Federiko Engels Fundazioaren argitalpen berria: David Riazanoven “Marx y Engels”

Federiko Engels Fundazioaren argitalpen berri honek material zoragarri eta bidegabeki ahaztua dakarkigu: David Riazanov boltxebikeak 1922an Moskuko Akademia Sozialistan emandako bederatzi hitzaldiak. Alderdi Komunistako koadroei zuzendutako saio hauetan, Riazanovek Marx eta Engelsen bizitza eta beren lan iraultzailea aurkeztu zituen: “Gai erabat historikoa landuko dut, baina, era berean, lan teorikoa ezartzen diot neure buruari; izan ere, Marx eta Engels maisuez mintzatuko naiz, hauek interesgarri dira historiaren ikuspuntu materialistaren autore eta sozialismo zientifikoaren sortzaile baitira, eta beren metodoa, beren ikuspuntua aplikatuz egin nahiko nuke”.

ArgazkiaLiburu

 

Riazanovek gaitasun ikaragarria erakutsi zuen, ez bakarrik Marx eta Engelsek bizi izandakoaren berri emateko, baita beren ondare politikoa aldarrikatzeko ere. Beren garaiko produktutzat, bizi zuten baldintza ekonomiko eta sozialeko produktutzat hartu zituen Marx eta Engels, eta hauek errealitatea aldatzeko borrokari ekiteko hartutako erabakiaz hitz egin zuen.

Bi militante iraultzaile nekaezinen historia

Hitzaldi hauen bidez Marx eta Engelsen pentsamendu bikainean sakontzeaz gain, beren espiritu borrokalaria, ekintza militantea, langile klasearen kausaren aldeko grina eta zailtasunetan tinko mantentzeko gaitasuna ere ezagutuko ditugu. Azken finean, sozialismo zientifikoaren sortzaileak ezagutuko ditugu, zeinentzat teoriarik gabeko praktika praktikarik gabeko teoria bezain itsua zen. Marx eta Engels langile klaseak behar zuen tresna politikoa eraikitzeko gogor lan egin zuten bi antolatzaile nekaezin izan ziren. Komunisten Ligaren sorrera dela eta, Riazanovek hauxe dio: “Historialariei oharkabean pasatu zaie Marxek egindako antolatzaile lana, kabineteko pentsalari bezala aurkezten baitute, eta Marx antolatzaile paperean ezagutu ez dutenez, ez dute bere izaeraren alderdi interesgarrienetako bat ezagutu”. Riazanov irakurrita, Engelsek bere kamarada eta adiskidearen hilobiaren aurrean esandako hitzek dimentsio handiagoa dute: “Marxen arabera, zientzia zen historiaren indar higiarazlea, indar iraultzailea (…). Izan ere, Marx, ezeren gainetik, iraultzailea zen (…). Borroka zen bere elementua. Eta gutxik adinako pasioz, nekaezintasunez eta arrakastaz borrokatu zuen” (Engelsen diskurtsoa Marxen hilobiaren aurrean 1883ko martxoaren 17an).

David Riazanov, izenez David Zimkhe Zelman Beroz Goldendachen, iraultzaile nekaezina izan zen, urri sobietarrean lehen lerroko protagonista eta Marx eta Engelsen lan teorikoa biltzen eta zabaltzen aitzindari. 1870ean jaio zen Odessan, 14 urterekin hasi zuen Tsarraren aurkako militantzian, lehenengo narodniki bezala eta ondoren sozialdemokrata (marxista) bezala hiru urte beranduago. Errusiar estatuak bere ekintza militantea zigortu zuen zenbait atxiloketekin eta, azkenik, erbestearekin.

Dena dela, Errusiatik behartuta irten arren, ez zen bere konpromisoa gutxitu, Europa osoko liburutegi eta artxiboetako lana garatzen lagundu zion, baina, batez ere, SPD alderdiko liburutegia eta Marx eta Engelsen eskuizkribuen depositua ezagutzeko aukera izan zuen. Laura Lafargue Marxen alabaren adiskidetasunari esker, familiako artxibo baliotsua ere ezagutu ahal izan zuen. Hala ere, ez zuen dokumentazio lan erraldoi eta zehatza bakarrik egin; Riazanoven helburua haratago zihoan, Marx eta Engelsen lan teoriko eta praktikoa zabaldu nahi zuen militante gazte eta langileen artean. Bere irmotasunak jaso zuen saria iraultza boltxebikearen garaipena izan zen.

Antolakuntza aldetik Riazanov hasieran batean ez zen lerratu ez boltxebikeekin, ez mentxebikeekin, baina Errusiara erbestetik itzultzean, 1917ko otsailean Tsarra erori ondoren Alderdi Boltxebikera batu zen. Urriko Iraultzaren garaipenaren ondoren, bere lana ezinbestekoa izan zen 1919an Akademia Sozialista sortzeko. 1920ko bukaera aldera, Alderdi Boltxebikeko komite zentralak Marxismoaren Museoa sortzeko proposatu zion, baina Riazanovek proiektu zabalagoa aurreikusi zuen: marxismoaren obrak ikasteko institutua, koadro komunisten formakuntza gune bilakatuko zitzatekeena eta helburutzat Marx eta Engelsen lan guztien edizioa egitea izango zukeena. 1921ko urtarrilean, Alderdi Boltxebikeko komite zentralak Riazanovek proposatutako Marx-Engels Institutua sortzea onartu zuen.

Marxismoaren espiritu bizi, zorrotz eta kritikoa

Ororen gainetik, Riazanoven lanak erakusten duenez, Marx eta Engelsek burgesiarekiko beregaina den klase independentzian oinarritutako politika tinkoa egin zuten. Hala kontatzen du konferentzietako batean 1848ko Parisko proletarioen altxamendu iraultzailea zapaltzen izandako jarrera azaltzean. Marx eta Engelsek Renaniar Gazeta Berria egunkari demokratikoan parte hartzen zuten, eta bertan “artikulu suhar bat” argitaratu zen “zeinetan burges berdugoak  eta demokraziaren sateliteak salatzen ziren. Artikulu hau 1848eko ekainaren 28an idatzi zen, eta ez da demokrata baten lumaz idatzia: komunista bat soilik izan liteke egilea, eta beren taktikagatik Marx eta Engelsek ezin zezaketen inor engainatu. Egunkariak berehala galdu zituen burges demokratek ematen zituzten diru laguntzak, eta horrela Koloniako langileen benetako organo bilakatu zen, langile alemaniarren organo”.

Riazanoven lan zoragarri hau stalinismoaren gorakadak ito zuen, langile klasearen gizartearen gidaritza politikoa lapurtu zuen erreakzio burokratikoak. Riazanoven lanak, Marx eta Engelsen benetako pentsamendua zabaltzeak, agerian uzten zuen Stalin eta bere taldeak marxismoaren ideiak eta programa degeneratu zutela eta bertatik aldendu zirela. Honi gehitu behar zaio Riazanovek baztertu nahi ez zuen jarrera kritiko eta beregaina. Victor Sergek bertute baliotsu hau lekukotu zuen: Stalinek 1927an Institutua bisitatu zuenean eta Marx, Engels eta Leninen argazkiak ikustean Riazanovi hauxe galdetu zion: “Non dago nire erretratua?”. Eta Riazanovek erantzun: “Marx eta Engels nire maisuak dira; Lenin nire kamarada izan zen. Baina, nor zara zu niretzat?”. Handik gutxira, 1931n Riazanov atxilotu zuten eta Volgako eskualdera deportatu zuten. Azkenik, 1938ko urtarrilaren 21ean epaitu zuten ateak itxirik ordu laurden baino gutxiagoan; heriotzara kondenatu eta exekutatu egin zuten.

 

Bortizki hil arren, Riazanoven lana, marxismoaren espiritu kritikoa, bizia, ausarta, gertakari berrien egarri dena, ez zuten zapaldu eta ez dute zapalduko. Gizateriaren emantzipazioaren alde borrokatu zuten gizon eta emakume handi horien lanak gaur egun ikasteko erabiltzen ditugun ondare dira eta sozialismoaren aldeko borrokarako ezinbesteko tresna bilakatzen ditugu.

Informazio gehigarria