Euskal Herrian ere zerrenda bateratua eskuina garaitzeko eta gizartea eraldatzeko!

Garrantzia handiko ikasturte politikoa hasi dugu Euskal Herrian langile klasearentzat eta gazteriarentzat. Datozen hauteskunde orokorretan PP botatzeak ondorio garrantzitsuak izango lituzke Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokan eta gehiengo zapalduaren bizi baldintzen aurkako murrizketa sozialak eta erasoak amaitzeko helburuan. Rajoyren gobernuaren neurri kapitalisten aurkako mobilizazioek bere adierazpena izan zuten maiatzaren 24ko hauteskundeetan herritar batasunaren hautagaien garaipenarekin Barcelonan, Madrilen, Zaragozan eta beste udaletxe askotan gobernua eskuratuz aliantzei esker: Iruñean, Valentzian, Sevillan… Azken urteetako esperientziari begiratuta, Estatu osoan eta Euskal Herrian ere borroka egiten duen ezkerraren indarrak elkartzea aprobetxatu beharra daukagun aukera historikoa da. 

 

Helburu berdinak dituzte PP eta EAJren politikak

Rajoyk aipatzen dituen hobekuntzetatik oso urrun, bere kudeaketaren balantzea oso garbi dago: desberdintasun sozialak handitu egin dira eta eskubide demokratikoak, berriz, murriztu. PP gobernura iritsi zenetik soldatek behera egin dute etengabe: %-1,9 2011n, %-3 2012an, %-1,5 2013an, %-0,6 2014an, eta soldatapekoen herenak, hau da 5,7 milioi langilek, hilean 600 euro baino gutxiago irabazten dute. Gazteen langabeziak %40tik gora jarraitzen du, eta epe luzeko langabetuak (hiru urte baino gehiago) 2011ko %11tik 2014ko %25era pasa dira (1.940.000). Hau da eskuinak goraipatzen duen errekuperazioa: aberatsak aberatsago dira, eta bitartean pobrezia zabaltzen doa. Adin txikikoen pobrezia ikaragarri hazi da, hiru milioi umeetara iristeraino. Pobrezia honen gorakadan Estatu espainiarra hirugarren tokian dago Europako Batasunean eta OCDEen, Letonia eta Greziaren atzetik bakarrik.

Euskal Herrian ere egoera larria da. Europako estankamenduak eta ekonomia txinatarraren gainbeherak euskal industria kolpatuko dute enplegu gehiago suntsituz, Urkulluren gobernuak berak onartu duen bezala. Noski, euskal burgesiak eta EAJk ez dute asmorik bide orria aldatzeko: murrizketa sozialak, soldata jaitsierak, enplegua prekarizatzeko neurriak eta mota guztietako erraztasunak patronalari honen irabaziak handitzeko. 

Zerrenda bateratu eta aliantzen politika

PP da Estatu espainiarreko boteretsuen interesen ordezkari nagusia, baina nazio zapalduetako eskuina ez da atzean geratzen. Lehen EAJ aipatu dugu, baina berdina esan genezake CiUren gobernuez Catalunyan. Osasun eta hezkuntza publikoko murrizketetan, ustelkerian eta mobilizazio sozialen errepresioan abangoardia izan dira. Catalunya izan zen 2014an tortura eta biolentzia polizialaren salaketa kasu gehien izan zituen lurraldea, eta horiek guztiak Artur Masen gobernupean.

Noski, PPk eta nazio zapalduetako eskuinak laguntzaile onak izan dituzte beren politikak aurrera eramateko: PSOE, CCOO eta UGTko zuzendaritzen kolaborazio estua. Bake sozialaren politika defendatu, kapitalismoaren logika errespetatu eta banka handiaren eta botere ekonomiko handien esanetara dauden ordezkari hauek laguntza bikaina dira eskuinaren erasoentzat. Baina, aldi berean, langile klasea eta gazteria urrundu egin dira erakunde hauetatik. Hori ikusi da kalean eta sortu diren fenomeno politiko berrietan, eta honek erregimenaren oreka astinarazi du. Sozialdemokraziaren gainbehera eta Ahal Dugu-Podemos bezalako erakunde politiko berrien sorrera ez dira zerutik erori. 

Kaleko mobilizazioek batasunaren sentimendua indartu dute: greba orokorrak, zerbitzu publikoen aldeko marea sozialak, euskal preso politikoen aldeko mobilizazioak, etxe kaleratzeen aurkako plataformaren ekintzak, Frackingaren aurkako borroka eta izan diren hainbat eta hainbat langile borroka. Egoera honetan, Europara iristen ari diren ehunka mila errefuxiatuen alde sortu den elkartasuna ez da kasualitatea: desberdintasun nazional, etniko edo erlijiosoen gainetik sortzen den zapalduen internazionalismoak dardarka jartzen du klase dominatzailea.  

Euskal Herrian ere borrokan ari den ezkerraren batasunaren aldeko jarrerak indarra hartu du. Eta korronte honen oinarria honakoa da: gure klaseko etsaiak garaitzea, bai bandera rojigualdaren izenenen lege frankistak onartzen dituztenak eta baita nazioen eskubide demokratikoez zinikoki hitz egin, baina herri horiei politika ankerrak aplikatzen dizkiotenak ere. Beharrezkoa da autodeterminazio eskubidea defendatzen eta sistema kapitalistaren aurka borrokatzen dugun guztion batasuna.

Herstura kapitalistaren eta Estatuaren errepresioaren aurka eta erabakitze eskubidearen alde Herritarren Batasuna sortzeko borondate honi erantzun egin behar zaio. Hainbat pertsonek eta ezker abertzalearen zuzendaritzak pauso oso positiboak eman dituzte zentzu honetan. Hor daude Joseba Asiron Iruñeko alkatearen adierazpenak datozen hauteskunde orokorretarako zerrenda bateratu bat osatzearen alde “Nafarroan izandako aldaketa Madrilera eramateko”; Sabino Cuadra Madrilgo kongresukidearenak “aldaketaren indarren zerrenda bateratua sortzea aurrera pauso handia izango litzateke Kongresuko eta Senatuko hauteskundeetarako” esanez edo Hasier Arraiz Sortuko presidentearen hitzak indarrak elkartzearen alde “78ko erregimena hausteko ezker eraldatzailearekin”. Honek guztiak erakusten du nolako giroa dagoen borroka hau irabazi nahi duten milaka pertsonen artean.

Arrazoi hauengatik, inoiz baino beharrezkoagoa da ezker abertzalearen zuzendaritzak bere politika aldatzea. Alde batera utzi behar da EAJrekin eta euskal burgesiarekin akordioak bilatzeko politika. EAJk PPren klaseko helburu berberak defendatzen ditu, banka eta enpresa handien interesak, soldatak eta baldintza sozialak murriztuz, zerbitzu publikoak pribatizatuz eta eskubide demokratikoak gogor erasoz. Euskal burgesia Estatu espainiarreko burgesiaren aliatua da eta behin eta berriro erakutsi du aukera izan duen bakoitzean.   

Gure ustez akatsa da erabakitze eskubidearen alde egiteko sortu den Gure Esku Dago plataformaren lehen lerroan edo argazkietan Xabier Arzalluz (EAJko presidentea 1980 eta 2009 artean) edo Juan Jose Ibarretxe (Lehendakaria 1999 eta 2009 artean eta ezker abertzalearen aurkako errepresioaren eta ilegalizazioaren babeslea besteak beste) bezalako pertsonaiak jartzea. EAJ ez da sartu plataforma honetan autodeterminazio eskubidearen alde borrokatzeko, helburu honen lorpena oztopatu eta geratzeko baizik. Troiako zaldia da, Eusko Alkartasuna EHBildu barruan den bezala.    

Mota hauetako aliantzen ondorioak larriak izan ohi dira. Horietako bat da EHBilduren programan orain arte ezker abertzalearen helburu estrategikoa izan den sozialismoa hitza bera ere ez agertzea. Ezker abertzalearen aliatuak ez dira ez EAJ eta ezta euskal kapitalistak ere; gure aliatuak Euskal Herriko, Estatu espainiarreko eta Estatu frantziarreko langileak, masa zapalduak eta hauen erakundeak dira.

Sozialismoa eta autodeterminazioa, borroka berberaren bi aurpegi

Aukera historikoa dago ezker abertzaleak Euskal Herriko indarren batasunaren prozesua bultzatzeko eta zerrenda bateratuaren eraketan paper erabakigarria jokatzeko. Egia da prozesu honetan laguntzen ez duten mota askotako iritziak, kontraesanak eta diskurtsoak daudela. Hori da Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-Podemoseko idazkari nagusiaren kasua: ezker abertzalearekin batera joateari uko egin zion hasieratik. Pablo Iglesias ere antzekoa egiten ibili da IUrekin. Hala ere, mugimenduaren presioa indartsua da eta batzuek duten Herritarren Batasuna Podemosen ondarea denaren ideiak ez du zentzurik.  

Beharrezkoa da benetako aldaketa nahi dugunok indarrak elkartzea, eta hori lortzeko beharrezkoa da kapitalismoaren logikarekin hausteko gai izango den politikaren alde egitea. Gehiengoaren eskubideak, hala nola autodeterminazio eskubidea, lanpostu eta etxebizitza duina izateko eskubidea, kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoa izateko eskubidea, zerbitzu sozialen eskubidea… ez dira posible gaur egungo eredu politiko eta ekonomikoan, erreformatu ezin daitekeen kapitalismoan. 

Greziako adibide gogorrak erakusten du, beste behin, diskurtso politek gutxi balio dutela indar handia duten etsaiei aurre egin behar zaienean. Horregatik, nahi eta behar dugun Herritarren Batasunak programa sozialista eta internazionalista behar du, autodeterminazio eskubidearen eta euskararen defentsarekin batera nazioen gainetiko langileen batasuna eta ekonomiako sektore estrategikoen nazionalizazio politika defendatuko duena. Kapitalismoaren logikarekin amaituko duen eraldaketa sozialistaren programa behar dugu, hau da bide bakarra aldaketa politikorako. 

Informazio gehigarria