Kolonbia: Bake prozesua eta ezkerraren eginkizunak

Apirilaren 9an, ehunka mila pertsona mobilizatu ziren herrialde osoan FARCen eta Kolonbiako gobernuaren arteko elkarrizketa prozesuari babesa emateko. Milioika gazte eta langilek esperantzaz ikusten dute elkarrizketa 60 urte baino gehiagoko gatazka armatuaren ostean eta beraien bizitzak hobetu eta atzeratuta gelditu diren errebindikazioen alde baldintza hobeagoetan borrokatzeko aukera bezala identifikatzen dute bakea.

ArgazkiaKolonbia

 

Elkarrizketaren inguruko jarrerak areagotu egin ditu urteetan klase dominatzaile kolonbiarraren baitan egon diren zatiketak. Elkarrizketa babesten duen burgesiaren sektorearen (egungo presidentea den Santosen inguruan batu dena) eta FARC eta ELNko gerrillariekin edozein akordio lortzearen aurka dagoen burgesiaren sektorearen (Uribe presidente ohiak zuzenduta dagoena) arteko zatiketaren arrazoia ez da batzuk "aurrerakoi" edo "demokratikoak" direla eta besteak erreakzionarioak. Alde batetik, bi sektore hauek borrokan ari dira estatu aparatuaren kontrola lortzeko, eta bestetik, posizio desberdinak defendatzen dituzte krisi ekonomikoari eta azken urteetan areagotu den mobilizazio sozialari aurre egiteko. Izan ere, borroka garrantzitsu eta esanguratsuak ikusi dira Kolonbian azken urte hauetan: hezkuntzako kontraerreforma atzera botatzea lortu zuen ikasle borroka, langile borroka garrantzitsuak (kanabera moztaileena, meatzariena, garraiolariena...) indigenen mobilizazioak, herrialdearen zati garrantzitsu bat geldiaraztea lortu duten nekazarien lanuzteak… Kaleko borroka hau geratzea da burgesiako bi sektoreen helburu nagusia.

 

Bakearen aldeko mobilizazioek ezkerrerako bira adierazten dute

 

Ezkerrerako bira garrantzitsua eman da herrialdean. Hori ikusi da bai hauteskundeetan eta baita kalean ere. 2002az geroztik, herrialdeko alkatetza garrantzitsuenean, Bogota DCn, ezkerreko hautagaitzen garaipena eman da, eta iaz Gustavo Petro alkate bogotarraren gaitasungabetzea saihestea lortu zuten mobilizazio erraldoia izan zen. Burgesia, Errepublikako fiskal orokorraren eskutik (Uriberen sektorekoa da), Petro agintzeko gaitasunik gabe uzten saiatu zen honek paramilitarrekin lotura zuen zaborra biltzeko enpresa pribatu bati kontratua moztu eta zerbitzua munizipalizatu zuelako. Herri mobilizazioak Santos presidentea behartu zuen, hasieran eskuak garbitzen saiatu bazen ere, gatazkan esku hartzera protesten erradikalizazioa eta zabalkuntza geratzeko.

2014ko hauteskunde orokorretan ezkerraren potentziala ikusi zen berriz ere. Lehen itzulian Polo Democrático Alternativoko (PDA) Clara Lopez hautagaiak bozken %15 lortu zuen (bi milioi) Santosen aurkako haserrea ezkerretik batuz. Aurreko hauteskundeekin alderatuta bost aldiz biderkatu zuen emaitza. Santosek berriz hiru milioi bozka galdu zituen. Hautagai uribistaren aurrean Santosek bigarren itzulian lortutako garaipena ezkerreko hautesleen mobilizazioaren ondorio izan zen. Lehen itzulia Uribek babestutako hautagai batek irabazi ostean (krisiaren eta segurtasun faltaren ondorioz sektore atzeratu eta desesperatuenek duten haserrea manipulatuz) milioika langilek Santosen aldeko bozka eman zuten bake prozesuarekin amaituko zukeen gobernu uribista saihesteko.

Santosek diskurtso erabat demagogikoa erabiltzen du "bakeaz", "demokraziaz", "erreformez" eta "justizia sozialaz" hitz egitean. Lehendakariorde eta Lan Ministro bezala ezkerreko eta sindikatuetako agintari batzuk ipini ditu bere politika ekonomikoak mozorrotu eta ezkerreko agintariak bere asmoetara erakartzeko. Jokabide honen helburu bakarra deskontentu sozialari eustea da. Baina munduko ekonomia kapitalistaren krisiak, azkenaldian petrolioaren prezioaren jaitsierarekin adierazia (petrolioa ekoizten duen Kolonbia bezalako herrialde batean eragin handia izaten ari da), bere benetako aurpegia erakusteko joera du. Honek ezinezko bihurtuko du masen haserrea baretzea.   

 

Azeriak isatsa luze

               

 

Praktikan Santosen neurriak neoliberalak dira. Estatu kolonbiarrak besteak beste lan erreformak eta pribatizazioak onartu ditu. Neurri aurrerakoi gisa mozorrotu nahi ditu enpresariei esperientziarik gabeko gazteak (langabetuen %60) kontratatzeko dirua oparitzea bezalako neurriak. Gazte horiek ez dituzte gainerako langileen eskubide berberak izango, esklaboak bezala esplotatuak izango dira, eta langile mugimenduaren borroka eta antolakuntza oztopatzeko erabiliko dituzte.

Gauza bera gertatzen da bake prozesuarekin. Santosek eta hau babesten duen burgesiak inoiz ez dute nekazal erreformarik egingo, ez dute aberastasuna banatuko berdintasunean oinarritua eta ez dizkie paramilitarrek (beraiek babestu eta finantzatu zituztenak) kanporatutako nekazariei beren lurrak itzuliko. Ez dituzte eskubide demokratikoak eta lan eskubideak nabarmenki hobetuko. Akordioaren alde agertzen diren burgesia nazional eta internazionalaren sektoreek gerrillen desmobilizazioa espero dute orain FARCek eta ELNk dituzten lur sailak multinazionalen inbertsioetara zabaldu eta elikagai eta erregai transgenikoen merkatuan lehiatu ahal izateko.

 Gobernua eta Estatu aparatua burgesiak kontrolatzen dituen bitartean edozein bake akordio tranparekin eta faltsukeriekin etorriko da, historia kolonbiarrean eta latinoamerikarrean beti gertatu den bezala. Ezkerreko ordezkariek akats larria egingo dute Santosen politikaren atzetik jarraitzen badute, hau aurrerakoitzat aurkeztuz edo Uriberekin alderatuz hobea dela esanez. Ezkerraren zatiketak gaindituz, bakearen aldeko mugimendua eta berreskuratu den azken urteetako masen mobilizazioa frente bakar batean biltzea da gakoa. Beharrezkoa da klaseko programa bat, bakearen aldeko borroka kaleko mobilizazio sozialarekin elkartuko duena (lurraren banaketa, langabezia, murrizketak, pribatizazioak, pobrezia...), eta hau dena gizartearen eraldaketa sozialarekin uztartuko duena. 

Informazio gehigarria