Kaleratzeen, fabrika itxieren eta langabeziaren aurka

  • Inprimatu

beharrezkoa da sindikatuetako arduradunek langileen eta langabetuen borrokak elkartzea eta koordinatzea!

Gatazkan dauden eta itxi diren fabriketako langileen batasuna borrokan!

 

EAJren gobernuaren arabera, EAEk 2013 urtea 2012 baino 1.700 langabetu gutxiagorekin amaitu zuen eta estatu espainiarrak 146.000 gutxiagorekin. Gobernuak emandako eta hedabide guztiek zabaldutako zifra hauek, ordea, errealitatea ezkutatzen dute. Hainbat arrazoirengatik langabeziako zerrendetan jada agertzen ez diren langabetuak ez dituzte zenbatzen; adibidez denbora luzez zerrendetan egon eta borratu egin diren milaka langabetu edo formakuntza kurtsoak egitean zerrendetatik atera dituzten beste milaka pertsona daude. Beraien mesedetan gordetzen duten beste datu bat da Euskal Herrian inolako laguntzarik jasotzen ez duten ia 100.000 langabetu daudela. Hala ere, lehenagoko datuak PPk estatu mailan eta EAJ eta UPNk Euskal Herri mailan ekonomia errekuperatzen ari denaren ideia sartzeko erabiltzen dute. Edozein datu positibo ia ikusezin bi eskuekin hartzen dute eta krisi amaieraren sintomatzat saltzen digute.

 

Horrela egin du Eusko Jaurlaritzak Danobatek, Grupo Mondragon taldeko enpresak, 103 milioi eurogatik sinatu dituen hainbat kontraturekin, baita Balentziaga ontziolak 90 milioi euroko balioagatik 4 ontzi egiteko sinatu duen kontratuarekin. Baikortasun handiz 2014an BPG igo eta lanpostuak sortzen hasiko direla baieztatzen dute, baina datuak ez dira horren baikorrak. Euskadiko Kutxak egindako ikerketa baten arabera, EAEn BPG %0,8 haziko da eta estatu mailan %0,6. Langabezia tasa %15,7tik %15,1era jaitsiko da EAEn eta %26,2tik %25,5era estatuan. Datu hauekin inolaz ere ezin daiteke errekuperazio ekonomikoaz hitz egin. NDFaren arabera hazkuntza ekonomikoak ekonomian eta lanpostuen sorkuntzan eragina izan dezan hazkuntza horrek %2 edo 3koa izan beharko luke. Gainera aurreikuspen horiek mundu mailako ekonomiaren hazkuntza gertatuko balitz daude eginak, batez ere EAEk esportatzen duen herrialdeetan; eta hori oso zalantzazkoa da nazioartean hazkuntza oso motela delako eta geldialdi bat aurreikusten delako. Aurreikuspen hauek AEBek ekonomiari emandako pizgarriak moztuko dituela edo EBn gerta daitezkeen zurrunbilo finantzieroak ez dituzte kontuan hartu.

 

Klase agintariak erakusten dituen baikortasun zantzu horiek guztiak milaka euskal langile familiak bizi duen errealitatearen guztiz bestelakoak dira. EAEn 21.000 familia bizi dira laguntza sozialei esker eta 150.000 pertsona pobrezia arriskuan daude. Krisi kapitalista areagotzeak eta PP, EAJ eta UPNk egin dituzten murrizketa eta kontraerreformek ezberdintasun sozialak handitu dituzte.

 

Krisi urte hauetan aberastasuna ikaragarri pasatu da langileen eskuetatik burgesiaren eskuetara. Lehen aldiz, portzentajeetan kapitalaren errentak lan errentak gainditu ditu estatuko BPGari dagokionez. Ezberdintasun hauek klase arteko borrokaren gorakada sortzen ari dira bai Euskal Herrian bai estatu espainiarrean azken urteetan bizi izan ditugun mobilizazioek, greba orokorrek etab. erakusten duten moduan. Euskal Herrian iazko irailera arte ia 25.000 langilek 260 greba egin zituzten Lan Harremanen Kontseiluaren arabera eta gatazkak %300 hazi ziren 2012arekin alderatuz. Gaur egun dozenaka lan gatazka daude patronalaren erasoek eraginda; horietako bat Fagorren itxierak eragindakoa da, 4.000 langile kalean utzi baititu lanpostu zuzen eta zeharkakoen artean. Horrek Grumal eta Proiek bezalako enpresei eragin die eta bertako langileak borrokan daude lanpostuen defentsan. Era berean, Fagorren krisiak agerian utzi du Eroskik duen zor erraldoia, 2.605 milioi eurokoa. Azken urteetan Mondragon Taldeak bazkide berriak bereganatzeko politika egin du bere operazio finantziero guztiak finantzatzeko eta milaka familia engainatu ditu Eroski, Fagor eta Euskadiko Kutxaren menpeko ekarpen finantzieroen bitartez. Honek EAEn 40.000 pertsonari eragiten die eta beste hainbat milaka pertsonei estatuan. Zurikeria hau egiteko EAJren gobernuak Kooperatiben Legea aldatu zuen 2000 urtean. Gertakari hau adierazgarria da EAJk ordezkatzen duen euskal burgesiaren eta Mondragon Taldearen arteko harremana ikusteko. Aldi berean, EHBilduko parlamentariek Eusko Jaurlaritzan kooperatiben legea ez aldatzea eskatu eta Mondragon Taldearen defentsa egiten dute, baina egokiagoa litzateke bertako langileen eta preferenteengatik kaltetutakoen defentsa egitea, hain justu Mondragon Taldeko zuzendariak izan baitira bereziki lege horren bidez irabaziak lortu dituztenak eta langileak kaltetu dituztenak. Preferenteengatik kaltetutakoek beraien borrokan jarraitzen dute Euskadiko Kutxako egoitzen eta instituzioen aurrean manifestazio eta mobilizazioak antolatuz beraien aurrezkiak berreskuratzeko.

 

Beste gatazka garrantzitsu bat Euskaltelekoa da. Euskal Herriko konpainia honek hainbat zerbitzu beste konpainia batzuek egingo dituztela iragarri du; ondorioz 40 langile kaleratuko dituzte eta gainerakoen lan baldintzak okertu. Enpresa batzordeak Kutxabanki egotzi dio errua honek 450 milioi eurotan baloratuko konpainiako %48 inbertsio funtsei saldu dielako. Langileek mobilizazio eta hiru eguneko grebarekin erantzun zuten abenduan. 

 

Iaz Gerdau, Kider eta Laminaciones Arregui bezalako enpresetako langileak ere mobilizatu ziren eta abenduaren 16an beste behin ere kalera atera ziren 18 hilabetez borrokan egon ondoren. Tolosaldean ere langileen mobilizazioekin bukatu zen urtea (Antalis, Marie Brizard, Endaki...) eta oso positiboa izan zen kaleratzeen aurka antolatu zen manifestazio bateratua. Abenduan hainbat gatazka izan ziren Euskal Herri osoan, esate baterako, hilaren 18an greba egin zuten Bizkaiko kontserbetako langileek; sektore publikoko langileak ere mobilizatu ziren abenduaren 17an beraien lantokien aurrean Gasteizen, Bilbon eta Iruñean; abenduaren 18an pentsioen erreformaren aurka Gasteizen eta Iruñean ere mobilizazioak antolatu ziren eta 19an Gasteizko Araba Borrokan hainbat kolektibo eta enpresa komite batzen dituen plataformak manifestazioa antolatu zuen.

 

Eskola kontzertatuetako irakasleek ere mobilizazioak antolatu zituzten azken hilabeteetan lan erreformaren ondorioz beraien lan baldintzak era esanguratsuan okertu dira eta. Mobilizazio hauei urrian eta azaroan estatu mailan LOMCEaren aurka antolatu ziren greba eta mobilizazioak gehitu behar zaizkio, Euskal Herrian ere eragin handia izan zutenak.

 

Mobilizazio hauek guztiak langile klaseak bere bizi eta lan baldintzak defendatzeko borrokarako duen borondatearen adibide txiki bat besterik ez dira. Adibidez, mobilizazioari esker Fagor Brandteko langileek, Fagor Etxetresnen konpainia frantsesak, estatu frantziarrean hainbat lantegi berriz ere martxan jartzea lortu dute, azaroaren 7an ordainketak bertan behera uztea iragarri ondoren. Horregatik beharrezkoa da ezkerreko agintari eta zuzendaritza sindikal batzuek duten ideiaren aurka, hau da langileak borrokarako prest ez daudela dioen ideiaren aurka, borrokatzea. Argumentu horiek beraien politika erreformista, sektario eta paktista justifikatzeko besterik ez dira. Beraiek dira borroka bukaeraraino eraman nahi ez dutenak sistema kapitalista basati honentzat alternatibarik ez dutelako. Aldaketa sozialarekiko perspektiba erabat utzi dute kontsentsuaren eta klase arteko kolaborazioaren mesedetan.

 

Bere eskubideen defentsan langile klaseak aurrean duen betebehar handiena batasuna eta borroka guztien koordinazioa dira. Asko dira langileek egiten dituzten mobilizazioak baina sakabanaturik daude, sektore eta enpresetan zatituta eta helburu argirik gabe. Sindikatu garrantzitsuenetako agintariek mobilizazioak maila altuago batean bultzatuko balituzte, borroka hauek guztiak batuz eta koordinatuz, langile klaseak indar nahikoa izango luke PP, EAJ eta UPNren murrizketa eta eraso guztiak atzera botatzeko, baita gobernu prokapitalista hauekin bukatzeko ere gehiengoaren mesedetan aginduko lukeen benetako ezkerreko gobernuengatik ordezkatzeko. Horrelako gobernu batek sistema finantzieroa eta enpresa handiak langileen kontrolpe demokratikoan ipintzea ahalbidetuko luke, inbertsio eta ekoizpen plan bat martxan ipini eta lan banaketa posible egin lan astea 35 ordura jaitsiz soldata jaitsierarik gabe eta erretiro adina 60 urterekin ezarriz. Horretaz gain 1.200 euroko soldata minimoa hilean, alokairu sozialak, langabezia laguntza mugagabea...; azken finean bizi baldintza eta etorkizun duin bat langile klasearentzat posible izango lirateke.