Urtarrilaren 13an denok Bilbora! Dispertsioa, tortura eta preso politikoak

PPren eta 155aren bloke monarkikoaren errepresioa garaitzeko beharrezkoa da sozialismoaren aldeko masen borroka iraultzailea indartzea!

sare prest gaude urtarrilak 13 egitaraua 1

 

Azken hiru hilabeteetan Katalunian bizi izan diren gertaerek agerian utzi dute PPren gobernua -Ciudadanos eta PSOEren babesarekin- eta Estatu espainiarreko aparatua prest daudela frankismo garaiko errepresio basatiena erabiltzeko kaleko mobilizazioaren aurka, eta 78ko erregimena edo klase kapitalistaren pribilegioak desafiatzen dituen edozein ekintzaren aurrean.

Euskal Herrian berriz, PPren nahiz PSOEren gobernuek estatu-aparatuarekin batera gauzaturiko errepresioa ez da berria. “Dena ETA da” akusazioa behin eta berriz erabili da komodin gisa alderdiak ilegalizatzeko, bi egunkari ixteko, mugimendu sozialak kriminalizatzeko, ekintzaileak atxilotu eta torturatzeko eta abar luzea. Nahiz eta 6 urte pasa diren ETAren su eten finkotik eta 8 hilabete desarmatzetik, erreakzioarentzat “dena ETA da” komodina izaten da erabiliena. Azken aldian gainera, Euskal Herritik kanpora esportatzen ere hasi dira etxe kaleratzeen aurkako gisako mugimendu sozialen aurka, ekintzaileen aurka, titiriteroen, twiteroen, raperoen… aurka, eta orain baita katalanen aurka ere!

Egun 303 euskal preso daude. Gehiengoa Estatu espainiarreko eta frantseseko kartzeletan daude sakabanatuak, %80a baino gehiago etxetik 400km baino urrunago. 13 preso daude gaitz larriekin, eta soilik 2 daude Euskal Herriko kartzeletan eta 3 espetxealdi arinduan. Ibon Iparragirre VHI gaixotasuna azken fasean duen presoa Alcala Mecotik Arrasateko Aita Menni zentrora lekualdatzea, eta ez etxeratzeak beste behin erakusten du euskal presoak eta beren senide zein lagunek jasaten duten krudeltasuna. Bidaien zigor ekonomikoa, asteburuko bidaia luzeak, errepideko istripuen arriskua… Oinarrizkoenak diren giza eskubideak urratuz, argi dago espainiar gobernuak dispertsio politika mendeku gisa eta beren ustezko garaipenaren erakusgarri gisa erabili nahi duela.

EHUko Kriminologia Institutuak Eusko Jaurlaritzaren eskariz tortura kasuen inguruko txosten bat argitaratu berri du. Bertan zenbatu diren 4.115 kasuek, bide ofizialetatik, aurrez soberan ezaguna zen errealitate bat egiaztatu besterik ez du egiten: inkomunikazioak tortura basatien praktika sistematikoa esan nahi izan du eta izaten jarraitzen du. Frogatu den bezala, kasu askotan tortura hauek erakunde armatuarekin zerikusirik ez zutenen aurka ere erabili dira. Informe honek, kasu guztiak zenbatzera ez dela iristen onartuz, tortura praktikak %69an kolpeak, %25ean asfixia eta %22an sexu abusuak izan direla azaltzen du.

Baina txosten honek Eusko Jaurlaritza zuritzea helburu bazuen ere, Ertzaintzari egotzitako 310 kasu eta udaltzainen 4 kasu ere biltzen ditu. Noski EAJk zuzenduriko Ertzaintzak funtsezko papera jokatu du Euskal Herrian eman den errepresioan. Dispertsio politikak EAJk babestuak eta bultzatuak izan ziren, atxiloketak eta torturak beti eman dira bere konplizitatearekin. Alderdien legearen aurka zegoela esan bazuen ere, Ertzaintza izan zen hori gauzatzeko arduraduna eta EAJ bertatik eskainuak lapurtzen hoberen atera zena. Polizia kargak, jipoiak manifestariei edota, adibidez, Ertzaintza buru izendatzea Iñigo Cabacas erail zuen operazioa zuzendu zuena… mugimenduak aski ezaguna du errealitate hori. EAJ ekintzetan beti izan da errepresioaren defendatzailerik sutsuena. Keinu hipokritekin eskuak garbitzen saiatzen bada ere, inoiz ez du zalantzarik egin bere interesak eragozten dituen mobilizazio baten aurka errepresio handiena erabiltzeko.

PP buru duen estatu aparatua ez dago prest Euskal Herrian azken hamarkadetan finkatu dituen errepresio politiketan atzera pausorik egiteko. Badaki beharrezko izango zaizkiola hazten ari den mobilizazio sozialaren aurka, Euskal Herrian nahiz kanpoan. Sektore atzerakoietatik alderdien legea egokitzea planteatu da alderdi independentisten aurka aplikatu ahal izateko. Modu berean ohartarazi zaigu 155a EAEn edo Nafarroan erabiliko dutela beharrezkoa izanez gero. Alderdien legeak, 155ak edota Mozal legeak erabat agerian uzten dute Estatu espainiarraren eta alderdi konstituzionalisten deriba autoritarioa. Baina, bestalde, klase dominatzaileak langile eta gazteek kaleetan izan dezaketen indarrari dion beldurra ere erakusten du. Katalunian erreakzioak masen mugimendu baketsu baten aurka egin behar izanak zentzu honetan salto kualitatibo bat ematera eraman du. Jordiak eta consellersak epaitzeko erabili diren sedizio eta errebolta delitua edo gorroto delituak formulatuak izan dira zuzenean edozein ezkerreko militante edo ekintzaileren aurka erabiltzeko, eta 78ko erregimenaren aurka protestatzea bururatzen zaion edonorren aurka erabiltzeko. Baina hori ez da aplikatzen noski faxisten aurka. Horiei inpunitate osoa ematen zaie polizia gorputzen barnean eta banda antolatuetan nahi dutena esan eta egiteko, langile mugimendua, emigratzaileak edota homosexualak seinalatu, mehatxatu, jipoitu, erail, etab. egiteko.

Katalunian urriaren 1ak ebidentzian utzi zuen indar errepresiboek duten inpotentzia milaka pertsonek modu baketsuan beren erabakitzeko eskubidea defendatzeko erabaki tinkoaren aurrean. Baina gainera, ikusi ahal izan dugu nola errepresioak mugimendua sakabanatu eta beldurtzetik urrun elkartu eta indartu egin duela. Beste momentu historiko batzuetan eman den bezala, masa mugimenduaren aurka erabiltzen den errepresioak iraultza elikatu du. Horregatik, errepresioaren aurkako borroka ezin da bereizi sistema hau eraldatzeko borrokatik. Ez da giza eskubide auzi bat soilik, haratago doa. Ez dago aurpegi gizatiarreko kapitalismorik. Klase dominatzailea sistema kapitalistaren aurkako masen altxamenduari aurre egiteko prestatzen ari da, baina egiten dutena eginda ere, ez dira gai izango programa eta antolakuntza iraultzaile batekin armaturik dagoen langile klasea geldiarazteko.

Informazio gehigarria