I-25: Hauteskundeak Euskal Autonomia Erkidegoan

  • Inprimatu

Elkarrekin Podemos eta EH Bildu batera joatearen alde!

Autodeterminazio eskubidearen eta sozialismoaren defentsan!

Bilbokomitina

 

 

Parlamentuan Rajoyen inbestiduraren ezezkoak berriz ere agerian utzi ditu klase dominatzaileak etapa politiko berri honetan dituen zailtasun ikaragarriak. Ez daukate hain erraz behar adina babes eta egonkortasun edukiko lukeen gobernu berri bat osatzeko eta honekin beste murrizketa eta eskubide sozialen aurkako erasoaldi bat aurrera eramateko. Albert Riverak PP babestea ez da nahikoa berriz hautestontzietara itzultzea saiesteko.

Burgesiaren estrategia

PPren eta Csren arteko itunak mundu guztiak zekiena egiaztatu besterik ez du egin: Albert Riveraren alderdia Ibex 35aren "txiringito" politiko bat besterik ez dela eta horren helburua politika prokapitalistak aplikatzen jarraitzea dela, izan PPren edo PSOEren zuzendaritzaren eskutik. Funtsean dagoen auzia ordea ez da hori, esperotakoa baitzen, baizik eta aritmetika parlamentarioan kontuak ez direla ateratzen, momentuz behintzat, Rajoyek eta PPek gobernua osatu dezaten. Eta hemen sartzen da sozialdemokraziaren egoera tamalgarria, kontraesan mordotan harrapatua, konpontzetik oso urrun dagoen krisi batean hondoratzeko zorian.

Pedro Sanchezen alderdiak golpe gogorra jaso zuen E-26ean, nahiz eta inkestek are golpe handiagoa aurresaten zutenez sentsazioa lasaitasun behartu batekoa izan zen. Orain, ezin dituzte hain erraz ukatu kanpainan jaurtiriko esloganak eta Rajoyen gobernua azkar eratzea bideratu. Baina legegintzako lehen unetik hainbeste ahultasun ez erakutsi nahi izateak, ez du esan nahi azkenean ez direnik amore ematera beharturik egongo.

Pedro Sanchezek eta aparatu sozialistak hain garbi edukiko balute ezin zaiola PPri gobernatzen utzi, ez ziren arituko, orain dela hilabete batzuk bezala, Ciudadanosekin itunak egiten. E-26ren ondoren ere, ezkerreko gehiengo gobernu bat osatzeko jarrera irmoa agertuko lukete. Baina ez da horrelako ezer gertatu. PSOEko buruzagiek Elkarrekin Podemosen aurkako erasoak areagotu dituzte eta, Parlamentuan Rajoy atzera bota zenean, bakarrik esan dute Csekin eta Elkarrekin Podemosekin hitz egingo dutela gehiengo bat osatzen saiatzeko. Baina, ez al zuen bada bide honek porrot egin maiatzean? Ciudadanosek eta ezkerreko konfluentziek sostengaturiko gobernu batekin berriz tematzea erabateko iruzurra da, aparatu sozialista burgesiaren eskuetan jaurtirik dagoela erakusten duen aitzakia baino ez.

Klase dominatzailea urduritzen ari da eskuetatik alde egin dakiokeen eta, teorikoki behintzat, hirugarren hauteskunde batzuetarantz joan daitekeen egoera baten aurrean. Horregatik bere esku dagoen guztia egiten saiatuko da hori ez gertatzeko. Lehenik eta behin, bere bozeramaile mediatikoak aktibatzen ari da Alderdi Popularra PSOErentzako konpentsazioren bat emate aldera biguntzeko xedez, horrela hauen abstentzioa errazteko. Soria ministro ohia Banku Mundialeo ordezkari espainiar gisa  izendatzea oso kritikatua izan da eskuineko komunikabideen aldetik, eta azkenean atzera egin behar izan du. Oso zaila zen irensteko pilula hori, hain zuzen ere Albert Riverarekin itun bat egin eta egun gutxitara, ustez "berregite politikoa" eta ustelkeriaren aurkako borroka aurkezten zituztenean bertako puntu garrantzitsu gisa.

Gauzak dauden bezala egonik, PPren gainean Rajoy ez den beste hautagai alternatibo bat bilatzeko presioa datozen egunetan areagotu egingo da. Hori da Riverak jaurti duen ideia eta El Pais egunkariak aktiboki babesten duena; baita Felipe Gonzalezen eta beste sozialista batzuen eskakizuna, hau da, hirugarren hauteskundeez ezer entzun nahi ez dutenena. Noski, soluzio honek gauzak erraztuko lizkieke baina baldintza hori ez da sine qua non. Jada PSOEko tokiko liderren gehiengo bat ohartarazten ari da Rajoyrenganako ezezkoa irailaren 2ra arte bakarrik zela baliogarria (inbestidurari bigarren ezezkoa esan zitzaion eguna); momentu horretatik aurrera, asko entzungo da urri hasierarako Komite Federal bat egiteko eta egoera hotzean "baloratzeko" eskakizuna, hau da, PPren gobernua erraztekoa, horrela hauteskunde berriak saihestuz.

Azkenean hauteskunde berriak deitzeko kasua emango balitz ere ez litzake eszenatokia aldatuko. Alderantziz, egoera hori gertatuz gero, PSOEko krisia sakondu egingo da, aparatu sozialistak zaila edukiko bailuke klase dominatzailearen -estatu espainiarrekoaren nahiz kanpokoaren- eta bertako tokiko buruen presio bateratuari aurre egiten.

Elkarrekin Podemosek ardura ikaragarria du egungo impassearekin hausteko. Nola? Kretinismo parlamentarioa alde batera utzita eta bere berezko indarra denean oinarrituz, kaleetako borrokan. PPren eta Csen akordioa azkenean gobernua eratuz amaitzen bada, ahulena eta ezegonkorrena izanik ere, aurrera eramango duen agenda oso argi dago: berriro ere murrizketa basati mordo bat egitea (10.000 milioi euro, EBk agindu duen bezala), zuzenean osasungintza eta hezkuntza publikoari, pentsioei, langabezia sorospenari eta eskubide sozialen osotasunari eragingo diotenak.

I-25eko hauteskundeak eta Otegiren inhabilitazioa

Datorren irailaren 25eko EAEko hauteskundeak euskal burgesiarentzat ere egoera oso konplikatu baten markoan emango dira. Euskadin Elkarrekin Podemosen igoerak arduraturik dauka PNV, eta asko gainera. Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakaritzarako hautagai izateko inhabilitatzea, era berean, ezker abertzalea ahultzeko beste saiakera bat besterik ez da. PP, PNV eta PSE-PSOE beldur dira Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk beren indarrak bateratzearekin eta EAEn trantsiziotik eman ez den ezkerrerako biraketa bat materializatzeko aukerarekin.

Arnaldo Otegi bidegabeki atxilotua izan zen, hain justu ETAk armak uztea bideratu zuen prozesua bultzatzen ari zen momentuan. Bere kondena osorik bete du, baina ez dirudi hori nahikoa denik. Orain, aske irten orduko zigor gehigarri bat ezarriz, Lehendakari gisa aurkezteko inhabilitu dute. Alderdi Popularrak eta Estatu aparatuak agertzen duten amorru horrek argi erakusten du zer nolakoa den eskuinaren hipokresia  benetan: ustelkeriaz lepo daudenentzat sariak, Soria ministroaren kasuan esaterako, eta etenik gabeko erasoak arerioentzat. Honakoa errepresio ekintza bat baino gehiago ere  bada. Burgesia espainiarraren beldurra ere erakusten baitu EAEn irekitzen den eszenatokian, ezkerrerako biraketa bat suposatu dezakeena, jada hauteskunde orokorrek eta munizipalek aurresan zuten bezala.

Joan den legealdi honetan, PNVk, euskal kamaran gutxiengoko posizio bat eduki arren -27 diputatu 75etik-, modu erosoan gobernatu ahal izan du. Oposizioko indar guztiak nahi izan dute berarekin itundu, nahiz eta motibo ezberdinengatik eta batzuetan kontraesankorrengatik izan. Herri Legea itundu du EH Bildurekin, zuzendaritza abertzalearen akats larria, LABek berak ere kritikatu duena; Euskaltelen eta Kutxabanken pribatizazioa PP eta PSErekin, eta azken honekin baita jaurlaritzako aurrekontuak nahiz EH Bilduren iniziatiba posibleen blokeoa ere. Egoera honek PNVri inoiz izan duena baino botere instituzional handiagoa eskuratzea baimendu dio Eusko Jaurlaritzaren agintean: probintzietako hiru diputazioen eta EAEko hiru hiriburuen kontrola. Posizio horietako gehienak ordea PNVek ez zituen hauteskundeetan irabazi.

Modu berean, PNVek mota guztietako keinuak egin dizkio burgesia espainiarrari egonkortasun instituzionala bermatuz eta uko eginez Catalunyako frentearen antzeko zerbait irekitzeaz. Baina horri erantzunez, PPk auzitegietara eraman ditu PNVk ezker abertzalearen zuzendaritzari egin nahi zizkion kontzesioen neurri guztiak, eta gainera uko egin dio Gernikako Estatutuan zintzilik dauden materiak emateari, gartzela politika esaterako, ez entzunarena eginez euskal presoak Euskal Herriko kartzelatara gerturatzeko eskakizunari.

Nazionalismo españolistak eskubide demokratikoei egiten dizkien eraso hauek guztiek, PNVri itxura "aurrerakoia" hartzea baimendu die, praktikan politika liberalak aplikatzen egon direnean arlo ekonomikoan eta errepresiboak arlo politikoan. Gogora ekarri besterik ez, Ertzaintzak zeinen modu basatian erreprimitu zituen atxiloketen aurka Gasteizko Herri Harresian bildurik zeuden gazteak aurreko urteko maiatzaren 17an.

PNVrekin akordioak? Balantzea argia da

Ezker Abertzalearen zuzendaritza hauteskunde hauetara itun sozial bat eskainiz aurkezten da EH Bilduren, PNVren, Elkarrekin Podemosen eta gehiengo sindikalaren (ELA eta LAB) artean, "harresi bat eraikitzeko" murrizketa sozialen aurrean eta aurrera egiteko erabakitzeko eskubidean eta gatazkaren konponbidean. Bere aldetik, Elkarrekin Podemosetik ere "Euskadirengatik" esloganarekin ez da bide hori itxi. Baina ia lau hamarkadetako esperientziak erakusten du PNV ez dela konbentzitzeko laguna, azpiratu beharreko klaseko etsaia baizik, ezkerrak benetan aldaketa ekarri nahi badu behintzat.

Errealitatea burugogorra da: itunak egitea PNVrekin, hau da, euskal eskuinarekin, austeritateko politikak luzatzeko beste ezertarako ez du balio; murrizketa sozialak eta gure eskubide demokratikoen ukapena indartzeko. Azken urteetan areagotuz doa hau eta hor daude datuak. Pobrezia modu oso gogorrean handitu da: 248.000 dira jada bazterketa sozialean dauden pertsonak (2008an baino %41 gehiago) eta, hori horrela izanik ere, PNVk DSBEa (diru-sarrerak bermatzeko errenta) %7an murriztu du eta familia kontziliazioko laguntzak beste %7an. 2016ko aurrekontuetan 92,7 milioi euro murriztu dira osasungintza publikoan 2009koarekin alderatuz, eta hezkuntzan 221,7 milioi gutxiago dira denbora tarte berean. Langile klasearen soldatak 20 urte baino gehiago egin dutenean atzera, Kutxabankeko presidenteak 2.000 euro irabazten ditu egunean.

PNVk LOMCE aplikatu du, hezkuntzako kontraerreforma frankista, ahal duen guztian hezkuntza pribatu-kontzertatua indartu du, ehunka irakasle kaleratu ditu, eta ikusi besterik ez dago lan erreforma aurrera eraman duen grina, sektore publikoko enpleguaren prekarizaioa zabaltzea, eta zenbat ERE babestu dituen, milaka lanpostu suntsituz. PNVk, PSEren, PPren eta Confebasken euskal patronalaren babesarekin "ongizate estatua" suntsitu du, gastu eta zerbitzu publikoak murriztuz, Euskaltel bezalako enpresa publikoak pribatizatuz, Kutxabank bezalako sektore estrategikoak liberalizatuz eta horien kontrola galduz, Ikerkuntza eta Garapenerako EBko bataz bestea baino %5a gutxiago bideratuz.

PNVrekin egitea aipatzen den elkarrizketa sozialak modu bakarrean amaitu dezake: ezkerra euskal eskuinaren menpe ezarriz, hain zuzen ere PNV Gasteizko gobernutik kanporatzea posible den une batean. Zerk bultzatuko luke PNV I-25aren ostean EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta gehiengo sindikalaren alboan murrizketa sozialen aurka borrokatzera? Aldiz, EAEn I-25ren ondoren Ezkerreko Fronte bat osatuko balitz, PNVk ez luke zalantzarik egingo Gasteizen eta Madriden PPrekin egiteko ituna, iraganean egin duen bezala, bere klaseko interesa defendatzeko.

PNV garaitu, behar dugun aldaketa ekarri

Ezker abertzaleak azken sei hilabetean mobilizazio sozialen egutegi indartsu bat eraman du aurrera: emakumeek jasaten dituzten tratu txarren aurka, gazteriaren errepresioaren aurka, lan prekarietatearen aurka, presoen eskubideen eta errefuxiatuen itzuleraren alde, ekologiaren defentsan... Kalean mobilizatzea da modu bakarra indarrak biltzeko eta langile klaseak eta gazteriak behar dugun aldaketa eragiteko.

Euskal Herrian Ezker Iraultzailean gauden langile, sindikalista eta gazteak uste dugu EH Bilduren aldeko botoak, Elkarrekin Podemosenak bezala, benetako Ezkerreko Fronte bat antolatzeko balio behar duela, PNV eta PP bozketan nahiz kaleetan garaitzeko. Ezkerreko Fronte honek neurri sozialista indartsuak hartu beharko lituzke, langabeziaren, pobreziaren eta gehiagora doan bazterkeriaren aurka gastu soziala handituz, osasungintza eta hezkuntza publikoa defendatuz. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen arteko ezkerreko fronte batek, programa hau autodeterminazio eskubidearen defentsa kontsekuente batekin bateratu behar du. Garrantzitsua da Katalunian aspirazio hau Convergenciako burgesia nazionalistaren interesen menpera ezartzeak ekarri dituen ondorioetatik ikasgai guztiak ateratzea. EAEn, Estatu espainiarrean, Europan eta mundu mailan bezala, internazionalismoaren bandera altxatzeko ordua da, langile klasearen eta gazteriaren batasunarena, muga nazionalen gainetik, gizartearen eraldaketa sozialista baten alde borrokatuz.