Martxoak 8 eta emakume langilearen borroka

105 urte pasa dira nazioarteko lehenengo emakume langilearen eguna ospatu zenetik. 1910ean proposatu zuen Clara Zetkin komunistak martxoaren 8a izatea emakume langilearen nazioarteko eguna. Kopenhagen egin zuen proposamena Emakume Sozialista Internazionalistek antolatutako II. Konferentzian, eta berdintasun eskubideak eta sufragio unibertsala sustatzea eta indartzea zuen helburu. Urte bete geroago ospatu zen borroka egun hau Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan.

ArgazkiaEmakume2

 

Gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko hamarkada luzez borrokatu den arren, nazioarteko krisi ekonomikoak emakumea egin du, berriro, biktima nagusia. Gainbeheran dagoen gizarte kapitalista honetan, gure egunerokotasunean jarraitzen dute dute indarkeria matxistak, murrizketek eta Elizarekin bat egiten duen eskuinaren ideologiaren ofentsibak.

Murrizketak eta indarkeria matxista

Azken lau urteetan PPren gobernuak gogor eraso ditu langile familiak eta, bereziki, emakumearen bizitzan eragiten duten aspektuek: haur-eskolen pribatizazioa, jantokietako bekak kentzea, lan erreformak onartzea eta beste hainbat eta hainbat neurri. PPk praktikan menpekotasun legea ezabatu duenez, funtsean langile familietako emakumeak dira sektore publikoak bete beharko lituzkeen lanak egiten dituztenak. 2011z geroztik Berdintasun Programaren aurrekontua % 43 murriztu da, eta Genero Indarkeriaren prebentzioarena % 17.

Hori gutxi ez eta 2016ko aurrekontu orokorrak urrutiago doaz zenbait alderditan. Menpekotasun arretari dagokionez, aurreikusitako gastua 3 eurokoa izango da pertsonako eta eguneko! Hau da emakume bat bere bikote edo bikote ohiak hiltzen duenean tipula negarra egiten duen eskuinaren ondare politikoa.

Emakume langileen aurkako erasoa eta jipoiak areagotu egin dira herstura eta murrizketa politikek eragin duten degradazio sozialaren ondorioz. Datuek horrela erakusten dute: 2015 urtea amesgaizto izan zen, 64 emakume erail zituzten Estatu osoan. Lantokietan berriz asko hazi egin dira eraso eta abusu sexualengatik izandako salaketak. Datu ofizialik egon ez arren, Emakumearen Institutuaren arabera, 2015ean Estatu espainiarreko emakumeen %15ak jasan zuen sexu-jazarpena bere lantokian, eta %10ak Europar Batasunean. Estimazio batzuen arabera, % 95ak ez du salatu nahi beren lanpostua galtzeko beldurra dutelako.

Genero indarkeriaren programa % 10,9 murriztu da 2009 urtekoarekin alderatuz gero, CISen makro inkesta baten arabera erasoen datuak ikaragarriak diren arren: bi milioi emakumek jasan dute eraso fisiko edo ekonomikoa, eta 4 milioik eraso psikologikoa. Hori da krisiak milioika emakumeei bere egunerokotasunean erakusten dien benetako aurpegia: babes gutxiago eta mendekotasun gehiago. Genero indarkerian harrapatuta amaitzeko errezeta ezin hobea. Zalantzarik gabe, emakumeen independentzia ekonomikoa beharrezkoa da benetako berdintasuna lortzeko. Ekonomia justurik gabe, ezinezkoa da justizia soziala, eta independentzia ekonomikoa ez dagoen bitartean, emakumeen berdintasunaz hitz egitea utopia bat da.

Emakume langilearen zapalkuntza bikoitza kapitalismoan

Sistema kapitalistan emakumeak zapalkuntza bikoitza jasaten du: klasekoa eta generokoa. Emakumeek are baldintza gogorragoetan sufritzen dituzte gero eta orokorragoak diren prekarietatea, behin-behinekotasuna, soldata baxuak eta eskubide murrizketak. Lantokietan egoerarik okerrena jasaten dute, eta orokorrean kaleratzen dituzten lehenak dira. PP legealdian, hirukoiztu egin da genero arteko desberdintasuna kaleratzeetan!

Emakumeen lanpostuak zerbitzuen sektorean dira nagusi, urteko batez besteko soldata txikiagoarekin, zeren behin-behinekotasuna eta lan partzialtasuna oso altua denez soldatek beheranzko joera gehiago dute. Azken txostenen arabera, bi milioi emakumeren soldatak pobreziaren mugaren azpitik daude. Soldata desberdintasuna handitu egin da krisia sakondu den heinean. Batez beste, emakumeek % 32 gutxiago kobratzen dute gizonen lan berdina egiteagatik (urtean 6.000 € gutxiago). 2010etik 2013ra desberdintasun hori 2,5 puntu hazi da. Ondorioak izugarriak dira maila guztietan. Pentsioak, adibidez, % 38 txikiagoak dira gizonekikoekin alderatuz gero.

Murrizketa politikaz gain, PPk etenik gabeko gatazka ideologikoa eraman du aurrera apezpikuen batzarrarekin aliatuta. Emakumea babesik gabe uztera eta zapalkuntza gehiagora bultzatu nahi zuen abortuaren legearen erreforma atzerakoia izan da adibide argietako bat, tartean 18 urtez azpiko emakume gazteei abortatzeko eskubide askea ere kendu nahirik.

Ikastetxeetan sexu heziketa ukatu den bitartean, bai eraso matxistak saihesteko eta bai emakumeek ama noiz eta nola izan nahi duten beren kabuz erabakitzeko gai izateko, LOMCEa bezalako neurriak onartu dira. Lege honek, besteak beste, sexu arteko bereizketa duten zentroak diruz laguntzen ditu eta, aldi berean, emakumeentzat zuzendutako “etxeko lanetarako eta eraikinen garbiketarako” Formakuntza Zikloa proposatzen du. Emakumeak frankismoan zeukaten toki berera bidali nahi dituzte, etxeetako lau pareten artera, familiako “sostengu” izatera, askatasun eta independentziarik gabe. Azken finean, ideologia eskuindar basati honen helburu nagusia emakumeari lan egiteko, antolatzeko eta edozein norbanako bezala garatzeko eskubidea eragoztea da.

Gaur atzo bezala, borroka da bide bakarra

Emakume belaunaldi oso bat frankismoaren aurkako borrokaren buruan jarri zen bezala, azken urteetan izandako eztanda sozialeko mobilizazioetan emakumea borrokako protagonista izan da: krisia hasi zenetik emakumeen parte hartzea oso handia izan da greba orokorretan, lan gatazketan, hezkuntza publikoaren aurkako LOMCE eta 3+2 neurrien kontrako mobilizazioetan, etxe-gabetzeen aurkako borroka eta PAHren sorreran, Ruiz Gallardon ministroaren dimisioa eragin zuen honen Abortu Legearen aurkako manifestazioetan… Eta emakumeen parte hartzea handia bakarrik ez, kasu askotan emakumeen parte hartzea eta borroka maila gizonezkoena baino altuagoa izan da, bereziki emakume gazteena. Lehenago ere historiak erakutsi du, zapalkuntza bikoitza jasaten duen heinean, emakumea borrokara lotzen denean sektore borrokalarienetakoan bihurtzen dela. Eta beste behin, goran aipatutako borrokekin ikusi da eraginkorrena mugimenduaren antolakuntza eta kaleetan borrokatzea direla emakumeen eta denon eskubideak defendatzeko. 

 

Sistema honek gure klaseari orokorrean eta, bereziki, emakume langileei eskaintzen dienaren aurrean, beharrezkoa da gizartea eraldatzeko eta gehiengoaren bizi baldintzak hobetzeko borrokatzen dugunok emakumearen askatasunaren aldeko aldarria egitea, hau da, emakume langilearen bandera borrokalari eta antikapitalista altxatzea.

Informazio gehigarria