Espetxe-zigorrak eta 10.000 euro baino gehiagoko isunak LABeko sindikalisten aurka Nafarroan

Aski da! Borroka sindikalaren kriminalizazio eta jazarpenik ez!

Inpunitaterik ez patronalaren esplotazioari!

laSangiovesa

Iruñeako 4. Epaitegiaren buru den Emilio Labella epaileak LABeko sindikalista bati 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio.  Ez da kasu bakarra. Azken hilabeteotan, epaileak, foruzaingoa eta Nafarroako administrazioa abian jarri dira borroka sindikala jazartzeko, noiz eta borroka honek garaipen garrantzitsuak lortu dituenean sektore prekarizatuetan. Sektore horietan patronalak inpunitate osoz esplotatzen du, PP eta PSOEren lan erreformetatik haratago, ilegalak diren jardueren bidez.

2018ko uztailaren 7an, hainbat sindikalista sartu ziren La Sangiovesa pizzerian modu baketsuan. Helburua zen salatzea lau langile kaleratuak izatea LABen kandidatura bozkatzeagatik, enpresaren aldeko UGTkoaren ordez. Protestan pegatina batzuk jarri zituzten kanpoan eta barruan, boikot deiak egin zituzten kaleratuak onartu bitartean eta megafoniaz enpresaren esplotazio jarduerak azaldu zituzten. Inongo unetan ez zen bezeroen pasoa galarazi, ezta inongo kalterik eragin ere. Azkenean, enpresarekin akordio batera ailegatu zen eta, besteak beste, salaketa bertan behera utzi zuten ugazabek. Hala ere, Fiskaltzak eta epaileak erabaki dute auzibidearekin jarraitzea, espetxe-zigorrak mantenduz. Emilio Lavella epailearen arabera, kartel gehiegi jartzea eta megafonia erabiltzea ekintza sindikalaz haratago doa, eta “indarkeria” bihurtzen da. Horregatik, Imanol Salinas sindikalistari 21 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio eta beste bati, 2.800 euroko isuna desordena publikoarengatik.

Huertas de Peraltaren kasuan, polizia gorpu ezberdinek, oraintsu arte, 5.600 euroko 30 isun jarri dituzte. Halaber, Foruzaingoak hainbat prozedura ireki ditu LABeko hiru sindikalisten aurka, “desordena publikoa” eta “autoritatearen aurkako delitua” egotziz. Batentzat, Fiskaltzak 2.800 euroko isuna eskatu du. Bigarren prozeduran bi sindikalisten aurka, oraindik ez dira eskariak ezagutzen. Horrez gain, nazionalitatez marokoarra den eta poliziak oldarraldian larriki zauritu zuen Huertas de Peraltako langile bati, Fiskaltzak bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra, 2.500 euroko isuna eta Estatu espainarretik bost urtez kanporatzea ezarri nahi dizkio.

 Sektore prekarizatuak borrokan

 Sangiovesa pizzerian ez da laneko araudia errespetatzen, ostalaritzan maiz gertatzen den bezala: lan hitzarmena ez da betetzen, jendea lanean kontraturik gabe aritzen da, eta askatasun sindikalak urratu egiten dira,… Hori gutxi ez balitz, aparteko lan orduak pizza baten truke ordaintzera iritsi dira. Egoera honen aurrean, langileok erabaki zuten antolatzea. Aitzitik, enpresak UGTren hautagaitza inposatu nahi izan zuen eta hainbat langile kaleratuak izan ziren. Hala ere, hainbat mobilizazio egin ondoren enpresaren aurrean, langileek lortu zuten egoerari buelta ematea, kaleratuak berriz onartzea eta lan hitzarmena betearaztea.

Huertas de Peralta enpresan ongi islatzen da Nafarroako nekazaritzan ematen den zapalketa egoera gordina: behin-behinekotasuna, 13 orduko lanaldiak, ordaindu gabeko opor eta gaueko txandak… Langileek sindikalki antolatzea erabaki zuten eta  28 egunez grebari ekin zioten, etengabe  poliziaren errepresioa eta oldarraldia jasoz. Horrek guztiak klase elkartasun olatua piztu zuen. Azkenean, langileek aldarrikapen gehienak betetzea lortu zuten, enpresan etapa berri bat irekiz. 

Botere judiziala: inpunitatea enpresarientzat, zigorra sindikalistentzat

“Non daude Lan Ikuskaritza, poliziak eta Fiskaltza lan hitzarmena behin eta berriz  betetzen ez denean? Non daude langileak hiltzen direnean lan-osasuneko arauak ez betetzeagatik? Zergatik ez zuten deus egin Fiskaltzak edo Lan Ikuskaritzak Sangiovesa pizzeriak kontraturik gabeko langileak zituenean? Zergatik Foruzaingoak ez zuen esku hartu enpresak langileak ilegalki kontratu zituenean grebak iraun zuen bitartean?” Hauxe LABen galderak eta salaketa.

Enpresariei inpunitate osoa ematen zaie beraiek ezarririko lege bera ere hausten dutenean, baina lan baldintzen eta eskubide sindikalen urraketak salatzen dituzten langileak gogor zigortzen dira ustez lan hori egin beharko luketenen aldetik. Horrela, botere judizialak erakusten du sistema kapitalistaren zaintzaile fidela dela, jazarpenerako beti prest patronalaren interesen alde. Are gehiago, horrelako zigorrekin mehatxu mezua zabaldu nahi dute langile klasearen alde jartzen denarentzat.

Ezker Iraultzaileak eta Ezkerreko Sindikalistek gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu errepresaliatutako LABeko sindikalistei. Dei egiten dugu elkartasuneko ekintza guztietan parte hartzera, klase sindikalismoaren alde eta enpresarien inpunitatearen kontra. Beharrezkoa dugu langile guztion batasuna eta borroka prekarietatea jasaten duten sektoreak defendatzeko.

Informazio gehigarria