|
Cheren memoriak eta borroka ereduak bizirik darraite Urte asko pasa dira Ernesto Guevara de la Serna boliviar ejerzituak ankerki erahil zuenetik. Hala ere klase agintariak ez du lortu latinoamerikar iraultzaileak milaka gazte eta langilerentzat ordezkartzen duen borroka eredu eta heroismoarekin amaitzea. Langile eta gazte iraultzaileentzat Cheren irudia gogoraraztea, homenaldi justu eta beharrezkoa izateaz gain, bere ideiak ezagutu eta eztabaidatzeko aukera bat da. Iraultzaile batek egin beharko lukeen moduan ahaleginduko gara Che Guevararen izaera gizatiar eta politikoa azaltzen eta berak beti prozesu guztiak heldu nahi zituenez, inguratu zuen testuinguru politikoa eta ekonomikoa aztertuz eta ez mito erlijiosoa bailitzan hartuz, baizik eta den bezala hartuz: bere ikaspideek bizirik darraiten lider iraultzaile bat, honela bere arrakasta errepikatuz eta akatsetatik ikasiz. Che, gizona eta iraultzailea Che 1928an jaio zen Argentinako Rosario hirian. Bere aita eraikitzailea eta arkitektoa zen eta bere ama lur batzuen jabea. Ernesto gaztearen gurasoak beti arduratu ziren bere formakuntza gizatiar eta intelektualaz eta formakuntza osoa izan zezan ahalegin handia egin zuten. Gaztetatik gaitasun intelektualaz gain borrokarako espiritu nekagaitz eta gainditze sena zuela erakusten zuen, bere ingurukoek sarritan mirespenarekin azpimarratzen zutenez. Osasun ahuleko gaztea izanagatik ere (jakina da umetatik asmatikoa zela), oztopoak gainditzeko eta bizitza oso bat izateko borrokatu zuen, medikuntza ikasketekin, artearekiko interesarekin (batez ere poesia) eta kirolarekin tartekatuz. Zuen gaixotasuna izan arren, unibertsitateko errugby taldean aritu zen. Gerora ere bizitza osoan aritu zen borrokan, ez soilik bere gaixotasunaren aurka baizik eta agertu zitzaizkion oztopo guztien aurka, iraultzari bizitza osoa eskaintzeko. Che ez zen politikoki militatzen hasi beste iraultzaile asko bezain gazte. Hain zuzen ere, bere oroitzapenetan bere lagun eta familikoek diotenez, bizitasunez eta sentiberatasunez beteriko gaztea zen zeina hasierako urteetan politikaren teoria eta praktikak baino gehiago gizakiarenganako elkartasun eta anaitasun batek karakterizatzen zuen. Sentiberatasun eta gizatasun horren talkak eta medikuntza ikasle gazteak bere inguruan ikusi zituen injustiziak eta miseriak izan ziren sakonki unkitu eta bizitza osoan zehar injustiziaren aurka borrokatzeko bidea aurkitzera behartu zutenak. Amerikan zehar eginiko bidaiek eta mediku bezala egindako jarduerek kontinenteak bizi dituen injustizia handiekin jarriko dute harremanetan. “Herriaren beheko aldean ibili ginen, eskale batzuekin hitz egin genuen, gure sudurrek miseria arnasten zuten”. Datu soil batek kontinentea irensten ari den injunstizia sozial sakonaren ideia eman diezaguke: 19 herrialdeetan jabeen %1.74ko batezbestekoak jabetzen % 64.9a duten bitartean %72.6ak %3.74a dute. Iraultzaile eta pertsona bezala heltzen joan zen heinean, teoria marxistarenganako geroz eta interes handiago bat erakusten hasi zen. Giza sufrimenduarekiko elkartasun sakon bat eta injustiziaren aurka borrokatzeko borondate haustezin bat izanik ezaugarri bezala, inguratzen zuen munduaren azalpen baten beharrak eta berau eraldatzearen beharrak ideologikoki garatzen ari zuten iraultzaile, idealista eta gizatiar gaztea. Baina oraindik ez zen marxismora edo sozialismo zientifikora hurbildu, ez zen oraindik bere ekintzak gidatuko zituen ideologia. Arreta gehien deitzen duen Cheren ezaugarria etengabe galdera berriak egiteko zuen gaitasuna eta mundua begi berriekin ikusten ahalegintzea zen: akatsetatik ikasi, ideia berriak aurkitu, giza askatasuna lortzeko etengabeko borrokarako bide berriak bilatu. Hau zen azken finean bere konformagaiztasun politikoa azaltzen zuena, edozein prozesu iraultzaile geratzeko mehatxu diren burokrazia eta kontserbadurismoa kritikatzeko gaitasuna, iraultza mundu osoan zabaltzeko zailtasunak jartzen zituzten zuzendaritza komunistak eta SESBeko burokraziaren aurkako hitzaldiak, azken batean, iraultzak hedapen internazionala izateko bidearen bilaketa erakusten duena. Iturri ezberdinen arabera, bere bizitzako azken hilabeteetan, Che areagotzen eta zabaltzen ari zen marxismoaren ezagutza eta galdera asko egiten bere buruari, iturri batzuen arabera, iraultzaile askorentzat galerazita zeuden herrialde bateko sozialismoaren ezintasunaz eta munduko iraultzaren beharraz hitzegiten zuten Trotskyren liburuak ere aztertzen ari zen. Amerika Latinako klase arteko borroka
50-60ko hamarkadetan, asko izango dira, Che bezala, miseriarekin eta kontinenteko herriek jasaten duten zapalketarekin unkituko diren ikasle gazte eta intelektual latinoamerikarrak. Gazte hauek erradikalizatu egingo dira ehun urteetako independentzia politikoaren ondoren, bere herrialdeek duten atzerapen handiaz eta inperialismoaren menpekotasunaz ohartzean. Goraldian zeuden langile eta nekazari borroken eraginez, askok egoera honi irteera iraultzaile bat bilatuko diote ideia marxistetan. Amerika Latinan zehar eginiko bidaian, Chek bere kabuz ikusi ahal izan zuen masek duten sormen gaitasunak eta bizitza duin bat lortzeko nahiak talka egiten zutela behin eta berriz inperialismoaren zapalkuntzaren aurka. Bere jaioterrian, Argentinan; Peru bizilagunean, heriotza ezagutuko duen Bolivian, edo geografikoki urrunago egonagatik ere, bere bihotzetik gertu zeuden Kuba, Guatemala edo Mexikon Chek gero eta argiago ulertuko zuen Amerika Latinako zapaldu guztien arazoak berdinak zirela eta inperialismoaren eta herrialde bakoitzeko kapitalistaren aurka batera borrokatuz lor zitekeela askatasuna eta etorkizun duin bat. Chek eta garaiko gazte iraultzaileek atera zituzten ondorioak ez ziren latinoamerikar agintarien eta herrialde bakoitzeko kapitalisten berberak. Burgesia latinoamerikarrak hasieratik, herrialde hauetako kapitalismoaren garapen geldoaren ondorioz, menpekotasun ekonomiko eta politikoaren erlazioa ezarri zituen herrialde kapitalista aurreratuekin. Inperialismoak, lehendabizi zuzeneko okupazio militarrarekin eta ondoren banku handien eta multinazionalen nagusitasun ekonomikoarekin, menpekotasun ekonomia bat moldeatu zuen herrialde hauetan, lehengaien eta gutxi landutako eta merkeak ziren merkantzien esportazioan espezializatuta, Europako industrietara eta ondoren Ipar Amerikara ere destinatuak, laboratutako merkantzien trukean. Elkartruke desorekatu honek, herrialde kolonial eta semikolonialen odola isuri du hamarkada askotan. Zapalketa bultzatzeko beste mekanismo batzuk izan dira ordea, esate baterako, herrialde aberatsetako kapitalistekiko zorra esponentzialki hazten dituzten maileguak oztopoak dira herri hauen garapen osorako. Hauen potentzial ekonomiko eta sozialaren gozamena eragozten dute eta oraindik ere Amerika Latina, Asia eta Afrikako herriak menperatuak eta azpiratuak dituzte multinazional gutxi batzuek. Burgesia latinoamerikarraren ezintasuna
Kapitalismoaren garapen desorekatuaren ondorioz lurjabe aristokraten eskuetan dauden latifundioetan jatorri feudal eta semifeudalekoak diren zapalketa formak mantentzen dira oraindik. Munduko merkatuan multinazionalek duten botereak eta mundu osoko ekoizpen kapitalistak burgesia latinoamerikarra estuki lotzen dute inperialismoarekin. Herrialde hauetako burgesia nazionalak paper iraultzailea jokatu ezin dutela aurkitzen dira, herrialde hauetako ekoizpen indarrak benetan garatzeko ere ez dira gai. Esate baterako, iraultza burgesaren betebehar nagusia kapitalismoaren jaiotzan eta hedapen garaian nekazal erreforma eta landan zeuden erlazio feudalen erroko aldaketa izan ziren; garapen komertzial eta industrialari mesede egin zioten neurriak. Burgesia frantziarrak eta ingelesak herri masetan oinarrituz aurrera eraman zituzten betebehar hauek. Herrialde latinoamerikarretan, aldiz, kapitalista eta bankarien zati handi bat latifundioen jabeak dira edo bere dirua abeltzantzan... inbertitu dute. Halaber, lurjabe aristokrata familia zaharrek ere banku eta industrietan inbertitzeko joera dute. Askotan, klase agintariaren bi sektore hauen elkartzea klase agintari bateko eta besteko kideen ezkontzekin ere ematen da. Menpeko herrialde hauetan sortzen ari diren burgesia hauek merkatu mundialaren garapenak (produktuen salerosketa, inbertsio eta negozio erantsiak…) ezarritako milaka lokarri ekonomikoez loturik daude herrialde inperialista handiei. Hau guztiaren ondorioa oligarkiaren sorrera da, nekazal erreformaren etsai amorratua eta orokorrean ondo ezagutzen dugun eta kontinentea ikuitzen ari den iraultzaren eta borrokaren usaina duten ororen etsaia. Oligarkia honek Miranda, Bolivar, Sucre, Sanmartin... bezalako iraultzaileek amestu zuten iraultza demokratiko-burgesa egitea eragotzi zuen. Eta bi mendetan zehar, Amerika Latinak duen ekonomia, gizarte potentziala eta energia garatzea eta batzea helburu duen edozein masen mugimendu iraultzaile geldiarazi du. Burgesia nazional latinoamerikarrak joka dezakeen paper bakarra aberastasunak arpilatzea eta bazkide inperialistei modu lotsagabean saltzea da, azken bi mendeetan egin duen bezala. Ideia hau mundu guztiko iraultza ezberdinen garapenarekin baieztatu da, eta batez ere Latinoamerikakoarekin azken bi mendeotan. Bolivarren esperientziatik abiatu gaitezke. Klase agintariaren botereak ahaztua eta baztertua izan zen, agintari hauek espainiarren agintea puskatu eta askatasun eta negozio baldintza hobeak emango zizkion beste inperialistei elkartzea bilatzen zuten soilik, ez zuten heldu nahi “independentzia politikoa” baino haratago. Bestalde, Sandinoren heriotza basatia aipa genezake gringo inperialisten eskutan burgesia nazionalaren laguntzaz. Mende hasierako Kubako drama dugu bestea, oligarkiak eta Batista bezalako txotxongiloek eraldatua izan zen Martik burgesia gringoaren atzeko patioan amestu zuen herrilde askea. Che Guatemalako iraultzan Latinoamerikako herrialde ezberdinetan 30, 40 eta 50 urteetan eman ziren mugimendu iraultzaile eta antiinperialisten esperientziak eragina izango du iraultzaile gazteen ideologiaren garapenean. Burgesia nazionalak traizionatu eta zapaldu egin zituen inperialismoaren laguntzaz eta horrek Cheren kontzientzian eragingo du. Che berak zuzen zuzenean bizituko du inperialismoaren eskutik etorriko den Guatemalako Jacobo Arbenzen erregimen iraultzailearen erainsketa. Esperientzia hau erabakigarria izango da bere heldutasun politikoan. “Eraso hauek, nazioarteko prentsaren gezurrekin batera, arduragabeak esnatu dituzte. Giro oldarkorra da nagusi hemen. Boluntario bezala aurkeztu naiz laguntza medikurako zerbitzuan eta gazte brigadan izena eman dut heziketa militarra jasotzeko eta beharrezkoa bada borrokara joateko”. Arbenzek inperialismoari aurre egin zion. United Fruit multinazional gringoa ertamerikako herrialde txiki horretako ekonomia nahi zuen moduan menpera ez zezan ahalegindu zen. Guatemala ezengonkortuta zegoen guatemaldar kapitalisten eta inperialisten arpilaketa ekonomikoagatik eta azkenik Arbenz garaitua izan zen 1954an burgesia nazionaleko sektore erabakigarri guztiek inbasio estatubatuarrari babesa ematearen ondorioz. Arbenzek iraultza antiinperialista eta demokratiko baketsu bat planteatu zuen. Klase borrokaren presiopeko bere garapenean, Arbenzek Alderdi Komunistari gobernuan sartzeko proposamena egin zion. Baina Alderdi Komunistak uko egin zion ideia honi eta Arbenzi eta bere jarraitzaileei kapitalistak desjabetzeko eta estatu burgesa eraitsi eta sobietetan (asanbladek aukeratu eta kendu ditzaketen ordezkarien batzordeak) oinarritutako estatu batekin ordezkatzeko proposatu beharrean, ekoizpen ertainaren jabetza pribatua errespetatu eta merkatu ekonomiaren barnean mantendu behar zela esaten zuen. Emaitza zera izan zen: burgesiak bere botere osoa iraultzaren oinarri soziala zulatzeko erabili zuela eta, baldintzek aukera eman ziotenean, militarki esku hartu zuela. Arbenz herrialdetik irten zen eta Alderdi Komunistak –iraultza, burgesia aurrerakoiari zegokion ideia estalinistari loturik– masak erresistentziara deitzeko eta programa sozialista batekin borrokaren gidaritza hartzeko aukera galdu zituen. Che oraindik formakuntzan zegoen eta esperientzia gabeko iraultzailea zen, baina bere iraultzaile senarekin, mundu osoko langile eta gazte iraultzaileek egiten zuten bezala, konturatu zen bazeudela borrokatzeko baldintzak eta zalantzazko politika horiek zirela behar ez zituztenak. “Guatemalan beharrezkoa zen borrokatzea baina inork ez zuen borrokatu. Erresistentziak neurriak hartu izan behar zituen baina ez zuen inork egin nahi izan”. Bere iritzi erradikalek eta Guatemalako iraultzarekiko zuen konpromezuak bidea ireki zion Guatemalatik bidalia izateko, Castillo Armasen agintepean geratu zen inperialismoaren erregimen txotxongilo berriak “argentinar komunista arriskutsutzat” hartu baitzuen. Etapakako iraultza eta etengabeko iraultza
Guatemalako esperientzia iraultzaileak, antzeko moduan zapalduak izan ziren izaera nazionalistako eta antiinperialistako beste prozesu guztien antzera, arrasto sakona utzi zuen, Cherengan bezala, gogo biziz bere babesa eman zioten iraultzaile askoren bihotzean eta psikologian. Guatemalako prozesuaren garapena eta oligarkiaren eta inperialismoaren hatzaparretatik ihes egiten saiatuz justizia sozialeko benetako demokrazia aske eta independiente bat ezartzen ahalengidu ziren beste herrialdeetako prozesuen garapena ere hamarkada batzuk lehenago Lenin edo Trotsky bezalako marxistek aurreikusiak izan ziren. XX. mende hasieran Trotsky iraultzaile errusiarrak azaldutako Etengabeko Iraultzaren teoriak -Errusiako gertaeratik abiatuz baina gerora kapitalismoa atzerapenez garatu zen herrialdeetara zabalduz- lehen aipatu ditugun gizarteen garapeneko faktore sozial eta ekonomikoen ondorioz, burgesia nazionala deritzonak ezin zezakeela paper aurrerakoirik jokatu –eta are gutxiago iraultzailea- zioen, inperialismoari eta aristokrazia latifundistari estuki lotzen zuten lokarri hauengatik. Soilik hiriko langileriak, aliatu bezala nekazari eta gainontzeko zapalduak hartuz (hirietako eta herrietako burgesia txikia, semiproletargoa…), zuen soilik indarra, interesa eta gaitasuna zantzu feudalekin eta zapalkuntza inperialistarekin amaitzeko. Sistema kapitalista apurtuz, herrialdeko baliabide guztiak langileen kontrolpean nazionalizatuz eta iraultza internazionalki zabalduz soilik egin eta mantendu zitezkeen osorik eginkizun demokratikoak. Ideia honekin zuzendu zuten Leninek eta Trotskyk Errusiar Iraultza eta hau zen Hirugarren Internazionalaren estrategiaren eta programaren oinarri. Dena den, Stalinen gobernuaren baitan garatutako SESBeko burokraziak, langileen esku zegoen boterea indarrez bereganatuz, programa hau alde batera uztea ekarri zuen. Honen ordez, Stalinek mentxebikeen bi etapen teoria zertxobait aldatuta berpiztu zuen, non iraultza demokratikoa (antiinperialista) eta sozialista bi gauza guztiz ezberdinak bailiran bereizi egiten diren eta lehena marku kapitalista baten barnean emango den ustezko (eta ikusi dugunez existitzen ez den) burgesia aurrerakoiaren eskutik. Burgesia honek, langileen babesarekin, nekazal erreforma egin eta inperialismotik askatzean, eta ondoren, belaunaldi ugari iraun zezakeen kapitalismo nazionalaren garapen etaparen ostean, gerta zitekeen iraultza bat. Teoria honen arazoa zera da, berau martxan jartzea saiatu den iraultza guztietan porrota izan dela emaitza. Estalinismoa eta iraultza latinoamerikarra
Latinoamerikako aldedi komunistek, iraultza errusiarrarekiko zuten loturaren bermepean (historiako lehen langile estatua ezarri zuen, ekonomia estatizatu eta planifikatu batek baimentzen dituen aurrerapen ekonomiko handiak jasaten ari zen, eta Bigarren Mundu Gerraren ostean faxismoaren hilobi izan zen) babes gorakor bat lortzen ari ziren. Aldi berean, fabriketan eta landan bere militante nekagaitzak egindako borroka eta lanak, posizio garrantzitsuak lortzea ahalbidetu zien, batez ere langile mugimenduan, eta borroka iraultzailerako erreferentzia puntu bilakatzen ari ziren. Baina Alderdi Komunista guztien zuzendaritzaren estalinizazioak, ideia estalinistak ez zituzten koadro eta militante askoren purgatzea eta akabatzea ekarri zituen. Kasu guztietan zentralismo demokratiko leninistaren ezaugarria izandako ideien eztabaida demokratikoa, politika estalinistaren goitik beherako inposaketarengatik ordezkatua izan zen, horrenbeste purga, kanporaketa eta desengainu eragin zituen “zentralismo burokratiko” horrengatik. Moskuk inposatutako estrategiak, Alderdi Komunista latinoamerikarretako buruzagi asko iraultza antiinperialistak kapitalismoaren baitan gertatu behar duenaren ideia defendatzera eta kasu batzuetan, burgesiaren sektore bat aurrerakoia zela argudiatuz, argi eta garbi atzerakoiak ziren klase agintariko ordezkariei babesa ematera bultzatu zituen. Oso ezaguna ez den datu bat, eta irakurle asko harri ditzakeena, zera da, Kubako Alderdi Komunistako zuzendaritza estalinistak Batistaren (Fidelek eta Chek garaitu zuten diktadorea) gobernu burgesean hartu zuela parte bi ministrorekin 1942an, eta beranduago, hauek gerrila jaurti zutenean ere, era guztietako akusazioekin erasotuak izan ziren hauen eskutik (“abenturazaleak” etab.). Raul Castro bera, alderditik egotzia izan zen politika honen aurka azaldu izanagatik. Politika estalinisten emaitza, berauetako militante komunistek prestutasun eta borrokarako grin ukaezina erakutsi bazuten ere, alderdiak (politika hau herrialde eta prozesu iraultzaile ezberdinetan ezarri ondoren) ahultzea izan zen. Aukera iraultzaile ugari alferrik galdu ziren eta kasu batzuetan Alderdi Komunistek babestutako gobernu burgesek alderdiaren legez kanporatzearekin eta bertako militanteen jazarpen krudelarekin erantzuten zuen. Tamalez, garai historiko honetan zehar, Trotskyren ideiak (Leninen ideien jarraipena zirenak eta politika itxi honen alternatiba izan zitezkeenak) ezin ezagutu eta landu izan zituzten mugimendu iraultzaileetako kideek, eta bereziki borrokalari komunistek. Ideiaok isolatuak zeuden eta sistematikoki itxuraldatuak eta erasotuak ziren. SESB menderatzen zuen burokrazia, eta lehen postuan Stalin bera, ekonomia estatizatu eta planifikatuak ahalbidetutako garapen ekonomiko eta sozial izugarriak, eta errusiar herriak Bigarren Mundu Gerran nazismoaren aurka lortutako garaipen heroikoak (Stalinen beraren akatsez gaindi) ematen zieten prestigio eta autoritateaz baliatu ziren mundu osoko milioika langileren babesa bereganatzeko Helburua ez zen arrakasta hauek ekonomia planifikatuaren edota borroka iraultzailearen emaitza bezala identifikatzea, heuren trebezia indibidualaren fruitu bezala identifikatzea baizik. Burokrazia, historiako lehenengo langile estatua gidatzearen ospeaz babestua, orduan SESBean zegoen erregimen diktatorial eta burokratikoa sozialismoarekin identifikatzen saiatu zen, eta Stalinen herrialde bateko sozialismoaren teoria edota iraultza demokratikoa delakoa burutzeko kapitalista aurrerakoienekin egin behar den aliantzaren teoria bezalako ideia zarpailak, berriz, marxismoarekin. Hamarkadetan zehar, ehundaka eta milaka iraultzailek marxismoaren ikuspegi karikaturizatua eta desitxuratua jasoko dute. Bereziki, Trotskyren (Leninen borroka laguna eta bere ideien oinordekotzaren jarraitzailea izan zen) bizitza eta ideiak izango dira toneladaka gezur eta kalumnien azpian lurperatuak izango direnak. Stalinek burokratizazioaren aurkako borroka aurrera eramateagatik erahil zuen Trotsky. Heuren burua “trotskistatzat” izanik Trotskyren benetako ideiekin eta metodoekin zerikusi gutxi zuten zenbait taldek momentu ezberdinetan eginiko akats ultraezkertiar eta sektarioek ere lagundu zien kasu batzuetan buruzagi erreformistei eta estalinistei masak Trotskyren benetako ideietatik urrun mantentzen. Trotskyk beti defendatu zuena masen mugimenduaren barnean pazientziaz lan egitea eta erakunde sozialisten eta komunisten oinarrietara modu lagunkoi batean, marxismoaren ideia genuinoak azalduz, zuzentzea zen bitartean. Che, Trotsky eta Stalin
Che, Trotskyk iraultza latinoamerikarretan burgesiaren edozein sektorek paper eraldatzaile bat jokatzeko ezinezkotasunari buruz mende hasieran eginiko analisira zenbait aspektutan modu harrigarrian hurbiltzen da, bere esperientziaz eta marxismoaren ikaskuntzaz baliaturik. Sektore estalinista batzuk Chek Stalinen alde eginiko aipamenak gehitzen ahalegindu dira, Chek, bere garapen politiko guztian, estalinismoaren ezaugarri diren metodo eta politikak zalantzan jarri izana ukatuz. Lehen azaldu bezala, Cheren belaunaldiko askok SESB ekonomia planifikatuaren lorpenengatik eta Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurka lortutako garaipenagatik miresten zuten eta lehen esan dugun bezala (propaganda estalinistarengatik eta ideia trotskysten bakantzearen ondorioz) SESBren garaipenak Stalinen figurarekin identifikatzen zituzten. Hala ere, ukaezina da Che politikoki eta ideologikoki eboluzionatzen joan zen heinean, berak atera zituen ondorio politikoen zati handi bat (iraultzaren hedapena, burgesiaren barruan iraultzari babesik emango zion sektorerik ez egotea...) estalinismoak ordezkatzen duen norabidearen aurka zihoala erabat. (…) Amerikako herrialde askotan, euren burua garatzeko borrokatzen duten burgesia nazionalaren eta, industria nazionala borroka desorekatu baten bidez garaitu asmoz, merkatuak bere artikuluekin betetzen dituen inperialismoaren artean, kontraesan objetiboak aurki ditzakegu, gainbalioaren edota aberastasunarengatiko borrokez gain. Kontraesan hauek egonagatik ere, burgesia nazionalak ez dira gai, orokorrean, inperialismoaren aurrean borroka kontsekuente baten jarrera mantentzeko. Herri iraultzari beldur gehiago diotela erakusten dute, naziotasuna zapaldu, sentimentu abertzaleari aurre egin eta ekonomia kolonizatzen duen inperialismoaren zapalkuntza eta menderakuntza despotikoaren sufrimentuei baino. Burgesia handiak iraultzari aurre egiten dio modu irekian eta ez du zalantzarik egiten inperialismoarekin eta latifundismoarekin aliatzeko, herriari aurre egin eta iraultzari bidea ixteko (Kuba, salbuespen historikoa ala kolonialismoaren aurkako borrokaren abangoardia?, E. Guevara. Revista Verde Olivo. 1961) Gerora Cheren ideologiak izan zuen garapena eta (aurrerago ikusiko dugun bezala) SESBeko burokraziarekin eta latinoamerikar buruzagi estalinistekin izandako eztabaidak ikusirik, litekeena da Trotskyren benetako ideiak ezagutzeko aukera izan balu (inongo desitxuraketa edo itxuragabetzerik gabe) iraultzaile errusiar handiak analisi hauetatik ateratako ondorio askorekin bat egin izana. 1905 eta 1917ko iraultzen testuinguru sozialetan, langile klasearen mobilizazioa gorakada nabarmenean aurkitzen zen. Sobietak, langile klasearen esperientziatik eta beharretatik sortuak izan ziren borroka batasunerako organismo bezala. Landara eta kuarteletara zabaldu ziren eta zapaldu guztien borroka iraultzailea batzen zuten. Soluzio bat eskeintzen zioten masek gizarte berri bat eraikitzeko zuten beharraren eta burgesia errusiarrak eraikuntza hori burutzeko zuen ezintasunaren arteko kontraesanari, eta mentxebikeen teoria etapistek jokatzen zuten balazta paperari. Lehenik Trotskyk, eta gerora Leninek, hori ikusten jakin izan zuten, eta ez ziren soilik burgesiako edozein sektorek paper aurrerakoi bat jokatzeko duen gaitasun ezaren ondoriora iritsi. Iraultzaren zuzendaritzaren papera langile klaseak (zapaldu guztiak inguruan bilduz) soilik bete zezakeela ulertu zuten, eta beraz, iraultzaileen betebehar nagusia langile mugimenduaren barruan lan egitea zen ideia marxistetarako aurreratuen zeuden langile ekintzaileak irabazteko eta langile mugimenduaren gidaritza hartzeko. Programa sozialista bat duen erakunde iraultzaile batek soilik, Alderdi Boltxebikea izatera iritsi zen bezalako batek, bihur lezake zapalduen (langile, nekazari...) mugimendu instintiboa eta desantolatua kapitalismoarekin amaitu eta sozialismoa eraikiko duen mugimendu bateratu, kontziente eta antolatu batean, gizarte aldaketa sakon baten alde egiteko. Baina Chek eta bere borroka adiskide askok latinoamerikako gizartea eta ekonomia zarratatzen zituen kontraesan jasanezinei konponbidea aurkitzeko borrokatzen zuten testuinguru sozialak, ez zituen langile klasearen garaipenak eta honen masen borrokaren zuzendaritza papera ezaugarritzat. Langile mugimenduak behin eta berriz zapalduen gidaritza hartzeko ahalegina agintari erreformistek, edo are okerrago, estalinistek, gelditzen eta desbideratzen zuten, azken hauek –lehen esan bezala– errusiar iraultzak emandako ospeaz baliatzen baitziren eta nolabait esateko, iraultza geldiarazten zuten… iraultzaren izenean! Iraultza, geldiarazia Masen babespeko erakunde benetan marxistak ez egoteak eta langile mugimenduaren buruan politika estalinistek eta erreformistek irauteak, oztopo larriak sortu zituen mundu mailako iraultzaren garapenean eta batez ere Latino Amerikan. Klase agintaria ez zen gai gizartea eta ekonomia garatzen jarraitzeko, baina aldi berean, ekoizpenean zuen paperagatik boterea hartu eta sozialismoa eraikitzen has zitekeen klase bakarra, proletalgoa, geldiarazia aurkitzen zen bere agintari erreformistengatik eta estalinistengatik. Egoera honek Amerika Latinoko langile, nekazari eta gazteen sektore erradikalizatuenak iraultzarako bidelabur bat aurkitzera bultzatu zituen, klase borroka aurkitzen zen kale itxitik irteteko. Erreformismoak eta estalinismoak masen borroka iraultzaileari irteera bat eskeintzeko gaitasun ezari erantzuteko moduetako bat gerrillen gerra izan zen. Zegoen hutsunearen aurrean, langile sindikatu eta alderdietako zuzendaritzen akatsen ondorioz, iraultzaile latinoamerikarrek, irteera bat bilatu zuten euren senari jarraiki. Askok, iraultzaileen abangoardia armatu baten bidez, Estatuari zuzenean aurre egitea erabaki zuten, eta horrela, nekazariak erakarriz eta foko gerrillaria zabalduz altxamendu bihurtu eta boterea hartuko zuten. Chek funtsezko paper bat bete zuen gerrilla estrategiaren garapenean. Mexikon Che Fidel Castrorekin topatu zen, Alderdi Ortodoxoa deituriko mugimendu demokratiko eta antiimperialista baten lerroetatik zetorren buruzagi gaztearekin. Alderdi honek hamarkada batzuk lehenago klase ertaineko sektore ugari bereganatu zituen, baita jatorri burgeseko hainbat ere, eta langileen eta sektore herrikoien artean nolabaiteko oinarri soziala lortu zuen. Hala ere, masen mugimendu jator bat aurrera eramateko burgesiak eta burgesia txikiak duen gaitasun ezaz lehen esan duguna egiaztatuz, Alderdi eta mugimendu demokratiko hauetako buruzagi burges eta burges txikien politikak oligarkiaren sektore erabakigarriekin akordioak bilatzea ziren. Horregatik, inoiz ez ziren gai izan masei arazoak konpontzeko bide argi bat erakusteko. Fidelek, hain zuzen ere, zuzendaritzaren politika zalantzati eta kontziliadorearekin deskontentu eta jokabide oportunistaz nazkaturik zeuden alderdiko sektore ezkertiarrenak ordezkatzen zituen, bide iraultzaile baten bila zebiltzanak. Fidel, Moncadako Kuartelaren asaltoaren ostean, gazte iraultzaile kapa honen borroka sinbolo bilakaturik zetorren. Uztailaren 26ko Mugimendua
Irlara Gramma itsasontzian iritsitako hamarnaka iraultzailez osaturiko gerrillarentzat oso zailak izan ziren lehen pausuen ostean, Fidel Castro buru zuen Uztailaren 26ko Mugimendua hutsune politikoa betetzen hasi zen. Bitartean, Che geroz eta posizio nabarmenduagoa lortzen ari zen bertan. Batistaren diktadura eta, are gehiago, Kubako sistema kapitalista bera deskonposaketa orokorrean zeuden. Masek baliabide bat behar zuten bere ezinegona adierazteko, eta itxaropen bat behar zuten mugimendu honengan sinesteko. Alderdi burges eta burges txikien eta Alderdi Komunista estalinistaren porrotaren ondorioz, uztailaren 26ko gazte iraultzaile borrokalarien adorea izan zen itxaropen hori zabaldu zuena. Batistaren erregimena edozein unetan eror zitekeen fruitu ustel bat zen, baina azken bultzada erabakigarri bat behar zuen. Masak deiaren zain zeuden ekintzan hasteko eta gero eta begi hobeagoekin ikusten zituzten gerrillariak. Baina hauen eta estatu burgesaren arteko borroka luzatzen ari zen bando batek besteari golpe erabakigarririk eman gabe, bereziki gerrilak estatuaren egitura erabat suntsitzeko behar zuen indarra aurkitzen ez zuelako, azken hau inertziagatik mantentzen baitzen zutik geroz eta gehiago. Batistaren ihesaren ondoren ofizial gorenek eman zezaketen Estatu kolpearen aurrean, eta gerrillak bere kabuz garaipena bermatzeko zuen ahultasunaren ondorioz, Fidel greba orokorra deitzera beharturik aurkitu zen. Habana aste betez geldiarazi zuen langileen erantzunak, Kubako proletargoak zuen indarra erakutsi zuen eta erregimena eraisteko faktore erabakigarria izan zen. Kuba Iraultzailea
Gerrillak, Batistaren ejertzitoaren aurkako borroka heroikoaren ostean autoritate eta babes izugarria zuelarik, boterea hartu zuen. Bere aurreneko proposamena alderdi demokratiko guztien koalizio gobernu bat izan zen, erregimenaren demokratizazioari ekiteko. Errealitatean, besteak beste Chek eta Fidelek sortutako Uztailaren 26ko Mugimenduaren hasierako ideiak ez ziren programa sozialista osatu batenak. Izatez, Mugimenduak aldarrikatutako lehen helburua diktadorea garaitu eta 1940ko Konstituzio kubatarrera itzultzea zen. Honek demokrazia burges bat esan nahi zuen, erreforma sozialekin eta gizarte hobekuntza zabalekin. Fidel, ordurako boterean, bankarien erakundeak lasaitzen ahalegindu zen bere laguntza ekonomikoa modernizatzeko eskatuz eta “industriarik nazionalizatzeko inongo asmorik” ez zuela zin eginez. Bere ideia iraultzaileak eraldatuz eta erradikalizatuz joan ziren denbora aurrera zihoan heinean ordea, gertaeren presiopean. Bere programa iraultzailea beteko bazuen, burgesiaren eta inperialismoaren sabotaiari aurre egin beharko zien, eta iraultza sakondu, ekonomiaren oinarrizko palankak nazionalizatuz. Behin gerrillak boterea hartuta, Fidelek eta Chek neurri sozialistak hartu zituzten, besteak beste, ekonomiaren oinarrizko sektoreak nazionalizatuz. Azukre industriarekin hasi ziren, petrolioarekin harremana zuten enpresek jarraitu zieten eta azkenik oinarrizko industria guztiek. Neurri hauek ez ziren aurreikusitako plan baten zati, baizik eta kapitalismo kubatar ahularen kolapsoari aurre egiteko, benetako nekazal erreforma bat burutzeko eta hobekuntza sozialak egiteko beharrak bultzaturik egin zituzten. Hau guztia Trotskyren Etengabeko Iraultzaren baieztapen bikain bat da. Teoria honen arabera herrialde atzeratuetako kapitalismoaren garapen espezifikoak iraultza demokratikoa eta sozialista bateratu egiten ditu, nahiz eta kasu honetan industriako langile klasea boterera iristeko erabakigarria izan bazen ere, prozesua zuzendu zuena nekazal gerrilla izana berezitasun bezala izan zuelarik. Lortu zen ekonomia nazionalizatu eta planifikatuko erregimena, ikuspuntu guztietatik, herri kubatarrarentzan garaipen handia izan da. Industria %50a hazi zen 1959 eta 1965 bitartean, masak hondatzen ari ziren analfabetismoa, gosea eta gaitz asko desagertu egin ziren. Kuban biztanleko mediku kopurua munduko altuenetakoa da eta haurren heriotzan Amerikako Estatu Batuetan eta Kanadan soilik da txikiagoa mendebaldeko hemisferioan. Aurrerapen hauek, Kubako iraultzak eta ekonomia planifikatuak ekarri dituzten konkisten handitasunaren ideia bat ematen digute, eta kubatar erregimen iraultzailearen mantetzea azaltzen digute blokeo kriminalaz eta inperialismoaren esetsaldiaz gaindi. Iraultzaile izena mantendu nahi duen edonorentzat konkista hauek defendatzea (bai AEB inperialistaren blokeoaren aurka eta baita irlan kapitalismoa ezartzearen aurka ere) utziezinezko betebehar bat da. Halaber, beharrezkoa da Kubako iraultzaren patua maila internazionalean erabakiko dela ulertzea. Beste herrialdeetara iraultza hedatzeak soilik berma dezake, epe luzean, konkista iraultzaileen iraupena eta hauek sozialismoaren bidean aurrera egitea. Che eta iraultzaren hedatzea
Izatez, Kubako iraultzaren lehenengo urteak garrantzi handiko tentsioez markaturik egon ziren, Che, eta batzuetan Fidel, buru izan zituzten zenbait buruzagi kubatarren sektoreen eta gero eta degeneratuago zegoen burokrazia errusiarraren artean. Lehenengoek iraultza Latinoamerika osora hedatzea defendatzen zuten eta bigarrengoek berriz, haiekiko beldur, iraultza mundu guztiaren eredu bihurtu baitzitekeen eta langile estatu sano baten sorrera ekar baizezakeen, langile errusiarrak estatuaren kontrola bereganatzeko borrokara bultza zitzakeelarik, eta burokraziak bere pribilegioak mehatxaturik izango zituelarik. Cheren eta burokrazia errusiarraren arteko talkak, arrazoi batengatik edo bestearengatik, hazten joan ziren. Che Guevarak, Industria Ministerioaren kargu, Bigarren Ekonomia Seminario Afroasiatikoan (Argel, 1965) SESBk eta bere satelite europearrek herrialde azpigaratuekiko zuten elkartasun eza salatu zuen eta inperialismoarekin zuen kidetasunaz ere hitz egin zuen: “Nola hitz egin daiteke elkarrenganako baliagarritasunaz, herrialde zapalduei izerdia, odola eta pairamena kostatzen zaizkien lehengaiak mundu merkatuaren prezioan saltzen badira eta makinak mundu merkatuaren prezioan erosten badira (…) Herrialde sozialistek mendebaldeko herrialde esplotatzaileekin duten isilpeko kidetasunarekin amaitzeko behar morala dute”. Habanako Bigarren Adierazpenean eta beste dokumentu eta hitzaldietan Chek iraultzaren hedapenari ezarritako balazta kritikatu zuen: “Alderdi Komunisten zeregina iraultzaren abangoardian egotea da baina tamalez, ia Latinoamerika osoan erretagoardian aurkitzen dela da gertatzen dena” (Eduardo Galeanorekin elkarrizketa 1964an, Elkarrizketa eta Artikuluak. Chanchitoren Ed. 1988) Bolivian
Asiako, Afrikako eta Amerikako masen zapalkuntzarekin eta miseriarekin izandako harremanak berrindartu egin zuten planteamendu hauetan eta bere kide batzuk salatu zutenez, honek SESBrekiko talkak handitu zituen. Chek, Moskuk kontrolatzen zuen Alderdi Komunista ofizialarekin liskarrak izandako Douglas Bravo gerrillari venezolarrari bere babesa eman ostean, armak hartu zituen berriro ere eta iraultza zabaltzen ahalegindu zen Kongon eta Bolivian gerrillen bitartez. Helburu zuzen honen arrakastarako topatu zuen arazo nagusia, hainbat esperientzia iraultzailetan protagonista izandako proletalgo latinoamerikar indartsuan oinarritu ez izana izan zen, langile mugimenduaren barnean borrokatuz hau politika erreformisten eragin geldiaraztailetik askatzeko. Chek landan oinarritutako abangoardia iraultzailearen borondatea eta borroka heroikoa garaipena lortzeko nahikoa zela pentsatu zuen, eta are gehiago, bide hau posibleagoa zela uste zuen, bereziki, zapalkuntza egoeretan. “Langile mugimenduek klandestino bihurtu behar dute, armarik gabe, legalitatetik kanpo arrisku handiei aurpegia emanez; egoera ez da horren zaila landa irekian, bertako biztanleei gerrilla armatuek babesa emanik eta indar errepresiboak irits ezin daitezken tokietan” (E. Guevara, Gerrilen borrokarako printzio orokorrak) Che taktika gerrilleroak herrialde industrializatuenetan eta hirian dituen zailtasunetaz jabetzera iritsi zen, eta gerrilla hiriko langile mugimendutik isolatzeak ekar zitzakeen arriskuak ulertu zituen. Egoera horretan Chek gerrillarenak ez ziren beste bide iraultzaile batzuk bazeudela onartu zuen. Hain zuzen ere, herrialde desberdinetan zituen jarraitzaileei behin eta berriz modu zuzen batean esan zien beharrezkoa zela klase arteko borrokari zegokion egoeraren arabera egokitzea baina beti ere irizpide argi batekin, ez zela nahikoa masen egoeraren hobekuntza iragankor bat, baizik eta beharrezkoa zela boterea hartzea eta bertatik masen arazoak behingoz konpontzea kapitalisten desjabetzekin. Ideia honek ikasgai garrantzitsuak ditu gerora 70eko hamarkadan Txilen emandako prozesu iraultzailearentzako edo gaur egun Venezuelan bizi dugun iraultzarentzako. “Euren industria ertaina eta arina, oraindik industrializazio eraginkor bat eman dutenik ezin esan badaiteke ere, garatu duten herrialdeak, edota sinpleki, euren populazioa zentru handietan kontzentratzeko prozesuak jasan dituztenak, egoera zailagoan aurkitzen dira gerrilla prestatzeko. Gainera, populatutako zentruetako eragin ideologikoak gerrilari borroka galarazten du eta baketsuki antolatutako masen borrokari irekitzen dio bidea.” (…) Nahiz eta edozein herrialdetako aldaketa hauteskunde bidez gertatzeko aukera bazterturik ez egon, iraunean dauden baldintzek aukera hori urrutiko egiten dute. (…) Iraultzaileek ezin dituzte aldez aurretik ikusi bere programa askatzailearen aldeko borrokaren ibilbidean agertu daitezken taktiken aldagai guztiak. Iraultzaile baten benetako gaitasuna egoeraren aldaketa bakoitzean taktika iraultzaile egokiak aurkitzen jakitean, taktika guztiak aurrean izatean eta berauek ahal den gehien esplotatzean neurtzen da. Akats barkaezina izango litzateke programa iraultzaile batek hauteskunde prozesu batetik lor dezakeen probetxua gutxiestea; modu berean barkaezina izango litzatekeelarik hauteskundeetara soilik mugatzea eta beste borroka bideak ez ikustea ere, borroka armatua barne, boterea lortzeko, zeina beharrezkoa den programa iraultzailea aplikatu eta garatzeko, bestela, boterea eskuratzen ez bada, gainerako konkista guztiak ezegonkorrak, urriak, behar diren soluzioak emateko ezgaituak baitira, oso aurreratuak badirudite ere.”(Kuba, salbuespen historikoa ala kolonialismoaren aurkako borrokaren abangoardia?). Hala ere, Chek, borrokak langile mugimendu antolatuaren barnean aurkitutako arazoen aurrean, gerrillaren taktika bide posibleenetzat eta arrakastarako aukerez beterikotzat kontsideratzeko akatsa burutu zuen. Iraultzaileen betebehar nagusia, buruzagi erreformisten eraginpetik askatzeko masen langile erakundeen barnean egin beharreko borroka zela pentsatu beharrean, gerrillaren taktika planteatu zuen –herrialde industrializatuenetan ere– bide nagusitzat. “Ez ginateke ausartuko hiriaren barnean oinarri gerrillaria duen altxamendu herrikoi baten garaipena ezinezkoa dela baieztatzen. Inork ezin dio teorikoki eragozpenik jarri ideia honi, ez da gure asmoa bederen, baina ohar batean idatzi behar dugu zein erraza izango litzatekeen salaketaren baten bidez edo, sinpleki, jarraipenezko esplorazioen bidez Iraultzaren gidariak akabatzea. Hala ere, hirian egin daitezkeen maniobra guztiak egiten dituztela pentsatuz, sabotaia antolatu batera errekurrituz, edota batez ere, gerrilla suburbano deritzaion gerrillaren taktika benetan eraginkorrera joaz, baina nukleoa borroka gerrillariarentzat mesedegarria den eremuan mantenduz, botere zapaltzaileak hiriko indar herrikoi guztia garaitzen eta deusezten badu ere, indar politiko iraultzaileak osorik jarraitzen du, erlatiboki gerraren gertaeretatik salbu dagoelako. Beti ere, erlatiboki salbu dagoela pentsatuz baina ez gerratik at, ezta kanpoko herrialde batetik edo urruneko toki batetik gidatzen duenik ere; bere herriaren barnean dago, borrokan. Hauek dira, hiriko nagusitasuna oso handia den herrialdeak aztertuta ere, borrokaren foko zentral politikoa landan ere gara daitekeela pentsaraztera eramaten gaituzten gogoetak (ob. aip.)”. Langile klasea eta gerrillen borroka Boterera iristeko zein bide erabili eta zein estrategia jarraitu erabakitzeko eztabaida dagoen zailenetakoa da eta iraultzaile handien artean polemika gehien sortu dituena. Marxek eta Engelsek, anarkisten aurrean, behin eta berriz esan zuten, ekoizpen kapitalistan zuen paperagatik, langile klasea dela borroka kolektiboaren metodoak (grebak, masen manifestaldiak, asanbladak, bertako ordezkarien hautakortasuna eta kengarritasuna…) eta kontzientzia sozialista bat gara ditzakeen bakarra. Sobietak, edo langile batzordeak, erreakzio burgesaren aurkako langile borrokaren izaera kolektibotik sortzen dira, proletalgotik bertatik jaiotako greba komite zabal bezala, eta borroka iraultzailea koordinatuz eta zabalduz eta klase osoak borroka horretan kontzienteki parte hartzen duela bermatuz, landara, kuarteletara… hedatuz amaitzen dute. Boterea hartu ondoren, modu natural batean langile Estatu berria bilakatzen dira. Modu honetan sobietak, edo langile batzordeak, botere zentrala uneoro langileen eskuetan dagoela bermatzen duten tresnak dira; langile demokraziaren esentzia dira. Zalantzarik gabe, iraultzaren garaipenerako, beharrezkoa da nekazalgoaren babesa lortzea, nekazarien altxamendua eta gerrillen borroka sustatzea. Baina Leninen hitzetan, “langile alderdiak ezin dezake gerrillen gerra borroka bide bakartzat edo nagusitzat jo. Bide honek besteen menpekoa izan behar du”. Irizpide hau erabili zuten boltxebikeek Errusiar Iraultzan bertan ere, non herrialdeko biztanleriaren gehiengo nagusia nekazaria zen eta hiri langileriak %10a soilik ordezkatzen zuen. Boterea hartzeko oinarrizko metodotzat sortua izandako gerrillen borrokaren ondorioetako bat, zera zen, bere ekintza militarrak oso heroikoak izanagatik ere, langile mugimenduaren barneko borrokari uko egiten diola hau porrot berrietara daraman zuzendaritza erreformisten ergainpetik askatzea zailduz. Marxek, Leninek eta Trotskyk ulertu bezala, langile mugimenduaren borroka masiboaren menpe ez egotearen ondorioa da hau. Langileek ezin dute oihaneko erasoetan, posizio militarren aurkako erasoetan, herriak hartzen… parte hartu. Denbora batez, gerrilla begiko izan dezakete, baina bigarren mailako paper batera baztertuta daudelarik, ikusle pasibo eta, kasurik hoberenean, gerrillaren laguntzarako errekurtso bilakatzen dira. Ondorioa gerrillari iraultzaileen eta ejerzitu burges erregularraren arteko desgaste gerra da zeinetan inor ez den gailentzen baina iraultzaileen lerroan odol isurketa gertatzen den edota nekea eta etsipena zabaltzen den masen artean. Guatemalan, Salvadorren, Perun… ikusi ditugun prozesuak honen adibide dira. Gerrilla garaitua
Errealitatean, gerrilla borroka bide nagusi bezala hartzen denean eta honen zuzendaritza langile mugimenduaren esku ez dagoenean, garaipenak lortzen diren kasuak (Kuba, Vietnam, Nicaragua) araua baino gehiago salbuespenak dira, bere garaipena kapitalismoaren azken muturreko deskonposizio egoerekin eta langile mugimenduekin kointziditzean gertatzen dira, zeinak zuzendaritzarik ez badu ere, estatu burgesa ahultzen baitu eta gerrillariei bidea garbitu. Cheren Boliviako saiakera, praktikan, ez zuen SESBk babestu, gainera, honen eta Alderdi Komunista boliviar estalinistaren oposizioa topatu zuen. Bere idazkariorde nagusia, Monge, zeinak Cheren ekintza guztiak oztopatu zituen kriminalki, historiaren ironia batengatik, gaur egun kapitalismoaren babesle bilakatatu diren burokrata estalinista horietako bat dugu. Gerrilla nekazalgo boliviarrean oinarriturik mendietan hedatzeko planak, bere ideientzako babesa lortzea galeraziko dio Cheri langile mugimendu garrantzitsuaren aurrean, zeinak ikusle paper batera mugaturik, zuzendaritza erreformisten eta estalinisten zuzendaritzapean jarraitzen duen, inork alternatiba iraultzaile bat ematen ez diolarik. Gerrilla guevarista, ia-ia bakarrik zegoen eta bereak eta bi sufritzen ari zen. Bere kideen heroismoagatik soilik eusten zion tinko, baina azkenik zapalduak izan ziren. Urte gutxiren buruan, boliviar langile klasea mugimendu iraultzaile erraldoi baten protagonista izan zen 70-71 urteetan, bere potentzial iraultzailea erakutsiz. Lantegietan sustraitutako eta forjatutako koadro iraultzailedun alderdi bat ez egotea, zuzendaritza iraultzaile bat eskeiniko zion alderdi bat ez egotea, erabakigarria izan zen mugimendua garaitua izateko. Iraultza zabaltzeko bere asmoek bultzatuta eta bere ausardia iraultzaileagatik (eta alternatiba faltagatik etsiturik), Chek eta bere jarraitzaileek, hainbat kamarada iraultzaileren sakrifizioarekin, proletalgoak soilik klase bezala egin dezakeena egin nahi izatearen akats boluntarista egin zuten. Boliviako etsipen egoera honetan, bere bizitza izango zuen kostutzat honek. Gerrilla boterean
Gerrilla boterera iristen den kasuetan ere, mendiko edo oihaneko borroka militarrak eragin duen hiriko langile klasearen bereizketak, ondorioak izango ditu prozesuaren amaieran sortuko den estatu motan. Langile klaseak iraultza gidatu ez duenez langile kontrolaren mekanismoak ez dira sortu modu natural batean prozesu iraultzailean bertan masen eskuetatik. Estatu burguesa suntsitua da, baina gerrillariak boterera iristen direnean ez dago langile klasearen baitatik sortutako eta bere kontrolpean dagoen alternatiba iraultzailerik. Langile mugimenduak gerrillaren laguntzaile papera betetzen du eta ez alderantziz. Ez dago langile klaseak boterea izango duela bermatuko duen sobietik. Aparatu estatal burgesa gerrillaren aparatu militar-iraultzailearekin ordezkatzen da. Chek honakoa hausnartzen du burokratismoaren aurkako bere idatzi batean (Resumen Latinoamericano aldizkariaren gehigarria, Che Guevara Dokumentua): “´Gerrillerismoak` Kubako mendizerretako eta landako borroka armatuaren esperientzia errepikatzen zuen administrazioen eta masen erakunde ezberdinetan (…) Arazo jakin batzuk konpontzeko modua zuzendari bakoitzaren irizpide askeari loturik zegoen (…)”. Marxek azaldu zuen langile estatu bat sortzeko ahalegina langile klasearen ekintzaren eta kontzientziaren ondorioa soilik izan daitekeela, ezin inprobisa daiteke abangoardia iraultzaile batekin, eraman handikoak eta militanteak badira ere. Estatuaren aurka borroka etengabean dauden gerrillari komandoen baldintzek era guztietako ohiturak sortzen dituzte: asanbladetako masen eztabaida ekintza esparru jakin bakoitzeko gerrillari buruaren erabakiengatik ordezkatzea, goitik beherako aginduak (borroka militarrean eraginkorragoa dena), erabakiak zirkulu murritz batzuek hartzen dituzte, azkartasunez eta askotan sekretupean… Fidelekin eta Cherekin batera gerrillako burua izandako Carlos Franquik azaltzen duen bezala: Cheren liburu bat aztertzen genuen, Stalinen leninismoaren oinarriak. Gu hirurok eztabaida garrantzitsu bat izana genuen. Chek babestu egiten zuen eta nik erasotu. Fidelen erabakia harribitxi bat izan zen: “Iraultza batek, zatitua eta garaitua izan ez dadin, buruzagi bat behar du. Gehiago balio du buruzagi txar batek hogei onek baino” (Kubako iraultzaren egunerokoa). Chek azaldu zuen Uztailaren 26ko Mugimenduko buruzagiak bi alditan bakarrik elkartu zirela boterea hartu aurretik eztabaidatzeko eta jarrerak bateratzeko. Iraultzaren gidaritza langile klasearen eskuetan badago, gerrilla borroka iraultzailearen metodo bat gehiago besterik ez da, Leninek azaltzen zuen bezala, fabriketako, langile auzoetako eta herrietako asanbladen eta hauek aukeratutako sobiet ordezkari aukerakor eta errebokableen “menpean” dago, eta iraultzaren garaipenean boteretsuki lagun dezake. Masek sortutako kontrol mekanismo hauek ez badaude lehen aipaturiko ohiturak ager daitezke Estatuaren norabidean. Iraultzaren Defentsa Komiteek, kubatar gobernu iraultzaileak bultzaturik, parte hartze baikorra zuten tokiko arazoetan eta arazo partzialetan baina hau ez zen nahikoa. Ez ziren masengandik sortutako sobietak, botere zentralaren gaineko kontrol eta erabaki gaitasunarekin. Leninen ekimenetik boltxebikeek egiten zituzten urteroko batzarren aurrean, baita gerra zibilean ere. Baina Kuban 1965ean sortutako alderdi komunistak 30 urtetan lau kongresu besterik ez dituzte egin. Enpresen funtzio guztien administrazioa langileen kontrolpean ez zeuden zuzendari industrialen esku geratu zen, Ministerioek zuzenean izendatu eta kontrolatzen zituztelarik. Ez zen karguen hautakortasun eta errebokabilitate mekanismorik ikusten. Joera hauek otzantzeko edo mesedetzeko faktore erabakigarriak iraultzaren isolamendua edo hedapena dira. Chek, hein batean, arrisku honen igarpena izan zuen: “Aurkako neurri bezala aparatu burokratiko indartsuen antolaketa hasi zen, zeinak gure estatu sozialistaren eraiketako lehen etaparen ezaugarria diren, baina astindua handiegia izan zen eta organismo sail osoek, tartean Industria Ministeritza, zentralizazio operatiboko politika bat abian jarri zuten, administrarien ekimena neurriz kanpo geldiaraziz” (E. Guevara. Ob.aip.). Baina ez zituen beharrezko ondorioak atera bertatik. Bereziki, iraultzaren isolamenduak langile estatuarengan ondorio negatiboak izan zitzakeela onartzeari uko egiten zion. “Isolamenduak gauza asko eragin ditzake. Esate baterako, Brasilgo egoera politikoa ulertzeko moduan erratzea, baina iraultzaren martxan distorsiorik, ez” (Galeanorekin elkarrizketa. Ob.aip.). Berak, gerrillari ohien borondate iraultzaileak, ideien indarrak (“motore ideologikoa” deitzen zuena) edozein burokratizazio arrisku ekidingo zuenarengan konfidantza zuen. Marxek, Leninek eta Trotskyk azaltzen zuten bezala, ordea, ideiek duten garrantzi guztiarekin, erabakitzen amaitzen duena, azken batean, masen bizitzaren baldintza materialak dira. Kubako iraultzaren garaipena sozialismorako transizioaren lehengo pausoa izan zen. Honen behin betiko garaipena, ekonomia kapitalismorik garatuena baino maila altuagoan garatzen bada soilik da posible, eskasia, biziraupenerako borroka eta eskasi horretatik sortzen diren desberdintasun ekonomiko eta sozialak deuseztuz. Iraultzaren isolamenduak, batez ere herrialde atzeratu batean, biziraupenerako borroka, desberdintasun sozialak, konfidantzaren galera eta masen sektoreen etsipena, inguru kapitalistaren konpetentzia, merkatu beltza… eragiten ditu. Joera hauek ezin daitezke buruzagi iraultzaile baten borondatearekin soilik borrokatuak izan, ondraduena eta iraultzaileena izanda ere, eta masen partehartzea gutxituko du. Leninek Errusian boterea hartu ondoren azaldu zuen: “beste herrialdeetako langile matxinatuen babes boteretsua lortu bitartean mantentzen jakiten ez badugu betiko galduko gara (…) sozialismoaren behin betiko garaipena herrialde bakar batean ezinezkoa da” (Obra Osoak. 36. Bol). Kubako eta Latinoamerikako iraultza gaur Sozialismorako transizio hau arrakastarekin amaitzeko borroka ez da bukatu. Hamarkadetan zehar kubatar herriak blokeo inperialistaren aurka erakutsitako erresistentzia heroismoaren eta abnegazioaren adibide dira, mundu guztiko milioika gazte eta langileren adeitasuna irabazten jarraitzen duelarik. Baina borroka garapen betean aurkitzen da eta inperialismoa eta burgesia gogor ari dira lan egiten iraultzaren oinarri soziala murrizteko, sabotaia ekonomikoaren eta Kubako ekonomian merkatuaren elementu gehiago sartzearen bitartez. Nahiz eta burgesiaren barruan zatiketa taktikoak egon, hauen guztien helburua, bai blokeoa mantendu nahi dutenena eta bai blokeoa gobernu kubatarraren “borondate oneko zeinu” desberdinen truk kentzea defendatzen duten Europako kapitalistena ere, bera da: kapitalismora itzultzea. Miamiko zizareekin loturak dituen estatubatuar burgesiako sektore bat blokeoa mantentzearen alde dago, eta irlako nekea eta arazo sozialak erabiltzen ahalengintzen da desoreka sortzeko ahal bezain besteko eraso kontrairaultzailerekin. Kapitalismoaren sarrera prestatzen ari dira, hain irrikan duten Fidelen heriotzaren osterako. Burgesia estatubatuarraren beste sektore bat, gaur egun aparatu estatalean eragin gutxiago duena, eta Europako burgesia gehienak, irlak gastu estatalak finantzatzeko duen dibisen beharrarari probetxu ateratzen saiatzen ari dira irlan inbertitzeko, eta ekonomia kubatarrean kapitalismoaren pixkanakako berrezarpenerako oinarri sozial bat emango dioten elementu hazkorrak sortzeko eta sustatzeko. SESBren eta gainerako herrialde estalinisten gainbeherak, kontrairaultza kapitalistaren norabidean, benetan zaila zen egoera batean ipini zuen Kuba. Isolamenduzko, inguruko kapitalismoaren presiopeko eta oinazezko hamarkada batzuen ostean, dudarik gabe, kubatar gizartean nekearen sintomak aurkitzen dira. Hau, halabeharrez, parte hartzearen faltan eta estatuaren aparatuko sektore batzuk oinarriaren kontroletik independizatzeko joeran isladatzen da. Jada egon izan dira zenbait salaketa eta neurri zehatz, baita Fidelen eskutik ere, estatu aparatuko hainbat sektoreren burokratismo, ustelkeria… praktiken aurka. Hau oso arriskutsua da edozein iraultzarentzat, zeren sabotaia ekonomikoarekin, arazo ekonomikoengatiko nekearekin eta inperialismoaren propaganda antiiraultzailearekin konbinatuz, masen sektoreen konfidantza murriztea ekartzen baitu iraultzaren aurrerabidean. Bereziki, kubatar belaunaldi gazteenen artean halako eszeptizismo bat sortzen ari da, eta turismoari loturiko sektore ekonomiko bereziaren eta sektore kapitalista pribatuaren eta estatuaren enpresen artean aurkitzen diren desberdintasun ekonomiko hain erraldoien existentzia bera, gaur estatuari dibisak ematen dizkion, baina bihar iraultza arriskuan jar dezakeen mehatxua da. Sektore honen inguruan interes jakin batzuk garatzen ari dira eta inperialismoaren, burgesiaren eta irlako sektore prekapitalisten aldetik, kapitalismoa bide on eta posible bakar bezala aurkezteko eta merkatuko neurri gehiago sartzea defendatzeko kanpaina kontziente bat dago. Kapitalisten helburua sektore desideologizatuenen eta eszeptikoenen artean sostengatzea da, ez soilik gizartearengan, baita aparatu estatalean bertan ere, Fidel boteretik irtengo litzatekeen kasuan, hauek merkatu ekonomiarako transizioaren buru jar daitezen. Sektore hauek, kapitalismoaren presio ekonomiko eta ideologikoa mantentzen den bitartean (Chek bere garaian salatu zuen bezala eta Fidelek estatuaren eta alderdiaren barnean ardurak dituzten buruzagien burokratismo eta ustelkeria elementuak salatu izan dituenean), beti existituko dira eta eta azken urteetako testuinguruan asko hazi da hauen kopurua eta eragina. Iraultzaileok arrisku hau onartuko ez bagenu mesede ahula egiten ariko ginateke iraultzari. Baina garrantzitsuena arrisku hau garaitzea posible dela ulertzea da eta gaur orain urte batzuk baino egoera hobean gaude hau egiteko. SESBeko, Ekialdeko Europako eta Txinako kontrairaultza kapitalista, Kuban kapitalismoaren eta inperialismoaren garaipena izango litzatekeen hondamenaren adibide dira. Gaur, inoiz baino garrantzitsuagoa da Kuba iraultzailearen defentsan borrokan jarraitzea, kapitalismoa ezartzearen edozein saiakeraren aurka eta iraultzaren sakontzearen eta jarraipenaren alde sozialismorantz. Jarraipen honek, halabeharrez, Amerika Latina osora hedatzera eta mobilizazioaren, kontzientziaren eta masen parte hartzearen berreskuratzera darama, bereziki erabakigarria da langileek estatuko erakundeetan eta erabaki guztiak hartzean esku hartzea. Kuba eta Venezuelaren arteko federazio baten alde Latinoamerika sozialista eraikitzeko lehenengo urrats bezala!! Azken urteetan, Amerika Latinako masen borroken gorakadak, eta bereziki Venezuelan abian den prozesu iraultzaileak, oxigeno baloi bat eman dio Kubako iraultzari. Lehen esaten genuen bezala, iraultza kubatarraren etorkizuna (beste edozein prozesu iraultzailerena bezala) ez da nazionalki erabakitzen, maila internazionalean baizik. Hugo Chavez, masen mugimendu iraultzaile baten buru Venezuelako Presidente izatera iritsi izana eta iraultza bolivartarrak inperialismoari eragin dizkion porrotak, iraultza kubatarrak atzera egin beharrean (inperialistek nahi duten bezala) sozialismorantz aurrera egiten jarraitzeko itxaropen handienean eta sostengu hoberenean bihurtu dira momentu honetan. Che gaur bizirik balego, ziur gaude Venezuelako iraultzaren sozialismorantzako aurrerapenaren, eta Latinoamerikar Herrien Federazio Sozialista bat eraikitzeko lehen urrats bezala Kuba eta Venezuelaren arteko Federazio Sozialista bat sortzearen alde borrokan ariko zela, Bolivar, Sucre, Marti eta beste hainbatekin banatzen zuen ametsa errealitate bihur zedin, Amerika Latino aske, batu eta subirano bat. Iraultza bolivartarrak bankuak, enpresa handiak eta latifundioak desjabetu eta langileen kontrolpean jartzen baditu, ekoizpen baliabideen jabetza pribatua deuseztatzeko eta ekonomia estatizatu eta planifikatu bat ezartzeko lehen urrats bezala, honek oraindik Venezuelan dauden arazo sozialak konpontzea ahalbidetuko luke eta Amerika Latino osoa kutsatuko lukeen eredu bilakatuko litzateke. Neurri honek aurretik dagoen aparatu estatala langile estatu batengatik ordezkatzearekin bat joan behar du, zeina langileen, nekazarien eta beste zapalduen asanblada iraultzaileen bitartez azpitik aukeratutako komite aukeragarri eta errebokableetan oinarrituko litzatekeen. Soilik estatuaren esku dagoen ekonomia batek eta langile klasearen esku dagoen estatu batek berma dezake sozialismorako aurrerapena. Neurri hauek Venezuelan aurrera eramango balira eta Venezuela eta Kubaren arteko Federazio sozialista bat planteatuko balitz, kontinenteko langile eta herri mugimendu guztiak kutsatuko lirateke eta abian dauden prozesu iraultzaileak (Bolivia, Ekuador…) bide beretik aurrera egitera animatuko lituzke. Ez hori bakarrik, munduko langile guztientzat akuilu bihurtuko litzateke. Gogo bizi honekin kutsatutako lehena Kubako gizartea bera izango litzateke eta bereziki irlako langile mugimendua, zeina bere mobilizazioa eta parte hartzea handitzera bultzatuko lukeen kalean eta baita boterearen alor guztietan ere. Honek indar berriak emango lizkioke Kubako iraultzari aurrerantz jarraitzeko ekoizpen baliabideen jabetza kolektiboaren bidetik, gazteen, langileen eta gizartze osoaren erabakietan oinarrituriko ekonomiaren planifikazio demokratikoarekin konbinatuz. Zentzu honetan aurrera pauso batek barrutik eta kanpotik iraultza ahuldu nahi duten sektore prekapitalistak isolatuko lituzke. Gaur, Che Guevararen hondare iraultzailea inoiz baino biziago dago. Kubako, latinoamerikako eta munduko iraultzak aurrera darrai, baina beren garaipena oraindik zintzilik dago. Prozesu horretan laguntzeko modurik hoberena iraultzaile handi honen borrokatik, heroismotik eta ondradutasun iraultzailetik ikastea da, eta baita bere akatsetatik ere. Latinoamerikako grebek eta borroka masiboek, eta baita mundu guztikoek ere, masen sindikatu eta alderdiek programa eta estrategia marxista batekin hornitzeko duten beharra erakusten dute, kapitalismoaren onarpen etsituaren aurrean, munduko iraultzaren bandera altxako dutelarik eta gazte, langile eta nekazariak zuzendu, Chek eta milioika gizon-emakumek azken mendeetan bizitza eskaini dioten klaserik gabeko gizarterantz.
|