MARTXOAK 8: 24 ORDUKO GREBA OROKOR FEMINISTA!

  • Inprimatu

M8 2017

Indarkeria matxistarik ez!

Justizia patriarkal eta frankistarik ez!

Zapalkuntza kapitalistaren, murrizketen eta prekarietatearen aurka!

Artikulua eta materiala libresycombativas.net orrian

Krisi ekonomikoak modu gordinean jarri du agerian emakume langileok jasaten dugun zapalketa. Matxismoak etengabe kolpatzen gaitu gure bizitza osoan, familia eta lan eremuan, gure bikote eta harreman sozialetan. Eta horren adierazpiderik basatiena indarkeria fisiko eta sexuala da.

Datu ofizialek diotenez, azkenengo hamabost urteetan 1.000 emakume izan dira beraien bikotekideen edo bikote ohien eskuetan erailak. Horietako 47 2018. urtean. Iaz, egunero tratu txarren 500 salaketa erregistratu dira eta sei ordutik behin, bortxaketa bat. Gainera espainiar Estatua emakumeek jasaten duten zapalketarik basatienaren buru da: prostituzioa. 400.000 eta 600.000 emakume, gehienak behartsuak eta etorkinak, sexu esklabo moduan harrapatuta daude, 1.700 burdeletan, egunero 5 miloi euro mugitzen dituztenak. Negozio itzel honen atzean dauden lobby proxenetek emakumeen aurkako indarkeria hau erregularitzateko kanpaina indartsu bat jarri dute abian. Eta horretarako, enpresarien, poliziaren, justiziaren eta komunikabide askoren laguntza dute, baita haien mozkinak zuritu nahi dituzten banketxe handienenak ere.

Gaur inoiz baino argiago ikus daiteke faltsua dela gizarte hau berdintasunean eta justizian oinarritzen dela. Botere erreala dutenek –kapitalista handiek– eta oinarritzat dituzten egitura instituzionalek (justizia auzitegiek, aparatu polizialak eta 78ko erregimenaren alderdiek) zapalketa lazgarri hau onetsi eta iraunarazten dute.

“La Manada” sistema bera da

La Manadaren talde bortxaketaren prozesu guztiak erakutsi digu gure borroka ez dela soilik erasotzen gaituztenen aurkakoa, baita horiek babesten dituen sistemaren aurkakoa ere.

Gure borroka erasotzen gaituzten gizonezkoen aurka egitera ez ezik, babes ematen dien sistemaren kontra ere zuzenduta dago, “La Manadaren” talde bortxaketaren inguruko prozesuak erakutsi bezala. 5 munstro izan ziren krimen izugarri hori egin zutenak. Baina bortxaketa ukatu, behin behineko askatasunean utzi eta zigor lotsagarriak ezarri zituztenak zenbait magistratu izan dira, tartean emakumezko epaile bat. Gauza bera gertatu da beste “manadekin” edo Juana Rivasi ezarri zioten epai umiliagarriarekin edo haien kapataz zapaltzaileen aldetik sexu jazarpena jasan zuten Huelvako sasoiko langileen kasua artxibatzearekin. Ez dira kasu isolatuak, baizik eta “justizia” matxista, klasista eta atzerakoiaren ondorio zuzenak dira.

Epaile berberak dira etxetik kaleratzen gaituztenak, txiolariak eta raperoak zigortzen dituztenak, ezkerreko sindikalistak, ekintzaileak edo Altsasuko 8 gazteak egin ez dituzten delituengatik espetxeratzen dituztenak. Haiek dira Kataluniako herriaren aurkako errepresio polizial basatia erabiltzen dutenak eta U1eko erreferendumaren bultzatzaileak epaitzen dituztenak, “matxinada militarra” leporatuz. Eta gainera, banketxeak saritzen dituzte, hipoteken kasuan bezala, diktadurako torturatzaileak zigorrik gabe uzten dituzte, monarkiaren ustelkeria zuritzen dute eta dirua esku betez lapurtzen duten politikoak errugabetzen dituzte.

Zalantzarik gabe aparatu judiziala aberatsen zerbitzuan dago. Eta bi gobernuak, lehenago PPkoa eta orain PSOEkoa, otzantasunez makurtzen dira frankistez eta matxistez beteriko epaileriaren aurrean, gu etsitu eta etxean sartzen saiatuz. Baina milioika emakumek aski dela esan dugu. Amaitu dira mutu eta esaneko izateko garaiak.

Austeritateak eskubideak lapurtzen dizkigu

Langile klasearen parte garen emakumeok ez diogu soilik etengabeko eta egiturazko indarkeria fisiko, psikologiko eta sexualari aurre egin behar. Austeritate kapitalistak ere bortxatzen eta zapaltzen gaitu.

Banketxeei dirua barra-barra oparitzen dieten bitartean, murriztu egiten dituzte osasun publikoa eta mendekotasunerako laguntzak, eta gure gain geratzen dira gaixoen eta adinekoen zaintza. Jantokietako diru-laguntzak kentzeak eta haur eskoletako plaza faltak ez izateak etxeko lan itogarriak areagotzea dakarte, eta berriro ere etxeko lau pareten artean sartzera behartuta gaude.

Lan munduan emakumeak, gazteekin batera, langabeziaren buru gara. Eta lan egiten badugu, gizonezkoek baino %30 gutxiago kobratzen dugu, lan bera egin arren. Behin behineko kontratuen hiru laurdenak emakumezkoenak dira, eta jubilatzen garenean, gure pentsioak gizonezkoena baino heren bat baxuagoak dira. “Familiaren defentsa” aldarrikatzen duten erreakzionario taldeei erantzunez, esplotazio baldintza horiek, kasu askotan, gure amatasunaren eskubidea ukatzen digute.

PP, Cs eta VOX: Matxismoaren, patronalaren eta frankismoaren ahotsa

Goian aipatutakoari PP, Cs eta VOXen arteko aliantza gehitu behar zaio. Andaluziako gobernua eskuratzeko itunak soilik patronalaren eta lurjabeen interesei egingo die mesede. Aliantza horretan argi ikus daitekeenez, nazionalismo espainiarraren, arrazakeriaren, matxismoaren eta homofobiaren adierazpiderik gordinena da.

Nola ez, emakumeak eta haien eskubideak daude bloke erreakzionarioen jomugan. Eta hori beste erkidegoetara zabal daiteke, baita estatu mailara ere. Arrisku hau ez da uxatuko “konstituzioaren balioak defendatzea” gisako aldarrikapen hutsalak erabiliz, ezta ustezko eskuin demokratikoari erregutuz ere, muturreko eskuinarekin bat ez egiteko eskatuz. Horixe bera egin dute, PSOEkoek eta Podemoseko hainbat buruzagik. PP, Cs eta VOXek ideologikoki bat egin badute, hori partekatzen duten izaera frankista, arrazista eta matxistaren ondorioa da.

Milioika zapaldu zutik

Sufrimendu honek guztiak benetako matxinada piztu du. Pasa den martxoaren 8an, sekulakoa egin genuen: inoiz ez genuen egun horretan hainbeste mobilizazio eta hain handiak izan, ikasleok eta langileok erabateko greba egin genuen, eta milioika lagunek osatutako manifestazioak egin ziren nonahi.

Baina gure mugimenduak ez du mugarik ezagutzen: aukera eman digu Irlandako erreferendumean abortuaren despenalizazioaren aldeko garaipena ospatzeko; egiazko tsunami bat piztu dugu Argentinatik Poloniara, Brasiletik Estatu Batuetara, Indian barrena.

Sistema kapitalistaren defendatzaileek jakin badakite, zapalkuntzarik gabe aske bizitzea aldarrikatzen dugunean, horrek talka egiten duela egungo ordena soziala mantentzearekin. Gure borrokaren ahalmen iraultzailearekin izuturik daude. Trumpen eta Bolsonaroren matxismoa ez da halabeharrez gertatu, ezta haien arrazakeria setatsua ere. Horrela erantzuten die zapalduon bota diegun erronkari.

Martxoaren 8an dena geldiaraziko dugu! Feminismo iraultzaile eta antikapitalistaren alde!

Bistan da larrutik ordaintzen ari garela CCOOeko eta UGTeko buruzagien desmobilizazio politika, baita PSOEren gobernuarekiko Podemosek erakusten menpekotasuna ere. Hilabeteak eman ditu Pedro Sanchezek Moncloan. Hala ere, azken urteotako erasoak eta murrizketa gogorrek aurrera egiten jarraitzen dute. Horregatik esan beharra dago argi eta ozen: Aski da! Ez zaitezte makurtu bankarien eta enpresarien aurrean! Ez zaitezte makurtu estatu frankistaren eta hierarkia katolikoaren aurrean!

Horregatik guztiagatik, Emakume Aske eta Borrokalariak, Ikasle Sindikatuarekin eta Ezker Iraultzailearekin batera, dei egiten diegu gazte guztiei martxoaren 8ko ikasleen greba orokorrean parte hartzeko. Aldi berean, ELA, LAB, CCOO, UGT eta sindikatu guztiei 24 orduko lan greba orokorrera deitzeko eskatzen diegu. Emakumezko zein gizonezko langile eta ikasle guztien batasuna behar dugu, jarduera ekonomiko osoa gelditzeko, emakumeen eskubideen alde. Ez ditugu 10 minutuko lanuzte sinbolikoak behar. Ez dugu itxurazko feminismorik nahi, martxoaren 8an begizta morea paparrean daramaten horien aldetik, gero austeritate politikak onartzen badituzte. Ahalik eta presiorik handiena egin beharra dago PSOEren gainean gure aldarrikapenak gauzatzeko eta eskuinari argi uzteko ez gaudela prest atzera pauso bakar bat ere emateko.

Greba orokorra dugu tresnarik eraginkorrena gure benetako indarra erakusteko. Gainera, joan den urteko martxoaren 8an gertatu bezala, lantokietan eta ikastetxeetan eginen dugun greba orokorrak aukera emanen du zapalketa matxistaz baliatzen diren feminista faltsuei mozorroa kentzeko, besteak beste, emakume langileak zapalduz eta diskriminatuz irabaziak handitzen dituztenei, feminismo “transbertsala” alde egiten duten Botin anderea bezalako bankariei, milaka familia, tartean emakume ezkongabeak eta bananduak, etxetik kaleratzen dituztenei edo 78ko erregimeneko diputatuak, alkatesak eta emakume ministroak, tipula-negarrak egiten dute murrizketa-politikak aplikatuz gehiengoa, bereziki emakumeak, pobretzen dituzten bitartea .

Emantzipazioaren aldeko borroka iraultzailea da, klasekoa eta internazionalista. Gure kateetatik libratuko bagara, kapitalismoa errotik gainditu eta gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatu beharra dago. Horrela bakarrik lortuko dugu askatasuna eta berdintasuna, klase, genero edo arraza zapalkuntzarekin amaituz.

Bat egin Aske eta Borrokalariekin! Eraiki dezagun batera feminismo iraultzaile eta antikapitalista!

 

Emakumeen aurkako indarkeriarik ez!

· Zigor eredugarriak emakumeen kontrako bortxaketak eta eraso fisiko edo psikologikoen arduradunei. Erasotzaileen zigorgabetasunaren alde egiten duten polizien eta epaileen berehalako kaleratzea.

· Baliabideak eta aterpetxeak tratu txarrak pairatu dituzten emakumeentzat. Lan duina edo mugagabeko langabezia prestazio baten alde. Etxebizitza duinak tratu txarren biktimentzat eta haien seme-alabentzat.

Etxeko lanen kateak apurtu ditzagun! Lan bera, soldata bera!

· Lan erreforma eta murrizketa sozialak bertan behera utzi. Denontzako soldata duinak. 1.200 euroko gutxieneko soldata. Zigor eredugarriak ama izateagatik diskriminatzen duten enpresei.

· 6 hilabeteko amatasun-baimena gurasoentzako, soldata osoarekin.

· Haur eskola duinak, publikoak eta doakoak. Garbitegi, jantoki, etxeko garbiketa zerbitzu publikoa eta doakoa.

· Mendekotasunerako laguntza publikoen igoera mardula.

Gure gorputza, gure erabakia!

· Heziketa sexuala inklusiboa, ebaluagarria eta derrigorrezkoa ikastetxe guztietan, garena izan ahal gaitezen, edozein dela ere gure generoa, sexu orientazioa edo nortasuna. Aski da, mezu matxista eta homofoborik ez! Erlijioa kanpora ikasgeletatik!

· Abortu libre, doako eta seguruaren alde. Familia planifikazio zerbitzu publikoak eta kalitatezkoak. Doako antisorgailuak osasun etxeetan eta farmazietan.

· Prostituzioa abolitu eta haren kontura aberasten diren botere enpresarial eta politikoak borrokatu, zapalketa matxistaren erarik zitalena baita. Haurdunaldi subrogatuaren eta horren inguruko arautzearen aurka, gure eskubideen defentsaren mozorropean, gure gorputzaren salmenta eta merkantilizazioa ahalbidetzen duelako.