La Navalen itxierari ez! EEErik, kaleratzerik eta murrizketarik ez plantilan eta azpikontratetan! Gatazka beste fabriketara zabalduko duen klaseko politika sindikala behar dugu!

  • Inprimatu

La Naval ontziola 2006an pribatizatu zenetik garairik txarrenak igarotzen ari da. PP eta PSOEren gobernuek EAEn EAJren babesarekin ontzigintzaren industriarekin amaitu nahi izan dute. 80ko hamarkadan zeuzkan milaka langileetatik urrun, Sestaoko ontziolak zuzeneko 250 langile besterik ez ditu eta zortzi erregulazio txosten jarraian lotzeaz gain martxoa lan kargarik gabe hasi zuen. Azken asteetan langileek salatu dute enpresaren egoera jasangaitza dela eta eskaerarik egon ezean La Naval betiko ixteko arriskuan dagoela; baina honi guztiari irtenbide bat aurkitu beharrean Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste alde batera begiratu dute, ontziolan lan egiten duten langileak egoera larrian utziz.

 

Gainera, Europar Batzordeak sektoreari ematen zizkion laguntza fiskalak baliogabetzeak eta jaso dezakeen zigorrak (merkatu zatiak lortzeko burgesia europar ezberdinen arteko konpetentzia basatiaren beste erakustaldi bat da) esku eskura ipin diezaieke ontziolen jabeei (Construcciones Navales del Norte, CNN) inori konturik argitu gabe eta bake soziala “bermatuz” langileak kalera botatzen jarraitzeko eta, baita, enpresa bera ixteko behar duten aitzakia perfektua.

 

Egoera honetan, La Navaleko langileek mobilizazioaren bidea hartu dute jakin badakitelako presio sozialik gabe ez dutela ezer lortuko. Eusko Jaurlaritzak eta enpresak lana egongo dela agintzen dute protestak geldiarazteko eta laster kontratu bat sinatuko dutela esaten dute, baina momentuz ez da iristen. Emandako laguntza fiskalak itzultzeko arazoak hor jarraitzen duen bitartean, krisi kapitalistak gero eta gehiago estutzen ditu  merkatuak eta itsasontziak miseriazko baldintzetan eraikitzea erraztu dute, Txinan gertatzen den bezala. Argi dagoena hauxe da: ez enpresak ezta erakundeek ere ez lukete inolako arazorik izango enpresa ixteko errentagarria izateari uzten dion momentuan, nahiz eta EAJko alkate eta goi karguak langileekin manifestazioetara argazkia ateratzera joan lanpostuen defendatzaile gisa. Bankuek ere ez dituzte beraien irabaziak arriskatu nahi La Naval finantzatuz. 

 

Antzekoa da estatu espainiarreko beste ontziola batzuek duten arazoa; Navantia kasu, azpikontratazioen bidez pribatizatzea nahi baitute. La Navaleko pribatizazio prozesu hau momentu batetik bestera egin zen, langile kopurua era esanguratsu batean murriztu zen eta egiten zuten lana azpikontratatutako enpresei eman zitzaien. Enpresa horiek langileen lan baldintzetan egin zituzten neurrigabekeriak publiko egin ziren 2009an adibidez. Gatazka hartan, La Navaleko zuzendaritzak berehala garbitu zituen eskuak, argudiatuz ez zirela beraien ardura neurrigabekeria horiek guztiak, ezta lan baldintzak okertzearena ere. Bestalde, zuzendaritza sindikalek fabrika barruan bi lan mundu ezberdin inposatzen dituen eredua onartu dute, lehenengo eta bigarren mailako langileena alegia. Ez kaleratzeek, ez azpikontratazioek eta ez azken lau urteetan aktibatu dituzten zortzi erregulazio txostenek ez dute erantzun sendorik izan La Navaleko sindikatuen aldetik.

 

Bestalde, Ezkerraldeko langile klasearentzat oso ezaguna da La Navalek bizi duen egoera. Eskualdeko herriek pribatizazioaren ondorioz Balco Wilcox edo Altos Hornos (orain ACB) bezalako industriak desagertzen ikusi dituzte, Bilbon Euskalduna ontziolarekin pasa zen bezala. Kasu guztietan, langileek beraien lanpostuen defentsan eman zuten erantzunaren aurrean, zuzendaritza sindikalek, batez ere CCOO eta UGTkoek, amore eman eta akordioak sinatu zituzten borroka utzi eta enpresak ixteko. Sestao eta Barakaldo bezalako herrien langabezia tasa altuaren atzean industrian galdu ziren milaka eta milaka lanpostu daude.

 

Nola uler daiteke urte hauetan hainbat eta hainbat milioi irabazi dituen CNN bezalako enpresa baten asmoa izatea enpresa itxi eta langabezian uztea, ez soilik dituen 250 langileak, baita enpresa laguntzaileetan lan egiten duten milaka langileak ere?

 

Agintari sindikal askok hala egiten duten arren, langile klasearentzat tranpa larria da kapitalismoaren logika onartzea eta krisian daudenaren eta irabaziak gutxitu egiten direnaren aitzakiapean irtenbide bakarra soldatak jaistea edota kaleratzeak izatea onartzea.

 

Borroka elkartzea da bidea. La Navaleko zuzeneko eta zeharkako langileak, gatazkan dauden beste enpresetako langileak, eta Euskal Herriko ontzigintza sektore osoko langileak borrokan elkartuta, indar handia hartuko lukete langileek, eta lehenik eta behin ontziolaren itxiera saihesteko aukera irekiko litzateke. Gainera, politika sindikal kontsekuente batek erregulazio txostenen suspentsioa eta langile guztien, zuzenekoak izan edo zeharkakoak, soldata murrizketak baztertzea izan beharko luke helburu. Eta enpresariek enpresarekin amaitzea nahi badute, sindikatuek borrokaren lehen lerroan jarri beharko lukete ontziola langileen kontrolpean hartzeko. Itxitako fabrika, fabrika okupatua!