Elkarrizketa Tolosaldea Buseko langileei

Tolosaldea BUS   GREBAN

Kaleratzerik EZ!!!  Hitzarmen duin baten alde!!!

WhatsApp Image 2018 03 19 at 11.30.15

Euskal Herria Sozialistak ondorengo elkarrizketa egin die, TOLOSALDEA BUSeko Alvaro Atorrasagasti, Mikel Etxekonanea eta Koro Del Castillo Tolosaldea Buseko langileei. Ezker Iraultzailetik gure babes osoa, esker ona eta animoak eman nahi dizkiegu.

Euskal Herria Sozialista.- Noiz hasi zenuten borroka?

Mikel Etxekonanea.- Urtarrilaren 8, 9 eta 10ean 3 egun greba egin genuen. Ez zeudenez ezertarako prest, erabaki genuen greban jarraitzea Urtarrilaren 27tik Otsailak 18ra, eta gero Otsailaren 19tik Martxoaren 11ra. Azkenean martxoaren 12tik greba mugagabean gaude.

Alvaro Atorrasagasti.- Azaroan hasi ginen antolatzen. Lehenik Tolosan elkarretaratzeak egin genituen, pankarta batzuk jarri genituen … Hasieratik asmoa enpresari gure proposamena aurkeztea zen, hitzarmen baterako. Hilabeteko epea, legeak ezartzen duen muga, erantzun gabe egon ondoren ezetz esan ziguten. Hitzarmen berrirarte itxaroteko esan ziguten. Hau da, 2014ko Urtarriletik izoztuta dagoen Gipuzkoako hitzarmena negoziatzen hasi behar zirela, aurtengo Ekainak 30erako sinatzera Eusko Jaurlaritzak behartzen dituelako eta itxaroteko. Hitzarmen hau sinatu eta gero agian hobetuko zirela baldintzak. Orain pazientzia izateko eskatzen digute, eta hitzarmena sinatu ondoren hitz egingo dugula lan baldintzez.

M.E.- Eta hori entzuten 3 urte. Kontua da 2014an linea berriak aurkeztu zirenean aldaketak egon zirela lan baldintzetan. Larunbata gauetan ere lana, asteburu gehiagotan lana, … eta horregatik, hitzarmenean ere aldaketak behar genituen guk. Greba hasi genuen egunean bertan, BOEn atera zen nola onartu zuten Hernanin hitzarmen berria, gure gerentea den Garayar eta bertako langileen artean. Gu eta Hernaniko langileen arteko ezberdintasun bakarra lan egiten dugun tokia da.

A.A.- Bera nagusi den enpresan hiru urtetarako hitzarmena sinatu du retroaktibitatearekin, 2015etik aurrekoa izoztuta egon delako. Gainera guk ez dugu 2014tik retroaktibitaterik eskatzen, 2017tik bakarrik. Berarekin bilera egin genuen azkeneko aldian, duela 2 urte, garbi zegoen ez zegoela ezer lortzerik. Gure eskaerei ezetz eta ezetz.  Eta Abenduan pazientzia edukitzeko eskatu zigutenean, 2 urte bilera bat eduki gabe eta mespretxua beste erantzunik jasan gabe egon ondoren, greba hastea erabaki genuen. Ez da kasketa bat, arrazoiak daude.

EHS.- Zein dira zuen oinarrizko aldarrikapenak?

A.A.- Ekonomikoak hiru dira. Bata, garbiketan egiten dugun lana ordaintzea; bi, gaueko orduak hobeto ordaintzea eta hiru, jaiegunetako orduak ere gehiago ordaintzea. Baita ordutegiaren aldetik ere. Idatzita ez daukagun arren, ordutegiak betetzeko arazoak ditugunean elkarren arteko aldaketak egiteko oztoporik ere ez dugu eduki nahi.

M.E.- Bi langile gabiltza gaueko orduetan. Larunbatero 19:30etan hasi eta 3 ordu, hiru linea, egiten ditugu. Gaueko txanda hasi aurretik ordu bete dugu libre. Ordu horretan ez dugu inongo konpentsaziorik, ez afaltzeko, ez ezer. Ordu horretan ez gara existitzen enpresarentzat.

Koro Del Castillo.- Asteasuko linean ez dugu atsedenik egiten. 14:00etan hasten gara, 22:30ak arte, eta libre dugun tarte bakarrean, garajera joan, gasolioa bota eta autobusa garbitu, komunera joan eta kafea hartzeko denbora dugu juxtu-juxtu. Bestalde, adibidez, oporrak zatitzen dizkigute. Inoiz ez digute hilabete osoa hartzeko proposatu. Hitzarmenean, 32 opor egun ditugu. Baina bi 15alditan banatzen dizkigute. Eta geratzen den eguna lapurtzen digute urtero. Noski, 16 langileren egun bateko lana batuta diru asko da.

EHS.- Alderatu dituzue zuek bezalako beste lantokietako langileen soldatak?

K. del C..-Bai, eta gu gara soldata gutxien jasotzen dugunak.

A.A..- Batzar nagusian aurkezteko txosten bat ari gara prestatzen. Guk eta beste leku batzuetako langileen eguneko kobratzen duguna alderatuz. Adibidez, lan beragatik Garayarrek 56€, guk 46€. Ekialde Bus ari da hau parekatzeko hitzarmen bat negoziatzen, eta lan-ordu banatua dutenean 10€ko gainsaria dute. Guk ere hitzarmena nahi dugu baldintza hauek berdintzeko.

M.E.- Horrez gain, garraioko zerbitzu publiko bat ari gara ematen eta egunero lanera joan eta etortzeko gure poltsikotik ordaindu beharrean gaude. Gainera, lan ordutegia egunero desberdina da. Eta bileteak kobratzeko geuk jarri behar izaten ditugu kanbioak. Hemen lanean ibili aurretik egin ditugu beste lan batzuk ere. Burniak, harriak, garraiatzen. Eta bidean ardura beti izan behar dugu, baina oso ezberdina da materiala edo jendea garraiatzea. Honek arreta gehiago eskatzen du, eta gehiago nekatzen du. Eta hau ez da soldatan kontutan hartzen.

EHS.-Tolosaldea Busen izan duzue enpresako hitzarmenik?

A.A.- Ez, inoiz ez dugu hitzarmenik izan. Gipuzkoakoaren pean egin dugu lan. Gure galdera da: zergatik ez dugu gainontzeko lurraldeetako langileen pareko hitzarmenik? Eskatzen dugun bakarra hori da. Kostziente gara ezin dugula bat batean aldaketa oso handia eskatu. Gure plana da hitzarmen batekin egoera blindatzea, eta gerora hobetzen joatea.

K. del C..- Gure nagusiek enpresa saltzeko arriskua ere badago. Eta ez daukagu garbi lan egoerak nola jarraituko duen hau gertatuz gero.

M.E.- Berastegin, Bidanian, … lineak ditugu. Autobusik baldarrenak jarri zizkiguten. Eta oso arriskutsua da bide horietan ibiltzea. Berastegin egon da istripuren bat ere. Autobusa gora begira geldirik, kotxea aldapan behera, kotxeak autobusa ez jotzeagatik malda jo eta epaiketan autobus gidariari bota zioten errua. Horrelakoetan ibilgailu txikiei eman ohi diete arrazoia. Eta etxera iritsi eta pentsatzen dugu: arrisku hau guztia eta gero soldata honekin al noa etxera? Autobus horiekin oso gaizki ibiltzen gara Orexara doana bezalako bideetan ibiltzeko. Eta zerbait gertatzen bada, guk ordaindu behar dugu.

A.A.- Gu Orexara joaten gara autobus horrekin, askotan pertsona bakarrarekin. Gainera, guk ditugun autobusak beste enpresa batzuetakoak baina askoz merkeagoak dira. Eta ditugun lan baldintzak okerragoak dira. Ezberdintasun hauekin bakarren bat dirutza egiten ari dela pentsatzen dugu askotan. Berastegira edo Orexara joateko, bai gidari bezala eta bai bidaiari bezala, autobus hauek ez dira beharrezkoak.

K. del C..- Bidaiariak asko kexatu dira. Berandu iritsi garelako.

M.E.- Lankide bat kaleratu zuten geltokietara berandu iristen zelako. Lege guztiak errespetatuz bidaia hauek garaiz egitea ezinezkoa da. Horretara beste langileen mailara ibiltzeko beharrak bultzatzen gaitu. Horrek presioa sortzen du.

EHS.- Zenbat langile zarete?

K. del C.- Guztira 26 langile gara. Lineatan 16, eta Tolosako urbanoan 2. Greban 18n gaude. 2 langile eskolak egiten daude, 2 enkargatu ditugu, 2 ofizinan daude, errelebo kontratua duen gidari bat eta gestorea. Hauek ez daude greban. Errelebo kontratuko gidaria plantillan dago baina ez du lan egiten. Orain bi gazte hartu dituzte greban zerbitzu minimoak betetzeko, hilabeteko kontratuekin.

EHS.-Zein balorazio egiten duzue orain arteko mobilizazioekin?

M.E.- Enpresarioak eta Foru Aldundiak beste alde batera begiratzen dutela, langileei errua botaz. Foru aldundiak lantoki barruko arazo bat dela esan digu. Baina zerbitzu publiko hau kudeatzen dutenak denon dirua jasotzen dute, gu prekarietatean gaude eta dirutza egiten ari dira. Uste dut gizarte bezala ere ez genukeela holakorik onartu behar.

A.A.- Astero planifikazioa egiten dugu. Tolosa pankartaz josi dugu behin eta berriz. Batzuk kendu dizkigute, beste batzuk ez, … udalarekin arazoak izan ditugu. Asuncioneko langileen borrokak lagundu gaitu horretan. Asuncionekoei enpresaburuaren, Montoyaren izena jartzea debekatu zieten. Asuncionekoak kexatu zirenetik pistoia jaitsi dute. Hasieran pankartak berehala kentzen zizkiguten, orain gehiago errespetatzen gaituzte. Hasieran kotxe karabana pare bat egin genituen, larunbatetan feria aprobetxatuz San Frantzisko eliza inguruan batzen ginen. Helburua gure arazoa sozializatzea izan da.

K. del C.- Garaiarrek esan zuen oso minduta zegoela.

A.A..- Pankartak bazkide hauen, errudunen inguruan jarri ditugu. Montoyari ere min handia egin omen diote…

EHS.- Animoz ondo zaudete?

K. del C.- Bai, gero eta animo gehiagorekin, kontu hauek indartu egiten gaituzte.

A.A..- Aste honetan arazoak izan ditugu errelebo-kontratuarekin. Alaitz, emakume gazte bat, langile fina, jantzia, espediente garbiarekin, Joxean Iraola ordezten ari zen. Martxoak 11n jubilatzen zen Joxean. Orain Alaitz kaleratu egin dute, Martxoak 11n ez duela lanean jarraituko esanez. Alaitzek bazekien zer gertatu zitekeen, baina greban parte hartzea erabaki zuen. Badakigu hau mendekua izan dela enpresaren aldetik. Eta horrek indarra eman digu.

K. del C.- Amorruak borrokarekin jarraitzera bultzatzen gaitu.

A.A.- Momentu honetan Alaitzen kaleratzea borroka honetako epizentro bihurtu da. Tolosako udalak ardura handia du honetan, eta estutu egin nahi dugu. Hitzarmenean 1800 ordu ditugu adostuta. Garaiarrek eta Eki Busek ere bai. Baina urbanoan lan egiten duten bi gidariek, 2000 sartu behar izaten dituzte lineak betetzeko. Honetaz Tolosako alkatearekin hitz egin genuenean, enpresarekin jornada erdiko pertsona bat gehiago lanean egotea adostuta zutela esan zigun. Eta lanean 2 gidari bakarrik daude. Hauek, oporrez gain, ez dute denbora librerik.

A.A.- Tolosan hiribusa gehien erabiltzen den auzoa Amarotz da. Eta bertako jendea oso aldeko dugu borroka honetan.

EHS.- Zerbitzua pribatua da eta horren ondorio dira arazo guzti hauek?

A.A.- Bai. Donostia Busekoak eta Eusko Trenekoak, adibidez, langile publikoak dira. Horrelako zerbitzuetan zabaltzen ari den ideia hau da: zerbitzu hauek “sin animo de lucro” izan beharko lukete. Aurrekontuetan enpresak %3ko gainkostua jarri dute. Enpresaburuek diru hau irabazi beharko balute bezala. Eta gainera, zifra hau ez da egia. Handiagoa da. Gure enpresa bezalako asko daude hemen. Enpresariek beldurra dute enpresa hauetako batean borrokarekin lan baldintzak hobetzea lortzen bada, beste enpresetako langile prekarioek eredua jarraituko dutelako.

EHS.- Hainbat sektore eta fabrika dira Tolosaldean eta Gipuzkoan azken hilabeteetan eta urteetan borrokara eta grebara atera direnak. Nola ikusten duzue borroka hauek elkartzeraren helburua?

A.A.- Nere ustez, hau sindikatuen lana da. Guri, Asuncionek aurreko manifestazioa egin zuenean, gu ere azaltzea bururatu zitzaigun. Baina Asuncionen ELA eta LAB daude. Gu ELAn bakarrik gaude. Tolosako ELAkoek ez zuten ikusi. Baina agian epe ertainera egin daiteke.

K. del C..- Azkenean guztiok arazo berdinak ditugu.

A.A.- Elkartzea neri oso ondo iruditzen zait. Hezkuntzan, adibidez, kristau eskolako langileak eta gu antzeko egoeran gaude, subentzio publikoa jasotzen duten enpresa pribatuak direlako biak. Herenegun Tolosako plenora joan ginen, eta une batean alkatea asko estutu zen. Ikusle bezala 30 lagun geunden. Asuncioneko eta Tolosaldea Buseko langileak. Tolosa bezalako herri batean, jakinda gaur egun egoera zein den, eta beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzen ditugun langileak bertan egonda, defenda ditzala udalak.

Informazio gehigarria