Maiatzak 1 eta langabeziaren aurkako borroka

Maiatzaren 1a egun garrantzitsua izan da historikoki langile mugimenduarentzat. 1886ean Chicagon poliziak hildako langileak gogoratzeko eta langileen eskubideen alde borrokatzeko eguna izan da aspalditik. Egun hartan, hainbat langilek bizitzarekin ordaindu zuten beren borrokarako borondatea, baina aldi berean langileriak garaipen garrantzitsua lortu zuen: 8 orduko lan eguna. Chicagoko langile mugimenduak erakutsi zuen langileak elkartzen direnean posible dela etsaia, kapitalistak, garaitzea.

 

1886ko maiatzaren 1eko greba orokorraren prestakuntzak bi urte lehenago hasi ziren, 1884ko azaroan, Chicagon AFLren IV. kongresua ospatu zenean. Ordurako gainera langile kanadiarren indarrarekin kontatzen zuen. IV. kongresuan agintari sindikalen aldaketa nabaritzen zen, ezkerrerako bira eman baitzen, eta oinarri sozialaren eskaerei erantzunez, 1886ko maiatzaren 1erako greba orokorra konbokatzea erabaki zuten. Egun hori jarri zuten langileen eskaeren muga, eta nagusiek ez bazituzten betetzen, greba orokorra egingo zen. Eskaera nagusia 8 orduko lan eguna zen eta erakunde sindikal guztiei deia egiten zieten 1886ko maiatzaren 1etik aurrera behar zen toki guztietan eskaera hori errespetatuarazteko. Propaganda trinko bati esker, Chicagoko erabakiek presentzia handia hartu zuten langile klasean.

Herrialde guztian zehar, komiteak sortzen hasi ziren mugimendua prestatzeko. Hauen lanak mitinak, manifestazioak eta mobilizazioak antolatzea, prentsa komisioak sortzea... ziren. Greba aurrera ateratzeko bidean egunkariak eta liburuxkak argitaratu zituzten, bertan nola antolatu behar zen azalduz. Beste hainbat gauzaren artean greba, paro eta batzarrak ere bultzatu ziren. Greba orokorraren eguna gerturatzen ari zen heinean sindikatuak modu izugarrian ari ziren hazitzen, batzuk hirokuiztu egin zuten kideen kopurua.

Azkenean heldu zen eguna, langileek bazekiten zein ziren egun horretarako hartu ziren erabakiak, GAURTIK AURRERA EZEIN LANGILEK EZ DU EGUNEKO 8 ORDU BAINO GEHIAGO LAN EGIN BEHAR. Langileen erantzuna berehalakoa izan zen, aldi berean greba iragarri zuten 5000 industriak eta 340.000 langilek beren lanpostuak utzi zituzten kaleak hartzeko eta beren eskaerak entzunarazteko. Mugimenduak garaipena lortu zuen langileen itxaropenak betez estatu gehienetan, 125.000 langilek 8 orduko laneguna egunean bertan lortu zuten, hilabetearen bukaerarako 200.000 izan ziren gauza bera lortu zutenak, eta urtea bukatzerako, milioi bat langile ziren irabazleak. AEBetan ez zen sekula maila horretako mugimendurik garatu. Guzti honek urduritasun handia sortu burgesiarengan eta industrien jabeetan, iraultza gertu ikusten zuten eta gainera mobilizazio horiek Amerikako beste herrialdeetara zabaldu ziren.

Langileen borroka gaur

Langile klaseak kolpe gogor asko jaso ditu azken urteetan. EEEak, soldata jaitsierak, kaleratzeak, enpresa itxierak, lan erreformak, hitzarmen kolektiboaren erreforma... Prekarietatea eta langabezia Euskal Herriko etxe asko eta askotara iritsi dira eta hainbat alderdik ekonomiaren “errekuperazioaz” hitz egin arren errealitatea bestelakoa da eta izango da. Beharrezkoa da beraz langabeziaren aurkako borroka lehentasuna izatea sindikatu eta ezkerreko alderdientzat, eta helburu honetarako, funtsezkoa da alternatiba iraultzaile bat izatea.

Ezin dugu onartu lanpostu gehiago suntsitzea, beharrezkoa da lanpostu guztiak defendatzea langileen eta langabetuen borroka bateratuarekin. Langabezia igo arren, langile askori lan eguna luzatu diete modu abusiboan, eta gainera ordu estrak merke edo doanik egitera behartuta daude. Lan astea 35 ordukoa izatearen alde borrokatu beharra dago! Erretiro adina 60 urtera jaistearen alde!

Gobernuek milaka milioi euro eman dizkiete bankuei eta enpresari handiei. Bitartean, asko dira asetzen ez diren behar sozialak, batez ere hezkuntzan, osasunean, zaharrenentzako arretan, haurtzaindegi publikoetan, etab... Beharrezkoa da zerbitzu sozialetan inbertsio publikoak handitzea eta kalitatezko lanpostu publiko duinak sortzea.

Langileok gure lanari esker bizi nahi dugu eta modu duin batean bizitzen jarraitzeko eskubidea dugu. Lanpostu duin bat edo langabeziak irauten duen bitartean hilean 1.200 euroko laguntza mugagabearen alde borrokatu beharra dago! Ez omen dago dirua honetarako, baina badago kapitalistek kontu multimilioidunak izateko, munduko edozein bazterretan urrezko jauregiak izateko, 1,7 milioi euroko txanpain botilak edateko, hegazkin pribatuak izateko...

Etxebizitzen espekulazioak artifizialki puztu zituen prezioak parasito gutxi batzuren onerako. Egoera honi esker bankariak eta enpresari handiak are gehiago aberastu dira. Bitartean, etxe kaleratzeek jarraitu egiten dute egoera dramatikoak sortuz. Langabetuen hipotekak berehala izoztearen alde borrokatu beharra dago!

Baina aldarrikapen guzti hauei gakoa den aldarrikapena gehitu behar zaie: bankaren, enpresa handien eta krisian eta deslokalizazioen mehatxupean dauden enpresen desjabetzea eta publifikazioa langileen eta hauen erakundeen kontrolpe demokratikoan funtzionatzen jarriz. Enplegua mantendu eta sortu ahal izateko, beharrezkoa da oinarrizko ekoizpen palankak gizartearen esku egotea. Hau da sindikatuek eta ezkerreko alderdiek indar handienarekin defendatu beharreko aldarrikapena, hau baita modu bakarra sistema kapitalistarekin amaitzeko.

Chicagoko langileen eredua jarraituz, langile mugimenduak behin eta berriro altxako du ukabila. Historiak esaten du langileek gehienetan galdu egin dituztela borrokak. Bai, egia da. Baina langileek irabazitako borrokek eta iraultzek erakusten dute posible dela irabaztea. Posible da burgesia garaitzea eta kapitalismoa historiaren zakarrontzira botatzea, Euskal Herrian eta mundu osoan sozialismoa eraikitzen hasteko. Gora Maiatzaren 1a! Gora langile klasearen borroka!

Informazio gehigarria