Pentsiodunak, gazteak eta langileak. Denok Martxoaren 17ko manifestazioetara penstio publikoen alde!

IMG 3474

PENTSIOEN IGOERA ZIZTRIN ETA LOTSAGARRIARI EZ!

KANPORA PPren GOBERNUA

Pentsionistak zutik eta borrokan gaude eta mobilizazio benetan indartsuak burutzen ari gara PPren gobernuaren aurka. Gobernu honek gosez hilik nahi gaitu, pentsio duinekin egon ordez. Gure bizitzako lanarekin sortu dugu aberastasun hori, askotan 40 urtez kotizatu ondoren. Ohikoa den bezala, Mariano Rajoy eta bere ministro Fatima Bañez gobernura heldu ziren zin eginez pentsioek eros-ahalmena mantenduko zutela. Bada hori galdu besterik ez dugu egin.

KPI zenbat hazi den baloratzen sakonean sartu gabe, 2014tik gaude %0,25eko igoera ziztrinarekin. Ez zaigu iristen, dozena bat arrautza gehiago erosteko. Ez dezagun hitz egin, pentsionistentzat jada benetako luxu bihurtu diren oliba olioaz eta beharrezko beste produktuez. Pentsionistak ez zituztela erasotuko promes egin zuten, baina ikusi dugu ez dutela bete. Gogoan hartu behar dugu hori datozen hauteskundeetan.

2012tik aurrera osasungintzan, hezkuntzan, mendekotasunerako laguntzetan… murrizketak egiten hasi zirenean, esan ziguten orduko sakrifizioek etorkizun hobea edukitzeko balio zutela. Egun, milioika familiek pentsionisten aportazioei esker iraun dutenean, datuak “burugogor” jarraitzen dute, baina ez ministroak esaten zuen bezala:

-          Pentsioek eros-ahalmena galtzen dute eta soilik %0,25 berbaliotzen dira.

-          Pentsioen bataz bestekoa hileko 918 euroan dago eta ohikoena 650ekoa da.

-          Pentsionisten %50 ez da iristen gutxieneko soldatara eta %38 pobrezia mugaren azpitik bizi da.

-          10etik 4 pentsionistak beren familiak sostengatzen lagundu dute krisian zehar.

Banakari ematen zaion dirua geroz eta handiagoa den bitartean, pentsioen Berme Funtsa deuseztatu dute. Orain gizarte-segurantza kredituen bidez finantzatzen da eta banka berari interes handiekin itzuli behar zaio dirua.

Ministroaren gutuna

Egunero bizi dugun errealitate hau puntu gorenera iritsi zen, pentsionistoi ministroaren gutunak iristen hasi zitzaizkigunean. 2018ko pentsioaren igoera %0,25 izango zela esan ziguten. Gainera aurpegira iseka egiten zitzaigun. Eskerrak ematen zitzaizkigun, Espainia heredatu zuten krisitik birsortzea baimendu zuten zutabe bat izateagatik. “Espainia krisitik modu justu eta sozial batean irten da”. Hitzontzikeria horiek guztiak pentsiodunen haserrea eta sumina areagotu zuten.

Iruñean urtean zehar maiz ateratzen gara kalera pentsiodunak pentsioak hobetzea aldarrikatzeko. Ez dut gogoan eduki genuen azken asanblada, baina agian Zapateroren gobernuko garaietan izan zen. Gero PPko gobernuekin mobilizazioak handitu egin dira. Orain ordea ez dira egiten asanbladak manifestazioen aurretik lehen bezala, jende gehiago biltzeko balio zutenak. Plataforma bat sortu zen, pentsiodunak krisiaren aurrean, sindikatuak eta afiliaturik ez zeudenak batzen zituena. Orain koordinadora hori da mobilizazioak deitzen dituena. Mobilizazio gehienetan 1.000 pertsona elkartzen gara, batzuetan 2.000 inguru izatera iritsi gara.

Beste toki batzuetan kontzentrazioak eta manifestazioak espontaneoagoak izan dira. Sare sozialetatik deitu dira, Bilbon edo Barakaldon bezala, eta udaletxearen aurrean kontzentrazio jendetsuak egin dituzte.

Mobilizazio horietan argi eta garbi esan dira gauzak. “Tontotzat hartzen gaituzte” zioen emakume batek. “Bizitzako garai honetan, lotsagarria da tontotzat hartzea. Niri igo didaten apurra beraiek hartu zezaketen, ikusteko zer egiten duten horrekin. Igo didatenarekin, nahiago dut ezer ez igotzea. Hainbeste urte kotizatzen eta batzuk mantentzeko eta goxo euren poltsikora eramaten dutela ikusteko, lotsagarria. Oso iraingarria”.

Otsailaren 22ko manifestazioak ikaragarriak izan ziren. Nahiz eta informazio eskasa izan, pentsiodunak masiboki atera ziren kalera. Denaren gainetik pentsiodunak mobilizatzen jarraituko dugu, zeren gure bizi baldintzak okerrera doaz eta gobernu hau arduratuago dago bankari eta enpresariez, gizartearen gehiengoaz baino. Buruzagi sindikalak oso epelak dira aldarrikapenetan. PPren gobernuak ere hori aitortzen du. Baina beren bulegoetatik jaitsiko balira eta kalera atera, ikusiko lukete langileak eta pentsiodunak nazkaturik gaudela. Nazkaturik gaude, betikoak baitira irabazten ateratzen direnak gure sakrifizioen kontura. Borrokak indartsuagoa eta zabalagoa izan behar du: soldata duinak, enplegu prekariorik ez, lan erreformaren aurka borrokatu…

Gure aldetik borrokak aurrera jarraitzen du. Hasteko, koordinadorak Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu du eta, bestetik, martxoaren 17an berriro aterako gara indar osoz kalera. Mobilizazio hauek aurrera jarraitu behar dute, langabetu, langile, gazteak eta prekarietatea jasaten duten sektore guztiak elkartuz.

Pentsio duinen alde, gutxienez 1.100€

Badago dirua, bankariek daukate!

Informazio gehigarria