Elkarrizketa: Productos Tubulares greba mugagabean

Elkarrizketa: Productos Tubulares greba mugagabeanKaleratze bakar bat ere ez! STOP prekarizazioa. Hitzarmenaren defentsan

Pauso bat ere ez atzera!

Azken albistea

Elkarrizketa hau apirilaren 5ean egin zen. Jakin berri dugu, apirilaren 17an, langileen borroka itzelari esker enpresak atzera bota behar izan duela EEEa eta planteaturiko erasoak. Garaipen benetan garrantzitsua da honakoa. Borrokak balio duela erakusten du eta langileak konfidantzaz betetzekoe ta enpresak planteatu ditzakeen eraso berrien aurrean tinko mantentzeko balio behar du. Jo ta Ke!

Productos Tubulareseko langileak martxoaren 8tik greba mugagabean daude. Benetan borroka eredugarria eta indartsua ematen ari dira Bilboko eta ezkerraldeko kaleetan.

Ezker Iraultzailetik Karmelo Yanezi elkarrizketa egiteko aukera izan dugu, PTko langilea. Eskerrik beroena eman nahi diogu Karmelori eta gure babes eta elkartasun osoa eman PTko langileei. Zuen borroka gurea eta langile guztiona da.

Nola hasi zen gatazka PTn?

Gatazka orain dela bi urte hasi zen. Enpresak ERTE bat sartu zigun, galerak argudiatuz. Amaitu zenean eta eskariak sartzen hasi zirenean lan egiten jarraitu dugu, ez eskari gehiegirekin, baina bai tubo fabrikazio kopurua, POA, betetzeko adina.

Enpresak errua energiaren eta txatarraren prezio garestiari botatzen dio, edo gehiegi kobratzen dugula esateko ausardia du. Entzun beharrekoak. Gutxi balitz, azkena, errua Trumpen arantzelei botatzea izan da, guk AEBra %12a bakarrik esportatzen dugunean. Gezurra. Hasieratik enpresak ez dizkigu kontuak erakutsi, gauzak gorde ditu… gaurko egunera arte.

Nondik datoz planteatzen dituzten galerak? Zer gertatu da irabaziekin?

Egoerahau atzeragotik begiratu behar da. PT da egun Babckok izan zenetik geratzen den bakarra, 5000 langile izatera iritsi zen enpresa. Hori likidatzen joan ziren. PSOE guztiz errudun. Gure lantegia aldaketa azkarrekin funtzionatzen hasi zen, instalazioak egokituz, ikerketa askorekin eta batez ere langileen lanarekin. 15 urtetan behintzat irabaziak izan ditugu.

2008an 170 milioi euroko mailegua eskatu zioten bankuari, Condesa enpresa erosteko. Azkenean, ez zen erosi. Baina dena oso ondo zebilenez beraientzat, zati bat inbertitu zuten eta beste guztia akziodunen artean banatu dibidenduetan. Zor hori handituz joan da eta orain itota gaude. Bi urte daramatzagu galerekin, eta ondorioak guk ordaintzea nahi dute.

Arreko zuzendaritza oso erruduna da. Abasolo jaunak, 2015eko Korta saria eman ziotena (Euskadiko enpresaburu hoberena), taldea 200 milioiko zorrarekin utzi du eta hemen inork ez du ardurarik. Orain dugun presidenteak, Guillermo Ulacia jaunak, antzeko egoeretan egon diren enpresak eraman ditu iraganean eta dena murrizketen bidez. McKinsey aholkularitza enpresa kontratatu dute, dirutza kostatzen dena eta hori ari da kaleratu beharreko aginduak ematen. Ez dira tailerrera joan, ez dute langileekin hitz egin, ekoizpena nola hobetzeko etab. Nagusiekin hitz egiten bakarrik egon dira, kaleratzeak eta erasoak prestatzeko.

Zein dira greba mugagabera eraman zaituzten arrazoiak?

Aplikatuko zituztela adierazi zituzten neurriak. Lehen bileran dena eskatu digute. Lehenik eta behin 157 kaleratze eta lan hitzarmena erabat aldatzea. Urteetan guk eta aurretik zeuden langileek borrokatu dugun guztia lurpera bota nahi dute. Urteko lan egunak handitu nahi dituzte, atsedenaldiak erdira murriztu, oporrak murriztu, erreleboak eraldatu, egunez dagoen jendearen janaria beraiek ordaindu dezatela… Soldata %25 jaitsi… Dena nahi dute.

Altzairu fabrika ere itxi nahi dute. Guretzat fabrika hau funtsezkoa da, instalazioak aldaketa oso azkarrak egiteko prestatuta dauzkagulako, eta altzairutegiak material horiek galdatu eta eskaintzen dizkigu. Guk altzairu fabrikaren itxiera enpresa guztiaren ezkutuko itxiera prestatzeko mugimendu gisa ikusten dugu.

Eta Eusko Jaurlaritzatik?

Lotsagarria da. Industria guztia pikutara bota nahi dute eta EAJko Urkullu honek ez du ezer egiten. Guggenheim aurrera joan ginen protestan, euskal eredu industriala esportatzeko G20ko ordezkariekin bilera zutenean. Komiteko presidentea Urkullurengana joan zen gure egoera azaltzen zuen orri bat irakur zezan eta zera erantzun zion: arratsaldean Ulaciarekin egongo zela eta orria emango ziola. Zer espero behar dugu hortik? Arratsaldean Ulaciarekin zen lehen bilera eta ez zen azaldu ere egin. Nire ustez horregatik ez zen joan.

Aurreko batean Eusko Jaurlaritzaren industria delegaritzara joan ginen eta hartu gintuzten. Neurriak ikusi arte ezin zutela ezer egin esan ziguten. Hor dituzte neurri guztiak, ea orain zer egiten duten. Zer gingo dute bada… ezer ez. La Navalekin edota ACBrekin egin duten gauza berdina, ez dute ezer egingo. Lotsagarria da nola ari diren Euskal Herriko industria ondoratzen.

Nola garatu dira mobilizazioak orain arte eta nola jarraituko duzue?

Langileak oso elkarturik gaude. Inoiz ikusi ez dudan bezala. Hasteko greba komiteak sortu dira, ekitaldi eta protesta guztiak antolatzeaz arduratu direnak. Manifestazioak burutu ditugu Amurrion, Bilbon Sestaon… Egunero dago mobilizazioen bat eta beti dago langile  talde bat fabrika sarreran inor sar ez dadin. Inor ez da ari sartzen saiatzen. Gutxiengo zerbitzuak jarri dituzte, neurriz kanpokoak eta zentzugabeak, baina gainera ez diete ordaindu bertan egon behar izan dutenei ere. Amurriora joan ginenean TRko langileek gurekin elkartasunean bi orduko geldialdia egin zuten.

Nire ustez enpresa erabat ezustean harrapatu du greba mugagabe honek eta egiten ari garen guztiak. Ez zuten espero langileak hain elkarturik egotea eta 29 egunen ondoren orain egiten ari garen moduan jarraitzea. Mobilizazioak, ahal ditugun guztiak egingo ditugu, orain arte bezala.

Zein aldarrikapen ari zarete defendatzen?

Momentuz hori guztia atzera bota dezatela eta hitz egitera eser daitezela. Baina enpresak ez digu ezer esaten, ez du zorra esaten, ezta interesetan ordaintzen ari garena ere.

Ez dugu iraungitze espedientea onartuko ezta kaleratzerik ere. Beraiek esan dezatela egia, nola heldu garen hona. Enpresa honetan heriotza istripuak egon dira, konplexua da eta makinaria asko dago toki gutxian. Jendea kaleratu nahi dute eta gehiago lan egin dezagun. Segurtasuna jaitsiko da, prekarietatea eta arriskua igo eta ez zaie ezer inporta. Guk geure aldetik mobilizatzen eta borrokan jarraituko dugu.

Informazio gehigarria