EAJk eta PPk hezkuntza publikoa suntsitzen jarraitzen dute

Beharrezkoa da Ikasle Sindikatuak urriaren 21, 22 eta 23rako deitu duen 72 orduko greba orokorra babestea!

Hasiera batean, EAJk Wert ministroaren kontraerreforma praktikan jarriko ez zuela iragarri bazuen ere, ekainean Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak irailetik aurrera LOMCEa ezartzeko agindua eman zuen. “Behartuta” egin duela esan arren, garbi dago EAJk eta PPk klase berberaren interesak babesten dituztela.

 

 

2013-2014 ikasturtea oso latz hasi zen ikasleentzat. Beken onuradun izandako ikasleak egoera ekonomiko oso larrian egon ziren ez baitzuten berandura arte beren beka kobratu; eta klaseak bukatzear zirela bekek mila eta bi mila euroko bitarteko murrizketa jasango zutela iragarri zuen ministroak. Horrela, agerian geratu zen Wertek esandako beste gezur bat gehiago; alegia, beken inbertsioan ez da murrizketarik egon. Gazte askok beren ikasketak utzi behar izan dituzte dirurik ez izateagatik edo gurasoak langabezian edukitzeagatik; are gehiago, familia asko zorpeturik daude beren seme-alabei etorkizuna bermatzen saiatzeagatik.

Beka kopuruaren murrizketa Aste Santuan iragarri arren edo beren beka sistema elitistaren defentsa kanpaina azterketa garai betean egin arren, ez zien askorako balio izan. Bekak bezalako konkista garrantzitsuen aldeko presio sozialak eraginda errektoreek beraiek  neurri kaltegarri hau atzera botatzeko eskatuz agerraldia egin zuten; ordura arte “baliabiderik gabeko ikaslea ‘apadrinatzea’” defendatzen zuten. 15 egunetan ikasleek egindako etengabeko salaketa eta presio honek guztiak lortu zuen ordaintzeko falta ziren ehunka milioi euroak 24 orduren bueltan ordaintzea.

Hau nahikoa ez bada ere, PPren gobernuak duen ahultasunaren eta ikasle mugimenduaren indarraren adibide bat gehiago da. Beste behin ikusi dugu borrokak merezi duela; eta bekak itzultzea lortu bada, beken dekretu klasista, LOMCE eta gainerako murrizketa guztiak ere atzera bota daitezke zalantzarik gabe.

Haur hezkuntzan eta Batxilergoan berrordainketa

Wertek ez du hezkuntza publikoaren aurkako gerra amaitu. Maiatzean Kongresuan egindako agerraldi batean adierazi zuen ez zuela baztertzen irakaskuntza ez derrigorrezkoan berrordainketa ezartzea sistemari “berdintasuna eta justizia” emateko. Hau da, tasak inposatu nahi ditu haur hezkuntzan eta batxilergoan. Ikaragarria da elitista handiuste honen zinismoa. Unibertsitateko tasa igoerarekin, beken dekretuarekin eta LOMCEarekin ikusi dugunez, PPren helburua da aberatsen seme-alabek soilik izatea kalitatezko hezkuntzarako sarbidea frankismo garaietan gertatzen zen bezala.

Hezkuntza publikoa suntsitzen ari diren bitartean, ez dute inongo arazorik sekta ultraeskuindarren itunpeko ikastetxeak irekitzeko Madrileko leku batzuetan gertatu den bezala. Pribatuentzat bada dirua, zuzenean gure poltsikotik aterea. Hau da PPren justizia: dirua hezkuntza pribatuko eta itunpeko hezkuntzako enpresariei ematea eta bitartean baliabiderik ez duten ikasleak sistematik bidaltzea.

Murrizketak Euskal Herriko Unibertsitatean

Ikasturtea bukatzear zela, Iñaki Goirizelaia EHU/UPVko errektoreak unibertsitateak inoiz izan duen murrizketarik basatienak iragarri zituen. “Berrantolatzea” eta “unibertsitatearen lehiakortasuna eta erakargarritasuna hobetzea” aitzakiatzat hartuta, hainbat fakultate itxiko zituzketen; ondorioz 31 fakultateetatik 11 itxiko lirateke, 4 Bizkaian, beste 4 Gipuzkoan eta 3 Araban. Neurri hau titulazio batzuk kentzeko eta ekonomikoki onuragarri direnak uzteko lehen pausoa da. Azken batean, Wert ministro frankistak estatu osoan inposatu nahi duen eredu berberari erantzuten dio.

Eraso berri hau lehendik izandako murrizketei gehitu behar zaie. Eusko Jaurlaritzaren 2011-2014 bitarteko Unibertsitate Planak %1,2ko inbertsioa aurreikusten bazuen ere (Europako beste herrialdeetan %1,6koa da) EAJk 90 milioi euro murriztu dizkio EAEko goi-mailako hezkuntzari.

Werten kontraerreformarekin batera, murrizketa hauek unibertsitate publikoa suntsitzen ari dira, irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak okertzen ari dira soldata murrizketak edo izozteak direla eta; %20 jaitsi da eros-ahalmena. Prekarietatea igo da eta langile kopurua jaitsi; erretiratu diren irakasleen zein bajan daudenen postuak ez dira bete eta, ondorioz, lan karga igo da.

Ikasleek unibertsitate tasa igoera etengabea jasan behar izan dute: azken lau urteetan kredituaren prezioa %30 igo da. Hau gutxi balitz, beketako dirua izoztuta dago eta ikasketetan laguntzeko bideratutako dirulaguntzak murriztu dituzte. Beken diru kantitatea ez igotzeaz gain master ikasketak egiteko laguntzak ere murriztu eta zailtasun gehiago jarri dituzte; hori dela eta, ehunka ikasle gelditu dira bekarik gabe.

Egunetik egunera diru gutxiago dago inbertsio publikorako, aldiz, finantzazio pribatua hazten ari da lan prekarietatea areagotuz, unibertsitate tasak igoz eta langileen seme-alaben sarbidea oztopatuz. Iazko irailean Iñaki Goirizelaia EHU/UPVko errektoreak aitortu zuen unibertsitateak ez duela dirurik irakasle eta ikertzaile berriak kontratatzeko eta egokia dela “baliabide pribatuak erakartzea” eta norbanako eta enpresa pribatuen “donazioak” onartzea. Honekin atea irekitzen zaio unibertsitate publikoaren pribatizazioari.

Iragarritako murrizketa berri honek irakasle eta ikertzaileen kaleratzea ekarriko du; eta ondorioz langileen lan karga eta ikasleen masifikazioa areagotuko dira fakultateetan. Lehendik murriztu diren baliabideekin mantendu beharko dira ikasleak eta nabarmen jaitsiko da hezkuntzaren kalitatea.

Eusko Jaurlaritzaren, hau da EAJren, politika PP aurrera eramaten ari denaren berdina da: murrizketa osasun eta hezkuntza publikoan. Eraso hauen helburua ere berdina da: aberatsek bakarrik izatea kalitatezko hezkuntzarako aukera.

 Hezkuntza publikoaren aldeko borroka da bide bakarra!

Azken ikasturteetako ikasle grebetan gazte eta ikasleek mobilizazioen ikasgai baliagarri bat eman dute: borroka da bide bakarra. Urte hauetan klase arteko borrokaren gorakada nabarmena bizitzen ari gara, gatazkak ugaritu egin dira arlo guztietan eta borrokaren bidez lortutako adibide andana ditugu. Garbi dago erasoak atzera botatzeko eta hezkuntza publikoa defendatzeko ere modu bakarra borroka dela.

Horregatik, oso positiboa ikusten dugu Ikasle Sindikatuak urriaren 21, 22 eta 23rako deitu duen 72 orduko greba orokorra. Halaber, beharrezko ikusten dugu Ikasle Abertzaleakek ere hiru egun hauetarako deia egitea martxoaren 26 eta 27ko ikasle greben bideari jarraituz. Orduan ikusi zen bezala, ikasleek batera borrokatuta indarra biderkatu egiten da. Ez hori bakarrik, uste dugu beharrezko dela, eta horretarako deia luzatzen diegu, hezkuntzako langileen sindikatuek, LAB, ELA, STEE-EILAS, CCOO eta UGTk, eta guraso elkarteek borroka egun hauekin bat egin eta hezkuntza komunitate osoko greba deitzea. Langile eta ikasleen batasuna beharrezkoa da eraso hauei aurre egiteko, eta indarra bateratuta posible da garaipena lortzea.

Informazio gehigarria