Etengabeko Iraultza eta ekonomia mistoaren tranpa

Batez ere joan den mendeko 50. hamarkada erdialdetik aurrera, buruzagi eta teoriko stalinisten eta erreformisten artean "ekonomia mistoaren" ideiak indar berezia hartu zuen. Oinarrian, ideia honek herrialde batean ekonomia sozialistaren eta kapitalistaren elementuak konbina daitezkeela eta modu harmoniko batean existitu daitezkeela planteatzen du, hau da, kapitalisten interesak eta langileenak, biak, defenda daitezkeela. Bere atzean, ordea, iraultzen porrot tamalgarriak utzi ditu.

 

Ekonomia mistoaren ideia, egia esan, ez da berria, gaur egun ere bere defendatzaileak dituen arren. Historikoki, iraultza sozialista etapa luzeen ondoren eta belaunaldietan zehar egin behar dela defendatzeko programaren zati izan da. Ez da kasualitatea ordea, hain zuzen ere bigarren mundu gerraren ondorengo "boom" ekonomikoan zehar hartzea ideia hauek indar gehien. 1948tik 1973ra kapitalismoak bere historiako hazkuntza aldi luzeena eta intentsuena izan zuen. Teorialari erreformistak konbentziturik zeuden jada posible izango zela enpresarien irabazi handiekin batera egonkortasun sozial eta ekonomikoa bermatzea, langabeziarekin amaitzea eta krisi kapitalistak iraganeko kontua zirela zioten. Harrigarria badirudi ere, aurreko artikuluetan azaldu dugun bezala, garai hartako Sobietar Batasuneko hainbat burokrata eta ekonomialarik ere antzeko ideiak planteatzen ari ziren, iraultza zabaltzea interesatzetik urrun, interes kapitalisten mantentzearen alde egiten zutenean, bidea ekonomia mistoa zela defendatuz.

 

Puntu nagusia, hemen ere, sistema kapitalistarekin gradualki amaitu daitekeenaren ideia da; eta hori da, hain zuzen ere, azkenean beti bihurtu izan dena tranpa langile klasearentzat. Kasu honetan, ekonomia mistoaren kontsignak, langile erakunde ezberdinen programan honakoa esan nahi izan du: boterea hartzera iritsita ere, ez direla funtsezko ekoizpen baliabide guztiak desjabetu behar edota kanpo merkataritzaren monopolioa langile estatu iraultzaile baten esku ezartzea bezalako neurriak hartu behar; posible dela ekonomian elementu kapitalistak esku pribatuetan utzirik pixkanaka elementu sozialistak sartzen joatea eta posible dela, aldi berean, masen ongizatea bermatzea eta burgesiari bere jabetzak eta pribilegioak edukitzen uztea, gutxiengoa den klase bizkarroi hori gehiegi haserrarazi gabe.

 

Azken batean, ekonomia kapitalista mantentzen bada ordea, honek zera esan nahi du: ekoizpen baliabideen oinarrizko zatia -nekazal ekoizpen handietako lurrena, enpresena handiena eta bankuena- burgesen esku pribatuetan daudela, eta horrenbestez, horiek irabazi kapitalisten arabera funtzionatuko dutela, langileak horiek kontrolatzetik urrun, bertako esplotaziorako haragi izango direla. Eta noski, burgesiak, baliabide horien guztien jabe izanik, bere esku dagoen guztia egingo du, elementu sozialistekin edota interesatzen ez zaion gobernu batekin amaitzeko, hori saboteatzeko, usteltzeko, etab.

 

Ekonomia mistoak oinarrian bi ideia guztiz bateragaitz ezkutatzen ditu. Lehena, bi sistema erabat antagonikoren koexistentzia harmonikoarena da, sozialismoarena eta kapitalismoarena alegia. Bigarrena berriz, bizikidetza hau hainbat belaunalditan luza daitekeela planteatzean sortzen da; horren arabera, elementu sozialistak gradualki gailentzen joango lirateke, kapitalistak mugatuz, eta prozesu guztia gizartearen egitura ekonomikoaren eraldaketan amaituko litzake.

 

Elementu sozialisten eta kapitalisten arteko edozein motatako bizikidetza harmoniko, edota batzuetatik besteetarako pixkanakako eboluzioa, erabat bazterturik dago bi sistema horiek definitzen dituzten ezaugarri propioengatik. Kapitalismoa sistema anarkiko bat da berez. Mugiarazten duen motor bakarra ekoizpen baliabideen jabe indibidualek irabazi maximoa lortzea da. Aberastasun iturri nagusien jabetza kapitalista gutxi batzuen eskuetan egonik, horiek martxan jartzeko arrazoi bakarra ahal den denbora gutxienean ahalik eta irabazi handiena lortzea izanik, ezinezkoa da edozein erregulazio eta plan kolektibo. Egungo krisi ekonomikoak ederki erakusten du hori, gobernu eta Estatu kapitalistak anarkia horren menpe ezartzen direnean.

 

Aldiz, sozialismoa ekoizpen baliabideen jabetza sozialean, kolektiboan oinarritzen da. Modu honetan bakarrik oinarritu daiteke ekonomia, interes pribatuen zerbitzura egon beharrean, gizarteko behar guztiak asetzera. Hori dela eta, kapitalismoak ez bezala, sozialismoa soilik modu kontzientean eta planifikatuan eraiki daiteke. Horrek ezinbestean, langile klaseak, gainontzeko sektore zapalduen aurrean jarrita, aberastasun iturri nagusiak  -enpresa nagusiak, lurra, bankuak...- kapitalisten jabetzatik kendu eta Estatu iraultzailearen boterean jartzea eskatzen du. Estatu hori, berriz, benetan iraultzailea izan dadin, ezinbestekoa da langileek eta gainontzeko zapalduek zuzendua izatea, lantegietako, ospitaleetako, ikastetxeetako, auzoetako, herrietako… batzarretan oinarriturik.

 

Azken batean, "nork kontrolatzen du ekonomia?" galderan dago gakoa. Elementu kapitalistak mantentzeak, kontrol hori errotik ezeztatzen du. Estatu burgesak ezin du kontrol paperik jokatu interes kapitalisten aurka; aitzitik, bere lana horiek bermatzea izaten da. Ekonomia planifikatuak, aldiz, gizarteko beharrak aurreikusiz, horiek asetzera bideraturiko plan ekonomikoak eginez funtzionatzeko gaitasuna du. Horrela, ekoizpen baliabideen gaineko langileen kontrola funtsezkoa da. Ekonomiaren planifikazioa porrotera kondenaturik dago ez badago langileen parte hartze demokratikopean, parte hartze hori nahitaezkoa baita beharrak ezagutzeko eta eguneroko akatsak atzeman eta zuzentzeko. Trotskyk zioen bezala "sozialismoak langile demokrazia behar du, giza gorputzak oxigenoa behar duen bezala".

 

Sobietar Batasuneko kontrairaultza stalinistaren ondorengo esperientziak argi erakusten du gizartearen gainetik ezartzen den burokrazia pribilegiatua zein itogarri bihurtzen den ekonomiarentzat eta orokorrean gizarte guztiarentzat. Sobietar Batasunean ekonomia planifikatuari esker lorpen ikaragarriak egin baziren ere, urte gutxiren buruan herrialde atzeratu bat izatetik potentzia mundial izatera pasatu zen, hori burokrazia egon arren, hau beti oztopo izan baitzen planifikazioaren garapenerako. Kasta baten pribilegioak, bere aginte politiko itogarria, ustelkeria, merkatu beltza, ekoizpen baliabideen desaprobetxamendua, etab. inolaz ere beharrezkoa ez zen burokrazia hori existitzearen ondorio izan ziren, azkenean iraultzaren konkista guztiak ezeztatu eta kapitalismoa berrezartzen amaitu zuen arte.

 

Ekoizpen baliabideen desjabetzea eta ekonomiaren planifikazio demokratikoa, funtsezko bi puntu dira sozialismorako trantsizioaz hitz egiteko. Batak nahitaez bestea eskatzen du. Hala ere, Trotskyk etengabeko iraultzaren teorian azaltzen zuen bezala, herrialde batean langile estatu bat eta ekonomia planifikatu bat ezartzea ez da sozialismoa, lehen pausoa baizik. Sozialismoaren behin betiko gailentzea munduko ekonomia guztira zabaltzean bakarrik gerta daiteke. Bien bitartean, batak edo besteak bakarrik irabaziko duen borroka bat dago sozialismoaren enbrioi baten eta kapitalismotik bizirauten duten elementu guztien artean. Elementu horiek, biziraupenerako borroka, gizarte zaharretik denbora batean bizirauten duten diru sarreren eta bizi baldintzen ezberdintasuna eta batez ere oraindik kapitalismoa existitzen den herrialdeetako ekonomien eta munduko merkatuaren garro indartsuak dira.

 

Zentzu honetan bakarrik hitz egin daiteke trantsizioaz, hau da, kapitalismoaren eta sozialismoaren arteko borroka batez, non bietako bat bakarrik gailenduko den. Honek, erabat baztertzen du gradualismo, konbinaketa, koexistentzia edo osagarritasun aukera oro bi sistemen elementuen artean. Borroka honen emaitza klase arteko borrokaren baitan datza maila nazionalean nahiz internazionalean. Ekonomia nazionalizatua eta demokratikoki planifikatua eta kanpo merkataritzaren estatu monopolioa langileen kontrolpean, beste herrialdeetara iraultza zabaltzea eta zuzendaritza iraultzailearen politika egoki bat ezinbesteko baldintza dira garaipenerako.

 

Horrenbestez, ekonomia mistoa ez da tarteko fase bat kapitalismoa eta sozialismoa konbinatzen dituena, edo hibrido bat. Tranpa bat da. Diskurtso ofizialak sozialismoa eraikitzen ari dela esan arren, praktikan kapitalismoak jarraitzen du funtzionatzen ekonomiaren zati handiago edo txikiago bat Estatuaren esku badago ere, langileak betiko gaitzetara kondenatzen ditu: fabrika itxierak, langabezia, prezioen inflazioa, etab. Oinarrizkoa da beraz langile klasearen erakundeek ekoizpen baliabideen desjabetzea eta ekonomiaren planifikazio demokratikoa defendatzea, hori baita modu bakarra kapitalismoarekin bukatzeko eta gizarte sozialista eraikitzeko.

 

 

Informazio gehigarria