MANIFESTU KOMUNISTA GAUR

Manifestu Komunistari

Hitzaurrea 

                Irakurle agurgarria, munduaren historian izan diren idatzietatik garrantzitsuenetariko bat duzu esku artean. Lehen begirada batean, badirudi Manifestuaren edizio berri baten argitalpenak azalpen bat behar duela. Nola justifika daiteke duela 150 urte idatzi zen liburu baten berrargitalpen bat? Duela mende eta erdi gai beretsuei buruz idatzitako liburu burges bati erreparatzen badiogu, segituan ohartuko gara liburu horrek interes historiko soil bat besterik ez duela izango, aplikazio praktikorik gabe. Hala ere, aurrean dugun liburu hau dagoen idatzirik modernoena da. Hementxe duzu, oso hitz gutxitan mundu mailako gaurko egoeraren oinarrizko fenomeno guztiak azaltzen dituen analisi sakona. Manifestu Komunistak, izatez, gaur egun egiatasun handiagoa du azaldu zen unean baino, 1847an. Jar dezagun adibide bat bakarrik. Marxek eta Engelsek idatzi zuten garaiean, monopolio handien kapitalismoa oso urrun aurkitzen zen etorkizunean. Bestalde, “enpresa askeak” eta konpetentziak nahita nahi ez kapitalaren kontzentrazioa eta ekoizpen faktoreen monopolizazioa ekarriko zutela azaldu zuten. Oso dibertigarria da kapitalismoaren defendatzaileen baieztapenak irakurtzea, Marx auzi honetan nahastu egin zela esaten dutenean, zehazki hau izan zenean bere igarpenik bikainena eta ukaezinena.

 

                  1980ko hamarkadan modan jarri zen “txikia dena polita da” (small is beautiful) lema. Txikia denaren, handia denaren eta ertaina denaren estetikari buruzko eztabaida batean sartu gabe (norbera bere iritzia emateko libre delarik), gertakari eztabaidaezina da Marxek aurrikusitako kapital kontzentrazioaren prozesua eman dela, ematen ari dela, eta gainera, azken hamar urte hauetan inoiz ikusi ez diren mailetaraino iritsi dela. 

 

                Kapitalaren kontzentrazio honek ez du ekoizpenaren handitze bat adierazten, baizik eta justu kontrakoa. Ameriketako Estatu Batuetan, prozesua modu argian ikusten den lekuan, 1994ean 500 monopolio handik diru sarrera guztien %92a kontrolatzen zuten. Mundu mailan, mila konpainia handienek 8 bilioi dolarreko diru sarrerak zituzten, hau da, munduko sarreren herena. AEBtan, familia aberatsenen %0,5ak gizartearen eskuetan dauden finantza aktiboen erdiak zituzten. Biztanleria estatubatuarraren %1 aberatsenak 1978an zuen nazio aberastasunaren portzentaia, %17,6koa, 1989ko %36,3 harrigarri bateraino igo zuen. 

 

                Kapitalaren zentralizazio eta kontzentrazio prozesua inoiz ikusi gabeko proportzioetaraino iritsi da. Adkisizio edo eskuraketen kantitatea maila izugarrietara iritsi da herrialde kapitalista aurreratu guztietan. 1995ean marka guztiak gainditu ziren elkarketei eta EEPei (Erosteko Eskaintza Publikoa [OPA]) dagokienean. Mitshubishi Bank eta Bank of Tokyo munduko bankurik handiena sortuz elkartu ziren. Chase Manhattanen eta Chemical Banken bateratzeak Amerikako banka talderik handiena sortu zuen, 297.000 milioi dolarreko aktiboekin. Entretenimenduko munduko konpainiarik handiena Walt Disneyk Capital Cities/ABC erosi zuenean sortu zen. Westinghousek CBS erosi zuen, eta Time Warnerrek berriz Turner Broadcasting Systems. Sendagaien sektorean, Glaxok Wellcome erosi zuen. Kimberly-Clarkek Scott Paper erosi izanak munduko paperezko mukizapi ekoizlerik handiena sortu zuen. Azken asteetan ikusi dugu Forteren EEP oldarkorra , Britainia Handiko hostalaritza talderik handienarena, bere etsaiaren gainetik ipiniz, Granada aisialdi eta jatetxe inperioaren gainetik alegia, 5100 milioi dolarrengatik. Suizak berak ere bere lehenengo EEP oldarkorra ikusi du, Holvisen papergintza taldearengain. Ia kasu guztietan, intentzioa edo nahia ez da lantoki eta makina berrietan inbertitzea, baizik eta kontrakoa, enpresa osoak istea eta langileak botatzea irabazien tartea ekoizpena handitu gabe igo dadin. 

 

                Oso erraza litzateke, dudarik gabe, Marx eta Engelsek definitutako kapital kontzentrazio prozesuaren inguruko datu gehiago ere ematea.

 

   LANGABEZIAREN GAITZA  

 

             “Gauza jakina da, beraz, burgesia ez dela gai gizartearen klase agintari papera burutzen jarraitzeko eta ezta lege erregulatzaile bezala bere klasearen biziraupen baldintzak inposatzeko ere. Ez da gai agintzeko zeren ez baita gai bere esklabuari ere biziraupena segurtatzeko esklabutasun markoaren barnean; eta beharturik ikusten baita esklabua gainbeheraraino eramatera berau mantendu behar izaterainoko puntura iritsi arte, esklabuak bera mantendu beharrean. Gizarteak ezin du bere agintepean bizitzen jarraitu; beste modu batean esanda, burgesiaren existentzia, datozen garai hauetan, ez dator bat gizartearenarekin” (Manifestu Komunista). 

 

             Politiko erreformisten itxaropenen aurka, langabezia masiboa mundu guztira hedatu da berriro ere, olio orban bat bailitzan. NBEren datu ofizialen arabera, nazioarteko langabezia 120 milioi lagunetara zabaltzen da. Datu honek, langabeziaren datu ofizial guztiek bezala, egoera errealaren gutxieste garrantzitsu bat adierazten du. Sektore marginaletan lan egiten dutenen kantitatea gehituko bagenio, nazioarteko langabeziaren datu erreala ez litzateke 850 milioi lagunetatik jeitsiko une honetan. 

 

             Mendebaldeko Europan bakarrik, datu ofizialen arabera, 18 milioi inguru langabetu dago, biztanleria aktiboaren %10,6a. Espainiaren datua %23 beldurgarri bat da. Baina Alemanian bertan ere, Europako herrialde “indartsuan”, langabeziak 4 milioiak gainditu ditu Hitlerren garaietatik lehen aldiz. Japonian ere, 30. hamarkadatik lehen aldiz, langabeziak izugarri egin du gora. Japoniak zuen enplegu osoko paradisuaren irudia historiara igaro da. Datu ofizialen arabera, %3ko langabezia dago. Hau okerra da ordea. AEBtako kalkulu irizpide berak erabiliz gero, datua %8koa izango litzateke, gutxienez. 

 

          Langabezia hau ez da iraganeko langileek ederki ezagututako langabezia ziklikoa, atzeraldi batean handitzen zena eta ekonomia errekuperatzen zenean desagertzen zena. AEBtako boom-aren bosgarren urtean gaude jada, eta nazioarteko langabeziak ez du jeisteko itxurarik erakusten, edo ez behintzat modu esanguratsu batean. Egunero iragartzen dira plantila errekorteen eta kaleratzeen uholde berriak. Ez hori bakarrik, langabezia honek iraganean inoiz eragin ez zien sektoreei eragiten die: irakasleei, sendagileei, erizainei, funtzionario publikoei, bankuko enplegatuei, zientifikoei eta baita zuzendaritzetako kideei ere. Segurtasun faltaren giroa hedatu egin da gizartearen maila guztietara.

 

          Lehen aipaturiko Marx eta Engelsen hitzak zuzenak dira literalki. Herrialde guztietan, burgesiak “Gastu publikoa murriztu behar da!” egiten du oihu. Hauxe da Aznar gobernuaren lema, baina ez berea bakarrik. Gastu publikoa murrizteko grin hori mundu guztiko gobernuen ohiko ezaugarria da, bai eskuinekoak izan, edo “ezkerrekoak” izan edo dena delakoak izan. Hau ez da politikarien gutizia indibidualengatik gertatzen, kapitalismoaren krisiaren adierazpen grafikoak dira.

 

           Azken aldian –1948tik 1973rako goraldi kapitalistaren aldi luzean- burgesiak, modu partzial eta iragankor batean, bere sistemaren bi kontraesan oinarrizkoak gainditzea lortu zuen: jabetza pribatua eta estatu nazionala. Hau, alde batetik, metodo Keynesiarren aplikazioarekin (Estatu kapitalismoa) eta beste aldetik, nazioarteko merkataritzan egindako partehartzearekin egin zuen. Baina orain hau dena amaitu da. Eredu zaharra bere azkenetara iritsi da.  

  

SOZIALISMOA ETA INTERNAZIONALISMOA

                  

          Azken urteotan, ekonomilari burgesek asko hitz egiten dute “nazioarteko ekonomiaren globalizazio” fenomenoaz, zerbait berria aurkitu izan balute bezala. Praktikan, Marx eta Engels izan ziren kapitalismoa nazioarteko sistema bezala garatzen dela azaldu zutenak Manifestuan. Euren analisia bikain baieztatua izan da orain. 

 

            Une honetan inork ezin du ukatu nazioarteko ekonomiaren menderapen zapaltzailea. Hauxe da bizi dugun garai honetako aspekturik erabakigarriena. Merkatu mundialaren garaia da, politika mundialarena, kultura mundialarena, diplomazia mundialarena eta baita gerra mundialarena ere. Jada honelako bi jasan ditugu kapitalismoaren krisia dela eta. Bigarrenak 55 milioi hildako ekarri zituen eta ia giza zibilizazioaren suntsipenera iritsi zen.

 

                Sozialismoa internazionala da, edo bestela ez da ezer. Baina langile internazionalismoa ez da sentimentalismoaren fruitu. Ez da “ideia on bat” bakarrik. Marx eta Engelsen analisi zientifikotik dator, zeinak estatu nazionalaren sorrerak, burgesiaren konkista aurrerakoi historikoetako bat berau, nahita ez nazioarteko merkataritza sistema bat dakarrela dioen. Ekoizpen indarren garapen izugarria ezin da estatu nazionalaren muga estuetan mantendu kapitalismoaren barruan, eta ondorioz, potentzia kapitalista guztiak, baita handienak ere, nazioarteko merkatuan geroz eta gehiago partehartzera beharturik ikusten dira. 

 

               Ekoizpen indarren potentzial izugarriaren eta estatu nazionalak suposatzen duen itxitura itogarriaren arteko kontraesana 1914ean eta 1939an irten zen azalera, modu dramatiko batean. Iskanbila odoltsu hauek, sistema kapitalistak ikuspuntu historiko batetik, bere eginkizun aurrerakoia amaitu zuela erakutsi zuten. Baina sistema sozioekonomiko bat maila gorenago batera eraldatzeko ez da nahikoa mundu zaharra krisian egotearekin. Krisi ugari egonda ere, diru sarrerak eta oraingo jabetza erlazioek sortzen dituzten pribilegioak eta ospea nahi dituzten interes indartsuak ere badaude, eta kosta ala kosta saiatuko dira gizartearen aldaketa saiakera guztiak ekiditen. Horrexegatik ez zuten Marxek eta Engelsek idatzi abstraktu bat egin, baizik eta Manifestu bat, ekintzarako dei bat, eta ez testu-liburu bat; alderdi iraultzaile baten argiratzea, eta ez eztabaidarako klub batena. 

 

               Kapitalismoa eraisteko beharrezkoa da langileak klase bezala antolatzea bere klase interesen alde egiteko. Hamarkada askotan zehar, herrialde guztietako langileek, baina batez ere herrialde kapitalista aurreratuenetakoek, alderdi eta sindikatu boteretsuak sortu dituzte. Baina erakunde hauek ez dira hutsean existitzen. Kapitalismoaren presioen menpe daude, batez ere zuzendaritzaren gainean pisatzen dutenak berauek.

 

                Gaur egun, ekoizpen indarren garapena oztopatzen duten bi traba oinarrizkoenak jabetza pribatua eta estatu nazionala dira. Giza zibilizazioaren aurrerapen berri batek traba hauen desagerpena eta plangintza arrazionalean, zientifikoan eta demokratikoan oinarritutako mundu mailako ekoizpen sistema baten ezarpena eskatzen du. 

 

               Estatu nazionalaren bankarrota orokorki eta gaizki izendaturiko aberrazio beldurgarri harena, “herrialde bakar bateko sozialismoarena”, zehazki, argi eta garbi geratu zen estalinismoa erortzean eta baita lehenago ere, burokrazia errusiarrak eta txinatarrak nazioarteko merkatuan izandako partehartzearekin. Afrikako, Asiako eta Hego Amerikako herrialde guztiak, inperialismoak euren gaineko kontrol zuzena galdu zuenean independentzia lortu zuten haiek, berriro ere beraien jabe zaharren menpe daude nazioarteko merkatuaren mekanismoaren bitartez, esku eta hankak lotzen baitizkie. 

 

               Ekoizpen indarren garapen askeak herrialde guztietako ekonomien batasuna eskatzen du plan amankomun batean, denon honerako, planetako baliabideen esplotazio armonikoa baimenduko lukeena. Hau hain dago argi ezen sozialismoarekin zerikusirik ez duten zientifiko eta adituek ere, gizadiaren bi heren jasaten ari den ametsgaiztoarengatik samindurik eta ingurugiroaren suntsipenaren ondorioengatik arduraturik, onartzen baitute. Baina hauen intentzio oneko gomendioak hondorik gabeko zakuan erortzen dira, multinazional handien interesekin bat ez datozelako, hauek nazioarteko ekonomia kontrolatzen baitute eta hauen kalkuluak ez baitaude gizadiaren ongizatean edo planetaren etorkizunean oinarriturik, baizik eta diru gosean eta edonon eta edonola irabaziak lortzean. 

 

               XX. mendearen azken hamarkadan, “globalizazioari” buruz hainbeste hitz egiten den unean, kontraesan nazionalak inoiz baino indartsuagoak dira. Duela 10 urte, AEBek barne produktu gordinaren %6a soilik esportatzen zuten. Orain datua %13koa da, eta 2000 urterako %20ra igotzeko asmoa dute. Hau mundu guztiarentzat merkatal gerraren deklarazio bat da, Japoniatik hasita. Izatez, AEBen eta Japoniaren arteko tentsioak hainbesteko mugetaraino iritsi dira ezen beste garai batean gerra bat sortu ahal izango zukeela. Arma nuklearren existentziak superpotentzien arteko gerra bat deskartatzea suposatzen du ordea egun. 1914ko eta 1939ko irtenbidearen moduko bat, gaur egun behintzat, ezinezkoa da. Kanpoko irtenbide baten faltan, barneko kontraesanek okerrera egitera jotzen dute. Klase menderatzaileak ez du krisia langile klasearen bizkarrean ipini beste irtenbiderik ikusten.

 

                Manifestuaren egileek, begizorroztasun harrigarriarekin, herrialde guztietako langileak jasaten ari diren oraingo egoera aurrikusi zuten honako hau idaztean:

 

                “Makinen erabilpenaren ugaritzeak eta lan banaketak berezko izaera kentzen diote langilearen lanari, eta langileari erakarpen osoa galduarazten diote horrekin. Langilea makinaren apendize soil bat bihurtzen da, eta operazio errazenak eskatzen zaizkio, monotonoagoak eta ikasterrezagoak. Beraz, langile batek gaur egun balio duena, bizitzeko eta bere leinua mantentzeko behar dituen biziraupen neurrietara murrizten da gutxi gora behera. Baina lan ororen prezioa, merkantzia ororena bezala, ekoizpen kostuen bera da. Ondorioz, zenbat eta gogaikarriagoa izan lana, orduan eta baxuagoa izango da soldata. Honetaz gain, makinaria eta lan banaketa garatzen diren heinean, handitu egiten da lan kantitatea, bai lanegunaren luzapenagatik, bai denbora jakin batean egin beharreko lanarengatik, makinen erritmoaren azkartzeagatik, etab.” 

 

              AEBek gaur egun Marx eta Engelsen garaian Britainia Handiak betetzen zuen lekua betetzen dute: herrialde kapitalista garatuena. Horregatik adierazten dira hemen kapitalismoaren tendentziarik orokorrenak gardentasun handienarekin. Azken 20 urteetan AEBtako langileen soldata erreala %20an jeitsi da, lanegunaren %10eko handitzeak lagundurik.

 

              Honela bada, azken aldiko goraldi kapitalista, eta hein handi batean horren ondorio izan da, langileen esplotazioaren handitze izugarriarekin lagundurik joan da. AEBtako langileak urtean 168 ordu extra sartzen ditu batazbeste, ia lan hilabete bat parekatzen duen gehigarria. Hauxe da bereziki automobil industriaren kasua, non astero 9 orduko sei lanegun diren legea (esan behar, automobilen langile sindikatuaren arabera, sektore honetan soilik lan astea 40 ordutara murriztuko balitz 59.000 lanpostu berri sortuko liratekeela). 

 

           1994ko urriaren 24ko Time aldizkariko artikulu baten arabera: “Langileak kexu dira, beraientzat hedapenak nekea esan nahi duelako. Industria amerikar osoan, enpresak ordu extrak erabiltzen ari dira AEBren lan indarrari etekin handiena ateratzeko: batazbesteko lan astea 42 orduko errekorrera iristen da, 4,6 ordu extra gehituz.” Artikulu berean Joseph Kelterbornen kasua aipatzen da, zuntz optiko sareen instalatzailearena, zeinak enplegatuen murrizpena dela eta, batazbeste 4 ordu extra sartzen dituen egunean eta asteburu bat hirutatik behin: “Etxera iristen naizenean,” dio kexuz, “dutxa bat hartzeko, afaltzeko eta lo pixka bat egiteko dut denbora soilik; oso gutxira jada jeikitzeko eta berriro hasteko ordua da”.

 

           Lan orduen ugaritzeak, diru sarrera errealaren erorketak, erritmoen handitzeak, etab.ek, sortutako presio izugarriek langile familien bizi kalitateetan zinezko ondorioak ditu. AEBtan, beste herrialde batzuetan bezala, jaiotza tasa erori egin zen, familiako 2,5 semeko batazbestekotik  60. hamarkadaren hasieran, 1,8ra 80ko hamarkadaren azkenetan. Dibortzioak bikoiztu egin ziren 70. hamarkadan, 80ko hamarkadako ezkontzen %60a adieraziz. Bizi-itxaropena bera ere, 1980 arte igo zena, estankatu egin da. 

 

          Egoera berdina dugu Britainia Handian, bi milioi eta erdi lanpostu suntsitu direlarik industria sektorean 1980ko hamarkadan, eta hala ere, 1979ko ekoizpen maila bera mantendu da. Hau ez da makinaria berriaren sarrerarekin lortu, baizik eta langile britainiarren gainesplotazioarekin. Keneth Calmanek, Osasun Sailaren Zuzendari Orokor britainiarrak, 1995ean ohartarazi zuen “bizi osorako lanpostuaren galerak estresarekin erlazionatutako gaixotasun epidemia bat zabaldu du”ela.          1994ean 175 milioi lan egun galdu ziren gaixotasunagatik Britainia Handian, ia zortzi lan egun langileko. Errezeta medikuen kantitatea 11,7 milioira igo zen iaz. “Estresa, trafikoaren konjestioa eta kutsadura gidari profesional britainiarrak hiltzen ari dira”, dio Recordek, TGWU garraio sindikatuaren gazetak. Sindikatu honek egindako azterketa batean, gidarien %30ak bolantean lo hartu izana konfesatu zuen, eta ia hauen %45ak istripuak izan dituela hori dela eta. Antzeko adibideak eman daitezke beste edozein herrialde kapitalistarekin erlazionaturik.

 

  MARXEN METODOA 

 

         Manifestuko igarpen harrigarriak ez dira kasualitate hutsa. Marxismoaren metodo zientifikoari dagokio –materialismo dialektikoari, eta zehazki honen aplikazio historikoari, materialismo historikoari-. Historiaren teoria marxistaren oinarriak finkaturik zeuden aurreko idatzietan, hala nola Familia Sakratuan eta Ideologia alemaniarrean

 

          Beharrezkoa da sozialismoa eta komunismoa ez direla Marx eta Engelsekin hasten gogoratzea. Euren aurretik baziren klaserik gabeko gizarte baten ideia defendatzen zuten pentsalari handiak, jabetza amankomunean oinarriturik: Robert Owen, Fourier, Saint Simon. XVI. mendean bertan, Tomas Morok Utopia liburua idatzi zuen, gizarte komunista bat deskribatuz. Lehenagotik ere, lehen kristauak jabetza pribatua erradikalki aboliturik zegoen komunitateetan antolatu ziren, Apostoluen Ekintzetan ikus daitekeen bezala. 

 

          Marx eta Engelsek sozialismo utopiko izendatu zituzten tendentzia hauek guztiak, beraiek sozialismo zientifikoa defendatzen zuten bitartean. Baina zertan datza ezberdintasunak? Utopikoentzat, sozialismoa ideia on bat zen soilik, gizakien artean predikatu beharreko moralki desiragarria zen zerbait. Ikuspuntu honetatik, arrazoia izan balute, gizarte sistema hau duela bi mila urte martxan jarria izan zitekeen, gizadiak arazo dexente aurreztu ahal izango zituzkeelarik!           Sozialismoak ekoizpen indarren garapen mailan –industrian, nekazaritzan, zinetzian, teknologian- datzan oinarri material bat duela azaldu zuten lehen aldiz Marx eta Engelsek. Materialismo historikoak garapen historikoa azken batean ekoizpen indarren garapenean oinarritzen dela azaltzen du.           Baieztapen hau askotan distortsionatu dute marxismoaren etsaiek, Marx eta Engelsek “dena ekonomikora mugatzen dutela” adieraziz. Manifestuaren egileek behin eta berriz erantzun zioten karikatura zarpail honi, Engelsek Blochi bidalitako gutun ezagun honetan ikus daitekeen bezala:          “Historiaren kontzeptzio materialistaren arabera, historiaren elementu determinatzailea azken batean bizitza errealeko produkzio eta erreprodukzioa dira. Ez Marxek eta ez nik ez dugu hau baino gehiago baieztatu; beraz, norbaitek elementu ekonomikoa determinatzaile bakarra dela esateraino eraldatuz faltsutu baldin badu, zentzurik gabeko esaldi abstraktu eta absurdu bateraino eraldatu du. Egoera ekonomikoa oinarria da, baina superregituraren zati ezberdinek: klase borrokaren forma politikoek eta hauen ondorioek, klase garaileak gudua irabazi ostean ezarritako konstituzioek, etab., forma juridikoek, eta, ondorioz, baita borroka erreal guzti hauek borrokarien garunetan utzitako isladek: teorikoek, politikoek, juridikoek, ideia erlijiosoek eta dogma sistema bilakatzeko ondorengo garapenak, borroka historikoengan badute eragina eta kasu askotan beraiek dira formaren determinatzaileak”.

 

          Argi dago erlijioak, politikak, moralitateak, filosofiak, etab., paper bat jokatzen dutela prozesu historikoan. Halaber, azken finean, sistema sozioekonomiko baten arrakasta gizakien oinarrizko beharrak asetzeko duen gaitasunari dagokio. Ideia erlijiosoak, politikoak eta filosofikoak garatu aurretik, jendeak jan, jantzi eta etxeetan bizi behar du. Lehenbiziko aroetatik, gizon-emakumeek behar hauek asetzeko egin behar izan dute borroka, eta gizadiaren gehiengo izugarri batentzat, egoerak berbera izaten jarraitzen du.

 

          Une jakin batean, lan banaketa sortzen da, historikoki gizartea klasetan banatu zen unearekin bat datorrena. Honek aurrerapausu izugarri bat adierazten du, lehen aldiz, soberakin sozialaren sorrera baimentzen baitu eta baita lan egin beharrik ez duen klase bat sortu ere, besteren lanetik bizi den klase menderatzaileak: aintzin aroan, esklabuenetik; gero, feudalismopean, jopuenetik; eta azkenik, kapitalismoan, soldatapeko langileenetik.

 

           Sistema klasistan sufrimendu, laido eta bidegabekeria ugari izan badira ere, ikuspuntu marxista batetik, hau da, ikuspuntu zientifiko batetik, eta ez moralistatik, honek denak gizartea aurrera bultzatzeko balio izan zuen. Greziako eta Erromako zientziaren, artearen eta filosofiaren ekarpenik zoragarrienak esklabuen lanean oinarriturik zeuden, erromatarrek “instrumentum vocale” deiturikoak, -“herraminta ahotsduna” (langile modernoaren egiazko egoera ez da gehiegi aldatu)-. Soberakina nahikoa zen esplotatzaile gutxiengo bat lanetik askatzeko, baina ez gehiengoa askatzeko, zeinaren esklabutasuna zibilizazioaren biziraupen baldintza zen, ekoizpen indarren garapenetik sortzen dena berau.

 

          Marx eta Engelsek azaldu zuten, gizarte mota batek bere ekoizpen indarrak garatzen dituen neurrian jarrai dezakeela bizirauten, eta ez dela desagertzen duen potentzial guztia agortu arte. Zentzu honetan, sistema sozioekonomiko jakin bat organismo bizi batekin konpara daiteke. Jaio, hazi, bere indarren osotasunean sartu, eta ondoren, puntu goren bateraino iristen da, non bere beherakada hasten den, heriotzarekin amaituz. Hona hemen ez soilik kapitalismoaren garapena azaltzeko, baizik eta orokorrean gizakien gizartea azaltzeko ere balio duen lege zoragarria. Lehen aldiz, historia ulertzen laguntzen digu ez zentzurik gabeko zerbait bezala, zoriaren fruitu, ezta “indibiduo handien” berezko obra bezala, baizik eta legeak dituen prozesu bat bezala eta ulergarria izan daitekeena, naturaren edozein arloren moduan.

 

          Charles Darwinek espezieak aldakaitzak ez direla, baizik eta iragana, oraina eta geroa dutela, aldatu eta eboluzionatu egiten direla azaldu zuen modu berean, Marx eta Engelsek sistema sozioekonomiko bat zerbait finkoa eta betirako ez zela azaldu zuten. Hauxe da garai bakoitzeko ilusioa. Gizarte sistema bakoitzak gizakientzat existi daitekeen sistema mota bakarra dela uste du, bere erakunde edo instituzioak, bere erlijioa, bere moralitatea azken hitza direla. Horixe uste zuten kanibalek, apaiz egiptoarrek, Maria Antonietak eta Nikolas tsarrak. Horixe uste dute gaur egun burgesek eta hauen apologistek, inolako funtsik gabe, gaizki izendatutako “enpresa askearen” sistema egon daitekeen bakarra dela segurtatuz, hain justu urez gainezka egiten ari den momentu berean.   

 

ERREFORMA ALA IRAULTZA
 

          Egun, “eboluzioaren” ideia hondoraino sartu da jende ikasiaren kontzientzietan. Darwinen ideiak, bere garaian hain iraultzaileak izandakoak, erabat onarturik daude gizartean. Hala eta guztiz ere, eboluzioa prozesu mantso eta gradual bat bezala ulertua izan da orokorrean, etenik gabekoa eta jauzi biolentorik ez duena. Politikan, honelako argudioak erreformismoa justifikatzeko erabiltzen dira askotan. Tamalez, gaizki-ulertu batean oinarriturik daude. Eboluzioaren benetako mekanismoak liburu itxi bat izaten jarraitzen du gehiengo handi batentzat. Hau ez da harrigarria, Darwin berak ere ulertu ez zuela kontutan hartzen badugu. Azken hamarkadan, Stephen J. Gouldek, etendako orekaren teoriaren egileak, egindako aurkikuntza paleontologiko berriekin frogatu ahal izan da eboluzioa ez dela prozesu gradual bat. Aldaketarik ematen ez den aldi luzeak daude, baina, momentu jakin batean, eboluzioaren lerroa apurtzen duen leherketa gertatzen da, espezie batzuen desagerpena eta beste batzuen goraldia ezaugarritzat dituen zinezko iraultza biologiko bat. 

 

        Historiaren azterketarik azalekoenak ere interpretazio gradualistaren faltsutasuna erakutsiko du segituan. Gizarteak, naturak bezala, aldaketa mantso eta gradualeko aldi luzeak ezagutzen ditu, baina hemen ere lerroa eten egiten da eztandazko garaiengatik, gerrengatik eta iraultzengatik, prozesuak azelerazio izugarri bat jasanez. Izatez, gertakari hauek dira Historiaren indar higiarazle garrantzitsuenaren papera betetzen dutenak. Eta leherketa hauen funtsezko arrazoia sistema sozioekonomikoa jada bere mugetara iritsi dela da, eta ezin duela ekoizpen indarrak lehen bezala garatzen jarraitu.

 

         “Orain arteko gizarte guztien historia klase borroken historia da” dio Manifestuak bere esaldirik entzutetsuenetako batean. Baina, zer da klase borroka? Langile klaseak sortutako soberakinaren banaketagatik egiten den borroka da. Eta borroka hau beti nahitaezkoa izango da ekoizpen indarrek miseria eta ondasun eskasia abolitzeko adinako garapen maila lortzen ez duten bitartean, ez gutxiengo pribilegiatuarentzat soilik, baizik eta denentzat. Sozialismoa, beraz, ez da edozein egoeratan, jendeak nahi duenean, praktikara eraman daitekeen “ideia on bat”. Sozialismoak oinarri material bat du, industriaren, nekazaritzaren, zientziaren eta teknologiaren garapenean oinarritzen dena. 

 

         1845-46ean idatzitako Ideologia alemaniarrean, Marx eta Engelsek, sozialismoak “ekoizpen indarren handitzea, garapen maila altua (…)” behar duela azaldu zuten “zeren eta hori gabe eskasia soilik orokortuko litzateke, eta ondorioz, pobreziarekin, berriro ere beharrezkoagatik borroka hasiko litzateke nahita nahi ez aurreko zabor guztia itzuliz”. 

 

          Esaldi honekin –“aurreko zabor guztia”- desberdintasuna, esplotazioa, zapalketa, ustelkeria, burokrazia, Estatua eta gizarte klasistaren gaitz endemiko guztiak zituzten buruan Marx eta Engelsek. Gaur egun, Errusian estalinismoa erori ondoren, sozialismoaren etsaiak marxismoaren ideiak aurrera ezin direla eraman azaltzen saiatzen dira. Baina txikikeria bat ahazten zaie, hau da, Errusia 1917 aurretik India gaur egun dena baino dexente atzeratuagoa zela.

 

            Leninek eta boltxebikeek, Marxen idatziak ederki ezagutzen zituztelarik, sobran zekiten Errusian ez zegoela sozialismoarentzako baldintza materialik. Baina Leninek eta Trotskyk ez zuten inoiz iraultza nazionalaren ideia eduki, “herrialde bakar bateko sozialismoaren” ideia eduki, eta askoz gutxiago Errusia bezalako herrialde atzeratu batean.Leninek eta boltxebikeek nazioarteko iraultza baten aurreikuspenarekin hartu zuten boterea. Errusian boterea hartu izanak bultzada izugarria eman zion iraultzari Europa osoan, Alemaniatik hasita, garaipena lortu ahal izan zezakeena buruzagi sozialdemokraten koldarkeriarengatik eta traizioarengatik izan ez balitz, honela kapitalismoa salbatuz. Munduak prezio izugarria ordaindu behar izan zuen krimen honengatik, gerra arteko iskanbila ekonomiko eta sozialekin, Hitlerren Alemaniako garaipenarekin, Espainiako gerra zibilarekin, eta azkenik, mundu gerra baten izugarrikeriekin. 

 

              Hau ez da 1945etik aurrera gertatutako prozesua aztertzeko lekurik egokiena. Nahikoa da kapitalismoak, denbora batean lehen aipatutako metodoak erabiliz, egonokortasun erlatibo bat lortu zuela esatea, Europako Mendebaldeko herrialde aurreratuetan, Japonian eta AEBtan behintzat. Baina, aldi honetan ere, kontraesan oinarrizkoenak ez ziren desagertu. Gizadiaren bi herenentzat aurretik inoiz ikusi gabeko gosea eta miseria, gerra, iraultza eta kontrairaultza urteak izan ziren. Baina herrialde industrializatuetan behintzat enplegu osoa, “Ongizate Estatua” eta bizi mailaren goraldia zeuden. 

 

            Honek denak indarra eman zion kapitalismoak euren arazoekin amaitu zuenaren ideiari, langabezia iraganeko zerbait zen ideiari, klase borroka amaitu zelari eta marxismoa (noski) zaharkiturik geratu zelari. Zein ironikoak diruditen hitz hauek gaur! Mendebaldean 30 milioi langabe baino gehiagorekin eta herrialde guztietako langile klasearen bizi kalitateari egiten zaizkion eraso basatiekin, klaseen arteko kontraesanak geroz eta gehiago ari dira handitzen. 1995eko abenduan langile klase frantziarrak egindako mobilizazio bikainek Bigarren Mundu Gerraz ezkerotik Alemanian egindako mobilizazio handienek jarraitu die, errekorteen aurka. Ziur egon gaitezke Estatu espainiarreko langileek ez dutela denbora gehiegi itxarongo Aznarren gobernuak konkista ekonomiko eta sozialak hondatzeko egindako saiakerari erantzun sendo bat emateko. 

 

             “Izate sozialak zehazten du kontzientzia”. Hauxe da materialismo historikoaren oinarria osatzen duen beste ideia handia. Goiz edo berandu, baldintza sozialak jendearen kontzientzian sentitzen dira. Hori bai, gizartean ematen diren prozesuen eta hauek gizon-emakumeen buruetan islatzen diren moduaren erlazioa ez da automatikoa ezta lineala ere. Horrela balitz, sozialismoarenpean bizitzen egongo ginatekeen urte luzez! Idealistek uste dutenaren aurka, giza pentsamendua orokorrean ez da aurrerakoia, baizik eta kontserbadorea era sakonean. Garai “arruntetan”, jendea ezagutzen dituen gauzei eusten saiatzen da. Nahiago dute “bizi osoan” zehar hor egon diren ideietan, moralitatean, erakundeetan, alderdietan eta buruzagietan sinesten jarraitu.             Engelsek esan zuen badirela historian 20 urte egun bat bezala igarotzen diren aldiak, baina beste batzuetan 20 urteko historia 24 ordutan kontzentratzen dela. Garai luze batean zehar badirudi ezer ez dela aldatu. Hala ere, ustezko lasaitasunezko gainazal horren azpian nahigabe, gaitzidura, frustrazio eta amorru estalia pilatzen ari da. Une jakin batean, honek eztanda sozial bat sortarazten du. Krisi garaietan, jendea bere kabuz pentsatzen, gizon eta emakume aske bezala ekiten hasten da, protagonistak bezala, eta ez biktima pasibo moduan. Bide bat eta erakunde bat bilatzen dute, sindikatu eta masa alderdietan militatzen hasten dira gizartea eraldatzeko saiakeran.           Manifestuaren zati garrantzisu bat, gehiegi ulertu ez dena, Proletarioak eta Komunistak zatia da, non ondorengo hau irakur daitekeen: 

 

          “Zein erlazio dute komunistek proletarioekin orokorrean? 

 

          Komunistek ez dute langile klasearen beste alderdietatik aparte dagoen alderdi bat osatzen. Ez dute proletalgoaren interes orokorretik bereizten den interes propiorik. 

 

           Ez dute langile mugimendua beraiek nahi bezala modelatzeko erakusten duen berezko printzipio sektariorik. 

 

          Komunistak langile klasearen beste alderdietatik bereizten dituena zera da, batetik, herrialde ezberdinetako proletarioen borroka nazionaletan, behin eta berriz lehen lekuan jartzen dituztela proletalgo osoaren interes komunak, beraien nazionalitatea edozein dela ere, eta bestetik, langile klasearen borrokak igaro behar dituen garapen fase ezberdinetan, beti eta edonon, mugimenduak osotasunean dituen interesak ordezkatzen dituztela.

 

            Ekintzaren unean, beraz, komunistak, herrialde bakoitzeko langile klaseen sektorerik aurrerakoienak dira, beste guztiak aurrera bultzatzen dituen sektorea da; aspektu teorikoan, langileriaren beste zatiarengan abantaila dute, langile mugimenduaren baldintzen, martxaren eta helburuen ikuspuntu argia baitute”. 

 

         Lerro hauek garrantzia erabakiorra dute, Marxen eta Engelsen metodoa argi geratzen baita, langile klasearen egiazko mugimendua abiapuntutzat hartzen zutela erakutsiz, proletalgoaren mugimendua den bezalakotzat hartuz, eta ez gustatuko zitzaiekeena bezalakotzat. Metodo hau langile mugimendutik at bizi diren taldexka iraultzaile haien sektarismo antzutik, errealitatearekin erlazio punturik ez duten haietatik, milioika urtetara dago. 

 

          Marxista batentzat, alderdia, lehen lekuan, programa, ideiak, metodoak eta tradizioak dira, eta soilik bigarren lekuan ideia hauek langile klaseari eramateko erakunde. Historian zehar, langile klaseak masa erakundeak sortzen ditu bere interesen alde egiteko eta gizartea aldatzeko. Sindikatuetatik hasita, klasearen oinarrizko erakundeak, borroka errebindikatiboa ez dela nahikoa konturatzen dira une batetan. Oraingo baldintzetan, ondorio hau erabat sahiestezina da. Kapitalismoarenpean aurrera egiteko eguneroko borrokarik gabe, iraultza sozialista ezinezkoa litzateke. Greben eta manifestazioen bidez, langileria antolatu egiten da eta klase kontzientzia hartzen hasten da. Baina greba batean irabazten den aldiko beste gehiagotan galtzen irteten dira. Soldataren igotze bat lortzen denean ere, geroago inflazioak anulatzen du. Langabezia, pribatizazioak, gastu publikoaren errekorteak, lege antisindikalak: hauek denak politikari dagozkie, eta ez dira lantegietan soilik borrokatu behar metodo sindikalekin, baizik eta antolaketa politikoarekin.

 

           Sindikatuak, alderdi sozialistak eta alderdi komunistak langile klaseak sortu ditu belaunaldietako borroken eta sakrifizioen ostean. Langileek ez dituzte erraz uzten beraien alderdi tradizionalak, behin eta berriz frogan jarri gabe. Langile alderdiak ez dira hutsean bizi ordea. Klase burgesaren presiopean daude, gehienbat euren zuzendaritzak, gaur egun langile klasetik inoiz baino gehiago dibortziaturik daudenak. Politika marxista tinko bat gabe presio hauen aurrean amore eman ohi dute. Klase menperatzailearen ideietan egokitzen dira, Marxek azaltzen zuen bezala, garai bakoitzeko ideia menperatzaileenak direnetan. Langileak beraien erakundeetan aktiboki parte hartzen ari ez diren unean, beste klaseen presioak bikoiztu egiten dira. Hona hemen azken aldi honetan langile alderdien zuzendaritzetan eman den eskuineraldeko bira horren oinarrizko azalpena (ez sozialistetan bakarrik, baita komunistetan ere). Prozesu honek bere mugak ditu ordea. Eskuineraldeko bira, herrialde guztietan bizi baldintzen aurka gertatzen ari den erasoaldi jarraia bere islada delarik, ezkerralderako bira biolento bat ari da prestatzen hurrengo aldirako. “Akzio bakoitzak erreakzio berdin bat du eta aurkakoa” ez da soilik Fisikara aplikagarria.

 

           Historia guztiak gauza bat erakusten du: inork ezin du hautsi langile klaseak gizartea aldatzeko duen desio inkonszientea. Baina historiak, baita ere, programa zientifikorik gabe, ikuspuntu argi bat gabe, eraldaketa sozialista ezinezkoa dela erakusten du. Gauza hauek ez dira zerutik erortzen. Eta inprobisatu ere ezin dira egin masak jadanik kalean daudenean. Lehenagotik prestatu behar dira. Kuadro marxistak lortu eta hezi egin behar dira, lantegietan eta minetan daudenak, ikastetxe eta unibertsitateetakoak, sindikatu eta langile alderdietan. Lan iraultzaile jasankor eta iraunkor bat eraman behar da aurrera, etorriko diren gertakari handietarako bidea eginez, ez bakoitzaren nazioan bakarrik, Europa eta mundu osoan ere bai.

 

           Marx eta Engels, Manifestua idatzi zutenean, 29 eta 27 urteko bi gazte ziren hurrenez hurren. Erreakzio beltzeneko garaia zen, langile klasea garaiturik eta geldirik zegoela zirudien garaia. Manifestuaren egileak Bruselasen zeuden erbestean, Prusiako erregearen erregimen erreakzionarioko errefuxiatu politiko bezala. Halabaina, Manifestu Komunistak lehenbizikoz argia ikusi zuenean 1848ko otsailean, iraultza hasia zen Frantzian eta hilabete gutxitan Europa osora zabaldua zegoen. Une honetan, sistema kapitalista krisian dago mundu mailan. Era honetara, edozein herrialdetako langile klasearen garaipen bakar bat prozesu iraultzaile baten hasieraren seinale izango litzateke, ez Europan bakarrik, baita mundu osoa ere. 

 

 Alan Woods

Londres, 1996ko ekainaren 20a.              

 

 

Informazio gehigarria