Hegoafrika: Nelson Mandelaren heriotza eta gehiengo beltzaren apartheid ekonomiko eta soziala

  • Inprimatu

Nelson Mandelaren heriotzak inpaktu handia eduki du milioika pertsonen artean Hegoafrikan eta mundu guztian. Bere irudia langileria hegoafrikarrak apartheidaren erregimen izugarriaren aurka egindako borroka heroikoarekin identifikatzean, harrotasun eta inspirazio iturri bihurtzen da kapitalismoaren zapalkuntza jasaten duen ororentzat. 

 

 

Aspaldi da gobernu kapitalistek eta beren komunikabideek ez zutela hainbesteko "dolumin" ematen eta "atsekabe" erakusten. Nahiz eta Mandelaren heriotza benetan sentitu zuten zapalduen kasua ezberdina izan, burgesiak baditu bere arrazoiak eta heriotza hori erabili du "nazio adiskidetzearen", "elkarrizketaren" eta aberats eta behartsuen arteko bizikidetza zoriontsuaren balioen kanpaina berri bat egiteko.

 

Zalantzarik gabe, Nelson Mandelak iraganean sakrifizio handiak egin zituen eta indar eta ausardia handia erakutsi zuen apartheidaren, hau da, historiako zapalkuntza eta esplotazio sistema okerrenetako baten aurkako borrokan. Inperialismo angloamerikarrak historian zehar sostengatu zuen erregimen honek, gehiengoa ziren beltzak eta beste gutxiengo etnikoak inolako eskubide politikorik, ekonomikorik eta sozialik gabe uzten zituen. Arraza zuriaren nagusitasuna goratuz, gobernatzaile estatubatuarrek hamarkadetan zehar egin zuten bezala, burgesia hegoafrikarrak herritarren gehiengo zabala bazterturik eta pobreziarik krudelenean bizitzera behartu zuen, aberastasun eta pribilegio guztiak hartzen zituen bitartean. Bien bitartean, AEBko presidenteak, koroa britainiarrak eta mendebaldeko gainerako gobernu buruek, orain Mandelaren hiletara joan zirenek, bere kartzelaratzea txalotzen zuten, baita ANCko ekintzaileen aurkako errepresiorik odoltsuena eta arrazakeriarik higuingarriena ere. Ez alferrik, apartheidaren erregimen hegoafrikarra inperialismoaren aliaturik tinkoena izan zen, batez ere Afrikan askapen nazionaleko mugimenduen eta Mozambike eta Angolako herri altxamenduen aurkako inperialismoaren borroka militarra gorakada betean zegoen momentuan.

 

Mandela eta ANC

 

Nelson Mandela Asia, Afrika eta Latinoamerikako kolonialismoaren aurka borrokatu ziren ezkerreko ekintzaileen belaunaldikoa zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren iraultza kolonialetan eta, batez ere, Txinan eta Kuban inspiratu zen belaunaldi hau, aginte inperialistaren oinarriak astinduz. 1943an Mandela, beste ikasle batzuekin batera, ANCen (Afrikar Kongresu Nazionala) sartu zen eta hurrengo urtean ANCko gazte mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. Borrokalari belaunaldi berri honek, 1946ko meatzarien greba orokor arrakastatsuak eta 1950eko maiatzaren 1eko greba orokorrak, besteak beste, ANCren izaera aldatu zuten. Instituzio eta irudi politiko internazional ezberdinei eskaerak eta deiak egitera mugatzen zen erakunde bat izatetik, Mandelak eta bere kideek ekintzarako programa bat har zezan lortu zuten; honela, lehen aldiz ANC apartheidaren aurkako masen borrokan konprometiturik zegoen erakunde politiko bihurtu zen. Biraketa politiko hori eta 1950ean Hegoafrikako Alderdi Komunistara (HAK) gerturatzeko prozesuaren puntu gorena 1956an eman zen Askatasunerako Estatutua onartu zenean. Estatutua HAKko militante batek idatzi zuen eta nabarmena zen langile klasearen borroken eta ANCren perspektiba politikoetan horiek zuten eragina.

 

Zoritxarrez, HAKak zuen bi etapetako iraultzaren ideia ere islatzen zuen estatutuak, momentu hartan Errusiako burokrazia stalinistaren defendatzaile sutsuenetako alderdi bat baitzen. Beste herrialde kolonialetan gertatu zen bezala, Hegoafrikako Alderdi Komunistaren zuzendaritzak ez zuen askapen nazionalaren eta eskubide demokratikoen aldeko borroka iraultza sozialistara loturik zegoen eginkizun bat bezala ikusten; garapen kapitalista "demokratikoko" aldi luze baten beharra planteatzen zuten, burgesia nazional aurrerakoi baten zuzendaritzapean eta sozialismoaren aldeko borroka etorkizun zehaztugabe baterako atzeratzen zuten. Askatasunerako Estatutua etapen teorian oinarritzen zen, nahiz eta paperean ekonomia eta ekoizpen baliabideak nazionalizatzeko beharra defendatzen zuen, ez zen inolako kasutan "estatu sozialista baterako plan bat", Mandelak berak onartzen zuen bezala. Praktikan, "kapitalismo beltz" baten ideia zeraman, non "herrialde horren historian lehen aldiz burgesia ez europarrak bere izena eta bere eskubideak edukitzeko aukera edukiko duen".

 

1961ean Mandela, ANCko zuzendaritzako beste hainbat kiderekin batera, atxilotu egub zuten eta sabotaje ekintzak leporatu zizkioten. Ondorioz, 1964an bizi arteko espetxe zigorrera kondenatu zuten. Guztira 27 urte pasa zituen kartzelan baldintza oso gogorretan, mendebaldeko gobernatzaileen axolagabetasunaren aurrean, beti defendatu izan baitzituzten bere kartzelazainak izan zirenak. Atxilotu aurreko urteetan zehar parte hartu eta bultzatu zuen borrokak eta gatibualdian pasa zituen urteek apartheidaren aurkako sinbolo bilakatu zuten, Hegoafrika barnean nahiz kanpoan.

 

Apartheidaren amaiera

 

Mandelaren heriotza baliatuz, asko apartheidaren erorketa gizon baten lana edo heroi gutxi batzuen borroka bezala irudikatzen saiatzen dira. Nahiz eta, Mandelak eta ANCko beste hainbat agintarik paper nabarmena jokatu zuten, laurogeigarren hamarkada erdi aldera apartheida krisi sakon batean sartu eta deskonposatzen hasi bazen, hori langile klase hegoafrikarraren masa borroka indartsuagatik izan zela onartu behar da, hirurogeita hamargarren hamarkadaz geroztik protesta amaigabeak, grebak eta mota guztietako mobilizazioak egin baitzituen; nahiz eta milaka hildako erori borroka horretan. Apartheidarekin amaitzeko agertu zuen borroka gaitasunaren eta irmotasunaren eredu dira esate baterako 1973ko Nataleko borrokak, 1976eko gazteriaren matxinada Soweton edo laurogeigarren hamarkadako altxamenduzko mugimenduak. Borroka honek ez zuen, ordea, apartheidaren amaiera bakarrik jarri jo puntuan. Aldaketa sozial sakonagoen aspirazioei loturik zegoen, hau da, kapitalismoarekin amaitzeko beharrari eta sozialismoaren alternatibari. Hegoafrikako gertaerak mehatxu handia bilakatu ziren inperialismoarentzat lurraldean, milioika afrikar zapalduk arretaz begiratzen baitzuten langile klasearen borroka hura, kapitalismo arrazista zuriaren aurkako eta sozialismoaren aldeko borrokaren abangoardian kokatuz.

 

1982an Mandela espetxez aldatu zuten, atxilotu zuten sindikalista baten hilketari erantzunez 100.000 langilek parte hartu zuten greba politiko baten ondoren. 1985ean erregimenak negoziazioak hasi zituen Mandelarekin. 1990ean aske geratu zen eta 1994an burutu ziren lehen hauteskunde demokratikoetan, Mandela Hegoafrikako lehen presidente beltza bihurtu zen. 1999ra arte egon zen kargu horretan.

 

ANCren politika. Askapen nazionalerantz edo kapitalaren dominaziorantz?

 

Atxilotu aurretik, Mandelak Askatasunerako Gutuna defendatu zuen (Afrikako Kongresu Nazionalaren sorrerako Printzipio Aitorpena), ekonomiaren nazionalizaziora sutsuki defendatzen zuena. 1959an Mandelak honakoa esan zuen:

 

"Egia da bankuen, urre meategien eta lurraren nazionalizazioa eskatzerakoan, Gutunak golpe gogorra ematen diela mendeetan zehar herrialdea arpilatzen eta gure herria morrontzara kondenatzen aritu diren monopolio finantziero eta meatzariei eta landetxeen jabeei. Baina pauso hori ezinbestekoa da zeren Gutunaren helburuak gauzatzea ezinezkoa da, are eta monopolio horiek zapalduak izan arte eta herrialdeko aberastasun nazionala bere herriari eman arte."

 

Kartzelatik atera baino bi aste lehenago ere, Mandelak gutun batean honakoa zioen: "meatzeen, banku eta industria monopolistikoen nazionalizazioa ANCren politika da, ideiez aldatzea zerbait ulertezina da". Behin gobernura iristerakoan, ordea, Mandelak eta ANCren zuzendaritzak, bere programa aplikatu beharrean, NDFaren (Nazioareto Diru Funtsaren) eta inperialismo internazionalaren aginduak jarraitu zituzten. Nelson Mandelak baimenduriko eta Anthony Samsonek idatziriko biografian, gobernura iritsi aurretik ANCren eta erakunde internazionalen artean eman ziren negoziazioak irakur daitezke. Lorturiko akordioan honako konpromisoa hartu zuen ANCk: "defizita murriztea, interes tipoak igotzea eta ekonomia irekitzea, 850 milioi dolarreko balioa duen NDFaren maileguaren truke". John Pilger kazetariak, urte bete beranduago, Mandelari eginiko elkarrizketa batean programan defendaturikoaren eta praktikan aplikaturikoaren arteko kontraesanaz galdetu zion, eta ea ANCk nola amaitu ote zuen thatcherismoa besarkatzen. Honakoa erantzun zion Mandelak: "zuk nahi duzun etiketa jar diezaiokezu... baina herrialde honentzat pribatizazioa da funtsezko politika".

 

Politika hori, ordea, hondamena izan zen langileentzat eta Hegoafrikako zapalduentzat. Ronnie Kasrils ANCko agintarietako baten hitzetan: "Hura izan zen, 1991tik 1996erako aldia, ANCaren arimaren aldeko borroka martxan jarri zen unea eta galdu egin zen korporazioen eraginaren eta boterearen alde. Hura izan zen inflexio puntu tamalgarria. Nik gure momentu Faustikoa deituko nuke [Goetheren Fausto idazlanari erreferentzia egiten dio, non deabruari bere arima saltzen dion betiereko gaztetasunaren truke], tranpan erorita geratu ginena. Egunen batean saldutako gure herriaren arimaren oihuak errekan behera jaitsiko dira".

 

Apartheid ekonomiko eta sozialak jarraitzen du: miseria eta desberdintasun soziala

 

ANCren programak benetan lortu zuena klase kapitalista beltzaren sorrerarena izan zen. Black Economic Empowerment bezalako legeek beltz gutxi batzuk aberastu izana eta administrazio kontseiluetako postu nagusiak hartzea baimendu dute. Horien artean ANCko buru ohiak eta buruzagi sindikal ohiak daude; esaterako Cyril Ramaphosa, NUM meatzarien sindikatuko lider izan zena eta egun herrialdeko gizonik aberatsenetakoa dena.

 

Apartheidaren amaierarekin herritar beltzek bozkatzeko askatasuna dute eta erregimen horrek ukatzen zizkien eskubide demokratikoak dituzte (ofizialki behintzat), baina kapitalismopean ez da aldatu gizarteko oinarrizko zatiketa. Hogei urte beranduago, Hegoafrika munduan ezberdintasun gehien duen herrialdeetako bat da. Aberatsen eta pobreen arteko zuloa 1990ean Mandela espetxetik atera zenean baino handiagoa da: aberastasun nazionalaren %60a herritarren %10 aberatsenaren eskuetan dago, biztanleriaren %50a baino gehiago bizi da pobrezia maila azpitik eta 20 milioi langabetu baino gehiago daude, %50a baino gehiago gazteak dira. Orain dela hogeita hamar urte gertatzen zen bezala, pobreen eta baztertuen gehiengo zabala beltzek izaten jarraitzen dute. Hori da kapitalismoaren nahitaezko emaitza. Historiak beste behin frogatu du askapen nazionala ez dela lortzen kapitalismoa agintean badago. Masek ez zuten borroka egin "demokrazia" hutsagatik bakarrik, benetako berdintasunagatik baizik, enplegua, soldata, etxebizitza eta orokorrean beren bizi baldintzen aldaketa erradikal baten alde.

 

Azken urteetan, klase arteko borroka berriro azalera atera da eta borroka masiboetan adierazi da; esate baterako, 2008ko greba orokorrean edo 2010eko munduko futbol txapelketan izan ziren protestetan. Horiek enfrentamendu gogorra eragin dute langile klasearen eta ANCko gobernuaren artean. Konfrontazio honen adierazpiderik handiena 2012ko abuztuan ikusi zen, Marikanako meatzarien greba batean. Poliziak 35 meatzari hil zituen eta ondoren meatzaritzako greba uholdea etorri zen. Apartheidaren atal odoltsu okerrenak gogorarazten zituzten irudiak utzi zituzten mobilizazio hauek, Shapersvilleko edo Sowetoko sarraskiak bezalakoak.

 

The New York Times egunkariak askok beldur diotena ohartarazi zuen: Mandelaren heriotzak langileen aurrean ANCk duen sinesgarritasun urria guztiz galtzea eta horrek klase arteko borrokaren areagotze batera eramatea ekar dezake, kontuan hartuz horrek kapitalismo hegoafrikarrarentzat nahiz kontinentean inperialismoak dituen interesentzat edukiko lukeen arriskua.

 

Zalantzarik gabe burgesiak "adiskidetze nazionalaren" eta "batasun nazionalaren" ondarea aldarrikatuko du Nelson Mandelaren heriotza aprobetxatuz. Helburua argia da: masen borrokari eustea, benetako askapenerako bidea blokeatzea. Baina ez da existitzen adiskidetze eta batasun nazionaleko etorkizunik. Kapitalismoa, Hegoafrikan nahiz mundu mailan, bere krisi handienean dago. Ez dauka zer eskainirik langile klaseari ez bada pobrezia, gosea, gaixotasunak eta etxebizitza falta. Klase arteko borroka izango da oraina bezala etorkizuna erabakiko duena. Hegoafrikako gertaerek ideia bat baieztatu dute: langile klase beltzak eta Hegoafrikako herritarren gehiengo zabalak jasaten duen apartheid sozial eta ekonomikoarekin (eta azken finean baita politikoarekin ere) amaitzeko bide bakarra iraultza sozialistaren aldeko borroka kontziente eta antolatua da.