Altsasuk eta Euskal Herriak Ciudadanos, PP eta Vox alderdien probokazio frankistari erantzun diote

Utzi Altsasu bakean, gazteak askatu!

Altsasu mani contra cs vox

Azaroaren 4an, España Ciudadana plataformak ekitaldi bat antolatu zuen Altsasun. Bistakoa zen probokazioa: diskurtso frankista eta espainolistarekin bularra erakustea, herriko 8 gazteen aurka azken bi urteetan Estatu espainiarreko aparatu polizial eta judizialak eraiki duen muntaia txalotzea. Ekitaldiaren buru izan ziren Albert Rivera, Ana Beltrán eta Vox Alderdiko Santiago Abascal, Fernando Savaterrek lagunduta. Autobusetan etorri ziren 200-300 pertsona inguru besterik ez zituzten bildu. Hori bai, guardia zibil eta foru polizia kopurua, helikoptero eta guzti, ikaragarria izan zen goizetik.

Altsasuko biztanleek eta Euskal Herriko beste lekuetatik bertaratutakoek emandako erantzuna eredugarria izan da, beste behin. Larunbatean, azaroak 3, 10.000 laguneko manifestazio batek zeharkatu zituen Altsasuko kaleak “Utzi Altsasu Bakean” lelopean, Altsasuko herri batzarrak deituta. Komunikatuan boto gutxi batzuk lortze aldera herri baten sufrimendua erabiltzen duen eta izaera faxista zuen ekitaldia salatu zen. Era berean, argi eta garbi utzi zuten ez zirela probokazioetan eroriko.

Ekitaldi egunerako, Altsasuko bizilagunen batzarrak karpa aldarrikatzaile eta festiboa antolatu zuen. Era berean, manifestazio antifaxista ere deituta zegoen, eta mila pertsonatik gora elkartu ziren. Altsasuko bizilagunak beraiek izan ziren ordena-zerbitzua antolatu zutenak, eta manifestazioaren buruan jarri zirenak frankisten probokazioetan inor eror ez zedin. Bizilagunak beraiek izan ziren, eta ez polizia kopuru beldurgarria, tentsioa leloetatik haratago joan ez zedin bermatu zutenak. España Ciudadanaren ekitaldia hasi bezain pronto, elizako kanpai hotsak hasi ziren, bizilagun batzuek kazolak atera zituzten eta bozinak jotzen hasi ziren balkoietatik, eta musikak ere jotzen jarraitzen zuen. Helburua bete zuten. Erreakzionarioek erabat isolatuta ikusi zuten beren burua, eta ahulduta atera ziren.

Gezurra eta manipulazioa, horri bakarri heldu ahal izan dio aparatu judizialak azken bi urte hauetan eta horixe bakarrik erabil dezake eskuin espainolistak. Albert Riverak ziurtatu zuen norbanako batzuek harriak bota zizkietela kotxean ekitaldira bidean zirela. Gezur hutsa, Foruzaingoak berak gezurtatu du hori. Lortu nahi zutenaren eta lortu ez zutenaren erakusgarri bat da.

Ezker Iraultzaileko kideak Altsasun bertan izan ginen, larunbatean eta igandean, azken bi urte hauetan egin dugun bezala, muntaia polizial honen aurka herrietan, Altsasun eta Iruñean egin diren ekitaldietan, mobilizazioetan eta manifestazioetan. Altsasuko auzia eraiki den elkartasun uholdearen aurka erabili nahi duten horiei argi uzten diegu: borrokan jarraituko dugu gazteen askatasuna lortu eta errepresioarekin eta faxismoaren izurritearekin bukatu arte.

Informazio gehigarria