Ekonomia mundialerako perspektibak: Krisiaren danbor hotsak gero eta ozenago

Estatu Batuetako hazkuntza ekonomikoaren funtsezko oinarriak ez dira oso osasuntsuak gaur egun. Egia da 2006ean banku handien, inbertsio-fondoen eta manufaktura enpresen irabaziek tasa altuak mantendu zituztela, baina hala ere, emaitza hauen zati handi bat enpresen diru sarrera finantzarioek osatzen dute, hau da, kredituen salmentatik eta hipoteken kontzesioetatik lortutako irabaziek.

 

Adibidez, banka ipar amerikar handiak 2006ean enpresa irabazi guztien % 30-40 bildu zituen, kopuru oso altua 50. hamarkadako % 10-15arekin alderatzen badugu. Honek Leninen idatzietako ideia garrantzitsu bat baieztatzen du: aldi inperialistan, kapital finantzarioak du erabateko agintea.

Bestalde, enpresen erosketen eta bat-egiteen hazkuntza ere puztutako emaitza hauen atzean dago, 2006ean 1,2 bilioi inguru mugitu zituztelarik. Enpresako aktiboak, akzio kotizatuen kontabilitateari esker loditzen dira, beti ikaragarri igotzen baitira mugimendu espekulatibo hauen aurrean, baina enpresen burtsako baloreak ez du zerikusi handirik bere benetako balorearekin. Momentu hauetan bost bilioi dolar existitzen dira inbertsio fondoetan negozio aukeren bila egunero mugimenduan, milioika gizon eta emakumeren bizitzak baldintzatuz eta kontrolatuz.


Atzerapen haizeak

Mundu mailako atzerapen posible baten alarmak piztu dira. “Estatu Batuetako Zientzia Ekonomikoetako” guru batek, Alan Greenspanek (Erreserba Federaleko presidente ohia), Hong Kongen eginiko hitzaldi batean argi esan zuen 2007 bukaerarako atzerapen arriskua zegoela, ekonomia estatubatuarraren egonkortzea zela eta. Baina ez da bakarra, NBEak urtero ateratzen duen informe baten arabera, World Economic Situation and Prospects 2007, sektore inmobiliarioaren prezioen erorketa moderatu batek ekonomia Estatu Batuarraren hazkuntza geldotu lezake ehuneko 2,2ko tasa batean 2007an bertan. Informe honek, ordea, Estatu Batuetako etxebizitzaren prezio erorketa dramatikoago bat ere ohartarazten du. Honelako erorketa batek, dio informeak, “ez luke hazkuntza iparramerikarra bakarrik moztuko %1ren azpitik dagoen erritmora 2007an, hazkuntza ekonomiko mundiala ere jaitsiko luke gutxienik ehuneko puntu batez”. The Times astekari britainiarrak urteak daramatza aukera posible hau ohartarazten, honek krisi handiak eragin ditzake edo baita krak arriskua ere finantza merkatuetan. Urte hasieran aurkeztu zen informe honen lerroak Martxoaren 14 asteazkenean baieztaturik geratu ziren burtsa mundialaren erorketarekin.

Azken urteetan, Estatu Batuetan interes tipo baxuei esker hipoteketan ehun milaka milioika dolar luzatu dira. Honek bultzada ikaragarri bat eman dio eraikuntzaren sektoreari eta ehun milaka lanpostu sortu dira. Kontua da urteotan sortu diren lanpostuen hamarretik lau sektore inmobiliarioarekin erlazionaturik daudela. Baina aldi berean fenomeno honek aurrekaririk gabeko familien zorpe ikaragarri bat eragin du eta ez pagatzeko arrisku handia, honek banku sistema mehatxatzen du baina ekonomiaren osotasunari eragingo lioke. Urte bat baino zerbait gehiagoan, kreditu hipotekarioetan espezializaturiko 36 banku entidade iparramerikarrek kiebra jo dute eta merkatutik desagertu dira. Hau bera estatu espainiarrean errepikatu daiteke oraindik egoera dramatikoago batean. Sektore hau aurkitzen den arrisku larriaz jabetzeko nahikoa da honako datu hau: 2000 eta 2006 artean, AEBn, hipoteken balioa 4,8 bilioi dolarretik 9,5 bilioira handitu zen.
Beste jarduera sozial ezberdinetan gertatzen den antzera, dialektikaren legeek ekonomian ere harrigarrizko zorroztasunez agintzen dute, atzo goraldi eta hazkuntza iturri zena, bat-batean eta zakarki, krisien eta erorketa ekonomikoen kausa bihurtzen da. Hamarkada luze batez, burbuila inmobiliario erraldoiak milaka milionari eta multimilionari mundu guztian zehar elikatu eta aberastu ostean, desastre ikaragarri batean amaitzeko mehatxua egiten du.

Etxebizitzen salmenten jaitsiera eta honen ondorioak eraikuntzaren merkatuan ezinbestean ekarriko duen kontrakzioan, ekonomia guztira zabalduko dira uhin espantsibo bat balitz bezala. Estatu Batuarren patrimonioa, noski, jaitsi egingo da merkatu inmobiliarioko prezioen erorketarekin eta honek enpleguan eta kontsumoan eragingo du. Hau ez da txantxetan hartzekoa, etxebizitzen jabe diren milioika lagunek, gehiegi zorpeturik, ezingo dituztela beren hipotekak ordaindu aurreikusten baita.

Estatu Batuetako herritarren zorpen hipotekario hau ez da ekonomia estatubatuarraren oreka hankaz gora jartzen duen faktore bakarra. Hartzekodun handiena izatetik, AEB munduko zordun handiena izatera pasa da, aurrezki tasak, hau da, sistema orekan mantentzen zuten koipe pilatuak, negatiboak direlarik: 1929ko kraketik gertatzen ez zen gauza.

Ekonomialari iparramerikar asko harriturik daude gaur egungo egoeraren eta krak handiaren aurretik eman zenaren arteko paralelismoengatik. Hogeigarren hamarkadan, burbuila finantzarioa zor pertsonalaren espantsioaz elikatu zen, eta akzioen eskuratzea mailegu bankariekin finantzatzen zen. Hogeigarren hamarkadan ere, aberatsen eta gehiengo zabalaren arteko aldea izugarri hazi zen, aberastasunen gehiengoa %25ak zeukalarik eta langile bakoitzaren produkzio bataz bestekoa %32 igo arren, soldatek %8 bakarrik igo zirelarik. Akaso ez da ba hau mundu guztian zehar entzuten den melodia bera, baita tonu altuago batean ere?

Gain-produkzioa 

Krisiaren arazoak eremu askotan igartzen dira eta langile klaseak lehenengo pertsonan sentitzen ditu honen ondorioak, indizio argi bat herrialde kapitalista garatuetan lanpostu kualifikatuak deuseztatzen diren modua litzateke. Automozioaren sektorean, urte honetan bakarrik, General Motors, Chrysler eta Forden aurreikuspenak 100.000 enplegu kentzetik pasatzen dira bere AEBko eta Kanadako lantegietan. Helburua argi dago, kostu laboralak murriztuz irabazien tasak mantentzea, hau da, lan indarraren gainbalio absolutu eta erlatibo gehiago lortzea. Hau dena, noski, soldaten aurkako ofentsiba gogor bat aurrera eman ostean.

Automozioaren sektorearen krisiak ere produkzio kapitalistaren bihotzera gain-inbertsioa ailegatu dela adierazten digu. Autoen salmentak, interes baxuengatik bultzatu izan arren, bere mugara ailegatzen ari dira. Merkatua zabaldu badaiteke ere, industria automobislitikoen arteko konpetentzia basatia da eta ez dago merkaturik denentzat. Kapitalaren pilaketak talka egiten du gain-produkzioaren muga objektiboekin, boom ekonomikoaren tontorrean agertzen da beti arazo hau eta, azken finean, kapitalismoak duen gaitzik okerrena eta paradoxikoena da. Hemendik aurrera irabazien tasen jaitsiera hasten da, desinbertsioena, kaleratze masiboena, lantegien itxierena, hitz bitan esanda produkzio indarren suntsiketena.

Nahiz eta errealitate hau ezkutatzen saiatu, ekonomia mundialerako perspektibak oso ilunak dira etorkizunerako eta klase borrokan egundoko eragina izango dute. Langile klaseak lantegiak okupatuz eta bere kabuz martxan jarriz, banka eta produkzio indarrak desjabetuz eta boterea bere eskuetan hartuz, ekonomia planifikatu bat eraikiz bakarrik amaituko du kapitalismoak nahitaez sortzen dituen miseria eta krisi guztiekin.

 

 

Informazio gehigarria