ETENGABEKO IRAULTZA

 

Etengabeko iraultzaren teoria Trotskyk garatua izan zen 1904ean. Teoria bikain honek baieztatzen zuena zera zen, nahiz eta langile errusiarrek betebeharreko eginkizun objetiboak iraultza demokratiko burgesaren eginkizunak izan, inperialismoaren garaian, “burgesia nazionala”, alde batetik feudalismoaren hondakinei eta bestetik kapital inperialistari estuki loturik zegoela eta ondorioz erabat ezgaitua zegoela bere eginkizun historikoak betetzeko. Marxek eta Engelsek lehen ere azaldu zuten burgesia liberalaren usteltasuna eta bere paper kontrairaultzailea. Burgesia eta kontrairaultza(1848) artikuluan Marxek honako hau zioen:

 

            “Alemaniako burgesia hainbesteko ahuleziarekin garatu zenez, hain koldar eta hain mantso, feudalismoari eta absolutismoari modu mehatxatzailean aurre egin zionean, langileriaren eta honen interes eta ideia berberak zituen biztanleria hiritarraren kapa guztien oposizioarekin aurkitu zen. Eta ez zen atzean zuen klasearengatik soilik izutua izan, baita aurrean zuen Europa osoagatik ere. Burgesia prusiarra ez zen, 1789ean burgesia frantsesa izan bezala, gizarte zaharraren ordezkarien aurrean, monarkiaren eta nobleziarenean, gizarte moderno guztia ordezkatzen zuen klasea izan. Koroatik nahiz herritik bananduta zegoen estamentu baten kategoriara jaistera iritsi zen, biei aurre egin nahi zielarik eta aurkari bakoitzaren aurrean zalantzakor jokatuz, izan ere betidanik bere aurrean edo atzean ikusi baitzituen; herria traizionatzeko alderuntz okertu zen eta gizarte zaharraren ordezkari koroadunekin konpromezu bat hitzartzera, jada bera ere gizarte zaharraren zati baitzen”. (Carlos Marx, Burgesia eta kontrairaultza. Mosku. Progreso Argitaletxea. 1981. Lan Hautatuak 1. bol, 144. or. Azpimarratua originalean).

 

            Marxek azaltzen du burgesia ez dela boterera iritsi bere ekimen iraultzaileen ondorio bezala, baizik eta masa mugimenduen emaitza bezala non burgesiak ez baitzuen paperik jokatu: “Burgesia prusiarra ez zen berak nahi bezala iritsi boterearen gailurrera koroarekin konponketa baketsu bat burutuz, baizik eta iraultza baten bitartez” (Ibid., 141. or. Azpimarratua originalean).

 

Europan, iraultza demokratiko burgesaren garaiean ere, Marxek eta Engelsek errukirik gabe atera zuten gainazalera burgesiaren paper koldarra eta kontrairaultzailea eta behin eta berriz azaldu zuten langileek erabateko klase politika independentea mantendu behar zutela, ez soilik burgesia liberalarekiko, baita burgesia txiki demokratiko zalantzatsuarekiko ere:

 

“Langile alderdia, edota benetan iraultzailea”, idatzi zuen Engelsek, “pixkanaka-pixkanaka joan zen langile masak demokraten eraginpetik ateratzen, zeintzuen atzetik baitzihoazen iraultzaren hasieran. Une jakin batean ordea, buruzagi demokratikoen zalantzek, ahultasunek eta koldarkeriek egin beharrekoa egin zuten, eta orain esan daiteke, azken urteetako iskanbilen emaitza garrantzitsuenetako bat langile klasea masa esanguratsuetan kontzentraturik dagoen lekuetan, demokraten influentziatik erabat aske aurkitzen dugula dela, zeintzuek 1848an eta 1849an porrot eta oker amaigabeetara gidatu zituzten” (Federico Engels, Iraultza eta kontrairaultza Alemanian. Mosku. Progreso Argitaletxea, 1981. Lan Hautatuak, 1. bol, 340. or).

 

BURGESIA NAZIONALAREN PAPERA GAUR

           

Gaur egun egoera are eta argiagoa da. Herrialde kolonialetako burgesia nazionala beranduegi sartu zen historian, mundua jada zenbait potentzia inperialistek banandurik zegoenean. Ez zen paper aurrerakoirik jokatzeko gai izan eta maisu kolonial zaharren menpeko jaio zen erabat. Asiako, Amerika Latinoko eta Afrikako burgesia ahul eta degeneratuak menpekotasun handiegia du atzerriko kapitalarengan eta inperialismoarengan, gizartea aurreraka bultzatzeko behinik-behin. Mila harik lotzen dute ez soilik atzerriko kapitalarekin, baita lurjabe handiekin ere, hauekin bloke erreakzionario bat osatuz, garapenaren aurkako gotorlekua bilakatzen dena. Elementu hauen arteko desberdintasuna edozein dela ere, hutsalak dira masen aurrean elkartzen dituzten beldurrarekin alderatzen baditugu. Soilik langileriak, nekazari txiro eta hirietako behartsuekin aliaturik, ebatz ditzazke gizartearen arazoak, bere eskuekin boterea hartuz, eta inperialistak nahiz burgesia desjabetuz gizartearen eraldaketa sozialistari hasiera emateko.

 

Proletalgoa nazioaren buru jarriko balitz eta gizarteko sektore zapalduak zuzenduko balitu (burgesia txiki hiritarra eta nekazaria), boterea hartzeko aukera izango luke eta baita iraultza demokratiko burgesaren eginkizunak betetzekoa ere (funtsean nekazal erreforma, herrialdearen batasuna eta askatasuna atzerriko menpekotasunetik). Baina behin boterean dela, langileriak ezin du hor gelditu, neurri sozialistak ezartzen hasi behar du kapitalistak desjabetzeko. Eta eginkizun hauek herrialde bakarrean soilik bete ezin daitezkeenez, gehienbat herrialde atzeratu batean, nazioarteko iraultzaren hasiera izango litzateke. Iraultza “etengabekoa” da bi zentzutan: eginkizun burgesetatik hasten delako eta eginkizun sozialistekin jarraitzen duelako, eta herrialde batean hasten delako eta maila internazionalean jarraitzen duelako.

 

ERRUSIAKO IRAULTZA

 

     Etengabeko iraultzaren teoria langile mugimendu errusiarraren eskuin hegalaren, mentxebikeen, joera erreformistei eta klase kolaborazioaren aldeko nahiei emandako erantzunik amaituena izan zen. Bi etapen teoria mentxebikeek garatua izan zen Errusiako Iraultzaren etorkizuneko ikuspegiei begira. Teoria honek, funtsean, zera dio, iraultzaren eginkizunak iraultza nazional demokratiko-burgesarenak direnez, ezin dela zalantzan jarri burgesia nazionalaren buruzagi papera iraultzaren garaian. Bere aldetik, Lenin ere ados zegoen Trotskyrekin liberal errusiarrek iraultza demokratiko-burgesa aurrera eraman ezingo zuten horretan, eta eginkizun hau egiteko gai izango zen bakarra langileria nekazari txiroekin elkarturik izango zenean. Marxen pausuak jarraituz –zeinak “alderdi demokratiko” burgesa “lehengo liberalak baino arriskutsuagoa langileentzat” kalifikatu zuen- Leninek, burgesia errusiarra langileen aliatu izatetik urruti zegoela adierazi zuen eta ekidin ezina zela hau kontrairaultzaren aldetik jartzea.

          

  “Burgesiak, masan,” idatzi zuen Leninek 1905ean “atzera bueltarik gabe kontrairaultzaren aldera eta herriaren aurka egingo du bira bere interes estu eta berekoiak beterik ikusi orduko, eta ‘atzeraka’ egiten hasiko da  demokraziaren aldeko defentsan (jada hasi da atzeraka egiten!)” (Lenin, Lan Hautatuak, 9.bol, 98. or, ingelerazko argitalpenean).

 

            Zein klasek zuzendu behar zuen iraultza demokratiko-burgesa? Leninen iritziz, “‘Herria’ geratzen da, hau da, proletalgoa eta nekazalgoa. Proletalgoa soilik irits daiteke amaieraraino, iraultza demokratikotik haraindi ere ikusten baitu. Horregatik proletalgoak lehen lekuan egiten du borroka errepublikaren alde eta mespretxuz errefusatzen ditu burgesiak erretiratzeko posibilitateari buruz ematen dizkion aholku inozo eta baliogabeak” (Ibid.).

         

   Bere idatzi eta diskurtso guztietan, Leninek behin eta berriz azaldu zuen, temati, burgesia demokratiko liberalaren papel kontrairaultzailea. Baina 1917rarte Leninek ez zuen uste langile errusiarrak mendebaldeko iraultza sozialistaren garaipena baino lehen iritsiko zirenik boterera, ikuspegi hau 1917a baino lehen Trotskyk bakarrik defendatua izan zen eta Leninek bere Apirileko Tesietan erabat onartu zuen. Etengabeko iraultzaren teoriak eginiko zuzenketa bikaina frogatua izan zen Urriko Iraultzan bertan. Langile klase errusiarra, Trotskyk 1904an azaldu zuen bezala, Europako mendebaldeko langileria baino lehen iritsi zen boterera. Langile errusiarrek iraultza demokratiko-burgesaren eginbeharrak burutu zituzten eta segidan industria nazionalizatzen hasi ziren eta iraultza sozialistaren eginkizunei ekiten. Burgesiak benetan paper kontrairaultzailea burutu zuen, baina erabat garaiturik geratu zen langileen eta hauekin bat egindako nekazarien eskutik. Boltxebikeek deialdi iraultzaile bat egin zien mundu guztiko langileei beraiek egindakoa adibidetzat har zezaten. Leninek ederki zekien herrialde kapitalista aurreratuenetan iraultzaren garaipenik gertatzen ez bazen, bereziki Alemanian, iraultzak ezingo zuela isolaturik biziraun, batez ere Errusia bezalako herrialde atzeratu bat izanda. Ondoren etorritako gertakariek frogatu zuten ideia hau erabat zuzena zela. Hirugarren Internazionalaren (Komunista) sorrera, iraultza sozialistaren nazioarteko alderdiarena, ikuspegi honen erakusle zehatza zen.

           

Internazional Komunistak Leninen eta Trotskyren ideiak tinko mantendu izan balitu, nazioarteko iraultzaren garaipena bermaturik zegokeen. Tamalez, Komiternaren lehen urteak Errusiako kontrairaultza estalinistarekin bat etorri ziren, zeinak eragin penagarria izan zuen mundu guztiko Alderdi Komunistetan. Burokrazia estalinistak, Sobietar Batasunaren kontrola hartu ondoren, jokaera erabat kontserbadorea hartu zuen. Sozialismoa herrialde bakar batean eraiki daitekeenaren teoriak – abominazio izugarria Marxen eta Leninen ikuspuntutik- errealitatean bere pribilegioak mantendu eta handitu eta herrialdearen baliabideak nazioarteko iraultza batean “alferrik galdu” nahi ez zituen burokraziaren mentalitatea isladatzen zuen. Gainera, goraka zihoan kasta burokratikoa beldur zen iraultza beste herrialdeetan modu sanoan garatu eta Errusiaren gain zuen boterearentzat mehatxu bat bilakatuko ote zen, horrexegatik bilakatu zen estalinismoa beste herrialdeetako iraultzen balazta edo frenu aktiboenetako bat.

            Klase independentzian oinarritutako politika iraultzaile bat aplikatu beharrean, Leninek betidanik defendatu zuen moduan, burokrazia estalinistak Alderdi Komunisten eta “burgesia nazional progresistaren” (eta hau ez bazegoen asmatu egiten zen) arteko aliantza proposatu zuen iraultza demokratikoa aurrera eramateko eta, etorkizun urrun batean, herrialdeak ekonomia kapitalista garatu bat lortu zuenean, orduan borrokatuko zuten sozialismoaren alde. Politika hau leninismoarekiko haustura erradikala zen, eta mentxebismoaren jokabide zahar eta desakreditaturako itzulera suposatzen zuen, “bi etapen” teoriara alegia.

 

ALDERDI KOMUNISTEN PAPERA

 

            Teoria honek paper latzgarria jokatu zuen mundu kolonialeko iraultzen garapenean. Txinan Alderdi Komunista gaztea Kuomitang alderdi nazionalista burgesean sartzera behartua izan zen, zeina Alderdi Komunista, sindikatuak eta 1925-27ko iraultza txinatarrean sortutako nekazari sobietak fisikoki suntsitzeaz arduratu zen. Langile klasearen pasibitatea, proletalgo txinatarraren zapalketa baimendu zuen Stalinen politika zela eta, izan zen Txinako bigarren iraultzak nekazari gerra baten itxura hartzearen arrazoia. Trotskyk “mentxebismoaren karikatura maltzur” bat bezala deskribatu zuen politika estalinista. “Bi etapen” teoria estalinista mundu kolonialean praktikan jarri izanak porrotak ekarri ditu bata bestearen atzetik.

 

50. eta 60. hamarkadetan, Iraken eta Sudanen, alderdi komunistak Bagdaden milioi bat pertsonako eta Jartumen bi milioieko manifestazioak antola zitzaketen masa alderdiak ziren. Alderdi komunistak, klase independentziako politika bat aplikatu beharrean eta langile nahiz nekazariak boterea lortzera zuzendu beharrean, “burgesia progresistarekin” eta ejertzitoko “sektore progresistekin” aliatu ziren. Hauek, behin boterean zirela, militante eta buruzagi komunistak hiltzera eta gartzelaratzeari ekin zioten burubelarri. Sudanen prozesu bera ez zen behin bakarrik gertatu, baita bi aldiz ere. Halaber, gaur egun ere, Alderdi Komunista sudandarreko buruzagiek “aliantza patriotikoaren” politika bera aplikatzen jarraitzen dute hegoaldeko gerrilla kristauekin (inperialismo estatubatuarrak babestuak orain) eta iparraldeko “burgesia progresistarekin” erregimen fundamentalistaren aurka. “Komunistak” deituak izatea nahi duten hauek Borboi zaharrak dirudite, “ez dute ezer ahazten ezta ikasten ere”. Beraien politika bata bestearen atzetik joango den porrot odoltsuen errezeta amaitua da.

 

Bi etapen teoriaren ondorio latzgarrienen adibiderik tragikoena Indonesia da. 60. hamarkadan Alderdi Komunista herrialdeko masa indar garrantzitsuena zen. Mundu kapitalistako Alderdi Komunistarik handiena zen hiru milioi militanterekin eta bere erakunde sindikal eta nekazaritzakoetan afiliaturiko beste hamar milioiekin, eta indar armatuen %40aren babesa zutela ere bazioen (ofizialen sektoreak barne). Urriko Iraultzaren garaian boltxebike errusiarrek ez zuten honenbesteko babes antolaturik! Alderdi Komunistak erraz hartu ahal izan zuen boterea eta gizartearen eraldaketa sozialistari ekin, eta izango zuen halako efektu erraldoi bat mundu kolonial osoan ezen iraultza kate bati hasiera emango baitzion Asia osoan zehar. Halaber AKeko buruzagiek (maoista txinatarrek kontrolatuak), Sukarnorekin, garai hartan “ezkerreko” fraseologia bat zuen buruzagi nazionalista burges batekin, aliantza bat osatu zuten. Politika honek defentsarik gabe utzi zuen Alderdi Komunista burgesiak (CIAren esanei jarraituz) Alderdi Komunistaren militante eta sinpatizanteekin sarraski bat antolatu zuen unean, milioi bat eta erdi pertsona hil zirelarik gutxienez.

 

Porrot eta atzerapauso ugari izan baziren ere, langileek eta nekazariek, ezinbestean, borrokaren bidea hartuko dute egunetik egunera. Ekuadorreko, Boliviako, Irango eta Indonesiako hurbileko gertakariak horren adierazpen grafikoa dira. Asian herrialdez herrialde gertatuko denaren aurrekari dira. Eta urte aldi batetara begi bistan izango dugun prozesu iraultzailearen hasiera besterik ez da. Egiazko alderdi leninista bat existituko balitz prozesu hau lerro klasikoetan emango litzatekeen langile iraultza batetara bideratuko litzateke. Ez litzateke gerrillerismoaren edota bonapartismo proletarioaren auzirik sortuko. Baina beti bezala, faktore subjetiboa erabakigarria da. Tamalez, herrialde hauetako alderdi komunistetako buruzagitzak aintzina porrotera eta sarraskietara eraman zituzten akats berberak errepikatzen ari dira. Japonia herrialde kolonial bat ez bada ere, merezi du Alderdi Komunista Japoniarraren hazkunde harrigarria beatzeak, herrialdearen krisi ekonomikoa dela eta. Alderdi Komunista Japoniarra herrialdeko lehen alderdia da zinegotzien kopuruan, bigarrena Tokioko Asanblada Metropolitarrean eta bere egunkariak 2,3 milioiko tirada du.

 

Asian zeharkatzen ari den erradikalizazio uholdeak langile klase japoniarrarengan izan du eraginik. Zoritxarrez, buruzagitzaren politika oso urrun dago proletalgo japoniarrak aurre egin beharko dien egiazko eginkizunetatik. Kimitoshi Morihararen arabera – Alderdi Komunista Japoniarreko Nazioarteko Harremanen lehendakariordea- “Kapitalismoaren markoaren barruan arazo hauek konponduko dituen gobernu demokratiko bat ezartzearen alde ari gara lanean hurrengo mendearen haserarako”, (GreenLeft Weeklyren 317 z.an argitaratutako elkarrizketa). Bi etapen politika estalinista zaharra perfekzionatu dutela dirudi, eta beste etapa bat gehitu diote gainera! “Japoniaren garapen sozialerako bidea koaliziozko gobernu demokratiko bat, iraultza demokratikoa eta iraultza sozialista dira”(?). Harrigarria da, Japonia munduko bigarren industria potentzia izanik, “iraultza demokratikoaren” beharrik oraindik ez duela suposatzea. Badirudi edozein aitzakia egokia dela iraultza sozialista eguneko ordenetik kentzeko.

 

Hamarkadetan zehar herrialde kolonial eta kolonial ohietako langile klaseak bere ausardia izugarria eta potentzial iraultzailea erakutsi du. Behin eta berriro ipini da martxan gizartearen eraldaketa iraultzailea aurrera eramateko. Iraken, Sudanen, Iranen, Txilen, Argentinan, Indian, Pakistanen eta Indonesian, langileek gizartea zuzentzeko gogoa erakutsi dute. Lortu ez badute ez da izan ezin izan dutelako, boterea hartzeko aurretik beharrezkoa den baldintza bat falta izan delako baizik. Kasu guztietan adreiluzko horma baten kontra talka egin dute, gizartearen eraldaketa sozialistara zuzenduko zituztelakoan alderdi eta buruzagiengan konfidantza izanik, hauek oztopo erraldoi bilakatu direlako.

 

Boterea hartzeko ez da nahikoa langileak borroka egiteko prest egotea. Hori hala balitz herrialde hauetan guztietan aspaldidanik hartua izango lukete boterea. Erraza izango litzateke, beraien egoera 1917an langile errusiarrek zutena baino hobea baita. Baina ez zuten boterea hartu. Zergatik? Langile klaseak alderdi bat eta zuzendaritza bat behar duelako. Oinarrizko egia hau ukatzea anarkismo umekoi sinple bat da. Marxek duela asko azaldu zuen antolaketarik gabeko langile klasea esplotaziorako lehengaia besterik ez dela. Indar numeriko handia eta ekoizpenean oinarrizko papera badu ere, proletalgoak ezin du gizartea aldatu ez bada behintzat klase bat “berez izatetik berarentzako izatera” aldatzen, beharrezko kontzientzia, ikuspegi eta ulermenarekin. Langile klaseak, bere osotasunean, boterea hartzeko jakin behar duen guztia noiz ikasiko duen itxarotea, praktikan iraultza sozialista mugagabeki atzeratzeko besterik balio ez duen ideia utopiko bat da. Beharrezkoa da klaseko sektorerik aurreratuenak antolatzea, koadroak heztea, iraultzaren ikuspegia eurengan sustatzea, ez eskala nazionalean bakarrik, baita eskala internazionalean ere, masekin integratzea maila guztietan eta, patxadaz prestatzea masen borroka partzialak ofentsiba iraultzaile orokor batean konbinatuko diren unerako.

 

Alderdi iraultzailerik gabe proletalgoaren indar potentzialak potentzial izaten jarraituko du soilik. Klasearen eta alderdiaren arteko erlazioa lurrunaren eta pistoien kajaren artean dagoenaren antzekoa da. Baina alderdiaren existentzia bera ere ez da nahikoa arrakasta bermatzeko. Alderdiak, iraultzaren eginkizunei buruzko beharrezko ulermenaz, taktikaz, estrategiaz eta ikuspegiaz, ez soilik ikuspegi nazionalaz, baita internazionalaz ere, ekipaturik dauden gizon eta emakumeek zuzendurik egon behar du. Indonesian, 1964-65eko egoera objetiboa ezin zitekeen hobea izan. Masek inperialismo holandarra garaitua zuten, Alderdi Komunistak langile klasearen eta nekazarien gehiengo handiaren babesa zuen. Baina politika eta ikuspegi oker batzuek nahikoa izan ziren iraultza guztiz hondatzeko. Urriko Iraultza baldin badugu etengabeko iraultzaren zuzentasunaren adierazgarri zentzu positiboan, hondamendi indonesiarrak modurik krudelenean erakusten digu froga negatiboa.

 

1945etik hona iraultza koloniala hain modu berezi eta distortsionatuan garatu izana ez da herrialde kapitalista aurreratuetako iraultza sozialistaren atzerapenaren emaitza izan soilik. Ez zen ekidin ezina eta historiaren legeek aurredeterminatutakoa. Ororen gainetik faktore subjetiboaren faltaren emaitza izan zen, iraultzari izaera eta zuzendaritza erabat ezberdina emango zion alderdi eta zuzendaritza iraultzaile baten falta. Objetiboki hitz eginez, ezerk ez zuen oztopatzen iraultza txinatarrak iraultza errusiarrak 1917an jokatutako papera betetzea, baldintza buruzagi komunista txinatarrek Leninen eta Trotskyren gisan ekitea zen. Baina buruzagi estalinistak beldur ziren langile klasearen mugimendu independenteaz eta beraien esku zegoen guztia egin zuten hori gerta ez zedin. 1949ko iraultza txinatarrak bere garapenean izan zuen modu bereziak, Stalinen Errusiaren irudiko eta antzeko zen iraultza distortsionatuak, ez zuen erakargarritasun handiegirik herrialde garatuetako langileentzat, baina Asiako, Afrikako eta Amerika Latinoko iraultzentzat akuilu garrantzitsua izan zen. Berdina gertatu zen gerora sortu ziren erregimen bonapartista proletarioekin. Dudarik gabe aurrerapausu bat suposatzen bazuten ere, errealitatean, aberrazio bat ziren eta Leninek ezarritako eta 1917an errealitate bilakatutako langile iraultzaren arauetatik urruntzen ziren.

 

Jada historiak erabat desakreditatu du bi etapen teoria deitua. Bigarren Mundu Gerra osteko herri kolonialen mugimendu heroikoak independentzia formala lortu du, baina oinarri kapitalistarekin ez du ezer konpondu. Indian, potentzialki herrialde aberats eta oparo izanik, bere berrogeita hamar urtetako independentzia formalarekin burgesia nazionalak ez du nekazal arazoa konpondu; ez du herrialdea modernizatzea lortu, gehiengoa atzerapenean eta analfabetismoan murgildurik dago; ez du arazo nazionala konpondu, langile klaseak boterea hartzen ez badu nazio indiarra hondatzeko arriskua sortuz; kasten sistema –barbarismoaren hondakina- ez da ezabatu eta ez da suteearen ohitura amaitu, zeinetan alarguna bere senarraren hileta txondorrera botatzen duten. Eta denaren gainetik, ez du independentzia erreala lortu. Gaur egun, Britainia Handitik independizatzea lortu zutenetik berrogeita hamar urtera, India menpekoagoa da inperialismo mundialarekiko lehen baino.

 

Indian gertatzen dena aplikagarria da beste herrialde kolonial ohietarako. Oinarri kapitalistetan ematen den independentzia formala iruzur bat da. Herrialde inperialistek gogor zapaltzen dituzte Afrikako, Asiako eta Amerika Latinoko herriak merkatu eta merkataritza mundialaren bidez. Beraien boterea ez dute indar armatuen bitartez erabiltzen (nahiz eta Iraken kasuak berriro erabil dezaketeela erakusten digun), baizik eta NMF (Nazioarteko Moneta Funtsa) eta Munduko Bankua bezalako erakundeen bitartez. Hirugarren Mundua esklabutasunean mantentzen da merkantzien trukaketa patroi desberdinen eta zorraren bidez. Azken aldian lehengaien prezioak (petrolioaren aldiko salbuespenarekin) beraien mailarik baxuenera erori dira azken ehun eta berrogeita hamar urteetan. Mendebaldearen oraintsuko goraldi ekonomikoa, hein batean, Hirugarren Munduko lehengai merkeek finantzaturik egon da: hau da, milioika gizon, emakume eta haurren odol, izerdi eta negarrek koipeztaturik egon da, planetako pertsonarik txiroenek alegia.

 

Oinarri kapitalistetan ez dago irtenbiderik Asiako, Afrikako eta Amerika Latinoko herrientzat. Burgesia kolonialak historiak ezarri dizkion eginkizunak burutzeko gai ez dela erakutsi du. Langileak eta nekazariak honetaz konturatzen ari dira. Iraultza kolonialaren aldi berri bat prestatzen ari da. Indonesian, Iraken, Kolonbian, Ekuadorren, Perun, Bolivian, Hegoafrikan eta Ekialde Hurbilean prozesua hasi da jada. Masek, borrokaren esperientziaren bitartez, beraien itxaropen bakarra burgesia nazional ustelaren eta hitsaren garaipenean dagoela ikasiko dute. Botereak nekazari txiroekin aliatutako langile klasearengana igaro behar du. Hori da kapitalismotik eta inperialismotik emantzipatzen hasteko bide bakarra. Goiz ala berandu Urriko Iraultzaren edizio berri bat egongo da, baldintza modernoetan, eta 1917ko Iraultza Boltxebikeak baino eragin handiagoa izan dezake. Eta hau gertatzen denean, proletalgoak bere banderan idatziko du Marxen eta Leon Trotskyren gerra oihua: “Etengabeko Iraultza!”.

 

Alan Woods

Londres, 2001eko apirilaren 7a.

 

 

Informazio gehigarria