxen buruan existitzen, merkatu ekonomian baizik; bere existentzia ez dela irudimenezkoa, erreala eta soziala baizik, hain erreala ezen moztu, batu, pisatu eta inprimitu ere egin daitekeen. Bere formarik garatuenean, Marxek aurkitutako giza lan abstraktua, ez da dirua besterik. Hauxe da bereziki Marxen aurkikuntza ekonomikorik geinuzkoenetarikoa, ekonomia burges osoarentzat, lehen merkantilistetatik abiatuta azken klasikoetararte, diruaren esentzia mistikoak zazpi zigiluz itxitako liburu bat izaten jarraitzen duen bitartean.

            Honen aurrean, Böhm-Jevonsen eskolaren erabilgarritasun abstraktua izatez irudikeria mental bat da. Edota hobeto esanda, ezjakintasunaren islada da; ez kapitalismoa ez beste motaren bateko edozein gizarte ezin daitezke inozotasun honen arduradun egin, ekonomia burges arrunta soilik baizik. “Irudikeria mental” hau buruan dutela Bernstein, Böhm, Jevons eta kofradia subjetibo osoa diruaren misterioaren aurrean egon daitezke hogei urtetan zehar, eta hala ere ez lirateke, beraien laguntzarik gabe, inozoenak ere badakien ondorioraino baino urrunago iritsiko: dirua ere gauza “erabilgarri” bat dela jakitera.

            Honela bada, Bernstein jada ez da gai balioaren lege marxista ulertzeko. Hala ere, doktrina ekonomiko marxistarekin zerbait ohiturik dagoen edonork argi ikusiko du balioaren lege hau gabe doktrina hau ulertezina dela. Edota zehatzago esateko: merkantziaren izaera eta bere elkartrukearena ulertu gabe, ekonomia kapitalista osoa eta bere barne-erlazioak misterio bilakatzen dira.

            Eta zein izan zen Marxi fenomeno kapitalisten sekretuetara iristea baimendu zion giltza magikoa, joku baten moduan, Smith eta Ricardo[33] bezalako ekonomia burges klasikoaren gorentasun nabarienek ere susmatu ez zituzten arazoak argitzen lagundu ziona? Ekonomia kapitalista osoa adierazpen historiko baten moduan ikustea hain zuzen, eta ez soilik atzera begiratuz, ekonomia klasikoa kasurik hoberenean irits zitekeen bezala, baita aurrera begira ere, hau da, ez iragan feudalaren inguruko auziei begira bakarrik, baita etorkizun sozialistari begira ere. Balioaren teoria marxistaren sekretua, diruaren analisiarena, kapitalaren teoriarena, irabazi tasaren teoriarena eta ondorioz sistema ekonomikoaren osotasunarena ekonomia kapitalistaren izaera iragankorrean datza, hau da, bere kolapsoak sozialismora eramango duenaren ezinbestekotasunean –eta hona hemen bere atzeko aldea-. Marxek ekonomia kapitalistaren jeroglifikoak deskodetu bazituen hauek, hain zuzen, ikuspuntu sozialista batetik aztertu zituelako izan zen bakarrik, hau da, ikuspegi historiko batetik aztertu zituelako. Eta gizarte burgesaren analisia ikuspuntu sozialista batetik burutu zuelako ezarri ahal izan zituen sozialismoaren oinarri zientifikoak.

            Ikuspuntu honetatik interpretatu behar dira Bernsteinek bere liburuaren azken aldera egiten dituen behaketak, “Marxen lan handian zehar [Kapitala][34] aurkitzen den dualismoaz” kexatzen denean, “lan honek ikerketa zientifiko bat izan nahi baitu, eta aldi berean, liburua egin aurretik landutako tesi bat frogatu nahi baitu, hau da, lanaren garapenak emaitza gisa ekarri beharko lukeen ondorioa jada aurretiaz finkaturik duen eskema batean oinarritzen da. Manifestu Komunistarako itzulerak [hau da, azken helburu sozialistarako itzulerak!][35] doktrina marxistan utopismoaren hondakinek bizirik jarraitzen dutela erakusten du” (177.orria).

            Baina “dualismo” marxista ez da etorkizun sozialistaren eta orain kapitalistaren, kapitalaren eta lanaren, burgesiaren eta proletalgoaren, arteko dualismoa besterik; ordena sozial kapitalistan aurkitzen den dualismoaren, bere klase antagonismoen islada zientifiko itzela da.

            Eta Bernsteinek Marxen dualismo teoriko honetan “utopismoaren hondakinak” besterik ikusten ez baditu, gizarte burgeseko klase kontraesanak ukatzen dituela aitortzen du zintzotasun osoz, eta berarentzat, sozialismoa ere “utopismoaren hondakin” bat dela erakusten digu. “Monismoa”, hau da, Bernsteinek emandako ordenaketa, kapitalismoa betiereko unitate bezala ikustea da, bere azken helburua alde batera utzi duen sozialista zahar baten ordenaketa da, gizarte burgesean, bakarra eta aldaezina den honetan, giza garapenaren gailurra ikusi duelarik.

            Kapitalismoaren egituran bertan sozialismorako garapena ez ikustean, Bernsteinek, programa sozialista formetan bada ere salbatzeko bederen, eraiketa idealista batera jo behar du, garapen ekonomikoarekin zerikusirik ez duen eraiketa batera, honela sozialismoa, garapen sozialaren fase jakin bat izatetik “printzipio” abstraktu izatera eraldatzeko.

            Hau ikusita, printzipio kooperatibista –Bernsteinek ekonomia kapitalista apaintzeko erabili nahi duen azken helburu sozialistaren “kintaesentzia” sotil hori- jada ez da bere teoria burgesak gizartearen etorkizun sozialistari egiten dion kontzesio gisa agertzen, Bernsteinen iragan sozialistari egiten zaion kontzesio gisa baizik.

 

2. SINDIKATUAK, KOOPERATIBAK eta DEMOKRAZIA POLITIKOA

 

            Ikusi dugu Bernsteinen sozialismoa langileek aberastasun sozialean parte hartzeko plan bat dela, txiroak aberats bihurtzekoa. Nola eramango da hau praktikara? Neue Zeiten Sozialismoaren arazoak izenarekin argitaraturiko artikuluetan oso erreferentzia gutxi aurkitzen ditugu auzi honekiko, baina bere liburuan erantzun asebetegarriak ematen dizkigu. Bere sozialismoa bi instrumenturi esker gauzatuko da: sindikatuen –edota berak esaten duen moduan, demokrazia ekonomikoaren- eta kooperatiben bidez. Lehenengoen bitartez irabazi industrialekin amaitu nahi du; bigarrengoen bidez, merkatal irabaziekin (118.orria).

            Kooperatibek, ekoizpen kooperatibek batez ere, hibrido bat osatzen dute ekonomia kapitalistaren baitan, ekoizpen sozializatuko unitate txikiak dira banaketa kapitalistaren barnean. Baina ekonomia kapitalistan banaketak ekoizpena menperatzen du, eta konpetentzia dela eta, ekoizpen prozesua kapitalaren interesek –hau da, esplotaziorik gordinenak- menperatzea ezinbestekoa da enpresa horren biziraupenerako.

            Merkatuak behartuta lan erritmoak ahal beste intentsifikatu behar direnean, lan eguna moztu edo luzatu behar denean, eskulan gehiago behar denean edota kaleratu behar denean...ikusten da hau; hitz batean, enpresa kapitalista bat lehiakor egiten duten metodo ezagun guztiak ipini behar izaten dira martxan. Eta enpresari paperean jarri behar direnean, kooperatibako langileak kontraesan batean aurkitzen dira: edota enpresa baten tinkotasun osoz zuzendu behar dute enpresa, euren buruaren aurka ere eginez, ekoizpen kooperatiba hondoratuko duen kontraesana sortuz, edota enpresa kapitalista arrunt bat bilakatzen da, edota langileen interesak gailentzen badira, disolbatu egiten da.

            Hauek dira Bernsteinek berak ere aipatzen dituen gertaerak baina ez ditu ulertzen, Potter-Webb[36] anderearekin batera, ekoizpen kooperatiba ingelesen gainbehera “diziplina” faltari atxikitzen baitio. Baina “diziplina” bezala halako arinkeriaz eta azaletik izendatzen den hau ez da kapitalismoaren berezkoa den errejimen absolutista besterik, langileek euren buruari inposatu ezin diotena[37].

            Hontatik ondorioztatzen da ekoizpen kooperatibek ekoizpen moduaren eta banaketa moduaren arteko kontraesana, ihesbide bat erabiliz, ebaztea lortzen dutenean soilik iraun dezaketela ekonomia kapitalistaren barnean, hau da, artifizialki lehia askearen legeetatik ihes egitea lortzen duten heinean. Eta hau aurretiaz kontsumitzaile zirkulu finko bat segurtatuz soilik lortu dezakete, hau da, merkatu bat segurtatuz. Horretarako bidea kontsumo kooperatiba da. Honetan –eta ez Oppenheimerrek[38] eginiko erosketa kooperatiben eta salmenta kooperatiben arteko bereizketan- aurkitzen da sekretua, Bernsteinek aurkitu nahi zuena, eta kooperatiba independenteak zergatik hondoratzen diren eta kontsumo kooperatiba batek babesturik daudenean bakarrik bizirauten duten azaltzen duena.

            Baina egungo gizartean, ekoizpen kooperatiben existentziarako oinarrizko baldintzak kontsumo kooperatiben existentziaren baldintzen menpe aurkitzen badira, lehenengoek, kasurik hoberenean, tokiko merkatu txikietara mugatu behar dute eta premiazko beharretarako artikuluetara, batez ere elikagaietara. Ekoizpen kapitalistaren adar garrantzitsuenak, hau da, oihalgintza industria, ikatzarena, metalurgikoa eta petrolioarena, hala nola makinen eraiketarena, lokomotorrena eta ontzigintzarena, itxita daude kontsumo kooperatibetara, eta ondorioz, baita ekoizpenekoetara ere. Bestela esanda, ekoizpen kooperatibek (beraien izaera hibridoa alde batera utzita) ez dute balio eraldaketa sozial orokor baterako, mundu mailan berauek ezartzeak mundu-merkatuaren abolizioa suposatuko bailuke eta mundu ekonomia ekoizpen eta banaketa talde lokal txikietan zatikatuko bailuke; hau da, bere esentziagatik, kapitalismoaren garapen altuko ekonomia batetik Erdi Aroko merkatal ekonomia baterako itzulera esan nahiko luke.

            Baina egungo gizartean irauteko duten posibilitatearen mugen barnean ere, ekoizpen kooperatibak kontsumo kooperatiben apendize soil izatera beharturik ikusten dira, eta honekin, azken hauek lehen planora igarotzen dira proposaturiko gizarte erreformaren agente gisa. Era honetan, erreforma sozialak ekoizpen-kapitalaren, ekonomia kapitalistaren enbor nagusiaren, aurkako borroka izateari uzten dio, eta merkatal kapitalaren aurkako borroka bilakatzen da, bereziki merkatal kapital txikiaren eta ertainaren aurkakoa, hau da, zuhaitz kapitalistaren adartxo txikien arteko borroka huts bat bilakatzen da.

            Sindikatuei dagokienean, Bernsteinen arabera ekoizpen-kapitalaren esplotazioaren aurkako baliabide bilakatuko direnak, jada azaldu dugu ez daudela langileei ekoizpen prozesuan eragin erabakigarri bat segurtatzeko egoeran, ez ekoizpenaren bolumenari ez teknikari dagokionean.

            Aspektu ekonomiko hutsaren inguruan –“soldata tasaren borroka irabazi tasaren aurka”, Bernsteinek izendatzen duen moduan- borroka hau ez da, lehen ere azaldu bezala, zelai irekian burutzen, soldataren legearen bikain definituriko mugen barnean baizik, eta borroka honek ezin du lege hau puskatu, gehienez ere betearazi egin dezake. Behaketa hau ere argi geratzen da arazoa sindikatuen funtzio errealen ikuspegitik aztertzen badugu.

            Bernsteinek, langile klaseak bere askapenerako egiten duen borroka orokorraren kontestuan, irabazi tasaren aurkako erasoaren eginkizuna sindikatuei atxikitzen die, pixkanaka-pixkanaka hau “soldata tasa” bilakatuz. Baina kontua da sindikatuak ez daudela irabaziaren aurka izaera ekonomikoko eraso bat egiteko egoeran, lan indarrak kapitalaren erasoen aurrean duen defentsa antolatu bat besterik ez baitira, hau da, langile klasearen erresistentzia adierazten dute ekonomia kapitalistaren zapalketaren aurrean. Eta hau bi arrazoirengatik.

            Lehenik, sindikatuen eginkizuna antolaketa modu hau “lan indarraren” merkantziaren merkatuaren egoeran eragiteko erabiltzea bada, eragin hori etengabe gainditua izaten da, kapa ertainen proletarizazio prozesua dela eta, merkantzia berria merkatura etengabe etortzen baita. Bigarrenik, sindikatuek bilatzen dutena bizi mailaren igoera bada, langile klaseak aberastasun sozialean duen zatiaren handitzea bada, esan behar da zati hori etengabe murriztu egiten dela, naturaren ezinbesteko prozesu bat bailitzan, lanaren produktibitatearen handitzeagatik. Ez da marxista izan behar honetaz konturatzeko, nahikoa da noizbait Rodbertusen[39] Auzi sozialari buruz lanari gainbegiradaren bat eman izana.

            Beste hitz batzuetan esanda, gizarte kapitalistaren prozesu objetiboek sindikatuen bi funtzio ekonomiko nagusi hauek Sisiforen lanaren[40] antzeko zerbait bilakatzen dituzte, baina lan hau ezinbestekoa da langileak merkatuaren egoeraren arabera dagokion soldata tasa eskura dezan, soldataren lege kapitalista bete dadin eta garapen ekonomikoaren joera beherakorraren eraginak gelditu –edota zehatzago esanda, leundu- daitezen.

            Baina sindikatuak soldataren mesedetan irabazia apurka-apurka murrizteko instrumentu bilakatu nahi badira, bi baldintza sozial hauek bete beharko lirateke: 1) klase ertainen proletarizazioa eta langile klasearen hazkuntza etetea, eta 2) lanaren produktibitatearen igoera etetea. Hau da, bi kasuetan –eta teoria kooperatibisten kasuan gertatzen zen bezala- kapitalismo garatuaren garaikoak baino zaharragoak diren baldintzetara itzultzea eskatzen dute baldintza hauek.

            Horrenbestez, erreforma bernsteinianoaren bi baliabideak, kooperatibak eta sindikatuak, ez dira aski ekoizpen modu kapitalista eraldatzeko. Bernsteinek honen inguruko intuizio ilunen bat du eta proposamen hauek irabazi kapitalistatik zati txikiren bat atzamarkatzeko baliabide soil bezala hartzen ditu, era honetan langileak aberasteko helburuz. Modu honen bitartez, alde batera uzten du ekoizpen modu kapitalistaren aurkako borroka eta mugimendu sozialdemokrata banaketa kapitalistaren aurkako borrokara bideratzen du. Bernsteinek, bere liburuan, behin eta berriz definitzen du bere sozialismoa banaketa “justu”, “justuago” edota “are justuago” baten aldeko nahi gisa, eta 1899ko martxoaren 26ko Vorwärtsean[41] berriro errepikatzen du ideia hau.

            Ezin uka liteke masa herrikoiak mugimendu sozialdemokratara eramaten dituzten arrazoi garrantzitsuenetariko bat ordena kapitalistaren berezkoa den banaketa “bidegabea” dela. Ekonomia osoaren sozializazioaren alde borrokatzen denean, sozialdemokraziak, aldi berean, aberastasun sozialaren banaketa “justuago” baten alde borrokatzen du. Desberdintasuna zera da, marxismoaren ikuspegiei esker, eta banaketa modua ekoizpen moduaren ondorio naturala dela jakinik, sozialdemokraziak ez duela ekoizpen kapitalistaren testuinguruan banaketa modua aldatzeko borrokatzen, ekoizpen kapitalista bera abolitzearen alde baizik. Hitz batean, sozialdemokraziak banaketa sozialista ezarri nahi du horretarako ekoizpen modu kapitalista suntsituz, Bernsteinen proposamena guztiz kontrakoa den bitartean: banaketa kapitalistaren aurka borrokatzea pixkanaka ekoizpen modu sozialista ezarriko denaren itxaropenarekin.

            Eta kasu honetan, zertan oinarritzen du Bernsteinek bere erreforma soziala? Ekoizpen kapitalistaren joera jakin batzuetan? Ez, inondik ere; hasteko, Bernsteinek joera hauek ukatu egiten baititu, eta gainera, ekoizpenaren eraldaketa ez banaketaren kausa bezala, baizik eta efektu moduan ikusten baitu. Ondorioz, bere sozialismoaren justifikazioa ezin daiteke ekonomikoa izan. Helburuen eta baliabideen ordena buruz behera jartzean, eta hauekin erlazio ekonomikoak ere modu berean ipintzean, Bernsteinek ezin ditu bere programaren zimentuak oinarri materialen gainean ezarri, oinarri idealistetara jotzera beharturik aurkitzen da.

            “Zein arrazoirengatik ondorioztatu behar da sozialismoa behar ekonomiko batetik?” dio Bernsteinek. “Zein arrazoirengatik degradatu behar dira gizakiaren adimena, justizia espiritua, borondatea?” (Vorwärts, 1899-3-26). Bernsteinentzat, berak proposatzen duen banaketa justua ez da behar ekonomiko baten ondorio izango, gizakiaren hautamen askearena baizik; edota zehatzago esanda, borondatea bera instrumentu bat besterik ez denez, banaketa justu hau justizia ulertzearen ondorio izango da, justiziaren ideia ulertzearen ondorioa.

            Eta honela, pozez beterik, justiziaren printzipiora iritsi gara, duela milaka urtetatik munduaren erredentore guztiek, garraiobide historiko seguruago baten falta dela eta, zaldiz ibiltzeko erabili duten zelara, historiako On Kixote guztiak mundu erreforma handirantz zuzendu dituen Rozinante ahulera, azkenean ezer garbirik atera gabe, makilkada batzuk salbu.

            Aberatsen eta txiroen arteko erlazioa sozialismoaren oinarri sozial bezala, kooperatibismoaren “printzipioa” edukin gisa, “banaketa justuago bat” helburu, justiziaren ideia bere legitimazio historiko bakar... Duela berrogeita hamar urte baino gehiago defendatu zuen sozialismo mota hau Weitlingek, indar, izpiritu eta distira gehiagorekin gainera. Gogoratu behar da geinuzko jostun hark oraindik ez zuela sozialismo zientifikoa ezagutzen. Baina Marxek eta Engelsek bere garaian apurtu zuten Weitlingen sozialismo hura berriro ere josi eta proletalgoari zientziaren azken hitza balitz bezala eskaintzeko eginkizunak, horrek ere bai, jostun bat behar du... baina ez oso geinuzkoa.

            Sindikatuak eta kooperatibak errebisionismoaren zutabe ekonomikoak diren bezala, beraien oinarri politiko garrantzitsuena demokraziaren garapen jarraia eta aurrerakorra da. Egungo danbateko erreakzionarioak errebisionismoari kasualitatezko “asaldura” iragankorrak direla iruditzen zaizkio, eta ahaztu beharrekoak gainera langile mugimenduaren borrokaren jarraibide orokorrak ezartzerako garaian.

            [Garrantzitsuena, hala ere, ez da Bernsteinek, bere lagunek eman dizkioten ahozko edo idatzizko bermeengatik zein ideia duen erreakzioaren inguruan, demokraziaren eta gizarte garapen errealaren artean aurkitzen den barne konexioa eta objetiboa baizik.][42]

            Bernsteinen uztez, demokrazia ezinbesteko fase bat da gizarte modernoaren garapenean. Berarentzat, liberalismoaren teorialari burgesentzat bezala, demokrazia garapen historikoaren oinarrizko lege handia da, eta bizitza politikoaren indar guztiek bere gauzatzearen zerbitzura egon behar dute. Baina modu absolutu honetan adierazirik, hau erabat faltsua da eta ez da azken 25-30 urteetako garapen burgeseko epe labur batean eman diren emaitzen eskematizazio burges txiki eta azaleko bat baino. Demokraziaren garapen historikoa gertuagotik aztertzen badugu eta aldi berean kapitalismoaren historia politikoa kontuan hartzen bada, ondorioa erabat bestelakoa da.

            Demokrazia antolaketa sozial anitzetan aurkitzen da: gizarte komunista primitiboetan, Aintzinateko estatu esklabistetan eta Erdi Aroko hiri-komunetan. Absolutismoa eta monarkia konstituzionala ere testuinguru ekonomiko benetan desberdinetan aurki ditzakegu. Bestalde, kapitalismoak, bere haseretan, merkatal-ekoizpenaren garaian, ikuspegi demokratiko bati ireki zion bidea Erdi Aroko hirietako komunetan; gerora, forma helduago bat hartu zuenean, manufakturaren itxuran, monarkia absolutuan aurkitu zuen zegokion forma politikoa; eta azkenik, jada industria ekonomi garatu bezala, Frantzian, era txandakatuan, errepublika demokratiko bat (1793), Napoleon Iaren monarkia absolutua, Berrezarkuntza garaiko (1815-30) monarkia aristokratikoa, Luis Feliperen monarkia konstituzional burgesa, berriro ere errepublika demokratikoa, ondoren Napoleon IIIren monarkia eta azkenik, hirugarren aldiz, errepublika ekarri zituen berarekin. Alemanian, egiazki demokratikoa den instituzio bakarra, sufragio unibertsala, ez zen liberalismo burgesaren konkista bat izan, estatu txikien fusio politikorako instrumentu bat baizik, eta zentzu horretan bakarrik du garrantziaren bat burgesia alemaniarraren garapenerako, beste aldetik monarkia konstituzional erdi-feudal batekin konformatzen baita. Errusian kapitalismoa, denbora luzez, ekialdeko autokraziarenpean loratu zen, burgesiak demokrazia ezartzeko nahirik txikiena ere azaldu ez duelarik. Austrian, sufragio unibertsalak hondoratzen eta deskonposatzen ari den monarkia baten flotagailu bat dirudi [eta sufragio honek egiazko demokrazia zein modu eskasean suposatzen duen 14. parrafoak indarrean jarraitzeak erakusten du.][43] Azkenean, Belgikan, proletalgoak sufragio unibertsala konkistatu izanak militarismoaren ahulezia erakutsi zuen, hau da, herrialdearen egoera politiko-geografiko benetan berezi bat, eta ez da burgesiak konkistaturiko “demokrazia zati” bat, burgesiaren aurka konkistaturiko demokrazia zati bat baizik.

            Demokraziaren aurrerakada etenik gabea, bai gure errebisionismoak eta bai liberalismo burgesak giza historiaren oinarrizko lege bezala ikusten dutena (historia modernoaren garaia behintzat), zehaztasunez aztertuz gero kimera bat dela konturatuko gara. Ezin ezar liteke lotura orokor eta absoluturik garapen kapitalistaren eta demokraziaren artean. Forma politiko jakin bat barneko eta kanpoko faktore politikoen batuketa osoaren emaitza da beti, eta erregimen politikoen eskala guztia hartzen du, monarkia absolututik abiatuta errepublika demokratikorarte.

            Horregatik, demokratizazioaren aurrerakadaren eskema ezin dezakegu garapen historikoaren lege orokor gisa ikusi, ezta gizarte modernoaren testuinguruan ere. Gizarte burgesaren egungo fasea behatuz gero, zera ikusiko dugu, faktore politikoek ez dutela Bernsteinen iritzia baieztatzen eta gainera, gizarte burgesa, orain arte eginiko konkista demokratikoak alde batera uzteko joerara ari dela bideratzen.

            Batetik, erakunde demokratikoek, eta hau oso garrantzitsua da, hein handi batean jada bete dute garapen burgesean zegokien eginkizuna. Estatu txikien batasunerako eta herrialde moderno handien ezarpenerako (Alemania, Italia) beharrezkoak izan ziren bezala, egun ezinbestekoak izateari utzi diote dagoeneko. Garapen ekonomikoak, bien bitartean, barne batasun organiko bat sortzeko denbora izan du [eta ondorioz jada demokraziaren bendak kendu daitezke, honek gizarte burgesen organismorako arriskurik suposatu gabe.][44]

            Gauza berdina esan liteke Estatuaren makineria politiko-administratibo guztiaren eraldaketaren inguruan, mekanismo erdi-feudal edota erabat feudala izateari utzi baitio, kapitalista bilakatuz. Eraldaketa hau, historikoki demokraziarekiko bereiztezina dena, hain maila gorenera iritsi da ezen posible dela bizitza politikoko osagai demokratiko guztiak ezabatzea, sufragio unibertsala edota Estatuaren forma errepublikarra esaterako, administrazioak, finantza publikoek edota antolaketa militarrak martxoko iraultza[45] baino lehenagoko formetara itzuli beharrik izan gabe.

            Modu honetan ikus daiteke liberalismoa, izatez, premiazkoa ez den zerbait bilakatu dela gizarte burgesarentzat, eta kasu askotan egiazko oztopo ere bihurtu dela. Egungo herrialdeen bizitza politikoa erabat menperatzen duten bi faktore agertzen dira hemen: mundu mailako politika eta langile mugimendua, garapen kapitalistaren oraingo fasearen aspektu ezberdinak direnak.

            Mundu ekonomiaren garapenagatik eta mundu-merkatuagatiko borroka lehiakorra sakondu eta orokortu egin denez, militarismoa eta itsas-nagusigoa, mundu politikaren instrumentu gisa, faktore erabakigarriak bilakatu dira, bai estatu handien barne-politikari bai kanpo-politikari begira. Eta mundu mailako politikak eta militarismoak, kapitalismoaren fase honetan, joera gorakor bat badute, ondorioa logikoki zera da, demokrazia burgesa joera beherakor batean mugituko dela. [Adibiderik konbentzigarriena: Batasun amerikarra Espainiaren aurkako gerraren ondoren. Frantzian Errepublika batez ere nazioarteko politikaren egoerari esker mantentzen da, oraingoz berehalako gerra bat ezinezkoa egiten duena. Hau lehertuko balitz, eta zantzu guztien arabera hau suposatzekoa da, eta Frantzia mundu mailako jarraibideen arabera armaturik aurkituko ez balitz, guda zelaiko lehen porrot frantziarraren emaitza monarkiaren aldarrikapena izango litzateke Parisen. Alemanian, eskala handiko armamentismoaren aro berriak (1893) eta Kiao-chouen[46] hasera eman zitzaion mundu mailako politika berriak demokrazia burgesaren bi biktima ekarri zituen segidan: zentruaren[47] erorketa eta liberalismoaren dekadentzia.][48]

            Kanpo politikak burgesia erreakzioaren besoetara bultzatzen badu, beste hainbeste gertatzen zaio barnean, langile klasearen gorakada dela eta. Bernsteinek berak hau onartzen du hau,  sozialdemokraziaren “asezintasun kondaira[49], hau da, langile klasearen esfortzu sozialistak, burgesia liberalaren desertzioaren arduradun egiten dituenean. Ondorioz, Bernsteinek proletalgoari bere xede sozialista alde batera uzteko kontseilua ematen dio, beldurrez jota dagoen liberalismoa kabi-zulo erreakzionariotik atera ahal izateko. Baina langile mugimendu sozialistaren abolizioa demokrazia burgesaren hil ala biziko baldintza eta behar sozial bilakatzen duenean, Bernsteinek berak argi uzten du modurik konbentzigarrienean demokrazia hau kontraesanean aurkitzen dela egungo gizartearen barne garapenaren joerarekin eta langile mugimendu sozialista joera honen emaitza zuzena dela.

            Gainera, demokrazia burgesa biziberritzeko oinarrizko baldintza sozialismoaren azken helburua alde batera uztea dela aipatzen duenean, Bernsteinek beste zerbait erakusten du: zein modu eskasean den beharrezkoa demokrazia burges hori mugimendu sozialistarentzat eta bere garaipenarentzat. Momentu honetan, Bernsteinen arrazoiketa gurpil zoro bat bihurtzen da, ondorioak bere “premisa” irensten du.

            Gurpil zoro honetatik ateratzea oso erraza da: gorakadan datorren langile mugimenduaren eta bere helburuen aurrean erabat beldurturik, burgesiak bere arima deabruari saldu diola argi geratu ostean, esan liteke langile mugimendu sozialista dela gaur egun demokraziaren babes bakarra eta mugimendu sozialistaren etorkizuna ez dela demokrazia burgesaren eskuetan aurkitzen, demokraziaren etorkizuna dela mugimendu sozialistaren eskuetan aurkitzen dena. Hau da, demokrazia ez da bideragarriagoa langile klaseak bere askapenerako borroka alde batera uzten duen heinean, baizik eta nazioarteko politikaren ondorio erreakzionarioei eta burgesiak demokrazia alde batera utzi izanari aurre egiteko adina indartzen den neurrian baizik. Beraz, demokrazia indartzea nahi duen orok mugimendu sozialistaren indartzea ere nahi izan behar du, eta ez bere ahultzea; sozialismoaren aldeko borroka alde batera uzten duenak langile mugimendua eta demokrazia ere alde batera uzten ditu.

            [Kautskyri emandako “erantzunaren” amaieran, 1899ko martxoaren 26ko Vorwärtsean, Bernsteinek sozialdemokraziaren programa praktikoarekin erabat ados dagoela azaltzen du eta soilik alderdi teorikoan duela eragozpenen bat. Hau alde batera utzita, Bernsteinek eskubide osoz alderdiaren ondoan joan daitekeela uste du, izan ere, zer “garrantzia” izan dezake “alderdi teorikoko” esaldiren bat berak duen prozesuaren ikuspegiarekin bat ez etortzeak? Kasurik onenean, azalpen honek Bernsteinek sozialdemokraziaren ekinbide praktikoaren eta bere oinarri orokorren arteko elkarloturaren zentzua zenbateraino galdu duen erakusten digu, hitz berberek esanahi berbera izateari utzi diotelarik entzulea alderdia izan edota Bernstein izan. Errealitatean, ikusi dugun bezala, Bernsteinen teoriek oinarrizko egitate sozialdemokrata bat uzten dute begibistan, oinarri teorikorik gabe borroka politiko praktikoak ez duela zentzurik, azken helburu sozialista alde batera uzteak mugimendua bera ere desagertarazi egiten duela.][50]

           

3. BOTERE POLITIKOAREN KONKISTA

 

            Frogatu den bezala, demokraziaren etorkizuna langile mugimenduarenera loturik aurkitzen da. Honek zer esan nahi du, kasurik hoberenean, demokraziaren garapenak iraultza proletarioa ez-premiazkoa eta ezinezkoa bilakatzen duela, Estatuaren boterearen jabetzearen edota botere politikoaren konkistaren zentzuan?

            Bernsteinek auzi honi erreformaren eta iraultzaren alde ona eta alde txarra zehaztasunez neurtuz erantzuten dio, eta hainbesteko maitasunez eta patxadaz egiten du hau ezen bere kontsumo kooperatibetako batean espezieak saltzen ari dela baitirudi. Bernsteinen ustez, garapen historikoak bide legala jarraitzen badu, “inteligentziaren” ondorioa izango da, eta bide iraultzailea jarraitzen badu, “sentimenduarena”. Aktibitate politiko erreformista aurrerapen historiko geldo baterako metodo bezala ikusten du; iraultzailea berriz azkartasunez betea. Legerian indar metodiko bat ikusten du; iraultzan, indar espontaneo bat (183.orria).

            Gauza jakina da erreformatzaile burges txikiak gauza guztietan alde “on” bat eta alde “txar” bat ikusten duela eta platera guztietatik zizka-mizkan aritzea gustatzen zaiola. Baina halako konbinaketek ez dute eraginik gertakarien martxa errealean, eta eskukada batekin, lau haizetara bidaltzen ditu munduko gauza guztien “alde onez” kontu handiz pilaturiko metatxoak. Historikoki, erreforma legalaren edota iraultzaren arteko aukeraketaren ebazpena ez da prozedura batak edo besteak dituen abantailengatik edota desabantailengatik ematen, arrazoi sakonagoengatik baizik.

            Gizarte burgesaren historian, erreforma sozialak gorakadan zetorren klasea pixkanaka indartzeko balio izan zuen, botere politikoa konkistatzeko, garaiko sistema juridiko osoa eraisteko eta berri bat eraikitzeko adina indar bazuela sentitu zuen arte. Bernsteinek orru egiten du botere politikoaren konkistaren aurka, teoria blanquista biolento baten antzeko ikusten baitu, eta honela, tamalez, akats blanquistatzat hartzen du mendeetan zehar giza historiaren harri angularra eta indar eragilea izan dena. Klase gizartearen sorreratik, botere politikoaren konkista gorakadan datorren klase ororen helburua izan da beti. Hau da, aldi berean, garai historiko bakoitzaren hasera eta amaiera. Honela, aintzinako Erroman nekazalgoaren borroka luzea ikus dezakegu finantzarien eta nobleziaren aurka; Erdi Aroko hirietan nobleziaren aurkako artisauen borroka agertzen da; eta Aro Modernoan, burgesiaren borroka azaltzen zaigu feudalismoaren kontra.

            Erreforma legala eta iraultza ez dira, beraz, historiaren erakusmahaiean libreki hauta daitezken garapen historikorako bi metodo ezberdin, saltxitxa beroak edota hotzak hautatzen direnean bezala; klase gizartearen garapeneko momentu ezberdinak dira, elkar baldintzatzen eta osatzen direnak, baina aldi berean elkar baztertzen eta elkarrengandik aldentzen direnak, Ipar Poloa eta Hego Poloa bezala, edota burgesia eta proletalgoa bezala.

            Antolaketa juridiko oro iraultzaren produktu bat besterik ez da. Klaseen historian, iraultza ekintza politiko sortzailea da, legeriak gizarte baten biziraupen politikoa soilik adierazten duen bitartean. Lege erreformak ez du iraultzarekiko independientea den bulkada bat sustatzeko berezko gaitasunik, garai historiko bakoitzean azken iraultzak markatu duen ibilbidean mugitzen da soilik, bultzada horrek irauten duen bitartean. Edota zehatzago esanda: azken iraultzak ezarri duen ordena sozialaren testuinguruan soilik mugitzen da. Hau da auziaren gakoa.

            Erabat faltsua eta ez-historikoa da erreformak iraultzaren zabalpen bat bezala kontsideratzea, eta aldi berean, iraultza erreformen zerrenda kontzentratu bat bezala ikustea. Erreforma eta iraultza ez dira euren iraupenagatik bereizten, euren esentziagatik baizik. Botere politikoa erabiliz aldaketa historikoak aurrera eramateko sekretu guztia aldaketa kuantitatibo soilak kualitate berri bilakatzean datza; zehatzago esanda, garai historiko batetik –ordena sozial batetik- besterako trantsizioa burutzean.

Beraz, bide erreformistaren alde agertzen denak, botere politikoaren konkistaren eta iraultza sozialaren bidearen ordez eta honi kontrajarririk, errealitatean ez du helburu berera doan bide lasaiago, seguruago eta mantsoago bat hautatzen, helburu ezberdin bat baizik: gizarte berri baten ezarpenaren ordez, zaharraren aldaketa txepel batzuk hautatzen ditu. Era honetan, errebisionismoaren ikuspegi politikoei jarraiki, bere teoria ekonomikoak aztertuz iristen garen ondorio berdinetara ailegatzen gara: ez du sozialismoaren gauzatzea bilatzen, kapitalismoaren erreforma baizik, ez du soldatapeko lanaren sistemaren ezabapena bilatzen, esplotazioa murriztea baizik. Laburbilduz, ez du kapitalismoaren deusezpena bilatzen, bere gehiegikerien leuntze bat baizik.

Posible ote da erreformaren eta iraultzaren funtzioaren inguruan aurretik esan den guztia iraganeko klase borrokentzat bakarrik izatea aplikagarri? Posible al da hemendik aurrera, justizia sistema burgesa hobetuz, lege erreformak gizartea fase historiko batetik bestera igaroarazteko bide bilakatzea, eta ondorioz, proletalgoak Estatuaren boterea konkistatzeko beharra, Bernsteinek bere liburuan dion bezala, “zentzurik gabeko esaldi bat” bilakatu izana?

Errealitatea guztiz kontrakoa da. Zer da gizarte burgesa bere aurrekoetatik bereizten duena, Aintzinatekotik edota Ertarokotik? Egungo klase menperaketa ez dela “legeak finkaturiko eskubide” batzuetan oinarritzen hain justu, baizik eta erlazio ekonomiko materialetan, soldatapeko lana ez baita erlazio juridiko bat, erabat ekonomikoa da. Gure ordenamendu juridiko osoan ez da egungo klase menperaketa islatzen duen formula legalik aurkitzen. Honen inguruan dauden zantzu gutxiak oihartzun feudalak dira, zerbitzu domestikoaren ordenantzen kasuan bezala.

Nola ezereztu daiteke soldatapeko esklabutza “bide legalen” bitartez, menperaketa honek inongo adierazpen legalik ez badu? Bernstein, kapitalismoarekin erreforma legalen bidez amaitzea nahi duena, Uspienskik kontatzen duen polizia errusiar haren larruan aurkitzen da: “Azkartasunez eskua morroi haren lepora bota zuen, eta zer gertatu zen? Madarikatuak ez zuela leporik!”. Hauxe da hain zuzen Bernsteinen arazoa.

“Orain arteko gizarte guztien historia klase borrokaren historia da” (Manifestu Komunista). Baina gizarte modernoaren aurreko faseetan, antagonismo hau erlazio juridiko batzuetan islatzen zen, eta arrazoi honengatik, erlazio mota berriak, puntu bateraino, iraganekoen testuinguruan egokitu zitezkeen.

“Morroia, morrontza erregimen bete-betean, komunako kide izatera iritsi zen” (Ibídem). Nola da posible? Udal esparruan, apurka-apurka, morrontza osatzen zuten pribilejio feudalen aztarna guztiak (zerbitzu pertsonalak, kontribuzioak, janzkeraren inguruko obligazioak, hamarrenak eta hasikinak, txanponketak egin ahal izateko subirauari ordaindu beharra, ezkontza behartuak, heredentzia eskubideak, etab.) ezabatuz.

Era berean, “burges txikia burgesaren kategoriara igo zen moduan absolutismo feudalaren uztarripean” (Ibídem). Zein eratan? Gremio-loturen ezabapen partzial formalaren edota hauen leuntze eraginkorraren bidez, administrazioaren, ogasunaren eta ejertzitoaren eraldaketa mantsoaren bitartez, hau erabat beharrezkoa izan zen heinean.

Gai hau ikuspuntu abstraktu batetik aztertuz, ikuspegi historiko batetik ikertu beharrean, pentsa liteke eraldaketa legal eta erreformista bat egon zela gizarte feudaletik burgeserako igaroaldian, beti ere eskema errebisionisten arabera. Baina zein da prozesu honetatik ateratzen dugun ondorioa? Bada trantsizio hartan ere, erreformek ez zutela botere politikoaren konkista burgesa ez-premiazkoa egin, baizik eta prestatu eta aurrera eraman zutela. Bai morrontzaren aboliziorako bai feudalismoaren ezerezterako ezinbestekoa izan zen eraldaketa politiko-sozial oso bat aurrera eramatea.

Gaur egun gauzak oso ezberdinak dira. Ez da legea, beharra eta ekoizpen baliabideen gabezia baizik, proletarioa kapitalaren uztarripean ipintzera bultzatzen dutenak. Eta munduan ez dago legerik, gizarte burgesaren testuinguruan, proletalgoari ekoizpen baliabide horiek emango dizkionik, ez baitzen legea izan hauek kendu zizkiona, garapen ekonomikoa baizik.

Gainera, soldata-erlazioen bidezko esplotazioa ere ez dago legeen menpe, soldaten maila ez baita lege-erregulazioen bitartez erabakitzen, faktore ekonomikoen ondorioz baizik. Esplotazio kapitalista ez da xedapen juridiko batzuen gainean sostengatzen, lan indarra ere merkantzia bat izatearen zirkunstantzia ekonomiko soilaren gainean aurkitzen da, eta merkantzia horrek berezitasun bat du, besteak beste, balioa ekoizteko gaitasuna baitu, langilearen mantenimentuan kontsumitutakoa baino balio gehiago sortzeko gaitasuna. Laburbilduz, klase kapitalistaren menperakuntza sostengatzen duten oinarrizko erlazioak ezin dira erreforma legalen bidez eraldatu gizarte burgesaren beraren barnean, erlazio horiek ez baitira lege burgesen bidez sartu eta ez baitute lege horien forma hartu ere egin. Bernstein ez da hontaz konturatzen “erreforma sozialista” bat proposatzen duenean, baina, ez ikusiarena eginik ere, inplizituki onartzen du hau bere liburuaren 10. orrian, “gaur egun funts ekonomikoa modu irekian agertzen da, iraganean menperaketa erlazio eta ideologia mota guztiez mozorroturik agertzen zen bitartean” esaten duenean.

Baina bada gehiago. Ordena kapitalistaren beste berezitasunetako bat zera da, bertan aurkitzen diren etorkizuneko gizarteko elementu guztiek haseran ez dutela sozialismora hurbiltzen dituen forma hartzen, bertatik urruntzen dituen bat baizik. Geroz eta gehiago ari da azpimarratzen ekoizpenaren izaera soziala. Zein formatan ordea? Enpresa handiaren, elkarte anonimoaren eta kartelaren itxuran, non kapitalismoaren antagonismoak, lan indarraren esplotazioa eta zapalketa, goreneraino igotzen diren.

Garapen kapitalistak, ejertzitoari dagokionean, derrigorrezko soldadutza orokortzera eta zerbitzu denboraren murriztera garamatzala dirudi, hau da, ikuspuntu material batetik, ejertzito herrikoirantz hurbiltzen ari da, baina militarismo modernoaren itxurapean, bertan, Estatu militaristak herriaren gainean duen menperaketa ikusirik, Estatuaren klase izaera ikus daitekeelarik modurik gordinenean.

Faktore politikoen kasuan, demokraziaren garapenak, baldintza mesedegarriak aurkitzen dituen neurrian, kapa herrikoi guztiak bizitza politikoan parte hartzera eramaten ditu, hau da, itxuraz, “Estatu herrikoi” baten antzeko zerbaitetara. Baina parte hartze honek parlamentarismo burgesaren itxura hartzen du, eta bertatik ez dira klase antagonismoak eta klase menperaketa desagertzen, alderantziz, modu argiago batean islatzen dira. Garapen kapitalista osoa kontraesanen bitartez mugitzen denez, proletalgoak, muin sozialista hau bere edukiontzi kapitalista antagonikotik atera ahal izateko, botere politikoa konkistatu behar du eta kapitalismoa erabat suntsitu.

Hori bai, noski, Bernsteinen ondorioak bestelakoak dira. Demokraziaren garapenak kontraesan kapitalistak sakontzea ekarriko balu, eta ez hauen ahultze bat, orduan, esaten digu, “sozialdemokraziak, bere eginkizuna zailagoa bilakatu ez dadin, erreforma sozialak eta erakunde demokratikoen zabalpena porrotera eramaten saiatu beharko luke, ahal duen neurrian” (71.orria). Egiazki, zuzenena hau izango litzateke, sozialdemokraziak, eredu burges txikia jarraituz, historiaren alde onak aukeratzearen eta txarrak ezabatzearen alferrikako eginkizunean plazera aurkituko balu. Baina orduan, ondorioz, kapitalismoak “porrot egin dezan ere saiatu” beharko litzateke, hau baita, zalantzarik gabe, sozialismorako bidea oztopatzen duen gaizkile nagusia. Izatez, kapitalismoak, oztopoez gain, programa sozialista aurrera eramateko aukera bakarrak ere ematen ditu. Gauza bera esan liteke demokraziari buruz.

Burgesiarentzat demokrazia ez-beharrezkoa edota gogaikarria izatera iritsi bada, horrexegatik beragatik bihurtu da beharrezkoa eta ezinbestekoa proletalgoarentzat. Batetik, gizarte burgesa eraldatzeko sostengune bezala balio diezaioketen forma politikoak (autoadministrazioa, boto eskubidea, etab.) sortzen dituelako. Bestetik, proletalgoa, demokraziaren alde borrokatuz eta eskubide demokratikoak erabiliz irits daitekeelako soilik bere klase interesetaz eta bere eginkizun historikoaz kontziente izatera.

Hitz batean, kontua ez da demokrazia ezinbestekoa dela proletalgoak botere politikoa konkistatzea ez-beharrezko bilakatzen duelako, boterearen konkista hori behar eta posibilitate bilakatzen duelako baizik. Engelsek, Klase borroka Frantzian liburuari egin zion hitzaurrean, egungo langile mugimenduaren taktikak berrikusi zituen eta barrikadei aurre egin zien honen ordez borroka legala hautatuz, baina kasu hartan Estatu kapitalistaren testuinguruan proletalgoak eguneroko borrokarekiko izan behar zuen jarreraz ari zen hizketan, hitzaurreko lerro bakoitzetik ondoriozta daitekeen bezala; ez zen botere politikoaren erabateko konkistari buruz ari, ezta proletalgoak boterearen konkistaren unean Estatu kapitalistaren aurrean izan beharreko jokabideari buruz ere. Hau da, Engels proletalgo menperatuari ari zen gidalerroak ematen, ez proletalgo garaileari.

Bestalde, Marxek Ingalaterrako lurzoruaren auziaren inguruan eman zuen sententzia ezaguna, –“ziurrenik merkeena lurjabeei kalte ordainak ematea izango litzateke”[51]- Bernsteinek aipatzen duena, ez da proletalgoak garaipenaren aurretik izan behar duen jarreraz ari, garaipenaren ostean izan behar duenaz baizik, klase agintari zaharrari “kalteak ordaintzeko” aukera bakarra behin langile klasea boterean dagoela izango bailitzateke. Marxek hemen ikusten zuena proletalgoaren diktaduraren erabilera baketsuaren posibilitatea zen, eta ez diktadura hau izaera kapitalistako erreforma sozialengatik ordezkatzea.

Proletalgoak botere politikoa konkistatzeko duen beharra ez zuten sekula zalantzan jarri Marxek eta Engelsek. Bernsteinentzat erreserbaturik geratu zen parlamentu burgesa, oilategi huts bat dena, historiako aldaketa sozialik itzelena aurrera eramatea helburu izango duen instrumentu kontsideratzeko ohorea: gizarte kapitalista batetik gizarte sozialista baterako eraldaketa.

Baina Bernsteinek, bere teoria, proletalgoak boterea azkarregi hartuko ote duenaren beldurrarekin hasten du. Hau gertatuz gero, Bernsteinen iritziz, proletalgoak gizarte burgesaren baldintzak bere horretan utzi beharko lituzke, eta ondorioz, porrot larri bat jasango luke. Beldur honetatik ondorioztatzen dena zera da, testuinguruak proletalgoa boterera eramango lukeen kasuren bat emango balitz, Bernsteinen teoriak aholku “praktiko” bat bakarrik eskaintzen digula: lotara joatea. Bere teoriak proletalgoa, borrokaren momenturik erabakigarrienetan, inaktibitatera kondenatzen du, hau da, bere helburuaren traizio pasibo batera.

Gure programa paper zati mixerable bat litzateke halako gertakizun guztietarako eta borrokaren momentu guztietarako balioko ez balu, edo behar den momentuan albo batera uzteko bakarrik balioko balu, aplikatzeko balio beharrean. Gure programak, bere edukietan, kapitalismotik sozialismorako gizartearen garapen historikoaren formulazioa azaltzen badu, garapen honen fase trantsitorio guztiak ere, euren oinarrizko ñabarduretan, formulatu behar ditu eta honetatik ondorioak atereaz, proletalgoari, momentu oro, sozialismorantz aurrera egiteko ekinbiderik egokiena erakutsi behar dio. Beste hitz batzuetan esanda, momentu bakar batean ere proletalgoak ezin du bere burua bere programa alde batera uztera beharturik ikusi, eta ezta bere burua bere programak alboratua izaten ere.

Praktikan, honek guztiak esan nahi duena zera da, behin boterea lorturik, ezin egon litekeela egoerarik zeinetan proletalgoa bere programa aurrera eramateko neurriak hartzeko baldintzetan aurkituko ez dena edota bere burua neurri hauek hartzera beharturik ikusiko ez duena. Bernsteinek programa sozialistak, berau ezartzerakoan, ez duela botere honen betearazpenerako oharbiderik izango pentsatzen duenean eta botere proletarioak bere jardunaren edozein momentutan porrot egingo duela uste duenean, honen guztiaren atzean beste uste bat ezkutatzen da: programa sozialista, orokorrean eta momentu oro, burutu ezina dela pentsatzea.

Eta trantsizio neurriak goiztiarregiak badira? Auzi honek gaizkiulertu katramila oso bat dakar bere atzetik eraldaketa sozialen egiazko ibilbidearen inguruan.

Estatu boterea proletalgoak, hau da, klase herrikoi zabal batek, konkistatzea ezin da artifizialki eragin, erlazio politiko-ekonomikoen heldutze maila jakin bat eskatzen du (Parisko Komuna bezalako kasuen salbuespenarekin, proletalgoa ez baitzen boterearen jabe egin beragatiko borroka kontziente baten ostean, gainerakoek bertan behera zutenean bere eskuetara erori zelako baizik). Hauxe da Estatu kolpe blanquisten –edozein momentutan, eta ondorioz, beti desordutan, ekiteko prest dagoen “gutxiengo kementsu” batek  egindako kolpeen- eta kontzientea den herri masa handi batek botere politikoa konkistatzearen arteko desberdintasuna, konkista hau gizarte burgesaren hondoraketaren haseraren emaitza bakarrik izan baitaiteke, eta horrexegatik, bere baitan darama bere aukeraren legitimazio politikoa eta ekonomikoa.

Baldintza sozialen ikuspuntutik langile klaseak botere politikoa konkistatzea “azkarregi” eman ezin badaiteke, bestalde, eragin politikoaren ikuspuntutik, hau da, boterearen kontserbazioaren ikuspegitik, konkista hori bai, “azkarregi” gertatuko da ezinbestean. Iraultza goiztiarrak, Bernsteini loa kentzen dionak, Damoklesen ezpata bailitzan mehatxatzen gaitu, eta bere aurrean ez dute balio ez erreguek ez otoitzek, ez beldurrek ez ezinegonek. Hau bi arrazoirengatik:

Lehenik, ordena kapitalistatik sozialistarako gizartearen trantsizioa bezalako eraldaketa hain garrantzitsu bat ezin liteke bat-batean eman, proletalgoaren kolpe arrakastatsu batekin. Hau posible dela pentsatzeak ikuspegi blanquista argi bat islatzen du. Eraldaketa sozialistak borroka luze eta gogor bat suposatzen du, proletalgoak behin baino gehiagotan atzera egin beharko du ziurrenik, eta era honetan, borrokaren azken emaitzaren ikuspuntutik, boterea hartu zen lehen aldia ezinbestean “azkarregi” egina irudituko da.

Bigarrenik, proletalgoak estatu boterea “goizegi” konkistatzea ezinbestekoa da, oldarketa “goiztiar” horiek erabateko garaipenerako baldintza politikoak sortzeko faktore bat baitira, eta garrantzitsuenetakoak gainera. Boterearen konkistak berarekin ekarriko duen krisi politikoan zehar, borroka luze eta bortitzen testuinguruan, proletalgoak iraultzaren erabateko garaipenerako beharrezkoa izango duen heldutasun politiko maila eskuratuko du. Beraz, proletalgoak Estatuaren botere politikoari egiten dizkion oldarketa “goiztiar” hauek faktore historiko benetan garrantzitsuak dira, erabateko garaipenaren momentua baldintzatuko dutenak. Ikuspuntu honetatik, botere politikoaren konkista “goiztiar” baten ideia, garapen sozialaren ikuspegi mekanizista baten emaitza den zentzugabekeria bat da, eta klase borrokaren garaipenari data bat ezartzearen ondorio ere bai, baina beti ere borroka horretatik alde batera eta independenteki.

Ondorioz, proletalgoa Estatuaren boterea “azkarregi” konkistatzera beharturik dagoenez, hau da, proletalgoak Estatuaren boterea behin betiko konskitatu baino lehen, behin edota askotan, baina beti ere “azkarregi”, konkistatu behar duenez, boterearen konkista “goiztiarraren” aurka egotea,  proletalgoak estatu boterea konkistatzearen xedearen aurka egotea da.

            Horrenbestez, bide guztiek Erromara eramaten duten bezala, ikuspuntu honetatik ondorio honetara iristen gara: azken helburu sozialista albo batera uzteko proposamen errebisionistak, errealitatean, mugimendu sozialista albo batera uztera eramaten gaituela. [Ondorio honetara iristen gara: sozialdemokraziak, botere politikoa konkistatzearen kasuan, “lo egitera joateko” aholkatzen digunez, bada konkistaren ostean edota oraintxe bertan lotara joatea gauza berdina dela, hau da, klase borrokari uko egitea.][52]

 

4. HONDORAKETA

 

            Bernsteinek, kapitalismoaren hondoraketaren teoria ukatuz ekin zion programa sozialdemokrataren errebisioari. Baina, teoria hau sozialismo zientifikoaren harri angular bat denez, teoria honi uko egin zionean doktrina sozialistari ere uko egin zion, eta bere haserako posizio honi eusteko, polemikaren ibilbide osoan, sozialismoaren posizio guztiak albo batera utzi behar izan zituen bata bestearen atzetik.

            Kapitalismoaren hondoraketarik gabe, klase kapitalistaren desjabetzea ezinezkoa da. Beraz, Bernsteinek desjabetzeari uko egiten dio eta printzipio kooperatibista baten ezarpen geldoa proposatzen du langile mugimenduaren helmuga gisa.

            Baina kooperatibismoak ezin du aurrera egin ekoizpen kapitalistaren baitan. Ondorioz, Bernsteinek ekoizpenaren sozializazioari uko egiten dio, eta merkataritzaren erreforma eta kontsumo kooperatiben garapena proposatzen ditu.

            Baina gizartea kontsumo kooperatiben bidez eraldatzea, sindikatuekin bada ere, ez da bateragarria gizarte kapitalistaren garapen material errealarekin. Ondorioz, Bernsteinek historiaren ikuspegi materialistari uko egiten dio.

            Baina garapen ekonomikoaren inguruan Bernsteinek duen ikuspegia ez dator bat gainbalioaren lege marxistarekin. Ondorioz, Bernsteinek uko egiten dio gainbalioaren legeari eta balioaren legeari, eta honekin guztiarekin Karl Marxen teoria ekonomiko guztiari.

            Baina proletalgoaren borroka ezin daiteke garatu azken helburu argirik gabe eta egungo gizartean oinarri ekonomikorik izan gabe. Ondorioz, Bernsteinek uko egiten dio klase borrokari eta liberalismo burgesarekin adiskidetzeko predikua egiten du.

            Baina gizarte klasista batean klase borroka fenomeno natural eta ezinbestekoa denez, Bernsteinek, kontsekuenteki, gure gizartean klaseak existitzea ere ukatu egiten du. Bere ustez, langile klasea politikoki, intelektualki eta ekonomikoki ere isolaturik dauden indibiduoen multzo bat besterik ez da. Eta burgesia ere, Bernsteinen ustez, ez da barne interes ekonomiko batzuengatik biltzen politikoki, goiko eta beheko kanpo presioen ondorioz baizik.

            Baina klase borrokarako oinarri ekonomikorik ez badago, eta ondorioz, klase sozialik ere ez badago, burgesiaren aurkako proletalgoaren egungo eta etorkizuneko borroka ezinezko bilakatzen da, eta sozialdemokrazia eta bere arrakastak ulertezin. Edo bestela gobernuaren presio politikoaren ondorio bezala bakarrik uler daitezke, ez garapen historikoaren ondorio natural gisa, Hohenzollerntarren[53] politikaren ezusteko ondorio bezala baizik; ez gizarte kapitalistaren legezko seme bezala, erreakzioaren sasiko ume bezala baizik. Era honetan, logika boteretsu batek bultzaturik, Bernstein, historiaren ikuspegi materialista batetatik Frankfurter Zeitungen[54] eta Vossischer Zeitungen ikuspuntura pasatzen da.

            Behin gizarte burgesari kritika sozialista bat egitea alde batera utzi delarik, pentsa daitekeen gauza bakarra, lerro orokorretan, zera da, existitzen dena asebetegarria dela. Honek ez du Bernsteinengan duda-mudarik eragiten; Alemaniako erreakzioa ez du hain indartsu ikusten eta bere ustez mendebaldeko herrialde europarretan “erreakzio politikoa ez da hain agerikoa”, ia gehienetan “mugimendu sozialistarekiko klase burgesek duten jarrera erabat defentsiboa da, eta ez zapalkuntzazkoa ” (Vorwärts, 1899-3-26). Langile klasearen egoerak, okerrera beharrean, hobera egiten du geroz eta gehiago, burgesia moralki aurrerakoia da eta baita moralki osasuntsua ere, ez da ez erreakziorik ez zapalkuntzarik ikusten... dena hobera doa egon litekeen mundurik hoberenean.

            Eta honela, sekuentzia logiko bat jarraituz, Bernsteinek Atik Zra dagoen ibilbide osoa egiten du. Azken helburuari uko eginez eman zion hasera, mugimenduaren mesedetan. Baina azken helburu sozialistarik gabe mugimendu sozialdemokratarik ere egon ezin daitekeenez, Bernsteinek mugimenduari berari uko eginez amaitu du.

            Modu honetan, sozialismoaren ikuskera bernsteinianoa amildu egiten da. Pentsamendu marxistaren eraikin tinko, simetriko eta zoragarria hondakin multzo izugarri bilakatzen du Bernsteinek, bertan, sistema mota guztien hondakin-puskak eta jakintzaren pentsalari handien zein txikien piezek hilobi amankomun bat topatuz. Marxek eta Proudhonek, Leo von Buchek eta Franz Oppenheimerrek, Friedrich Albert Langek eta Kantek, Prokopovitch jaunak eta Ritter von Neupaper doktoreak, Herknerrek eta Schulze-Gavernitzek, Lassallek eta Julius Wolf irakasleak[55], denek, egin diote ekarpenen bat euren apurtxoarekin Bernsteinen sistemari eta denetatik hartu du zerbait azken honek. Ez da harritzekoa! Klase ikuspuntua alde batera uztean, brujula politikoa galdu du; sozialismo zientifikoa alboratzean, gertakari isolatuak munduaren ikuspegi koherente baten osotasun organikoan antolatzeko balioko liokeen kristalizazio intelektualerako ardatza galdu du.

            Lehen ikusian, bere doktrinak, sistema posible guztien ogi apurrez osaturik dagoenak, badirudi ez duela inongo aurreiritzirik. Bernsteinek ez du ezer jakin nahi “alderdiaren zientzia” bati buruz edota, hobeto esanda, klasearen zientzia bati buruz, baina ezta liberalismoaz edota klaseko moral batetaz ere. Giza zientzia orokor bat, abstraktua, defendatzen duela uste du, liberalismo abstraktu bat, moral abstraktu bat. Baina gizarte erreala interes, helburu eta ikuspegi erabat aurkakoak dituzten klaseez osatzen denez, oraingoz behintzat, fantasia hutsa da, bere burua engainatzea, auzi sozialen inguruko giza zientzia orokor bati buruz, edota liberalismo abstraktuari edota moral abstraktuari buruz hitz egitea. Bernsteinek gizatiartzat eta unibertsaltzat dituen zientzia, demokrazia eta morala, zientzia, demokrazia eta moral agintariak besterik ez dira, hau da, burgesiaren zientzia, demokrazia eta morala dira.

            Hain zuzen ere. Sistema ekonomiko marxistari uko egiten dionean eta Brentanoren, Böhm-Bawerken, Jevonsen, Sayen[56], Julius Wolfen, irakaspenei leialtasuna zinpetzen dienean, Bernsteinek ez al du bada langile klasearen askapenaren oinarri zientifikoa burgesiaren apologiagatik aldatzen? Eta liberalismoaren izaera gizatiar unibertsalaz hitz egiten duenean, ez al dio bada sozialismoari bere klaseko izaera, bere eduki historikoa, hau da, bere eduki osoa kentzen, burgesia, historikoki liberalismoak ordezkatu zuen klasea, gizateriaren interes orokorren defendatzaile bilakatuz?

            Eta Bernsteinek “faktore materialak garapenaren indar ahalguztidunak izatearen kondiziora igotzearen” aurka hitz egiten duenean, edota sozialdemokraziak “idealak mespretxatu izanaren” aurka gaizki esaka aritzen denean, edota idealismoa eta morala goraipatzen dituenean, aldi berean, proletalgoaren berpizkunde moralaren iturri bakarraren aurka agertuz, klaseen borroka iraultzailearen aurka, alegia; hau dena egiterako orduan, ez al du bada Bernsteinek, langile klasearearen aurrean, moral burgesaren kintaesentzia predikatzen? Hau da, ezarritako ordenarekin adiskidetzea eta itxaropen guztiak beste bizitza batean ipintzea?

            Azkenik, bere eztenik zorrotzenak dialektikaren aurka zuzentzean, ez al du bada bere askapenaren aldeko borrokan den proletalgo kontzientearen pentsamendu espezifikoa erasotzen? Proletalgoari bere etorkizun historikoaren ilunbeak urratzen lagundu dion ezpata hausten saiatzen da, burgesiaren uztarripean egonik ere proletalgoa, egungo ordena sozialaren izaera trantsitorioaz eta bere garaipenaren ezinbestekotasunaz kontziente eginez, burgesia garaitzeko gaitzen duen arma intelektuala hondatu nahi du, jada pentsamenduaren munduan iraultza egiten ari den arma intelektuala. Dialektika agurtuz eta “alde batetik...eta bestetik”-aren, “bai edo ez”-aren, “nahiz eta... hala ere”-aren, “gutxi gora behera”-ren zabuaren gainean eserita, Bernstein gainbeheran den burgesiaren pentsamentu historiko mugatuaren eskeman erortzen da, bere existentzia sozialaren eta jokabide politikoaren (Caprivi-Hohenlohe, Berlepsch-Posadowsky, otsaileko dekretuak-proiektu penitentziarioak)[57] islada zehatza den eskema batean. Egungo burgesiaren “alde batetik... eta bestetik”-ek, “bai, baina ez”-ek, zalantzek eta dudek, Bernsteinen pentsatzeko moduaren izaera berbera dute, eta bere pentsatzeko modua bere mundu ikuspegiaren izaera burgesaren frogarik hoberena da.

            Baina, Bernsteinen ustez, “burges” adiera jada ez da klase izaerako adiera bat, izaera orokorreko kontzeptu sozial bat baizik. Honek esan nahi duena zera da, amaieraraino kontsekuentea izanez, zientziarekin, moralarekin eta pentsatzeko moduarekin batera, Bernsteinek, proletalgoaren lengoaia historikoa ere aldatu duela, burgesiarenarengatik. Burgesa eta proletarioa, bereizketarik egin gabe, “hiritar” izendatzen dituenean, hitzezko antagonismoekin amaitu nahian, Bernsteinek, gizakia, orokorrean, burgesarekin identifikatzen du eta gizakien gizartea gizarte burgesarekin.

            [Eztabaidaren haseran norbaitek Bernstein, oraindik ere, sozialdemokraziaren armategi zientifikotik hartutako argudioak erabilita, mugimendurako errekupera zitekeela uste bazuen, albo batera utzi behar da itxaropen hori. Izan ere jada hitz berdinek ere esanahi berdina izateari utzi baitiote, kontzeptu berberek, dirudienez, ez dute balio errealitate sozial berberak adierazteko. Bernsteinekin izandako polemika hau bi mundu ikuspegiren arteko gatazka bat bilakatu da, bi klaseren arteko borroka bat, bi gizarte motaren arteko borroka bat. Bernstein eta sozialdemokrazia, egun, bi eremu erabat desberdinetan aurkitzen dira.][58]

 

5. OPORTUNISMOA TEORIAN eta PRAKTIKAN

 

            Bernsteinen liburua garrantzia historiko handikoa da langile mugimendu alemaniarrarentzat eta internazionalarentzat, sozialdemokraziako korronte oportunistei oinarri teoriko bat emateko lehen saiakera baita.

            Bere noizbehinkako adierazpenak kontuan hartuz gero, merkatal itsas-ontzien diru laguntzaren auzi famatuaren kasuak bezalakoak[59], esan liteke oportunismoa duela denbora dexente sortutakoa dela. Baina izaera erabat definituriko joera bezala ez da 1890eko hamarkadaren lehen urteetararte agertzen, lege antisozialisten abolizioaren eta ekintza legalerako aukeren errekuperazioaren osteko garairarte. Vollmarren Estatu-sozialismoa[60], Bavariako aurrekontuen bozketa[61], Alemania hegoaldeko nekazal-sozialismoa[62], Heineren konpentsazio proposamenak[63] eta aduana-politikaren eta militarismoaren inguruko Schippelen iritziak[64], gure praktika oportunistaren garapena markatzen duten mugarriak dira.

            Zein da, lehen begiratuan, korronte hauen guztien ezaugarri bereizgarriena? Teoriaren aurkako jarrera. Hau erabat arrunta da, gure teoriak, hau da, sozialismo zientifikoaren oinarriek, muga oso definituak ipintzen baititu ekintza praktikoarentzat, bai helburuei bai erabili beharreko borroka baliabideei eta baita borrokatzeko moduari ere dagokionean. Horrexegatik, arrunta da arrakasta pragmatikoak bakarrik nahi dituzten haiek eskuak aske edukitzeko nahia izatea, hau da, praktika teoriatik independente bilakatzea.

            Baina ikusmolde hau eraginkorra ez dela agerian geratu da: Estatu-sozialismoa, nekazal-sozialismoa, konpentsazio politikak edota auzi militarra porrot bilakatu dira oportunismoarentzat. Begibistakoa da korronte honek bere burua finkatu nahi bazuen ezin zuela gure teoriaren oinarriei ezikusia egitera mugatu, baizik eta hauek suntsitzen saiatu behar zuela, bere teoria ezarri asmoz. Bernsteinena zentzu honetan eginiko saiakera bat izan zen, eta horregatik bildu ziren bere banderarenpean elementu oportunista guztiak Stuttgartko kongresuan. Alde batetik, alor praktikoan, gure borrokak dituen baldintzengatik eta garapenagatik korronte oportunistak sortu izana fenomeno erabat natural eta ulergarria den bezala, bestetik, Bernsteinen teoria ere korronte hauek guztiak adierazpen teoriko orokorrago batean biltzeko saiakera ulergarria da, euren oinarri teorikoak finkatzeko saio bat, eta sozialismo zientifikoa deuseztekoa.

            Zein emaitza eman du saiakera honek? Ikusi dugun bezala, oportunismoa ez da gai kritika bat erdipurdika ere jasan dezakeen teoria positibo bat lantzeko. Egin dezakeen gauza bakarra doktrina marxistaren tesi batzuk modu isolatuan erasotzea da, ondoren, doktrina honek barne lotura sendoak dituen osotasun bat osatzen duenez, eraikin oso hau eraisten saiatzen delarik, ganbaratik hasita zimenduetaraino. Honekin argi geratzen da praktika oportunista, bere esentziagatik eta bere oinarriengatik, bateraezina dela sistema marxistarekin.

            Baina honekin, aldi berean, oportunismoa sozialismoarekin bateraezina dela ere frogatzen da, langile mugimendua bide burgesetara desbideratzeko joera bereiztezina baitu, klase borroka proletarioa erabat paralizatzera jotzen baitu. Egia da, ikuspuntu historiko batetik, klase borroka proletarioa eta doktrina marxista ez direla gauza berbera. Marxen aurretik, eta beragandik independente, bazen langile mugimendua eta baita hainbat sistema sozialista ere, bakoitza, bere erara, langile klasearen askapen nahien momentuko adierazpen teorikoa zelarik. Sozialismoa justiziaren kontzeptu moralekin justifikatzea, banaketa moduaren aurka borrokatzea ekoizpen moduaren aurka beharrean, klaseen arteko antagonismoak aberatsen eta txiroen arteko antagonismo bezala ikustea, ekonomia kapitalistan “printzipio kooperatibista” txertatzeko nahia, Bernsteinen sisteman aurkitzen den guztia jada bazen garai hartan. Eta teoria haiek, zituzten gabeziak izanda ere, bere garaian klase borroka proletarioaren benetazko teoriak izan ziren, proletalgoak historiaren eskenatokian oinez ibiltzen ikasteko erabilitako zazpi legoatako oinetakoak ziren.

            Baina behin klase borrokaren garapenak eta honek baldintza sozialetan izan zuen isladak teoria hauek albo batera uztea ekarri zuenean eta sozialismo zientifikoaren printzipioak landu zirelarik, jada ezin daiteke marxista ez den sozialismorik egon, ez Alemanian behintzat, eta ezin egon daiteke sozialdemokrata ez den klase borrokarik. Hemendik aurrera, sozialismoa eta marxismoa –askapen borroka proletarioa eta sozialdemokrazia- gauza berbera dira. Teoria sozialista aurremarxistetara itzultzeak ez du proletalgoaren haurtzaroko zazpi legoatako oinetakoetara bueltatzen garenik esan nahi orain ordea, burgesiaren etxeko-oinetako zaharkitu eta higatuetara itzultzen garela baizik.

            Bernsteinen teoria, oportunismoari oinarri teoriko bat emateko lehen eta azken saiakera izan da aldi berean. Eta azkena diogu, izan ere, Bernsteinen sistemarekin oportunismoa, bai bere alde negatiboan (sozialismo zientifikoari uko egitean) eta bai positiboan (zegoen nahasmendu teoriko guztia bakar batean biltzean), irits daitekeen urrutien iritsi baita, jada ez zaio ezer egiteke geratzen. Bernsteinen liburuarekin, oportunismoak bere garapen osoa bete du, teoriaren arloan azken ondorioetaraino iritsiz [praktikaren arloan, Schippelek militarismoarekiko izan zuen jarrerarekin gertatu zen bezala.][65]

            Doktrina marxista, teorikoki oportunismoa ihardesteko gai izateaz gain, berau alderdiaren eraiketa prozesuko adierazpen historiko gisa azaltzeko gai den bakarra ere bada. Proletalgoak, mundu mailan, bere garaipenerarte duen bide historikoa ez da “afera erraza”, inondik ere. Mugimendu honen berezitasuna honetan datza: historian lehen aldiz, masa herrikoiek euren borondatea inposatzen dute klase agintarien aurka, nahiz eta egia den borondate hori gizarte honetatik haratago gauzatu behar dutela. Baina masek, borondate hori, ezarritako ordenaren aurkako borroka etengabearen bitartez soilik eraiki dezakete, ezarritako ordenaren testuinguruan beraz. Mugimendu sozialdemokrataren eginkizun garrantzitsuena masa herrikoi zabalak egungo ordena soziala gainditzen duen helmuga batekin batzea da, eguneroko borroka mundu mailako eraldaketa handiarekin lotzea, baina horretarako bi arrisku gainditu behar ditu bidean aurrera egiteko: alderdiaren masa izaerari uko egitearen arriskua edota azken helburua albo batera uztearen arriskua, sekta bilakatzearen atzerakadaren arriskua edota mugimendu burges erreformista batean degeneratzeko arriskua, anarkismoaren arriskua edota oportunismoaren arriskua.

            Duela mende erdi baino gehiagotik, armategi teoriko marxistak bi mutur hauen aurkako arma suntsitzaileak eman ditu. Baina, gure mugimendua masa mugimendu bat denez eta beraren gainean dauden arriskuak giza garunetatik etortzen ez direnez, baldintza sozialietatik baizik, teoria marxistak ezin gaitu behin eta betirako desbideraketa anarkistetatik eta oportunistetatik babestu. Hauek, behin teoriaren eremuetatik praktikaren eremuetara igarotzen direnean, mugimenduaren beraren eta marxismoak baimentzen dizkigun armen bitartez soilik garaitu daitezke. Sozialdemokraziak arrisku txikiena, elgorri anarkista, gainditu zuen jada, “independenteen mugimenduarekin”[66]; arrisku larriena, hidropesia oportunista, da orain gainditzen ari dena.

            Mugimenduaren azken urteetako hedapen zabala ondorioz, eta borroka aurrera eramaten den testuinguruaren baldintzek konplexutasun handiagoa hartu dutenez, azken helburu handietara iristeko posibilitatearen inguruko eszeptizismoak eta zalantza ideologikoek iritsi behar zuten momenturen batean mugimenduaren barnera. Honela, eta ez beste inola, ibili beharra du mugimendu proletarioak, eta izatez, hala ibiltzen da. Neke eta beldur uneak ez dira ezusteko bat doktrina marxistarentzat, Marxek duela denbora asko aurrikusiak izan ziren, duela mende erdi bat baino gehiago Luis Bonaparteren Brumarioaren 18a idatzi zuenean: “Iraultza burgesek, XVIII. mendekoak bezala, arrakastaz arrakasta egiten dute aurrera modu izugarrian, euren efektu dramatikoak pilatu egiten dira elkar kolpatuz, gizakiek eta gauzek artifiziozko suek argiztatuak dirudite, estasia eguneroko espiritua da; baina iraultza hauek bizitza laburra dute, segituan iristen dira euren gorenera eta depresio luze bat gizartearen jabe egiten da, iraultzaren aldi suhartsuaren eta bortitzaren emaitzak baretasunez barneratu ahal izateko denborarik gabe. Bestalde, iraultza proletarioek, XIX. mendekoak bezala, euren burua etengabe kritikatzen dute, aldi oro gelditzen dira euren joanean, jada amaituta zegoela zirudienarengana itzultzen dira, hau berriro ere hasteko, modu arduratsuan eta krudelki egiten diete iseka zalantza egoerei, alde ahulei eta lehen saiakeretako kaskarkeriei, badirudi etsaia honek berriro ere lurretik indarrak jasotzeko eta beraien aurrean lehen baino erraldoiagoa dela altxatzeko eraisten dutela, atzera egiten dute etengabe euren helburuen neurrigabetasun adierazgaitzak izututa, atzera egitea baimentzen ez dien egoera bat sortzen den arte eta zirkunstantziek honako hau oihukatzen duten arte: Hic Rodhus, hic salta”.[67]

            Honek egia izaten jarraitzen du, sozialismo zientifikoaren doktrina landua izan ostean ere. Mugimendu proletarioa ez da erabat sozialdemokrata, ezta Alemanian ere. Baina izaten ari da egunetik egunera, anarkismoaren eta oportunismoaren muturreko desbideraketak gainditzen dituen heinean, hauek ez baitira sozialdemokraziaren garapenaren faseak baino, berau prozesu bat bezala ulertuta.

            Hau dena ikusita, harritzekoa ez da korronte oportunista baten agerpena, bere ahulezia baizik. Alderdiaren praktikan, kasu isolatuetan bakarrik adierazten zen bitartean, atzean oinarri teoriko serio bat izan zezakeela pentsa zitekeen. Baina orain, Bernsteinen liburuan biluzturik agertu eta gero, denek galdetuko dute, harriturik: Nola, hori zen esan behar zenuten guztia? Ez dago ideia berri bakar bat ere! Ez marxismoak duela hamarkada batzuk lehenago errefusatu, zanpatu, irrigarri utzi edota ezerezera murriztu ez duen ideiarik behintzat!

            Nahikoa izan da oportunismoak berak hitz egitea, esateko ezer ez zuela argi geratzeko. Hauxe da hain zuzen gure alderdiaren historiarentzat Bernsteinen liburuak duen garrantzia.

            Eta honela, proletalgo iraultzailearen pentsatzeko moduaz, dialektikaz eta historiaren ikuspegi materialistaz agurtzen denean, Bernsteinek, hauei, bere konbertsiorako eskeini dizkioten baldintza aringarriak eskertu behar dizkie. Euren ohiko eskuzabaltasunarekin, dialektikak eta historiaren ikuspegi materialistak Bernsteini gorakadan zetorren proletalgoarengan une bateko nahasmendu bat eragiteko instrumentu inkontziente bat bezala agertzea baimendu zioten, hausnarketa sosegatu baten ostean, proletalgo honek bere albotik urrutira jaurtiki zuelarik mespretxuzko irribarre batekin.

            [Mugimendua bere hazkundetik sortzen diren desbideraketa anarkistak eta oportunistak gainditzen dituen bitartean eta heinean egiten dela sozialdemokrata esan dugu. Baina gainditzeak ez du dena Jainkoaren eskuetan lasaitasun osoz utzi behar dugunik esan nahi. Egungo korronte oportunista gainditzeak bere aurrean neurriak hartzea esan nahi du. Bernsteinek bere liburuari aholku batekin ematen dio errematea, alderdiari bere burua errealitatean den bezala erakustera ausartzeko esanez: alderdi erreformista demokrata-sozialista baten gisan. Gure iritzirako, alderdiak, hau da, bere organu gorenak, kongresuak, aholku hau txanpon berarekin ordaindu beharko luke, eta Bernsteini formalki bere burua errealitatean den bezala erakusteko eskatu: demokrata burges-txiki aurrerakoi bat bezala.][68]

 

 



[1]     Lan honen bi edizio ezberdin daude, biak egileak prestatutakoak. Lehenengoa 1900ekoa da eta bigarrena 1908koa. Bigarren edizioan egileak esperientzia praktiko berrietatik ondorioztatutako aldaketak sartu zituen, esaterako krisi ekonomikoari dagokionean, eta erreformisten kanporaketa eskatzen edo honi erreferentzia egiten zitzaion pasarteak kendu zituen. Bigarren edizoa argitara eman zenean, Bernsteinen inguruko eztabaida hasi zelarik jada hamar urte pasa zirela eta oportunistak alderdiaren posturik garrantzitsuenetan aurkitzen ziren testuinguru batean, hauek kanporatzeko eskaerak ez zuen zentzurik. Testu hau lehen edizioarena da. Rosa Luxemburgok bigarren edizioan kendu zituen pasarteak kortxete artean aurkitzen dira eta gehitu zirenak oin-ohar gisa.

      Lanaren lehen atalean Eduard Bernsteinek Sozialismoaren arazoak izenpean Neue Zeuiten argitara eman zituen artikuluei egiten zaie erreferentzia, Zurichen 1897 eta 1898 bitartean argitaratuak.

      Bigarren atalak Bernsteinen Sozialismoaren premisak eta sozialdemokraziaren eginkizunak lanari egiten dio erreferentzia.

[2]     “Sozialdemokrazia” adieraren esangura aldatuz joan da Historian zehar. Rosak lan hau idatzi zuenean oraindik ere bere esangura iraultzailea mantentzen zuen, lan honen irakurketatik ondoriozta daitekeen bezala. Bigarren Internazionalaren gainbeheraren testuingurutik aurrera sozialdemokrazia kontzeptua erreformistei loturik agertuko da batez ere.

[3]     Paul Frolich, Rosa Luxemburgo, bizitza eta lanak

[4]     Ferdinan Lassalle (1825-64). Abokatua eta politikari alemaniarra, Karl Marxen laguna eta etorkizunean sozialdemokrazia alemaniarrarengan eragin handia izango zuen sozialismo burges txiki baten defendatzailea. 1863an Alemaniako Langileen Elkarte Orokorra sortu zuen, Gothako Kongresuan (1875) Alderdi Sozialdemokratarekin elkartu zena. Jarrera oportunista bat mantendu zuen auzi teorikoekiko eta oinarrizko politikekiko.

[5]     Kortxete arteko parrafoak kendu egin ziren bigarren ediziotik.

[6]     Wilhelm IIaren erregealdian Wilhelm I.arekin hasitako erreforma sozialaren politikak jasan zuen porrotari eta etenari egiten zaio erreferentzia.

[7]     Inperio alemaniarraren barnean aurkitzen zen estatu bakoitzak bere konstituzioa zuen. Sozialdemokraziaren aurkako legea abolitu ostean, eta lortzen ari zen hedapena zela eta, Saxoniak bere konstituzioan aldaketak egin zituen hauteskunde-sistema zentsitario bat ezartzeko, boto eskubidea izateko aberastasun kantitate jakin bat izan behar zelarik.

[8]     Neue Zeit, 1897-98, 18. alea, 555.orr. (Egilearen Oharra)

[9]     Neue Zeit, 1897-98, 18. alea, 554.orr. (Egilearen Oharra)

[10]    Kapitala laneko III. liburukiko 5. ataleko 27. kapituluko azken esaldiari egiten zaio erreferentzia, Marxek Isaac Pereire (1806-80) bankari frantziarrak, Saint-Simon sozialista utopikoaren jarraitzaileak, “profeta eta lotsagabe baten izaera atsegina” zuela esan zuenekoari.

[11]    Bigarren edizioan, egileak ondorengo parrafo hau gehitu zuen: “Kapitalaren hirugarren liburuko oin-ohar batean, Engelsek honako hau idatzi zuen 1894an: `Honako hau idatzi zenetik (1865) konpetentzia modu esanguratsuan intentsifikatu da mundu merkatuan, herrialde zibilizatu guztietako industriaren garapenari esker, bereziki Amerikan eta Alemanian. Ekoizpen indar modernoek, euren hedapen azkar eta erraldoiagatik, egunetik egunera merkantzien elkartruke kapitalistaren legeak gainditzen dituztela geroz eta argiago dago kapitalisten kontzientzietan. Hau bi sintomek frogatzen dute. Batetik, berriki orokortu den seta protekzionistak, iraganeko arantzel protekzionistetatik produktu esportagarriak babesten dituelako desberdintzen denak. Bestetik, ekoizpen esparru handietan fabrikatzaileen kartelak sortzeak, ekoizpena erregulatzeko asmoz, eta honekin, baita salneurriak eta irabaziak ere. Begibistakoa da esperimentu hauek klima ekonomiko mesedegarri baterako soilik balio dutela; lehenengo ekaitzak kareletik botatzen ditu, produkzioak erregulaziorik behar badu klase kapitalista ez dela hori praktikan jartzera deiturikoa erakutsiz. Gainera, kartel hauen misio bakarra handiek txikiagoak lehen baino azkartasun handiagoz irenstea ahalbidetzea da”

[12]    Parrafo arteko testuaren ordez, bigarren edizioak honako hau dakar: “Erantzunak galderari orpoz orpo jarraitu zion. Bernsteinek, 1898an, krisien teoria marxista alde batera utzi bezain laster, 1900an krisi orokor gogor batek egin zuen eztanda, eta zazpi urte beranduago, 1907an, Estatu Batuetan sortutako krisi berri batek mundu merkatuan eragin zuen. Gertakari eztabaidaezin hauek kapitalismoaren “egokitzapenaren” teoria suntsitu zuten. Aldi berean zera ikusi ahal izan zen, krisien teoria marxista alde batera utzi zutenek , bere bi “epe” bete ez zituelako, teoriaren nukleoa bere formaren azaleko txikikeria ez-funtsezko batekin nahasten zutela, hamar urteko zikloekin. Industria kapitalista modernoaren zikloa hamar urteko aldi bat bezala formulatzea, hala ere, Marxek eta Engelsek 1860 eta 1870 bitarteko gertakariei begira eginiko egiaztapen huts bat izan zen, ez zen inongo lege naturalen gainean sostengatzen, baldintza historiko konkretu batzuen emaitza izan zen, kapitalismo gaztearen ekintza esparruaren hedapen etengabearekin erlazionatua”.

[13]    15.000 milioi dolar.

[14]    Batasun alemaniarra baimendu zuten bi garaipen belikori egiten zaio erreferentzia, Austriaren aurkako gerra austro-prusiarrari (1866) eta Frantziaren aurkako gerra franko-prusiarrari (1870-71), azken honek Napoleon IIIaren gainbehera eta Bigarren Inperio Alemaniarraren aldarrikapena ekarri zuelarik, Bismarck kantziler karguan zuena.

[15]    Kortxete arteko parrafoen ordez, bigarren edizioak honako hau dio: “Krisi hauek 10 edota 5 urtez behin gerta daitezke, edota txandaka, 20 edota 8 urtez behin. Bernsteinen teoriaren askieztasuna modu argienean erakusten duen gertakaria, azken krisiak (1907-08) “egokitzapen baliabide” kapitalista famatuak (kreditua, albisteen transmisio zerbitzua, trustak) garatuen dauden herrialdeak bereziki kolpatu izana da”.

[16]    K. Marx, Kapitala, hirugarren liburua. (Egilearen oharra)

[17]    Bigarren edizioan ez da zati hau agertzen.

[18]    Konrad Schmidt (1863-1932). Ekonomilari alemaniarra, haseran “Gazteen” taldearen ingurukoa (ikus 66. oharra) baina gerora erreformismora eboluzionatu zuena. Bere behaketak, 1898ko otsailaren 20an Vorwärtsen argitaratuak, Bernsteinenekin erlaziona daitezke, honek ez baitzituen lehenaren ikuspuntuak inolaz ere errefusatu.

[19]    Trade Unionsak sindikatu britainiarrak dira, XIX. mendearen haseran sortu zirenak eta 1868an Trade Unions Congressean (TUC) batu zirenak.

[20]    Webb, Langile mugimendu britainiarraren teoria eta praktika.

[21]    Webb, Ibidem.

[22]    Webb, Ibidem.

[23]    K. Marx, Kapitala, hirugarren liburua (Egilearen oharra).

[24]    Bigarren edizioan, hau dio zati honek: “Gaur egun, tarifa arantzelarioek ez dute jada industria gazteak sustatzeko balio, ekoizpenaren forma zaharkituak artifizialki kontserbatzeko baizik”.

[25]    Bigarren zatian ez da zati hau agertzen. Testuak Txinari egiten dio erreferentzia.

[26]    Charles Fourier (1772-1837). Sozialista utopiko frantziarra, gizartearen antolaketa kooperatibista bat proposatu zuena, honen zentroa falansterioak izango ziratekeelarik. Ez zen jabego pribatua abolitzearen aldekoa.

[27]    1872. urtean, Wagner, Schmoller, eta Brentano irakasleek eta beste batzuek Eisenachen kongresu bat ospatu zuten, euren helmuga langile klasearen babeserako erreforma sozialak ezartzea zela aldarrikatuz, ospakizun handien artean. Zaldun hauek, Oppenheimerrek ironiaz “sozialista katedradun” gisa izendatu zituenak, Erreforma Sozialerako Elkartea sortu zuten. Urte batzuk geroago, sozialdemokraziaren aurkako borroka sakondu zenean, Parlamentuan Lege Antisozialistaren luzapenaren alde eman zuten bozka. Bestalde, Elkartearen ekintza osoa irakasle-txostenak aurkezten diren urteroko asanblada orokorrak antolatzea da; gainera, ehun liburuki lodi argitaratu dituzte gai ekonomikoen inguruan. Irakasle hauek, tarifa arantzelarioen, militarismoaren, etab.en aldekoak direnak, ez dute ezer egin erreforma sozialaren alde. Azken aldera Elkarteak erreforma sozialen gaia alde batera utzi du eta krisiez, kartelez, etab.ez arduratzen da. (Egilearen oharra).

[28]    ¡Nota bene! Akzio txikien hedapen handian Bernsteinek aberastasun soziala jende arruntari akzioen bitartezko bedeinkapenak ematen hasi denaren froga ikusten du. Izatez, zein burges txikik, edota, zergatik ez, zein langilek ere ez lioke bada muzin egingo 20 markoko salneurri urria duen akzio bat erosteari? Tamalez, uste hau kalkulu-akats baten gainean sostengatzen da: akzioen balio nominalekin jardutean, beraien balio efektiboarekin izan beharrean, bi gauza oso ezberdin baitira. Adibide bat: meatzeen merkatuan, Randen meatze hegoafrikarren akzioak kotitzatzen dira, besteak beste. Bere balio nominala, meatze-balore gehienen antzera, libra batekoa da, hau da, 20 markokoa. Baina 1899an jada bere salneurria 43 libratakoa zen (ikus bedi martxoaren amaierako kotizazioa), hau da, 860 marko! Hau ohikoa izan ohi da. Akzio “txikiek” oso demokratikoak badirudite ere, errealitatean burgesia handiaren eskura daude soilik, ez burgesia txikiaren eta are gutxiago proletalgoaren eskura, akziodun multzo txiki batek bakarrik eros baititzake “aberastasun sozialean parte hartzeko bono horiek” euren balio nominala ordainduz. (Egilearen Oharra).

[29]    Wilhem Weitling (1808-71). Marxen garaikidea, jostuna eta komunismoaren forma utopiko-bibliko baten teorialarietako bat. Engelsen iritziz, bere irizpideek paper positibo bat jokatu zuten “proletalgo alemaniarraren lehen mugimendu teoriko independente gisa”, nahiz eta sozialismo zientifikoaren agerpenaren ostean proletalgoaren klase kontzientziaren garapena oztopatu zuten.

[30]    Louis Auguste Blanqui (1805-81) iraultzaile frantziarraren ikuspegi teorikoei egiten zaio erreferentzia. 1848ko Iraultzan parte hartu zuen eta Parisko Komunaren (1871) buruzagietako bat izan zen. Langile klasearen masak boterea hartu aurretik politikoki prestatzea ez zuen beharrezkotzat ikusten, hauek iraultzaile kementsu batzuek osaturiko gutxiengo bati jarraituko zietela uste baitzuten hauek ekintza ausart bati ekiten ziotenean.

[31]    Egileak lehen edizioan eginiko ohar hau bigarren ediziotik kendua izan zen:

      “Bernsteinek Leipziger Volkszeitungen argitaratu genituen lehen artikulu zerrendari modu zabalean erantzun zien, baina bere nahasmena agerian uzten duen modu batean. Adibidez, krisien inguruan duen eszeptizismoari buruz egiten diogun kritikari ihes egiten saiatzen da, krisien teoria marxista etorkizun ilun batera baztertu dugula gu konbentzitzen saiatuz. Hau gure hitzen interpretapen erabat askea da, guk krisien maiztasun mekanikoa, erregularra, bakarrik azaltzen baikenuen; edota zehatzago esanda, krisien hamar urteko zikloa erabat garaturiko mundu-merkatu bati zegokion eskema bat zela azaltzen genuen. Krisien teoria marxistaren edukiari dagokionean, orain arte eman diren krisi guztien mekanismoaren eta hauen barne kausa ekonomikoen azalpen zientifiko bakarra zela genion.

      “Are bitxiagoak dira gure kritikaren beste puntuei Bernsteinek ematen dizkien erantzunak. Azukre industriak erakusten duen bezala, kartelek anarkia kapitalistaren aurkako instrumentu gisa ez dutela balio azaltzen dugunean, mundu merkatuko konpetentzia handitzen dutelako, Bernsteinek hau egia dela dio, baina Ingalaterran azukre konpetentziaren sakontzeak marmeladen eta konpoten ekoizpena handitu zuela (78.orria.) Erantzun honek hizkuntzen ikasketa autodidaktarako Ollendorf metodoaren elkarrizketa-ariketen lehen zatia gogorarazten digu: “Mahuka laburra da, baina zapata estua da. Aita handia da, baina ama lotara joan da.” Antzeko koherentziarekin erantzuten du Bernsteinek, kredituak ere anarkia kapitalistaren aurkako “egokitzapen baliabide” bezala ez duela balio esaten dugunean, izatez anarkia hori handitzen baitu. Bernsteinen ustez, kredituak, bere ezaugarri suntsitzaileaz gain, ezaugarri positibo “sortzaile-errekuperatzaileak” ere baditu, bere hitzetan, Marxek ere ikusi ahal izan zituenak. Kredituaren behaketa erlatibo hau ez da berria teoria marxistan oinarrituz ekonomia kapitalistan gizartearen etorkizuneko eraldaketa sozialista baterako elementu positibo guztiak ikusten dituen edonorentzat. Baina eztabaida honakoa zen, ea kapitalismotik haratagoko kredituaren elementu positibo horiek ekonomia kapitalistaren baitan ere positiboki azaleratzen ote diren, ea kredituak anarkia kapitalista gaindi dezakeen, Bernsteinek dion bezala, edota kontraesan batean amaitzen duen eta anarkia sakontzen duen, guk frogatu dugun bezala. Kredituaren gaitasun “sortzaile-errekuperatzaileari” buruz Bernsteinek egiten duen behaketa, eztabaidaren jatorria izan zena, eztabaida gunetik “haraindi ihes teoriko bat egiteko” modua besterik ez da, ikus daitekeenaren arabera.”

[32]    Erabilgarritasun marjinalaren teoria (edota teoria marjinalista): Besteak beste William Stanley Jevons (1835-82) ekonomilari britainiarrak eta Karl Menger (1840-1921) ekonomilari austriarrak garatua. Teoria honen arabera, erabilgarritasuna, hau da, kontsumitzailearen irizpen subjetiboa, da balioaren sorburua eta honen maila finkatzen duena. Eugen von Böhm-Bawerk (1815-1914): Eskola bereko ekonomilari austriarra.

[33]    Adam Smith (1723-90) eta David Ricardo (1772-1823). Ekonomilari burges britainiar nabarmenduak. Lehena eskola klasikoa deiturikoa hasi zuena izan zen eta bigarrena, bere jarraitzaileetako bat. Jabego pribatuaren, merkatu askearen eta konpetentziaren defendatzaileak.

[34]    Egilearen behaketa.

[35]    Egilearen behaketa.

[36]      Beatrice Potter-Webb (1858-1943). Sindikatu-mugimendu britainiarraren historialaria. Bere senarra Sidney James Webb (1859-1947) zen.

[37]    “Langileen lantegi kooperatiboek lehen haustura suposatzen dute iraganeko forma baten testuinguruan, baina, halabeharrez, euren egiazko antolaketan, ezarrita dagoen sistemaren akats guztiak erakusten dituzte alde guztietatik”. Marx, Kapitala, hirugarren liburua. (Egilearen oharra).

[38]    Franz Oppenheimer (1864-1943). Ekonomilari eta sozialista liberala. Txirotasuna lurzoruaren jabegoaren monopolioaren erruz zegoela defendatzen zuen.

[39]    Karl Johann Rodbertus (1805-75). Ekonomilari eta politikari alemaniarra, nolabaiteko Estatu-sozialismo baten jarraitzailea. Bere ustez krisiak soldatak gizartearen gainerako sarrerekiko proportzioan etengabe murriztuz zihoaztelako gertatzen ziren eta errentak zergen bidez birbanatzea proposatu zuen. Aipaturiko liburua 1898koa da.

[40]    Mitologia greziarreko pertsonaia. Zeusek harkaitz bat mendi baten gailurrera igotzera kondenatu zuen. Bertara hurbiltzen zen aldi oro, harkaitza maldan behera erortzen zen eta Sisifok eginkizunari ekin behar zion, inoiz amaituko etzen zigor bilakatuz.

[41]    Vorwärts (Aurrera): Sozialdemokrazia alemaniarraren adierazpen organua.

[42]    Bigarren edizioan ez da zati hau agertzen.

[43]    Bigarren edizioan ez da zati hau agertzen. Habsburgotarren monarkiaren 14. artikuluak indarrean zeuden berme konstituzionalak baliogabetzea baimentzen zuen, baita Parlamentua ere. Maiz aplikatu zen.

[44]    Bigarren edizioan ez da zati hau agertzen.

[45]    1848ko iraultza alemaniarra, erakunde feudalei kolpe gogorra eman ziena.

[46]    Potentzia europarrak Txinan sartzen ari zirela, Alemaniak 1897an laurogeita hemeretzi urtetarako Kiao-chou izeneko eskualdearen errentamendua lortu zuen. Japoniak 1914an konkistatu ostean, betirako galdu zuen Lehen Mundu Gerraren ondoren.

[47]    Zentruko Alderdiari egiten dio erreferentzia, 1870an sortu zena katoliko alemaniarren ordezkaritza politiko gisa. Liberalen antagonistarik esanguratsuenetakoa izatera iritsi zen. Interkonfesionala izan nahi bazuen ere, bere boto emaileen gehiengoa katolikoa zen, proportzio benetan altuak lortuz (1881an bozka katolikoaren %86,3a). 1895etik 1906ra bitartean kaiserraren gobernuaren zutaberik garrantzitsuenetarikoa izan zen.

[48]    Rosa Luxemburgok Frantzian gerra bat ematekotan honek izan zitzakeen ondorioen inguruko zati hau zuzendu egin zuen. Kortxete arteko parrafo honen ordez, bigarren edizioak honela dio: “Alemanian, eskala handiko armamentismoak, 1893an hasi zenak, eta Kiao-choun ekin zitzaion mundu politikak demokrazia burgesaren bi biktima ekarri zituen: liberalismoaren dekadentzia eta zentruaren erorketa, oposizio izatetik gobernura igaro zena. 1907ko legebiltzarrerako azken hauteskundeek, politika kolonialaren zeinuarenpean ospatu zirenek, aldi berean, liberalismo alemaniarraren hileta historikoa osatzen dute”.

[49]    “Asezintasun sozialdemokrataren kondaira”, Bernsteinen ustez, “desjabetze orokor, aldi bereko eta bortitza eskatzen duten esaldiak” dira (Neue Zeit, 1898-99). (Egilearen oharra).

[50]      Bigarren edizioan ez da zati hau agertzen.

[51]    Engelsek Frantziako eta Alemaniako nekazal-arazoan aipatua.

[52]    Bigarren edizioan ez da zati hau agertzen.

[53]    Gobernari familia alemaniarra. Prusia gobernatu zuten aurrena eta Alemania ondoren, Lehen Mundu Gerrararte.

[54]    Frankfurter Zeitung. Finantzari alemaniarren egunkaria. Monopolioen organua 1856tik 1943ra bitartean. 1949tik Frankfurter Allgemeine Zeitung izenarekin ezagutzen da.

[55]    Pierre J. Proudhon (1809-65): Ideologo frantziarra, anarkismoaren sortzaileetariko bat. Jabego kapitalista handia kritikatzen zuen, ikuspuntu burges txiki batetatik. Filosofiaren miseria lanean Marxek bere tesiei aurre egin zien. Leo von Buch: Ekonomilari alemaniarra. Friedrich A. Lange (1852-85): Filosofoa, sozialismo utopikoaren tesi batzuen defendatzailea. Emmanuel Kant (1724-1804): Filosofo idealista alemaniarra. Heinrich Herkner (1863-1932): “sozialista katedradunetariko” bat (ikus. 27.oharra). H. von Schulze-Gavernitz (1824-88): Ekonomilari alemaniarra. Julius Wolf: Ekonomilari alemaniarra eta “katedradun sozialista”.

[56]      Leon Say (1826-96): Ekonomilari frantziarra, elkartruke askearen defendatzailea eta sozialismoaren etsai ankerra.

[57]      G. L. Caprivi (1831-99): Politikari alemaniarra, Bismarcken ondoren kantziler izandakoa, 1890etik aurrera, lau urte beranduago kargutik kendua izan zena. Lege antisozialistak ezereztu zituen. C. Hohenlohe (1819-1901): Capriviren ondorengo kantzilerra. H. von Berlepsch (1843-1926): Koblenzeko gobernaria 1889ko grebaren garaian, Bismarcken politikarekin ez zen ados agertu. Geroago ministro izan zen. Posadowsky Kondea (1845-1932): Barne-ministroa post-Bismarck garaian, zahartzaroaren, gaixotasunen, elbarritasunaren, etab.en inguruko lan legedia bultzatu zuen.

[58]    Bigarren edizioan ez da zati hau agertzen.

[59]    1885ean Bismarckek baporeen konpainiak, batez ere Alemania bere koloniekin lotzen zuten konpainiak, 5 milioi markorekin diruz laguntzeko eginiko proposamenari talde parlamentario sozialdemokratak eman zion babesari egiten dio erreferentzia. Justifikazioa erabat erreformista izan zen eta geroago inperialismoaren defentsarako balio izan zuen.

[60]    Georg von Vollmar (1850-1922): Haseran alderdiaren ezkerraldean aurkitzen zen, baina 1890ean lege antisozialistak legegabetu zirenean bira harrigarri bat eman zuen eskuinerantz. 1891tik 1895era bitarteko kongresuetan frakzio erreformistaren buru izan zen, Alemania hegoaldeko estatuetako (Bavaria, Württembers, Baden eta Hessen) taldeetan oinarrituz batez ere. Klaseen gainetik aurkituko zen Estatu bat defendatu zuen, kapitalaren eta lanaren arteko gatazken arbitro izango zena.

[61]    Sozialdemokrata bavariarrek euren estatuko gobernuaren aurrekontuei baiezkoa eman zieten legedia antisozialista abolitu ostean, alderdiaren ohiko politikaren aurka.

[62]    Lurraren nazionalizazioaren proposamena gaitzesten zutenei erreferentzia ironikoa. Alemania hegoaldeko industria garapen eskasa zela eta, klase borroka bertan ez zen beste leku batzuetan bezain gogorra. Estatu hauetako buruzagi sozialdemokraten oportunismoa zela eta, alderdiaren printzipioak alde batera uzten ziren horrek hauteskunde emaitzetarako balio bazuen.

[63]    Wolfang Heinek gobernuaren politika belikoari kontzesioak egiteko proposamen bat formulatu zuen, horren truke gobernuak eskubide demokratikoetan kontzesioak egiteko.

[64]    Stuttgartko Kongresuan, 1898ko urrian, Schippelek gobernuaren politika protekzionista babestea defendatu zuen, langile alemaniarrak atzerriko industriaren konpetentziatik babestuko zituela argudiatuz.

[65]    Bigarren edizioan ez da zati hau agertzen.

[66]    “Gazteen” korronteari edota mugimendu independenteari egiten dio erreferentzia, Halleko kongresuan (1890eko urrian) alderdiaren gehiengoari aurre egin ziona, alderdiaren burgestzea ematen ari zela argudiatuz. Hurrengo urtean, Erfurteko kongresuan, kanporatuak izan ziren eta euren gehiengoak erreformismora eboluzionatu zuen.

[67]    Esoporen alegia bati egiten dio erreferentzia. Handiuste bat harro agertu zen Rodasen jauzi izugarri bat egin izana aipatuz denen aurrean, eta bere solaskide eszeptikoek zera esan zioten: “Hemen dago Rodas, egin hemen jauzi”. Beste hitz batzuekin esanda, frogatu ezazu ekintzekin egiteko gai zarena.

[68]    Bigarren edizioan ez da zati hau agertzen.

 
 

Euskal Herria Sozialista aldizkaria etxean jaso nahi baduzu deitu 685 720 939 telefonora edo bidali mezu bat Esta dirección de correo electrónico está protegida contra los robots de spam, necesita tener Javascript activado para poder verla   helbidera