Brasil: Bolsonaroren garaipena mehatxu larria da langile klasearentzat eta gazteentzat

Jair Bolsonaro ultraeskuindarraren garaipena mugarri izango da Brasilgo eta Latinoamerikako klase arteko borrokaren garapenean. Masen borrokan oinarritzen den programa iraultzaile batekin bakarrik irabaz diezaioke Brasilgo langile klaseak erreakzioari.

Brasil resistencia Bolsonaro

Bolsonarok 57.797.423 boto eskuratu ditu (%55,13); aldiz, Fernando Haddad PT Langileen Alderdiko hautagaiak 47.040.574 (%44,87). Eskuin tradizionalak 2014an lortutako botoak bereganatu ditu Bolsonarok (51.014.155) eta PTko batzuk ere erakarri ditu: Lularen alderdiak 7.460.544 boto galdu ditu 2014ko hauteskundeekin alderatuz; abstentzioa %21era iritsi da eta hamar milioi pertsonak (%9,57) boto zuria edo nulua eman dute.

Ejertzitoko kapitain ohi hori ideia filofaxisten, matxisten, arrazisten eta homofoboen defendatzaile sutsua da, eta abentureroz eta karreristez gain, Brasil 1964-1985. urte bitartean gobernatu zuen diktadura militarra defendatzen duten faxistak eta polizia eta militar ohiak biltzen dituen alderdiko burua da. Lehendakariorde berria, Hamilton Mourao, Sao Pauloko Club Militarreko zuzendaria da. Club honetako kide asko diktadurako krimenetan parte hartu zuten ofizial gorenak dira, baina inoiz ez ziren karguetatik kendu.

Bolsonaroren atzean ezkutatu dira burgesia handia, oligarkia tradizionala eta, batez ere, Amazonasko oihanaren deforestazioarekin eta nekazaritza eremuen espoliazioarekin dirutza ikaragarria egin duten lurjabe handiak; horiek sikarioen miliziak antolatu izan dituzte milaka nekarazi eta herri indigenak beren lurretatik botatzeko.

Lularen eta PTren porrota

Bolsonarok milioika pertsonen haserrea eta etsipena aprobetxatuz eskuratu du garaipena. Batez ere, “legea eta ordenaren” diskurtsoa babestuz eskuinera gogor biratu duten erdi mailako geruza ertainak izan dira bozka eman diotenak. Era berean, langileen sektore etsituak eta lanik aurkitzeko itxaropenik ez duten 12 milioi langabetuk ere babestu dute. Azken finean, atzerakada ekonomikoaren sakontasunak areagotu egin ditu indarkeriaren eta narkotrafikoaren izurriteak eta poliziak eta ejertzitoak gazteen aurka egindako exekuzio sumarioak. 2017an 63.880 hilketa egon ziren, 175 eguneko, 7,2 orduko.

Egia da Lularen lehen gobernuek lehengaien gorakadari esker etekinak izan zituztela eta, laguntza programak garatuz, muturreko pobrezia murriztu zutela. Hala ere, PTren gobernuko 12 urteetan ez zen neurri sozialistarik hartu, eskuinarekin itunak egin ziren eta NDFri kontzesioak egin zitzaizkion. Murrizketa politikak aplikatu ziren, monopolio handien eta finantza oligarkiaren mesedetan.

Hauteskunde hauen emaitzak ezin dira Brasilgo ekonomiak bizi duen krisitik eta PTk azken urteetan aplikatu duen politika neoliberaletik bereizi. 2015ean 55 milioi brasildarrek (helduen %37) ezin zuten kreditu txarteleko zorra ordaindu. Milioika pertsona pobretzen ari ziren bitartean, PTko agintariak azken hamarkadako ustelkeria kasurik handienetan sartuta zeuden.

Venezuelaren kolapsoa eta bere eragina

2002an Iraultza Bolibartarrak ekarritako aurrerapenek ezkerrerako aldaketa eragin zuten kontinentean. Lulak Chavez presionatu zuen bere diskurtsoa eta ekintzak baretzeko, eta merkatu ekonomia errespetatzen duen ezkerraren ordezkari gisa aurkeztu zuen bere burua.

Iraultza bukaerara iritsi izan balitz, kapitalistak desjabetuz eta boterea herritarren eta langileen esku jarriz —hala eskatzen zuen chavismoaren oinarriak—, saihestu ahalko litzakete gaur Venezuelak bizi duen hondamendia. Banka, monopolio handiak eta lurra nazionalizatuz eta langileen kontrolpean jarriz, posible izango litzateke ekonomiaren planifikazio sozialistarekin gizartearen oinarrizko beharrak asetzea. Benetako Venezuela sozialista batek Brasilgo herria erakarriko luke, baita klase ertaina ere. Hala ere, milaka eta milaka pertsona Venezuelatik ihes egiten erakusten duten irudiek Bolsonarori lagundu diete.

Ezker Iraultzailea eraiki eta masen mobilizazioarekin erantzun

Antidemokratikoki PTko Dilma Rousseff kargutik kendu ondoren, Temer eskuindarraren erasoek greba orokor bat jaso zuten erantzun moduan 2017ko apirilaren 28an. Halere, PTrekin lotutako agintari sindikalek uko egin zioten mobilizazioak areagotzeari eta kolokan zegoen gobernua errekupera zedin utzi zuten. Borrokak porrot egin zuen.

Hauteskunde kanpainan Bolsonaroren aurkako mobilizazio garrantzitsuak egon dira. Milioika gazte eta langilek ulertu dute zer arrisku dakarren, eta borrokatzeko eta erresistitzeko prest daude. Baina ofentsiba erreakzionarioari aurre egiteko, lehenik eta behin, ikasgaiak atera behar dira PTko zuzendaritzak egindako akatsetatik.

Ezkerraren eginbeharra da Fronte Bateratu bat eraikitzea, erresistentzia batzordeak sortzea eta ekintza antifaxistak antolatzea, fabriketan, auzoetan eta ikastetxeetan eta masen mobilizazioak prestatzea, Bolsonaroren aurkako greba orokorrerako deia eginez.

Brasilgo langile klasea da kontinenteko indartsuena, tradizio iraultzaileak ditu eta badu gaitasunik borrokarako erakundeak sortzeko. Lehenago edo beranduago, indar guztiz sartuko da eszenatokira.

Informazio gehigarria