Mexikoren esnatze iraultzailea: Latinoamerikako iraultzaren beste pauso bat

Venezuelako, Boliviako, Ekuadorko eta Argentinako prozesu iraultzaileek eta orain Mexikoko krisi iraultzaileak erakusten dute beharrezkoa dela lehenbailen kontinente amerikarrean alternatiba sozialista eta internazionalista altxatzea.

Iritsi da Mexikoko eztanda soziala. 1914ko abendura itzuli beharra daukagu antzeko ezaugarriak zituen krisi sozial eta politikoa ikusteko. Garai haietan, Emiliano Zapatak eta Pancho Villak zuzentzen zituzten nekazarien ejerzitoak DFn sartu ziren. Nekazarien gerra gai izan zen klase dominatzailearen boterea arriskuan jartzeko landan eta hirian. Orain berriz, hauteskunde iruzurraren aurkako mobilizazioekin etorri da Mexikoko prozesu iraultzailearen hasiera.

Venezuelako, Boliviako, Ekuadorko eta Argentinako prozesu iraultzaileek eta orain Mexikoko krisi iraultzaileak erakusten dute beharrezkoa dela lehenbailen kontinente amerikarrean alternatiba sozialista eta internazionalista altxatzea

 

Iritsi da Mexikoko eztanda soziala. 1914ko abendura itzuli beharra daukagu antzeko ezaugarriak zituen krisi sozial eta politikoa ikusteko. Garai haietan, Emiliano Zapatak eta Pancho Villak zuzentzen zituzten nekazarien ejerzitoak DFn sartu ziren. Nekazarien gerra gai izan zen klase dominatzailearen boterea arriskuan jartzeko landan eta hirian. Orain berriz, hauteskunde iruzurraren aurkako mobilizazioekin etorri da Mexikoko prozesu iraultzailearen hasiera.

Mexiko astintzen ari diren gertakizunek inflexio puntu bat markatuko dute herrialdearen historian. Ez da soilik krisi konstituzional bat edo hauteskunde bitxi batzuen legitimitate kontua. Aldi berean, Mexikoko krisi politikoa Latinoamerikako krisi kapitalistaren irudikapena da, munduko potentzia indartsuenaren ondoan gainera.

Amerikako egoerari begirada bat emanda ikusi daiteke inoiz ez duela izan hain itxura dardarkaririk. Langileen eta nekazarien mugimenduak porrot latzak ezagutu ditu kontinente honetan, kontrairaultza burgesak diktadura militarrak erabili ditu belaunaldi oso bateko borrokalariak erahiltzeko. Urteetan pribatizazio masiboak eta milaka lanposturen suntsiketa eskaini ditu burgesiak. Bitartean, langile klasearen zuzendaritza erreformistaren eta estalinistaren kapitulazio ideologikoa eman da. Baina hala ere, kapitalismoaren eta inperialismoaren garaipena ematen zuena bere aurkakoan bihurtu da. Kontinenteko masa zapalduek ukabilkada bat eman dute mahai gainean, historian duten paper protagonista berretsiz.

Merkatu askearen mugetan soberania nazionala lortzea posible denaren ideia faltsua agerian geratu da berriro ere eta oligarkia nazionala desautorizatuta geratu da beste behin. Venezuelako, Boliviako, Ekuadorko eta Argentinako prozesu iraultzaileek eta orain Mexikoko krisi iraultzaileak erakusten dute beharrezkoa dela lehenbailen kontinentearentzat alternatiba sozialista eta internazionalista altxatzea. Iraultza proletario eta sozialista da bide bakarra kapitalismo latinoamerikarraren krisia konpontzeko. Ez dago beste biderik, beste alternatibarik masa zapalduentzat. Mexikoko goraldi iraultzaileak iraultza latinoamerikarreko etapa berri eta dramatiko bat markatzen du. Munduko estatu inperialista boteretsuenaren ate aurrean, masak ekintzara pasatu dira beren borrokarako grina azalduz eta kapitalismoarentzat eta inperialismoarentzat mehatxu bihurtuz. 

Mexikok ez du horrelako mugimendurik ikusi 30. hamarkadako petrolioaren desjabetzatik. Masek beste behin erakutsi dute beren militantzia, gaitasun organizatiboa eta disziplina zein maila altukoak izan daitezkeen. Egun batetik bestera, milioika langile eta nekazari zutik jarri dira eta beren eskubideengatik borrokan daude.

Zein adibide ederra herrialde guztietako langileentzat! Sozialismoa posible ez dela eta langile klasea indar iraultzailea ez dela esaten dutenentzat erantzun bikaina da Mexikon ireki den prozesu iraultzailea.
 
EGOERA LEHERGARRIA

Borroka hauteskunde mailan hasi zen. Masak prest zeuden PANen gobernu burges erreakzionarioa porrotera bultzatzeko eta Fox (Washingtonen morroia) botatzeko. Foxek bere herrialdea monopolio estatubatuarrei saldu die eta herri mexikarrak nahikoa dela esan du. Masak PRD eta Andres Manuel Lopez Obradorren inguruan bildu dira masiboki.

Hegelek esan zuen beharra istripuaren bidez espresatzen dela. Hauteskunde iruzurra izan da azken hamarkadetan gizarte mexikarrean pilatzen joan diren kontraesanak lurrazalera atera dituen “istripua”. Atzean zeuden demokrazia gabezia, behartsuen baldintzak hobetzen ez dituen hazkuntza ekonomikoa, langabezia eta gaizki ordaindutako lanak, ustelkeria unibertsala, milioika mexikar iparraldera emigratzera behartuta... Faktore guzti hauek egoera lehergarri hau sortzearen osagaiak izan dira. 

Orain agerian geratu da masek zuten haserrea eta oligarkia gorrotatuari eta honen ordezkari politikoari (Vicente Fox) kolpe bat emateko desira. Hauteskundeek aukera hori ematen zieten eta ez diote uko egin abagune horri. Hauteskunde kanpainak milioika mexikar mobilizatzeko efektua izan du: langileak eta nekazariak, gazteri iraultzailea, masa zapaldu eta esplotatuak, intelektualitate aurrerakoia, hau da, gizarte mexikarreko indar bizi guztiak ustelkeriaren eta degenerazioaren aurka lerrokatu dira.
Lopez Obradorri eman diote babesa, oposizioko hautagai nagusiari eta PRDko liderrari. Baina Lopez Obradorren programa oso moderatua da errealitatean. Ez du oraindik sozialismoari buruz hitzik esan; gobernu handi batean, programa sozialetan, protekzionismoan eta petrolioaren eta gasaren buruaskitasunean sinesten du. Ez dago benetako desafiorik kapitalismoarentzat. Baina oligarkiak eta Washingtoneko hauen maisuek mehatxu hilgarri baten moduan begiratzen dute. Hauentzat gaia oso sinplea da: Lopez Obrador masak mugituarazten ari da eta horregatik gelditu egin beharra dago edozein modutan.

Masentzat berriz Lopez Obrador beren “gizona” da  eta “herriarentzat eta aberatsen aurka” dago. Lopez Obradorren indarra ez dago bere hitzaldi, artikulu edo manifestuetan eta masek beragan ikusi nahi dutena ikusten dute: gauzak erradikalki aldatzeko aukera bat. Washingtonek ez dio beldurra Lopez Obradorri edo honek duen programari, honen atzean dauden klaseko indarrei baizik, masek beragan egin dezaketen presioari.

 

BI ETAPEN TEORIA FALTSUA

Askok esan ohi dutenaren aurka, arazoa ez da masen kontzientziaren maila baxua, gizartea aldatzeko beren eskuetan dagoen guztia egiten ari dira. Arazoa masak “zuzentzen” dituzten agintariak dira, masen borrokan sinesten ez dutenak, sozialismoan sinesten ez dutenak eta eszeptizismoaren pozoiean murgilduta daudenak. Sozialismoaren ikuspegia erabat baztertu dute hauek eta erabat pasatu dira kapitalismorantz eragin erregarri eta kaltegarri bat bultzatuz leku guztietan, baina bereziki Latinoamerikan.   

Hauen teoriaren arabera, langileak eta nekazariak ez dira sozialismoaren alde borrokatu behar. Horren lekuan, “burgesia aurrerakoia” babestu behar dute, “demokrazia” babestu eta ondoren hitz egingo dugu sozialismoaz, etorkizun urrunean. Mugimenduaren sektore batzuk borroka demokrazia burgesaren mugetara murrizten saiatzen ari dira.

Burgesia mexikarrak ia ehun urte izan ditu zer egiteko gai den erakusteko, eta emaitzak ondo ezagutzen ditu Mexikoko herriak. Orain Mexikoko iraultza burges demokratikoaz hitz egitea iruzur lotsagarri bat eta herriaren aurkako traizioa da. Beharrezkoa ez da burgesiari “demokrazia gehiago” eskatzea, langile klasea eta zapalduak boterea hartzeko baldintzak prestatzea baizik. Langile klasea eta zapalduak dira soilik gai Mexikoko arazoak konpontzeko. Horrela lortuko da burgesia mexikarrak hondatutako Mexiko pobreziatik, ezjakintasunetik eta zapalkuntzatik askatzea. 

Prozesu iraultzaile guztietan gertatzen den bezala lehen etapa masen mobilizazioa izan da, bizi politikora esnatu dira. Masei laguntzeko modua ez da demokraziari uko egitea, guztiz kontrakoa, eskaera demokratiko guztien alde borrokatu beharra dago, hauteskunde iruzurraren aurka... baina azaldu beharreko oinarrizko gauza bat dago: demokrazia eta hauteskunde juxtuak bermatzeko modu bakarra langileek, bere aliatu naturalak direnekin elkartuta, nekazariek eta behartsuek beren eskuetan boterea hartzea da. Burgesia mexikar ustela boterean dagoen bitartean, demokrazia hitza horixe izango da, baliorik ez duen hitz bat.

 

BOTERE BIKOITZA

Lopez Obrador: “Beharrezkoa den denbora guztia irauteko prest gaude.
Egoerak hori eskatzen badu urteak egon gaitezke hemen!” Baina hori ez da posible. Funtsezkoa da masen mugimenduak aurrerapenak egitea, posizioak konkistatzen joatea. Ofentsibara pasatzen ez den iraultza kondenatuta dago. Goizago edo beranduago kontraesana argitu egingo da, modu batean edo bestean. Langileek eta nekazariek botere zaharrarekin amaitu eta boterea hartuko dute, edo botere zaharra berrezarri egingo da eta langile boterearen organuekin (Oaxacako Asanblea adibidez) amaituko du. Ez dago hirugarren bide posiblerik.

 





Informazio gehigarria