Marxismoaren klasikoak: Nazioen autodeterminaziorako eskubidea, V.I. Lenin

Orain dela 100 urte hain justu, Leninek Nazioen autodeterminaziorako eskubidea idatzi zuen 1914ko otsaila eta maiatza bitartean, langile mugimendu errusiarraren gorakada betean. Prozesu hau eten egin zen, aldi batez, Lehen Mundu Gerraren hasierarekin, liburua amaitu eta hilabete gutxira; baina berriro piztu zen 1917eko otsailean erregimen tsaristaren erorketa eraginez. Leninek oso argi zeukan boltxebikeek arazo nazionalaren inguruan zuten posizioaren baitan egongo zela, funtsezko beste puntu batzuekin batera, garatzen ari zen iraultzaren arrakasta. 

 

Urte mordoa igaro arren, idatzi honek gaurkotasun harrigarria mantentzen du, batez ere bi funtsezko arrazoirengatik. Lehenik eta behin, egungo krisi kapitalistak, klase arteko borrokaren gorakadarekin batera, arazo nazionalaren areagotzea eragiten du. Inperialismoen arteko tentsioak, esplotazio neokolonialak larriagotzea eta estatu plurinazionalen barnean joera zentrifugoak azkartzea egunerokotasun osoko fenomenoak dira.

 

Bigarrenik, testuak mantentzen duen gaurkotasuna zuzenean loturik dago testuak berak duen helburuarekin: arazo nazionalari eta honek klase arteko borrokarekin duen erlazioari dagokionez marxismoaren oinarri teorikoak, metodologikoak eta programatikoak finkatzen ditu, honela gazteriaren eta langile klasearen sektore aurreratuenei orientazio politiko sendo bat emateko.

 

Arazo nazionala Errusiako Iraultzan

 

Leninen eta boltxebikeen aurka idatzi duten eta idazten jarraitzen duten historialari burges gehienek zentralista burugogor eta konpultsibo gisa aurkezten saiatzera jotzen dute; errealitatearekin inolako zerikusirik gabe ordea. Tsarraren inperioa oso urrun zegoen nazionalki homogeneoa izatetik. Bere batasuna, Errusiako burgesiaren eta kapitalismoaren atzerapen historikoa zela eta, Errusia handiko estatu absolutistaren zapalkuntza nazionalean oinarritu zen. Leninek azaldu zuen bezala, Errusia nazioen kartzela bat zen. Nahiz eta inperioko herritarren gehiengoa errusiarra ez izan —ukraniarrak, poloniarrak, finlandiarrak, lituaniarrak, letoniarrak, judutarrak, musulmanak, tartaroak, Kaukasoko herriak, etab. — errusiera eskolan, armadan eta, noski, administrazio guztian inposatzen zen; aldi berean, eliza ortodoxoak ere errusifikazio hori bermatzen zuen, tsarismoaren “polizia izpiritual” gisa.

 

1914ko gerra inperialistan Errusiaren parte hartzearekin are gehiago gogortu zen zapalkuntza nazionala: nazio zapalduetako eskubide demokratikoen aurkako errepresio hedatua, ekintzaileen atxiloketak eta erailketak, biztanleria autoktonoaren kanporatze masiboak, edozein prentsa nazionalen erabateko galaraztea; dena areagotu zen. Baldintza horietan saihestezina zen tsarismoaren erorketarekin eta iraultzaren hasierarekin, aldarrikapen demokratiko nazionalek indar handia hartzea izaera sozialeko beste eskakizun demokratiko orokorrekin elkarturik. Prozesu hori jada gertatu zen 1905ean eta berriz agertu zen 1917an.

 

Zapalkuntza nazionalaren aurkako borroka irmorik eman gabe eta Nazioen autodeterminaziorako eskubidea idatziak oinarri duen programa hori gabe, ezinezkoa izango zitzatekeen boltxebikeentzat nazio zapalduetako masen konfiantza irabaztea iraultza sozialistaren eginkizunerako —gehienak nekazariak ziren— eta, beraz, ez zitzatekeen garaipena lortuko. Egia esan, Leninek arazo nazionalaren inguruan planteatu zituen tesiek praktikaren proba gainditu zuten. Arrazoi guztiarekin, Trotskyk bere Errusiako Iraultzaren Historia idazlanean arazo nazionalari eskainiriko atalean honakoa esan zuen: "Errusia sobietarraren patua edozein izanik ere (...) Leninen nazio politika betirako sartuko da gizateriaren ondarean".

 

Herri batek ezin du aske izan beste bat zapaltzen badu

 

Leninen testuaren hasiera Rosa Luxenburgok boltxebikeen programaren 9. puntuarekin duen polemikatik abiatzen da, hau da, autodeterminazio eskubidea defendatzen duen puntutik. Ezadostasunaren oinarria honakoa zen: Rosa Luxenburgok aldarrikapen horrek burgesia poloniarraren interes nazionalistei laguntzen ziela interpretatzen zuen bitartean, Leninek kontrakoa argumentatzen du: autodeterminazio eskubidea defendatzea, programaren beste puntuei loturik, modurik hoberena da nazio zapalduetako masen artean, langile eta nekazariengan, nazionalismo burgesak duen eraginari aurre egiteko. Leninek ulertzen zuen Rosaren posizioa nazio zapalduko nazionalismoaren aurkako borroka politiko gogorraren testuinguruan, langile alderdi benetan marxista bat eraikitzeak zekarren presioagatik zetorrela, baina argitasunez seinalatu zuen egiten ari zen akatsa.

 

Zapalkuntza nazionaleko benetako egoera dagoenean, egoera hau gutxiestea edo jaramonik ez egitea, nahiz eta internazionalismoaren defentsatik abiatuz egin, kasurik hoberenean eskubide demokratiko nazionalen defentsaren bandera nazio zapalduko burgesiari entregatzera darama, eta kasurik okerrenean nazio zapaltzaileko burgesiaren posizio berean erortzera. Leninentzat, autodeterminazio eskubidearen defentsak oinarrizko heziketa lana betetzen zuen, batez ere nazionalitate zapaltzaileko langileei eta nekazariei dagokienez; kasu honetan, Errusiarrak. "Akaso, aske izan al daiteke beste herriak zapaltzen dituen herri bat? Herritar errusiarren askatasunerako interesek zapalkuntza honen aurka borrokatzea eskatzen dute. Historia luzeak, nazio zapalduetako mugimenduen errepresioaren historia sekularrak, errepresio horren propaganda sistematikoak klase 'altuen' eskutik, oztopo handiak sortu ditu herri errusiarraren beraren askatasunerako eginkizunarentzat beren aurreiritzietan, etab.", azpimarratzen du Leninek testuan.

 

Hala ere, Leninen autodeterminaziorako eskubidearen defentsa, banatzeko eskubidea barne hartzen duena, arazo nazionalaren inguruan zuen posizioaren zati bat besterik ez zen. Garrantzitsua da azpimarratzea autodeterminaziorako eskubideak Leninentzat ez zuela esan nahi kasu guztietan independentzia bultzatzea. Boltxebikeek modu argi eta tinko batean borrokatzen zuten edozein zapalkuntza nazionalen aurka eta, era berean, langile klasearen batasun handienaren alde. Leninek liburuan nabarmentzen du Errusian "batera borrokatzen zutela eta borrokatu behar zutela nazio zapalduetako proletalgoak eta nazio zapaltzaileko proletalgoak. Eginkizuna sozialismoaren aldeko langile klasearen borrokaren batasuna babestea da, nazionalismoaren influentzia burges eta ultraatzerakoi guztiak uxatzea".

 

"Praktizismoa": burgesiaren interesen menpe ezartzea

 

Leninen arazo nazionalaren inguruko posizioa, nolabait esatearren, negatiboan formulaturik dago. Edozein zapalkuntza nazionalen aurka posizionatzen da, baina ez die inolako kontzesiorik egiten nazionalitate zapalduko burgesiaren eskakizun "praktikoei"; bere helburuetarako esplotatzen baititu herritarren sentimendu demokratikoak. Zapalkuntza nazionalaren aurka borrokatu bai, baina "nazio zapalduko burgesia bere nazionalismo burgesaren alde dagoen heinean, gu aurka gaude. Borroka nazio zapaltzailearen pribilegioen eta biolentzien aurka, eta inongo tolerantziarik ez nazio zapalduaren pribilegio irrikari". Lenin nahikoa irmoa da nazionalitate zapalduko burgesiaren eskakizun "praktikoen" aurrean amore ematearen ondorioei dagokionez: "Arazo nazionalean, burgesia orok nahi ditu pribilegioak bere nazioarentzat edo abantaila esklusiboak honentzat; hain zuzen ere hori da 'praktikoa' izatea deitzen dena. Proletalgoa mota honetako pribilegioen aurka dago, esklusibismo ororen aurka. 'Praktizismoa' eskatzeak burgesiaren erremolkean joatea esan nahi du, oportunismoan erortzea".

 

Leninek liburuan zerbait azpimarratzen badu, hori langile klaseak erabateko independentzia politikoko posizioa mantentzeko beharra da, nazionalitate zapaltzaileko nahiz zapaldukoena: "Langile klasearen interesak eta kapitalismoaren aurkako bere borrokak erabateko elkartasuna eta batasunik estuena eskatzen du nazio guztietako langileen artean, edozein nazioetako burgesiaren politika nazionalista ukatzea eskatzen dute. Horregatik, langile politikaren eginkizunetatik apartatzea litzateke eta langileak burgesiaren politikaren menpe ezartzea, bai sozialdemokratak autodeterminazio eskubidea, hau da, nazio zapalduen banatzeko eskubidea ukatzen hastea, bai nazio zapalduetako burgesiaren aldarrikapen nazional guztiak babesten hastea. Soldatapeko langileari berdin zaio bere esplotatzaile nagusia burgesia errusiarra edo alogenoa den, burgesia poloniarra den edo hebrearra den, etab. Bere klaseko interesen kontzientzia hartu duen soldatapeko langileari berdin zaizkio nola kapitalista errusiarren estatu pribilegioak hala kapitalista poloniarrek eta ukraniarrek estatu pribilegioak dituztenean lurrean paradisua ezartzeko egiten dituzten promesak. Kapitalismoaren garapenak aurrera jarraitzen du eta aurrera jarraituko du, modu batera edo bestera, nola estatu heterogeneo batean hala estatu nazional banatuetan". Beste paragrafo batean, modu argi batean amaitzen du: "Nazioen autodeterminazioen arazoan, beste edozeinetan bezala, interesatzen zaiguna, ezer baino lehen eta batez ere, nazioen barnean proletalgoaren autodeterminazioa da".

 

 

Leninen liburuak abiapuntu sendo eta funtsezkoa eskaintzen du arazo nazionalari modu kontsekuenteki iraultzaile batean heltzeko egun Euskal Herrian, baita Catalunyan, Galizian eta orokorrean Estatu espainiarrean nahiz mundu mailan ere. Egia esan, pasarte askok egungo egoeran pentsatuz idatziak dirudite.

Informazio gehigarria