Elkartasuna Unipapeleko langileekin! Lanpostu guztien defentsan!

  • Inprimatu

Adunako Unipapel enpresara gaur goizean hiru kamioi iritsi dira materiala Logroñora eramateko helburuarekin. Langileak greba mugagabean daude urtarrilaren 20az geroztik. Hiru kamioi sartu dira enpresara, eta langile batzordeak langile guztiei dei egin die bertara joan daitezen. Langileak greba mugagabean daude ekoizpena Logroñora (Espainia) aldatu nahi dutelako. Gaur goizean Ertzaintza joan da lantegira, eta langileei adierazi die hainbat kamioi joango direla materiala ateratzera.

 

Greba mugagabean dira langileak urtarrilaren 20az gero, eta zaintzak egiten ari dira txandaka 84 langileak, lantegitik materiala ateratzea saihesteko. Honen aurrean, Euskal Herria Sozialistatik babes osoa eman nahi diegu Unipapeleko langileei eta beren borrokari.

Gure iritziz beharrezkoa da Tolosaldean gatazkan dauden edo arazoak dituzten enpresetako borrokak koordinatzea eta bateratzea. Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Arazo berdinen aurrean mobilizazio bateratu eta koordinatuarekin langileon indarra biderkatu egiten da. Batasuna da Tolosaldeako langile eta hauen familien aurka antolatzen ari diren eraso guztiak atzera botatzeko modu onena. Kapitalisten beldur handiena, alde batetik, borroka bateratua eta, bestetik, langile klasearen antolakuntza handiena dira. Horregatik, pauso garrantzitsua litzateke Tolosaldean gatazkan dauden fabrika ezberdinetako borrokak eta gatazkak bateratzeko eta koordinatzeko lan egitea, eta erasoekin dauden enpresen koordinadora bat sortzea enpresa guztietako langileak sufritzen ari garen eraso berberei indar handiagoz aurre egiteko. Honekin batera, funtsezkoa da gure eskualdeko biztanleria borroka honetan inplikatzea.

Beharrezkoa da lanpostu eta lan baldintza guztiak defendatzea. Zenbat eta atzera pauso gehiago egin, orduan eta eraso gehiago etortzen dira etorkizunean. Enpresek lana jaitsi dela esaten badute, sindikatuek honakoa defendatu behar dute: lan orduak jaitsiz lana banatu lan baldintzak eta soldatak ukitu gabe. Enpresek hori bideragarria ez dela edo fabrika ixtea beharrezkoa dela esaten jarraitzen badute, beharrezkoa da sindikatuek lanpostuak eta ekoizpenaren bideragarritasuna bermatzeko alternatiba bakarra defendatzea: enpresa desjabetu, publiko egin eta langileen kontrolpean jarri. Langileek kontrolatutako enpresa publikoekin lan baldintzak eta lanpostuak bermatu ahalko lirateke, eta enpresen irabaziak ez lirateke gutxi batzuentzat izango, etxebizitza, osasun eta hezkuntza publikoa bezalako behar sozialak asetzeko baizik.