Auzitegi Nazionalak 2 eta 13 urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkie Altsasuko gazteei

Aski da! Muntaia polizialik ez! Altsasuko gazteak etxera!

Ekainaren 16an denok Iruñera!

DeoCe1AXUAEVIWO

Ekainaren 1ean, Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteen epaia argitaratu zuen. Epai horrek berriz erakusten du estatu aparatu honen izaera frankista eta errepresioaren erabilera sistematikoa, helburu politiko argi bat duena: gazteria eta langile klasea izutzea. Nahiz eta arreta mediatikoa Diputatuen Kongresuan eta Rajoyren erorketan zegoen jarria, epaia ez da oharkabean igaro inorentzat. Egun berean mobilizazio ugari antolatu ziren Euskal Herriko hiri eta herrietan, izugarrikeria horri erantzuteko eta gazteei elkartasuna adierazteko.

Epaiak denera 79 urteko kartzela zigorra ezarri die 8 gazteei: 13 urte Oihan eta Iñakirentzat; 12 Jokin eta Adurrentzat; 9 Jon, Aratz eta Julenentzat eta 2 Ainararentzat, atentatu, lesio, desordena publiko eta mehatxuengatik, gorroto eta gehiagotasun larrigarriekin. 100.000 euro ere ordaindu beharko dizkiete Guardia Zibilei eta beren bikotekideei lesio eta kalte moralengatik, zati bat aseguru etxe bati emanez. Epaitegien aurpegi bikoitzak modurik makabroenean jarraitzen du egunerokotasunean. Egun horretan bertan, 100.000 euroko fidantza ordaindu ondoren eta 48 ordu besterik igaro ez zirela kartzelan sartu zenetik, Ana Matoren senar ohia, Jesus Sepúlveda, 14 urte eta 4 hilabetera kondenatua Gürtel auziagatik, aske geratu zen.

Auzitegi Nazionalak Altsasuko ukatu egin du festetan gertaturiko taberna bateko liskarra ETAk bultzaturiko “terrorismo delitua” izan zela, fiskaltzak eta akusazioak horri eutsi nahi bazion ere. Ez du horregatik gupida gehiago agertu, ordea. Azpimarratu behar da terrorismo ekintzen salaketa izan dela epaia Auzitegi Nazionalera eramateko eta Adur, Jokin eta Ohian orain arte 565 egun espetxean edukitzeko arrazoia, beren familia eta lagunengandik ehunka kilometrora. Zalantzarik gabe, manipulazio judizial eta mediatikoko kanpaina lotsagarria izan da, gazteak ETAkoak zirela esanez kriminalizatu dituen kanpaina basatia, epai honen erantzule zuzena.

Prozesu guztian zehar, epaitegien ustezko neutraltasuna behin eta berriz urratua izan da. Gazteen defentsak behin eta berriz salatu du egoera hori. Espejel epailea errekusatu zuten Guardia Zibileko koronel batekin ezkondurik egoteagatik, horrek modu agerian ezbaian jartzen baitzuen bere inpartzialtasuna. Azkenean, bera izan da epaia emateko arduraduna. Ez dira kontuan hartu ikuskapenean emandako irregulartasunak, ukatuak izan dira gazteek aurkeztu dituzten froga eta testigantzak. Kontua hartu den bakarra agenteen eta beren bikotekideen bertsioa izan da. Atzera botatako frogen artean gau hartan bertan mugikor batekin grabatu zen bideo bat dago, komunikabideetan filtratu dena. Birala bihurtu den bideo horretan argi ikusten da bertako herritarren jarrera, agenteena eta baita horietako baten alkandora zuri eta garbia ere.

“Lucharemos, lucharemos y lucharemos hasta conseguir justicia”

Hitz horiekin erantzun zuen Altsasuko ama batek epaiaren aurrean, borrokan jarraitzera dei eginaz. Apirilaren 14ko manifestazio erraldoia eta Euskal Herrian, Catalunyan eta estatu mailan egin diren mobilizazioek aurrera jarraituko dute ekainaren 16an, Iruñean beste manifestazio handi batekin.

Muntaia judizial hau ez da gertakari isolatu bat. Egun berean ere, Oreretako lau gazteren eta Beasaingo baten aurkako epaia argitaratu zen, terrorismo akusazioa ukaturik, azkenean bi urteko espetxe zigorrera kondenatuak izan dira. Ekainaren 6an Tohil Delgado epaituko dute, Sindicato de Estudianteseko idazkari nagusi ohia, beste muntaia polizial bategatik sarekada arrazista baten testuinguruan. Hori da estatu aparatu frankista honek eta hori babesten duten alderdiek ezarri nahi duten beldur, gorroto eta mendeku politika: inpunitate osoa ezkerreko ekintzaileen, migratzaileen eta homosexualen aurka erasoak antolatzen dituzten España 2000 eta beste hainbat talde faxistarentzat, inpunitate osoa La Manadako bortxatzaileentzat eta beste hainbat erasotzaile matxistentzat. Baina zigor eredugarria eraso horien aurka eta gure eskubideen zapalkuntza sistematikoaren aurka borrokatzen dugunontzat.

Ezker Iraultzailekook beste behin salatzen dugu Altsasuko gazteen aurkako muntaia polizial kriminala eta epai hau. Estatu aparatu frankista honen biktima eta preso politiko guztiak aske uztea eskatzen dugu, indargabetu daitezela Mozal Legea eta lege errepresibo guztiak. Orain dela 40 urte gertatzen zen bezala, errepresioaren aurkako borroka hori eragiten duen erregimenaren aurkakoa da, beldurrez dardarka baitabil langile klasearen eta gazteriaren indarraren aurrean.

Informazio gehigarria