Netanyahuren gobernuak tirokatuz erantzun ditu Gazako palestinarren mobilizazio masiboak

Setioarekin eta israeldar okupazioarekin bukatu behar da!

Arazo nazionalari irtenbide sozialista!

Marcha del Retorno Gaza

Israel eta Palestinako kideek apirilaren hasieran idatzitako artikulua dakargu euskarara itzulirik

 

Netanyahuren gobernu ustel kapitalistak ejertzitoa eta 100 frankotiratzaile mobilizatu ditu Palestinara, Gaza eta Israelen arteko mugan egitekoa zen “Itzuleraren Martxa” erreprimitzeko. Martxa horrekin Lurraren Eguna ospatzen dute palestinarrek, gogora ekartzeko, 1976ko martxoaren 20an, Israelek lurrak desjabetzen zizkien bitartean eraildako palestinarrak. Protesta honek Gazaren setioa bertan behera uzteko eskatzen zuen.

 

Soilik bi astetan, errepresioak gutxienez 34 hildako eta 2.500 zauritu utzi ditu, gehienak tiroz. Borroka Sozialista Mugimendua erakundeak (Israel eta Palestinako CIT) mobilizaziora deitu du gobernuaren probokazioen, zapalkuntza basati horren eta desarmaturik zeuden manifestarien erailketa basatiaren aurka. Halaber, gure elkartasuna adierazten diegu palestinarrei inposatutako baldintza basatien aurkako borrokari, egun Gaza munduko gartzelarik handiena baita, Israel zein Egiptoren etengabeko setioaren erruz.

 

Mehatxu eta errepresioaren gainetik, 20.000 eta 25.000 pertsona inguruk parte hartu zuten martxa horietan eta martxoaren 30eko manifestazioan, Gaza eta Israelen arteko mugatik gertu dauden sei hiritan. Netanyahuren gobernuak, komunikabide nazionalisten eta kapitalisten laguntzarekin, protesta “eraso terrorista basatitzat” hartu zuen. Beraientzat, eguneroko eraso militarrak eta bi milioi pertsona itotzen dituen setioak ez dira biolentoak; aldiz, egoera hori salatzen duten mobilizazioak “biolentoak” dira. Protestak indar militarrez jazartzearen helburua ez zen herritar israeldarren bakea babestea. Netanyahurentzat, protesten aurkako gerra hori aukera paregabea da israeldarren artean indartsua den segurtasunaren inguruko beldurra areagotzeko eta iritzi publikoaren arreta bere eta gobernuaren gainean dauden ustelkeria kasuen susmoetatik desbideratzeko.

 

Manifestariei horrela eraso egiten dien erregimena arrisku ikaragarria da Israelgo gazteen eta langileen etorkizuneko borrokentzat, klase agintariaren zentsurari eta oposizioari aurre egingo dietenean. Israelen errepresio militarrak indarkeria areagotzea ekarriko du, eta zibil israeldarrei ere eragingo die. Garrantzitsua da, beraz, israeldar langile eta gazteek Netanyahuren gobernu odoltsuaren politikei aurre egitea eta protestetan parte hartzea.

 

AEBek beren enbaxada Jerusalemera eramateko probokazioaren ondoren, azken manifestazioa Nakba palestinarraren 70. urtemuga gogorarazteko hilabete eta erdiko maiztasunean planifikaturiko protesten karietara egin zen; 1948ko gerraren ondorioz suntsitutako herriak, palestinar komunitate okupatuak eta 750.000 biztanlek jasan zuten deserrotze behartua gogoratzea zen helburua. Datozen asteetan mitin eta protesta gehiago izango dira Gazan, Zisjordanian eta Jerusalemen, baina baita Jordanian, Sirian eta Libanon ere. Protesta ekimen horiek, Palestinako Mugimendu Nazionaleko frakzio batzuen babesarekin, palestinar errefuxiatuen aldeko mobilizaziorik handiena izango da, 2011ko Nakba egunean, Udaberri Arabiarren berotasunean Israelgo mugetan izandako manifestazioez geroztik. Orduko hartan, hamabost manifestari erail zituzten eta ehunka zauritu.

 

Urteko lehen protesta eguna martxoaren 20an izan zen, Lurraren Egunean 1976an Israelen izandako eraso arabiar-palestinarra gogoratzeko, eta sei lagun hil zituzten tirokatuta. Era berean, bazko bezpera, martxoaren 30a, aitzakia izan zen beste behin Zisjordaniako eta Gazako mugak ixteko; etengabea den gehiegikeria politikoaren eta zigor kolektiboaren adibide bat gehiago da. Palestinako manifestarien de factozko exekuzio politikoak ere oso ohikoak dira.

 

Maiatzaren 15erako, Nakba Egunerako, aurreikusita dauden manifestazioek “Milioiko martxa” gainditzea dute helburu. Errepresio militarra gogor saiatuko da protesta mugimendu hori heda dadin eragozten, okupazio erregimenarentzat mehatxua baita masen borroka protagonista den eszenatoki bat, diktadura orotan gertatzen den bezala. Milaka eta milaka pertsonen mobilizazio hori protesta masiboa bilaka daiteke Gaza setiatzen duten hesietan; eta horren beldur da israeldar gobernua, baina baita Hamas bera ere. Hamasek ez du inolako interesik bere kontroletik ihes egiten duen masen borroka independente batekiko, masa palestinarrak gai baitira erakusteko Hamasek bere botere militar guztiarekin lortu ezin duena lor dezaketela, hau da, setioa eta okupazioarekin amaitzea.

 

Errepresio militarra kontuan izanda, ez dago garbi mugimendua noraino hedatzeko gai izango ote den datozen asteetan. Protestak antolatzen ari den taldea zabaltzeak lagundu dezake borroka indartzen. Bide horretan herritarren batzorde demokratiko independenteak antolatu behar dira, bertan eztabaidatzeko eta erabakitzeko hurrengo mobilizazio urratsak eta manifestarien autodefentsa antolatzeko modua.

 

Beharrezkoa da Israeleko klase dominatzailearen maniobrei aurre egitea. Israeleko langile eta gazteak ezin dute Netanyahuren gobernuaren probokazioen engainuetan erori eta horretarako beharrezkoa da Palestinako manifestazioei elkartasuna adierazteko kalera ateratzea eta era berean Israeldar gobernu kapitalistaren, setioaren eta okupazioaren aurka mobilizatzea. Israelgo langile eta gazteen interesa da bakearen alde borroka egitea, eta besteak beste Nakbaren bidegabekeria historikoa onartzea.

 

Oinarri sozialistak dituen benetako alternatiba bat eraikita bakarri lortuko dugu palestinar zein israeldar langileen eta gazteen interesak defendatzea, bakearen alde borrokatzea eta benetako eraldaketa soziala lortzea: muturreko desberdintasunarekin bukatuko duen aldaketa sozialista behar da, errefuxiatuek itzultzeko aukera izan dezaten eta bizitza, segurtasun, ongizatea eta eskubide guztiak berma daitezen, nazioen arteko diskriminaziorik gabe.

 

Informazio gehigarria