Edesako langileak borrokan! Alternatiba: Langileen kontrolpeko Edesa publikoa!

Basauriko Edesa fabrikako langileek 100. eguna bete dute itxialdian. Egunero, hutsik egin gabe, turnoak antolatzen dituzte borroka luze eta gogor hau aurrera eramateko. Agerian geratu da, Fagorren krisiarekin hasitako egoera larriaren aurrean, Mondragon Taldeak eta Urkulluren gobernuak ez dutela inolako alternatibarik Edesako lanpostuak bermatzeko. Langile klasearen borrokarekin soilik, Fagor osoko gainontzeko langileekin batera, lortu daiteke Edesako langile familiarentzat onuragarria izango den irtenbidea. Premiazkoa da beraz, sindikatuetako arduradunek, lehenbailen mobilizazio bateratu eta eraginkorrak antolatzea Edesako eta Fagor osoko lanpostuen defentsan.

 

 

Zoritxarrez, Fagorreko gatazkaren aurrean sindikatuetako arduradunek eduki duten “alternatiba bakarra” Mondragon Taldeko zuzendaritzari eta EAJren gobernuari  “irtenbidea bilatzea” eskatzea izan da. Langile klasea ahalik eta gehien zapaltzeko ahalegina egiten dutenengan jarri behar dugu lanpostuak salbatzeko esperantza? Erantzuna ezezko borobila da.

 

Ez, bidea ez da Mondragon Taldean eta euskal kapitalisten alderdian konfiantza izatea. Bide bakarra langile klasearen borroka bateratua antolatzea da, Fagorren krisiak kolpatutako lantegi guztietako borrokak elkartzea eta koordinatzea, denboran luzatuko den borroka egutegi eraginkorra antolatzea (manifestazioak, greba orokorrak...) eta krisian dauden lantegietako lanpostu guztiak bermatu ditzakeen alternatiba bakarra defendatzea: krisian dauden lantegien desjabetzea eta hauen publifikazioa langileen kontrolpean. Eta zoritxarrez hau ez da gertatu. Nola da posible, Edesako langileen itxialdiaz gain, Fagorreko lanpostuen defentsan egin den ia mobilizazio bakarra urrian Arrasaten egin zen manifestazioa izatea? Ez al zen beharrezkoa borrokak jarraipena izatea? Ez al zen beharrezkoa Arrasaten, Gipuzkoan eta Euskal Herrian Fagorren krisiarekin kaltetutako fabriketako borrokak elkartzea? Ez al zegoen nahikoa arrazoi, milaka lanposturen suntsiketaren aurrean, greba orokor bat antolatzeko?

 

Egoeraren larritasuna dela eta, beste behin, dei egin nahi diegu sindikatuetako arduradunei Euskal Herrian gatazkan dauden enpresetako borrokak koordinatzeko eta bateratzeko. Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea Edesaren kasuan bezala. Arazo berdinen aurrean mobilizazio bateratu eta koordinatuarekin langileon indarra biderkatu egiten da. Horregatik, pauso garrantzitsua litzateke Euskal Herrian gatazkan dauden fabrika ezberdinetako borrokak eta gatazkak bateratzeko eta koordinatzeko lan egitea eta erasopean dauden enpresen koordinadora bat sortzea enpresa guztietako langileak sufritzen ari garen eraso berberei indar handiagoz aurre egiteko. Honekin batera, funtsezkoa Euskal Herriko biztanleria borroka honetan inplikatzea.

 

Edesa eta Fagorren kasu konkretuari dagokionez, honen egoerari buruz egin genuen artikulua duzue hemen, gure analisi zabalarekin eta gure alternatibarekin:

 

Lanpostu guztiak mantentzeko: LANGILEEN KONTROLPEKO FAGOR PUBLIKOA!

 

Mondragon Taldeko enpresa liderra den Fagor Etxetresnak ixteak lau mila lanpostu zuzen baino gehiago eta beste milaka zeharkako suntsituko lituzke Euskal Herri osoan. Ez Mondragoneko zuzendaritzak, ez Urkuiluren (EAJ) gobernuak eta ezta Rajoyrenak (PP) ere ez diete inolako irtenbiderik eman lanpostuak eta beraien aurrezkiak galduko dituzten milaka langileri, “euskal kooperatibismoaren” motorra izan dena krisian erori denean. Horrelako albisteak dauden bakoitzean, kapitalismoaren logikarekin hautsi eta langile klasearen borrokarekin soilik lortu daiteke milaka langile familiarentzat onuragarria izango den irtenbidea.

 

Fagor Etxetresnakek lau urtetan zehar 960 milioi euroko zorra pilatu du. Momentuz zuzendaritzak esan duena da bazkideak birkolokatu, aurrejubilatu eta formazio kurtsoetan sartuko dituela. Horiek 1.650 langile inguru izango lirateke eta badakite ez dela ezer segurua. Edesa eta Grimal-eko langileak eta Fagor-en bertan dauden aldizkako milaka langile berriz, kale gorrian geldituko dira besterik gabe. Itxiera dela eta langileek hainbat mobilizazio antolatu dituzte lanpostuen defentsan eta etorkizunaren alde.

 

 Kooperatibismoa: enpresa kapitalistak beste izen batekin

 

Mondragon 289 entitatez dago osatua, horietatik 110 kooperatibak dira eta 147 sozietate filialak. Euskal Herritik kanpo 68.000 pertsonak egiten dute lan Mondragon taldean: 4.272 Galizian, 2.645 Andaluzian, 2.808 Madrilen, 1.700 Valentzian, etab. Hamahiru fabrikatan banaturik 5.600 langile dituen Fagor Etxetresnaken krisiak Mondragoneko beste enpresa batzuetan eragitea da langileek daukaten kezka, domino efektu baten ondorioz. Eroski eta Euskadiko Kutxa (Caja Laboral) larriki kaltetuko balira, domino efektua biderkatuko litzateke. Epe motzera Fagor Etxetresnak ixteak 10.000 lanpostu suntsituko ditu, horietatik 4.000 Euskal Herrian lanpostu zuzen eta zeharkakoekin. Horren eraginak beste hainbat kooperatiba eta enpresa erakarri ahalko lituzke eta taldearen gainbeherak Estatu frantziarreko eta Poloniako fabriketan ere eragin du, jada hartzekodunen lehiaketa aurkeztu dutelarik. Estatu frantziarraren kasuan sindikatuak Fagor-Brandt taldeak dituen bost fabrikatatik lau ixtearen arriskuarekin kezkatuta daude. Beste 2.000 langile inguru dituzte.

 

Autonomo bezala agertzen diren bazkideen langabezia ordaintzeaz arduratzen den Lagun Aro aseguruak dituen 35 milioi eurorekin ez dauka 1.630 bazkideren laguntza ordaintzeko nahikoa diru. Bazkide diren langileak ez dira beraien klaseko kideak baino hobeto egongo. Lanaz gain bakoitzak bazkide izateko ordaindu zituen 12.000 euroak, borondatez emandako aurrezkiak eta jarduerarik gabeko bazkideen eta kolaboratzaileen 87 milioi eurotan baloratutako prestamuak galduko dituzte kaltetutakoen Ordaindu plataformaren arabera.

 

Mondragon partzuergoaren zuzendaritzak, historikoki EAJri lotua egon denak, 1987. urtetik  5 aldiz biderkatu zuen zeukan langile kopurua, 20.818 langile izatetik 103.731 langile izatera 2007an. AEBko unibertsitateetan “euskal kooperatibismoa” “ekoizpen sozial” eredugarri bezala erakusten zuten garaiak ziren, baita Hegoafrika eta Latinoamerikan sozialismo marxistaren alternatiba bezala aurkeztu zituzten urteak ere. Krisiarekin, aldiz, sakrifizioak eta 20.000 langileren kaleratzeak iritsi dira sakoneko arazoak konpondu gabe. 2008ko abenduaren 1ean, Mondragon taldeko lehendakaria zen Jose Maria Aldekoak bere 260 kooperatibei eskatu zien lantegiak ixteko eta langile kopuruak egokitzeko krisi sakon eta luzearen aurrean. Zuzendaritzak eskaera gogorrak egin zizkien langile bazkideei: lanordu eta egutegi luzeagoak produktibitateari lehentasuna “emateko”, soldata murrizketak, plusen izozteak edo desagertzeak eta paga extrak galtzea. Bitartean beraien aurrezkiak Talde kooperatiboaren esku ipintzeko eskatu zieten. Hau da, eredu kooperatibistak “merkatu librean” lehiatzen duten gainerako enpresa kapitalisten antzera jokatzen du. Urte horretan bertan, Irizar eta Ampo bezalako enpresa klabeak taldetik atera ziren erabakiak hartzeko langileen parte hartze falta gogor kritikatuz.

 

Eroski, Fagor eta Euskadiko Kutxako zuzendaritzek, hauek ere EAJri lotuta, ez zuten inolako eskrupulurik izan euskal langile familiei aurrezkiak eskatzeko, langileen borondate onaz, sinpatiaz eta “eredu kooperatibistaz” baliatu ziren, beranduago euskal preferenteen kasu bezala ezagutuko zena hain zuzen ere. Eroskik (660 milioi euro) eta Fagorrek (185 milioi euro) estafatutako ehunka aurrezlek bitartean beraien dirua lortzeko borrokan jarraitzen dute. Kooperatibistek enpresari utzitako 84 milioi euroak galduko dituzte eta Fagor Etxetresnakeko langile batzuek uste dute azkenaldian egin diren soldata jaitsierek (enpresa aurrera ateratzeko balio izan ez dutenak) aurreikusitako plan bat ezkutatzen zutela kaleratzeak merkatzeko.

 

Eroskik 2012an 3.695 bazkide kooperatibista berri egin zituen. Bazkide kooperatibista izateko lanean 6 hilabetez froga aldian egon behar da. Langile batzuk hilabeteak egon dira postu ezberdinetatik pasaz inolako soldatarik jaso gabe eta ondoren 12.000 euro ordaindu behar izan dituzte beraien enplegua “erosi” ahal izateko. Nahiko nabarmena dirudi bazkideen gehitze horrek diru pilaketa zuela helburu, taldearen operazioak ordaindu eta galerak estaltzeko, baina etorkizunerako arazoak pilatuz. Oraintsuago, Fagor Etxetresnaken arazoak sortzen ari zirenean, Eusko Jaurlaritzak 40 milioi eman zizkion, orain Urkuiluk erreklamatzen dituenak. Fagor Etxetresnakek guztira zor duen dirua 960 milioi euro dira. Lana eta ekarpenak galtzeaz gain, langile bazkideak kezkatzen dituena zera da, beraien ondareekin ordaindu behar izatea ordaintzeko dauden zorrak.

 

Ondorio larriak langileriarentzat

 

Egoera hau drama bat izango da sekula pasako ez zela uste zuten milaka langile familiarentzat. Honi beste milaka kontratupeko eta aldi baterako langileen drama gehitu behar zaio are eta informazio eta babes gutxiago jasoko baitute. Aipatu dituzten birkokapenetan ez dira aldi baterako zeuden langileak sartzen eta zenbat diren Mondragon Korporazioaren zuzendaritzak kontu handiarekin gordetzen duen datua da. Taldeko langile guztien artean hau da sektorerik kaltetu eta esplotatuena.

 

Mondragon Taldeko zuzendaritza jeltzaleak kooperatibismoak ekonomia sozial eredu bezala zituen abantailak lau haizetara zabaltzen zituen bitartean, akats handia eginez ezkerreko sektore batzuetatik ere eredu bezala defendatu da enpresarekiko elkartasun eta parte hartze eredu bezala aurkeztuz, baina errealitatea guztiz bestelakoa da. Kooperatiba hauetan sindikatuek tokirik ez izateaz gain, Mondragoneko zuzendaritzak Euskal Herrian bertan, Polonian, Indian,Txinan eta Brasilen, soldata baxuekin eta lan baldintza gogorrekin, eskulan merkeaz aprobetxatuz enpresak zabaldu dituzte. Mondragoneko zuzendaritzak hobekien gorde duen sekretuetakoa da zenbatekoa den eskulan hori eta zenbaterainokoak diren esplotazio baldintzak.

 

Eraikuntzako krisiak eragin garbia izan du etxetresna elektrikoen sektorean, baina Mondragon Taldeko zuzendaritzaren erantzuna krisia langileen bizkar gainera botatzea eta Brasil, Txina, Errusia eta India bezalako merkatuetan esperantzak jartzea izan zen hasieratik. Baina, krisi ekonomikoa herrialde hauetara iristeak pikutara bidali ditu zuzendaritzaren asmoak eta beste behin ere langileei eskatzen zaie ondorioak pairatzea.

 

Mondragon Taldearen hazkuntza internazionala 90. hamarkadan hasi bazen ere, 2008an izan ziren soldata eta enplegu doikuntza gogorrak, Mondragoneko zuzendaritzak Indian parke industrial bat zabalduko zuela iragarri zuenean, hain justu Maharstran, bere hiriburua Bombay delarik. Parke hau lehenago Kunshanen, Shangaitik (Txina) gertu, zabaldu zutenaren antzekoa da. Bi parke hauetako langileen lan baldintzak miseriazkoak izango ziren hasieratik.

 

Urte haietan Taldeak zituen 103.731 langileetatik %37 Euskal Herrian zeuden, %47 estatu espainiarrean eta %16 gainerako herrialdeetan. Taldeko zuzendaritzak beti planteatu izan du nahiz eta kooperatiba bakoitza beregaina izan eta bere gisara funtzionatu, bere etekinen zati bat funts komun batera bideratzen duela, arazoak dituzten kooperatibei laguntzeko. Baina badirudi “funts solidario” hori amaitu egin dela. Fagor Etxetresnaken tamaina arazo bihurtu da Mondragon Talde osoarentzat, ezezkoa esan baitio Fagorrek bideragarritasun plan bat aurkezteko eta ez ixteko eskatzen zizkion 170 milioi euro emateari. Mondragonek inoiz ez dio aurre egin behar izan neurri honetako barne gatazka bati eta argi gelditu da ez dela gai izan inongo soluziorik eskaintzeko.

 

Kooperatibismoa ez da kapitalismoarentzat alternatiba, ez krisiarentzat ezta langabeziarentzat ere

 

Fagorren krisiak zalantzan ipini du kooperatibismoaren bideragarritasuna. Hauxe da errealitatea: krisi kapitalistaren eta milaka enpresaren itxieraren aurrean, langile asko langabeziara joan dira eta beste hainbatek kooperatibak eta sozietate anonimoak sortu dituzte enplegua mantentzeko helburuarekin. 2012an 733 kooperatiba eratu ziren, 2006az geroztik sozietate berri gehien sortu den urtea, eta 8.436 pertsona izan dira bazkide berri. Hala ere, beharrezkoa da gogoratzea, bazkidetza berri horien ia erdia Eroskik parte hartzen duen enpresei dagozkiela. Eroskiren enpresa hauek 2012an bilakatu ziren kooperatiba.

 

Kooperatibismoa, bere sorrera, bere garapena eta krisia kapitalismoaren garapenaren eta klase arteko borrokaren testuinguru errealean kokatu behar dira. Beranduago Mondragon Taldea izango zena diktadura frankista garaian bertan sortu zen. 1941eko otsailean, Gasteizko apezpikuak Arrasatera bidali zuen Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz gaztea, taldearen sortzailea izan zena eta EAJri lotua zegoena, Ekintza Katolikoaren (Acción Católica) lana bultzatzeko eta, zehatzago, herriko gazteriarengana hurbildu eta inguruetan zebiltzan ezkerreko ideia iraultzaileetatik askatzeko, Unión Cerrajeran langile sozialista eta komunisten presentzia handia baitzen. Ez da kasualitatea,  Jose Maria Arizmendiarrieta garai haietako Arrasateko Falangeko delegatua izatea.

 

Frankismoak eta EAJko zuzendaritzak kooperatibismoa langileak “kapitalista” jabe bilakatzeko eta antisindikalismoa eta apolitizismoa indartzeko bultzatu zuten. EAJrentzat kooperatibismoak klase arteko borrokaren amaiera zekarren kooperatibetako langileen eta zuzendaritzaren kolaborazioari esker, eta honekin batera kooperatibisten borondatezko autoesplotazioa. Gainera euskal burgesiak kooperatibismoa euskal identitatearen beste zantzu bat bezala erakusten zuen munduaren aurrean, frankismoak Jose Maria Arizmendiarrietari dominak ematen zizkion bitartean.

 

Azken finean, Mondragon Taldea EAJren esku dago eta bere unibertsitatearekin ideia neoliberalak zabaltzeko arma ideologiko bat izan da. Klase arteko borroka kooperatibetatik kanpo existitzen da, baina baita barruan ere. Arrasaten ondo ezagutzen dituzte sortzen diren eztabaidak greba orokorrak antolatzen diren aldiro. Urteetan zehar kooperatibetako langileek ez dute parte hartu Metaleko hitzarmenarena bezalako borroketan, baina garrantzitsua da PPren gobernuaren aurka 2012ko martxoaren 29an egin zen greba orokor bateratua babestu zutela nabarmentzea. Jakina badela klase arteko borroka kooperatiba barruetan. Etengabe izan dira zuzendaritzaren eta langile bazkideen arteko enfrentamenduak soldata desberdintasunagatik, hau da, gutxien eta gehien kobratzen dutenen arteko aldeagatik. Fagorreko zuzendaritza enpresa kapitalista askotako zuzendaritza bezala bizi da eta langile asko eta asko aldiz enpresa kapitalistetako langile asko baino okerrago.

 

Kooperatibismoaren eta autogestionatutako enpresen eztabaida langile mugimenduaren historian hasieratik egon da mahai gainean. Engelsek horien papera deskribatu zuen bere Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora obran, Fourier eta bereziki Robert Owen utopista handiak omenduz: Robert Owen 1.800 urtean Eskoziako New Lanark kotoi-irute fabrikaren kargu egin zen. 2.500 langile izatera iritsi zen eta kolonia eredugarri bilakatu zuen poliziarik, mozkorkeriarik, bake epailerik, behartsurik gabe, eta hori bere langileei baldintza gizatiarragoak eta haurren hezkuntzari babes berezia eskainiz lortu zuen. Baina Owenek porrot egin zuen kotoiaren hainbat krisiren ondorioz diru gabe geratu baitzen. Ezin izan zien kapitalismoaren gainprodukzio krisiei ihes egin. Hala ere, bere saiakera langile klasearen memoria kolektiboan gelditu zen, langileen askapen sozialaren aldeko borrokan aitzindari bezala.

 

Beranduago, Bernsteinen erreformismoaren aurkako obran, Erreforma edo Iraultzan, Rosa Luxenburgo marxistak argi azaldu zituen kooperatibismoaren mugak kapitalismopean: “Kooperatibek, ekoizpen kooperatibek batez ere, hibrido bat osatzen dute ekonomia kapitalistaren baitan, ekoizpen sozializatuko unitate txikiak dira banaketa kapitalistaren barnean. Baina ekonomia kapitalistan banaketak ekoizpena menperatzen du, eta konpetentzia dela eta, ekoizpen prozesua kapitalaren interesek –hau da, esplotaziorik gordinenak- menperatzea ezinbestekoa da enpresa horren biziraupenerako. Merkatuak behartuta lan erritmoak ahal beste intentsifikatu behar direnean, lan eguna moztu edo luzatu behar denean, eskulan gehiago behar denean edota kaleratu behar denean...ikusten da hau; hitz batean, enpresa kapitalista bat lehiakor egiten duten metodo ezagun guztiak ipini behar izaten dira martxan. Eta enpresari paperean jarri behar direnean, kooperatibako langileak kontraesan batean aurkitzen dira: edota enpresa baten tinkotasun osoz zuzendu behar dute enpresa, euren buruaren aurka ere eginez, ekoizpen kooperatiba hondoratuko duen kontraesana sortuz, edota enpresa kapitalista arrunt bat bilakatzen da, edota langileen interesak gailentzen badira, disolbatu egiten da”.

 

Lanpostu guztiak defendatu! Langileen kontrolpeko Fagor publikoa!

 

Lanpostuak defendatzeko kooperatibetako langileen borroka, izan aldi batekoak, bazkide edo ez bazkide, krisi kapitalistaren aurka gainerako langile klasea murrizketen eta gure bizi eta lan baldintzak erasotzearen aurka eta injustizia soziala dakarren erregimen kapitalistarekin bukatzeko egiten ari den borrokaren zati da. Mondragon Taldea, errealitatean bakoitzak bere arazo eta interesak dituen enpresa indibidualen batura da, ekonomia kapitalista anarkiko honetan bizirauteko borrokan ari dena. Denbora batez burgesiak kooperatibismoa langile mugimendu kontziente eta antolatuena zatitzeko arma bezala erabil dezake, baina mundua gero eta gehiago kontrolatzen duen kapital monopolista eta finantzieroaren alternatiba enpresa kapitalistak dira, langile erakunde eta sindikaturik gabe, eskubide eta askatasunik gabe eta soldata miserableekin.

 

EAJ eta PP ez daude prest Fagorreko langileak babesteko. Hori argi eta garbi ageri den errealitatea da, bankariak salbatzeko erabili dituzten zifra astronomikoekin alderatuz. Mondragon Taldearen krisia kapitalismoaren gainprodukzio krisiaren beste pasarte bat da. Begi bistakoa da mundu osoan milioika familia direla Fagorrek ekoizteari utziko dion etxe-tresna elektrikoak beharko lituzketenak, baina kapitalismoa ahalik eta etekin handiena lortzen saiatzen den sistema anarkikoa da, ez gizartearen beharrak asetzeaz arduratzen dena. Langile klaseak merkantzia horiek lortzeko eros ahalmenik ez badu, fabrikak itxi egiten dira milaka langile kaleratuz eta, era berean, krisia sakonduz. Krisi garaian, ekoizpen indarrak deuseztatzeak etorkizuneko errekuperazioa ahalbidetzen du, baina milioika langile familia miseriara daramatzan ziklo hau kapitalismopean behin eta berriz errepikatuko da, Karl Marxen hitzetan, langile klaseak espropiatzaileak espropiatu arte.

 

Kooperatibek teorian frogatu dute fabrikek jaberik gabe ekoiztu dezaketela, baina alternatiba ez da EAJk nahi bezala langileak beren enpresen “jabe” bihurtzea, langile klasearen erakunde politiko eta sindikalak deuseztatzea eta beraien klaseko kideetatik banatzea. Irtenbidea ez da kooperatiba pribatu ezberdinen edo enpresen arteko konpetentzia. Benetako alternatiba bakarra ekozteko baliabideak jabego kolektiboarenak izatea da, hau da gizarte osoarenak, eta horretarako beharrezkoa da bankuak, monopolioak eta latifundioak desjabetzea eta publiko egitea langile klasearen kontrolpe demokratikoan. Ekonomiaren oinarrizko palankak langile klasearen esku baleude posible izango litzateke ekonomia era demokratiko batean planifikatzea anarkiarekin, krisi kapitalistarekin, langabeziarekin, pobreziarekin eta miseriarekin amaitzeko.

 

Noski dirua badagoela, asko gainera, baina bankari eta espekulatzaileentzat soilik. Horregatik Fagor eta Edesako lanpostuen defentsa eta milaka langile familiaren etorkizunaren aldeko borroka era konkretuan planteatu behar da: pertsonei lagundu eta ez bankuei. Fagor eta Edesaren nazionalizazioa langileen kontrolpean, lanpostu guztiak mantendu Fagor eta Mondragoneko zuzendaritzaren lapurretekin bukatu!!    

Informazio gehigarria