Babestu langile prentsa!!! Zabaldu Euskal Herria Sozialista zure inguruan!!

 

Krisia hasi zenetik, langile klasearen egoera okertu besterik ez da egin. Kaleratzeak, fabrika itxierak, erregulazio espedienteak, soldata jaitsierak, lan baldintzak okertzea, langabezia eta beste hamaika eraso jasan behar izan ditugu langile eta gazteok. Gasteizko eta Bergarako Candy multinazionaleko langileei tokatu zaie orain, eta edonori toka dakioke bihar.  Hego Euskal Herrian urriaz geroztik 2.098 langabetu gehiago dago; guztira 217.841 langile dira lanpostu duinik ez dutenak eta erdiak baino gehiagok ez du inolako diru-laguntzarik jasotzen.

 

PPren gobernuak EAJren laguntza osoarekin onartu dituen kontraerreformek langileen eta gazteen bizi baldintzak okertu besterik ez dituzte egin, hezkuntza eta osasuna pribatizatze bidean dira, lana prekarizatu dute… Urteetako borrokaren bidez lortutako eskubide guztiak, banan bana desagerrarazi nahi dituzte. Eta bitartean, gutxiengo parasitario batek luxuzko bizimodua du, irabazi milioidunekin.

Eraso hauek guztiek, hala ere, ez dute langile klasea eta gazteria kikildu, aitzitik, borrokarako duten gaitasuna ageria geratu da azken urteetako greba orokorretan eta bestelako borroketan. Estatu guztian adibide ugari ditugu borrokak merezi duela erakusten dutenak: Marea Zuria, Madrilgo garbitzaileen borroka, Gamonal auzoko biztanleen borroka…

Inoiz baino aukera gehiago dago miseriara eta basakeria kondenatu gaituen kapitalismoarekin amaitzeko, baina horretarako beharrezkoa da borroka plan kontsekuente eta sendoa izatea. Euskal Herria Sozialistako kideok konbentziturik gaude sistema irauli daitekeela eta gizartearen gehiengoaren zerbitzura dagoen sistema berri bat eraiki daitekeela, langileen kontrolpeko ekonomia nazionalizatu batekin.

2006an aldizkaria sortu genuenetik, ideia hauen eta marxismoaren defentsa sutsua egin dugu langile klaseari alternatiba eskaintzeko. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat fabrikatan saltzen dugu aldizkaria. Egun hauetan Lasarteko Michelinen, Hernaniko Zikunagan, Beasaingo CAFen, Olaberriako Indarren, Beasaingo Arcelorren eta Tolosako Apatta industrialdean izan gara

Hurrengo hitzordua Gasteizko Mercedesen izango da. Ostiralean, azaroak 14, lantegi honen atarian egongo gara gure aldizkaria euro batean (edo 2€ko laguntzan) saltzen. Eskuratu zurea eta zabaldu marxismoaren ideiak!

ale honetako editorialean Eskoziako erreferendumaren azterketa sakona eta bertatik ateratako ikasgaiak aurkituko dituzu: autodeterminazioa eskubidea bai, sozialismoa ere bai! Bestalde, udan Palestinan gertatutako sarraskiaren analisi marxista ere egiten dugu. Horretaz gain, Kataluniako egoeraz, Ukrainako gertakariez, eta langabeziaren aurkako borrokaren beharraz ere hitz egiten dugu.

 

 

Informazio gehigarria