Udaberri Arabiarraren bosgarren urteurrena. Inperialismoak eta kontrairaultzak ez dute lortu borroka geldiaraztea

Bost urte bete dira Udaberri Arabiarra deitutakoa, hau da, Tunisian, Egipton eta Libian diktadura ahalguztidunak garaitu zituen mugimendu iraultzailea piztu zenetik. Gainera, prozesu hark Siriako, Yemengo, Bahreingo eta mundu arabiar osoko gazteak, langileak eta gizarteko gainerako sektore zapalduak bildu zituen. Asko idatzi da gaiari buruz, gehienetan masen borroka gaitzesteko eta mugimendu iraultzaileari egozteko munstro jihadistaren sorrera. Bada garaia gezur hauek baztertzeko eta inperialismoaren ofentsibaren eta kontrairaultzaren gainetik masa arabiarren borrokak jarraitu egiten duela azpimarratzeko.

ArgazkiaIraultza3

 

Mendebaldeko inperialismoaren, sozialdemokraziaren eta estalinismoaren hainbat sektoretako bozemaileek iraultzaren aurka hitz egin eta haren benetako izaera ezkutatu dute. Gezur ikaragarriak bota dituzte milaka borrokalariren, kartzelatuen eta hildakoen odolaren gainean. Siria suntsitzen eta Ekialde Hurbila desorekatzen ari den gerra zibila, Saudi Arabiako armadak egindako esku hartzea Yemenen eta Bahreinen, Libiako kaosa, Egiptoko diktadura militarra edo jihadismoaren basakeria iraultzaren jarraipentzat hartzen dituzte, ez kontrakotzat, hau da, kontrairaultzatzat. Hain zuzen ere, mendebaldeko potentziak eta diktadurak babestu zituen oligarkia arabiarra izan dira herritarren justizia soziala lortzeko nahia ito, hauen ausardia herrialde osoen suntsiketarekin ordaindu eta munduko zapalduei mezu gogor bat helarazi dietenak.

Ukaezina da arabiar gazte eta langileen errealitatea dramatikoa dela. Kasu askotan, duela bost urte baino okerragoa da egoera. Adibiderik okerrena Siriako gerra da. Milioika errefuxiatu eta milaka eta milaka hildako eragiteaz gain, biztanleria zatitu du potentzia inperialisten esku hartzeak, itxuraz gaindiezina den bereizketa sektarioa eraginez. Egipton, mugimendua errepresio basatia jasaten ari da. Tunisian, aldiz, Ben Ali diktadoreak egindako zorra ordaintzeko erabili behar dute NDFak murrizketa gogorren truke emandako maileguaren %82a, eta langabezia orduan baino handiagoa da. Baina hala ere, zailtasun guztien gainetik, altxamenduaren garrak pizturik jarraitzen du eta aukera aurkitzen duenean adierazi egiten da.

Mugimendu iraultzailea

Isilpean gorde du prentsa burgesak Mubarak eta Ben Ali erortzea erraztu zuen arrazoi nagusia: langile klasearen borroka. Egiptoko langileen borroka energiaz betea egon zen; hainbat fabrika okupatu eta batzordeak sortu zituzten; areago, erabakigarria izan zen Mubarak botererik bota arte antolatu zuten greba orokor mugagabea. Une hartan, arrisku bizia ikusi zuten Egiptoko burgesiak, inperialismo estatubatuarrak eta kupula militarrak, eta diktadore zaharra sakrifikatzea erabaki zuten guztia ez galtzeko. Hori egin arren, nekez lortu zuten egoera kontrolatzea gobernu egonkor batekin, “kale arabiarra” deitzen duten horren indarra zela eta.

Tunisian gazte langabeen altxamendua izan zen, eta hauek Tunisiako Langileen Batasun Orokorrean (TLBO) antolatuko langile klasearen sektore nagusia erakarri zuten. Hainbat herritan izandako altxamendu espontaneoek bidea aurkitu zuten langile aurreratuenek antolatutako ehunka sekzio sindikaletan. TLBOko zuzendaritza ustela izan arren, burgesiak zailtasun ugari izan zituen egoera kontrolatu eta gobernu egonkorra osatzeko, baita Ben Ali erori ondoren ere. Hain zuzen ere, TLBOko agintariak eta estalinismoaren tradiziotik zetozen beste erakundeetako agintariak erabili zituzten, ahal zen moduan, batasun nazionaleko gobernua osatzeko. Helburua: masen haserrea geldiaraztea eta sekzio sindikalen eta herri komiteen ekimenez nonahi sortzen ari ziren langile boterearen enbrioiak suntsitzea.

Libian masiboki sortu ziren batzorde iraultzaile hauek eta Gadafiren estatu bonapartistaren deskonposizioa eragin zuten. Bengasin hasi zen altxamendu armatua bolbora bezala zabaldu zen herrialde osoan, harik eta Tripolira heldu arte. Estalinismotik datozen batzuek Gadafiren erregimena sozialismoaren eredutzat hartu arren, aspaldi ari zen potentzia inperialistekin aliantzak egiten eta herrialdeko aberastasun naturalak multinazional italiar, espainiar eta frantziarrei ematen. Gadafi eta bere ingurukoak asko aldatu ziren gobernuaren lehen urteetako erreforma eta nazionalizazioen garaitik. Garai hartan Sobietar Batasunaren babesa izan zuen. Baina denborak aurrera egin ahala bere politika eskuinerantz joan zen, Mendebaldeko jabe berrien morroi megalomano eta ustel bihurtuz, eta bere herritarren aurrean babesa galduz.

Mugimendua, berehala, milizien gerra iraultzaile moduan garatu zen. Milizia horiek asanbladetatik eta herri komiteetatik sortu ziren, baina bertako agintariek inperialismoaren laguntza pozoitua onartu zuten. Horrela, bere programaren izaera burgestxikia eta desorientatua erakusteaz gain, borrokaren bilakabidea eta ondorioa bera aldatu zuten. Inperialismoaren esku hartzearen helburua ez zen kausa demokratiko edo humanitarioa. Gogoratu behar dugu marxistok Italiaren, Britainia Handiaren eta Estatu frantziarraren airezko sarraldien aurka posizionatu ginela, baina sozialdemokraziak, estalinista ohi askok eta bere burua “antikapitalistatzat” zuten batzuek txalotu egin zituztela. Aitzakiatzat jartzen zuten helburua Gadafiren armada mertzenarioak setiatutako hirietako egoera baretzea zela.

Esku hartze inperialistaren ondorioak latzak izan ziren: Gadafi boteretik botatzea erraztu bazuen ere, herri altxamenduak hasieran zuen izaera sozialista ezabatu zuen, eta herrialdea zatitu eta zati horiek kontrolatzen dituzten gerra-gizonen loraldia eragin zuen. Kontrairaultzak kaosean murgildu zuen Libia.

Iraultzak masak batzen ditu, kontrairaultzak zatitu

Bada isilarazi den beste gai bat Udaberri Arabiarrarekin lotua. Mugimendu hark langile eta gazteen indarrak batu zituen, etnia edo erlijioen gainetik. Munduko eremu horretan zatiketa etnikoak, erlijiosoak eta bestelakoak oso handiak dira inperialismoak urteetan egindako lan zikinaren ondorioz, “zatitu eta garaituko duzu” politika aplikatu baitu. Hala ere, ororen gainetik, milioika pertsona manifestatu ziren elkartuta etorkizun duin baten alde: musulmanak eta kristau koptoak, suniak eta xiitak, arabiarrak eta bereberrak, gizon eta emakumeak… Iraken ere mobilizazioek suniak, xiitak eta kurduak batu zituzten. Sirian mugimenduak hastapenetan ez zuen izaera sektariorik, eta suniak, alauiak, kristauak eta ateoak elkartu ziren. Areago, Udaberri Arabiarrak masa israeldarrak estimulatzeko indarra ere izan zuen, eta beren kanpamenduari Tahrir plaza izena eman zioten eta “ibil zaitez egiptoar bat bezala” leloa hedatu zuten.

Desberdintasun erlijioso eta etnikoen gainetik sortutako zapalduen batasun hori arrisku larria zen inperialismoarentzat (are gehiago Israelen kasuan). Hori dela eta, botere eta diru guztia erabili zuen zatiketa berriak eragiteko eta, batez ere Sirian, milizia jihadistak sortzeko, lehenago Iraken eta Afganistanen egin zuen bezala.

Tunisiako eta Egiptoko esperientziatik ikasiz, klase agintariak odoletan ito zuen Siriako iraultza hazia ernatu aurretik eta Libiakoa suntsitu egin zuen. Tunisian eta Egipton gertakariek ezustean harrapatu zuten klase agintaria: bi herrialde hauetan langile klasea oso indartsua da, garaipen historiko batetik zetozen eta gainera inperialismoak zailtasunak zituen zatiketa sektarioak sustatzeko. Horrela, bere taktika ezberdina izan zen. Denbora irabazten saiatu ziren era guztietako maniobrak eginez eta mugimenduak indarra galtzea itxaronez. Kontzesio demokratiko formal eta mugatuak eskaini zituzten mobilizazioak geratzeko esperantzarekin. Asanblada Konstituziogileak hitz eman zituzten ezkerrak amua jan eta sozialismoaren aldeko borroka eta masen aldarrikapenak alde batera utz zitzan: soldata igoerak, etxebizitza duinak, oinarrizko produktuen prezio duinak, osasun eta hezkuntza publikoa, eskubide demokratikoak…

Eta aldarrikapen hauek posible egiteko beharrezkoa zen beste hauek ere aurrera eramatea: bankaren eta monopolio inperialisten nazionalizazioa, herrialdeko agintarien eta burgesiaren jabego eta enpresen desjabetzea eta lurra nekazariei ematea.

Era guztietako hauteskundeak egin ziren (askotan iruzur zantzuekin) kapitalaren diktadurari itxura demokratikoa emateko. Noski, diktaduraren aurkako “epaiketa politikoaren” fartsa egin zen, eta Mubarak epaitegira eraman zuten. Dena den, maniobra hauek ez zuten nahikoa eragin izan mugimendua geldiarazteko, eta abstentzio masiboak desautorizatu zituen.

Islamisten papera

Altxamenduak aurrera egin ez zezan, arabiar burgesiak eta inperialistek (batez ere estatubatuarrak) Egiptoko Anaia Musulmanen eta Tunisiako En Nahda erakunde islamisten zerbitzuak baliatu zituzten. Biak iritsi ziren gobernura baina emaitza eskasekin: Egipton bozka zezaketenen % 23ak bakarrik babestu zituzten eta Tunisian %21ak. Bai Anaia Musulmanek bai En Nahdak kapitalismoaren aldeko politika egin zuten, Estatuaren indar armatuak erabili zituzten mugimendua zapaltzeko eta programa sozial atzerakoia abiatu zuten. Honek inperialismoari mesede egin zion, ez bakarrik bere aldeko agenda politikoa aplikatzen zutelako, islamismoaren aurkako demagogia egitea ere errazten zielako. Demagogia hori baliatuz inperialismoak gobernu aldaketa prestatu zuen beren interesetatik gertuago zeuden estatu aparatuko aliatuen bitartez.

Gobernu islamistek aurre egin zioten gero eta zabalagoa zen masen altxamenduari. 2013ko udan ikusi genuenez, Egipton mobilizazioak hazi eta Tahrir plazara itzuli ziren.  Horrek Anaia Musulmanen isolamendua ekarri zuen. Era berean, Tunisian iraultza berpiztu zen: 2012ko ekainean eta 2013ko otsailean greba orokorrera dei egin zuen TLBO sindikatuak, azken 80 urteetan lehen aldiz, Mohamed Brahmi eta Chuki Bel Aid lider ezkertiarren hilketa salatzeko. Manifestazio historikoak izan ziren eta herri komiteak sortu ziren berriro.

Hala ere, erreakzioak egoera iraultzaile hau bere onurarako baliatu zuen. Abdelfata Al Sisi jeneralak estatu-kolpea eman zuen Egipton agintari militarren eta AEBren babesarekin. Mursi presidentea atxilotu eta Anaia Musulmanen milaka militante hil zituzten. Batzuk adierazi zuten Al Sisi jeneralak protesta mugimendua usurpatu egin zuela herritarren artean militarrek zuten “prestigioagatik, baina ez zela estatu-kolpe klasiko bat izan. Baina errealitatean Al Sisik eta bere inguruko militarrek ohiko estatu-kolpe bonapartista eman zuten. “Islamizazioaren” aurkako aldarrikapen demagogikoak erabili zituzten Anaia Musulmanei aurre egiteko eta, horrela, ezkerreko sektore “aurrerakoiak”, besteak beste nasseristak eta Sindikatu Independenteen Federazioa, erakartzeko. Baina guzti hau helburu nagusia prestatzeko trikimailua zen: langile klasea, ezkerreko gazteria, sindikatuak eta herri komiteetako borrokalariak gogor erreprimitzea, praktikan diktadura militarra ezarriz.

Tunisian, ezkerrak eta TLBOk aurkeztu zuten Nida Tunis alderdiak laikotasuna aldarri gisa aurkeztu bazuen ere, bere baitan hartu zituen diktadura garaiko elementuak. Aldarri harekin 2014ko otsaileko hauteskundeak irabazi zituen, baina zazpi puntuko aldearekin bakarrik. Paradoxikoki, beren laikotasuna berehala galdu zen eta lau hilabeteren buruan En Nahda erakunde islamistarekin akordio batera iritsi ziren.

Borrokak jarraitzen du eta kontzientzia aurrera doa

Bai, iraultzaren lehen etapak porrot egin du, eta kontrairaultza agintean da herrialde esanguratsuenean, Egipton. Gerrarik ez den herrialdeetan gobernuek bertako burgesiaren eta potentzia inperialisten interesak defendatzen dituzte. Hala ere, borrokak jarraitzen du eta historiaren satorra bere lana egiten ari da.

Tunisian leherketa soziala izan zen pasa den urtarrilean, eta Egipton, errepresioa ankerra izan arren, langile borrokak ez du etenik izan, eta negu honetan sektore eta eskualde guztietara zabaldu da: 3.000 langilek egin dute greba altzairu konpainia handienean, 11.000k Iron and Steel Companyn, 12.000k Petrotrade petrolio enpresan, 15.000k Shebi-al-Kom Textile Compayn (enpresa hau bernazinalizaturik dago eta grebalariek pribatua zenean izandako kaleratuak kontratatzea aldarrikatu zuten hiru astez), 2.000k Suezko Kanaleko enpresan (soldata %400 igotzeko eskatuz), Assiut ongarrien enpresa okupatu zuten langileek; elikagai sektoreko langileek, seguru agentzietakoek, metrokoek edo medikuek ere greba egin zuten poliziaren errepresioaren aurka. Greba uholde hau Misr Spinning and Weaving enpresako 14.000 grebalariek eta ehungintzako enpresa bateko beste 7.000 langilek lortutako garaipenaren ondorioz zabaldu zen. Bi greba horiek modu arriskutsuan hedatu ziren eta Al Sisiren gobernuak atzera egitea lortu zuten.

Esperientziak ez dira alferrikakoak, mingarriak izan badaitezke ere. Konfiantza sendoa dago milaka ekintzaileen buruetan, honen erakusgarri dira gertakariak. 2011ko otsailean adierazi genuen bezala, “eskubide demokratikoak eta lorpen sozialak ezin lor daitezke sistema honen barruan. Inperialismoak ez du erlaxatuko krisi garaian langileak eta beste zapalduak itotzeko erabiltzen duen bere burdinazko besoa (…). Herrialde arabiarrek bizi duten egoerak Trotskyk garatu zuen etengabeko iraultzaren teoria aldarrikatzen du. Masen aspirazio demokratikoak osorik bermatzeko eta bizi baldintzak errotik hobetzeko modu bakarra inperialismoaren eta kapitalismoaren aurkako neurri eraginkorrak hartzea da (…) Langile klase arabiarrak, gizarteko zapaldu guztien buruan jarrita, boterea bere eskuetan hartu behar du”.

Informazio gehigarria