Langile klaseak denboran luzatuko den borroka egutegi bateratu eta eraginkorra behar du erasoak atzera botatzeko!

2014ean 2013an baino %39,6 greba gutxiago izan ziren EAEn. Guztira 54.655 lan egun galdu ziren greben ondorioz, 2013an baino 87.817 gutxiago. Nafarroan berriz %50eko jaitsiera izan zen, 12.269 lan egun huts egin ziren grebengatik, 2013an baino 36.484 gutxiago. Garbi dago mobilizazioen beherakada hau ez dela Euskal Herrian lan gatazkak gutxitu direlako izan, ezta espainiar gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak iragartzen duten errekuperazio ekonomikoagatik ere. Aitzitik, 2015eko otsaila bitartean, 2014 osoa barne, Eusko Jaurlaritzak 2.515 langileri eragiten dieten 170 erregulazio espediente jaso ditu. Gainera, gaur egun 99.689 langile daude hitzarmenik gabe EAEn eta langabezia tasa %14,8koa da.

ArgazkiaLangile2

 

Egoera honetan, ugari dira hainbat sektoretan eta hainbat lekutan piztu diren lan gatazkak. Batzuk aipatzearren, Gasteizko ECN (Cablenor) enpresa dugu, enpresak 147 langileak kaleratuz lantegia itxiko zuela iragarri ondoren, langileek hilabeteetako borroka eraman dute aurrera, gaur egun 87 langile daude. Erakundeek, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Arabako Diputazioak eta bai Gasteizko Udalak, enpresa komiteko sektore baten laguntzaz, ustezko erosle baten esperantza haizatu dute langileak desmobilizatzeko asmoz. Erosle hau ez da inoiz iritsi eta azkenean kaleratzeak langile guztiei eragin die.

Bestalde, Cegasak 2014ko martxoan hartzaileen lehiaketa eskatu zuen; urte bereko apirilean erregulazio txosten bat eskatu zuen lan orduak %50era murrizteko langile guztiei, 500 guztira. Pasa den abenduan, epaile batek enpresa egoitza Madrilen duen “Sherpa” izeneko arrisku kapital funtsari saltzea baimendu zuen, eta honek 320 langile kaleratzea eskatu zuen inolako kalte ordainik gabe. Aurtengo martxoan kaleratzeak gauzatzen hasi dira.

Condesa Taldeak 2014ko uztailean hartzaileen aurrelehiaketa aurkeztu zuen 325 milioi euroko zorra zuela esanaz. Azaroan zuzendaritza akordio batera iritsi zen Arcellor Mittalekin eta Banco Santander, BBVA, Caixa Bank, Banco Popular, Sabadell eta Bankia bezalako banku taldeekin. Langileei ez zitzaien inbertitzaile horiek zituzten lan planen informaziorik eman.

Gatazka hauetan guztietan eta beste askotan, adibidez Bergarako Candy Hoover-ekoan, Gasteizko Laminaciones Arreguikoan, Bizkaibusekoan, EITBkoan, Otsakidetzakoan, etab., langileek azaldu dute borrokarako borondatea antolatu dituzten mobilizazioetan ikusi den bezala. 2014an lan gatazkak jaitsi izanaren arrazoia zuzendaritza sindikalek izandako erantzun eskasa izan da. Patronalen eta administrazioaren eskutik jasaten ditugun erasoen aurka borrokatzeko mobilizazio estrategia bat planteatu ordez, esaterako borrokak elkartuz eta zabalduz, gehiengo sindikalaren estrategia gatazka bide judizialetik eramatea eta borroka enpresaz enpresa mantentzea izan da. Estrategia hau okerra da, langileen borroka bateratu eta sendoa baita erasoak geldiarazteko modu bakarra. Epaileen erabakiak langileen aldekoak izan daitezen, beharrezkoa da epaileen aurkako presio soziala egitea, izan ere, estatu burgesaren egitura judizial osoa kapitalisten interesak defendatzeko diseinatua baitago. Hala lortu ziren, esaterako, Corrugados Azpeitiako, CAFeko eta Laminaciones Arreguiko langileen borrokak irabaztea, eta berrikiago hala lortu da estatu espainiarrean Fuenlabradako Cola Colaren erregulazio txostena nulutzat hartzea. Epaia irabaztea, ordea, ez da nahikoa Corrugadoseko adibideak erakusten duen bezala. Nahiz eta EAEko epaitegi gorenak langileei arrazoi eman, enpresak helegitea jarri zuen kaleratze planak aurrera egitea lortu arte. Halaber, Laminacionesen kasuan epaia langileen aldekoa izan arren, enpresak beste erregulazio txosten batekin erasotu du, eta oraingoan 84 langile kaleratuko dituela iragarri du. Hori dela eta, borroka kalean ere mantendu behar da eta langile klase osoaren babesa eta elkartasuna lortu. Horretarako, gatazkak sozializatu behar dira, borrokan dauden langileen eskariak langile klase osoaren eta gazteriaren aldarrikapenekin lotuz, kapitalismoak eragiten duen esplotazioarekin eta zapalkuntzarekin amaituko duen programa bat eskainiz mugimenduari.

Hori dela eta, hainbat kolektibo sozial eta erakunde sindikalek landutako Karta Sozialaren defentsa pauso positiboa da, baina ez da nahikoa. Honen aldeko mobilizazio isolatuak antolatzeak ezin ordezka dezake langile klasearen borroka antolatu eta etengabea. Gehiengo sindikalak mobilizazioaren bidea hartu beharko luke, greba orokorrak egutegian sartu eta beste eragile sindikalekin ekintza batasuna bilatu.

Bestalde, fronte politikoan Karta Sozialaren edukiak honen helburuak bete daitezen bermatu behar du. Beharrezkoa da tinko eta anbiguotasunik gabe borrokatzea langileen borrokaren bidez lortutako eskubide sozialen alde eta EAJk eta UPNk aplikatutako murrizketa eta erasoen aurka. Horretarako ezinbestekoa da EHBilduko agintariek EAJrekin fronte soberanista osatzeko hitzarmen eta elkarrizketa estrategia baztertzea eta agerian uztea estatu espainiarrean PPk aurrera daraman politika atzerakoiekin duen konplizitatea. Langile klasearen borroka bateratu eraginkorrak bakarrik lortuko du eskubide demokratiko eta sozialak konkistatzea.

Horrezaz gain, garbi utzi behar da Kartak jasotzen dituen aldarrikapenak ezin lor daitezkeela erakunde burgesekin eta beren egitura politiko osoarekin amaitu gabe. Gizartearen gehiengoaren aldeko neurriak defendatzeko modu bakarra gizartearen aldaketa sozialistaren aldeko borroka tinkoa da; ekonomiaren oinarrizkok palankak, bankuak eta multinazional handiak gizartearen eskura pasatu beharko lirateke eta langileek eta beren erakundeek demokratikoki kontrolatu beharko lituzkete gizartearen gehiengoaren beharrak asetzeko eta egungo desberdintasunekin eta zapalkuntzarekin amaitzeko.

Informazio gehigarria