Enpresa batzordeek batasunerako eta borrokarako deia egiten dute

kaleratze, enpresa itxiera eta langabeziari aurre egiteko

 

2008an krisia hasi zenetik ondorio ikaragarriak eragin ditu: urte hasieran jada langabezia tasa % 15,7raino igo zen Euskal Herrian eta iaz bakarrik 77.000 lanpostu suntsitu ziren. Martxoaren amaieran Hego Euskal Herrian 235.827 pertsona zeuden langabezian eta horien %44ak ez du inolako prestaziorik. Bizkaian dagoeneko 100.400 langabetu daude. 2012 urte bukaeran EAEko etxeen %8,9an kide aktibo guztiak langabezian zeuden eta Nafarroan %8,7an. Bestalde Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txirotze eta bazterketa sozialaren tasak herritarren %17 gainditu duela kalkulatzen da, eta Nafarroan %11.

 

Egoera honi langileek mobilizazio askorekin erantzun diote, baita hainbat greba orokorrekin ere. Greba orokor guztietatik gehien nabarmendu zena 2012ko martxoaren 29koa izan zen: era bateratuan egin zen eta parte hartze izugarria izan zuen. Greba honek langileoi erakutsi zigun batera borrokatuz indar handiagoa dugula patronalaren erasoei eta gobernuen murrizketei aurre egiteko. Era berean, greba honen ikasgaiak zuzendari sindikalentzat ere balio behar luke. Etorkizunean Euskal Herrian eta estatu mailan egingo diren mobilizazioetan oinarrizkoa izango da batasun sindikala langile klase osoaren aurkako eraso gehiago etorriko baitira.

 

Perspektiba hau EAJk ere partekatzen du: 2013ko aurrekontuei 1.200 milioi euroko murrizketa egin die, batez ere osasunean, hezkuntzan eta zerbitzu sozialetan. Euskal langile klaseak ere horrela ulertu du. Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarrean lehendakari kargua hartu zuen egunean, kanpoaldean hainbat enpresak antolatuta mobilizazio bateratu bat egin zuten Euskal Herrian aurkeztu diren erregulazio espedienteen eta murrizketa oldeen aurka. Beasaingo CAFek, Corrugados Azpeitiak, Gasteizko Laminaciones Arreguik,  Forondak, eta beste hainbat enpresatako langilek egindako manifestazio bateratu honek inflexio puntu bat ekarri zuen patronalaren erasoen aurkako borrokan. Agerian geratu zen langile klaseak era bateratu eta koordinatuan borroka eginez duen indarra.

 

Langile klasearen indar erakustaldi honen ondoren, hainbat garaipen partzial lortu dira: CAFek 869 langileri eragiten zien erregulazio espediente atzera bota zuen, Guardian Llodiok ere 139 langileri eragiten zien txostena erretiratu zuen eta beste hainbat enpresatan antzeko egoerak izan dira. Garaipen hauek langile klaseak bere buruarengan konfiantza gehiago izaten lagundu dute eta abisu bat da klase dominatzailearentzat, ikusi baita erasoek kalean erantzun bat izango dutela.

 

Gainera, borroka bateratu hauek langileen kontzientzia maila handitzeko eta borroka sindikalak borroka politiko bihurtzeko balio dute, hau da, langile mugimenduaren indarra gizartea aldatzeko bideratuta ekoizpen erlazio kapitalistekin amaitzeko.

Enpresa batzordeen batasuna

 

Gatazkak goraka doazen garaiotan, Laminaciones Arreguiko langile batzordeak eta Gasteizko udaleko 010eko langileek borrokak batzeko ekimena sortu zuten Gasteizen. Lehen aldiz urtarrilaren 9an batu ziren, eta bilera horretara hainbat enpresa komite joan ziren; Amvisa, Indesa, Correos, Gasteizko Udala, Foronda eta Alestis, lehen aipatutako biak barne. Geroago ekimen honetara borrokan zeuden enpresa gehiago batu ziren: Holtza, Beretta Benelli, Mandrinados de Precision, Tagasa, Velinsa, etab. Enpresa hauen mobilizazioak koordinatzeko beharretik borrokan zeuden enpresa komiteen plataforma sortzea erabaki zen, Araba Borrokan izenekoa.

 

Pasa zen otsailaren 20an plataformaren sorrera batzarra egin zen, eta bertan sindikatu guztiek dute errepresentazioa ELAk izan ezik. ELA plataformatik baztertu da beste mugimendu sozial batzuetan ere badagoela argudiatuz. Beste eragile batzuek ere parte hartu zuten: Ikasle Abertzaleak, Ikasle Sindikatua, langabetuak, auzo elkarteak, etab. Batzar horretako hainbat kidek borroka batzearen beharra planteatu genuen, ez soilik eskualde mailan, baita maila zabalagoan ere. Lehen pausoa martxoaren 9an Bilbon eta Iruñean borrokan zeuden enpresa komiteek antolatutako manifestazioei babesa eskaintzea izan zen, baita mugimenduari batasuna eta borroka helburu konkretu bat emango dion aldarrikapen programa bat ere. Hauexek dira mahai gaineratu genituen errebindikazioetako batzuk: soldata murrizketarik gabeko 35 orduko lan astea, erretiratze adina 60 urterekin eta errelebo kontratuekin, 1.200 euroko langabezia sorospen mugagabea lana aurkitu arte, lan erreforma baliogabetzea, borrokan dauden enpresetan kaleratutakoak berriz hartzea, bankuen eta krisian dauden enpresen nazionalizazioa langileen kontrolpe demokratikoan orain kapitalista gutxi batzuk kontrolatzen dituzten baliabide guztiak gizartearen zerbitzura ipintzeko. 

 

Azkenik, mugimenduan zatiketak ez eragitearen eta gertakarien abiadura ez behartzearen argudioak erabiliz, aurreko aldarrikapen gehienak hartu ez zituen manifestu bat onartu zen. Manifestu horrek era ahul batean eta erabat konkretatu gabe jasotzen zituen ondokoa bezalako hainbat aldarrikapen: “erakundeen agenda politikoak presionatu eta baldintzatu behar dira murrizketak aurrera eraman ez ditzaten eta aurrekontuetan zerbitzu sozialak berma ditzaten”. 

 

Ondoren egindako Araba Borrokaneko lan taldearen bileretan berriz ere proposatu genuen langileek kapitalaren erasoei aurre egiteko borroka programa baten beharra, kapitalistek badaukatelako langileak erasotzeko programa bat eta kontsekuenteak direlako beraien interesen defentsan.

 

70. hamarkadan Gasteizen oinarritik antzeko mugimendu bat sortu zela ere aipatu genuen, garai hartan borrokan zeuden enpresak batu zituena eta Gasteizko Langile Koordinakundeari bide eman ziona. Koordinakunde hark plataforma errebindikatibo bateratu bat garatu zuen, hiriko hainbat enpresatako langileak jasaten ari ziren erasoei aurre egiteko. Plataforma hark 6.000 pezetako soldata igoera lineala, 60 urterekin jubilatzea, etab. bezalako puntuak jasotzen zituen. 

 

Araba Borrokan plataformaren hainbat bileraren ostean, lehen aipatutako hainbat aldarrikapen onartu ziren, eta gaur egun 60 enpresa komite, 100 sekzio sindikal eta hainbat talderen babesa dauka. Plataformak apirilaren 11rako manifestazioa antolatu zuen. Arabako langile klase osoa borrokara biltzea da helburua, langileok eta gizarteko sektore kaltetuenek jasaten ditugun erasoen, murrizketa sozialen eta langabeziaren aurka.

 

Manifestazio hauek aurrerapauso bat izan behar dute borrokak elkartzeko eta gero eta sektore gehiagotara zabaltzeko. Beharrezkoa da ere ELAko zuzendaritzak bere estrategia sindikala aldatzea eta borroka bateratuen plataformetara batzea. Ekintza bateratuaren bidez eta 1976an Gasteizen sortu ziren bezalako langile koordinakundeak sortuz soilik izango da gai langile klasea enpresarien eta beraien gobernuen erasoei aurre egiteko eta aldi berean esplotatzaile eta esplotaturik gabeko gizarte berri bat eraikitzeko oinarriak ipintzeko.

 

 

 

 

Informazio gehigarria