Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluari ez!

Nafarroako Gobernuak, CEN patronal nafarrak eta UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua sortu dute. Nafarroako administrazioaren barruan egongo da eta, bere babesleek diotenez, langileen eta enpresarien interes orokorrak, komunak, sektorialak eta intersektorialak defendatuko ditu. Klase arteko kolaborazioa oinarri duen instituzio berri hau, ordea, langile klasearen aurkako tresna bezala erabiliko dute.

 

Besteak beste, Yolanda Barcina Nafarroako presidentea eta Jose Antonio Sarria CEN patronaleko presidentea kontseilu honetako kide izango dira Nafarroako UGT eta CCOOko idazkari nagusiekin batera: Javier Lecumberri eta Raul Villar. Yolanda Barcina bera izango da kontseilu honen zuzendaria. Norbaitek benetan uste du Yolanda Barcina eta Jose Antonio Sarriak Nafarroako langileen alde egingo dutela? Nola da posible, egin dituzten guztiak egin eta gero (PPren eraso guztiak babestu adibidez), UGT eta CCOO sindikatuetako zuzendaritzek konfiantza izatea burgesiaren ordezkari hauegan?

 

CEN patronaleko presidenteak oso hitz politak erabili berri ditu kontseilu honen beharra defendatzeko: “El trabajo necesita al capital y el capital necesita el trabajo (…) estos tres últimos años hemos moderado los salarios, pero no podemos pensar en la moderación salarial como único camino para mejorar la competitividad y la productividad. Tenemos que buscar en otros sitios y eso pasa por un entendimiento de todos los que estamos en una empresa. Aparquemos los intereses de cada uno y pongamos encima de la mesa los de nuestra empresa (…) cuando las empresas van mal, todo va mal y todos sufrimos. Nuestro mayor interés es que nuestra empresa, la de todos los que trabajamos en ella, vaya bien. Tenemos que trabajar en unas relaciones modernas: hablar, respetarse, ceder y alcanzar acuerdos (…) significa tener en una mesa al Gobierno, a los líderes de la patronal y a los sindicatos más representativos para que puedan hablar”.

 

Elkarrizketaz, errespetuaz eta akordioez hitz egiten duen Jose Antonio Sarriak ez du inolako arazorik izan ordea PPren gobernuaren eta UPNren gobernuaren eraso guztiak, enpresa itxierak eta langileen kaleratzeak babesteko. Langile klasearen lan baldintzak pikutara bidali dituen lan erreformaren eta hitzarmen kolektiboaren erreformaren babesle sutsua izan da CEN patronala. Elkarrizketaren, errespetuaren eta akordioen izenean, lan erreforma eta hitzarmen kolektiboaren erreforma izango dira kontseilu honen zutabeetako bi? Elkarrizketaren, errespetuaren eta akordioen izenean CEN patronalak eta UGT eta CCOO zuzendaritzek langileak kalera botatzea adostuko dute? EEE gehiago adostuko dituzte? Lan baldintzak are gehiago okertzea adostuko dute? Lantegi gehiago ixtea adostuko dute?

 

Klase arteko kolaborazio politika tranpa bat da langile klasearentzat eta esperientzia historikoak erakusten du oso ondorio kaltegarriak dituela. Akats izugarria da langileei esatea beren etsaiak (kasu honetan CEN eta UPN) aliatuak direla eta “oraingoan” intentzio onak dituztela. Burgesia eta bere ordezkari politikoak ez dira ari prestatzen errekuperazio ekonomikorako eta elkartasunerako, langile klasea are gehiago zapaltzeko baizik. Horregatik onartu du PPk, burgesiak hala eskatuta, “Ley de Seguridad Ciudadana” delakoa, eskubide demokratikoak, manifestatzeko eskubidea, greba eskubidea... deuseztatzeko helburuarekin.

 

Nafarroako UGT eta CCOOko zuzendaritzen paper kaxkarra

 

Zoritxarrez, UGT eta CCOO zuzendaritzek aspaldi hartu zuten politika erreformistaren eta klase arteko kolaborazioaren bidea. Erakuste dute, une erabakigarrienetan kapitalisten alde egiten dutela. Euren delegatuak eta afiliatuak traizionatzen eta langileak engainatzen jarraitu nahi duten arren, maniobra margena agortzen ari zaie. Krisi kapitalistarekin batera, sozialdemokraziaren eta erreformismoaren krisi orokorra gogor azaleratu da. Sistemaren egonkortasuna hankaz gora jartzen joan de heinean, agintari erreformistak ipurdi bistan geratzen ari dira.

 

Burgesiaren oinarrizko babes bihurtu dira politikari eta sindikalista erreformistak, kapitalismoaren eta honen instituzioak defendatzeko konpromisoa hartu baitute. Orain, zuzendaritza erreformistak “shock” egoeran daude. Hitz politekin ez dute lortuko langileengan galtzen joan diren begikotasuna. Akordioak, kontsentsua, erreformak... “kapitalismo hobe” bat lortzeko. Hauxe da erreformisten lema. Baina ondo dakigu zer den kapitalismoa: langabezia, pobrezia, gosea, osasunaren eta hezkuntzaren pribatizazioa, etxe kaleratzeak...

 

 IrabaziCCOO mugimendu berria

 

CCOO sindikatuaren barruan aspaldi zeuden zuzendaritzaren kontrako kritikak. Caja Madrideko eta Bankiako “txartel opakuen” iruzurra izan da mugimendu berri baten sorrera eragin duena. IrabaziCCOO (gazteleraz GanemosCCOO) deitu diote. Euskal Herria Sozialistatik esperantza handiz ikusi dugu mugimendu hau eta benetan egokiak iruditzen zaizkigu defendatzen ari diren posizioak. Hauek dira atera duten manifestuko zortzi puntuak:

1. Caja Madrideko eta Bankiako kontseilari eta direktiboek “txartel opakuekin” egindako 15,5 milioi euroko iruzurra kapitalismo espainiarraren ustelkeriaren adibide bat gehiago da. Bertan inplikatuta daude CCOOko sei kontseilari. Hauek, hamar urtetan 800.000 euroz jabetu dira eta honek gure erakundearen etorkizuna baldintzatzen du. 

2. CCOOko Komisio Ejekutibo Konfederalak erresoluzio bat onartu du Bankian zeuden sindikatuko sei ordezkariak kautelarki zigortzeko, baina hala ere, ezin ditugu ahaztu CCOOko idazkari nagusia den Ignacio Fernandez Toxoren adierazpenak. Bere hitzetan, orain dela gutxi arte Ejekutiba Konfederaleko kide izan den Rodolfo Benitotaz ez dago desengainatuta, “modu ilegalean eta bere interes propioen alde” ez omen duelako egin, eta dimititzeko bere erabakiak “ohoretu” egiten duelako.

3. Etxekaleratutako eta preferenteekin estafatutako milaka familiaren interesak defendatu beharrean, gure sindikatuko kontseilariek aurrezki kutxa publiko baten lapurretan hartu dute parte. Toxorentzat hau ez bada ez ilegala eta ezta interes propioen alde egitea ere, guk esaten dugu CCOOren siglen erabilera nazkagarria dela eta argi erakusten duela nolako amildegia dagoen gure sindikatuko agintari askoren eta langile klaseak egunez egun sufritzen duen errealitatearen artean.

4. Langileen eta CCOOko afiliatuen aurkako irain larria da Toxok eta Komisio Ejekutibo Konfederalak Caja Madrideko eta Bankiako egoera ezagutzen ez zutela esatea. Zoritxarrez, ohiko praktika bihurtu da eta horrela erlazionatzen dira bankuekin, gobernu zentralarekin eta autonomikoekin eta CEOErekin. “Estatu gizon” bezala ekiteko duten obsesioak, derrigorrez, gizartearen kontrola duten botere handiekin (gobernura iristen diren alderdiak, bankariak eta enpresari handiak) helburu berdinak izatera eramaten ditu. Horren truke, Estatuaren diru laguntza eskuzabalak jasotzen dituzte eta hamarka administazio kontseilutan hartzen dute parte.

5. CCOOko zuzendaritzaren ustelkeria kasuak beren politikaren ondorio zuzena dira: bake soziala eta kontsentsua, desmobilizazioa, eskubideak eta lorpen sozialak galtzea eragiten duten akordioen sinatzea. Akordioan oinarritutako politika hau inposatzeko beharrezkoa izan da zuzendaritza postuetara eskuineko elementuak eta eskrupulurik gabeko jendilajea eramatea, aurreko idazkari nagusia izan zen Jose Maria Fidalgorekin gertatu zen bezala, gaur PPn gustora aurkitzen dena Jose Maria Aznarren babespean. Beste adibide larria: Maria Jesus Paredes bankako federazioko idazkari nagusi ohiaren senarrak, Franciso Baquero Noriegak, Bankian CCOOko kontseilaria izan zenak, txartel opakuarekin 266.400 euro gastatu ditu. Prozesu hau sindikalista zintzo asko baztertuta uztearen kontura egin da, sindikalista asko enpresen aurrean salduta uztearen kontura.

6. CCOOko tradizio borrokalariak defendatzen ditugun sindikalista eta afiliatuak ezin gara pasibo mantendu gure sindikatua hondamendira eraman dezakeen egoeraren aurrean. Ustelkerian harrapatu direnen dimisioak eta militantzia zigorrak ez dira inolaz ere nahikoa. Agintari konfederal nagusiak egoera honen arduradun politiko nagusiak dira aldi berean. Horregatik, CCOOko Komisio Ejekutibo Konfederal osoaren dimisioa eskatzen dugu, eta baita modu batean edo bestean inplikatuta dauden kide guztiena ere.

7. CCOO salbatzeko eta defendatzeko beharrezkoa da eztabaida demokratikoa antolatzea sindikatu guztian, beharrezkoa da afiliatu guztien protagonismoa eta eztabaida hau ezhoiko kongresu batekin amaitzea oinarritik zuzenean aukeratuak izan diren delegatuekin.

8. Ustelkeria borrokatzeko modu bakarra klaseko sindikalgintza borrokalari eta demokratikoa praktikatzea da. Hemen sinatzen dugunok dei egiten diegu CCOOko afiliatu guztiei eta langile mugimendu osoari CCOO LANGILEENTZAT IRABAZTEKO borrokatzeko. Gehitu zaitez manifestu honetara, zabaldu ezazu, bidali erresoluzioak eta protesta eskutitzak Ejekutiba Konfederalera. Erantzun kolektibo eta antolatua emateko garaia da hamarkada askotan langile klasearen sakrifizioarekin eraikitako sindikatua suntsitzen ari direnen aurka. Benetako Langile Komisioak inoiz baino beharrezkoagoak dira.

 

Klaseko sindikalgintza

 

Nafarroako UGT eta CCOOeko zuzendaritzei Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua berehala uzteko eskatzen diegu. Bidea ez da burgesiarekin langile klasearen baldintzak okertzea adostea. Langile klasearen interesak defendatzeko modu bakarra bankarien eta enpresarien aurka langile klasearen antolakuntza eta borroka maila handitzea da. CCOOko ordezkari sindikal, militante eta afiliatuei IrabaziCCOOen posizioak defendatzeko deia egiten diegu, mugimendu honek defendatzen dituen autodeterminazio eskubidea eta sozialismoa barne.

 

Beharrezkoa da Nafarroako eta Euskal Herri osoko sindikatuetako arduradunek klaseko sindikalgintza defendatzea. Funtsezkoa da ELA, LAB, CCOO, UGT eta gainontzeko sindikatuek borroka eraginkorra antolatzea enplegua suntsitzearen eta soldatak jaistearen aurka eta langabeek behar duten babesaren alde. Hau lortzeko, langile klasearen mobilizazioan oinarritutako eta klase dominatzailearen interesekin gatazkan sartuko litzatekeen programa aldarrikatzaile baten aldeko borroka egingo lukeen politika sindikala defendatu behar da. Egungo egoeran, klaseko sindikalgintzak ikuspegi sozialista bat behar du, kapitalaren logikan ez erortzeko eta sistemaren laguntzaile ez bihurtzeko.

 

Klaseko sindikatuek ardura handia dute. Fabrikaz fabrikako borrokak honelako krisi garai batean muga asko ditu. Horregatik behar-beharrezkoa da langile klase osoaren borroka bateratua bultzatzea. Orain da gure klaseko sindikatuak indartzeko unea, euren militantzia handitzeko eta langabeziaren aurkako, enpleguaren eta zerbitzu publikoen aldeko borrokarako programa bat defendatzeko. Gure ustez, beharrezko da aldarrikapen hauek bilduko lituzkeen programa defendatzea sindikatuek:

- Bankuei eta enpresei diru publikorik ez. Diru publikoa lanpostuak bermatzeko eta langabetuei langabezia sorospen duin bat bermatzeko erabili behar da. 1.200€-ko langabezia sorospen mugagabe bat langabe guztiei lanpostu bat aurkitu bitartean, eta, aldi berean, hauen hipotekak baliogabetzea. Legez 35 orduko lan astea ezarri behar da, langile guztien artean dagoen enplegua banatuz, baina soldatak eta eskubide guztiak mantenduz. Erretiroa 60 urterekin soldataren %100arekin eta erreleboko kontratuak eginez.

-Kaleratzeen aurrean EEEak ez dira konponbidea. Lanpostu guztiak salbatzeko, sindikatuek krisian dauden enpresen nazionalizazioa eskatu behar dute, kalteordainik gabe eta langileen eta hauen erakundeen kontrolpean.

-Lan erreforma ororen aurkako jarrera tinkoa. Enpleguaren ziurtasuna eta duintasuna eskatu behar da. Soldataren murrizketarik ez eta galdutako eros ahalmena errekuperatzea.

-Pentsioen sistema publikoa bermatzea. Zerbitzu publikoen pribatizazioa gelditzea, enpleguaren eta hezkuntza eta osasun publikora bideratzen diren baliabideak handitzea.

-Banka, monopolioak eta latifundioak nazionalizatzea, horrela azpiegitura, etxebizitza, hezkuntza eta osasun publikoan programa handiak martxan jartzea posible litzateke eta.

-Sindikalgintza borrokalaria, klasekoa eta demokratikoa, Estatuarekiko eta burgesiarekiko independentea. Langileekin etenik gabe kontaktuan eta asanblada demokratikoen bidez hauen parte hartzea bultzatuko duen sindikalgintza baten alde.

 

Krisi kapitalistak badu alternatiba bat eta badago gaur egungo arazoak konponduko lituzkeen beste eredu ekonomiko bat, baina alternatiba hori ez da posible kapitalismoaren barruan. Kalitatezko enplegua sortzeko, biztanle guztien bizi maila etengabe hobetzeko eta gehiengoaren beharrak asetzeko, posible da dauden errekurtso ekonomiko eta teknologiko izugarriak erabiliko lituzkeen sistema ekonomikoa eraikitzea. Baina hori lortzeko beharrezkoa da ekoizteko indarren langileen planifikazioa eta kontrol demokratikoa, hau da, ekonomia eta gizarte sozialista baten oinarriak ezartzea. Duela 150 urte baino gehiago sozialismoaren aldeko borroka sortu zuten eta langile mugimenduari oinarri politikoa eman zioten arrazoiak gaur egun ere guztiz indarrean daude.

 

Langileen zerbitzurako sortu zen klaseko sindikalgintza, aurre egin nahian gabiltzan oinarrizko arazoen iturria kapitalismoaren existentzia zela ulertuz. Horregatik, langile klasearen aldarrikapenen aldeko borroka gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokaren zati bezala hartu zen. Horrela, sindikalgintza benetan klasekoa da, langileen atomizazioaren eta desmobilizazioaren aurka, langileen kontzientzia, antolakuntza, batasuna eta borroka maila igotzen laguntzen duenean. Hau da langileon erakundeetan berreskuratu eta bultzatu behar dugun programa, marxismo iraultzailearen ideiekin armatutako sindikalgintza.

Informazio gehigarria