Langabeziaren aurka langileriaren borroka! Borroka guztiak bateratzearen alde!

Krisi ekonomikoa mundu osoko langile klaseari gogor eragiten ari zaio. Euskal Herria ez da nazioarteko testuinguru honetatik libratzen eta hemen ere, iaztik hona, geroz eta gogorrago ari da kolpatzen krisia. Hemen ere Europako gainontzeko lurraldeetan aplikatzen diren politika eta murrizketa berberak eta langile klasearen bizi kalitatea okertzen duten erasoak ditugu. EAJren gobernuak, estatu espainiarrekoaren eta beste lurraldeetakoen gisan, krisia betikoek ordain dezagula nahi du: langile klaseak. Martxoan aurkeztu zituzten aurrekontuek agerian utzi zuten: zerbitzu sozial gehienetan murrizketak, hezkuntza eta osasuna kasu, eta langileen kontura euskal patronalaren interesak defendatzen dituzten politikak.

 

Politika hauen emaitza, milaka pertsona pobretzea, lan eta eskubide sozialak galtzea eta Euskal Herrian inoiz ikusitako langabezia tasa altuenak dira. Azken urtean, Hego Euskal Herriko langabezia datuak etengabe igo dira, 237.000 langabetu egoteraino; azken 15 urtetan ikus gabekoa. Egoera honetan kezkagarriena, langabetuen % 47,5ek inolako laguntzarik  jasotzen ez dutela da, eta ondorioz familia askotan egoera oso gogorra da. Pobrezia egoeran daudenak 157.000 pertsona dira, 2008an baino %78 gehiago, eta gosea sentitu dutenak bikoiztu egin dira. Arabako kasuan, langabetu kopurua 28.000 pertsonetara iristear da. Egoera honek, milaka pertsonen sufrimendua areagotzeaz gain, goraka doan erantzun soziala ere eragin du.

 

            Giro honen ondorioz eta egoera dramatiko honi aurre egiteko, langabetu plataforma bat sortu da Gasteizen. Bere helburuak kaleratzeen aurrean oposizio gogor bat antolatzea eta langabeziari aurre egiteko plan orokor bat defendatzea dira. Plataforma sortzeko ideia, Araba Borrokan osatzen dugun langabetu talde batetik irten zen. Bertan erakunde sindikal eta sozialak eta gazte erakundeak bildu gara, eskuinak gobernatutako instituzioetatik ezartzen ari diren politika antisozialen aurka elkarrekin borrokatzeko asmoz. Plataforma martxan jartzeko, maiatzaren 16an deialdi bat egin zen lantalde bat sortu eta langabetu komiteari forma emateko helburuarekin. Bilera hartan, langabeziaren aurkako aldarrikapen konkretuak zituen manifestu bat aurkeztu zen eta langabetuen borroka, langileen borrokarekin uztartu zen, guztiok langile klase berekoak baikara. Borroka beste kolektibo batzuei luzatzea ere proposatzen zen, krisiaren ondorioak gehien jasaten dituzten gazte eta etorkinen kolektiboei adibidez.

 

Manifestuak aurkezten zituen eskaeren artean honakoak daude: hileko 1.100 euroko diru-laguntza oinarrizko beharrak asetzeko langabezi egoerak iraun bitartean; lana banatzeko 35 ordutako lan-astea soldata murriztu gabe; ordu estrak ezabatzea; erretiroa 60 urtetan finkatzea errelebuzko kontratuarekin; osasuna eta hezkuntza doakoak, kalitatezkoak eta unibertsalak; udal jantokiak sortzea eta adineko nahiz menpekotasunen bat duten pertsonen zainketarako zerbitzu domestikoa, behar hauek betetzeko enplegu publikoa sortuz; hipotekak izoztea beren langabetu egoeragatik ordaindu ezin dutenei; ekonomatoen sorrera, langabetuek oinarrizko produktuak merke lortu ahal izateko; garraio eta udal txartelak doakoak, langabetu eta beren familiek kirol zerbitzuak, instalazioak, ludotekak erabili eta kultur jardueretara sartu ahal izateko.

 

Helburu eta aldarrikapen hauek guztiak, ekainaren 27an ospatuko zen Gasteizko langabetuen lehen asanbladan aurkeztu ziren. Asanblada honetara beste herrialdeetako langabetu kolektiboak ere gonbidatu genituen, beren esperientziak kontatu eta ezagutarazteko.

 

Eskaera partzialen programa honek, klase dominatzaile eta sistema kapitalistaren interesekin talka egiten du. Horregatik, langabetu plataformatik jakitun gara eskaera hauen aldeko borrokak sistema kapitalista osoa zalantzan jartzen duela. Horregatik, banka eta monopolio handiak  desjabetzea eta nazionalizatzea exijitzen dugu, langile klasearen kontrol demokratikopean, horrela gaur egun esku pribatuetan dauden baliabide guztiak gizartearen gehiengoaren zerbitzura ipiniaz. Era honetan langile, langabetu, gazte eta etorkin guztien oinarrizko beharrak asebete ahalko lirateke sistema kapitalistak eskaintzen duen injustizia eta desberdintasunekin amaituz.

 

Programa honen aldeko borroka indartzeko langabetu eta langile guztiok elkarrekin parte hartu behar dugula uste dugu. Horretarako, gure ekintza klaseko sindikatu eta ezkerreko alderdi politikoetara zuzendu dugu borroka honetan jarraitu ahal izateko eta beren babesa jasotzeko. Langabetuen plataforma martxan jarri zenetik, hainbat langileren mobilizaziotan parte hartu dugu, maiatzaren 30eko greba orokorraren kasuan bezala. Bertan gure pankarta propioarekin izan ginen lan duina eta eskubideduna aldarrikatuaz. Borrokan dauden enpresei ere gure babesa eskaintzen ari gara, ostegunero lanaren defentsan eta kaleratzeen aurka egiten diren manifestazioetan parte hartuz. Ekainaren 15ean, lan erreformaren aurka eta negoziazio kolektiboaren defentsan Araba Borrokanek deitutako manifestazioan ere izan ginen.

 

Langileok jasaten ari garen eraso guzti hauei aurre egiteko, uste dugu nahitaezkoa dela erakunde sindikal guztien batasuna. Horregatik, egun dagoen banaketa sindikalarekin amaitzea exijitzen dugu, honek langileen interesak kaltetu baino ez baititu egiten, patronalari eta eskuinari, euskal herrikoa nahiz espainiarrari, mesede egiten dion bitartean. Hau dela eta, erakunde guztiei aurrera pauso bat eskatzen diegu borroka guztiak bateratzeko eta milaka langabetu gainontzeko langileekin batera mobilizatzeko, horrela indar handia osatzen baitugu.

 

Erakunde sindikal eta ezkertiar guztiak batera borrokatuz, programa sozialista eta internazionalista batekin horniturik eta borrokarako estrategia argi eta sendo batekin soilik egin diezaiekegu aurre gure klaseko etsaiei.

 

 

Informazio gehigarria