ETAren desegitea, nazio askapena eta masa borroka

Euskal Herria: Autodeterminazio eskubidea eskuratzeko klaseko programa behar dugu, sozialista eta internazionalista

 manifestacion presos 14117

 

2018ko maiatzaren 3an, ETAk desegiteko erabakia argitaratu zuen. Gara egunkariaren arabera, barne eztabaidan 3.000 pertsonek hartu dute parte eta 1.300 baino gehiagok izan dute bozka eskubidea. %93aren aldeko bozkekin “egiturak erabat desegiteko” eta horrela “bere jardun politikoa amaitzeko” erabakia hartu da. ETAren arabera: “Euskal Herrian badago indar, adore eta adimen nahikoa; horregatik desegin dugu erakundea”.

ETAk azken desegitearen aurretik, 2011ko urrian ekintza armatua behin betiko uzteko adierazpena eta 2017ko apirilaren 8an desarmatzea bete zuen, 120 arma eta hiru lehergai tona entregatuz. Desegitearekin, ETAk amaiera eman dio orain dela bederatzi urte hasi zuen prozesu bati eta Ezker Abertzaleak 2008-2009tik aurrera eman zuen aldaketa estrategikoari, alde bakarreko neurri irmoak hartu zirenean. Euskal Herrian eta Estatu mailan masen mugimenduaren gorakadak eragin zuzena izan zuen, baita autodeterminazioaren aldeko borrokan ETAren metodoen ez gaitasunaz ohartzeak ere.

PPk eta EAJk prozesua azkenera arte oztopatu dute

PPren Gobernuak ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik azken adierazpenera arte izan duen jarrera argia izan da: prozesu hori oztopatzeko ahal den guztia egin, eta Estatuaren errepresioa ahalik eta gehien indartu ezker abertzalearen aurka.

Ez da inoiz gertatu “zuzenbide Estatua” defendatzen duela dioen Gobernu batek hain jarrera oldarkorra agertu izana erakunde armatu baten desegiteko mugimenduen aurrean. Ezker abertzaleak eta ETAk emandako urrats guztiak mespretxatu ditu PPk. Jada 2011an “su eten tranpa” zela adierazi zuen. 2017ko desarmatzearekin asegaitz “desarme ideologikoa” eskatu zion eskuin espainiarrak, eta 2018ko behin betiko desegitearekin ez da nekatu errepikatzeaz ez dela nahikoa ETAk argitaraturiko eraginiko kaltearen inguruko barkamena. Benetan ulergaitza egiten da jarrera hori adierazpenean honakoa jartzen duenean: “Kontziente gara borroka armatuaren garai luze honetan samin handia eragin dugula. Konponbiderik ez duen kalte asko ere. ETAren ekintzek eragindako hildako, zauritu eta biktimei, gatazkaren ondorioz kaltetuak izan diren heinean, errespetua agertu nahi diegu. Zinez sentitzen dugu”.

Rajoyren Gobernuak “ETAren biktimekiko errespetua” eskatzen du. Baina diktadura frankistaren biktimak defendatu behar direla ere esaten zaionean, gerra zibilean eta gerra ondorengo lehen urtetan izandako sarraskietan eraildako 250.000 fusilatuen inguruan, ezezko borobilarekin erantzuten du. Ez da egon erreparaziorik, ez justiziarik, ez egiarik diktadurak eraildako gizon zein emakumeentzat. Euren gorpuak areketan daude oraindik. Ezta frankismoaren aurka borrokatu zuten milaka ekintzailerentzat ere, beren ideiengatik kartzelan egon zirenak eta kasu askotan torturatu zituztenak, erbesteratu zirenak eta jabetzak lapurtu zizkietenenak borreroak aberasteko. PP eta bere aliatu politikoak konplizitatean isilik geratzen dira gerra zikinaren eta estatu terrorismoaren aurrean: Euskal Herriko kaleak odolez busti zituzten eta 70eko hamarkadatik 80eko hamarkada amaiera arte ehundaka hildako eragin zituzten: AAA, Batallón Vasco Español… eta horrek PSOEko buruzagiak hartzen ditu, epaitegiek frogatu dutenez, 1983an GAL eraikitzen inplikatuak eta eraildako biktima ugari eragin zituztenak. Aurpegi bikoitza begi bistakoa da.

EAJ, ordea, ez da PP baino askoz hobea, hasteko bere gobernuaren sostengua baita. Urkullu, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Kontseiluko lehendakari izan zen torturatzen zen bitartean, eta ez zuen zirkinik egin hori salatzeko edo ekiditeko. EAJ, PPrekin eta PSOEko buruzagiekin batera, Irakeko eta Siriako gerra inperialistak babestean, milioika pertsonei eragindako sufrimenduaren erantzule dira. Etorkinen aurkako biolentzia instituzionala babesten dute eta egun milioika langabetuk, beren lan erreformen biktimek, prekarietatean bizi diren pertsonek, behartsuek, etxetik kaleratutakoek bizi dutenen sufrimenduaren erantzule dira. Horri gehitu behar zaio beraiek sortzen duten gizarte patriarkal honen genero indarkeria ere bai.

Zaila da nazkarik ez sentitzea “legeaz eta demokraziaz” ahoa betetzen duten gobernu eta politikari horiek ikusita ustelkeriak itota daudela, Estatu aparatua faxistez beterik dagoela eta hori inpunitatez erabiltzen dutela Katalunian eta beste tokietan, independentistak, txiolariak, raperoak kartzelaratzeko. Epai matxistak diktatzen dituzte modu basatian bortxaturiko emakumeen aurka, eta Estatutik diru laguntza oparoak ematen dizkie Francoren memoria goraipatzeko erakundeei, Estatu espainiarreko hiltzaile handiena izan dena.

Erabaki honen kausak

PPk behin eta berriz errepikatzen du garaileen eta garaituen diskurtsoa. ETAren desarmatzearen gakoa ekintza poliziala eta errepresioa izan direla azpimarratu nahi du. Baina errealitatea oso bestelakoa da. ETAren ekintzen hasiera eragin zuena errepresio frankista basatia izan zen, erregimenaren erailketak, torturak, jipoiak eta Euskal Herriko, Galizako edo Catalunyako ama-hizkuntza hitz egiteagatik zegoen jazarpena. Era berean, atentatuek errepresio hori areagotu zuten, akzio-erreakzio gorakada batean, konponbiderik gabe jarrai zezakeena.

ETAk ekintza armatua uztea masen borrokaren gorakadaren ondorio izan zen, Euskal Herrian, Estatu espainiarrean nahiz nazioartean. Masen borrokak sistema kapitalista edozein leherkarik baino askoz ere gogorrago kolpatu zuen. Venezuelako iraultzaren eredua izan zen, Latinoamerikan izandako neoliberalismoaren aurkako mobilizazio handiak, Udaberri Arabiarra…. Estatu espainiar mailan M15a, greba orokor handiak, Mareak, Duintasun Martxak… Baina aurrerago ere, ETAren metodoek jada erakutsi zuten lortu nahi zenaren aurkakoa eragiten zutela. “ETA entzun, horrela borrokatzen da!” oihuak argi erakusten zuen geroz eta langileen eta gazteen sektore zabalagoek Euskal Herri barnean nahiz kanpoan, erabat gaitzesten zituztela atentatuak, kale itxi bat adierazten zutelako.

ETAren aurrean eginiko mobilizazioak, krisi kapitalistaren hasieran Euskal Herrian izandako manifestazio masiboak eta M15aren “kutsakortasunak” frogatu zuten langileen eta gazteen ekintza kontzientea dela gauzak aldatzeko eta gu zapaltzen gaituztenen aurka borrokatzeko bidea. Ondorio hori Euskal Herriko langile eta gazteegan geroz eta barneratuago zegoen, baita Ezker Abertzaleko militanteengan eta oinarrian ere. Horrekin batera, ETAren metodoek lagundu baino gehiago, Euskal Herriko askapen nazional zein soziala ahultzen zutela ikusten zen, milaka borrokalari sozialki isolatzen zituzten eta Estatuaren indar errepresiboa indartzen zuen Ezker Abertzalearen ilegalizaziora helduz.

Ezker Abertzaleak borroka politikoaren alde egiteko eta ekintza armatuak ukatzeko erabakia prozesu horren baitan izan zen. Arnaldo Otegik berak onartu zuen ETAk askoz ere lehenago utzi behar zuela: “Niretzat egiten dugun autokritikarik egiturazkoena eta sakonena hain zuzen ere hau da: gai ez izana lehenago irakurtzeko gizarte bat zegoela ustez bere alde egin nahi genuena eta borroka armatua amaitzeko eskatzen ari zitzaiguna. Ez genuen borroka armatua lehenago desagertu behar zuela irakurtzen jakin”.

Egungo errepresioa krisian dagoen kapitalismoaren hizkuntza da

Dirudienez, PPren Gobernua atsekabetuta dago ETAren desegiteagatik. Rajoyk behin eta berriz esan du ez duela politika antiterrorista aldatzeko asmorik, ezta ETA desegin eta gero ere, berak hala eskatu zuen arren. Argi agertu zuen maiatzaren 17an, Gobernuak zein Estatu aparatuak harro erakusten duen mendeku politikak aurrera jarraitzen duela. Auzitegi Gorenak eta Guardia Zibilak “Zerga” izendatu duten operazioa burutu dute. 50 euskal preso ohien ondasun higigarri zein higiezinetan esku hartu dute, 45etik gora kontu korronte enbargatuz, 30 bat nominetan lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen duen zatia hartuz, etab.

PP edozein aitzakia bilatzen ari da ezer aldatu ez dela eta ezer aldatuko ez dela azpimarratzeko, Audientzia Nazionala, frankismo garaiko Ordena Publikorako Tribunalaren antzeko salbuespenezko auzitegia, eta lege antiterroristak behar baititu modu baketsuan bere gobernuaren eta bere sistemaren aurka borrokatzen duen edonori aplikatzeko.

Burgesia espainiarrak, euskal burgesiak bezala, estatuaren indar errepresiboak eta telekomunikabideak etengabe erabili ditu “Guztia ETA da” aitzakiapean gazteen eta langileen mobilizazio masiboak kriminalizatzeko, bai Euskal Herrian, baita estatu espainiar osoan ere. Aitzakia hori erabilita, klase agintariak Estatu aparatuaren gaitasun errepresiboa handitu du, eta PPk eta PSOEko zuzendaritzak Alderdien Legea bezalako lege antidemokratikoak onartzea justifikatu du (bide batez, ondo jakin du EAJk legeari probetxua ateratzen), ekintzaileak kartzelan sartzeko, torturatzeko, sakabanatzeko, alderdiak legez kanporatzeko, egunkariak ixteko, Mozal Legea onartzeko, etab. Jakina, estrategia horrek ere balio izan dio herritarrak propaganda atzerakoi españolistarekin itotzeko, etengabe telekomunikabide handiei esker.

Autodeterminazio eskubidearen alde, Euskal Herri sozialistaren alde

ETAren amaiera albiste izugarri ona da langile klasearentzat eta gazteriarentzat, eta masen borrokaren une gorenean dator: pentsionisten mobilizazio erraldoiak, batez ere Bilbon eta garai batean frankismoarekin amaitu zuten langileen batailoi erraldoietako langile ohiak buruan izan dituztenak, Martxoaren 8ko greba feminista, beste behin, Bilboko irudiek munduari itzulia eman zioten, Iruñeko manifestazio historikoa, zeinetan 100.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren terrorismoaz akusatu dituzten Altsasuko gazteen alde; La Manadaren auziko sententzia lotsagarriaren aurkako mobilizazioak, etab. Horri guztiari gehitu behar zaizkio euskal herritar gehienen aldarrikapen izaten jarraitzen duen presoen gerturatzearen alde egin diren mobilizazioak, Catalunyan abiatu den prozesua, zeinetan herria, gazteria eta sektore zapalduak gogor borrokatzen ari diren erabakitze eskubidearen alde, errepublikaren alde eta errepresioaren aurka, 78ko erregimena kolokan jartzeraino.

Eragile horiek guztiek erakusten dute PPren politikek eragindako haserrea eta gizartea aldatzeko beharra. Horregatik, oso garrantzitsua da ETAren porrot politikotik ikasgaiak ateratzea eta estrategia bat eraikitzea Euskal Herriari ukatu zaizkion eskubide nazionalen defentsan aurrera egiteko eta kapitalismoaren krisiak ostu dizkigun eskubide sozialak berreskuratzeko.

Hamarkadetako borrokaren, sakrifizio ikaragarrien, militantziak emandako guztiaren ondoren, esperientziak Ezker Abertzaleari erakutsi dio bide bakarra dagoela euskal gatazka nazionala konpontzeko: programa iraultzaile, sozialista eta internazionalista, eraldaketa gauzatzeko gai den klase bakarrean, hau da, langile klasean, oinarrituta. Euskal burgesiarekin eta EAJrekin akordioak eta aliantzak bilatzea porrot egitearen aldeko apustua da.

Klase arteko kolaborazioaren politikaren ondorioak bere osotasunean ikus daitezke Ipar Irlandan. Bertako Sinn Feineko agintariak unionista protestanteekin koalizioan egon dira gobernuan, eta britainiar eta irlandar kapitalistek agindutako murrizketa guztiak aplikatu dituzte. Orain urtebete daramate gobernua ezin osatu, baina gauza bat garbi dago: Ipar Irlandako langile klasearen arazoak, bai katolikoenak eta bai protestanteenak, ez dira konpondu, eta areagotu egin dira herritarren arteko zatiketa sektarioak.

Ipar Irlandan eta Euskal Herrian azken urteetan gertatu dena kontuan hartuta, garrantzitsua da Jamen Connolly irlandar iraultzaileak esandakoa gogoratzea: “Bihar armada ingelesa bidali eta Dublingo gazteluan bandera berdea jartzen baduzue ere, errepublika sozialista antolatzeari ekin ezean, esfortzu guztia alferrikakoa izango da. Ingalaterrak agintzen jarraituko du, kapitalisten bidez, lur-jabeen bidez, herrialde honetan ezarri dituen era guztietako erakunde komertzialez eta norbanakoez, gure amen malkoek eta gure martirien odolek busti duten horiez. Ingalaterrak menderatuko zaituzte hondamendira eraman arte, baita Askatasunaren kausa traizionatu duzuen arren, zuen ezpainek omenaldi hipokrita egiten badiote ere. Sozialismorik gabeko nazionalismoa koldarkeria nazionala da”

ETAren amaierak Euskal Herrian masen borroka iraultzailea indartu eta antolatzeko balio behar du. Ezker Abertzaleak erakutsi du ezkerreko alternatiba kontsekuente bat defendatzeko atzean duen indarra, babesa eta borondatea. Mobilizazio indartsu baterako bake sozial artifizial hau hausteko aukera egon badago. Sortuko zuzendaritzak ardura handia du horretan: masen mobilizazioa bultzatu behar du, modu bateratuan eta programa antikapitalista garbi batekin. Batasuna nahi dugu, baina borrokatzen dutenekin, nonahikoak direla ere, sistema honen aurka borrokatzen duten gazte eta langileekin.

Ezker Iraultzailekook uste dugu Euskal Herriko langile klasearen eta gazteriaren garaia dela, estatu espainiarreko eta frantziarreko anaia-arrebekin elkartuta, gertakariei gure zigilua jartzeko. Sozialismo internazionalistaren bandera altxatu behar dugu eta klaseko independentzian oinarritzen den politika defendatu.

Espainiar eta euskal kapitalistek interes berberak dituzte: gaurko ordena soziala mantentzea beren dominazioa bermatzeko. Horregatik, zapalkuntza nazionala eta klaseko zapalkuntza gainditzea ez da posible sistema kapitalistaren aurkako borrokarik gabe; horretarako botere ekonomiko handiak, banka eta monopolioa desjabetu behar dira, eta langile klaseak sortzen duen aberastasun guztia herritarren kontrol demokratikopean jarri behar da.

• Euskal Herriaren eskubide demokratikoak zapaltzen dituzten lege antidemokratikoak indargabetu behar dira. Gazteen atxiloketarik eta kartzelaratzerik ez!

• Dispertsio politikari bukaera eman behar zaio. ETAko presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatu behar dira. Gaixo dauden presoei lehen gradua kendu eta etxera ekarri behar dira. Amnistia euskal preso politikoentzat!

• Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren autodeterminazio eskubidearen alde. Euskal Herria sozialistaren alde, Europako Federazio Sozialistaren alde!

Antola zaitez Ezker Iraultzailean eta borrokatu Euskal Herri sozialista baten alde!

Informazio gehigarria