Elkarrizketa 11/13 sumarioan inputaturiko Herrirako kideei

Errepresioari aurre egiteko eskuetan dugun bakarra gure nahia eta mobilizatzeko ahalmena da. Catalunya edo Altsasu gisan egin behar dugu”.

interviewherriar

Ezker Iraultzailetik Jon Mindegiaga eta Fran Balda elkarrizketatu ditugu, 11/13 sumarioan inputaturik dauden Herrirako kideak. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu eta beraiei zein auziperatu guztiei gure babes eta elkartasun osoa adierazi.

EHS.– Kontaiguzue zuen kasua. Zergatik egin behar diozue aurre makroepaiketa honi? Zer egozten dizuete?

Minde: Sumario honetan auziperaturik gauden 47 pertsonak salaturik gaude ETAko kide izateagatik, terrorismoari gorazarre egiteagatik, terrorismoa finantzatzeagatik edo kebrantamenduagatik; bakoitza akusazio konkretu batekin eta 8 eta 20 urte bitarteko kartzela eskariekin. Gainera, gertaerak garai konkretu batean kokatzen dira, 2012. eta 2014. urteen artean; hau da, ETAk bere ekinbidea betiko amaitutzat eman zuenean, eta desegite prozesuan zegoenean, gerora gertatu den bezala.

Egia esan, auziperaturik gaudenak euskal presoen defentsan esparruren batean lan egin dugun abokatuak, ekintzaile sozialak, militanteak, preso ohiak, senideak, medikuak, psikologoak... gara; defentsa juridikoan, mobilizazioak edo sentsibilizazio kanpainak antolatuz, injustiziak salatuz, presoen osasunari jarraipena eginez edo nolabait sakabanaketa politikak eragiten dituen ondorio ekonomikoak arinduz.

Fran: Gure kasua kokatzeko lehenik eta behin garaian kokatu behar dugu, 2012ko egoera berezi hartan. Han garbia zen ETA erakundeak bere ekinbidea bukatutzat eman zuela. Garbi zegoen Euskal Herrian esperantza berri bat sortzen ari zela, gatazkak sorturiko hainbat eta hainbat ondoriori buelta emateko. Sekulako esperantza zegoen, batez ere preso eta iheslari guztiak etxera bueltatzeko. Horren inguruan antolatzen hasi ginen, jende oso ezberdina, hainbesteko ilusioa zegoen egoera hartan. Berehala konektatu genuen gure aldarrikapenekin bat egiten zuten Euskal Herriko hainbat eta hainbat sektorerekin. Eta horretan sortu genuen Herrira mugimendua. Garbi zegoen mugimenduak konektatzen zuela. Urte bateko ibilbidean Herrirako 200-250 talde genituen Euskal Herrian, eta hori oso adierazgarria zen.

Barne Ministroak aipatu zuen garai hartan Herrirak zuela mobilizazio gaitasun handiena mugimendu bezala Euskal Herrian eta hori zapuztu beharra zegoela. Momentu hartan etorri zen Estrasburgoko ebazpena, non arrazoia ematen zitzaion gu borrokatzen ari ginenari eta presoek eta beren abokatuek landu zutenari. Garbi dago momentu horretan hegalak moztu nahi zizkiotela gure mugimenduari eta hor eman ziguten kolpe errepresibo indartsu bat. Adierazgarria da zein momentutan. ETAk bere jarduera amaitutzat zeukan, kristoren ilusioa zegoen Euskal Herrian, jende asko eta ongi antolatzen ari zen preso eta iheslariak etxean egon zitezen.

EHS.- Azken urte hauetan gorakada errepresiboa bizi izan dugu mugimendu sozialen eta ezkerraren aurka EHn eta baita Estatu mailako hainbat tokitan. Zeri erantzuten dio honek?

Fran: Momentu hartan herri honetan bizi zen ilusio hori zapuztu nahi zuten. Estatuak bazekien gure planteamenduak aurrera egin ahala, desblokeo egoera batera eramango gintuela. Preso eta iheslariak bide horretatik etxeratuz gero, bidea garbitzen zen herri honek beste salto batzuk emateko. Garbi zegoen momentu hartan gure planteamenduek eragin handia zutela gizarte osoan eta status quoak horri beldur handia dio. Bere planteamenduei aurre egiten dien jende antolatuari beldur handia izaten dio. Beraiek beti dute aldagai nagusi bat egoera guztiei aurre egiteko eta hori errepresioa da. Hori dute indar nagusitzat eta hori erabiltzen dute behar den guztietan jendea kokiltzeko, gure aurka, jende xumearen aurka, ez gaitezen antolatu eta ez ditzagun aurrerapausoak eman. Eta ikusten dutenean aurrera goazela orduan eta bortitzago erabiliko dute errepresio hori. Beraien eskuetan daude preso eta iheslarien baldintzak, beraienak dira kartzelak, polizia, isunak, Mozal Legea... baina badakigu mobilizazioarekin aurre egin ahal diogula horri eta geldiarazi beharra zeukaten.

Minde: Gure kasuan nahiko argi dago euskal gatazka konpontzeko zenbait esparrutan egiten ari ziren saiakera serioak oztopatzeko asmoari erantzuten ziola. Gogoratu behar dugu “Parot doktrina” deitutakoari Estrasburgon jarritako helegitearen erantzunaren zain geundela. 2013ko urrian heldu zen, eta denbora gutxian 60 euskal preso askatu zituzten. Kolpe gogorra izan zen estatuarentzat, eta horregatik egun batzuk geroago Herrira erakundearen aurka jo zuten, 18 pertsona atxilotu eta erakundea legez kanporatu zuten; ondoko hilabeteetan zenbait sarekada egin zituzten, dozenaka lagun atxilotu eta guztira 47 prozesatu zituzten.

Estrasburgoko erresoluzioak espetxeetako ate asko ireki zituen; operazio polizialaren asmoa zen egoera hori neutralizatzea.

EHS.– Mugimendua isilarazteko saiakera horren aurkako mobilizazioak erraldoiak eta, askotan, historikoak, izan dira, Altsasun, Procesaren aurkako epaiketan edo La Manadaren kasuetan besteak beste. Zein da ateratzen duzuen ikasgaia? Zein da borrokatzen dutenen aurkako errepresioarekin bukatzeko modua?

Minde: Funtzionatzen duten esperientziak gizarteko kapa desberdinetara iritsi eta gehiengoak bere egiten dituztenak dira.

Uste dut egokienak direla parte hartze, mobilizazio eta borroka zabal eta bateratzaileak, tinko eta eraginkorrak izaterari utzi gabe. Horretarako, lan handia eta kontu handiz egin behar da, errespetuz entzun, kalean eta beste espazioetan ibili gora eta behera, oinak astindu. Eta eredugarri izanez aritu.

Fran: Uste dut errepresioari aurre egiteko eskuetan dugun bakarra gure nahia eta mobilizatzeko ahalmena dela. Catalunya edo Altsasu gisan egin behar dugu. Mobilizatu, elkar eskutik hartu, elkartu eta injustiziari aurre egin. Sistema kapitalistan honek daukan gizarte zurrun honi aurre egiteko modu bakarra antolatzea, mobilizatzea eta aurre egitea da. Sufrituko dugu, min emango digute, baina ez dut ikusten beste modurik errepresioari aurre egiteko. Altsasuk, La Manadak, Calatunyak... erakusten dute. Mobilizazioa oso garrantzitsua da eta modu horretan egingo diogu aurre kasu honetan Estatu espainiarretik datorren bortizkeria bidegabe honi.

Informazio gehigarria