Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari erasorik ez! Milaka pertsonek kaleetan erantzun die EAJ-PSEren gobernuaren erasoei

Bazterketa sozial edo pobrezia egoerei aurre egiteko dugun tresna apurretako bat da Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Kapitalisten eskuetatik kentzea lortu dugun garaipen bat da, politika neoliberalek kondenatzen gaituzten langabezia eta prekarietate egoera zailei duintasun pixka batekin aurre egitea baimentzen diguna. Hori dela eta, enpresari handien eta bankarien zerbitzura dagoen Eusko Jaurlaritza hori likidatzen saiatzen da. Manipulazioz beteriko eta pertsekuziozko kanpaina bat habiarazi berri du laguntza hauek jasotzen dituztenen aurka.

 

Aurreko legegintzaldian, EAJk Gipuzkoan EHBilduk onartu zuen DBL (Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza) ezabatu zuen, Lanbideren lana desprestigiatu zuen eta DBEaren aurka egin zuen kontrolpean dituen komunikabideetatik (El Correo, DV, EITB...). Azken hauteskundeen ondoren, Urkullu buru duen gobernuak ofentsiban jarraitzen du PSEren laguntzarekin. Lehen neurri gisa, DBEaren igoera KPIaren arabera ezarri dute (%1,5 bakarrik), eta uko egin diote araudiak dioen bezala lanbide arteko gutxieneko soldataren igoerara lotzeari, %8a izan beharko lukeena. Aurrekontuak egokitzea izan da berriz ere horren aitzakia. Loia darien murrizketen politikak aplikatzen jarraitzen dute, 2011ean Patxi Lopezen gobernuak egin zuen bezala, %7a murriztu zuenean DBEa. Politika kapitalista horiek laguntza hauen menpe bizi behar duten milaka familien egoera benetan larriagotu besterik ez dute egiten.

Murrizketa basati hauekin nahikoa ez eta hurrengo pausoa laguntza jasotzen dutenak are gehiago kriminalizatzea izan da. Komunikabideen dianaren erdian ezarri dituzte gezurren kanpaina lotsagarri baten baitan. Lakuako gobernuak iruzurren aurkako politika bat sortu berri du "laguntza sozialak jasotzeko orduan kudeaketa hobetzeko eta irregulartasunak ekiditeko", Enplegu eta Politika Sozialen sailburua den Beatriz Artolazabalen arabera. DBE kudeatzen duen Lanbideko erabiltzaileak, hatz-marka digitalez identifikatu beharko dute iruzurrak saihesteko. Beti bezala kolektibo migratzaileari lotzen zaizkio "gaitz" horiek egunero komunikabideek desinformatzen duten moduan.

Gobernuaren bide orrian DBE eskuratzeko baldintzak are gehiago gogortzea dago. Pertsona migratzaileak konplikatuago edukiko dute laguntza horiek jasotzeko aukera izatea, ekintza xenofobo eta protekzionista horiek inplikatzen duten jazarpen soziala areagotuz. Langile klaseak beste behin erakutsi du ez duela utziko jeltzaleek inpunitatez jarraitu dezaten eta murrizketa horien aurka mobilizatu da. Horren adibide esanguratsu dira murrizketa sozialak salatzeko gose grebari ekin zioten bost pertsonak eta joan den apirilaren 1ean Bilboko kaleak igaro zituen manifestazioa, milaka partaiderekin, agerian utziz EAJ-PSE gobernuak herri langile euskaldunaren aurka eragiten duen errepresio ekonomikoa.

Informazio gehigarria