M24ko hauteskunde emaitzen ikasgaiak Euskal Herrian

Langile klasea eta gazteria antolatu sozialismoaren alde borrokatzeko!!

Maiatzaren 24ko hauteskundeek lurrikara politiko handia suposatu zuten Estatu espainiarrean. Sozialdemokraziaren ezkerrera dauden hautagaitzek emaitza bikainak lortu zituzten Catalunyan, Galizan eta Estatuan. Egia da EHBilduk behera egin zuela, baina Podemos-Ahal Duguren botoak koalizioarenekin batuz gero, nabarmena izan zen Euskal Herrian ere ezkerrerako bira.

ArgazkiaEditoriala2

 

Azken urteetan mobilizazio garrantzitsuak ikusi ditugu Euskal Herrian, Catalunyan, Galizan eta Estatuan. Greba orokorrak, langile borrokak, hezkuntza publikoaren aldeko ikasle grebak, eskubide demokratiko nazionalen aldeko manifestazioak, etxe kaleratzeen aurkako mugimendua, marea sozialak, M15 mugimendua... Kaleko indar hau guztia hauteskunde mailan islatu da orain. Milioika gazte eta langilek beren indarretan konfiantza izatea lortu dute, eta Estatu espainiarreko hurrengo hauteskunde orokorretan gobernu aldaketa garrantzitsua eskuratzeko aukera ikusten dute.

Estatuko hiri handietako herri hautagaitza bateratuek 1,3 milioi boto atera zituzten, eta PSOEren ezkerrera dauden indarrek denera 4 milioi boto lortu zituzten. Hego Euskal Herrian, berriz, PSE-PSNren ezkerrera dauden ordezkariek ia 550.000 boto lortu zituzten, EHBildu, Podemos-Ahal Dugu, Irabazi eta Izquierda-Ezkerrak foru hauteskundeetan eskuratutako emaitzak batuta. Argi geratzen da Euskal Herrian emandako ezkerrerako bira.

Langabetuen asanbladek antolatutako protestak, fabriketako lan gatazkak, osakidetzako langileen ekintza eta grebak, ikasle mobilizazioak, errepresioaren eta eskubide demokratikoen ukazioaren aurkako manifestazioak... ugariak izan dira Euskal Herrian ere. EAJ, UPN eta PPren eraso, murrizketa eta pribatizazio politiken aurkako jarrera hau instituzioetara iritsi da, bereziki UPNk eta PPk jasandako emaitza txarretan eta ezkerraren gorakadan islatuz.

Nafarroan azken urteetan UPNren aurka antolatu diren mobilizazio eta indar erakustaldiek beren emaitza izan zuten. Iruñean, UPNren ondoren (10 zinegotzirekin), zerrenda bozkatuena EHBildu izan zen, 5 zinegotzirekin. Azkenean Gero Bai (5 zinegotzi), Podemos-Ahal Duguk babestutako Aranzadiren (3 zinegotzi) eta Izquierda-Ezkerraren (zinegotzi bat) babesarekin EHBilduko Joseba Asiron da Iruñeko alkatea. Asironek alkate makila hartu zuen egunean ikusi ahal izan zen Nafarroako hiriburuko kaleetan sortutako poza eta esperantza.

Eskuin espainiarrak merezitakoa jaso du. Zergatik ez EAJk?

Euskal Autonomi Erkidegoan PPk 53.000 boto galdu zituen, 2011ko emaitzekin konparatuta %34,6ko beherakada jaso zuen, estatu mailako batez bestekoa baino gehiago (%28,8). Baina erorketa hau, neurri handi batean, Ciudadanosek (22.199 bozka lortu ditu, %2 EAE osoan) eta EAJk konpentsatu zuten (26.000 boto gehiago atera ditu). Zalantzarik gabe, EAJk eskuineko bozka emaileak kontzentratzea lortu zuen, tartean, ezker abertzalearen eta Podemos-Ahal Duguren "aurkako" botoa eman zutenena.

Diputazioetako eta udaletako gobernuak osatzean, 1978az geroztik lortzen duen botere instituzional handiena eskuratu dute euskal burgesiak eta bere alderdi politikoak. EAJk, Geroa Bairekin batera, Bizkaian boterean jarraitzen duen bitartean PP kendu du Arabatik, UPN Nafarroatik eta EHBildu Gipuzkoatik. Azken herrialde honetan gainera, Donostiakoarekin batera udal garrantzitsu askotako alkatetza lortu du (Arrasate, Bergara, Zarautz, Tolosa, Legazpi...).

Burgesia gustura dago emaitza hauekin. Geroa Bairen alde CEN patronal nafarrak egindako adierazpenek eta EAEko Confebask patronalak EAJren igoerarekin hartutako pozak erakusten dute zein klaseren interesak ordezkatzen dituzten.

Baina zergatik ez zuen behera egin EAJk, UPNk Nafarroan bezala, PPk Estatuan bezala edo CiUk Catalunyan bezala? Arrazoi bat baino gehiago egon daitekeen arren, beharrezkoa da bereziki horietako arrazoi batez hitz egitea. Estatu mailan edo Europan eta munduan bizitzen ari garen polarizazio indartsu eta eskuineko politiken aurkako mobilizazio sozialen garaian, akatsa da EHBilduko eta Sortuko zuzendaritzek behin eta berriro eskua luzatzea EAJri fronte interklasistak sortzeko helburuarekin. Akatsa da egun batean EAJren ustelkeria kasuak, murrizketak edo pribatizazioak salatzea eta hurrengo egunean eskua luzatzea akordioetarako eta kolaboraziorako.

EAJ eta PP elkartuta daude oinarrizko gaietan: Kutxabank, Abiadura Handiko Trena, euskal gazteriaren aurkako errepresioa, osasun publikoko murrizketak eta kaleratzeak, LOMCEren aplikazioa, ekainean Eusko Legelbitzarren aurrera ateratako Etxebizitza Legea (EAJ eta PPk aurka bozkatu zuten)...

Horregatik, beharrezkoa da ezker abertzaleak, sindikatuek eta orain Podemos-Ahal Duguk ere EAJ benetan zer den esatea. EAJ euskal kapitalisten eta aberatsen alderdia da; EAJ bankuen, multinazionalen eta kapital internazionalaren instrumentu politikoa da; EAJ euskal patronalekin batera langile klasea zapaltzeko eta honen lan baldintzak ahal den gehien okertzeko tresna da; EAJ osasun eta hezkuntza publikoa suntsitu eta pribatukoen negozioa areagotzeko baliabidea da; EAJ eskubide demokratikoak ukatzeko eta euskal preso politikoak kartzelan eta urruti mantentzeko sostengua da; EAJ PPren, eskuin espainiarraren eta IBEX 35aren aliatua da; eta bereziki honakoa defendatu behar da: EAJ ez da Euskal Herriko eskubide demokratikoen, langileen, langabetuen, pentsionisten, sektore behartsuenen eta gazteriaren aliatua, ez, hauen guztien etsai nagusia da. Horregatik, gure ustez akatsa da, adibidez, ezker abertzalearen zuzendaritzak EAJ aliatu posible gisa aurkeztea. Jarrera honek konfusioa eragiten du herritar askorengan, EAJrengan esperantza izaten jarraitzera bultzatzen baititu.

Ezker abertzalea eta ezkerraren potentziala Euskal Herrian

Hauteskundeetako datuek erakutsi zuten EHBilduk ezkerretik galdu zituela botoak. Podemos-Ahal Duguri botoa ematera joandakoek aldaketaren aldeko botoa eman nahi izan zuten, sistema injustu baten, ustelkeriaren eta murrizketa politiken aurkako botoa. Podemos-Ahal Duguk hiriburuetan eta langile auzoetan lortu zituen bere emaitza onenak. Foru hauteskundeetan bigarren indarra izan zen Bilbon, 24.432 botorekin (%15), Santurtzi (%18,7), Sestao (%17,23), Erandio (%19,95) eta Leioa (%20,07) bezalako tokietan emaitza bikainak lortu zituen. Gipuzkoan adibidez, Irun (%20,25) eta Oreretan (%18,09 hirugarren indarra izan zen. Urtebete besterik ez duen alderdi hau indar handiarekin sartu da diputazioetan ere: Bizkaian 6 diputatu 82.107 botorekin (%14,53), beste 6 Gipuzkoan 43.136 botorekin (%12,06), Araban 8 diputatu 23.103 botorekin (%14,52) eta Nafarroan 7 diputatu 45.848 botorekin (%13,71).

EHBilduk behera egin arren, nabarmena da Euskal Herrian ezkerrak duen potentziala. Ezker abertzaleak eta Podemos-Ahal Duguk aukera ezin hobea dute hori aprobetxatzeko. Oreretan gertatu den bezala (Podemos-Ahal Duguren hautagaitzak emandako babesari esker EHBilduk alkatetzea lortu du), Euskal Herriko langile eta sektore zapalduentzako funtsezkoa izango da ezker abertzaleak eta Podemos-Ahal Duguk beren indarrak elkartzea eskuinari eta sozialdemokraziari aurre egiteko.

Gaur, iraganean bezala, Euskal Herriko arazoek langile klasearen eta gazteriaren borrokaren eskutik lortuko dute irtenbidea. 30eko eta 70eko hamarkadetan gertatu moduan, 2015ean ere Euskal Herri osoko, Catalunyako, Galizako eta Estatu langileak izango dira aliatuak gure helburuak lortzeko: euskal preso politikoak gerturatzea eta amnistia, autodeterminazio eskubidea eta sozialismoa. EAJk, berriz, une historiko guztietan gure herria saldu du. 30eko eta 70eko hamarkadan egin zuen, eta berriro egingo du gaur ere kapital handiaren interesak defendatzen baititu. Euskal burgesia eta bere alderdia urtean behin atera daitezke "erabakitze eskubidearen alde" demagogia egitera, baina beren helburu bakarra bankari eta enpresari handien poltsikoak puzten jarraitzea da. Eta horretarako, borroka egingo dute Estatu espainiarrak eskaintzen dien merkatuan jarraitzeko eta Estatu aparatu espainiarraren indarrak langile eta gazte mugimenduaren aurka erabiltzen jarraitzeko.

 

Kapitalismoaren krisiak gaixorik dagoen sistemaren krisi organikoa adierazten du. Horregatik, beharrezkoa da kapitalismoa historiaren zakarrontzira botatzea. Ezker abertzalea borrokan honen abangoardian egon daiteke eta egon behar du. Helburu honetan, funtsezkoa da autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka eta sozialismoaren aldeko borroka elkarri lotzea. Langile mugimenduaren historiak erakutsi duen bezala, Euskal Herriko, estatuko eta Europako langile klasearen eta sektore zapalduen borroka batasuna da bide bakarra, edozein naziotako burgesiaren aurka, Euskal Herrikoa barne.

Informazio gehigarria