Karta Soziala eta martxoaren 14ko mobilizazioak

Eskubide Sozialen Aldeko Kartak Batzar Nazionalean bi manifestazio deitu zituen martxoaren 14rako, bata Bilbon, bestea Iruñean. Bietako leloa: “Aldaketa soziala orain! Tenemos alternativa!”. Mobilizazio hauek Euskal Herriko eskubide sozialen karta gizarteratze, interpelatze eta mobilizatze fasea abiatzeko apustuari erantzuten diote.

Langileok erantzun sendo eta garbia eman behar diegu kalean kapitalaren mesedetara dauden gobernuen eraso gero eta larriagoei aurre egiteko; eta honetarako modurik hoberena gizartea eraldatzeko programa iraultzaile bat eskura izatea da. Hori dela eta, ehunka kolektibo eta sindikatuk Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta egin izana aurrera pauso oso garrantzitsua da.

Sarreran, egun “krisi sistemiko eta globala bizi” dugula azpimarratzen du. Era berean, aipatzen du kapitala gero eta esku gutxiagotan pilatzen dela, eta demokrazia engainu bilakatuz eta gehiengo sozialari inposatutako diktaduraren bidez, kapital finantzieroak botere politikoarengan duen domeinuaz ere hitz egiten du. Egia esanda, gero eta garbiago dago gizartearen gehiengoarentzat langileoi eragiten diguten erabaki politiko eta ekonomikoak hartzen dituztenak banku eta multinazional handien administrazio kontseiluan daudenak eta hauen ordezkari politikoak direla. Halaber, testuak bankaren mesedetan eta finantza zorra ordaintzeko aurrera eraman den osasunaren, hezkuntzaren, etxebizitzaren eta bestelako zerbitzu publikoen pribatizazio prozesua azaltzen du.

Kartak jasotzen dituen eskubide sozialen eskaerei dagokienez, langile mugimenduaren oinarrizko aldarrikapen historikoak biltzen dira: hezkuntza publikoa, euskalduna, laikoa eta doakoa; osasun publikoa, doakoa eta unibertsala; etxebizitza eskubidea guztiontzat diru-sarreren %15 gaindituko ez duen alokairu sozialerako etxebizitzen parke publiko bat sortuz; kalitatezko lan duina izateko eskubidea; lan eguna murriztea soldata jaitsi gabe; laguntza mugagabea langabeziak iraun bitartean; zerbitzu sozialen sare publikoa sortzea behar gehien dutenei bizi duina bermatzeko.

Oinarrizko eskubide hauek guztiak sistematikoki erasotzen ari da klase agintaria herrialde guztietan. Kapitalisten interesek aldarrikapen hauekin guztiekin talka egiten dute. Krisitik ateratzeko eta beren irabaziak handitzeko, Europako langile mugimenduak Bigarren Mundu Gerraz geroztik lortu dituen konkista guztiak suntsitu nahi ditu burgesiak. Euskal Herriko egoera ez da bestelakoa. EAJ eta UPN Estatu espainiarreko edo Europar Batasuneko murrizketa eta langile klasearen aurkako eraso berberak ari dira aurrera eramaten. Hauxe azpimarratzen du Kartak: “Euskal Herriko gobernu neoliberalek beren esparruan politika horiexek ezarri dituzte, eta estatu espainiar zein frantsesaren eta Europar Batasun guztiaren estrategia berean parte hartzen dute, urte askotako borroka anitzetan erdietsitako lorpen sozialak deuseztatzeko xedez.” Egoera honen aurrean, beharrezkoa da euskal burgesiarekiko independentea den politika bat defendatzea. EAJrekin fronte nazionala sortzearen aldeko politika alde batera utzi behar da. Aliantzen politika hau oso kaltegarria da euskal langile klasearentzat, borroka soziala euskal burgesiarekin hitzartutako erabakitzeko eskubidearen menpe jartzen baitu. Ezinezkoa da Karta Sozialeko eskubideak defendatzea, Euskal Herriaren eskubide demokratikoak barne, eta EAJrekin akordioetara iristea. Kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritza eskuineko politika egiten ari dela: lanorduak igo, funtzionario kopurua murriztu, murrizketak osasunean, hezkuntzan, Lan Erreforma babestu, etab.

Langileen bizi baldintzen suntsiketa erakunde burgesetatik egiten da. Kartan hainbat bider esaten da erakundeek eskubide sozialak bermatu behar dituztela: “Euskal Herriari, beste edozein herri bezala, bere eredu ekonomiko, sozial, politiko eta instituzional propioaren gainean erabakitzeko eskubidea dagokio (…). Instituziook izan behar duzue parte hartze sozial aktiboarekin, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen pertsona ororentzat karta honetan jasotzen diren oinarrizko eskubide sozialen bermatzaileak.” Baina, erakunde burgesek ezin dezakete bermatu eskubide sozial hauek betetzea; izan ere, egitura sozio-politiko burgesa klase agintariaren interesak defendatzeko baitago. Ezkerra gobernura iritsita ere, burgesiak hamaika bide ditu beren interesen kalterako diren neurriei aurre egiteko.

Nazioarteko kapitalak bloke bezala jokatzen du bere interesak arriskuan badaude. Beraz, langileok ere elkartu egin behar dugu zapalkuntzaren eta desberdintasunen aurkako borrokan. Zenbat eta zabalagoa eta sendoagoa izan batasuna, orduan eta handiagoa izango da gizartea aldatzeko gaitasuna. Soilik langile klasearen borroka kontziente eta antolatuak berma ditzake behin betiko oinarrizko eskubide sozial eta demokratikoak. Kartak ere ideia hau defendatzen du ondoko hitzetan: “Egoera makur honen aurrean krisitik irteteko hartzen diren neurriak kapitalismoaren logikatik hartzen badira, aldizko partxe bat besterik ez direla izango uste osoa dugu.” Aurrerago hala dio: “Jendarte eta bizitzaren zaintza eredu berri bat behar dugu: jarduera ekonomikoaren erdigunean pertsonak kokatu behar dira, eta lehentasuna eman behar zaio jendartearen interes kolektiboari, ez interes partikularrei eta merkatuaren logikari. Hots, finean egungo metatze kapitalista beste produkzio, banaketa, kontsumo eta zaintza eredu bat bihurtu behar dugu, gure beharrizanak asetzeko, (…)”.

Kartak modu abstraktu batean proposatzen duen gizarte eredua ezin daiteke sozialismoa besterik izan: langile klaseak, hots gizartearen gehiengoak, gero eta esku gutxiagotan dauden ekoizpen baliabideak desjabetu behar ditu, langileen kontrolpe demokratikopean gizartearen behar sozialak asetzeko.

Kartan garatutako programa praktikan jartzeko, beharrezkoa da langile klasea bere osotasunean mobilizatzea. Eskubideen aldeko mobilizazio sozial erraldoia da berme bakarra. Hori dela eta, beharrezkoa da Euskal Herri osoko lan gatazkak eta aldarrikapenak kalera atera eta elkartzea. Ezinbestekoa da lan gatazkak konpontzeko bide judizialaren estrategia eta enpresaz enpresako borroken estrategia baztertzea. Iazko abenduaren 20an, Gasteizen enpleguaren alde eta lan erreformaren aurka egindako manifestazio jendetsua izan zen, eta gatazkan dauden hainbat enpresatako langileek parte hartu zuten: Laminaciones Arregui, ECN, Condesa, Arcelor, Wec, Candy, Castmetal, Alestis, EITB, besteak beste. Mobilizazio honek erakutsi zuen langileek elkartuta borrokatzeko borondatea badutela beren erakunde sindikalek horretarako aukera ematen badiete.

 

Martxoaren 14ko Karta Sozialaren aldeko deialdia gatazka hauek elkartzeko bidean pauso garrantzitsua izan liteke, langile klasearen borroka goragoko maila batera igoz eta benetako programa iraultzea eskainiz.

ArgazkiaKartasoziala

Informazio gehigarria