Iruñeko kaleak gainezka Altsasuko gazteen aurkako sententziaren aurka

Aski da! Muntaia polizialik ez! Altsasuko gazteak etxera!

manife altsasu 618

 

 

Ekainaren 16an Iruñean egin zen manifestazioa ziurrenik hiri honen historiako handiena izan zen, apirilaren 14ekoa gaindituz. 150.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Iruñean Altsasuko gazteak askatzeko eskatzera, Euskal Herriko txoko guztietatik, jende mordoa Catalunyatik eta baita Estatu mailatik ere. Gurasoen komunikatuan nazioarteko elkartasun zabala, kontinente guztietako herrialdeetatik jaso baita, eta manifestazioko parte hartzea eskertu zen: “Catalunya, Madril, Gaztela, Aragoi, Galizia, Extremadura, Andaluzia, penintsulako herriak, herri solidarioak”.

Jendetza horren aurreikuspenaren aurrean, manifestazioa deitu zutenek irteera tokia aldatu behar izan zuten. 4 km-ko ibilaldian zehar pankarta zeraman buruak nola edo ahala bidea ireki behar izan zuen Altsasuko gazteak askatzeko oihukatzen zuen jendetzaren txaloen artean.

UPN eta Nafarroako PPren erreakzioa berehalakoa izan da. Nafarroako gobernuak manifestazio horri emandako babesa kritikatu dute, Ana Beltranen hitzetan “keinu totalitario” gisa deskribatu du babes hori. Haien erreakzio histerikoa, eskuin espainolistari eta burgesiari mobilizazio erraldoi horrek eragiten dion urduritasunaren seinale argia da. Manifestazio horrek erabat agerian uzten du estatu aparatu frankista honek, bere instituzio juridikoek eta propaganda makinariak duten sinesgarritasun falta ikaragarria, muntaia poliziala eraiki dutenen begi bistako legitimitate falta.

Manifestazio horrek eta Euskal Herrian nahiz hemendik kanpo antolatu diren ehunka mobilizazioek kolpe gogorra dira 78ko erregimenarentzat. Estatuaren errepresio aparatu honek ez du inoiz orain duen bezain legitimitate eta sinesgarritasun gutxi eduki langile eta gazte masen artean. Urriaren 1a Katalunian, La Manadaren epai lotsagarria ondoren, Altsasuko gazteen kasuan eta beste hainbatetan… hori guztia politikari ustelek, indar polizialek edo erregearen familiak duen inpunitatearekin elkarturik,  behin eta berriz bete ditu kaleak masen artean samina piztuz. Estatu aparatuaren papera, pribilegio kapitalistak defendatzeko aparatua, bere errealitate gordinenean geratu da agerian, apaindurak eta ustezko justizia inpartzialaren diskurtsoak deseginez.

Ekainaren 1eko epaiak 2 eta 13 urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkie gazteei, zortzien artean 79 urteko zigorra batuz, 100.000€ ordaindu beharrarekin batera. Ekainaren 5ean Guardia Zibil andana Altsasun sartu zen Auzitegi Nazionalaren aginduz, lau gazte Soto del Realera eramateko atxiloturik. Ihes arriskua zegoela arrazoitu zuten. Baina horrek ez du inolako zentzurik, epaiaren aurretik urte eta erdian ez baita horren zantzurik egon, zigor handiagoak eskatzen zitzaizkien arren. Lehendik kartzelan 580 egun daramatzaten hiru gazteak bezala, beren etxetik ehundaka kilometrotara dagoen ziegetan eta baldintzarik gogorrenetan daude orain Altsasuko 7 gazte.

Hala ere, hori gutxi ez eta, manifestazioa baino 48 ordu lehenago, fiskaltzak epai bortitz honi helegitea jarri zion, arinegia zelako ustean eta, berriz  ere, 8 gazteak ETAk bultzaturiko ekintza terroristengatik kondenatzeko eskatu zuen. Ezin ageriago dago atzerakoi hauek ETAren behin betiko desegitearen aurrean sentitzen duten nostalgia. Hamarkadetan zehar, erakundea egotea izan da Euskal Herrian errepresioa eta arbitrarietate juridikoa justifikatzeko koartada. Ekainaren 16ko manifestazioak, era berean, mahaiaren gainean ezartzen du ETAren desegiteak langile klasearen eta gazteriaren batasun iraultzailea indartzeko irekitzen duen bidea, masiboki ateraz kalera zapalkuntzarekin amaitzeko. Euskal Herrian azken hamarkadetan atxiloketa eta muntaietan oinarrituriko epai mordoa egon dira, “Dena ETA da” tesia, etab., batez ere gazteen aurka. Baina inoiz ez zen egon erantzun hain masiboa.

Ezker Iraultzailekook Altsasuko gazteen aurkako muntaia polizial kriminala eta epai hau salatzen dugu. Estatu aparatu frankista honen biktima eta preso politiko guztiak aske uztea eskatzen dugu, indargabetu daitezela Mozal Legea eta lege errepresibo guztiak. Orain dela 40 urte gertatzen zen bezala, errepresioaren aurkako borroka hori eragiten duen erregimenaren aurkakoa da, beldurrez dardarka baitabil langile klasearen eta gazteriaren indarraren aurrean.

Informazio gehigarria