EAJk PPren aurrekontu antisozialak babestu ditu

Ezker Abertzaleak EAJrekin dituen aliantza politikak hautsi behar ditu

Kalean borrokatuz lortuko dugu autodeterminazio eskubidea eta Euskal Herri sozialista

 urkullu rajoy 655x368

Nahiz eta, hilabetetan zehar, EAJko zuzendaritzak zin egin duen 155 atzera bota ezean ez zituela aurrekontuak onartuko eta Rajoyren gobernua babestuko, azken orduan eta espero zen bezala, antzerkia PPren aurrekontuak babestuz amaitu da.

EAJ zirrikitu bat bilatzen saiatu da, nola edo hala, Rajoyren gobernua sostengatzeko, horrek hauteskundeetan kalterik eragin gabe. Hala ere, pentsionistak tinko mantendu dira kalean, ez dutela iruzurrik onartuko esanez eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikapen nagusitzat hartuz. 155a indarrean dago Catalunyan eta gainera PPk UPNri hitza eman zion euskal presoen dispertsio politikekin jarraituko zuela eta ez zuela Urkulluk eta Barkosek proposaturiko mahaian parte hartuko. Esku hutsik, EAJk beste behin “arduraz jokatu du” 78ko erregimena eusteko. Bereizgarri duten zinismoarekin, Ortuzarrek ziurtatu du aurrekontuak babestea zela Euskadirentzat eta Catalunyarentzat hoberena. Ortuzarren arabera, 155a laburtzea lortu dute, aldi baterako Ciudadanosen arriskua urrunduz. Gainera, esan zigun bera ziur dagoela, ziur baino ziurrago, Rajoyk 155a indargabetu nahi duela.

Logika izugarri honen arabera, 155a aplikatu duen gobernua babestea da neurri horrekin amaitzeko biderik hoberena. Horretarako Ciudadanosen arriskua aipatzen dute, noski, EAJk bezala aurrekontuen alde bozkatzen zuena. Rajoyren gobernuak argi baino argiago utzi du ez duela onean indargabetuko 155a. Betirako mantentzeko asmoa du, Catalunyako gobernu autonomikoak burua erabat makurtu arte, 78ko erregimenarekin errespetuzkoa izan arte eta erabakitzeko eskubidea aipatzea ere bururatzen ez zaion arte. Indargabetzen badu, soilik formalki izango da, berriz aplikatzeko etengabeko mehatxupean.

EAJk beste behin erakutsi du 78ko erregimenaren defendatzaile sutsua dela, eskuineko alderdia eta euskal burgesiaren ordezkari leiala, burgesia espainiar eta katalanaren interes berberak partekatzen dituena. Catalunyako herriak urriaren 1ean abiaturiko altxamenduak erabat izuturik, bere esku zegoen guztia egin du Procesarekin amaitzeko. Puigdemont konbentzitzen saiatu zen, dena bertan behera uzteko, eta alde egitearekin mehatxatzen ari ziren enpresari katalanen alboan egon da. 155aren “polizia zintzoa” izaten saiatu da. Horixe komeni zitzaion. EAJrentzat nazionalismoa diskurtso polit bat da, bozkak irabazteko eta mozorro aurrerakoi bat janzteko, baina inoiz ezin du ekintzara pasa eta are gutxiago erregimenaren egonkortasuna zalantzan jarri.

PP eta EAJ, elkarturik ustelkerian eta murrizketetan

Aurreko urtean bezala, Rajoyren gobernuari emandako babesa PPren ustelkeria kasuen eskandaluarekin batera gertatu da. Oraingoan Zaplana izan da protagonista eta Gürtel auziagatik epaia argitaratu da Barcenas eta Correarentzat kartzela zigor handiekin. Baina ustelkeria EAJri ez zaio arrotza egiten, elkargune bat baizik. Arabako EAJko buruzagi izandakoak egun akusatuen eserlekuan daude eta kalkuluen arabera, Euskadiko ustelkeria kasuek diru publikotik 5.000 milioi euro baino gehiagoko iruzurra gainditzen dute.

Berriz ere, EAJk ituna justifikatu nahi du Euskadirentzat izango omen diren 540 milioi eurorekin. Hori ere bere babes politikoaren benetako arrazoia ezkutatzen saiatzeko modu bat da. Sistemaren eta bere instituzioen egonkortasuna babestu nahi zen. Hala ere, EAJk hain harro aipatzen dituen 540 milioi euroetatik ez da zentimorik bideratuko Euskal Herriko langile eta gazteen bizi baldintzetara. Guztiz kontrakoa. Jada aliatu zen PSE eta PPrekin EAEn enpresari eta bankari handiei zergak jaisteko, eta aurrekontu antisozial batzuk aurrera ateratzeko. Diru horrekin AHT, errauskailua eta azpiegitura gehiago eraikitzen jarraituko du, ingurumena eta gure osasuna suntsitzen dituzten eta langileak baldintzarik gogorrenetan esplotatzen diren obra batzuekin eraikuntzako kapitalistak aberasteko. Elektrizitate-enpresek beren irabaziak loditzen jarraituko dute eta pobrezia energetikoa zabaltzen. Azken batean, EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzak murrizketa eta austeritate politikak aplikatzen jarraituko du, langileen borroken aurka eginez.

Itunik eta aliantzarik ez EAJrekin

EAJk Rajoyren gobernua babesten zuen egun berean, EHBilduren bozkekin batera Autogobernurako Ponentzian Estatus Berrirako hitzaurrerako oinarrizko testua onartu zuen. Kointzidentziak, jeltzaleek kalkulatua desgaste elektorala ekiditeko, eztabaida sakona eragin du Euskal Herrian langile eta gazte askoren artean eta Ezker Abertzaleko oinarrian. Zein balore du ponentzia honek praktikan? Egia da Euskal Herriko nazio askapenean aurrera paso bat dela? Zein da bidea?

Erreakzio espainolista oso lasai dago testu honekin. Oraingoz “EAJren pragmatismoak irabazi duela” ospatzen ari dira. Bestalde, Arnaldo Otegik azpimarratu du bateragaitza dela goizean Euskadiren erabakitze eskubidea hartzen duen testu bat onartzea, eta arratsaldean 155a aplikatzen dutenak babestea, “beto eskubidea” emanez.

Hala ere, EAJrentzat inoiz ez da bateragaitza izan diskurtso edo keinu soberanistak egitea, eta praktikan guztiz kontrakoa egitea. Ez da lehen aldia. Hori egin dute beren historia guztian zehar eta batez ere azken urteetan. Ez ditu bi aurpegi eta ezin zaio esan ezer traizionatu duenik. Kontsekuentea da euskal burgesiaren interesekin eta estrategia bakar bati erantzuten dio: helburua eskuineko politikak aurpegi progresistago batekin aurkeztea da, Euskal Herrian nazio zapalkuntza dela eta dagoen sentimendu sano bat erabiliz, ezkerra zatitzeko eta bere menpe jartzeko, eta bide batez, pribilegio gehiago eskuratzeko euskal burgesiarentzat.

Azpimarratu behar da benetan tamalgarria dela Elkarrekin Podemoseko zuzendaritzak estatus berriaren hitzaurrearen aurka agertzeko emandako argumentua, egungo marko juridikoa gainditzen duela esanez. Teorian erabakitzeko eskubidea defendatzen zuen alderdi batek muga gisa 78ko konstituzioa eta lurralde historikoentzat ezarritako markoa jartzen du. Hori Catalunyan jokatu duten paper tamalgarriaren jarraipena da. Hego Euskal Herrian ere Podemoseko oinarrien artean geroz eta ezadostasun eta haserre handiagoa dago instituzioetan gordetako zuzendaritza batekiko, sozialdemokrazia klasikora biratzen ari dena.

Ezker Iraultzailekook pentsatzen dugu EHBilduk eta Elkarrekin Podemosek EAJri mozorroa kentzeko eta boteretik kanporatzeko betebeharra dutela, oposizio sendo baten bidez, kaleko mobilizazioa bultzatuz eta borrokan dauden sektoreak elkartuz. EAJk ez du inoiz paper progresistarik jokatuko askapen nazional eta sozialeko borrokan. Estatus berri baterako onarturiko testua ez da Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokan aurrera pauso bat. Hitzak dira. EAJren soberanismo faltsuari aurpegia garbitzeko eta Ezker Abertzalea beren menpe instituzioetan eta bulegoetako negoziazioetan endredatzeko balio duten hitzak.

Kataluniako gertaerek praktikan ikasgai handi bat erakutsi digute. Soilik langile klasearen eta gazteriaren borroka iraultzailearekin, programa antikapitalista batekin elkartuz, izango gara gai askapen nazionala eskuratzeko eta 78ko erregimenarekin amaitzeko. Ezker Abertzalearen etapen estrategiak, lehenik EAJrekin aliantzak, estatus autonomiko berria, gero independentzia… eta ondoren etorriko da sozialismoaren aldeko borroka, huts egitera kondenatua dago. Ezker Abertzaleak EAJri eskua luzatzen dion bakoitzero eta berarentzat onargarria izan dadin programa arintzen dutenero, kaleko mobilizazioa uzten duten bakoitzero edo EAJ bertara erakartzen saiatzen diren bakoitzero, EAJ seguruago sentitzen da PPrekin aliatzeko.

Autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka eta sozialismoaren aldekoa banatzea erabateko akatsa da. Kapitalismoaren krisi sistemikoak ezinezkoa dela erakusten du. Euskal Herriko langile klasearentzat eta gazteriarentzat auzia oso konkretua da. EAJk aplikatzen dituen politikak PPren berberak edo PSOEko zuzendaritzak aplikatutakoak direla ikusten du. Indar izugarriarekin ateratzen ari da manifestazio masiboetan eta greban dauden sektore ugarietan. Ezkerreko alderdien eta sindikatuen zuzendaritzetatik esatea gauza batzuetarako eskuinarekin hitz egin, negoziatu eta akordioetara iritsi daitekeela, mobilizazio sozialari ur hotza botatzea da eta klasea umezurtz uztea. Nazio zapalkuntzarekin amaitzea, borroka hori sozialismoaren aldeko borrokarekin elkartuz lortuko dugu langile euskaldunen, katalanen eta gainontzeko estatu mailakoen borroka elkartuz, programa benetan iraultzaile eta kontsekuente baten bidez.

Informazio gehigarria