Euskal Herriko emakume langileak borrokaren lehen lerroan

erresidentziak min

Hilabete hauetan emakume langileak buruan egon diren lan gatazka ugari bizi izan ditugu. Kapitalismoak eta patriarkatuak gehien zapaltzen gaituenak gara, eta horregatik gaude mota guztietako esplotazio eta zapalkuntzarekin amaitzeko borrokaren abangoardian. Euskal Herrian ere emakumeok mobilizazio sozialaren buruan jarri gara, baita prekarietatearen, aldi baterako lanpostuen eta miseriako soldaten aurkako borroketan ere. Bizkaiko erresidentzietako langileak eredu izan ziren gu guztiontzat: patronalari, Jaurlaritzak ezarritako abusuzko gutxieneko zerbitzuei eta beren borrokaren kriminalizazio kanpainari aurre egin behar izan zieten. Urtebeteko grebaren ostean, euren lan baldintzak duintzen zituen hitzarmen bat lortu zuten.

Badakigu emakumeak izateagatik esplotatzen gaituztela, baina batez ere langileak izateagatik jasaten dugu esplotazio hori, eta horregatik aldarrikatzen dugu feminismo antikapitalista: gure eskubideak defendatzea klaseko auzia delako. Soldata duinak nahi ditugu. Enpresek ezin dute ukatu gu kontratatzea haurdun egoteagatik, ama izateko asmoengatik edo gure azal koloreagatik. Soldata eskala bikoitzarekin amaitzea; haur-eskola publikoak irekitzea auzo edo lantoki bakoitzean, gure ogibidea eta amatasuna bateragarri egiteko. Etxeko lanen esklabotzarekin amaitu nahi dugu garbitegi, jantoki, tindategi eta bestelako oinarrizko zerbitzuak publikoen bidez.

Martxoaren 8an kaleak hartu genituen eta ozen oihukatu genuen indarkeria matxistarekin eta esplotatzen eta zapaltzen gaituen sistema honekin amaitzeko borrokatuko genuela, eta horretarako borrokarako feminismo bat behar dugu. Horregatik Ezker Iraultzaileko kideok Emakume Aske eta Borrokalariak bultzatzen dugu, emakume gazte eta langileen erakunde feminista eta iraultzailea.

Gipuzkoako erresidentziako langileak

Bizkaiko erresidentzietako langileen borroka eredua jarraituz, 370 eguneko grebaren ondoren bere lan baldintzak duintzen zuen akordio bat lortu zutenak, orain Gipuzkoako erresidentzietako langileak mobilizazio berriak deitu dituzte. Patronalek eta Gipuzkoako Aldundiak soldatak izoztea eta lan eskubideak beherantz negoziatzea planteatu dute. Zeintzuk dira EAJren planak? Zerbitzu publikoak azpikontratatuz pribatizatzea, horietan lan baldintza prekarioak nagusi izateko (aldi baterako kontratuak, miseriazko soldatak, esplotazio ordutegiak), modu horretan enpresa pribatuen irabaziak bermatzeko eta gainera praktikan greba eskubidearekin talka egiten duten gutxieneko zerbitzuak dekretatzea.

Urriaren 26an Gipuzkoako erresidentzietako langileek ekitaldi bat antolatu zuten Donostian aldarrikapen oso konkretuekin: langileek enpresa hitzarmenean dituzten lan baldintza guztiak mantentzea bermatzen duen akordioa eta soldata arrakalarekin bukatzea ahalbidetzen dituzten hobekuntzak. Bizkaiko erresidentzietako langileak ere bertan egon ziren, berriz ere gure eskubideak defendatzeko bidea zein den erakutsiz: elkartasuna eta borroka.

EAEko eskola jantoki publikoetako langileak

Ikasturtea EAEko jantoki publikoetan langile asanbladekin hasi da. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publiko duinak defendatzetik urrun, langileak esplotatuz aberasten diren ostalaritza sektoreko enpresa pribatuak azpikontratatzen ditu. Bestalde, langile hauek EAJk aurrera eramaten dituen hezkuntza murrizketak ere pairatzen dituzte, eta lan gehiago egin behar dute soldata berbera irabaziz. Argi dago Eusko Jaurlaritzaren politika zein den. Ez zaizkio axola langileen baldintzak, aldi baterako kontratuak edota neurrigabeko ratioak; garrantzitsua zerbitzu publikoak pribatizatzea da, enpresa pribatuek negozioak egin eta irabaziak atera ahal izateko. Denentzako kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu!

Etxez etxeko laguntzako langileak

Urriaren 26rako etxez etxeko laguntzako mila eta bostehun langile zeuden grebara deituak, eta beste 12 greba egun iragarri dituzte 2018. urtea amaitu baino lehen. Beste sektore prekarizatuetan eta feminizatuetan gertatzen den bezala, langileek esplotazio bikoitzari aurre egin behar diote: emakume izateagatik eta langile izateagatik. Menpekotasuna duten pertsonak egunero ordu batez edo biz laguntzen dituzten langileak dira. Orain Eusko Jaurlaritzak abusuzko gutxieneko zerbitzuak inposatu ditu “menpekotasuna duten pertsonen onuragatik”. Hau da, hain zuzen ere, oinarrizko zerbitzuak pribatizatu eta murrizten dituzten horiek eskuak burura eramaten dituzte greba egunetan, antza, mendeko pertsonen baldintzaz kezkatzen direlako. Baina etxez etxeko laguntzako langileek oso argi daukate kalitatezko zerbitzu publikoak izateko zerbitzu publiko eta doako bat bermatu behar dela, mendeko pertsonak zaintzeko behar beste langilerekin eta langileentzako lan baldintza duinekin. Horregatik kalean eta borrokan jarraituko dute. Zerbitzu publikoak ez daude salgai eta defendatu egingo ditugu!

Informazio gehigarria