Langabeziaren aurkako alternatiba sozialismoa da

Langabeziaren azken datuek argi erakusten dute Euskal Herriak ez duela krisia atzean utzi Urkulluk eta Barcinak aurkakoa sinestarazi nahi diguten arren. Horrela, espainiar gobernua lau haizetara zabaltzen dabilen propagandarekin bat egiten dute. Burgesiaren ordezkariak hazkuntza tasa lotsagarrietan oinarritzen dira, BPGren %1 gutxi gorabehera, urte hau errekuperazioaren urtea dela esateko. Euskal Herriko eta Estatuko gazte eta langile klasearen errealitatea aldiz bestelakoa da. Enpresa itxierak eta kaleratzeak gorantz doaz, soldatak eta pentsioak beherantz eta gazteak miseriazko soldatekin eta behin-behinekotasun handiko sektoreetan lan egitera kondenaturik daude.

 

 

 

Urkulluren gobernua industriaren salbatzaile bezala agertzen saiatzen den bitartean, etekindun enpresa talde handiek kaleratze kolektiboak egiten dihardute lan erreformari esker. Confebask euskal patronalak bi eskuekin oso gustura hartu du erreforma hau eta EAJk ere begi onez ikusi du ez ezartzeko hatz bakar bat ere mugitu gabe. Euskal burgesiaren ordezkariek politika berbera jarraitu dute PPren beste eraso batzuekin (LOMCE edo osasungintza eta hezkuntzako murrizketak).

 

Fagor kooperatibaren likidazioak Mondragon Taldeko ehunka langile eta bazkide langabeziara bidali ditu. TS Fundicionesek 150 langile kale gorrian uztea planteatzen du, Kider taldeak 200 langile baino gehiago kaleratu ditu… Horrelako adibideak etengabekoak dira, hau da euskal industriaren errealitatea. Honek guztiak Euskal Herrian langabeziak gora egitea suposatu du, nahiz eta EAJk behin eta berriz esan gure herria miseriarik gabeko burbuila batean dagoela. EAEn 5.500 langabetu gehiago zen 2014ko lehen hiruhilekoan, %18 inguruko langabezia tasarekin, hori da Urkulluk dioen errekuperazioa. Nafarroan egoera ez da ezberdina, 2.800 langabetu gehiago egon dira martxora arte.

 

Langile klaseak badaki bozgorailuekin ozen iragartzen dituzten ekonomia suspertzeko asmoen atzean zer dagoen. Euskal eta espainiar burgesiak ez dauka inongo asmorik euro bakar bat ere gastatzeko langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko, ezta enplegua sortzeko ere, nahi duten bakarra beraien irabaziak bermatzeko diru publikoa lortzea da. Krisian daramatzagun sei urte hauetan osasungintzarako, hezkuntzarako, langabezia eta pentsioen prestazioetarako murrizketak inposatu dituzten bitartean, PP, PSOE, EAJ eta UPN erabat ados agertu dira enpresari handiei dirua oparitzeko, bankatik hasita, eta hori ez da langileen ongizatean islatu. Diru hori guztia burgesiaren poltsikoetan gelditu da. Berdina gertatuko da Urkulluren hitzetan industria “salbatzeko” bideratuko dituen 600 milioi eurorekin. 

 

Euskal burgesiaren asmoa, burgesia espainiarrarena eta frantziarrarena bezala, ez da langile klasearen lan eta bizi baldintzak hobetzea. Juxtu kontrakoa, langabezia eta prekarietatea miseriazko lan eta soldaten bidez menperatzeko erabiltzen dituzten armak dira. Alternatiba ez da burgesiaren eskutik iritsiko, baina zuzendaritza sindikalak ere ez dira ari eskaintzen. CCOO eta UGTko zuzendaritzen elkarrizketa sozialaren aldeko etengabeko deiak lotsagarriak dira eta ez datoz bat beraien oinarriek garrasika estatu espainiarrean gatazkan dauden Panrico edo Coca Cola bezalako enpresetan eskatzen dutenarekin. LABek eta EHBilduk EITBko kaleratzeak babestu izana ere akats larria dela uste dugu. Beharrezkoa eta urgentziazkoa deritzogu LAB eta ELAko zuzendaritzek gatazkan dauden enpresa eta sektoreetako borrokak batzea eta koodinatzea eta denboran jarraipena izango duen eta bukaeraraino iristeko prest dagoen borroka egutegi eraginkor bat antolatzea langileen, langabetuen, gazteen eta herriko sektore zapalduen batasuna bultzatuz.

 

Geure baitan dago euskal langabetu eta langileon alternatiba. Eredu kapitalistarekin amaitzeko irtenbidearen alde bultzatu behar ditugu zuzendaritza sindikalak. Ez da posible eskubide sozialak bermatzea kapitalismopean. Burgesiak ez dio uko egingo murrizketa basatiak egiteari eta dirua irabazten jarraitzeari. Langabeziari, lan prekarietateari eta murrizketei langileen borroka bateratuarekin soilik egin dakieke aurre, greba orokor berri batekin, programa antikapitalista eta sozialista baten bidez antolatuta; bankaren, monopolioen, elektriken eta krisian dauden enpresen nazionalizazioa langileen kontrolpean, sortutako aberastasuna gehiengoaren onurarako bideratzeko.

 

Langabeziaren eta prekarietatearen aurka, borrokak bateratu greba orokor batean!

Elkarrizketa sozialari ez, klaseko sindikalgintza borrokalaria!

 

Langabeziaren eta miseriaren aurkako alternatiba bakarra sozialismoa da! 

Informazio gehigarria