PPren, EAJren eta UPNren erasoen aurrean:

Beharrezkoa da sindikatuek Greba Orokor bateratu bat deitzea!

 

Orain arte deitu diren greba orokorren jarraipen garrantzitsuek erakutsi dute behin eta berriro langileek borrokarako duten borondatea. Enpresetako presioari eta poliziaren errepresioari aurre eginez, greba orokorrek jarraipen masiboa izan dute sektore guztietan. Baina PPren, EAJren eta UPNren erasoak ez dira amaitu.

 

 

Alde batetik, beste eraso askoren artean, PPren gobernuak Pentsioen Erreforma berriarekin %25 inguru jaitsi nahi ditu pentsioak; bestetik, EAJren eta UPNren murrizketak ditugu hezkuntzan, osasunean eta laguntza sozialetan. Horregatik, erabat egokia da LAB beste sindikatuei, besteak beste metalaren hitzarmenean, proposatzen ari zaiena indarrak elkartzeko: "Eremu guztien alde borrokatzeko prest al gaude? Bai ala ez?... Enpresetan eta sektore batzuetan sindikatu guztiak elkarrekin borrokatzen ari bagara, zergatik metalgintzako sektorean ez? Langileak eskatzen ari dira eta sektoreak behar du".

 

Jasaten ari garen erasoaldia benetan gogorra izan arren, denbora asko pasa da azken greba orokorra izan genuenetik; hitzarmen kolektiboen aldeko borrokak indar handia eta sindikatu guztien ekintza batasuna izan zuen arren hasieran, uda ondoren borroka honek ez zuen jarraipen eraginkorrik izan; kaleratzeak eta enpresa itxierak etengabekoak izan arren, ez da behar bezalako erantzun bateratu eta masiborik antolatu...

 

Egoera honen aurrean, ez da harritzekoa langile asko haserretuta egotea, eta arriskutsuena dena, hainbat eta hainbat langile zalantzan jartzen ari dira sindikatuen erabilgarritasuna. Komunikabideak egoera hau aprobetxatzen ari dira eta sindikalgintzaren aurkako etengabeko kanpainarekin ari dira. Kapitalistak dira, noski, kanpaina honen antolatzaile.

 

Langile borroka eta sindikatuak

 

XIX. mendearen amaieran langileak antolatzen hasi ziren beren eskubideak defendatzeko eta horretarako sindikatuak oinarrizko tresna bihurtu ziren. Langile mugimenduak borrokaren bidez lortutako aurrerapen sozialei esker milioika eta milioika pertsonek bizi baldintza duinak izatea lortu zen.

 

Sindikatuak izan ziren lehenengo baliabidea langileek elkartuta nagusiei aurre egiteko. Eguneroko borroken esperientziaren bitartez, hobekuntzen (soldatak, lan orduak, eskubide sindikalak...) aldeko borroka zapalkuntza kapitalistaren aurkako borrokarekin elkartu zen. Hain justu, 30. hamarkadan, langile klasearen ekintza sindikalak ekintza politikora salto egin zuenean, burgesia espainiarrak euskal kapitalisten laguntzarekin faxismoa erabili zuen langileen borroka iraultzailea zapaltzeko. Ez zen kasualitatea izan. Kapitalisten lehen helburua erakunde sindikalak desagerraraztea izan zen eta ia lau hamarkadetan Francoren diktadurak gogor erreprimitu zuen borroka sindikala.

 

Baina errepresio gogor honek ez zuen saihestu langileak antolatzen jarraitzea, klandestinitatean izan behar bazen ere. Langile mugimenduaren manifestazio eta greba uholdeari esker diktadura frankista ahultzen joan zen eta langileek oinarrizko hainbat eskubide lortu zituzten. Horrela, 1958an Hitzarmen Kolektiboen Legea lortu zen, 1961ean Langabezia Asegurua edo 1963an Gutxieneko Soldata. Hurrengo urteetan lortutako eskubide guztiak langile klasearen borroka gogor eta sakrifikatuari esker lortu ziren. Burgesiak bere pribilegioak galtzeko zuen beldurragatik behartuta ikusi zuen bere burua kontzesioak egitera eta aurrerapen sozialak onartzera. Honegatik guztiagatik uste dugu akatsa dela pentsatzea sindikatuak ez direla oinarrizko tresnak gure eskubideak defendatzeko.

 

Sindikalgintza erreformista edo iraultzailea

 

Funtsean, dauden bi sindikalgintza ereduak sindikalgintza erreformista eta sindikalgintza iraultzailea dira. Kapitalismoaren aurkako alternatibarik defendatu gabe, sindikalgintza erreformista dilema txar baten aurrean geratu da: kapitalismoaren beharretara egokitu eta sistema honentzat posible den politika ekonomiko bakarraren babesle bihurtu edo erabateko pasibitatean murgildu eta burgesiaren “kooperatzera” mugatu.

 

Baina sindikalgintza erreformistaren pasibitateak ondorio larriak ditu. Burgesia animatu besterik ez da egiten bere erasoekin aurrera jarraitzera. Erantzuten ez den eraso bakoitza estimulu bat da kapitalistentzat eta erasoak aplikatzen ari diren gobernuentzat. Behin eta berriro “elkarrizketa sozialaren” beharraz eta premiaz hitz egiten egoteak ez du balio langileen interesak defendatzeko. Bankariak eta enpresariak ez daude prest kontzesio txikienak egiteko eta beren sistemaren krisia dela eta ahal duten guztia egin nahi dute langileak gehiago zapaltzeko. Horregatik, gero eta garbiago dago akordioak bilatzearen politikak ez duela zentzurik.

 

Kapitalismoa eta bere krisia, mundu guztian eta Euskal Herrian, gutxiengo baten irabazi maximoagatik langileen zapalkuntza handitzen ari direnean, baliogarria den sindikalgintza eredu bakarra oinarrizko errebindikazioak defendatzen dituena eta sistema kapitalista auzitan jartzen duena da. Kapitalisten eraso gogorrei arrakastarekin aurre egiteko beharrezkoa da ekoizteko baliabideen jabego pribatuaren aurkako borrokari ekitea. Horregatik, gizarte kapitalistaren eraldaketa iraultzailearen politikarekin hornitu behar dira sindikatuak, honekin soilik izango baita posible mobilizazioek garaipenak kontsolidatzea.

 

Mota honetako sindikalgintza orain sindikatuetatik hurruntzen ari diren langileak erakartzeko modua da. Eta noski, gizartearen eraldaketa sozialistaren defentsarekin batera beharrezkoa da langile demokraziaren metodoak errespetatzea. Kapitalisten mugetara egokitzen ez den sindikatua, bere oinarri sozialaren bizkarrera akordioak sinatzen ez dituen sindikatua, langileen batzarrak erabakiak hartzeko eremu nagusi bezala hartzen dituen sindikatua eta bere oinarriaren borrokarako borondatea azkeneraino eramaten dituen sindikatua, hau da langile klaseak behar duen sindikatu iraultzailea.

 

Beste edozein tokitan bezala, Euskal Herriko sindikatu guztien betebeharra da sindikalgintza borrokalari hau defendatzea. Sindikatu batekoa edo bestekoa izan, dei egiten diegu sindikatuetako arduradunei, delegatuei eta afiliatuei politika sindikal hau defendatzeko eta bultzatzeko. Hori da, besteak beste, Euskal Herria Sozialistatik defendatzen ari garena.

 

Eta une honetan, uste dugu, beharrezkoa dela PP, EAJ eta UPNren erasoaldiari aurre egiteko greba orokor berri baten deialdia, sindikatuen ekintza batasunarekin eta jarraipena izango lukeen borroka egutegi eraginkor batekin, langile klasearen, gazteriaren eta zapalduen haserrea leherketa sozial geldiezin batean bihurtzeko. Artikulu honen hasieran esanda bezala, langileek eta gazteek masiboki erantzun dute mobilizazio eraginkorrak deitu direnean. Aprobetxatu dezagun herri zapalduaren borrokarako borondatea! Defenda dezagun sindikalgintza iraultzailea!

 

 

Informazio gehigarria