Bake prozesua Sirian?

Urtea hasi zenetik Estatu Batuetako gobernuak Sirian aldi baterako su etena bultzatzera beharturik ikusi zuen bere burua, hiriak eta azpiegiturak suntsitu ondoren, hildakoak ehun milaka direnean eta milioika errefuxiatu kanporatu dituztenean. Zergatik? Hegazkin errusiarren bonbardaketei esker gobernu siriarraren tropak aurrera egiten ari zirelako. Dena den, egonkortu daiteke bakea Sirian? Posible al da gerrarekin eta Ekialde Hurbileko suntsiketarekin amaitzea?

ArgazkiaSiria

 

Su etena otsailaren 27an jarri zen indarrean eta bi aste iraun zituen. Alde batetik, armada siriarrari eta bere aliatu errusiarrei, irandarrei eta libanoarrei (Hezbolari) eragin zien eta, bestetik, "terrorista" gisa kalifikatu gabe dauden milizia jihadistei (gutxiengoa dira Estatu Islamiarretik -Daeshetik- eta horren gertuko erakundeetatik kanpo geratzean). Era berean, Al Assad presidenteak "hauteskunde legegileak" iragarri zituen apirilaren 13rako. Martxoaren amaieran “bake prozesuari” buruz hitz egiteko bildu ziren John Kerry AEBtako Estatu idazkaria eta Vladimir Putin Errusiako presidentea. Guzti honek broma txar bat dirudi beste ezer baino gehiago, gerrak suntsituriko herrialde batean.
Aurrekariak eta jokoan dauden benetako interesak kontuan hartzen baditugu, begi bistakoa da "erasoak geratze hau" porrotera kondenatua dagoela hasieratik. Azken batean, Estatu Batuek denbora irabazteko eta iniziatiba berreskuratzeko asmoarekin gauzatzen ari diren estrategia bat da, beren interesentzako konplikatua den momentu honetan. Eskualdean duen ahultasuna erakusten du, talde jihadisten gaineko kontrola galdu du eta talde hauen sostengua izan diren bere aliatu zaharrek —Turkiak eta Saudi Arabiak— geroz eta agenda ezberdinagoak dituzte. Bitartean, Errusia ere gerran sartu da eta honek guztiak bultzatu du Obamaren administrazioa estrategia aldatu behar izatera.

Bere planteamendua orain Siriarentzat "trantsizio" bat negoziatzea da, Al Assad boteretik ateratzea ezinbesteko baldintza bezala jarri gabe. Bitartean, su etenarekin eta “laguntza humanitarioaren” aitzakiarekin, erregimen siriarrak eta honen aliatuek lurrak berreskuratzen jarraitzea galarazi nahi dute. Horrela, AEBek beren posizioa gehiago indartzea bilatzen dute balizko negoziazio baterako prestatuz. Aldi berean, Iranekin aliantza bat egiten saiatzen ari dira, "Itun Nuklearra" deitutakoaren akordioak erakusten duen bezala. Estatu persiarrak zituen santzioak kentzearen truke, AEBek Iran bere helburuetara erakartzea nahi dute eta honekin batera Ekialde Hurbileko egonkortasuna lortzera konprometitzea.

Errusia eta Iranek beren posizioak indartu dituzte eta Txinak arretaz begiratzen die beren interesei

Estatubatuarren arazoak aprobetxatuz, Errusia faktore klabe bihurtu da Siriako egoeran. Hala ere, bere interesak posizio geoestrategikoa mantentzea edo Tarsuseko hirian duen ontziteri basea babestea baino haratago doaz. Putinek nazioarteko harremanetan lehen mailako postua berreskuratu nahi du Errusiarentzat, Ukrainarekin duen gatazkan ere irteera mesedegarri bat bilatzeko eta bere egoera ekonomiko konplikatua baretzeko. Iran ere, oraingoz, Ekialde Hurbilean eta bereziki Sirian gertatzen ari denaren onuradunetako bat da. AEBkin egin duen itunak eremuko potentzia gisa duen papera indartzea eta zigor internazionalekin amaitzea baimentzen dio. Zigor horiek oso gogor jotzen ari ziren bertako ekonomia.

Errusia eta Iran prest daude negoziatzeko, beti ere azken emaitzak ez baditu beren interesak arriskuan jartzen eta eremuan funtsezko papera izaten jarraitzen badute. Baina, noski, negozio beltz honetan, Errusiak eta Iranek ez dute arazo berezirik Al Assaden erregimenak jarraitzearekin; behar izanez gero sakrifikatuko bailukete. Etorkizunean zer gertatuko den jakitea ez da erraza: Sirian eta Ekialde Hurbilean egoera kontraesanez beterik dago, eta ezin dira baztertu lerrokatze berriak. Errusiarren eta irandarren arteko kolaborazioa funtsean koiunturala da eta, momentuz, dituzten interesei erantzuten die. Iranek AEBekin harremanak estutzen jarraitzeko asmoa du, eta Errusiak, berriz, aiatolen arerio handienetakoarekin erlazioak zabaldu nahi ditu, Saudi Arabiarekin esate baterako. Duela gutxi,  petrolioaren ekoizpena kontrolatzeko akordio bat sinatu dute. Gainera, bi potentzia hauen arteko areriotasunak Iraken eta Sobietar Batasunekoak izan ziren errepublika asiarretan ere badaude. Bertan gerrak izan dira lehengaien eta ibilbide komertzialen eremuen kontrolagatik.

Txinari dagokionez, interes inperialista argiak ditu Ekialde Hurbilean: Asiako hego-ekialdea Europarekin elkartuko duen bide komertzial handi bat eraiki nahi du, gatazkan dagoen eremutik igarotzen dena. Bertako baliabide energetikoak ere behar ditu. Putinek azken hilabeteetan emandako pauso bat bera ere ezin uler daiteke inperialista txinatarrek emandako babesa kontuan hartu gabe. Aliantzak indartu nahi dituzte eremu hartan mendebaldeko inperialismoaren eta, batez ere, estatubatuarraren kalterako. Orain dela gutxi Xi Jinping presidenteak Saudi Arabiara, Iranera eta Egiptora egin dituen bisitak gogorarazi nahi zuen Txina faktore klabea dela Sirian lor daitekeen edozein akordiotarako.

Saudi Arabiaren eta Turkiaren agenda

Oligarkia turkiarrak eta saudiak izan dira Sirian indar jihadisten bultzatzaile handienak, Daesh-enak barne. Horien bidez Al Assaden erregimena eraistea espero zuten. Modu honetan, saudiek Iran kolpatuko zuketen bere aliatu nagusia suntsituz; eta Turkiak, berriz, Siria bere eraginpean erortzea lortuko zukeen, eta honela errazago zapalduko zituzkeen Rojavako eremuan bizi eta borroka egiten duten kurduak. Errusia taula gainean Iran eta Hezbolarekin agertzeak aukera hori ezeztatu du, eta armada siriarrari geroz eta lur eremu gehiago berreskuratzea baimendu dio. Horrela, arazo larrian jarri ditu bi herrialdeenak diren aliatuak, milizia jihadistak alegia.

Guda zelaian eta arlo diplomatikoan izandako korrelazio indarren aldaketak, milizia hauek negoziazioei boikota egitera bultzatu ditu, eta indar militar turkiarren eta saudien lurreko inbasioa eskatzera iritsi dira. Ezin ahaztu daiteke armistizio berri hori noiz iritsi zen. Munichen, otsailaren 12an "bake negoziazioak" hasi zirenean, tropa turkiarrek Siriako milizia kurduak erasotu zituztena, Turkiak herrialdearen zatiketa iradokitzen ari zenean. AEBak adituak dira zatiketa mota hauetan, Irakeko, Afganistango edo Libiako adibideek erakuste duten bezala.

Nahiz eta Saudi Arabiako erregimenak, Turkiakoak bezala, inbasiorako prestatu direnik ukatzen duten, bistakoa da beren kalkuluetan ez dutela aukera hau baztertzen. Turkiaren erasoa Daeshen aurka borrokatzeko aitzakia faltsuarekin jantzi bazuten ere, armada siriarraren eta bere aliatuen aurrerapenak geratzea zuen helburu; eta baita Rojavako kurduen aurkako ofentsiba zabaltzeko ere, nahiz eta hauek izan diren Daeshen aurka benetan modu eraginkorrean borrokatu duten bakarrak. Horrelako ekintza batek gatazka armatu are zabalago baten hasiera ekar lezake eta ezinezkoa da zein ondorio izango lituzkeen aurreikustea.

Potentzia inperialistek urteak daramatzate taula siriarrean borrokan, eta Ekialde Hurbil guztia egoera kaotiko eta konponezin batera eraman dute. Hemendik onura gehien ateratzen duena Estatu Islamiarra da, eta honen aurka ez du benetan borrokatzen inongo potentziak. Gerra honen sarraskia sufritu duten herritarrek ezin dute ezer onik espero beren herrialdea basakerian ito duten lapurrek iragarritako "baketik". Herriak nahi duen bakea kapitalismoarekin eta botere inperialistarekin amaituz bakarrik izango da posible.

 

Informazio gehigarria