Errefuxiatuekiko “elkatasun europarraren” benetako aurpegia

2016ko irailetik abendura bitartean 159 pertsona bakarrik kokatu dituzte!

Errefuxiatuen etorrera masiboari Europar Batasunak emandako erantzuna zinismoz eta hipokrisiaz beteta egon da. Negar malko faltsuak bota eta “giza tragedia” honengatik deitoratu ondoren, gobernuetako agintariek eurek dakiten moduan erantzun dute: eskuzabal eta elkartasunez hartu beharrean, kontzentrazio esparruak eraiki dituzte, labanez betetako hesiak jarri dituzte, izuturik dauden milaka pertsona bortizki erantzuten duen poliziarekin inguratu dituzte; eta, gainera, korrika batean Europako agintariek sortu dituzten basakerien biktimak masiboki bidaltzeko legeak onartu dituzte.

ArgazkiaErrefuxiatuak2

 

Turkia eta bere erregimen despotikoa diruz lagundu dute bere mugak itxi eta errefuxiatuen etorrera masiboa saihesteko. Hau gobernuen “humanitarismoaren” erakusgarri da. Basakeriatik urrun bizitzeko leku baten bila dabiltzan gizon, emakume eta haurrek badakite nola erantzuten duen “Europa zibilizatuak”. Modu tinko eta gardenean, erregimen kapitalistak, beste behin, bere ustelkeria erakutsi du.

Europar Batasunaren aurpegi “humanitarioa”

Duela hilabete gutxi, Europar Batasunak, bere mugen barruan, 160.000 errefuxiatu kokatzea onartzen zuen programa bat jarri zuen mahai gainean, eta gainera errefuxiatu politiko izaera hartuko zuketen. Zifra hau irrigarria da, kontuan hartzen badugu Europara 700.000 pertsona baino gehiago iritsi direla, batez ere Italiako eta Greziako kostetatik. Eta hau icebergaren punta besterik ez da, hogei milioi errefuxiatu eta 60 milioi lekualdatu baitaude gaur munduan. Edonola ere, errealitateak txiki utzi du aurreikuspenik okerrena. Abendu hasieran jakin genuen 159 pertsona bakarrik kokatu dituztela; prozesuak hala jarraitzen badu, 159 urte beharko dira hasieran aurreikusitako 160.000 horiek kokatzeko.

Asteak joan eta asteak etorri, etengabe entzun ditugu “elkartasun” eta “giza eskubideei” buruzko hitzak Angela Merkel eta Hollande bezalako europar agintarien ahotan. Hala ere, iraila eta abendu bitartean, Alemanian 11 errefuxiaturi eman zitzaien asiloa, frantziar estatuan 19ri, espainiar Estatuan 12ri, Suezian 39ri eta Finlandian 48ri (guztiak zetozen Italiako kontzentrazio esparruetatik). Luxenburgok Greziatik etorritako 30  hartu ditu. Gainera, lotsarik gabe, zifra iraingarri hauek agur arranditsuekin ospatu zituzten; adibidez, Atenasen ospakizun bat antolatu zuten aireportuan, eta Alexis Tsipras lehen ministro greziarra, Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentea eta Luxenburgoko atzerri ministroa bertaratu ziren, besteak beste.

Dena dela, aurrekoa lotsagabe eta zentzugabea bada ere, Europar Batasuneko herrialdeek iraila eta azaroa bitartean 762 pertsona beren jatorrizko herrialdeetara (Kosovo, Albania, Georgia edota Nigeria) bidali zituzten. Zifra altuagoa izango litzateke Pakistanek EBrekin duen itzulketa akordioa eten ez balu eta Atenasetik Islamabadera 30 pakistandar zeramatzan hegazkina buelta ematera behartu izan ez balu.

Kriminalizazioa eta errepresioa

Hau da Europako agintarien benetako aurpegia. Kosta ahala kosta, errefuxiatu gehiago etor daitezen eragotzi nahi dute, eta horretarako beharrezko diren baliabide guztiak erabiltzeko prest daude. Aurreko datuak ezagutzera eman zituzten egun berean, David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak Bulgariako lehen ministroa zoriondu zuen Bulgaria eta Turkia bereizten dituen 33 km-ko harresia eraikitzeagatik eta 120 km-ra luzatzeko asmoa izateagatik. Cameronek azpimarratzen zuenez, “egin dutena gai honi lehentasuna ematen zaionean lor daitekeena erakusten duen benetako ikasgaia da. Hori dela eta, gure babes osoa izango dute”. Gobernu honen balentrien artean daude etorkin afganiar bat hiltzea fogeozko bala batekin; gainera poliziak salaketa ugari jaso ditu etengabe muga igaro nahi duten etorkinen aurkako gehiegizko indarkeria erabiltzeagatik.

Hori gutxi ez eta Parisko atentatu bortitzak kriminalizazio politika are gehiago sustatzeko erabiltzen jarraitzen dute; errefuxiatuak terroristak direlako ideia faltsuak ari dira hedatzen, nahiz eta errefuxiatuak Parisko sarraskia eragin zutenengandik ari diren ihes egiten. Gainera, ez dago inongo ebidentziarik erakusten duenik terrorista bakar bat ere errefuxiatuekin sartu dela.

Frantziar estatuko lehen ministroak duela gutxi esan zuen Europak ezin dituela errefuxiatu gehiago onartu, hori ezinezkoa dela, eta Europako mugak zorrotz zaintzea aldarrikatzen zuen. Proposamen hau erabat babesten dute Alemaniako Gobernuak eta Europar Batzordeko Jean-Claude Junckerrek; azken honek Batzordearen proposamen bat iragarri zuen zeinetan egungo FRONTEX (Europar Batasuneko Estatuetako Kanpo Mugak Kudeatzeko Europako Kooperazio Operatiboko Agentzia) ordezkatuko lukeen kostazain eta mugazain taldeak sortzea proposatzen zen. Talde berri honek herrialde batetik bestera mugitzeko eskumena izango luke “gabezia larri edo iraunkor” bat balego Batasuneko kanpo mugen kontrolean; era berean, etorkinek erabil ditzaketen itsas bideak zaintzeaz arduratuko litzateke. Zalantzarik gabe, Europako atean joka ari diren milaka errefuxiatuen aurkako gerra adierazpena eta Batasunaren barnean “mugitzeko askatasunaren” aurkako erasoa da.

Asmo bera du, Angela Merkelek gidatuta, Turkiarekin hitzartutako akordioak. Erdoganen erregimenak —bere ohiko metodo ‘demokratikoekin’— errefuxiatuak bertatik atera eta Europara sar daitezen saihesteko 3.000 milioi jaso ditu eta Turkia EBn sartzeko prozesua azkartu da. Gobernu kriminal honi emandakoa are nazkagarriagoa eta higuingarriagoa da kontuan hartuta Erdogan turkiar presidentea ISISen eta Siriako eta Irakeko beste talde jihadisten sostengu nagusietakoa dela. Diruz laguntzen ditu eta bere herrialdea haien ekintzen base operatibo gisa erabiltzen uzten die. Bitartean herri kurdua erasotzen eta masakratzen jarraitzen du.

 

Europako eta munduko potentzia inperialistetako agintariek behin eta berriz erakutsi dute gerra eta miseriatik ihesean Europan babesa bilatzen duten milaka eta milaka errefuxiatuen etsai direla. Eta etsaiak dira arrazoi nagusi batengatik: Gobernu hauek berberek sustatu dituzte errefuxiatuen herrialdeen hondamendi eta suntsiketak, Afrika eta Ekialde Hurbila arrasatzen dituzten eraso inperialisten arduradunak dira. Duten alternatiba bakarra orain arte bezala jarraitzea da, gerra berriak eragitea eta kapitalista handiak onuradun nagusi dituzten gatazkak sortzea. Guk, langileok, gazteok, Siriako, Irakeko, Afganistango, baina baita Europakook, jartzen ditugu hildakoak eta ordaintzen ditugu ondorioak. Hori dela eta, errefuxiatuak eta Europako langileak basakeriaren aurkako borroka berberean gaude: kapitalismoaren, inperialismoaren eta eurek sortu duten terrorismoaren aurkako borrokan.

Informazio gehigarria