LOMCEri ez! Hezkuntza publiko eta euskalduna! Ikasle Abertzaleaken eta Ikasle Sindikatuaren grebek erakusten dute bidea!

Ikasle Abertzaleakek martxoaren 27an eta Ikasle Sindikatuak martxoaren 26 eta 27an deitutako ikasle grebek erabateko arrakasta izan zuten. Euskal Herrian milaka eta milaka ikasle eta Galizian, Katalunian eta Estatuan bi milioi ikaslek institutu eta unibertsitateetako milaka ikasgela hustu genituen. Ikasle grebak tinko altxa du lurperatu nahi duten hezkuntza publikoaren aldeko bandera; eta erakusten du hezkuntzako erreforma frankistaren eta ministro ezin okerrago honen kontrako borrokan jarraitu behar dugula guztiok.

 

 

Martxoaren 27ak kolpe gogorra eman zion PPk UPNk eta EAJk defendatzen duten hezkuntza politika elitista eta klasistari. Grebak ia erabateko jarraipena izan zuen Euskal Herrian, Galizian, Katalunian eta Estatuan; manifestazioak ikaragarriak izan ziren. Milaka lagun atera ziren kalera Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Euskal Herriko beste hainbat lekutan. Gauza bera gertatu zen Bartzelonan, Santiago de Compostelan, Sevillan edo Madrilen.

PP, EAJ eta UPNren gobernuak barregarri geratu ziren ikasleen parte hartze masiboa gutxiesten saiatu zirenean. Esate baterako, PPko agintariek greba gaitzetsi nahi izan zuten %20ko jarraipena izan zuela esanez. Ohituak gaude beren gezurretara, baina oraingo honetan zifra hauek gobernu autonomiko batzuetako hezkuntza sailek ere gezurtatu zituzten.

Wert ministroak oraingoan ez zuen zipitzik esan. Bistan da isiltasunaren estrategi baten alde egin duela apustu, baina ez du inor engainatzen. Jose Ignacio Wert ministro frankista da, atzerakoi petral bat eta hezkuntzarekin etekin handiko negozioa egiten duen irakaskuntza pribatuko patronalaren eta gure hezkuntzaren kontura pribilegioak eta abantailak lortzen dituen eliza katolikoaren hierarkiaren interesen morroia da.

Martxoaren 26 eta 27ko ikasle grebaren arrakastaren ondoren, borrokak aurrera jarraitu behar du!

Mobilizazioaren indarra mezu garbia da ezkerreko erakundeetako eta sindikatuetako zuzendaritzentzat. Ez dago aitzakiarik esateko Parlamentuan LOMCEa onartu zenez ez dagoela borrokan jarraitzeko aukerarik. Martxoaren 26 eta 27an gazteok erakutsi genuen badagoela indarra eta borondatea eskola frankistara itzularazi nahi gaituzten horien aurka borrokatzeko. Hala ere, ez gara gazteak borrokatu nahi duten bakarrak. Guraso eta irakasleak ere borrokarekin ados daude. Honek gauza bat erakusten du: Werten eta bere politiken aurkako hezkuntza komunitate osoko greba orokorra egiteko baldintzak mahai gainean daudela.

Martxoaren 26 eta 27ko ikasle grebak beste behin erakutsi du ikasleak ez gaudela prest onartzeko hezkuntza publikoaren desegituratzea, LOMCEa, tasazoa eta PP, UPN eta EAJk inposatu nahi diguten etorkizun prekarioa. Greba babestu genuen ikasleok oso argi dugu indarrak eta gogoa badaudela Wert ministroa eta eskuinaren eraso guztiak garaitzeko.

Ikasle Sindikatuak hezkuntza komunitate osoaren greba orokorra egitea proposatu du orain. Euskal Herria Sozialistakook uste dugu hau pauso handi bat izango litzakeela borrokan. Beharrezkoa da borroka sendo batekin jarraitzea, ekintzetan, ez hitzetan bakarrik, hezkuntza publikoaren defentsan. Ezin dugu onartu irakaskuntza publikoaren pribatizazioa!

Hezkuntza sistematik errebalida frankisten bidez kanporatu nahi dituzte langileen seme-alabak, milaka eta milaka ikasle; unibertsitateetatik masiboki kanporatu nahi dituzte ikasleak tasa igoera basatiekin; kalitatezko hezkuntzarako eskubidea pribilegio bilakatu nahi dute; euskara suntsitu nahi dute. Era berean, jasotzen dugun hezkuntzaren kalitatea ere okertu nahi dute milaka eta milaka irakasle kaleratuz. Beren eskemaren arabera, gazteria gaizki ordaindutako lan prekariorako lan esku merke bagara, urte luzez langabeziaren ilaran egotera destinatuta bagaude, etorkizun duina lortzeko erbestera bagoaz, kapitalistentzat agintzen duen PPren gobernuak erabaki du ez duela euro bakar bat gehiago inbertituko hezkuntzan eta bere ideia frankistak inposatzeko sistema asistentzial bilakatuko duela.  Ez dugu onartuko!

Ez digute konkista sozial bakar bat ere oparitu. Gure guraso eta aitona-amonek lortu zituzten borrokaren bidez, kalean, grebetan. Ez ziren kapitalistak eta beren ordezkariak izan, ezta buru koroaduna ere, langile klaseari askatasun demokratikoak ekarri zizkiona; herriak bere sakrifizioarekin, borroka nekaezinarekin, askotan odolarekin lortu zituen, orain ezkutatu nahi duten arren.

 

Ikasleon borroka duintasunaren aldeko borroka ere bada, beti zapalduta gaudenon askatasunerako, hezkuntza eta kultura emantzipaziorako oinarrizko tresna bezala ikusi zuten gure aurreko belaunaldiko langileek, guraso semialfabetatuek eta irakasleek utzitako ondarearen defentsa da. Amaierara arte borrokatu behar dugu, eta argi eta garbi esaten dugu: lor daiteke garaipena, ez dago aitzakiarik, guztiok batera borrokatu behar dugu hezkuntza publikoaren defentsan, eta borroka honek ez du erretorikoa, hitzezkoa, izan behar, benetako mobilizazio eraginkor eta masiboa behar ditugu. Hau ikasleok badakigu, milaka irakaslek eta gurasok dakiten bezala. Borroka da bide bakarra. 26 eta 27an ikasleok ikasgelak hustu genituen. Hurrengo pausoa: hezkuntza komunitate osoko greba orokorra da.

Informazio gehigarria